II. LIBURUA

 

        1 Gaua ezabatu, eta eguzki berriak eguna ekarri bezain laster, lotatik esnatu nintzen eta ohantzetik jaiki, gauza arraro eta harrigarriak ezagutzeko irrika gehiegiaren eta jakin-min neurrigabearen menpe; eta Tesaliaren erdi-erdian nengoela pentsaturik (jende guztiak aho batez aitortzen dio herrialde horri aztikeriaren eta liluramenduaren sehaska-izaera), eta nire bidelagun on izandako Aristomenesen istorio harrigarria hiri horretan hasia zenez, bada, inguruko gauza guztiak eta bakoitza begiratzen nituen arretaz, neure gurari eta ezinegonak astindua. Han, nik begiratzean, ez zen deus gertatu benetan zen bezala iruditu zitzaidanik, gauza haiek guztiak beste itxura bat hartua zutela baitzirudien, deabruzko liluramenduren baten poderioz; eta horrela, parean topatzen nituen harriak gizaki harri bihurtuak iruditzen zitzaizkidan, eta kantuan entzuten nituen txoriak, berriz, lumaz estalitako gizakiak, eta horrelakoxeak zirela uste nuen hiriaren inguruan zeuden hostoz beteriko zuhaitzak ere; eta iturrietako isuriak ere giza gorputzetatik zetozela zirudien; era berean, une batetik bestera estatuak eta irudiak oinez hasiko zirela iruditzen zitzaidan, eta hormak hizketan, eta idi eta horrelako abereak etorkizuna iragartzen, eta zerutik beretik eta eguzkiaren eraztun argitsutik ere bat-batean iragarpenen bat etorri behar zuela zirudien.

 

        2 Nahigabetzen ninduen grina hura zela-eta sor eta lor, edo, hobeto esanda, liluraturik hiri guztian zehar nenbilen, nahiz ez aurkitu hain larri bila nenbilenaren aztarrenik zein seinalerik. Inolako eginbeharrik ez duenaren antzera guztia arretaz zeharkatzen ari nintzela, bat-batean, nola ez nekiela, hornidura-azokan aurkitu nintzen, eta une hartan emakume bat zihoan handixe, zerbitzari talde handia atzetik zuela; pausoa arindurik, haren parean jarri nintzen; harribitxietan eta tuniketan —hemen harilkaturik, hor bordaturik— zeraman urreak garbi adierazten zuen goi-mailako anderea zela hura. Agure adintsu bat zihoan haren ondo-ondotik, eta hark, ni ikusi bezain azkar, esan zuen oihuka:

        — Ala Herkules! Luzio duk-eta!

        Eta hara non besarkatu ninduen, eta segituan hitz batzuk —nik erabat entzun ez nituenak— xuxurlatu zizkion emakumeari belarrira.

        — Ez al duk hurbildu behar heure sendikoak agurtzera? —esan zidan hurrena.

        — Beldur naiz —erantzun nion— emakume hori ezezagun egiten ote zaidan —eta, aztoraturik, gorri-gorri, burumakur geratu nintzen.

        Emakumeak, ordea, nigana begira jarririk, esan zuen oihuka:

        — Horra hor bere ama Salvia bertutetsuaren apaltasun zintzo berbera; gainera, harritzeraino ditu antzekoak gorputzaren traza guztiak ere: luzera handia eta neurritsua, arintasun liraina, kolore gorrixka, adats hori nabarmen gabea, begi urdinkarak baina aldi berean bizi eta dirdaitsuak, arranoarenak bezalakoak, aho bizi eta distiratsua, ibilera itxurosoa eta askatua.

 

        3 —Ni neu izan nauk, Luzio —jarraitu zuen— neure esku hauekin hazi hauena; nola ez, bada. Heure amarekin bat ninduan, odol uztarduraz eta, batez ere, jan beretik hazi ginelako. Biok gaituk Plutarkoren familiakoak, biok edoski diagu inude beraren esnea, biok hazi gintuan ahaide, elkar-elkarrekin. Bakoitzaren bizimaila duk bereizten gaituen gauza bakarra, hura pertsonaia ospetsuarekin ezkondu baitzen, eta ni pertsona arrunt batekin. Byrrhena nauk; agian oroituko duk nire izena, maiz erabiliko zitean-eta hazi hautenen artean. Onar ezak, bada, lasaitasun osoz, nire ostatu-eskaintza; hobeto esanda, hator gaurdanik heure etxe ere baden horretara.

        Emakumea hizketan ari zen bitartean nire aztoramendua desagertu egin zen, eta honela erantzun nien haren hitzei:

        — Ezin utz nezake Milon, nire ostatu-emailea, inolako aitzakiarik gabe, izeba; baina zure eskaintzari ohore egiten saiatuko naiz, ahal dudan neurrian, kortesia galdu gabe. Hiri honetara bidaiaren bat egin behar dudan bakoitzean, ez naiz zure etxean ostatu hartu gabe geratuko.

        Hitz horiek eta antzekoak elkarri esaten genizkiola, pauso gutxi batzuk eman eta gero, Birrhenaren egoitzara iritsi ginen.

 

        4 Atari dotore-dotoreak zutabe bana zeukan lau kantoietako bakoitzean: jainkosa palma-emailearen estatuen oinarri, zabalik zeuzkan hegoak, mugitzeke, eta haren oin-zola gorrixkek ez zuten ia ukitu besterik egiten esfera birakorraren oinarri sendotasunik gabea: hegaldatzeko une-unean zegoela zirudien. Eta atariaren erdian, hura simetrikoki zatitzen zuela, Paroko harri-zurian landutako Dianaren estatua bat zegoen. Perfekzio eta edertasun bitxiko lana zen; jainkosak, jantziak haizetara zabaldurik, bazirudien bisitariengana zihoala korrika arinean, eta, haren irudiari zerion maiestateagatik, agurgarria egiten zen; ezker-eskuin, horra hor bi zakur alboetan, horrek ere harri-zurizkoak; begiak mehatxukor, belarriak tente, sudur-zuloak zabalik, ahoak amorruz; inguruetatik zaunkaren baten oihartzuna iritsiz gero, haien harrizko aho-zuloetatik irtena iduriko luke; eta eskultore harrigarriak bere trebetasun artistikoaren froga ederra eman zuen, gainera, ezen, zakurrek, bularra tente, eserian baitauzkate atzeko hankak, eta aurrekoak, berriz, korrika egiteko itxuran. Jainkosaren atzean haitz bat dago, leize moduan zulatua; harrian zizelkatua, han bertan ernetzen da zein goroldio, zein belar, zein hosto, zein enbor malgu; aihenak alde batzuetan, sastrakak besteetan. Leizearen barnean, harri-zuriaren distirak argitzen du estatuaren itzala. Fruitak eta mahats sortak daude haitzaren gainaldetik zintzilik, eta hain maisuki landuak, ezen artea, izadiaren irudi, errealitatearekin bat baitator erabat. Zera esan daiteke: batzu-batzuk hartzeko moduan izango diratekeela jateko, udazkenak, mahats biltze garai horrek, bere arnasarekin gorrizkatu eta umotutakoan. Eta inor iturriari begira jarriz gero, ur dardaratia jainkosaren oinetan isuriz murmurio arin batean zabaltzen baita, usteko luke, beste gauza benetakoen artean, soroan bezala zintzilik dauden mahats sorta haiei ez zaiela mugimendurik ere falta. Ia orein itxurako basa-abere bihurturiko Akteonen harrizko irudia ikusten da haitzean zein iturrian islaturik, hosto artetik jainkosa dagoen aldera ikusminez begira, bainatzera doan Dianari zelatan.

