IV LIBURUA

 

        1 Eguerdi aldera, eguzki galdatan, herrixka batean gelditu ginen, gaizkileen ezagun eta adiskide zahar batzuen etxean. Hala antzeman nien, behintzat, nire asto izaera harekin eta guzti, elkar aurkitzean erakutsi zuten jarreragatik, solasaldi luzeagatik eta elkarri eman zizkioten musuengatik. Gainera, nire bizkar gainetik jaitsitako zenbait gauza eman zieten oparitzat, eta, ezkutuan xuxurlaka, bazirudien opari haiek lapurreten emaitza zirela adierazi nahi zietela. Berehala, gure zamak kendurik, larrera jaurti gintuzten, libre eta zalaparta bizian, inguruko belaze batera. Belarra, ordea, ez zitzaidan astoari eta nire zaldiari bezain deigarri gertatu, eta are gutxiago belar ondua jatea, ez bainengoen artean horretara ohiturik. Hara non, ordea, juxtu gure babeslekuaren atzean, baratzetxo bat ikusten dudan; goseak jota, hara sartu nintzen adoretsu, eta, barazkiak gordinik egon arren, lepo egin nuen haiekin. Eta, jainko guztiei otoitz egin eta gero, inguru osoa begiz arakatzen ari nintzen, hango baratzetan arrosadi baten kolore bizirik ikusten ote nuen edo. Paraje haietako bakardadeak berak itxaropen sendoa pizten zuen nigan, zeren, erremedio salbagarria sastraka artean ezkutatu eta leku galdu haietan hartuz gero, zutik jarri eta, inor konturatu gabe, lauoineko aberearen ibilerari utzi eta berriro giza duintasuna eskuratuko bainuen.

 

        2 Horrela, bada, burutazio zalantzakor horietan murgildurik, hara non, urrun samarrean, haran bat ikusten dudan: baso itxi batek ilundua, astaarrosa eder batzuen kolore gorria zegoen errainuka hango landare anitzen eta lore-sailen artean. Eta nire burutazioak erabat animalia batenak ez baziren ere, neure baitarako pentsatzen jarri nintzen baso sakratu hura Venus eta Dohainena izango zela, hain lore noblearen edertasun handitsuak errainu egiten zuen-eta bakardade ilun haietan. Orduan, Exitori otoitz eginik, emaitza aberats eta zoriontsuen jainko zen-eta, hor noa trosta bizian; eta, neraman abiada harrigarriarekin, ez nintzen, ez, asto sentitzen, apustuetako zaldi baizik. Hala ere, zalutasuna erakutsi-behar eder eta lehiatsu hark ez zuen nire zoritxarraren gaiztoa onbideratzeko balio izan. Izan ere, leku hartatik hurbil samar nengoela, ez nituen ikusten lehengo astaarrosa heze eta mardulak, zeru ihintzez eta jainko izerdiz bustiak, sasi zoriontsuek eta arantza zorionekoek sortuak; ez nuen harana bera ere inondik ikusten, erreka-bazter kaxkar bat baizik, sastraka-hesi itxi batek inguratua. Sastraka haiek, beren hosto ugaritasunean erramuaren antzeko, ez zituzten ipurdi zabaleko lore gorrixkak —usaindunak direnen antzekoak— besterik ematen; baina lore horiek ez dute batere usainik, eta herri ezjakinak erramu-arrosak deitzen die bere hizkera arruntean. Horien bazka hilgarria da edozein abere motarentzat.

 

        3 Patuak halako eran estuturik eta bizitzeko ere gogorik gabe, arrosa pozoitsu haiek jatera nindoan; baina zalantzaz beterik haiek hartzera hurbiltzen ari nintzela, hara non giza gazte bat, barazkiak erabat desegin nizkion baratzezaina nire ustetan, halako pikardia ikustean, korrika jaitsi zen makila handi batekin, eta, gogor oraturik, gorputz osoa mailatu zidan kolpeka. Eta hil ere hilko nintzen, neure zuhurtziak salbatu ez banindu. Izan ere, ostaldea gora jaso, eta atzeko hankez ostikada sorta bidali eta erdi hilean utzi nuen, inguruko muino baten ondoan zerraldo; eta ospa egin nuen handik, libertate bila. Eta une hartan bertan emakume bat, haren emaztea nonbait, muinoaren goitik gaztea lurrean erdi hilik ikusi bezain azkar, harengana abiatu zen laster, garrasi erdigarriak atera, eta errukia bereganaturik, nire hondamena jorratzeko. Orduan, nekazari guztiak, haren garrasiekin asaldaturik, hor hasi ziren beren zakurrei deika eta alde guztietatik xaxatzen zituzten, nire gainera jauzi egin zezaten, eta, amorruzko haserrean, txiki-txiki egin nintzaten. Orduan bai, orduan oso garbi ikusi nuen neure burua heriotzaren atarian, hartz eta lehoien kontra borroka egiteko ere gauza zen hain zakur-talde handi eta indartsu hura nire kontra xaxatzen zutela ikustean. Beraz, egoerari zegokion erabakia harturik, ihesari utzi, eta, pauso arinez, hasierako estalpean babestu nintzen berriro. Nekazari haiek, zeinak doi-doi baitziren beren zakurrak geldiarazteko gauza, harrapatu egin ninduten; lokarri gogor batez begizta bati lotu, eta nirekikoak egitera zihoazen beste jipoi batez; baina kolpeen minez uzkurturiko nire sabela, aipatu barazkien puztu aldiaren ondoko beherakoak larriturik, gorotz lohitsuzko turrustak jaurtitzen hasi zen, eta nekazari haiek urrunarazi egin zituen nire bizkar minduetatik, batzuk isuri zikinaren bustiarekin, eta besteak usain nazkagarri haren kiratsarekin.

 

        4 Geroxeago, eguzkia arratsaldearen bila abiatu zenean, hor non gaizkileek estalpetik ateratzen gaituzten, berriro zamaturik, batez ere nik neuk baineraman zamarik astunena. Bidearen zati ederra egina generaman, eta haren luzeaz akiturik nindoan, eta neraman zamapean okerturik; gainera makilakadaz hebainduta nengoen eta herrenka nindoan, eta estropezuka, apatxak andeatuta neramatzan-eta. Errekasto baten ertzera hurbiltzen ari ginen, zeinaren urak emeki bihurritzen baitziren, eta, egokierarik ederrena iritsia zela uste izan nuenean, neure burua bertan muturrez aurrera erortzen uztea bururatu zitzaidan: hankak abileziaz tolestatu, eta, zigorrik gogorrena izanda ere, asmo sendoa hartu nuen bidean aurrera segitu ordez, ez nintzela gehiago zutituko. Areago oraindik: prest nengoen, ez makilaka eraitsia eta hila izatera bakarrik, baita aihotz-kolpeka ere, beste erremediorik ez bazegoen. Erabat akituta eta ezinean nengoenez, ezinduaren baimena ondo irabazia neukala uste nuen, edo gaizkileek, itxaron beharraren ezinak eta ihesa azkartzeko gogoak bultzaturik, beste bi abereen artean banatuko zutela gutxienez nire bizkarreko zama, eta utzi egingo nindutela, mendeku ankerra harturik, otso eta saien atzaparretara.

