III. LIBURUA

 

        1 Bere beso gorrizta astindu eta zaldun zihoan Egunsenti, falera-apaingarri gorriko bere zaldien gainean, eta orduantxe, nire loaldi baretsutik atera berri, gauak egunaren esku utzi ninduen. Bezperako azaina gogoraturik, sukarrak hartu zidan barrena; hankak bildu, eskuak belaun gainean batu hatzak elkarrekin gurutzaturik, nire ohantze gainean horrela eseri, makurturik, eta negarrari eman nion gogotik, eta imajinatzen hasi nintzen, zein epaitegia, zein epaileak, zein haien erabakia, zein borreroa bera. «Hain epaile bihotz-zabala eta onbera egokituko ote zait, bada, —esaten nion neure buruari— ni errugabetzat jotzeko, nahiz eta hilketa hirukoitzaren odolez zikinduta ikusi ni, horrenbeste hiritarren odolez lohiturik? Hona hemen, bada, Diofanes kaldearrak ziurtasun osoz iragarri zidan ibilaldi ospez betea».

        Burutazio horiek eta antzekoak hausnartzen nituela, neure zoritxarra deitoratzen ari nintzen. Eta, orduan, ate joka hasi ziren, ataurrean berealdiko zarata eta iskanbila ateratzen zutela.

 

        2 Berehala egundoko jendetza sartu zen etxe irekian zalapartaka, eta magistratu, laguntzaile eta era guztietako jendez bete zen guztia. Segituan, magistratuen aginduei jarraiki, bi liktorek atzeman naute, eta arrastaka eraman, nik benetako kontrarik egin gabe. Aurreneko kalexkan sartu bezain azkar, talde ikaragarria abiatu zen gure atzetik. Eta ni triste eta burumakur joanik ere, begiak lurrari (infernuari berari, hobeto) peto, hala ere, zeharka begiratzean, gauza bat ikusi nuen, zeharo harritu ninduena. Alegia, gure inguruan gainezka zihoazen milaka pertsonatatik, bakar bat ere ez zegoen barrez lehertzeko zorian ez zihoanik. Azkenean, kale guztiak igaro eta hiriko bazter guztietan zehar ibili ninduten, garbiketa eta damu-sakrifizioen bidez aztikeriaren baten mehatxua galarazteko plazaz plaza lihoazkeen biktimen antzera; bada, foruaren aurrean geldiarazi ninduten, han osaturiko epaimahaiaren aurrean. Ordurako magistratuak oholtza handian eserita zeuden eta pregoilari publikoa isiltasuna agintzen ari zen, eta guztiek ahots batez eskatu zuten, ezen teatroan egin zedila tamaina hartako epaiketa, han zeudenak jendetza handiegiaren azpian lehertzeko arriskuan zeudela eta. Berehala, herria, harantz eta honantz barreiatuz, korrika joan zen harrigarriro, teatroan ikusleentzako jarria zegoen leku osoa hartzera. Estu-estu zeuden elkarren kontra eta sarrerako pasabideak ere beteta zeuzkaten, eta sabai osoa ere bai; asko eta asko zutabeetan gora igota zeuden, beste zenbait estatuetatik zintzilik, eta beste batzuk erdizka ikusten ziren leiho-zuloetatik edo sabaiko zirrikituetatik. Guztiek ikuskizuna begiratzeko grina eustezina zuten, eta ahaztu egiten zuten, nonbait, bizia arriskuan jartzen ari zirela. Orduan, hiriko aguazilek eszenatokian zehar ibilarazi ninduten, biktima baten antzera, eta orkestraren erdian jarri.

 

        3 Berriro pregoilari publikoaren marru handiak deiturik, salatzaile adintsu samar bat zutitu, eta honela mintzatu zitzaion herriari, bere mintzaldiaren denbora neurtzeko edontzi antzeko zulodun bat urez bete eta gero, inbututik bezala zulo ttiki batetik behera tantaka-tantaka isur zedin:

        — Kirite agurgarriok: gaur eztabaidatzen ari garen kasua ez da nolanahikoa, hiri osoaren bakeari dagokio eta; eskarmentu gogorra egiten badugu, ongarri izango zaio. Beraz, are komenigarriagoa da, zuetako bakoitza, zuen herriak eskatzen duen duintasunaren arabera, saia dadin arreta osoz, eraile anker batek egin duen hain hilketa anitz eta sarraskitsua zigorrik gabe gera ez dadin. Ez dezazuela uste, ni, inolako erresumin pribatuk bultzaturik, horren kontrako gorroto pertsonalak eraginda saiatzen ari naizenik. Gaueko zaindarien buru nauzue, eta ez dut uste gaur arte inork gaitzetsi ahal izan duenik nire ardura beti arretatsua. Hitz batean, gauzak gertatu bezala adieraziko dizkizuet; alegia, bart gauean gertatutakoa. Ia hirugarren beila ordua izango zen; ni neure itzulia eginez nindoan, atez ate eta ardura zorrotzez arakatuz hiri osoko bazterrak. Bat-batean, hor non ikusi dudan gazte odolzale hori, ezpata eskuan, heriotza ereinez han eta hemen. Hiru gizon zeutzan berorren oinetan, artean arnaska eta odol-putzuan taupaka, bere krudelkeriaren biktima. Erailea, hain hilketa ikaragarriaren damuak bultzatuta, noski, eta erabat urduri, ihesi abiatu zen berehala, eta, ilunpearen babesean etxe bateraino alde egin zidalarik, hantxe ezkutatu zen gau osoan. Jainkoen ardurari esker, ordea, zeintzuek ez baitute zigorgabe uzten erruduna, gaizkile horrek bide ezkutuetan barna ihes egin baino lehen, hara non ustekabean harrapatu dudan gaur goizean, eta zuen epaimahaiaren maiestate ikaragarriaren aurrera ekartzea lortu. Zeuon aurrean daukazue, beraz, heriotza askoren errudun den atxilotua, eskuak zikin harrapatu dizkiogun atxilotua, herrialde honetakoa ez den atxilotua. Beraz, kondena ezazue indar osoz gure herrialdearekin zerikusirik ez duen gizon hori, zuen arteko hiritar batek egina izanik ere gogor zigortuko zenuketen hilketagatik.

