I. LIBURUA

 

        1 Horra, bada, irakurle: zenbait kontakizun harilkatu nahi nizuke Miletoko prosan eta zure belarri onbera laztandu murmurio atseginez. Arren, pasa ezazu zeure begia Egiptoko papiro honen gainetik, Nilo-ko kanabera finez idatzia baitago; itxura eta izaera aldatu eta gero, beren lehengo egoerara komenientziaren arabera etortzen diren gizakiak miretsiko dituzu. Has nadin. Nor ari zaizun? Horra hor, hitz gutxitan adierazi: Atika-ko Himeto eta Efirea-ko Istmoa eta Esparta-ko Tenaro dira nire leinuaren antzinako sehaska; zorioneko lurrak, liburu zoriontsuago batek betiko ohoratuak. Hantxe eskaini nizkion neure haurtzaroko lehen nekeak grekoa ikasteari. Gero Erromara egin nuen, non Kiriteen jatorrizko hizkuntza ikasi bainuen, lana gogotik eginez eta inongo maisuren gidaritzarik gabe. Horra, bada, zergatik eskatzen dizun barkamena gatzik gabeko kontatzaile ezjakin honek, hemendik aurrera arrunkeriak edo esaera exotikoak erabiliz egin ditzakeen estropezuengatik. Gainera, estilo aldaketa horiek harira datoz hemen lantzen dugun alorrarekin, zaldun txerpolarien joko benetakoaren antza baitute. Has gaitezen, beraz, grekoen erara ondutako kontakizun batekin. Adi, irakurle, atsegin izango duzu eta.

 

        2 Banindoan, bada, Tesaliara bidean —hango jatorria ere bai baitut, amaren aldetik, eta harro baikaude hangook Plutarko handia eta baita haren iloba Sexto filosofoa ere gure arbaso ditugulako—. Banindoan, bada, Tesaliara, neure zereginak zirela medio. Mendi handi, haran labaingarri, belaze ezko eta soro goldatuetan zehar ibili eta gero, nire zaldia, eskualde hartako zaldi zuri-zuri bat, akiturik zihoan; eta neu ere eserita joateaz nekaturik, zangoak luzatu nahi, eta hara non oinak lurrean jarri ditudan, bada; hosto batzuez zaldiari kopetako izerdia emeki xukatu, belarriak igurtzi, ahokoa kendu, eta oinez hasi nintzen poliki-poliki, berezko beharkizunetan sabela husturik, atsedena har zezan. Zaldia burumakur eta saihetsera begira zihoan, pausoa galdu gabe, jatekoa harrapatzen saiatuz aho parera zetozkion belarren artean; eta horrela, aurreraxeago zihoazen beste bi ibiltarirekin hirugarren bidelagun egin nintzen. Haien solasari lotu nintzaiolarik, bietako bat barre-algaraka hasi zitzaion besteari, eta esan zion:

        — Gorde itzak heuretzat gezur sinestezin eta izugarri horiek. Hori entzutean, hain bainindoan berri-egarri, esan nien:

        — Egin nazazue, arren, zuen artekoaren solaskide; ez nauk jakin-min huts, guzti-guztiaren —edo, gutxienez, ahal den guztiaren— jakin-gose nagok; aldi berean, gailurrerako igoeran arinagoa egingo zaiguk mendiaren gogorra kontakizun ederren lilurarekin.

 

        3 Lehendabizi mintzatu zenak, ordea, berriro ekin zion:

        — Ziurrenik, gezur horien egiatasuna zera duk, norbaitek esan nahiko balu bezala aski dela hitz magikoz osaturiko murmurio arin bat ur-jauzi burrunbatsuak gora-bidean jartzeko, itsasoa lotu eta baretzeko, haizeak indargabe ahultzeko, eguzkiaren ibiliari eusteko, ilargia aparretan barreiatzeko, izarrak beren lekuetatik kentzeko, eguna desegin edo gauari ez atzera ez aurrera eusteko.

        Ni, orduan, hitz zuhurrez mintzatu nintzaion:

        — Aizak, adiskidea, istorioa kontatzen hasia hintzen hori: ez hadi lotsa edo kikil, eta harilka ezak gainerakoa.