 

        5 Neure zori txar-txarra gurutzatu zitzaidan, ordea, ezen, beste astoak, nire asmoa igarririk, aurrea hartu zidan: akituaren itxurak egin eta zama osoarekin erortzen utzi zion bere buruari. Hantxe gelditu zen etzanda, hildako bat bezala, eta makilakada eta eztenkadaka, eta isatsetik, belarrietatik edo hanketatik alde guztietara tiraka aritu bazitzaizkion ere, ez zuen zutitzeko zirkinik ere egin. Azkenean, gaizkileak alferrikako ahaleginak egiteaz asperturik, elkarren artean aritu ziren zer egingo; asto hilari edo, hobeto esanda, harri bihurtuari begiraturik, ihesa mugarik gabe ez atzeratzeko, horra non zaldiaren eta bion artean banatzen duten haren zama, eta, ezpata aterata, zangarrak mozten dizkioten, eta, artean bizirik, tarte labur batean arrastaka bidetik urrundu, eta horra non amiltzen duten amildegi oso sakon baten gorenetik, hondoko haraneraino. Nire neke-kide zoritxarrekoari gertatutakoa buruan, berehala erabaki nuen amarruak eta ziriak alde batera uztea, eta neure jabeen aurrean asto zuzen baten gisa jokatzea. Izan ere, honako hau entzun nien beren artean esaten: inguru haietan gelditu behar genuela, ibilaldiaren amaierako atseden hartzeko, han baitzeukaten egoitza eta babes-leizea. Azkenean, aldapa arin baten ondoren, helmugara iritsi ginen. Han askatu zituzten fardel guztiak, eta barnean ezkutatu. Nik, azkenean libre eta zama gaberik, lurrean zaldaleak irabaziz arindu nuen nekea, bainu gisa edo.

 

        6 Gaiak eta giroak ozenki eskatzen dute inguru haien deskribapena, eta gaizkileak bizi ziren leize-zuloarena. Nire dohainak lehian jartzera noa, beraz, eta, gainera, aukera emango dizuet, zehazki epai dezazuen: ea astoa ote nintzen adimenari eta sentikortasunari dagokionean ere. Imajina ezazue mendi malkartsu bat, baso itxi baten itzalak estalia, eta oso altua. Haren haitz erpintsu eta helgaitzez jositako gerri maldatsuko inguru osoan berezko babesa osatzen zuen ebaki sakonez gurutzaturiko zenbait amildegik, sastraka arantzatsuz eztendurik, eta alde guztietatik irisgaitz. Mendi horren gailurretik, iturri oparo bat ari zen ur eta ur egundoko burrundaraz, eta, maldetan behera irristatzean, zilarrezko uhinetan gainezkatzen zen; aurrerago, errekasto anitzetan banatzen zen, eta, ibili lasaian haranak ureztatuz, inguru guztiaz jabetzen zen, barne itsaso baten edo ibai makal baten antzera. Mendi begiaren ertz-ertzean, leize gainean doi-doi, dorre handi bat zutitzen zen. Ardientzako biltegitzat ere balio zezaketen hesi gogorrez osaturiko itxitura indartsuak bi aldetatik luzatzen ziren paraleloki, eta harresi baten antzera gordetzen zuten hara iristeko pasabide estua. Zeuk ere, irakurle, honezkero apustu egin duzu, bai horixe, gaizkileen leizearen ataria zela hura. Haren ondoan ez zegoen etxola ttiki bat besterik, nola hala pilatutako kanaberaz estalia, eta han, gero jakingo nuen bezala, zenbait zelatari egoten zen gauez guardian, gaizkileen arteko zozketan egokitzen zitzaien arabera.

 

        7 Gaizkileak lauoinka sartu ziren gordelekuan, banan banan, gorputz-atalak uzkurtuz, gu ate aurrean lokarri sendo batez estekatuta utzirik. Atso bat zegoen han, urteen zamak okertua; bazirudien hura zela hain gazte talde ugariaren erosotasuna eta janaria zaintzeko arduradun bakarra. Gaizkileek hala egiten zioten errieta:

        — Zer uste dun, hiltxondarretik alde egindako gorpu ustel horrek, bizien desohorerik handiena haizen horrek, Orkok bere erraietan onartzen ez duen izaki bakar horrek: beti olgetan eta alfer-planto eserita biziko haizela gure kontura, hain lan neketsu eta arriskutsuen ondoren desordu hauetan guri indarrak berritzeko deus eskaini gabe? Heure urdail amorratu eta aseezin hori ardo hutsetan lehiaz busti-busti egin: horixe dun gau eta egun egiten dakinan gauza bakarra.

        Hori entzutean, atsoak, dardarka eta izuz beterik, honela erantzun zuen ahots mehe oihukariaz:

        — Oi, gazte adoretsu eta ene babesle leialok: ugari eta puntu-puntuan aterata dauzkazue zuen janari guztiak: ederki prestatuak eta zapore ederrekoak dira; baduzue nahikoa ogi ere, ardoa lodi kopa leun-leunetan, eta, ohi bezala, ur beroa prestatua duzue, nahi arte baina zaitezten.

        Atsoak hitz horiek amaitzean, lapurrak biluztu egin ziren, eta, su handi baten inguruan beren gorputz biluziak suspertu, eta ur berotan bainatu eta gero, soinak olioz igurtzi, eta janari gozoz beteriko mahaien aurrean erdi etzan ziren.

 

        8 Mahaian jartzea besterik ez zuten egin, eta beste gazte batzuk, aurrekoak baino askoz ugariago, iritsi ziren; edonork gaizkiletzat joko zituzkeen zalantzarik gabe. Haiek ere lapur-sari oparoa zekarten, urre eta zilarrezko dirutan, edontzitan eta urrezko hariz gainjositako jantzitan. Haiek ere, aurrekoen bustitzeaz susperturik, etzalekuetan jarri ziren beren lagunen artean; gero, zozketan egokitu zitzaienek egin zuten zerbitzari lana. Neurrigabe egiten zuten jan eta edan, janaria erruz irentsi zuten, eta ogiak piloka; edontziak bata bestearen atzetik hustu zituzten. Oihuka gozatzen ziren, zarataka egiten zuten kantu, txantxa iraingarriak egiten zizkioten elkarri; hots, lapitek, erdi abere horiek, eta zentauroek, erdigizon horiek, egiten dituztenen antza zuen haien festak. Halako batean, gazteetako bat, besteak baino indartsuagoa, mintzatu zen:

        — Hipatako Milonen etxeari ausardiaz eraso diogunok, geure adorez irabazitako altxor ugaria ekartzeaz gainera, geure gordelekura gizonik galdu gabe abiatu, eta, egia osoa esan behar bada, zortzi hanka gehiagorekin iritsi gaituk hona. Zuek, ordea, Beoziako hiriak zenituzten helburu, baina gizon gutxiagorekin itzuli zarete, eta zuen buruzagia, Lamako adoretsua, galdu duzue; haren bizia kuttunago nikek nik ekarri dituzuen fardel horiek guztiak baino. Alabaina, dena dela, adore gehiegiak hil dik hura; errege ospetsuen eta gerra-buruzagien artean ospatua izango duk hain heroi apartaren oroitzapena. Zuei dagokizuenez, lapur ausartok, ez duzue trapu-saltzaile lana besterik egiten, lotsaz bezala arrastaka, xixkalari edo esklaboen antzera, zein bainutegietan, zein atsoen gelatan.