 

        5 Halako edertasunek erakarrita eta ñabardura guztiak atseginez begiratzen nituelarik, hor esan dit Birrhenak:

        — Heurea duk ikusten ari haizen guztia —eta, aldi berean, joateko agindu zien guztiei, eta utz gintzatela bakarka mintzatzen.

        Denak irten zirenean, esan zuen:

        — Oi, Luzio maite-maite hori; jainkosa horren izenean, larri nauk hitaz, eta hire segurtasuna zaindu nahi diat, nire seme propioarena balitz bezala; habil arretaz, bai, heure ahalmen guztiaz, Panfilaren arte gaizto eta erakarkeria hilgarriekin, zeina hiri ostatu eman diala dioan Milon horren emaztea baita. Lehen mailako sorgintzat eta hilobietako sorginkeria orotako maistratzat zaukatek, eta gai duk, makilatxo batzuen gainera edo harri-koskor edo horrelako gauza ezerez batzuen gainera putz hutsa egin, eta izarren munduko argi guztia Tartaroaren amildegirik sakonenean eta aspaldiko Kaosean murgilarazteko. Gazte lerden eta eder bat ikusi orduko, haren edertasunekin itsutzen duk, eta ez ziok begirik kentzen. Laztan ugari egiten ziok, haren gogoaz jabetzen duk, eta beregana lotzen dik betiko, amodio asegaitzaren lokarriez. Jaramonik egiten ez diotenak, edo, asperturik, jadanik maite ez dituenak, berriz, berehala bihurtzen ditik harri, edo ahari nahiz beste animaliaren bat; beste batzuk suntsitu egiten ditik, gehiagorik gabe. Hiri herorri ere horrelakoren bat gertatuko ote zaian beldur nauk, eta adi-adi ibili behar duala uste diat; emakume hori lizunkeriaren sutan zabilek etengabe, eta hi, heure adinagatik, eta itxura ederragatik, hari zirrara sortzen diotenen giza kastakoa haiz.

        Horrela mintzatu zitzaidan Birrhena, kezkaz gainezka.

 

        6 Nik, ordea, aztien zientzia irrikatuaren izena entzun bezain azkar, uko egin nion Panfilagandik gordetzeari, halakoa baituen nire jakin-mina; aitzitik, irrika bizian nengoen halako esperientzia bati buru-belarri ekiteko eta bat-bateko jauziz amildegian behera jotzeko, neure borondatez eta edozein preziotan. Beraz, ezinegonez gainezka eta nire gogoa eldarnioaren menpe, haren eskua askatu nuen, katetik bezala, eta, presaka salve! esan eta gero, niri ostatu eman zidan Milonen etxera joan nintzen aire batean. Ero baten moduan pausoa azkartuz nindoala, neure artean nioen: «Kontuz, Luzio: argi begi horiek, ez gal heure buruaren oreka; oraintxe daukak eskuetan hainbeste bider amesturiko abagunea, eta laster aseko duk heure bihotza kontakizun harrigarriez, heure aspaldiko gurariaren haritik. Bidali urrun, bada, heure ume-beldur horiek, eta egiok aurre, adorez eta buruz buru, errealitateari; saihestu egin behar duk, jakina, ostatu eskaintzen dian emakumearekin edozein harreman amodiozko, eta zinez errespetatu Milon onaren ezkon ohea; gogo betez eta zalantza izpirik gabe saia haiteke, ordea, Fotide neskamearekin. Polita duk, atsegina, izaera jostakorrekoa eta bihurria. Atzo arratsaldean bertan, logaleak jota hengoela, heure logelarako bidea erakutsi zian atseginez, ohean gozo-gozo etzan hinduen, eta nahikoa samur jarri zian estalkia; gero, bekokian musu eman, eta haren aurpegian garbi islatu zuan zein gogoz kontra alde egin zuen hire albotik; azkenik, behin eta berriz jiratu zuan hiri begiratzera. Beraz, gauzak bere arriskuak izanik ere, saia gaitezen Fotiderekin, eta abentura joan bedi ongi, zorionean eta fortunaz».

 

        7 Horrelako burutazioak kabutan, Milonen atera iritsi nintzen eta, esan ohi den bezala, «azeria mingainean, hura bera oilategian», etxean ez baitzegoen ez Milonik ez haren emazterik; ene Fotide maitea zegoen bakarrik. Haragi xehe eta talotuaren platera ari zen prestatzen bere ugazabentzat, eta okela-xerrak saltsan atontzen, eta baita idiki zezinatua ere, oso gozoa nonbait, nire sudurretara zetorren usaintxoaren arabera. Dotoreziaz jantzita zihoan, lihozko soinekoz, eta gerriko estu gorri bizi batek bularra estutzen zion goi samarretik. Bere arrosazko eskuez jira-jiraka eragiten zion janari-ontziari eta, mugimendu biribil bakoitzarekin bere soin-atalak arin astindurik, eta denak batera emeki mugitzen zituela, gerriaren joan-etorriak bizkarra ere dantzarazi egiten zion, higidura atseginkorrak sortaraziz. Halako ikuskizunaren aurrean harriturik, begira jarri nintzaion, grina sutsuaren menpe. Azkenean, esan nion:

        — Zer nolako dotoreziaz eta ganoraz mugitzen dunan lapiko hori, Fotide maitea! Bai okela-saltsa zoragarria ari haizena prestatzen! Zorionekoa eta dohatsua, benetan, hatza bustitzen uzten dionan hura!

        Orduan, neska polit eta pinpirinak erantzun zidan:

        — Hoa atzera, gizagaixo hori, hago ahalik urrunen nire laratzetik, ezen nire sugarrik ttikienak hire pittinik xemendreena ere ukitu orduko, hezur mamiraino erreko haiz, eta ez duk inor hire erresumina itzaltzeko gai izango, neu izan ezik, hain okela-saltsa gozoak prestatzen ditudan, eta hain airoso lapikoa nola ohea hain airoso astintzen ditudan hau.