 

        4 Hitzaldi gogor horren ondoren, nire salatzaile amorratu hark bere ahots ikaragarria isildu zuen. Berehala, pregoilariak hitza eskaini zidan, ea salaketa haiei erantzun nahi ote nien. Hala ere, nik une hartan ez nezakeen negarra besterik egin, ez hainbeste salaketa ikaragarri haiengatik, zinez diot, nire barneko har mingarriagatik baizik. Azkenean, zerutik jaitsitako adorez, honela erantzun nien hitz haiei:

        «— Ongi dakit zein zaila den, hiru hiritarren gorpuen aurrean, haien hilketagatik salatua izan den pertsonak bere errugabetasuna argitzea hain batzar jendetsuari, nahiz egia esan, eta gertakizunaren egiletzat aitortu bere burua. Alabaina, hiritarrok, zuen onberatasunak pixka batean entzuten badit, erakutsiko dizuet aise, nola neure bizia arriskuan jarri eta hain hilketa ikaragarriaren gorroto funsgabea neureganatu dudan, baina ez neure erruz, arrazoizko haserre baten ondorio ustekabekoagatik baizik.

 

        5 »Etxetik kanpo afaltzen aritua nintzen eta berriro erretiran nentorren hara, ordu txikitan; mozkorturik, jakina; ez dut inola ere salaketa hori ukatuko. Gauzak horrela, neure ostatuaren ateetan bertan (zuen hirikide den Milon ohoretsuaren etxea dut ostatu) gaizkile oldartsu batzuk ikusi nituen, han sartzen saiatzen ari zirela, eta etxeko atea botatzen, ate-orpoak atera beharrean. Zakarki kendurik zeuzkaten, kontu handiz jositako zeharkako oholak, eta elkarrekin eztabaidan ari ziren etxe barnekoei emango zieten heriotzaz. Gaizkile haietako batek, besteak baino adoretsuagoa eta handiagoa baitzen, ondorengo hitzekin zirikatzen zituen bere lagunak:

        »— Goazen, mutilok, eraso diezaiegun lo dauden bitartean, kemen gizontsuz eta izpiritu adoretsuz. Bihoa gure bihotzetik urrun zalantza oro, izu oro. Iskiluak eskuan, hilketa jabe bedi etxe osoaz. Ebaki diezaiogun zintzurra lo dagoenari, hil dezagun bere burua babestu nahi duen oro. Osasuntsu eta arrisku gabe joango gaituk hemendik, non eta etxe honetan ez dugun inor bizirik uzten.

        »Aitortzen dut, kiriteok: hiritar on baten eginbeharra bete nahian eta, aldi berean, niri ostatu ematen zidatenen eta neronekiko beldur handiz, horrelako estualdietarako aldean neraman aiztoa eskuan harturik, lapur krudelak izutu, eta ihesean jartzeko asmotan hasi nintzen. Gaizkile barbaro eta basati haiek ez zuten, ordea, alde egin eta, armaturik nengoela ikusita ere, gogor eusten zioten bereari.

 

        6 »Berealdiko borroka sortu zen. Taldeko burua bera, besteen ordezkari, erasoan hasi zitzaidan indar ikaragarriz, eta, bi eskuekin ileetatik gogor heldu eta lepoa atzera bihurriturik, burua harri batez kraskatu nahi zidan. Harri bat ekar ziezaiotela eske eta eske ari zela, esku abilez zauritu nuen, eta, zorionez, lurrean etzanda utzi. Gero, bizkarraren erdi-erdira jaurtitako kolpe batez, beste gaizkile bat hil nuen, nire hankei helduta baineukan, hozka; nire gainera inongo ardurarik gabe zetorkidan hirugarrenari bularrean aiztokada jo, eta hil egin nuen. Horrela, berriro bakea ezarri, eta niri ostatu ematen zidatenen etxea eta guztion segurtasuna gorde, eta, pentsatzen nuen, ez soilik ez nindutela zigortuko, baizik eta publikoki zorionduko nindutela. Nik, inoiz inolako epai salaketa bat izan ez eta niretarrek zintzotzat jotzen ninduten honek, errugabetasuna gauza guztien gainetik jarri izan dut beti. Ezin, beraz, nik jakin, zer dela-eta hartu nauten atxilo gaizkile ankerrenetako batzuen kontra mendeku egiteagatik. Eta are gehiago, inork ezin baitu frogatu lehenagotik gaizkile horien eta nire artean elkarrekiko gorrotorik egon zitekeenik, edo inondik ezagut nitzakeenik, edo, gutxienez, harrapakinen bat egon zitekeenik, zeinaren lapurretak egiazta lezan hain delitu ikaragarria egitea».

 

        7 Horrela mintzaturik, berriro malkoak etorri zitzaizkidan eta, nire eskuak erregu keinuan luzatuz eta tristuraz beterik, batzuei bihozberatasun publikoaren izenean erregutzen nien, eta beren gauzarik preziatuenen izenean besteei. Eta uste nuen, neure malkoez denen giza sentipenak hunkiturik izango nituela ordurako; Eguzkiaren begiak eta Justiziarenak jartzen nituen lekuko, eta nire une hartako zoritxarra jainkoen ardurapean; eta hara non, begiak pixka bat jaso, eta han bildutako jendea barrez lehertu beharrean ikusten dudan. Hantxe zegoen nire ostatu-emaile eta aita, Milon ohoretsua, barrez lehertzen hura ere. Orduan, esan nuen neure baitarako: «Horra hor asmo zuzena, horra hor esker ona! Ni, neure ostatu-emailearen bizia gordetzeagatik, eraile egin nauk, eta aurre egin behar zioat salaketa kapitalari; horri, berriz, ez zaiok aski bere laguntzaren kontsolamendua ez ematea; gainera nire hondamenari barre egiten ziok lehertu beharrean».