 

        9 Azkena iritsia zen taldeko batek, honela erantzun zion:

        — Heu bakarrik ote haiz ez dakiena gauza handiak askoz ere errazagoak direla erasotzeko? Izan ere, etxe handi batean zerbitzari asko egonda ere, bakoitzak badik nahikoa lan bere burua onik ateratzearekin, nagusiaren ondasunak zaintzen ibili gabe. Hala ere, gizon apalek eta bakarrik bizi direnek, arretaz gordetzen ditiztek beren irabaziak, handiak nahiz ttikiak izan, eta hurbilagotik zaintzen ditiztek, beren buruak arriskatzen dituztelarik. Gertakizunek berek erakutsiko dizuete nire hitzen egiatasuna. Iritsiak gintuan Tebas ingurura, zazpi ate dituen hirira, eta hangoen egoera ekonomikoari buruzko berriak jakiten ari gintuan kontu handiz, horixe baita gure ofizioan egin beharreko lehen lana. Krisero izeneko bat ez zitzaiguan oharkabean pasa: banku-gizona eta ondasun handien jabe izaki, bere betebeharren eta zerga publikoen izuz bizi zuan, eta ahal bezain ondoen estaltzen zian bere aberastasuna; hots, bakarrik eta erretiraturik bizi zuan, bere etxetxo ttiki baina ongi babestuarekin pozik, eta, nahiz zirtzil-jantziak eraman eta itxura ilunez ibili, urrez beteriko lastaira gainean etzaten zuan. Erabaki genian, bada, gure lehen erasoa horren kontra egitea, gizon bakarti horren iraupen-ahalmena gutxietsiz, eta haren aberastasun guztiak lasai, ahalegin handirik gabe, geureganatuko genituelakoan.

 

        10 «Gaueko lehen orduetan jarri gintuan, bada, haren ate aurrean zelatan; ez zitzaiguan egokia iruditzen, baina, indarka zabaltzea, ez jaurtitzea, ez txikitzea, oholen hotsak auzo osoa iratzar ez zezan, gure kalterako. Orduan, Lamakok, gure buruzagi argiak, bere trebetasun ondo frogatuaz fidaturik, eskua giltzaren zuloan pixkanaka sarturik, sarraila saltarazten saiatu zuan. Guk ez genekian, ordea, Krisero, bi hankadunen artean ankerrena, zain geneukanik, gure nondik norakoen begirantzan. Pauso zuhurrez eta isiltasun osoz hurbildu zitzaiguan, bada, eta, bat-batean, oso kolpe gogorrez, gure buruzagiaren eskua ate-oholera josita utzi zian iltze handi batez. Gero, heriotza ekarriko zion lokarriaz oinaze-tokiari estekatuta utzirik, horratx non bere etxe korrokoilaren teilatura igo, eta handik, garrasi zaratatsu handiak jaurtiz, auzoen artean arrisku-deia hedatu zuen; bakoitzari bere izenez hots eginez, ororen segurtasuna aipatu zian, eta etxeak bat-batean su hartu ziola haizeratu. Horrela, auzo haiek guztiak, hain arrisku hurbilak ikaraturik, berehala hurbildu zituan larri asko.

 

        11 »Guztiok hil edo gure laguna hantxe uztearen artean aukera egin behar eta, egoerak hartaraturik eta gure buruzagiaren beraren aginduz ere bai, zirt edo zart erabaki genian: ukondoko artikulazioan ondo neurturiko kolpea eman, eta dzast moztu genian haren gorputzeko zati hura; gero, besoa han utzirik, zauria lotu genioan gure jantzi pilda ugariez, odol-tantek gure ibileraren arrastoak sala ez zitzaten, eta presa handiz eraman genian geratzen zitzaigun Lamako hura. Gaizki egin genuelakoan larri, hor zetorkiguk jendetza orpoz orpo, mehatxukor. Gero eta hurbilagoko arriskuaren beldurrak ihes eginarazi ziguan. Orduan, guri hain azkar jarraitu ezinik, eta gelditu ere ezin zuenez, arima oparo eta adore paregabeko gizon harrigarri hark hauxe agindu ziguan hitz eta erregu zirraragarrienez: Marte jainkoaren eskuinaldeagatik eta zinarekiko leialtasunagatik, libra genezala lagun on bat oinazetik eta, aldi berean, espetxetik. "Zergatik bizi behar du gaizkile adoretsu batek bere eskuak baino gehiago —esaten zian—, eskuaz bakarrik lapurtu edo zintzurra ebaki baitezake?". Oso zoriontsu sentitzen zela gehitu zian, eta gustura hilko zela esku adiskide batek kolpaturik. Eta inor konbentzitu ezinik agindutako guraso-hilketa hori egin zezan, hartu bere ezpata beste eskuaz, eta luze musukatu, eta bularraren erdian sartu zian kolpe sendo batez. Orduan, buruzagi handitsu horren indarra gurtu, eta haren gorputik geratzen zitzaiguna kontuz bildurik zapizko hil-jantzi batez, itsasoari eman genioan, bere amildegietan ezkuta zezan. Eta orain han zatzak gure Lamako, hilobirik zabalenean.

 

        12 »Lamakok bere bertuteen mailako azkena eman zioan bere bizitzari. Alzimok, ordea, asmo burutsu asko zitian, baina ez zian Fortunaren ankerkeriatik horrelako mesederik lortu. Izan ere, atea behartu, eta atso baten etxexkan sartu zuan, hura lo zegoen bitartean; gero, goiko pisura igo, eta, hura ito eta hil ordez, hortik hasi behar baitzuen, nahiago izan zian aurrena lapurkin guztiak banaka-banaka leiho zabal samar batetik kalera jaurtitzea, guk eraman genitzan. Guztia kontu handiz kanporatu, eta ezin utzi, bada, atsoa lo zetzan lastaira ere; hura piririka lurrera jaurti, eta, oheko arropak harturik, bazihoaan, lasai-poto, horiek ere leihotik behera jaurtitzera. Orduan, errai gaiztoko emakume hark Alzimori belaunetatik heldurik, honela egin zioan erregu:

        »— Mesedez, ene seme, esadak: zergatik erregalatzen dizkiek atso zarpail baten altzari ziztrin eta zaharkituak beren etxea leiho honi begira daukaten auzo aberatsei?

        »Hitz maltzur horiek eta atsoaren zuhurkeriak atzipeturik, Alzimok zeharo sinetsi zian atsoak esandakoa. Lehen jaurtitakoak eta gero botatzera zihoana lagunengana helarazi beharrean, etxe batetik bestera joan ote ziren beldurrez, leihotik kanpora atera zian gorputza, egoera arretaz aztertzeko eta, batez ere, alboko etxeko aberastasuna, atsoak adierazitakoa, neurtzeko. Saio ausart baina nahikoa arduragabe horretan ari zela, airean balantzaka bere azterketari zeharo emana, atso madarikatuak, bultzada arin, bat-batekoa eta ustekabekoa eman, eta buruz behera jaurti zian kalera. Hain altura handitik erortzeaz gainera, haren hezurrek inguruan zegoen harri baten kontra jo zitean; bularralde guztia txikitu eta ireki zian; horrela, haren bularraren sakon-sakonetik benetako odol errekak okaztatzen zituela, gertaturikoa guri adierazi, eta bizi honetatik alde egin zian oinazea gehiegi luzatu gabe. Aurreneko hilobiratzearen hari beretik, itsasoari eman genioan Alzimo ere, Lamakok bere mailako lagun bat izan zezan.