 

        8 Hori esatean, burua jiratu zuen niri begira jartzeko, eta barrez hasi zen. Ni, haren hitzak eta guzti, ez nintzen urrundu, harik eta haren gorputzeko ñabardura guztien azterketa arretatsua amaitu arte. Eta zertan hitz egin gainerakoaz, nik beti burua eta adatsa besterik ez baititut izan gogoko? Horixe izan zen kalean begiratu nion lehendabiziko gauza, eta, behin etxe barruan, horrek bakarrik erakartzen ninduen. Eta arrazoi sendo eta benazkoak ditut lehentasun hori adierazteko: lehenik, gorputzaren estali gabeko zati garrantzitsu horrek erakartzen ditu aurrena gure begiradak; bigarren, beste soin-atalak edertuak izan daitezke soineko dotore baten kolore alaiez; buruan, ordea, berezko distirak sortzen du eragin hori bera; azkenik, emakume askok, beren gorputz-xarmaren erakartasuna beren buruari erakusteko orduan, jantzi guztiak kendu, ezkutuenak ere barne, eta beren edertasuna biluzik erakutsi nahi izaten dute, arrosazko larruaren freskotasunarekin atseginagoak izango direlakoan, jantzien kolore urreztatuarekin baino. Alabaina, eman dezagun (esan ere ez litzateke egin behar baina; ez dadila inoiz gerta horrelako adibiderik!) emakume eder eta zoragarrienaren buruari ilea erortzen zaiola, horrela aurpegia berezko apaingarririk gabe utzirik; emakume horrek, zerutik etorria izanda ere, itsasotik sortua eta olatuen kutsuarekin hazia izanda ere, Venus bera balitz ere, Dohainen koru osoa eta Kupidoren talde osoa aldean balerama ere, bere jainkozko gerrikoan bildutako kanela-usaina dariola eta ukenduzko lurrunez estalirik balihoa ere, burusoil izanez gero, ez lioke atseginik emango ezta bere senar Vulkanori ere.

 

        9 Eta zer esan adatsean kolore ederraren eta distira argiaren errainua ageri denean, dirdai biziez eguzkiaren izpiak islatzen, edo, apalduxeagoak, ispilatzen dituztenean, edo haien edertasun aldagarriak hain ñabardura anitzak hartzen dituenean? Batzuetan haien urrezko kolore distiratsua itzaliz joan ohi da eztiaren horitasun hitseraino; besteetan, aldiz, usoen lepo dirdaitsuen antza hartzen du beleenaren antzeko beltz urdintsuak; hainbatetan, azkenik, Arabiako lurrin-usainetan blaitu, eta orraze samurraren arantza finek berezi eta atzean bildurik, maitalearen begiradari eskaintzen zaio, eta ispiluan bezala islatzen dio atseginena duen irudia. Eta zer esan, txirikorda estuz loturik, buruaren goienean jartzen bada koroi antzean, edo, askatuta eta libre hedaturik, bizkarrean behera erortzen bada ur-jauzi baten antzo? Hitz batez, hain da liluragarria adatsen edertasuna, ezen emakume bat urrez, soineko zoragarriz, harribitxiz eta eme pinpirinen trikimailu oroz apainduta doalarik ere, ez da inoiz dotoretzat hartua izango, adats eder batzuen apainduria falta baldin bazaio.

        Ene Fotideri dagokionez, haren janzkera hala-holakoak, beharbada zabar samarrak, nolabaiteko atsegintasuna eransten zion. Izan ere, ile sarriak, pixka bat atzera bilduak, lepagainera erortzen zitzaizkion, lepoan behera hedatu, eta, gero, biribilketa arinarekin eta haren tunikaren papo aldea ozta-ozta igurtzirik, lotuta zeramatzan erpinean eta korapilo bat egina zeukan buruaren goienean.

 

        10 Ezin nion gehiago eutsi hain grina zorrotzaren oinazeari, eta, pixka bat makurturik, eztia bezain musu gozoa eman nion adatsen sorburuan, ileak buruaren erpineraino abiatzen ziren hartan. Orduan hark, nigana jiraturik, begi-keinu bat egin, eta zeharka begira esan zidan:

        — Aizak, eskola-ume: fruitu gozo eta aldi berean garratza dastatu duk. Habil tentuz, eztiaren gozoarekin batera ez dezaan edan heure ahoan luzaz iraungo duen behazunezko garraztasunik.

        — Zer dion, ene kuttun horrek? —erantzun nion—. Prest nagon, baita musu bakar batengatik ere, berriro biziarazi egingo bainau, su horren gainean etzan, eta neure burua oraintxe bertan erretzen uzteko —eta, hori esanik, gogorrago estutu nuen neure besoen artean, eta musuka hasi nintzaion.

        Nor baino nor beroago, nire amodio grinatsuari ordaina ematen hasi zen azkar asko, eta haren aho erdi irekitik zerion kanela usainezko lurrinak eta nirearen bila zebilen haren mihiaren kilima zorabiagarriak grinaren deiari baietz esatera makurtua zegoela adierazten zidatenez, honela esan nion:

        — Hiltzen ari naun; hobeto esanda, hilik nagon, non eta ez dunan azkeneraino eramaten nire atsegin-gura.

        Orduan, Fotidek, musu gehiago emanez, esan zidan:

        — Fida hadi nitaz; heure mirabe nauk, eta heure grinak neureak ere badituk; gure atsegina ez duk asko atzeratuko; hire gelan izango nauk lehen argiak izeki orduko. Hoa, bada, eta presta hadi, neure aldetik deliberaturik nagok-eta hirekin gau osoan irrikatsu eta gogotik borroka egitera.

 

        11 Hitz haiek eta antzekoak elkarri esaka, banandu egin ginen. Eguerdi-eguerdian Birrhenak txerri gizen-gizena, bost oilo eta bonbilla bat ardo, oso garestia, bidali zizkidan, abegikortasun agiritzat. Orduan Fotideri hots egin nion, eta esan:

        — Hona hemen Bako, Venus suspertu, eta haren armak ekartzera bere kabuz etorria. Hustu dezagun, bada, ardo hori azken tantaraino, gure lotsaren ahalketasuna ito dezan, eta amodiozko grinaren gogo-beroa eta kemena itsats diezazkigun. Venusen ontziak gaua esna igarotzeko ez din ondorengo hornidura hau besterik behar: nahikoa olio kriseiluan eta ardoa mukuru ontzietan.

        Bainuan eta afaltzen igaro genituen egunaren hondarrak, izan ere, Milon onak gonbidaturik, haren mahaitxo ongi hornitura eseri bainintzen. Une bakar batez ere Birrhenaren gaztiguak ahaztu ezinik, haren emaztearen begiradak saihesten ahalegintzen nintzen, eta aurpegia aztertzen nion zeharka, begi larriez, Averno aintzira balitz bezala. Fotideri, ordea, etengabe begiratzen nion, mahaia zerbitzatzen ari baitzitzaigun, eta hura ikustean, kemen berriak etortzen zitzaizkidan. Gautua zen, Panfilak kriseiluari begira bat-batean esan zuenean:

        — A zer zaparrada bota behar duen bihar!

        Senarrak galdetu zionean ea nola zekien hori, kriseiluak iragartzen ziola erantzun zuen besterik gabe. Milonek barre algaraz estali zituen emaztearen hitzak, eta erantsi zuen:

        — Sibila ospetsu bat bailitzan zaintzen diagu kriseilu hori, zeruan gertakizun den oro ikus baitezake, baita eguzkia bera ere, argiontzitik beretik.