 

        8 Bien bitartean, emakume samindu eta negartsu batek lasterka zeharkatu zuen teatroa, soineko beltzez jantzita eta besoan haur ttiki bat zeramala. Atzetik beste emakume bat zihoakion, atsotua, zirtzil zikinez jantzia, hura ere saminez eta malkotan blai. Bata eta bestea olibondo adarrak astinduz zihoazen. Biktimen gorpuak, zapi batez estaliak, zeutzan ohantzearen alde banatan jarri, intziri ozenak eta lanturu ilunak atera eta oihuka hasi ziren:

        — Erruki publikoaren izenean, gizadiaren zuzenbide arruntaren izenean, erruki zaitezte bidegabekeriaz eraildako gazte hauetaz, eta emaiozue mendekuaren kontsolamendua gure alarguntasun eta bakardadeari. Gutxienez, lagun iezaiozue ttikitxo honi, bere lehen urteetan babesgabe geratu baitzen; eta, ordainez, eskain ezazue gaizkile horren odola zuen legeen eta ordena publikoaren arabera.

        Hurrena, epaile adintsuena zutitu, eta honela mintzatu zitzaion herriari:

        — Egin duenak berak ere ezin ukatu du bere krimena, eta gogor zigortu behar dugu; kezka sakon bakarra geratzen zaigu: hilketa ikaragarriaren gainerako gaiztakideak zein ote diren argitzea. Ez da sinesgarria, noski, gizon bakar batek hiru gazte mardulei bizia kentzea. Beraz, egia atera behar zaio oinazearen bidez. Izan ere, berarekin zihoan morroiak ihes egin zuen ezkutuan, eta gauzak ataka honetaraino etorri direnez, hilketan parte hartu dutenak salatu beharko ditu oinazearen bidez, gaizkile talde horrek eragindako ikara errotik mozteko.

 

        9 Berehala, ohitura grekoaren arabera, sua, oinaze gurpila eta era guztietako zigorrak ekarri zituzten. Nire samina gehitu eta bikoiztu egin zen horrela, pentsatzen bainuen ez zidatela utziko hiltzen, ez behintzat lehenago atalen bat moztu gabe. Alabaina, bere lanturuekin denen hunkipena lortutako atsoa mintzatu zen berriro:

        — Hiritar ohoretsuok: gaizkile zital hori, nire prenda kuttunenen hiltzaile hori, gurutzera eraman baino lehen, utz iezadazue hildakoen gorpua desestaltzen, horien edertasuna eta gaztetasuna begiraturik, zuen haserre zuzen hori suspertu, eta hilketari dagokion erantzun gogorra sor dakizuen.

        Ikusleriak txalotu egin zituen hitz haiek, eta epaileak agindu zidan ni neu izan nendila hilen ohantzean ezarritako gorpuak neure eskuaz desestaliko zituena. Nik uko egiten nion eta ezetz nioen gogor, ez bainuen ikuskizun horrekin bezperako gertakizun tragikoa berritu nahi; baina liktoreek, magistratuaren aginduz, horretara behartu ninduten tai gabe; azkenean, albo batera zintzilik neukan neure eskuari galbidera gogor bultza eginez, luzarazi egin zidaten hildakoen gain-gainera. Etsita, amore eman nuen azkenean beharkizunaren aurrean, eta, gogo txarrez, zapia kendu, eta hilotzak desestali. Jainko zerukoak! Zer ari naiz ordea ikusten? Zer aztikeria da hau? Zer bat-bateko aldaketa nire zoriarena? Ezen, neure burua Proserpinaren altxorren artean eta Orkoren familian ikusten nuelarik, gauzak beste bide bat hartzen ari zirela konturaturik, harri eta zur geratu nintzen. Ezin hitzez adierazi halako ikuskizun baten ezustekoa. Zintzurra ebakitakoen gorpuak hiru zahagi puztu soil ziren, eta zenbait aiztokadaz sastatuak eta nik bezperako borrokan gaizkileak zauritu nituela oroitzen nuen leku berean ebakiak zeuden.

 

        10 Orduan bai, orduan lehertu ziren jendetzaren algarak, une batzuetan zenbaiten maleziagatik itorik gordetakoak. Batzu-batzuek beren gozamen aldian oskilasoen antzera egiten zuten kar-kar, beste batzuek sabelari eusten zioten bi eskuez, barreak eragiten zien mina arintzeko. Eta, noski, denak zein baino zein gusturago joan ziren forutik, niri begiratzera etengabe jiratuz. Ni, berriz, zapi hari heldua nion jarrera berean nengoen, harri eta zur, geldi eta hotz, teatroko estatua edo zutabe haietako baten pare. Eta ez nintzen infernuetatik irten, harik eta Milonek, nire ostatu-emaileak, inguratu, eta eskua sorbaldan jarri zidan arte. Eta nik han eusten banion ere neure buruari eta berriro malkoak zotin ugariekin batera hasi bazitzaizkidan ere, indarkeria ezti batez eraman ninduen berekin; eta zenbait kale bakartitan barrena joan, itzulinguru batzuk egin eta bere etxera eraman ninduen, bidean neure baitako nahigabea eta estutasuna kontsolamenduzko era guztietako hitzekin lasaiarazten saiatu zelarik. Haren ahalegin guztiek ezin izan zuten, ordea, halako irainak nire bihotzaren barnerainoko sastadaz sorturiko haserrea baretu inola ere.

 

        11 Horra non, ordea, magistratuak berak, intsignia eta guzti, gure etxean sarturik, ni lasaitzen saiatu diren, ondorengo adierazpenon bidez:

        — Luzio jauna, ezagutzen dugu zure maila eta zure artekoen jatorria, izan ere probintzia osoan baitago hedatua zure familia argiaren izena. Ez dizugu irain egiteagatik sufriarazi horrenbeste nahigabetzen zaituen txantxa. Beraz, uxa zeure bihotzetik samintasun hori, eta urrun estutasuna zure arimatik. Izan ere, beti asmakizun bitxiren bat behar izaten dugu, Barrearen jainko atseginaren ohorez urtearen bueltan aldioro publikoki ospatzen dugun barrealdia arrakastatsua izan dadin. Jainko hori zurekin joango da, edonora zoazela ere, bere fabore eta adiskidetzarekin, gaur barrearen iturri eta bitarteko izanaren esker onez; ez dio inoiz utziko zure bihotzari tristuraz sufri dezan, aitzitik, zure bekokia beti argituko du alaitasunaren atsegin lasaiaz. Hiri osoak, bere aldetik, zor dizun mesedea ezaguturik, ohore bereziak eskaini dizkizu, eta bertako patroi izendatu zaitu, eta zuri brontzezko estatua bat eraikitzea erabaki du.