 

        13 »Orduan, galera bikoitz horren kolpe gogorrak eraginda, Tebaseko gure asmoak alde batera utzi genitian eta Plateara, hiri hurbilenera, igo gintuan. Han zer ikusiko, eta denek Demokare batez hitz egiten zitean, herriari gladiadore borroka eskaini behar omen zion gizonaz: leinargien artean aitzindari, egundoko aberastasunen eta bihotz-zabaltasun paregabekoaren jabe, festa herrikoiak antolatzen eta ordaintzen zitean, bere ondasunei zegokien dotoretasun osoz. Inor ba ote da gai, adimen eta hitz-jario handienen jabe izanda ere, hain prestakuntza konplexuen alde bakoitza hitz egokiz adierazteko? Hemen, gladiadoreak, beren besoaren indarragatik ospetsu direnak; han, beren zalutasuna ondo erakutsi duten ehiztariak; beste kantoi batean, kondenatuak, desesperatuek izan ohi duten lasaitasunez jan eta jan, gero piztien bazka izateko. Bazeudean trepeta galantak ere, oholezko aldamio batez etxe ibiltarien gisa osaturiko dorreak: antolaturiko ehizarako itxiturak, kolore biziko pinturez dekoratuak. Eta zer esan piztien ugaritasun eta itxurari buruz? Erosi zitian, animaliez gainera eta bere poltsikoaren kaltetan, kondenatuak hiltzeko tramankuluak ere; baina ikuskizunaren handitasuna bultzatuko zuten prestakuntza haien guztien artean, hartz ikaragarriak zituan aipagarrienak: sekulako preziotan lortzen zitian, horretarako ondasun guztiak xahutu behar bazituen ere. Izan ere, ehizaldietan harrapatzen zituenei, edo gastuei begira ibili gabe erosten zituenei, beste batzuk ere gehitu behar zaizkiok: adiskideek alde guztietatik lehian oparitzat eskaintzen zizkiotenak; eta zainketa garestiak eskaintzen zizkiean abereei eta eskuzabaltasun osoz elikatzen zitian.

 

        14 »Hala ere, gozamen publikorako hain prestakuntza handitsu eta eder haiek ere ezin ihes egin Bekaitzaren begiari. Ezen piztiak, gatibutza luzearen nekeak jota eta udako bero gogorrek akiturik, eta baita geldi-egonean eta alferkerian ahulduta ere, bat-bateko izurriteak harrapatu zitian, eta ez zuan ia batere geratu. Edonon ikus zitezkean kale erdian etzanda, itsas hondamendi baten ondorio balira bezala, piztia horien gorputz erdi hilak. Gauza jakina baita miseria gaiztoak urdaila betetzeko janari nazkagarriak eta doaneko bazkariak bilatzen dituela, alde guztietatik lurrean jaurtitako janari gozo haien gainera erori zuan jendaila doilorra. Orduan, egoeraren arabera, zer, eta ideia argi bat etorri zitzaiguan burura hor daukaan Eubulo horri eta niri. Hartu besteak baino gorputz handiagoko hartz bat, eta gure ostatura eraman genian, gure bazkarirako prestatzera bagindoaz bezala. Trebeki larrutu, eta haragia eta azala berezi eta atzapar guztiak ondo utzirik, oso-osorik laga genian piztiaren burua, lepoa hasten den lekuraino; gero, gainerako larrua kontu handiz erazaldu genian, mehe zedin; hurrena, errauts finen hautsa gainera jaurti eta eguzkitara jarri genian lehortzen. Eta zeruaren hats erregarriarekin ontzen ari zen bitartean eta piztiaren haragiz sabelak bapo betetzen genituen bitartean, elkarri zin egin eta erabaki genian hurrengo jokabidea: gutako batek, gorputzez ez ezik adorez eta borondatez ere besteak baino gehiago zenak, larru hura jantziko zian; hartz itxura hartan, Demokareren etxera joan, eta gero, gauaren isiltasun sakon eta mesedegarriaren erdian, barrurako bidea erraztu behar ziguan, bertako atea irekiz.

 

        15 »Burutazio argi horrek gure talde ausarteko bat baino gehiago bultzatu zian eginkizun horren ardura hartzera. Trasileo izan zuan aukeratua taldeko bozketan, eta hark aurre egin zioan amarru arriskutsuaren ardura guztiari, eta aurpegi lasaiaz sartu zuan larru leun eta moldagarri haren barruan, ondo baitzetorkion bere gorputzari. Gero, larruaren ertzak berdindu genitian joskera trebez, eta geratzen zen tartea oso estua izanik ere, alde bietara ikusten ziren ile lodiz estali genian jostura hura. Hurrena, pixka bat tenkatu, eta Trasileoren burua igoarazi genian eztarriaren sorbururaino, piztiari lepoa moztutako lekuraino, eta zulotxo batzuk egin genitian sudurraren eta begien parean, bertatik arnasa hartu eta ikus zezan. Gure lagun ausarta piztia bihurturik, merke erositako kaiola batean sarrarazi genian, eta han sartu zuan indar eta erabaki miresgarriz. Prestakuntzak horrela amaiturik, gainerakoa antolatzen hasi gintuan.

 

        16 »Traziar jatorrizko gizon bat, Nikanor izenekoa, Demokare haren oso laguna zela jakin genuelarik, bada, gezurrezko gutuna egin genioan, horrela lagunak, adiskidetasun onaren izenean, ikuskizunari distira handiagoa emateko bere ehizaldirik onenak eskaintzen zituelako itxurak eginez. Arratsa sartuxe, ilunpeaz baliaturik, Demokareri eskaini genioan Trasileo zihoan kaiola eta, aldi berean, gezurrezko gutuna. Demokarek piztiaren gorputz mardula miretsi zian, eta poztu egin zuan bere lagunaren hain bihotz-zabaltasun egokiaz; gero, bere kutxatik urrezko hamar sosen saria eskura eman ziezagutela agindu zian, berarentzat hain pozgarria zen opariaren eramaile izana eskertzeko. Eta gauza berriak gizakien gogoa ustekabeko ikuskizunetara erakartzen duenez, asko joaten zituan piztia mirestera. Gure lagun Trasileok, trebezia handiz eta eraso mehatxutsuak eginez, urrun mantentzen zitian haien jakin-minezko begiradak. Hiritar guztiek, ahots batez, gizon fortunadun eta zoriontsutzat jotzen zitean Demokare, ezen, piztien galera izan arren, piztia iritsi berriarekin egiten baitzien aurre halabeharraren kolpeei; eta hala, hor non agintzen duen eraman zezatela piztia, ardura handienaz, bere zelaietara. Eta, orduan, ni sartu ninduan tartean, hitz hauek esanez:

 

        17 »— Jauna, eguzkiaren beroak eta bidaia luzeak jotako hartz hori ez dezazula elkar piztien talde handiarekin; gainera, gaixorik daude, agi denez. Zergatik ez bilatu zeure etxean leku zabal eta ondo aireztatua, giroa freskatuko duen urmael baten ondoan ahal dela?

        »Horrelako oharrez izuturik, eta galduak zituen hartzen kontuak bere kabutan atera eta gero, Demokarek baiezkoa eman zian eragozpenik jarri gabe, eta gustura utzi ziguan ondo iruditzen zitzaigun lekuan jar genezan kaiola. Nik, orduan, adierazi nioan:

        »— Gu geu prest geundeke gaua hementxe, kaiolaren ondoan, pasatzera piztia horri arretarik handiena eskaintzeko, orain leher eginda baitago beroaren eta garraioaren nekeagatik; janaria ere emango genioke bere orduetan, eta baita ohiko edaria ere.

        »— Ez, ez daukazue lan hori hartu beharrik —erantzun zidaan—; ia zerbitzari guztiak ohiturik daude, jardun luzeen ondorioz, hartzei janaria ematen.