 

        12 Hitz horiei nik, apal:

        — Hori ez duk iragartzeko trebeziaren erakuspen ttiki bat besterik. Ez duk batere harrigarria su horrek, apalena izanik ere, giza eskuek sortua izanik ere, gogora ekartzea beste su handiagoaren oroipena, zeruko suarena, sortzea zor dion aitarena; eta, aldi berean, baita jainkozko aurreikusmen batez eterraren goietako asmoak jakitea eta aldez aurretik adieraztea ere. Bai noski: egunotan, Korintora bidean, bazabilek kaldear bat hiri osoa guztiz nahastuta darabilena iragartze harrigarrien bidez, eta etorkizunaren sekretuak adierazten dituena, sos batzuk irabazte aldera. Azti horrek aldez aurretik adierazten dik zein den egunik aproposena ezkontzei oinarri sendoagoa emateko, edo harresietako oinarrien iraunkortasuna segurtatzeko, edo negozioak erosoago burutzeko, edo bidaia-eguna aukeratzeko, edo ontzian itsasoratzeko. Hitz batez: niri neroni ere, bidaia honen etorkizunaz galde egin niolarik, gauza asko, ugari bezain zentzugabeak, iragarri zizkidaan: lehenik, ospe handia hartuko nuela ziurtatu zidaan, eta, bestetik, kontakizun sinesgaitz bezain istorio luze bateko protagonista bihurtuko nintzela: zenbait liburukiz osaturiko literatur lan bateko heroi izango nintzela, alegia.

 

        13 Nire hitzak entzutean, Milonek galde egin zidan, irribarrez:

        — Nolako itxura dauka, eta zer izen du kaldear horrek?

        — Handia duk, larruazal beltzaran samarrekoa, eta Diofanes duk haren izena —erantzun nion.

        — Bera duk, dudarik gabe —esan zidan—. Bai, ezin izan beste inor. Hemen ere, gure artean, anitz jenderi egin zizkioan antzeko iragarpenak, eta, sos batzuk ez baina irabazi ederrak atera eta gero, gizagaixoak ezbeharra izan zian, ezen, okerra bainoago ankerra dei genezakeen halabeharrarekin egin baitzuen estropezu. Horrela izan zuan gauza: egun batez, jendetza ugariaz inguraturik, etorkizuna iragartzen ari zuan bere inguruan bildutakoei. Zedon izeneko negozio-gizon bat inguratu zitzaioan, bidaia bati ekiteko egun egokia adieraz ziezaion. Aztiak aukeratu eta adierazi zioan bat, eta negozio-gizonak, bere aldetik, poltsa atera zian, eta, txanponak zabaldurik, ehun denario zenbatu, galdeketaren ordaina har zezan, eta hor non familia oneko mutiko batek, bizkarraldetik inguraturik, soinekoaren ertzetik tira egiten dion Denofanesi, eta, hura jiratzean, musu ematen dion, eta indar guztiaz besarkatu. Orduan, Denofanesek berak ere musu eman zioan, eta bere ondoan eserarazi zian eta, ustekabeko topaketa hark sorturiko ezustearen eta larritasunaren erdian, une hartan eskuartean zeukan negozioaz bat-batean ahazturik, esan zioan:

        — Zenbat denbora duk iritsi haizela? Hi ikusteko irrikaz nengoan!

        Hitz horiei, besteak:

        — Atzo arratsaldean bertan iritsi ninduan. Baina, ene anaia maitea, esadak heuk ere nola egin huen bidaia, itsasoz eta lurrez, Eubea uhartetik presaka alde egin eta gero.

 

        14 «Diofanesek, gure kaldear ospetsuak, gogoa lauso eta bere buruarekiko begiramena galdurik, erantzun zioan:

        »— Nire etsaiek, eta gorrotatzen nauten haiek guztiek jasango ahal ditek hain bidaia ikaragarria, edo Ulisesi berari legokiokeen odisea, hobeki esanda! Ontziak, non baikentozen, beste aldeko itsasertzeko haitzen kontra jo zian era guztietako zirimolek eta ekaitzek zigorturik eta norabidea galdurik, eta une batean hondora joan zuan, eta gu igerian irten gintuan larri-larri, guztia galdu eta gero. Hurrena lapur talde batek eraso egin ziguan; ezagutzen ez genuen jendearen bihotz onari edo adiskideen laguntzari esker bilduta generaman guztia, ostu egin zigutean. Gainera, Arignoto gizagaixoari, nirekin zetorren anaia bakarrari, zintzurra ebaki ziotean neure begi hauen aurrean, gure erasotzaile ausartei aurre egiteagatik.

        »Gertakizun triste hori ari zuan kontatzen, eta Zedon, adierazitako negozio-gizona, iragarkizuna ordaintzeko apartatutako diruak azkar bildurik, ihesi joan zuan handik berehala. Orduantxe, haren inguruan geunden guztiok barrez lehertu beharrean ari ginela ikustean, jabetu zuan Diofanes, ametsetik esnaturik, bere sorraldiak sorturiko gainbeheraz. Hala ere, ene Luzio maitea, denon artean hiri bakarrik iragarriko ahal zian egia kaldearrak! Bihoakik ondo, eta jarrai ezak heure bidaia zori onez».

 

        15 Milon hizketa amaigabean ari zen bitartean, zinkurinka ari nintzen ni neure baitan, eta haserre bizian nengoen neure buruaren kontra, ni neu besterik ez bainintzen izan gertakizun haien desgaraiko kontaketa hasi zuena, modu hartan gauaren eta bertako jolas atseginaren zati eder bat alferrik galaraziz. Azkenean, neure lotsa irentsi, eta horratx zer esan nion Miloni:

        — Diofanes gureak jorra beza bere zoria eta, zein lurrez, zein itsasoz, eraman bitza, atzera, igarotako herrietan bilduriko hautsak. Ni neu, aldiz, hauts eginda nagok atzoko nekeagatik. Utz iezadak etzatera joaten berehala.

        Eta gero alde egin nuen neure gelara joateko, eta ondoxe atondutako afari baten prestakuntzak ikusi nituen bidean. Gelatik kanpo eta ahalik eta urrutien, lurrean ezarrita zegoen mirabeen etzauntza, gure gaueko elkarrizketaren lekuko izan ez zitezen, dudarik gabe. Nire ohantzearen ondoan mahaitxo bat zegoen, eta haren gainean afari guztiko hondarrik gozoenak. Bazeuden neurri oneko kopak ere, ordurako ardoz erdiraino beteak eta epelduko zituen uraren zain besterik gabe, eta, haien ondoan, pegarra, zeinaren ahoa, aizkoraz irekia, zabalik baitzegoen, edari-deia eginez bezala. Hitz batean, beharrezko ahamen guztiak zeuden han, Venusen gladiadore batzuek jokatu behar zuten borrokarako.

 

        16 Etzan berna nintzen, eta horra non, etxekoandrea ohera joan eta gero, nire Fotide maitagarria hurbiltzen zaidan alegera, arrosa-uztaia batez, eta bular oparoen erretenean arrosa solte bat zuela. Eztiki musu eman, nire muin-aldeak koroaz jantzi, eta lore-hostoz apaindu eta gero, kopa bat hartu zuen, eta, hango ardoari ur epela nahasturik, eskaini egin zidan. Nik kopa zeharo hustu baino lehenago, emeki kendu zidan eta geratzen zena bere ezpain artean poliki-poliki irristaraziz, niri begiratzeari utzi gabe, pixkanaka eta oso poliki edan zuen. Bigarren kopa bat, gero hirugarrena, eta gero beste batzuk pasatu ziren nire eskuetatik harenetara, txandaka. Azkenean, ardo harekin zorabiatu, eta amodiozko suaren ezinegonak jo ninduenean —ez bakarrik izpirituan, baita gorputzean ere—, grinaren menpe eta amodioak zauriturik, nire desioen ezinegona adierazi nion Fotide maiteari:

        — Erruki hadi nitaz, eta hator azkar laguntzera. Ikusten dun, inongo fezialen bitartekaritzarik gabe hurbildu zaigula heuk nahi izandako borroka, eta zeharo sutsu eta guztiz prest nagoela horretarako. Kupido suharraren lehen gezia neure bihotzean sartzen nabaritu dudan orduko, tenk jarri dinat neure arkua ere, hain gogor, ezen beldur naun ez ote zaion soka etengo atezuegi egoteagatik. Eta neure gurariak aseagotu nahi baditun, aska itzan heure ileak eta utzi libre airean, samur besarkatzen naunan bitartean.