        Eta besteari:

        — Hi, berriz, ez ote haiz ari heure belarri gor horiekin, heure zentzun itxi setati horrekin, bene-benetakoak izan daitezkeenak gaitzesten? Ala Herkules! Hi haiz ezjakina, hi, heure aurreiritzi oker horiekin, ezen uste duk gezurrezkoak direla inoiz ikusi edo entzun ez dituan gauzak, edo heure zentzumena baino harago doazenak; beharbada, azterketa zehatzago batek esango dik, horrelakoak benetako gertakizunak direla, eta, gainera, horion zer-nolakoaz jabetzea samurra dela.

 

        4 — Esate baterako —jarraitu nuen—, atzo arratsaldean beste mahaikideekin lehian ari nintzela gazta eta talo zati handiegia irensteko ahaleginean, ez zaidak, bada, ore bigun eta likatsu hura eztarrian erantsita geratu? Eta hainbeste estutu zidaan arnasa, ezen hiltzeko zorian egon bainintzen. Duela gutxi, ordea, neure begi hauekin ikusia diat Atenasen, Pezilo-ko ate aurrean, txerpolari bat zaldun-ezpata horietako zorrotz-zorrotza puntaz aurrera irensten; eta, gero, txanpon kaxkar bat edo beste jaurti eta, ehiztarien lantza horietakoa sartu zion erraietaraino alde zorrotzetik; eta hara non mutiko eder, emaitxura eta fina lantzaren burdinaren gainera, buruz behera zegoen armaren giderrean gora, igotzen den, eta itzulipurdika dantzari ekiten dion zalu, hezurrez eta haragiz osatua ez balitz bezala, ingurukoak txundituta utzirik. Suge eder bat zirudian, mugimendu bigunez korapilo eta adar gaizki ebakien artean jainko-medikuaren makila begitsua besarkatzen duena bezalakoa. Beraz, isildu egingo nauk, berriro kontakizunari hel dakioan. Nik neuk sinetsiko diat, beste honen eta bion ordez; eta, saritzat, hirekin banatuko diat neure jatekoa gelditzeko aukera dugun lehen ostatuan; horixe agintzen diat ordainetan.

 

        5 Honela erantzun zidan:

        «— Ontzat eta zuzentzat hartzen diat hire eskaintza; hori dela eta, adierazten ari nintzen kontakizunaren hasierara itzuliko nauk. Lehenik, baina, zin egiten diat, dena dakusan jainko Eguzki horren izenean, zehatz-mehatz egiazta daitekeela nik diodan guztia. Eta zuen zalantzak zeharo desegingo dituk Tesaliako lehen hirira iristen garenean, han jendearen ahotan baitabil denen aurrean gertaturikoen berria. Hala ere, aldez aurretik nor eta nongoa naizen jakin behar duzue. Aristomenes nauzue, Egio-koa; eta nire bizibidea ere adieraziko dizuet: Tesalia, Etolia eta Beozia-ko bazterrik bazter nabilek, hango ostatuetan ezti, gazta eta horrelako janariak saltzen. Horregatik, jakin nuenean gazta berri gozo-gozoa saltzen zutela Hipata-n, Tesaliako hiri nagusian, prezio nahikoa merkean, bada, bidean jarri ninduan azkar, guztia erosteko. Horrela izaten dituk, ordea, bideko gorabehera gaiztoak, ezen, erosketa haren aukera oker joan zitzaidaan; izan ere, bezperan, Lupok, neurri handiko salerosketak egiten dituen batek, eroskizun osoa bereganatu baitzuen. Beraz, alferrikako eta presazko bidaia hura zela-eta nekaturik, arratsaldean bainuetara nindoaan patxada ederrean.

 

        6 »Eta hara non ikusten dudan Sokrates laguna. Lurrean eserita zegoan, erdi biluzik, estalki zahar eta tarratadun batez. Eta hain zegoan zurbil, ezen beste bat iruditu zitzaidan. Oso desitxuratua eta eroria ikusi nian; zoriak eskutik utzirik, bazterretan eskean ibiltzen diren horietakoa zirudian. Hala ikusirik, zalantzaz hurbildu nintzaioan, hain lagun izanik ondo ezagutzen banuen ere.