 

        18 »Horren ondoren, hura agurtu eta joan egin gintuan. Hiriko atea atzean uztean, hilarri bat ikusi genian, galtzadatik urrun samar, leku aparte eta ezkutuan. Bazeudean hantxe sarkofago batzuk, urteen eta sitsaren eraginez erdi irekiak; gorpuak zeudean haietan, ordurako hauts eta errauts bihurturik ia. Batzuk ireki genitian, zetorkigun eran, lortzea espero genuen altxorraren gordeleku izan zitezen. Gero, gure taldearen jokabidearen arabera, ilargiak distirarik egiten ez duen unea zaindu genian gauaren erdian, non loa berez etortzen baita, eta bere lehen ekinaldiarekin inoiz baino indar handiagoz hartzen eta estutzen baititu hilkorren bihotzak; gure taldea, ezpataz armatua, Demokareren ate-ateetan gelditu genian, lapurreta-bilketarako bezala. Zehaztasun berberaz, gaizkileen gau-eraso baterako unerik egokiena aukeratu eta gero, Trasileok, kaiolatik kanpora irtenik, handik hurbil atseden hartzen zegoen azken zaindaria ere hantxe akabatu zian bere ezpataz, atezaina bera barne zela. Giltza hartu, eta ate nagusia zabaldu ziguan. Azkar sartu, etxe barnera iritsi, eta biltegi bat erakutsi ziguan: bertan zilarrezko gauza mordoa sartzen ikusi baitzuen hark aurreko arratsean bere begi zorrotzez. Denon indarrak elkarturik, berehala behartu genian sarrera. Aginduak eman nizkiean kideei: bakoitzak eraman zezala ahal zuen urre eta zilarrik gehiena eta hildako zaindari leial-leialen egoitza haietan gorde, eta berriro itzul zedila beste mordo baten bila; ni etxearen sarreran geldituko ninduan denen zain, haiek itzuli arte guztia begiratzeko; ezen, nahikoa iruditzen baitzitzaidan hartz aizunaren agerpena etxean handik hona korrika, halako batean esna zitezkeen esklaboak ikaratzeko. Haietatik nor ez zen ihesi abiatuko, ausartena eta adoretsuena izanda ere, hain piztia mardularen itxura ikaragarria ikusita, batez ere gauez? Nor ez zen itxiko, beldurrez dardarka, bere gelan, sarraila ondo bihurritu eta gero?

 

        19 »Ezbehar gaizto batek jaurti zitian pikutara hain zuhur eta zorrotz prestaturiko zorioneko asmo horiek. Larritasunez beterik, nire lagunen etorreraren zain nengoela, mirabetxo bat, hotsekin esnatuta seguruenik —jainkoen gauza izan ez bazen behintzat—, emeki mugituz irten zuan. Etxe osoan hara eta hona zebilen piztia ikustean, isiltasun osoz joan zuan berriro atzera, eta, inondik ere, denei gaztigatu ziean etxean ikusi berria zuena. Segituan bete zuan hura morroi jendetza handiz; iluna argitu zitean zuzien eta argizarizko edo gantzezko kandelen errainuek eta gauean argi egiteko beste tresna guztiek. Jendetza handi hartako inortxo ere ez zetorrean armarik gabe; aitzitik, guztiak makilez eta azkonez eta ezpata biluziez armaturik, pasabideak itxi zitiztean. Aldi berean, piztia inguratu nahian, zakurrak xaxatu zizkiotean, ehiza-zakurrak hain zuzen, zeintzuen belarriak zut eta ileak tente baitziren jartzen.

 

        20 »Orduan nik, zalaparta gero eta handiagoa zenez, atzera egin diat eta ihesi joan ninduan, etxetik urrunduz; ez, ordea, ate ostean ezkutaturik, neure begi hauekintxe Trasileok zakurrei zein harrigarriro egiten zien aurre ikusi gabe: bere burua heriotzaren atarian ikusi arren, gutarron adore ezkutuari eutsi zioan, eta tai gabe egiten zian borroka, nahiz ordurako Zerbero zakurraren aho irekiak ikusten ari zela jabetu. Bere gogoz onartua zuen jokabideari une batez ere utzi gabe, batzuetan ihesi, besteetan aurre eginez, eta jarrerak eta mugimenduak etengabe aldatuz, azkenean etxetik kanpora irten zuan. Baina, kaleko askatasuna lortuta ere, ez zian ihesean salbatzerik lortu, ezen, auzoko kaleko zakur guztiak, oldartsu bezain ugari, hor nahastu dituk etxeko ehiza-zakur atera berriekin, tropelean, harrapakin beraren atzetik. Ikuskizun penagarri eta gaiztoa gertatu zuan nire begien aurrean; Trasileo, gure lagun maitea, zakur amorratu talde haiek inguratu eta erasorik, haien hozkada kontaezinez txikitua ikusi nian. Azkenean, hain min latza eraman ezinik, inguruko jendearen artera sartu ninduan, eta nire lagun ausartari laguntzeko neukan aukera bakarrari heldurik, ehiza agintzen zutenak atzerarazten saiatu ninduan, esanez:

        »— Ikaragarria eta ankerra benetan! Piztia guztiz eder baliotsua galtzen ari gaituk!

 

        21 »Hala ere, nire hitz trebe haiek ez zitzaizkioan lagungarri izan zoritxarreko gazteari; ezen, etxetik irtendako gizon handi eta indartsu batek azkona sartu baitzion hartzari bularraren erdian, inolako gupidarik gabe; gauza bera egin zian bigarren esklabo batek; eta gero beste asko, beldurra galdurik, inguratu, eta hartza beren ezpatez zauritzen lehiatzen zituan. Trasileok, gure taldearen ohore paregabeak, hilezkortasuna irabazi zian, zeren, bizia han bertan galdu bazuen ere, ez zian bere zinaren leialtasuna hautsi, ezta oihu zein mintzo bakar baten bidez ere. Aitzitik, haginka txikitzen eta burdinaz zauritzen zuten arren, bere indar guztiekin piztia baten antzera orro eta marru eginez, halabeharrari eskaini zioan bizia kemenik nobleenaz bere zoritxar saihestezinari eutsi eta gero; hala, berekin gorde zian ospea. Dena dela, jendetza hura hain beldurtua zian izuz eta ikaraz, ezen, goizalde arte edo, hobeto esanda, eguna ondo aurreratu arte, inor ez baitzen hatz bakar batez ere piztia ukitzera ausartu, nahiz lurrean zerraldo egon, harik eta, besteak baino adoretsuxeagoa zen harakin batek piztiaren sabela ireki eta bertatik lapur adoretsua atera zuen arte. Horrela galdu genian Trasileo, baina aintzak ez dik sekula utziko. Beraz, hildakoek leialki gorde zizkiguten altxor-fardelak azkar-azkar jaso, eta abiada osoan utzi genitian atzean Plateako eremuak. Arrazoi osoz esaten ditek, pentsatzen genian geure balean, ez dela bizidunengan asmo zuzenik aurkitzen, izan ere gaiztotasunari zion gorrotoak maneengana eraman baitu hildakoekin batera. Horra, bada: ikusten ari zareten harrapakin hori ekarri diagu, garraio zailtasunek eta bidearen gogorrak erabat akiturik, eta hiru lagun galdu eta gero».