 

        17 Ez zen luzamendutan ibili: mahaiko jakiak eta basotxoak arin jaso eta gero, jantziak kendu eta ileak askaturik, alberdaniarik atseginenean eta itxuraldaturik agertu zitzaidan, itsasoko uhinetatik irteten ari den Venusen antzeko, edertasuna bere esku arrosez lirainki estaliz, lotsa baino gehiago pinpirinkeria zerakusan keinu batez.

        — Hator borrokara —esan zidan—, hator borrokaldi adoretsura, ezen, ez diat etsiko, ezta bizkarrik emango ere; gizon baldin bahaiz, hator aurrez aurre, eta borroka ezak gorputzez gorputz; eraso, atsedenik gabe, eta hil, heriotzara doanaren eran; etenik gabea duk gaurko borroka.

        Eta hori esanik, ohantzera igo eta nire gainera etzan zen emeki-emeki; gero, behin eta berriz altxa eta bere gerri zalua mugimendu lizunez astindurik, Venus malguaren fruituaz ase ninduen, harik eta kemenak ahuldu eta indarrak akitu zitzaizkigun arte; biok bata bestearen besoetan erori ginen arnasestuka eta neka-neka eginda. Ia goizaldea arte iraun genuen iratzarririk gorputzez gorputzeko borrokaldi horietan eta antzekoetan, noiz edo noiz kopa batzuekin gure indar akituak suspertu, gure grina piztu, eta gure atsegina berritzen genuela. Eta, gau horretan bezala, antzeko beste joko apur batzuk ere antolatu genituen.

 

        18 Hala behar eta, egun batean bere etxera afaltzera joan nendila erregutu zidan Birrhenak interes handiz. Ezezkoa ematen ahalegindu nintzaion, era guztietako aitzakiak jarriz; hala ere, ez zituen nire esanak onartu nahi izan. Beraz, Fotide ikustera joan eta aholkua eskatu beharra neukan, haren nahiarekin ados jartzeko; eta, beragandik arra beteko tartea egitea ez bazuen gogoko ere, adeikor desenkusatu ninduen epe labur baterako nire amodioaren ohiko soldadutzatik. Hala ere, gaztigatu ninduen:

        — Begira, saia hadi afaritik ahalik eta lasterren itzultzen; familia onenetako gazte burugabe talde bat hiriko lasaitasuna galarazten zabilek; zintzurra ebakia daukaten pertsonak ikusiko dituk nonahi, kale erdian ere bai, etzanik; gobernadorearen polizi indarrek, urrunegi daudenez, ezin ditek hiria garbitu halako ezbehar gaiztotik. Hiri dagokianez, amarru baten erdi-erdian jar hintzake heure dirutza distiratsuaren ospeak, eta baita atzerritarrari erakutsi ohi zaion arreta urriak ere.

        — Ez larritu, Fotide maitea —esan nion—: hemengo atsegina gozatzea etxetik kanpora afaltzea baino nahiago izateaz gainera, goiz itzulirik kenduko dinat heure beldur hori. Ez naun, bestalde, bakarrik joango. Gerrian eraman ohi dudan aiztoaz gorde ahal izango dinat neure bizia. Ardura horiek hartu, eta banoan afaritara.

 

        19 Han afaltiar asko aurkitu nuen, hiriko jauntxoen artekoak, jakina, dama ospetsu baten etxean bainengoen. Mahai dotoreak, non tuia-zurak eta marfilak egiten baitzuten distira; urrez bordaturiko oihalez estalitako etzalekuak; kopa handiak, era anitz eta dotoreetakoak, denak ederrak. Hemen koska artistikoz hornitutako beirazko ontziteria izango zenuen; han gardentasun orbaingabeko kristala; harantzago errainu distiratsuzko zilarra eta urre itsugarria eta liluragarri landuriko anbarra eta harribitxiz hornituriko godaletak; hitz batez, eginezina dirudikeen edozer zegoen hantxe. Janariak pikatzeaz arduratzen zen zenbait zerbitzarik, estalki zoragarriz jantzirik, jangai ugariak erakusten zizkieten gonbidatuei samurtasun handienaz; tunika ederrez jantzitako mirabetxo ile kizkurdunek etengabe eskaintzen zizkieten edontzi bihurturiko harribitxiak ardo urtetsuz beterik. Kriseiluak ekarri eta, gero eta zaratatsuagoa bihurtu zen afaltiarren elkarrizketa; nonahi sortzen ziren barreak, txantxak eta txisteak. Orduan, Birrhena nigana zuzendu zen:

        — Nola doakik gure sorterrian? Nik dakidanez, aurrea hartzen zieagu hiri guztiei, zein elizatan, zein bainutan, zein beste eraikuntza publiko orotan, eta gainera nahikoa ongi hornituta gaudek eguneroko beste gauzez ere. Hemen askatasuna eta lasaitasuna zaukaagu, gutxienez; Erroman bezalako giroa aurkitzen dik hemen atzerritar negozio-gizonak; landako bakea, berriz, ostatu lasaiaren bila datorrenak; atseginez beteriko txoko urruna gaituk probintzia osoarentzat.

 

        20 Hitz horiei, nik kortesiaz:

        — Egia diozu; munduko inongo bazterretan ez naiz hemen baino askeago sentitu. Hala ere, ikaragarri beldurtzen naute azti-zientziaren gorabehera itsu eta saihestezinek. Diotenez, hildakoen hilobiak ere ez omen daude seguru, ezen zenbait hondakin eta hilotz zatiak osten omen dituzte zuloetatik eta hil-suetatik, bizion galgarri. Zera diote baita ere: hileta prestakuntzen une berean, sorgin zahar batzuk aurreratzen omen zaizkie, txoriak bezain azkar, lurra ematen ari direnei.

        Nire hitzei, beste afaltiar batek erantsi:

        — Areago oraindik; hemen biziak ere ez zaudek seguru. Gizon batek, ez zakiat nork, horrelako zoritxar bat izan eta atalmotz geratu omen duk, aurpegia zeharo desitxuraturik.

        Une horretan gonbidatu guztiak algara lizunetan lehertu ziren eta bazter batean erdi etzanda besteengandik aparte afaltzen ari zen gizon batengana zuzendu zituzten aurpegi eta begiak. Gizon hark, bere burua denen jakin-minaren asegai ikustean, nahasturik, mahaitik alde egin nahi zuen, eta hitz baldar batzuk ahoskatzen zituen ahapeka.

        — Telifron adiskidea —mintzatu zitzaion Birrhena—, hago pixka batean, eta konta iezadak berriro, ohikoa duan kortesiaz, heure istorioa, gure artean daukagun Luzio nire semetzako honek ere hire gertakizun irrigarriaren alaitasuna dasta dezan.