        Eta hitz horiei erantzun nien:

        — Tesalia hiri paregabe eta argiko hiritarrok: jakin ezazue nire zuenganako esker ona horrenbeste ohoreren parekoa dela, baina estatuak eta irudiak ni baino duinagoentzat, ni baino handiagoentzat, gorde ditzazuela gomendatzen dizuet.

 

        12 Adeitasunezko hitz apal horiek esan, eta aurpegi alaitsuz pixka batean irribarre eta poz-itxurak ahalik eta handienak egin eta gero, kortesiaz agurtu nituen magistratuak. Eta hor non morroi bat korrika sartu, eta esan didan:

        — Zure izeba Birrhenak deitzen dizu, eta oturuntzaren ordua hurbil dagoela, eta, atzo, joango zinela hitz eman zeniola oroitarazten dizu.

        Emakume haren etxea bururatu hutsarekin ikaraturik eta izuak jota, honela erantzun nion gonbidapenari:

        — Zer nahiago nik, ene izeba, zure aginduak obeditzea baino, neure hitzari uko egin gabe betetzerik baneuka. Niri ostatu ematen didan Milonek, gaur eguneko jainko babeslea lekukotzat hartu, eta gaur gauean bere etxean afalduko dudala hitz emanarazi dit, eta ez da nire albotik aldentzen eta niri ere ez dit bere ondotik urruntzen uzten. Beraz, utz dezagun hurrengo baterako oturuntzerako konpromisoa.

        Artean aitzakiak ematen amaitu gabe, Milonek, esku sendoz heldu, gure atzetik bainurako tresnak ekar zitzaten agindu, eta han inguruko bainuetxe batera eraman ninduen. Haren alboan itsatsirik nindoan, ahal nuen disimulu handienaz, jendearen begiradatik gordetzeko eta ibiltarien barrea saihesteko, nik neuk sortua baitzen barre hura. Ez dut oroitzen, neukan lotsaren lotsaz, ez nola bainatu nintzen, ez nola lehortu nintzen, ez nola itzuli nintzen etxera; hain nengoen joana, ezen ez bainintzen neure buruaren jabe, jende guztiaren begiradek, keinuek eta hatzek seinalatu egiten nindutela ikusirik.

 

        13 Azkenean, Milonen afari ziztrina eta zekena aire batean jan, eta neure etengabeko malkoek sorturiko buruko min zorrotza atera nuen aitzakia, eta baimena aise eman zidatelarik, oheratzera joan nintzen. Nire ohantzean etzan, eta pasatako abenturaren gorabeherak nekartzan gogora, tristerik, harik eta neure Fotide maitea etorri zitzaidan arte, etxekoandrea etzanarazi eta gero; erabat aldatuta zetorren, bere ohikotik oso bestelako. Ez zekarren besteetako aurpegi alairik, ez zen mintzatzen ohiko doinu irritsuan; aitzitik, baizik eta aiurri ilun eta kezkatiaz estutzen zuen zimur sakonez erretendutako kopeta. Azkenik, zalantzakor eta izu, mintzatzen hasi zitzaidan:

        — Ni neu, ni neu izan nauk, aitortzen diat, heure zoritxar horren sortzaile.

        Eta hori esanez, bularretik zigor antzeko bat atera zuen, eta, luzaturik, esan zidan:

        — Har ezak, mesedez, eta mendeka hadi emakume gaizto honetaz; edo, nahiago baduk, emaiok beste edozein zigor, gogorrena izanda ere. Hala ere, ez ezak pentsa nahita egin diadanik min hori. Jainkoek ez bezate nahi inolako ezbeharrik gertatzea hiri ni naizela medio. Hire bizia zorigaiztoren baten arriskuan balego, izango ahal dut hura atzerabidean jartzeko aukera, neure odolaren ordainetan bada ere! Aristomenes, nire zorte txarraren erruz, hiri ondorio iraintsuak ekarri dizkik oso bestelako asmoz egin behar izan dudanak.

 

        14 Orduan nik, neurebiziko jakin-nahiak bultzatuta eta gertakizunen zergatia argitu nahian, erantzun nion:

        — Zigor madarikatu hori, oinaze tresnarik hilkor eta ankerrena, heure oinazerako gordeta heukana, hautsi eta deseginik, nire eskuetan desagertuko dun, heure larru luma bezain leuna eta esnea bezain zuria ukitzera iritsi baino lehen; baina, gogora ezan zehatz: zer egin dun, bada, hire zorte gaiztoak nire hondamendia ekar dezan hain era absurduan? Zin egiten dinat, hainbeste maite dudan hire biziagatik, inori, ezta heuri ere, ez niokeela sinetsiko, nire zoritxarra ehuntzeko asmoak josten aritu haizela esango balit. Halaber, asmoa zuzena denean, ondorioak ez gaitin errudun egiten, hori adurraren ziurgabetasunaren eta desbideratzearen arabera baitator.

        Eta hitz egiteari utzi nion une berean, musu luze eta grinatsuz jan beharrean hartu nituen neure Fotide maitearen begiak, heze eta dardarati artean, baina ordurako leuntzen eta erdi ixten hasiak irrikaz eta desioz.

 

        15 Era horretan susperturik eta umore ona berriro bereganaturik, esan zidan:

        — Utzidak, mesedez, gela honetako atea kontuz-kontuz ixten, arinkeria sakrilegoren baten erruz nire hitzak hemendik irten ez daitezen, eta horrela egundoko ankerkeria egin ez dezadan.