        »— Aizak, Sokrates adiskidea —esan nioan—. Zer da hori, ordea? Zertan ari haiz? Zer laidokeria da hori? Etxean negarrez aritu dituk higatik, eta hiletak ere egin ditiztek; hire seme-alabek baditiztek aitaordekoak, probintziako epailearen aginduz ezarriak; hileta ondorengoak bete eta gero, negarrek eta etengabeko tristurak ikusmena ere ia galtzeraino desitxuratu ditek hire emaztea, eta etxeko zoritxarra eztei berri batzuekin alaitzera behartu ditek gurasoek berek. Eta, bitartean, hi hemen, gure lotsarako, arima galduaren itxura horrekin.

        »— Aristomenes —erantzun zidaan—, hik ez dituk nonbait ezagutzen Fortunaren ezkutaleku itzurkorrak, haren eragin iraungaitzak eta gorabehera aldakorrak —eta hala mintzaturik, aurpegia estali zian zirtzil erdi josi haiez, eta, lotsa-lotsa eginda, gerritik beherakoa agerian utzi.

        »Ezin nian ikuskizun penagarri hura eraman, eta eskua luzatu nioan jaikitzen laguntzeko.

 

        7 »Hark, ordea, zegoen zegoenean, burua estalirik alegia:

        »— Utziok, utziok Fortunari atsegin hartzen denbora luzeagoan, berak eraiki duen garaikur honekin.

        »Neurekin eramatea lortu nian, ordea. Aldi berean, soinean neramatzan bi estalkietako bat kendu, gainetik jarri azkar, janzteko edo, hobeto esanda, gorputza estaltzeko, eta hor eraman diat bainuetara; ukendu eta garbikariak neronek prestatu eta, igurtziaren igurtziz, gainean zeraman tortika lodia kendu nioan. Urrea baino distiratsuago, ostaturaino eraman nian, haren gorputz-atalei doi-doi eutsirik, neu ere nekaturik bainengoen. Eta han, ohearen beroak bere onera zekarren bitartean, janez asearazi eta edariz sosegarazi nian, eta istorioak kontatuz gozatu nian haren irudimena. Eta, horrela, berriketarako eta barre egiteko gogoa piztu zitzaioan, eta txantxetan edo txisteak esaten hastekoa ere bai; baina, bat-batean, erraien barne-barnetik hasperen erdiragarria aterarik, eskuaz bekoki zoratuari zartako bat eman, eta esan zian:

        »— Hau zorigaiztoa! Zer nolako zoritxarra ekarri diodan neure buruari, gladiadoreen arteko borroken ospakizun famatuaz goza-goza egiteko asmotan nindoala! Ondo dakianez, Mazedoniarantz abiatua ninduan negozio bila. Banentorrean, bada, ia hamar hilabeteren buruan etekin ederrak aterata, eta Larisa-ra iritsi baino apur bat lehenago, ospakizunera joateko asmoa bainuen hiritik igarotzean, mendarte bakarti eta malkartsu batean, horra non inguratu nauten bide-lapur ikaragarri batzuek. Ezer gabe utzi ninditean, baina bizirik alde egin ahal izan nian. Egoera larri hartan, Meroe izeneko emakume baten ostatura egin nian; emakume hura adinean aurrera samartua zegoan, baina artean mardul. Adierazi nizkioan, bada, nire ibilera luzearen gorabeherak, etxeranzko itzulera larriarena eta zorigaiztoko lapurretarena. Egundoko harrera egin zidaan: hasteko, bere mahai gozoa erdibana eskaini, eta, hurrena, grina betean, baita bere ohea ere. Eta orduantxe hasi zuan nire zoritxarra; harekin gau bakar bat egin, eta hantxe erotu ninduan, amodio-grina luze bezain nazkagarriaren menpe. Haren eskura joan zuan lapur eskuzabal haiek estal nendin utzitako jantzia ere; harentzat izan zituan nik irabazitako txanpon apurrak, zamari-lanetarako gauza izan nintzen bitartean. Emakume on hori eta zorigaiztoa izan dituk lehentxeago nengoen egoerara, hik heuk ikusitakora, eraman nindutenak.

 

        8 »—Ala Polux! —erantzun nioan—. Ongi merezia huke, bai, zigorrik gogorrena, gertatu zaiana baino okerragorik balego behintzat, ezen nahiago izan dituk Venusen atseginak eta emagaldu lotsagarri batenak, heure etxea eta semeak bazterrera utzirik.