        Besteak, ordea:

        — Ene etxekoandre, zu ez zara inoiz ontasun samurraren mugaz harantzago joaten, baina jasanezina da hainbaten lotsagabekeria.

        Horrela mintzatu zen, zapuzturik. Birrhena, ordea, ahalegindu zen, bere biziarengatik zin eginez, hari hitz eginarazten, eta jarrera gogor hura bigunarazi zuen.

 

        21 Horrela, bere etzalekuko estalkiak pilatu, eta ukondoaren gainean erdi jaikita jarririk, eskuin eskua luzatu zuen eta hizlarien erara ezarri zuen, bi azken hatzak bildurik, beste bi irekita eta zurruntasunik gabe luzatuta, eta hatz lodia aurrera begira. Gero, honela hasi zen Telifron:

        «— Artean nerabe nintzela, Mileto aldera Joko Olinpikoak ikustera abiaturik, orain gauden probintzia ospetsu honetako lekuak bisitatu nahian, Tesalia osoa ibili eta, iragarpen gaiztoenekin, Larisara iritsi nintzen. Hiriaren bazter orotan nire txirotasuna arindu nahian nenbilela, neure bidaia-sosak ahituxeak baineuzkan, hor non ikusi dudan agurekote bat plazaren erdian. Harri baten gainean zutik, zera adierazten ari zen jendeari ahots ozenez: norbaitek hildako bat gorde nahi izanez gero, ordaindu egingo ziotela lan horrengatik. Orduan nik han zebilen bati:

        »— Zer ari naiz entzuten? Hemengo hildakoek ihes egiten dute, ala?

        »— Hago isilik! —erantzun zidan—. Oraindik mutikoa haiz eta, agi denez, atzerritarra, eta horregatik ez dakik Tesalian hagoela, sorginek hildakoen aurpegiei nonahitik hozka egin eta erauzitako haragi-pusketak beren aztikerietarako erabiltzen dituzten lurraldean.

 

        22 »Aitzitik, nik:

        »— Eta nola egiten da —galdetu nion— hilotzen zaindaritza hori? Esadazu, arren.

        »— Lehenik —erantzun zidan—, ondo iratzarririk egon behar duk gau osoan, begiak zabal-zabalik dituala, begi horiek beste edonora zuzendu gabe; are gehiago: zeharka ere inora begiratu gabe, zeren emakume ikaragarri horiek abere bihurtzeko gauza baitira eta, edozein animaliaren itxura hartzen dutenean, hain isilean irristatzen dituk, ezen aise sartuko bailukete ziria Eguzki eta Justiziaren beraren begietan ere. Batzuetan txori-itxura hartzen ditek; besteetan zakur nahiz sagu bihurtzen dituk, edo baita euli ere, eta gero, infernuzko liluramenduen bidez, lo astunetan errenditzen ditiztek zaindariak. Inor ez huke gauza jakiteko emakume gaizto horiek zenbat amarru asmatzen duten beren gutizia asetzeko. Ez ditek, ordea, lau edo sei urrezko txanpon doi besterik eskaintzen horren lan arriskutsuagatik. Hara! Ia ahantzi nian garrantzizkoena: hilotza zegoen bezala itzultzen ez bada biharamunean, hildakoari kendu edo desitxuratu dioten guztia ordaindu beharra zagok, zaindariaren aurpegitik erauziz.

 

        23 »Hori jakitean, giza adorez puztu, eta berri-emailearengana gerturaturik:

        »— Utziok —esan nion— deiadar egiteari. Heure aurrean daukak zaindari prestua. Emadak soldata.

        »— Mila sestertzio dauzkak zain —erantzun zidan—. Hala ere, argi, gazte: jar ezak heure arreta eta zuhurtasun osoa hilotz hori Harpia gaiztoengandik zaintzen; gure hiriko pertsonaia garrantzitsuenetako baten semearena duk.

        »— Esaten didaan guztia —erantzun nion— ez duk zozokeria eta hutsalkeria besterik. Hemen, ikusten nauan lekuan, gizon zaildua nauk, lo geratzen ez dena, eta Linzeo edo Argos bera baino zorrotzagoa; begi zorrotz nauk oso-osorik.

        »Ez nuen harekin mintzatzen amaitzea besterik egin, eta berehala eraman ninduen sarrera nagusia itxita zeukan etxe batera. Atzeko ate ttiki batetik jarraitzeko esan, leihoak itxirik eta ilunpetan zegoen gela batera eraman, eta beltzez jantziriko emazteki negarti bat seinalatu zidan. Haren ondoan gelditu, eta:

        »— Hona hemen —esan zion— zure senarra begiratzeko hitza eman, eta hori lortuko duela ziurtatzen duen gizona.

        »Orduan emakumeak aurrerantz erorita zeuzkan ileak aurpegiaren bi aldeetara apartatu, bere aurpegia (ederra, nahigabe hartan ere) erakutsi, eta begiak niregana zuzendu zituen:

        »— Mesedez —esan zidan—, sala zaitez zure eginkizuna ahalik eta arreta handienaz betetzen.

        » Ez kezkatu horretaz —erantzun nion—. Presta ezazu ordainsari egoki bat.

 

        24 »Gauza horrela erabaki, eta, zutiturik, beste gela batera eraman ninduen. Han, zazpi lekukoren aurrean, zuritasun distiratsuzko oihalez estalia zegoen hilotza desestali, eta haren gainean luzaz negar egin eta lekukoen asmo ona eskatu eta gero, ñabardura bakoitzaren zerrenda zehatza egin zuen, lekuko batek, usadiozko formularen arabera, haren hitzak oholtxo batzuetan jartzen zituen bitartean.

        »— Hona hemen —adierazi zuen— sudurra osorik, begiak okerrik gabe, belarriak onik, ezpainak garbi, kokotsa behar bezala. Zuek, Kirite ohoretsuok, egizue gorabehera honen lekukotza.

        »Eta hori esanik, oholtxoak zigilatu, eta joaten hasi zen. Nik, orduan:

        »— Andere —esan nion—, agindu ezazu ekar diezadatela neure eginkizuna betetzeko behar dudan guztia.

        »— Zer behar duk? —galdetu zidan.

        »— Kriseilu handi samar bat —diot nik— nahikoa oliorekin goizalde arte argi egin dezan; ur beroa, pitxer batzuk, godaleta eta afari hondarrez ondo betetako platera.

        »Orduan hark, burua gogor astindu du:

        »— Hoa hemendik, lotsagabe hori, afariaz mintzatzen eta heure zatia eskatzen ari haiz-eta hildako baten etxean, non hainbeste egunetan ez baita ikusi ezta kearen arrastorik ere. Zer uste duk, parrandera etorri haizela hona, ala? Zergatik ez hatzaio egoerari, hots, doluari eta malkoei, gehiago egokitzen?

        »Esan bezain laster, mirabetxo batengana jiratu, eta:

        »— Mirrina —esan dio—, emazkion berehala kriseilu bat eta olioa eta, begirale hori gelan itxita utzirik, alde egin ezan segituan.