        Eta hori esanik, sarrailak oro itxi zituen, eta indarrez sartu zuen krisketaren gakoa. Gero, nigana jiratu, eta besoak lepoan jarririk, ahots isil eta ia entzungaitzez, esan zidan:

        — Ikara handia ematen zidak, beldur izugarria, etxe honetako misterio ezkutuak haizeratzeak eta nire etxekoandrearen sekretu gordeak adierazteak. Hiri eta hire heziketari buruzko usterik onenak zauzkat, baina heure jatorri lainargia eta heure izpirituaren jasoa aintzat hartu gabe ere, errito batean baino gehiagotan iniziatu haizelarik, ezagutzen duk isiltasunaren arau sakratua. Beraz, edozer izanda ere hire bihotzeko santutegi errukitsuari esango diodana, gorde ezak, otoi, beti gordeleku seguru horretan isilean, eta ordain ezak nire agerbideen oparotasuna heure isiltasun erabatekoaz. Zenbait sekreturen jabe bakarra nauk munduan, baina higana lotzen nauen amodioak bultzatzen naik hiri ezagutaraztera. Berehala jakin behar duk zer nolako etxea den gure hau: etxekoandrearen sekretu liluragarriak ezagutuko dituk; horiei esker maneek obeditzen ziotek, izarren ibilgua desbideratzen dik, jainko indarrak menperatu, eta elementuak bere esklabo bihurtzen. Hala ere, ez dik inoiz bere artearen indarra gusturago erabiltzen, itxura ederreko gazteren baten kapritxoa sartzen zaionean baino, eta maiz gertatzen zaion gauza duk hori.

 

        16 «Orain amodioz hiltzeko zorian zagok Beoziako gazte eder bat dela-eta, eta suharki erabiltzen ari duk bere artearen aukera guztiak, bere trebetasun guztiak. Atzo arratsaldean entzun nioan, neure belarri hauekintxe entzun ere, benetan esaten diat: eguzkia mantsoegi jaisten ari omen zuan zeruan eta, gauari leku egiten ez zionez bere artearen liluramenduei ahalik eta azkarren ekiteko, eguzkiari berari galaraz egiten zioan, hodei ilunetako betiko ilunpean desagerraraziko zuela. Atzo, bainu publikoetatik itzulian zetorrela, gazte hori ikusi zian kasualitatez, bizartegi batean eserita, eta haren ile sortak, labanak moztu eta lurrera eroritakoak, ezkutuan jasotzeko agindu zidaan. Jasotzen ari ninduan, bada, gordean eta arreta osoz, bizargileak harrapatu ninduenean. Eta hirian hain ospe txarra daukagunez, sorgin-kaltean aritzen omen garela-eta, heldu, eta gogor egin zidaan errieta:

        »— Ematxar gaiztoa! Noiz utzi behar dion gazte argien adatsak lapurtzeari? Ekintza horiek alde batera uzten ez baditun, magistratuengana eramango haut gupidarik gabe.

        »Eta hitza eta ekintza bateratu, eta eskua bular artean sartu zidaan, eta ondo arakatu, eta gorderik neuzkan ileak hor atera zizkidak, haserrez gainezka. Gertatutakoaz hunkiturik, eta nire etxekoandrearen barru zitala gogoan —horrelako porroten aurrean zeharo haserretzen baita, eta era basatienean zigortzen bainau—, pentsatzen ari ninduan nola ihes egin, baina, higan pentsaturik, berehala utzi nian alde batera asmo hori.

 

        17 »Eta, handik banindoala, esku hutsik itzultzeko beldurraren beldurrez, gizon bat ikusi nian guraize ttiki batzuekin ilea mozten ahuntz-larruzko zenbait zahagiri. Estu-estu loturik, puztuta eta zintzilik zitian, eta nik ile sorta ttiki bat —horia, Beoziako gaztearenaren oso antzekoa— hartu nian, lurrean barreiatuta zeudenetatik, eta, egia estaliz, etxekoandreari eman zioat. Ilunabarrean, hi afaritik itzuli baino lehen, Panfila gurea, bere onetik aterata, etxe atzean eta lau haizetara irekirik dagoen oholezko estalpe batera igo zuan. Begiak ekialde osoa hartzen dik handik, eta alde guztietara hedatzen duk. Leku hori duk harentzat egokiena bere arte magikoa burutzeko, eta gure etxekoandrea maiz joaten duk hara. Hasteko, beharrezko prestakuntzak egiten ditik bere txerren-zuloan, zeina beterik baitauka era guztietako droga usaintsuz, idazkera ulertezinekin estalitako xaflez, eta ontzi galduen hondakinez. Hantxe zaukak hilotz zati mordoa ere ageri-agerian, nahiz haien hileta-doluak eginda egon eta batzuk aspaldi lurperatuta dauden; hemen, sudur eta hatzak; han, haragi pusketak iltzeetatik zintzilik; bazter batean, zintzurra ebaki dieten gizonei bildutako odola, eta basapiztiei hortzetatik erauzitako buru-hezur kraskatuak ere bai.

 

        18 »Gero azti-hitzak esan zitian artean taupadatsu zeuden erraien gainean, eta, adur ona erakarri nahirik, zenbait likido isuri zian opari gisa: iturriko ura, behi esnea, ezti makatza eta ezti-ura. Gero, txirikordatu eta korapilatu egin zitian behin eta berriz ileak, eta, usain gozozko lurrin asko erantsirik, ikatz txingarren gainean jarri zitian, suak desegin zitzan. Berehala, aztikeriaren indar geldiezinak eta menderatutako jainkoen indar ezkutuak hartaraturik, ketan eta txinpartaka zeuden ile haiei zegozkien gorputzek giza arima hartu zitean, eta sentimena bereganatu, entzunez eta ibiliz; hondakin erreen usainak erakarririk, etxeraino etorri eta, Beoziako gaztearen ordez, haiek hasi zituan ate joka, sartu nahian. Orduantxe iritsi hintzen heu, mozkor-mozkor eginda, eta, gauaren ilunean nahasturik, heure aiztoa atera huen adoretsu, Ayax erotuaren antzera. Ez hituen, ordea, hark bezala, abere talde osoak desegin animalia biziei eraso eginez; aitzitik, hura baino adoretsuago, hiru ahuntz-larruzko zahagiri puztuta zeramaten bizi arnasa kendu hien ausardia osoz. Horrela, heure etsaiak odol-tanta bat ere isuri gabe garaitu hituenez, besarkatu egingo haut oraintxe bertan, ez hiltzaile gisa, zahagi zulatzailea haizelako baizik».