        »— Ixo! Ixo! —erantzun zidaan, hatz erakuslea ahora eramanik, eta ingurura begiratzen zian, guztiz ikaratuta, arriskurik gabe hitz egin ote zezakeen edo. —Kontuz! Emakume horrek naturaz haragoko ahalmenak ditik, eta zoritxarren bat erakarriko duk heure buruaren gainera, zuhur hitz egiten ez baduk.

        »— Benetan ari al haiz? —esan nioan—. Zer nolako emakumea da, bada, eme indartsu hori, ostalarien erregina hori?

        »— Sorgina eta igarlea duk —erantzun zian—, zeru sabaia goitik behera erakartzeko gauza, edo lurra airean zintzilik jarri, edo iturriak harri bihurtu, edo mendiak desegin, edo infernuko Mane-ak erakarri, edo jainkoak jaitsarazi, edo izarrak itzali, edo Tartaroari berari ere argi egiteko gai.

        »— Mesedez erregutzen diat —esan nioan—, Ken ezak tragediazko zapi hori, tolesta ezak antzez dekoratua, eta mintza hakit ohiko hizkeran.

        »— Nahi al duk entzun —esan zidaan— haren harrigarriren bat edo beste, edo anitz? Ezen, harentzat denbora-pasa hutsa duk, bere zientziaren adierazgarri ttiki bat besterik ez, grinaz maiteminaraztea, ez bakarrik herrialdeko gizakiak, Indiakoak edo bi Etiopiatakoak, baita antipodak ere. Entzun ezak zer egin zuen lekuko askoren aurrean.

 

        9 »— Haren amorante bat —jarraitu zian— beste batekin joan zuan, eta hitz bakar batez kastore bihurtu zian, piztia horren zoria izan zezan; ezen, animalia horrek bere burua zikiratu ohi dik ehiztarien eskuetan ez erortzeko. Auzoko ostalari bat, eta auzoa zenez kontrarioa ere bai noski, igel bihurtu zian; orain agure gizagaixo hura ardo-kupel batean zabilek igeri, eta, ardoaren hondakinetan murgildurik, bere ahots marrantatsuaz agurtzen ditik, begirunez, garai batean bere ardoa edatera etortzen zirenak. Beste bat, legegizona, emakumearen kontra aritu zela eta, ahari bihurtu zian, eta, orain, horra hor ahari bat auzi gorabeheretan. Bere amorante baten emazte haurdunari, sorginaren kontra irainka ari zela eta, erraietatiko irteera itxi zioan, barnean zeramanari ohiko garapena geldiarazi, eta emakumea betiko haurdun egotera beharturik; eta, denek ateratzen dituzten kontuen arabera, gaixoak zortzi urte zeramatzak sabel puztuaz, eta erdi beharrean dagoen elefantea zirudik.

 

        10 »— Horien atzetik —segitu zian— beste biktima asko etorri zenez, jendea gero eta haserreago jarri zuan, eta hor erabaki zitean hurrengo egunean harrika egingo ziotela gupidarik gabe. Hark aurrea hartu zian, ordea, bere sorgin ahalmenak erabiliz, eta Medea ospetsuak bezala jokatu, zeinak, Kreonengandik egun bateko luzapena eskuratu eta gero, koroa bati su eman, eta horren garrez errege zaharraren etxe osoa erre baitzuen, agurea eta alaba bertan zirela; halatsu Meroek ere, duela gutxi mozkor zegoelarik aitortu zidanez: hilobi baten gainean zenbait sorginkeria egin eta gero, denak itxita utzi omen zitian, bakoitza bere etxean; bi egun osoz ezin izan zitean ezta sarrailarik hautsi ere, ez aterik orpotik atera, ez hormari zulorik egin; azkenean, elkarri hitz eman eta gero, gauzarik sakratuenagatik zin egin zitean, inork ez ziola gainean eskurik jarriko, eta, norbait horretan saiatuz gero, babesa eta laguntza eskainiko ziotela sorginari. Horrela soilik baretu zuan, eta hiri osoa askatu zian. Eta, gau batez, ehun miliako bidean bidali zian matxinada hura asmatu zuena, bere etxe eta guzti, zegoen-zegoenean —bahituta, eta bere horma, lur-zati eta zimenduekin, alegia—, beste hiri bateraino, zeina harkaitz malkartsu baten gainean eraikia baitzegoen, urik eta ezer gabe noski; eta, hiri hartako eraikuntzak elkarren ondo-ondoan zeudenez, eta etorkin berriarentzat ez zegoenez, bada, lekurik, etxea hiriaren ate aurrean jaurti, eta ospa egin zian.