 

        22 Kontakizun horren amaieran, ardo ondua edan zuten urrezko ontzietan, hildako lagunen oroipenez; gero, Marteren ohoretan goratzarre eresi batzuk kantatu, eta lo-kuluxka egin zuten. Guri dagokigunez, lehen adierazitako atsoak uzta berriko garagar mordoa ekarri zigun, eta baita ugari banatu ere, neurririk gabe, eta horrela, nire zaldiak etekina atera zion ugaritasun hari, Salioen oturuntz batean ari zela uste baitzuen. Nik, ordea, inoiz ez nuen ordu arte garagar gordinik jan, irin xehatua eta egosketa luzez ahi bihurtua baizik, eta hala, talde osoaren ogi-hondarrak pilatuta zeuden bazter bat arakatu eta gero, lan ugari eman nion atzeratutako goseak lakartu eta armiarma-sarez beteriko nire eztarriari. Eta horra non gaurik gauenean gaizkileak esnatu, atseden-gunea eten eta era desberdinez horniturik —batzuk ezpataz armaturik, besteak mamuz mozorroturik—, beren gordelekutik irteten diren abiada osoan. Ni, bitartean, jan eta jan ari nintzen etengabe eta arranguraz, eta ezerk ezin zidan galarazi hori, ezta errendarazi nahi ninduen logaleak ere. Egia da lehenago, Luzio nintzenean, ogi batez edo biz nahikoa eginda zutitzen nintzela mahaitik, baina oraingo honetan, hain sabel hondorik gabearen eskeari atxikita, hirugarren ogi-saski baten hausnarra amaitzen ari nintzen. Artean eginkizun horretan ari nintzela, sorgorturik, egunaren argiak harrapatu ninduen.

 

        23 Azkenean, nire asta zuhurtasunak bultzaturik, baina gogoz kontra, erretiratu egin nintzen handik, inguruko errekasto batean egarria asetzera. Berehala itzuli ziren gaizkileak, erabat kezkatuta eta urduri. Ez zekarten inolako altxor-fardelik. Ez zekarten ezta jantzi ziztrinezko fardelik ere; neska-gazte bat zekarten, taldeko ezpata, beso eta indar guztiez zaindurik: leinu-alaba baten itxura guztiak zituen; neskatxa benetan desiragarria, ala Herkules, bai horixe, baita ni bezalako asto batentzat ere. Lanturuka, iletik tiraka eta jantziak tarratatzen ari zen. Leize-zuloan sarrarazi zutenean, garrantzia kentzen salatu ziren neskak hainbat deitoratzen zuen egoerari, eta hor esaten diote:

        — Ez daukan heure biziaz eta ohoreaz kezkatu beharrik; har ezan pazientzia eta lagun iezagun gure irabazia eskuratzen. Beharraren lege gorriak behartu gaitin honetara. Alabaina, seguruenik, hire gurasoek, beren aberastasunen zaindaririk zekenenak izanda ere, berehala prestatuko diten beren odoleko alaba berreskuratzeko behar adina diru.

 

        24 Arrazoi horien eta antzekoen bidez, alferrik saiatzen ziren gaztearen oinazea arintzen. Eta nola ez zen bada alferrik izango, izan ere, burua belaun gainean jarri eta etenik gabeko negarrean ari baitzen neska? Orduan, atsoari deitu zioten barrura eta gazteari laguntzeko agindu, eta kontsola zezala ahal zuen hitzik atseginenez. Gero, taldeko ohiko eginkizunetara itzuli ziren. Atso gaixoaren berriketek, ordea, ezin zuten neskatxa baretu; aitzitik, gero eta indar handiagoz egiten zuen negar, zotinka ito beharrez, neuri ere malkoak sortzeraino. Eta honela zioen:

        — Errukarria ni! Halako etxea, zerbitzari talde handia, morroi maiteak eta guraso agurgarriak eduki arren, bakarrik eta abandonaturik nago orain; zoritxarreko bahituran harrapatua eta saleroskin bihurturik, giltzapean nago harrizko kartzela eta oinaze-gela honetan, esklabo baten gisa: nire jaiotza eta hazkuntza inguratu duten atseginik gabe, salbatzeko itxaropen izpirik gabe, gaizkile ugari eta ikaragarriez inguratua, gladiadore-saldo beldurgarri honen artean. Nola utzi negar egiteari? Gauza izango ote naiz bizirik irauteko ere?

        Horrela auhen egin eta gero, bere bihotzeko minez, bere eztarriko ahaleginez eta gorputz osoko nekez akiturik, loak errenditu zituen haren begi eroriak.

 

        25 Betazalak itxi besterik ez zituen egin, eta hor non, bere ametsetik esnaturik, eldarniopean, gero eta barne-min handiagoa erakusten hasten den, esku zartadez bularra kolpatu, eta bere itxura ederrari tratu txarra emanez. Eta atso ziztrinak behin eta berriz galdetzen ziolarik pena berriaren, edo hobeto esanda, pena berritu haren arrazoiaz, are hasperen sakonagoa egin, eta erantzun zion:

        — Gajoa ni! Orain bai nagoela erabat galdurik, orain bai galdu dudala salbatzeko itxaropen oro. Zalantzarik gabe, ez daukat beste biderik: urka bilurra, ezpata edo amildegia.

        Hori entzunik, atsoa haserretu egin zitzaion, eta aurpegiera gaiztoz agindu zion esan zezala ea zein deabrugatik ari zen negarrez, zergatik bat-batean lo sakonetik itzuli, eta berriro ekiten zien bere auhen itxuragabeei.

        — Beren sariaren ondasun aberatsa kendu nahi ote dien, bada, nire gazteei? —esan zion—. Horretan jarraitzen badun, heure malkoei kasurik egin gabe, gaizkileek gutxi estimatzen baitituzte, bizirik erre hazaten egingo dudala agintzen dinat.

 

        26 Mehatxu horiekin izuturik, atsoaren eskuak musukatu, eta esan zion neskak:

        — Barkatu, amona nirea; entzun giza errukiaren ahotsa, eta lagun iezadazu zoritxar ikaragarri honetan. Urte askotako bizitzak zaildu bazaitu ere, ez dut uste errukia erabat ihartuko zenik zure ileen urdintasun agurgarri horren pean. Orain, entzun ezazu, begira nire zoritxarraren ixtorio tragikoa. Bada gazte lerden bat, bere adinekoen artean onena, hiriak ahots batez semetzat hartu duena; nire lehengusu propioa duzu, gainera, eta hiru urte bakarrik ateratzen dizkit. Gazte hori nire ondoan, nire etxean, eta areago, gela berean, ohe berean hazi eta lagun banaezina izan da lehen urteak genituenetik. Nigana lotua zegoen, maitasun errugabe eta garbiaren elkarrekiko lehiaz. Ezkontzaren ituna betetzeko aspaldidanik hitz emana, legez eskuratua zuen senar titulua, hartarako ekitaldi ofizialean, gure gurasoen onespenarekin. Eginak genituen ezkontzaren erlijiozko ospakizunak, baita eliza eta santutegi publikoetan biktimak eskaini ere, ohorezko kontseilua osatzen zuten ahaide eta lagun talde handiaz inguraturik. Etxe osoa, erramu adarrez gainezka eta zuzien suaz argitua, himeneoaren oihartzun bete-betea zen.

        «Bitartean, nire ama gaixoak bere altzoan nindukan, nire ezkontza-jantziez apaintzen ninduen, eta eztia bezain musu gozoz betetzen, eta erregu egiten zuen ondorengoen esperantzak gure etorkizuna ziurta zezan. Eta hor non, bat-batean, luizia bezalakoa sortzen den, eta ezpataz armaturiko gizonak sartzen diren, gerraren ikaragarritasun oro berekin daramatela, altzairu mehatxari biluziak airean distiratsu erakutsiz. Alabaina, beren eskuak hilketa eta lapurretan erabili ordez, talde bildu eta sendoa gure gelara zuzendu zen. Eta, gure zerbitzariei borrokatzeko edo kontra egiteko aukerarik ttikienerako betarik ere eman gabe, amaren besoetatik bahitu ninduten izuz negarretan eta beldurrak jota nengoela. Horrela, nire ezkontza zakarki etena eta desegina izan zen, Atisena edo Protesilaorena bezala.