 

        19 Fotideren kontakizun irrigarriak barre eginarazi zidan eta, neu ere txantxetan, esan nion:

        — Beraz, neuk ere Herkulesen hamabi lanetakoren batekin aldera zezakenat neure adorez eskuratu dudan garaipen hori: eta hiru zahagi deseginak, berriz, Gerionen gorputz hirukoitzarenaren pare edo Zerbero zakurraren hiru buruenaren maila berean jarri. Bihotzez eta oztoporik gabe barkatzea nahi badun, ordea, halako estualdietara eraman ninduen hire errua, emadan arima osoz eskatzen dinadan gauza bat. Utzidan heure etxekoandrea ikusten horrelako zientzia liluragarrizko zerbait egitera doanean. Ikusi nahi dinat, jainkoei deika ari delarik, edo, gutxienez, antzaldatzen denean; ezen, gogo bizia zaukanat magia neure begi hauekin ezagutzeko. Eta hi heu ere ez hatzait iruditzen batere berria eta eskarmentu gabea horrelako gauzatan. Bazakinat; ondo jabetzen naun horretaz; ezen nik beti gaitzetsi izan ditinat emakumeen faboreak, eta, hala ere, hik heure esklabo egin naun, neure gogoz morroi egin natzain, hire begi txinpartatsu horien, hire masaila gorrizten, hire adats distiratsuen, hire musu beroen eraginez eta hire bular usaintsuengatik. Orain ez naun neure etxeaz gogoratzen, ezta hara itzultzeaz ere, eta ez zagon niretzat deus garrantzitsuagorik gu bion gau hauxe baino.

 

        20 — Guztiz atsegin nikek, Luzio, gogoko duan hori ematea —erantzun zidan hark—; baina, gure etxekoandrea fidagaitza izateaz gainera, beti bere ezkutalekuko bakardadean eta inongo lekukorik gabe egiten ditik horrelako saio sekretuak. Hire nahia, hala ere, neure arriskuaren aurretik ezarriko diat, eta une aproposa iritsia dela ikustean, heure desio hori betetzen ahaleginduko natzaik, baldintza batekin: hasieran esan bezala, isiltasun osoa gorde behar duk hain gauza larriari buruz.

        Horrela ari ginela, elkarrenganako grinak gure izpirituak eta zain-muinak piztu zituen. Kendu genituen, bada, geure soineko guztiak, eta Venusen gozamenari ekin genion. Azkenean, lozorroak lanbrotu zituen gure begiak, esna irauteagatik pattalduak, eta loak ez gintuen eguna ondo aurreratu arte utzi.

 

        21 Gau gutxi batzuk era horretan iragan, eta, egun batez, Fotide korrika etorri zitzaidan, larri eta ikara, eta adierazi zidan etxekoandrea, ordu arteko bitartekoekin deus ere aurreratzen ez zuenez bere amodio lanetan, biharamun gauez txori bihurtzekotan zela, eta horrela joango zela hegan bere grinen piztaileaganantz; beraz, tentuz prestatu behar nuela neure burua hain gertakizun harrigarria ikusteko. Gaueko lehen beila aldera, hanka-puntetan eta inolako hotsik atera gabe, Fotidek azken solairuko gelara eraman, eta ate zirrikitutik begiratzeko esan zidan. Hona zer gertatu zen. Aurrena, Panfilak arropa guztiak erantzi zituen, eta, kutxatila bat ateraz, pote ttiki batzuk hartu zituen bertatik. Gero, haietako bati estalkia kendu, ukendu bat atera, harekin eskuak luzaro igurtzi, eta gorputz osoan zabaldu zuen, oinetako azkazaletatik hasi eta adats-puntetaraino. Gero, kriseiluarekin luze eta isilka hizketan aritu, eta bere soin-atalak astindu zituen dardarka. Haiek kulunkatzen hasi bezain laster, lumaxkak sortu zitzaizkion lehendabizi, hegaxkak segidan, sudurra gogortu eta okertu gero, azkazalak luzatu eta gakotu azkenik. Panfila hontz bihurtu zen. Orduan, garrasi errukarri bat egin eta indarrak probatuz, lurretik aireratzen hasi zen gero eta jauzi handiagoz, eta, berehala, gorantz hegaldatu zen, kanpora irten eta hegada bizian urrundu.

 

        22 Panfila itxuraldatua zen bere trikimailu magikoez, nahiaren arabera; niri, ordea, sorginkeriazko hitzen premiarik gabe ere, Luzio ez beste zernahi nintzela iruditzen zitzaidan, nire begien aurrean gertatu berriak eragindako izu ikaragarriaren menpe bainengoen. Halako punturaino nengoen ametsetan esna eta neure onetik aterata, non, denbora luzez begiak igurtzi, eta hura ez zela ametsa baieztatzen saiatzen bainintzen. Azkenean, neure onera itzulirik, Fotideren eskua hartu nuen, eta, nire begietara hurbildurik, esan nion:

        — Utzidan, otoi, abagunea dugun bitartean, heure niganako amodioaren fruitu paregabea dastatzen. Emadan potetxo horretako ukendu pittin bat; hiretzat diren neure begi hauengatik eskatzen dinat, ene eztiño hori. Esteka ezan mirabe hau betirako heure menpe, eta egion inoiz ordaintzerik izango ez duen mesedea, horrela beti hire ondoan izango bainaiz, ene Venus maitea, Kupido hegadunaren antzera.

        — Benetan? —erantzun zidan—. Zer sarrarazi nahi didak galai maltzur horrek buruan? Nik neuk aizkora jaurti dezadala neure hanken kontra? Armarik gabe hago, eta nahikoa buruhausterekin gorde haut Tesaliako otseme horiengandik; hegazti bihurtzen bahaiz, nola bilatuko haut eta nola berriro ikusiko?