 

        25 »Horrela, gorpu baten begirale utzi ninduten; begiak ondo igurtzi, gaubeila luzerako prestatu, eta, neure buruari kemena emateko, kantuan aritu nintzen. Eta hor dator ilunabarra, gero gaua, hurrena gau betea, beranduago guzti-guztia lo sakonean murgiltzen den gaualdia, azkenik gau berandua. Gero eta beldur handiagoa sentitzen nuen. Bat-batean, erbinude bat sartu zen gelan, isil-isilik; nire aurrean gelditurik, hain begirada zorrotza ziztatu zidan, ezen, hain animalia ezgauza izanik ere, egundoko ezinegona sortu baitzidan erakusten zuen ausardia harrigarriak. Halako batean:

        »— Zergatik ez hoa hemendik —esan nion—, piztia nazkagarri hori, heure ahaide saguekin batera ezkutatzera, nire indarra hementxe bertan frogatu ordez? Zergatik ez duk ospa egiten?

        »Orduan jiratu, eta gelatik irten zen berehala. Kolpean, hain logura sakonak eraman ninduen leize sakonaren barnera, non Delfoseko Apolori berari ere zaila egingo baitzitzaion bereiztea etzandako bion artean zein ote zen hildakoa. Halako moldez nengoen konortea galdurik eta beste begirale baten beharrean, ezen, nolabait esateko, han egonik ez bainengoen han.

 

        26 »Halako batean, oilarren kantu zaratatsua gaueko barealdia hausten hasi zen. Esnaturik, bada, eta ikara menderaezin batek hartua, hor noa hilotzagana: argi bat inguraturik, haren aurpegia desestali, eta arretaz begiratu nizkion itunean izenpetutako zehaztasun guztiak. Eta hor non une horretantxe alarguntsa gajoa sartu zen negarrez eta larritasunez beterik, aurreko eguneko lekukoekin batera, eta, gorpuaren gainera makurturik, musuka ekin zion denbora luzez. Gero, kriseiluaren argitan aztertu zuen arreta osoz; azkenik, jiratu, eta Filodespoto administrariaren galde egin zuen. Begirale onari ordainsaria luze gabe eman ziezaiola agindu zion, eta, hala egin zuen gero:

        »— Gazte —esan zidan—, eskerrik beroenak ematen dizkizugu, eta, ala Herkules!, zure betebeharra horren zuhurki bete duzunez, gure adiskideen artean zauzkagu hemendik aurrera.

        »Orduan, ezusteko irabazi harekin pozez gainezka eta neure eskutan txintxin etengabea eragiten nien urrezko diruen liluraz, erantzun nion:

        »— Andere, har nazazu zeure zerbitzari; nire zerbitzuak behar ahala, lasai agindu besterik ez daukazu.

        »Hitz horiek nire ahotik irten orduko, iragarpen gaizto hura madarikazioka hartu, eta era guztietako armak eskuraturik, nire gainera oldartu ziren etxekoak. Batek ukabilez masailean, beste batek ukondoaz bizkarrean, hirugarren batek kolpeka saihetsean; guzti-guztiek ostikatzen ninduten, ileetatik tiratzen, jantziak urratzen. Amaitzeko, bultzaka atera ninduten etxetik, Pieriako musikagilea edo gazte aoniar harroa bezain hebaindu eta kolpatua.

 

        27 »Alboko kale batean izualditik neure onera etortzen ahalegintzen ari nintzela, hausnartzen hasi nintzen, berandu baina, nire hitz galgarri eta zorabiatuak, eta neure buruari aitortu nion merezia nuela jipoi handiago bat ere. Eta horra hor non hildakoa, bere artekoen azken negar eta agurren ondoren, etxetik irten den. Hileta publikoa zen eta segizioa, usadiozko ohituraren arabera, foruan zehar egin zen, leinu nagusienetakoa baitzen hildakoa. Bat-batean, beltzez jantzitako gizon bat agertu zen, atsekabe trazaz: negar-malkotan, bere ile urdin eta nobleak erauzi beharrean hasi zen. Gero, hil-ohearen ondora joan da eta bi besoez besarkaturik, zotinek etendako trumoi ahotsez, oihu egin zuen:

        »— Hiritarrok, dei egiten diot zuen asmo onari, eta bihozberatasun ageria eskatzen dizuet; mendeka ezazue hildako hiritar hau, zigortu gogor emagaldu gaizto eta anker hori, hilketa deitoragarri honengatik. Emakume hori izan da, eta ez beste inor, ene arrebaren semea pozoitu eta hil duena, horrela amoranteari atsegin eman, eta oinordetzaz jabetzeko.

        »Halaxe ibili zen agure hura han zeudenen artean batengandik bestearengana, bere arrangura atsekabetuak ozenki aireratzen zituela. Bitartean, jende saldoa jarrera mehatxagarria hartzen ari zen, egoeraren egiantzak salaketa sinesgarri bihurtzen baitzuen. Deiadarka hasi eta zuziak eskatzen zituzten denek, harriak bilatzen, gaztetxoak bultzatzen emakume hura hil zezaten. Emakumeak, ordea, ondo ikasitako malkoak isuri, jainko guztiei dei egin eta sakratuena iruditzen zitzaiona ahoan, hain hilketa gaiztoa burutu izana ukatzen zuen.

 

        28 »Orduan, agureak:

        »— Jar dezagun egiaren erabakia jainkoen borondatepean. Gurekin daukagu Zatklas Egiptokoa, lehen mailako aztia: ordainsari handi bat bitarteko, ontzat eman du hildakoaren arima infernuetatik epe labur batez ekarri, eta hilotz horri berriro bizia ematea, gorputzari izpiritua itzulirik.

        »Eta, hori esanik, hor erakarri du giza gazte bat jende-saldoaren erdira; lihozko tunikaz eta palmondoaren hariz eginiko sandaliez jantzia zegoen, eta burua erabat soil zeukan. Giza gaztearen eskuak luzaz muinkatu eta gero, agurea mintzatu zitzaion, belaunak ere besarkatzen zizkiola:

        »— Erruki zaitez, oi, apaiza, erruki, zeruko izarrengatik, infernuko indarrengatik, izadiko gaiengatik, gauetako isiltasun sakonengatik, Koptoko saindutegiengatik, Niloko uholdeengatik, Menfisko arkanoengatik eta Faroko ziztroengatik; utziozu, labur bada ere, argiaz gozatzen eta egiozu argi suntsikorra betiko itxita dauzkan begi horietan. Ez goaz ezinbestekoaren kontra, ez diogu lurrari berea duena ukatzen: bizi-une laburra besterik ez dugu eskatzen, mendekuaren kontsolamendua eskura dezagun.

        »Igarlearen borondatea modu horretan bereganatu eta gero, igarle hark belar izpi bat jarri zuen hilotzaren ahoan eta beste bat bular gainean. Gero, ekialdera begira jarri, eguzki jaioberriaren maiestate handiari isilean dei egin, eta eszenari imintzioa eta arrandikeria erantsirik, ikusleen gogoa susperrarazten hasi zen, hain mirari sinesgaitza zertan zen erakusteko prest.

 

        29 »Sartu nintzen, bada, jendetzaren tartean eta, hil-ohearen beraren atzeko harri handi samar baten gainean hanka-puntan jarririk, begira nengoen gertatzen ari zen guztiaren jakin-minez. Eta horra hor non bat-batean hildakoari bularra puzten hasi zaion, zainak taupaka jartzen, eta gorputza bizi-indarrez betetzen; hilotza zutitu egin zen, eta esan zuen:

        »— Esadazue, otoi: zergatik ekarri nauzue bizitza suntsikorraren beharretara, Leteoko urak edan, eta Estigiako aintziran zehar nindoanean? Utz nazazue, mesedez, utz bakean; utz atsedena hartzen.