 

        27 »Eta, hona hemen non, oraintxe bertan, nire amets ikaragarrian berritu dudan, hobeto esanda, azken muturreraino eraman, nire zoritxarra. Iruditu zait, etxetik, nire gelatik, nire ohetik indarrez atera nindutela, eta leku bakarti eta helgaitzetan barna nindoala, nire zoritxarreko senarraren izena oihukatu eta oihukatu. Iruditu zait, halaber, hura, nire besarkadarik gabe geratu bezain azkar, artean usain-gozoz heze eta lorez koroaturik, nire urratsen atzetik zetorrela, nik, besteren oinek eramanik, ihes egiten nion bitartean. Eta, bere emazte ederraren bahiketagatik garrasi haserreen kexuak jaurti eta herria asaldatzen ari zenez, gaizkile batek, pertsekuzio jasanezin harekin haserre, oin inguruan zeukan harri handi bat harturik, nire senar gaixoa jo zuen, eta bertan akabatu. Halako ikuskizunaren krudelkeriak esnatu nau, izuz beterik, neure amets gaiztotik».

        Orduan atsoa, bera ere hasperenka gazteñoaren zotinak entzun eta gero, honela hasi zen:

        — Izan adore, ene gazte, eta ez izutu ametsen itzal alferren kausaz. Eguneko ametsetako ikuskizunak gezurrezkoak direla uste izateaz gainera, gauekoek alderantzizko ondorioak igartzen ditizten maiz. Horrela, bada, gertakizun onuragarri eta aberasgarriren baten adierazle ditun negar egitea, zigortua izatea, eta, sarri, baita norbaitek zintzurra ebakitzea ere. Aitzitik: tristurak, gaixotasunak eta beste zoritxarren batek joko hauen adierazle ditun barre egitea, gozokiz eta gutiziaz bete-bete egitea, edo Venusen gozamenean elkarrekin aritzea. Berehala alaituko haut, baina, kontakizun gozoekin eta ele zaharrekin.

        Eta horrela hasi zen:

 

        28 «Bazitunan, hiri batean, erregea eta erregina. Hiru alaba zitiztenan, beren edertasunagatik oso bereziak. Bi zaharrenak itxuraz oso atseginak zitunan, baina, giza laudorioek bazitiztenan haien neurriko esaerak; alaba gazteenaren edertasuna, ordea, hain zunan ezohikoa, hain distiratsua, ezen giza mintzaira behartsuegia eta ezdeusa baitzen, ez hari buruzko ideia bat emateko bakarrik, baita merezi zuen eran goraipatzeko ere. Hiritar eta atzerritar asko erakartzen zinan hain ikuskizun bereziak, eta mirespenez harrituta geratzen zitunan haren edertasun paregabearekin: eskuineko eskua ezpainetara eraman, hatz erakuslea potolo zutituaren kontra ezarri, eta benetako Venus jainkosa balitz bezala adoratzen zitenan. Auzoko hirietan eta inguruko herrialdeetan honako berri hau hedatu zunan: itsasoko amildegi urdintsutik jaiotako eta uhin apartsuen ihintzez osatutako jainkosa hura jendartean bizi zela, jainkoen baimenarekin; edo, bestela, esaten zinaten, euriaren indar ernaltzaileak beste Venus bat, birjin-lore eta guzti apaindurik, sortu zuela, ez itsasoan, lurrean baizik.

 

        29 »Eta, egunetik egunera, era harrigarrian barreiatu zunan haren ospea; berehala hedatu zunan berria inguruko uharteetan; lur sendora igaro eta arin zabaldu zunan probintziaz probintzia ere. Hilkor asko joaten zunan bazter guztietatik mende hartako edertasun aintzagarria ikustera, horretarako ibilaldi luzeak egiten zituztelarik lurrez, eta itsasbide neketsuak urez. Inor ez zunan ordurako joaten Venus jainkosa ikustera, ez Pafosera, ez Knidora, ezta Zitereara berera ere. Bertan behera utzi zitiztenan jainkosa horri egiten zizkioten sakrifizioak, haren elizak gero eta hondatuago zeudenan, bertako burko sakratuak oinazpian ibiltzen zitiztenan, haren ospakizunak bertan behera utzirik zitiztenan; koroarik gabe zeudenan haren irudiak, eta orbanduak zeudenan haren aldare bakartiak errauts jadanik hoztuez. Gazteñoari egiten ziotenan otoitz, haren itxura hilkor eta guzti jainkoak bare zitzan. Goizean, neskatxa paseatzera irteten zenean, biktima-opariekin eta oturuntz-eskaintzekin loriatzen zitenan, Venus urrunarekin ezertarako oroitu gabe. Eta hiriko kaleetan zehar zebilenean, jendetza elkarren lehian aritzen zunan, lore-uztaiekin eta loreekin hura gurtzen. Jainkoei zor zaizkien ohoreen hilkor batenganako gehiegizko isuri hark benetako Venusen gogoa haserrarazi zinan latz, eta, haserrea mendera ezinik, buruari eragin eta bihotza inarrosirik, horrela egin zinan hausnarketa:

 

        30 »— Hona hemen ni, izadiaren hastapeneko ama, elementuen lehen jatorria, Venus, unibertso osoaren botere elikatzailea: jainkozko maiestatearen ohoreak neskatxa hilkor batekin banatzera behartu, eta lurreko hondakinen kutsaduraz profanatu didate zeruan kontsakraturiko neure izena. Dudarik gabe, nire lekua hartzen ari den gazteño hilkorrari egindako gorapenen kaltea jasan beharko dut orain jainkoen elkargoan. Ez ninduen alferrik neu aukeratu jainkosa guztien artetik artzain hark, zeinaren justizia eta leialtasuna Jupiter handiak baitzuen onetsi. Alabaina emakume hori, nor den ere, ez da denbora luzez poztuko niri dagozkidan ohoreak bereganatzeaz. Zin dagit berehala damutuko dela, baita zilegi ez duen bere edertasunaz ere.

        »Eta hor deitu zionan segituan bere semeari, haur hegodunari, bere ohitura traketsez moralitate publikoa gaiztotzen duen mutiko ausartari, zuziz eta geziz armaturik senar-emazte guztien artean kalapitak sortzen dituenari, gaiztakeriarik handienak zigorrik gabe egiten dituenari, eta, hitz batez, ezer onik egiten ez duenari. Eta, berez nahiko lotsagabea bada ere, amak areagotu egin zionan jakin-mina, eta, hiri hartara eraman eta gero, begien aurrean jarri zionan Psike —halaxe zinan izena gazteñoak—.

 

        31 »Gero, edertasunezko norgehiagoka horri buruzko kontakizun guztia esan, eta zotinka eta haserrez dardarka hasi zitzaionan:

        »— Amaren maitasunezko lokarriengatik, heure geziek egiten dituzten zauri eztiengatik, heure zuzi horrek egiten dituen erredura gozoengatik: arren, mendeka ezak heure ama. Zigortu ezak, errukirik gabe, eder lotsagabe hori. Esango diadana egiteko eskatzen diat: gazteño madarikatu hori maitemin dadila gizaki nazkagarrienaz, halabeharrak duintasunik, aberastasunik eta osasunik ere gabe utzi duen batekin, zoritxarrean parerik izango ez duen gizon arbuiagarrienarekin; hain arbuiagarria izan behar dik gizon horrek, ezen munduan ez baitu parerik izango zorigaitzean.