 

        23 — Zeruetako jainkoek libra nazatela horrelako krimena egitetik! —erantzun nion—. Arranoen hegadaz aireratuko banintz ere, eta zeru alde osoan zehar hegan ibili Jupiterren esaneko edo haren izpiaren eramaile harro, berriro ere behera egingo niken segituan, neure habiatxo maitera, neure hegatsen dotoretasuna dastatu eta gero. Zin egiten dinat nire arima txirikordatu duen hire ileetako motots horrengatik, ez dudala inongo emakumerik maite ene Fotide baino. Bestalde, bururatzen zaidan, ezen etxe orotatik urrun ibili beharko dudala ukendu horrekin txori baten itxura hartu eta gero. A zer nolako maitale eder eta atsegina izango litzatekeen hontz bat, emakumeak zoriontsu egiteko! Eta zer esan, alabaina, gautxori horiek etxeren batean sartzen direnean gertatzen denaz? Ahalegin osoz ehizatzen ditizten eta beren ateetan iltzatzen, horien hegaldiak adur txarrekoak baitira familia horrentzat, eta txoriaren oinazearekin uxatu nahi baitituzte horren hegaldiak adierazten dituen kalteak. Eta, hona hemen galdetzea ahazturik neukana: zer egin edo esan behar dut lumaje hori kentzeko, eta berriro Luzio izatera itzul nadin?

        — Horretaz lasai egon hinteke —esan zidan—. Nire etxekoandreak erakutsi zizkidak, horrelako metamorfosiak izan dituztenek berriro giza itxura hartzeko behar dituzten erremedioak. Eta ez pentsa niganako maitasunez egin duenik hori, itzultzean behar duen erremedioa eman diezaiodan baizik. Begiraiok zein belar ttiki eta arruntekin lortzen den hain eragin harrigarria: iturriko urean mihilu pittin bat sartu erramu hostoekin, eta horrek garbigarri eta edabe gisa balio dik.

 

        24 Ni neure zinezko agindua esan eta esan ari nintzaiolarik, neska gelan sartu zen oso urduri, eta potetxo bat atera zuen kutxatilatik. Potetxoa hartu, musu eman, hegaldi zoriontsua eman ziezadala eskatu, eta nire jantzi guztiak urrun jaurti nituen nigandik; nire eskua lehiatsu sartu, ukendu mordo bat atera, eta gorputzaren atal guztiak igurtzi nituen. Txori bat bezala hasi nintzen jokatzen, besoak, orain bat orain bestea, mugitzen ahaleginduz, baina han ez zen agertzen ez hegaxka ez lumaxkaren inolako arrastorik. Aitzitik, nire ileak loditzen hasi ziren, ile-sorta bihurtu arte; nire azal-mintz leuna gogortzen hasi zen, larru bihurtu arte; nire eskuen muturrean hatzek bereizketa galdu zuten, harik eta oin-azkazal bakarra osatu zuten arte; eta nire bizkarrezurraren behealdetik isats luzea ageri zen. Gainera, aurpegia handitu zitzaidan, ahoa luzatu, sudurra zabaldu, eta ezpaina zintzilikatu; belarriak, beren aldetik, neurriz gora haziak neuzkan, eta ilez estaliak. Eta nire zoritxarreko aldakuntza hartako kontsolamendu bakarra: Fotide beso artean ezin hartu banuen ere, ederki haziak neuzkan behintzat neure dohain naturalak.

 

        25 Neure gorputzari begiratu, eta ikusi nuenean hegazti ordez asto bihurtu nintzela, Fotideren jokabidea madarikatu nuen; baina, keinurik ezin egin eta giza ahotsik ere ez neukanez, besterik ezean, zeharka begiratzera beharturik, ezpainak zintzilik eta begiak heze, gaitzespen isilak adierazten nizkion. Neska, egoera hartan ikusi ninduenean, eskuez aurpegiari kolpeka hasi zen haserre betean, eta oihu egin zuen:

        — Hila nauk, madarikatu hau: urduritasunak eta presak gauzak oker eginarazi zizkidatek eta, poteak antzekoak izanik, nahastu egin ditiat. Gaitz erdi, ordea, erremedio erraza baitu metamorfosi horrek: aski duk arrosa batzuk marruskatzea, asto izateari utzi, eta ene Luzio izatera itzultzeko. Tamala atzo arratsaldean, besteetan bezala, guretzat koroa batzuk egin ez izana; gau bat ere ez huke itxaron beharko. Hala ere, argitu bezain azkar, erremedioa emango zaik laster-laster.

 

        26 Kontsolaezinik ari zen aieneka; nik, ordea, giza adimenaren jabe nirauen, Luzio izan ordez asto eta zama-abere burutik hanketaraino izanik ere. Hausnartzen jarri nintzen, bada, sakon eta luze, ea, ostikoka eta horzka ekin, eta emakume nazkagarri hura jo, eta akabatuko ote nuen. Burutazio zuhurrago batek, ordea, atzendu ninduen asmo arriskutsu horretatik; Fotide heriotzaz zigortuz gero, suntsitu egingo nuen neure salbamenaren erremedioa ere. Beraz, burumakur eta burua astintzen nuen bitartean, une hartako neure lotsaz hausnartzen nuen, eta zoritxar gogor hartara jarririk, hor noa neure zaldi leialaren ondora, kortara, eta han beste asto bat ere ikusi nuen: Milonena, garai batean niri ostatu eman zidanarena. Mintzatzen ez diren animalien artean elkartasunezko lokarririk-edo egongo ote zen nerabilen neure kabutan; neure zaldiak ezagutu egingo ninduela eta nitaz errukituko zela, eta, sentipen horiek eraginda, adeikortasunezko ongietorri guztiak egingo zizkidala. Jupiter ostatzailearen eta Fede Onaren santutegi sekretu guztien izenean! Nire zaldi leialak eta astoak, buruak elkarturik, nire hondamena jorratzeko elkar hartu ez zuten, bada! Belarriak makur eta haserrez beterik, ostikoka etorri zitzaizkidan atzetik, beren pentsuaren beldur, jakina, askara hurbiltzen ari nintzela ikusi bezain azkar. Eta, halatan, urruti eduki ninduten garagarretik, aurreko arratsaldean neure eskuekin esker oneko zerbitzari hari eraman nion hartatik.