        »Horiek entzun zitzaizkion gorpuaren ahotsari, baina aztiak, haserre samar:

        »— Zergatik ez diok —galdetu zion— herriari heure heriotza misteriotsuaren berri ematen zehaztasun guztiz? Ez al nauk, bada, gai ikusten neure aztikerien bidez Furiak hona erakartzeko? Uste al duk ezin ditudala hire atal nekatuak zigortu ere egin?

        »Hilotzak, bere hil-ohean erdi jaikirik eta lanturuka, horrela hitz egin zion herriari:

        »— Nire emaztearen amarru gaiztoek hil naute, artean ezkonberri ginela; edabe baten menpe, emazale adultero bati utzi diot neure ezkon ohe oraindik epela.

        »Orduan emazte ospetsua, adorez beterik, eztabaidan hasi zitzaion, bere senarraren azken salaketei sakrilegiozko arrazoiekin erantzunez. Jendetza nahastu egin zen, eta iritziak kontrajarri; batzuek emakume gorrotagarria bere senarraren gorpuarekin batera bizirik lurperatua izan zedila eskatu zuten; besteek, ordea, hildako baten gezurrezko hitzak ez direla sinetsi behar uste zuten.

 

        30 »Nerabearen hurrengo hitzek, ordea, erro-errotik ebaki zituzten zalantza horiek, honela jarraitu baitzuen are eta lanturu sakonagoak eginez:

        »— Nire egia orbaingabeari buruzko frogak erakutsiko dizkizuet; gertakizun batzuk jakinaraziko dizkizuet, nik izan ezik beste inork inoiz ezagutu edo igarri ez dituenak.

        »Orduan, hatza nigana zuzendu, eta erantsi zuen:

        »— Izan ere, begirale zorrotz hori nire ondoan guardia arretatsua eta argia egiten ari zelarik, atso sorgin batzuek, antzaldatu, eta nire hondakinen bila etorri, eta alferrikako saioak egin zituzten, horren arreta adeitsuari ziria sartu nahian. Azkenik, lokartzeko lurruna zabaldu zuten horren gainera, eta, lo zerraldo utzi zutenean, neure izenez deitu eta deitu aritu zitzaizkidan, harik eta nire atal gogortuak eta nire organo izoztuak ahalegin nagiak egiten hasi ziren arte, haien sorginkeriari obeditzeko. Gizon horrek, ordea, bizirik baitzegoen eta loaren zorabioa besterik ez baitzeukan heriotza itxurako, nire izen berbera duenez, bere izena aditzean, hor jaiki da ezaguerarik gabe eta aurrera egin du mamu baten antzo, bizirik gabeko itzala bailitzan. Ateak itxi-itxita bazeuden ere, zirrikitu batetik sudurra moztu diote aurrena, eta belarriak gero; nire ordez jasan ditu, bada, ebaketa horiek. Eta, gainerako guztia ere amarruarekin bat etor zedin, argizari landua erantsi diote belarrien ordez, eta berearen antzeko sudurra. Eta hementxe dago gure artean, zoritxarreko hori, ordainsaria eskuraturik, baina ez berak egindako lanarena, egin dioten ebaketarena baizik.

        »Hitz horiekin izuturik, aurpegia ukitzen hasi nintzen. Eskuaz heldu nion sudurrari, eta askatu egin zen; belarriak ukitu nituen: erori egin zitzaizkidan. Hango jendeak hatzez seinalatu ninduen, eta nigana jiratzen zituen buruak, barreka lehertu beharrean, eta nik, izerdi hotzetan blai, ihes egin dut ingurukoen hanka artetik. Ordudanik, era honetan atalgabetua eta lotsagarri, ezin izan naiz neure gurasoen etxera itzuli; ileak buruaren bi aldeetara hazten utzirik estali ditut nire belarrietako zauriak; nire sudurrari dagokionez, ahalik eta txukunen estali dut horren lotsa, oihal pusketa honi esker».

 

        31 Telifronek bere kontakizuna amaitu orduko, gonbidatuek, ardotan blai, algarari ekin zioten berriro. Eta barrearen jainkoaren ohorez ohiko kopak edateko eskatzen hasi zirenean, honela mintzatu zitzaidan Birrhena:

        — Bihar diagu hiri honen sorreratik beretik ezarritako urteroko jaia. Egun horretan gu izaten gaituk barrearen jainko agurgarriari babesa eskatzen diogun hilkor bakarrak, atseginaldi alai eta usadiozkoen bidez. Hire presentziak atseginagoa egingo ziguk egun hori. Ea heure pozak ere asmakizun atseginen bat idarokitzen dian, jainko garrantzitsu horri behar bezalako omenaldia egin diezaiogun.

        — Ondo dago —esan nion—, zuk esanda bezala egingo da; zinez nahi nuke horren jainko boteretsuak merezi duen atsegina emateko burutazioren bat aurkitzea.

        Berehala, nire morroiak gaua zein aurreratua zen adierazirik, ardoz lepo, bizi-bizi jaiki, eta, Birrhena agurturik, neure egotetxera abiatu nintzen pauso baldarrez.

 

        32 Alabaina, lehendabiziko kalean sartu ginenean, ezusteko haize burrundara batek gu lasaitzen gintuen argia itzali zigun, eta horrela, gauaren ilunpetik nahikoa nekez aldendurik, azkenean, ostatu ematen zigunaren etxera itzuli ginen, akituta eta oin-hatzak minduta zoruko harri-koskorrengatik. Bata bestearen ondoan ibiliz gertu samartu ginenean, horra non hiru gizon indartsu eta oso mardul ikusten ditugun gure etxeko atearen kontra indar osoz. Gu agertzean, ez ziren batere beldurtu gure presentziarekin; are gehiago, zein baino zein indar handiagoz eta kementsuago saiatu ziren; horregatik, lapurrak zirela, eta guztiz ankerrak gainera, iruditu zitzaigun, niri batez ere, eta ez zitzaidan horretarako arrazoirik falta. Supituan ezpatari heldu, eta golkotik atera nuen azkar, neure jantzipean gorderik baineraman antzeko beharretarako. Lapurren artera sartu naiz oldartsu eta ezpata eskuan, eta egokitzen zitzaidan erara sastatu nituen banaka-banaka, nire aurrean jarri ahala, ezpata-giderrak tope egiteraino, harik eta nire oinetan bizia galtzen zuten arte, zauri handi eta ugariek zulaturik. Fotidek, zaratak esnaturik, atea zabaldu zuen, guk borroka adierazi bezala buruturik, ate zabaldutik sartu nintzen, arnasestuka eta izerditan blai. Hiru lapurren kontrako borrokarekin neka-neka eginda, jakina, eta hura Gerionen sarraskia izan balitz bezala, nire ohantzean etzan, eta berehala lokartu nintzen.

 

 

 

© Luzio Apuleio

© itzulpenarena: Anjel Lertxundi, Juan Kruz Igerabide

 

 

"Luzio Apuleio / Urrezko astoa" orrialde nagusia