        »Horrela hitz egin, eta bere semeari musu luze eta estuak eman zizkionan ezpain erdi irekiez; gero, urertz gertuenera joan zunan, nongo hondartzak itsasoak bustitzen baititu bere joan-etorriarekin; bere arrosazko oinekin uhin ispilutsuen gain apartsua zapaldu zuenean, itsas sakonaren azal distiratsuan gelditu zunan. Eta hark nahi bezain azkar, aurretik aginduta egon izan balitz bezala, itsas jainkoen talde batek inguratu zinan berehala. Han zeudenan, haren ondoan, Nereoren alabak, kantuan koru eginez, eta Portuno, bere bizar urdintsu tenteez, eta Salazia, bere jantzien tolesdurak arrainez gainezka, eta Palemon, auriga ttikia, bere delfinaren gidari; baita tritoi talde bat ere, edonon saltoka itsas gainean: batek putz egiten zionan bere maskor soinulariari, bestea zetazko buruzapiaz babesten zunan eguzkiaren gezi erregarrietatik; hirugarren batek ispilu bati eusten zionan erreginaren begien azpian; gainerakoek, binaka-binaka, haren gurdira uztartu, eta igeri egiten zitenan. Horixe dun Venusekin batera doan lagun-ostea, bere ozeanoranzko bidaian.

 

        32 »Bitartean Psikek, bere edertasun distiratsu eta guzti, ez zionan emaitzarik ateratzen bere xarmari. Denak hari begira, denak hari goratzarre, baina, inortxok ere —zein errege, zein printze, zein pertsona arrunt— ez zinan nahi emaztetzat, eta ez zinan eskatzen haren eskurik. Guztiek miresten zitenan, jakina, haren jainkozko irudia, baina artistikoki landutako estatua miretsiko luketen antzera miresten zitenan. Aspaldidanik, haren bi ahizpa nagusiak, iritzi publikoak haien edertasun orekatua aldarrikatu ez bazuen ere, errege-premuekin hitzartuta zeudenan, eta biek egina zitenan ezkontza eder bana. Psikek, ordea, bere birjinazko ezkongabetasunean, aitaren etxean geratu, eta, maitalerik gabe, bere bakardadea deitoratzen zinan. Gorputzaren erdeinuz eta arima etenda, bihotzez gorrotatzen zinan jende guztiak txalotzen zion edertasun hura. Gazteño dohakabearen aita samindua, alabarena zeruko madarikazioren bat izan zitekeelakoan eta jainkoen haserrearen beldur, hor non Miletoko jainkoaren aspaldiko orakuluari galdetzera joan zen. Otoitzen eta oparien eskaintzaren ondoren, ezkontza eta senarra eskatu zizkionan jainko boteretsu horri alaba baztertuarentzat. Eta Apolok, greziarra eta joniarra izanik ere, latinez egin zinan, kontakizun milesiar honen egilearekiko adeitasunez, ondorengo iragarpena:

 

        33 »Mendiaren haitzik altuenean, oi errege, utz ezak heure alaba, heriotzazko eztei-jantziz apaindurik. Eta ez ezak itxaro izan leinu hilkorretik sorturiko suhirik, munstro anker, basati eta pozoitsua baizik, zeinak, airean bere hegalei eraginez zalapartari, ez baitu ezer lasai uzten, dena odolez eta suz birrintzen baitu, Jupiter bera ere dardarez jartzen baitu, eta gainerako jainkoen artean ere izua hedatzen, infernuko ibaiak ere beldur baitira hartaz, eta ikara sortzen baitie Estigia aintzirako ilunpeei berei ere.

        »Beste garai batzuetan zoriontsu izandako errege hura, jainko igarpenaren hitzak entzun, eta etxera itzuli zunan triste eta penaz beterik, eta bere emazteari adierazi zizkionan orakulu gaiztoaren igarpenak. Hainbat egunetan, ez zegonan tristura, negarra eta aienea besterik. Halabehar gaiztoaren agindu iluna, ordea, bete beharra zegonan bizkor: herio-ezkontzarako prestakuntzak egiten hasi zitunan zoritxarreko neskatxarentzat; keaz belztu, eta itzali egin zunan zuzien sua, errautsez beterik. Ezkontza-txirularen doinuek bide egiten zietenan erritmo lidiarrei, ezkontzaren eresi alaia garrasi ilun bihurtu, eta andregaiak ezkontzako buru-oihalez lehortzen zitinan malkoak. Hiri osoak ere negar egiten zinan zoritxarreko familia horren halabehar tristeagatik, eta denen oinazea berehala bihurtzen zunan dolu publikoaren aldarrikapen.

 

        34 »Eta Psike gajoari ezarritako zigorraren konplimendua eskatzen zinan zeruaren agindua bete beharrak. Horrela amaitu zitunan, bada, oinazerik handienen erdian, herio ezkontaurreko ospakizunak. Herri guztia segizioan, aurrera zihoanan gorpu bizidun horren hileta, eta Psikek, malkotan blai, ez zinan bere ezkontzan parte hartzen, bere hiletetan baizik. Eta haren guraso penatuak, halako zoritxarrez hondoa jota, gaiztakeria ikaragarri horri ekiteko zalantzan ari zirela, alabak berak suspertzen zitinan, hitz hauek esanez:

        «— Zergatik zigortzen duzue hain negar luzeez zuen zahartzaro dohakabea? Zergatik astintzen duzue etengabe, aiene neketsuez, arnasa hori, oraindik zuena bainoago nirea dena? Zergatik orbantzen dituzue alferrikako malkoez zeuon aurpegiak, hain agurgarri zaizkidanak? Zergatik itsutzen duzue nire begietako argia, zeuonak urraturik? Zergatik tira zeuon ile urdinei? Zergatik bularrak kolpatu? Zergatik ematen diezu hain tratu txarra zeure bular horiei, ama, niretzat sakratuak dira-eta? Horixe izango da zuentzat nire edertasun paregabearen ordaina. Beranduegi jabetu zarete horretaz, bekaitz gaiztoaren kolpe hilgarriak abaildu zaituztenean. Herri eta nazioek jainkozko ohoreak egiten zizkigutenean, edo denen ahotsek Venus berria deitzen zidatenean, orduan jantzi behar zenuten beltzez nigatik, hila banengo bezala. Ongi jabetzen naiz orain: Venus horren izenak galdu nauela ikusten dut orain. Eraman nazazue behingoz, eta utzi patuak niretzat gorderik daukan haitzean. Presaka naiz ezkontza horri aurre egiteko, presaka ene senar noblea ikusteko. Zergatik berandutu enkontrua? Zergatik ihes egin munduaren hondamendirako jaio denaren etorrerari?

 

        35 »Horrela hitz egin zinan neskatxak. Gero isildu egin zunan, eta bere atzetik zekarren jendetza artean galdu zunan pauso sendoz. Iritsi dun, bada, mendi malkartsu baten erpinera, adierazitako haitzera. Gazteñoa gailurrik gorenean jarririk, jendeak bakarrik utzi zinan, eta bidean argi egiteko erabilitako ezkontza zuziak malkoekin itzali eta hantxe bertan bota, eta bazihoanan bakoitza bere etxera. Neskatxaren guraso gaixoak, beren jauregiko ateak itxi zitiztenan, eta, ilunpetan ezkutaturik, betiko gauean sartu zitunan. Bitartean, Zefiroren haizexka xerakorra arin-arin jotzen hasi, eta haitzaren gainean negarrez eta beldurrez dardarka ari zen Psike hartu zinan. Gero, haren jantziaren ertzak astindu, tolesdurak harrotu, eta jaso egin zinan nabari gabe; pixkanaka zeramanan, xuxurlaka bezala, horma harritsuan behera, eta haran sakon batean utzi, eta emeki etzan zinan lorez estalitako belazearen altzoan».

 

 

 

© Luzio Apuleio

© itzulpenarena: Anjel Lertxundi, Juan Kruz Igerabide

 

 

"Luzio Apuleio / Urrezko astoa" orrialde nagusia