 

        27 Era horretan joa eta bakardadera baztertua, kortako zoko batean nengoen erretiraturik. Bada, nire kide horien lotsagabekeriaz, eta biharamunean arrosen laguntzaz Luzio bihurtzean zaldi gaiztoari ezarri behar nion zigorraz pentsatzen ari nintzelarik, hor ikusi nuen, kortako habeei eusten zien zutabe zentralaren erdialdera edo, Epona jainkosaren irudi bat, horma-apal batean ezarria eta artean heze zeuden arrosa koroez apaindua. Erremedio salbagarri hori ezagutzean, esperantza distira nabaritu nuen sortzen neure baitan. Indartsu zutitu, aurreko hankak oinarri hartu ahal zuteneraino luzatu, eta lepoa goratuz eta ezpainak asko-asko ateraz, koroak harrapatzen salatu nintzen ahal nuen indar guztiaz. Saiatzen ari nintzela, ordea, fire zoritxarrak nahi izan zuen zaldiaren ardura zeukan nire morroitxoak ni hartan ikustea; haserrez beterik zutitu, eta:

        — Noiz arte —esan zuen— jasan behar ote dugu astotzar madarikatu hori? Lehentxeago beste abereen janariarekin hasi duk; orain, berriz, ausartu egin duk jainkoen irudiei erasotzera ere. Sakrilegiogile hori herren eta iren utzi behar dudala uste diat.

        Eta berehala arma baten bila hasita, haren begiek makila sorta bat ikusi zuten, kasualitatez hantxe zegoena. Besteak baino lodiagoa zen makila begitsu bat aukeraturik, fire saihetsezur gaixoei jo eta jo aritu zen, harik eta atean zalaparta-hotsak aditu, eta, sekulako iskanbila baten erdian, atarian lapurrei! oihuka ari zirela entzutean, ihes egin zuen arte, izuturik.

 

        28 Segituan etxeko atea zabaldu zen gogor, eta, handik eta hemendik, lapur-taldea sartu. Gizon armatu saldo batek, berriz, eraikuntzaren alde bakoitza inguratu zuen, eta gainerako lapur-taldeak sakabanatu egin ziren, erasotuei laguntzera arin zetozen indar ugariei aurre egiteko. Guztiak ezpataz eta zuziz armaturik, gaua argitu zuten; suek eta aizto-ahoek eguzki jaioberriaren antzera egiten zuten distira. Gela bat zegoen etxearen erdian, ate gogorrez eta sarraila gotorrez itxirik, biltegitzarako; hantxe zeuden pilatuta Milonen altxorrak. Gaizkileek eraso egin zieten ateei aizkora handiez eta zuloa ireki zuten. Ateak zabal-zabal, balioko gauza guztiak zeramatzaten, eta, zakuak azkar-azkar lotu, eta elkarren artean banatzen zituzten. Zama handiegia zen, baina, eramaile kopuruarentzat. Azkenean, ondasun gehiegiak beharturik, kortatik atera gintuzten, bi astook eta nire zaldia, eta ahalik eta gehien zamatu gaituzte fardel pisutsuenekin. Haien makilen mehatxupean, hutsik utzitako etxetik atera eta kide bat begirale utzi zuten, gaiztakeria haren ikerketei buruz jakinaren gainean eduki zitzan; gero, korrika batean, hor garamatzate makilaka gorrian mendietako bidezidor ibiltezinetan barna.

 

        29 Horrela, bada, hain zama handiaren pisupean itobeharrez, mendi tontorrerainoko igoera neketsuan eta ibilaldi amaigabe hartan, ez neukan hildako batekin alde handirik. Bat-batean, berandu samar bezain benetan, hiritar orok duen eskubideaz baliatu, eta, enperadorearen izen gorena esanez, halako ezbeharretatik libratzea bururatu zitzaidan. Egun betea zen eta biztanle ugaridun herrixka bat ari ginen zeharkatzen, azoka eguna izateagatik jendez gainezka zegoena. Greziarrik baizen ez zen jendetzaren erdi-erdian, erromatarren jatorrizko hizkuntzan saiatu nintzen esaten Zesarren izen agurgarria. Eta ez nintzen O bat esatera besterik iritsi; O argitsu eta indartsua, hori bai; baina ezin esan gainerakoa, Zesarren izena. Gaizkileei ez gustatu, antza nire arrantza entzun gaiztoa, eta, handik eta hemendik nire larru dohakabea makilatuz, bahetzeko ere balio ez zuela utzi zuten. Azkenean, hala ere, ustekabeko salbamena eskaini zidan Jupiter handiak. Landetxe eta saroe txiki ugariren paretik gindoazen eta, bat-batean, lorategi bat ikusi nuen, non beste landare apaingarrien artean arrosa birjintsu batzuk ihintzetan loratzen ari baitziren. Gozo hurbildu nintzen haietara, gogoz eta salbatzeko itxaropenez beterik, baina, ahoa urturik, ezpainekin ia harrapatuta neuzkala, burutazio seguruagoa etorri zitzaidan. Beldur izan nintzen, asto itxura galdurik, berriz Luzio bihurtuz gero, ez ote nuen heriotza aurkituko gaizkileen eskuetan, nahiz aztikeriak egitearen susmagarri izateagatik, nahiz edozein unetan salatuko nituen beldurrez. Ez nituen, bada, arrosak ukitu eta, zoritxarrarekin etsita, astoa izaten jarraitzen nuenez, neure belar ondua marruskatzen hasi nintzen.

 

 

 

© Luzio Apuleio

© itzulpenarena: Anjel Lertxundi, Juan Kruz Igerabide

 

 

"Luzio Apuleio / Urrezko astoa" orrialde nagusia