 

        11 »— Sokrates adiskidea —esan nioan—, gauza harrigarri bezain ikaragarriak kontatzen ari hatzait; neu ere kezkarazi nauk, eta ez gutxi, arrunt izutu nauala ez esateagatik. Lantza sartu didak, kezkaren arantza bainoago; ea atso horrek gure elkarrizketa honen berri jakiten duen bere ahalmenen baten bidez. Etzan gaitezen lehenbailehen eta, loaren nekea arindu bezain azkar, ihes egin dezagun hemendik ahal bezain urruti, egun-argiaren zain egon gabe.

        »Horrela mintzatzen ari nintzaion bitartean, Sokrates onbera hura, lo seko geraturik, zurrungaka hasi zuan, ezohiko ardo-zurruten eta neke luzearen ondorioz. Nik atea itxi, eta maratila estutu nian; ohantzea atearen kontra-kontraraino eraman, horrela inoren sarrera eragozten nuelakoan, eta ohe-gainean etzan ninduan; hasieran, izuak hartura nengoenez, ez nian begirik itxi denbora luzez; gero, ia hirugarren esna aldiaren garaian, itxi nitian pixka bat begiak. Lo hartzea besterik ez nian egin, eta hor zabaldu duk atea, edozein lapurrek egingo lukeen baino askoz gogorrago; zabaldu ez, goitik behera etorri baizik, eusgarriak hautsi, eta orpoak bere lekutik etenda. Ohantzea, motz samarra izateaz gain, herrena eta pipiak joa zuan, eta hor zoak lurrera, hauts eginda bultzadaren gogorrez; neu ere han atera ninduan ohantzetik piririka eta, ohea hankaz gora lurrera irauli zenez, haren azpian eta babesean gelditu.

 

        12 »Orduan jabetu ninduan zenbait barne-zirrara uste ez bezala kanporatzen dela, oso maiz gertatzen baita pozez negar egitea; bada, ni, une larri hartan, barreari ezin eutsirik jarri ninduan, neure burua Aristomenes izatetik dortoka izatera aldatu zela ikusi nuenean. Eta, lur-hil lohiaren kontra zapalduta, ohantzearen babes zuhurraren pean, zer gertatzen ari ote zen zeharka begira jarri, eta bi atso adinean aurreratuak ikusi nitian; haietako batek kriseilu izekia zeramaan; besteak, belakia eta ezpata biluzia. Tresna horiek aldean zituztela, Sokratesen alde banatan jarri zituan, lo segitzen baitzuen hark. Ezpata zeramana honela mintzatu zuan:

        »— Hortxe daukan, Pantia ahizpa, ene Endimion maitea, Katamitus enea, hainbat egunez eta gauez nire gaztetasunari irri egin diona; horra hor, nire maitasunari uko egin eta nitaz gaizki esaka aritu dena, eta, gainera, ihesi joateko prestatzen ari dena. Antza denez, ezin espero dinat nik, Ulises zuhurrak abandonaturiko Kalipso berri honek, neure bakardade betikoan negar egitea besterik.

        »Besoa luzatu, eta lagun Pantiari ni seinalaturik, zera erantsi zian:

        »— Beste hori, berriz, Aristomenes on hori, ihes egiteko burutazioa izan zuen aholkulari hori, heriotzatik hain hurbil dagoen hori, guztia ikusten ari dun, lurrean erorita eta bere ohantze azpian etzanda, eta egin dizkidan irainak ordainik gabe geratuko direla uste din. Egunen batean damuarazi egingo dinat, lehen zipoka aritu, eta orain begiluze izateagatik... Zer, egunen batean?... Ez... Berehala, edo hobe oraintxe bertan.

 

        13 »Hitz horiek aditzean, honako errukarri hau izerdi hotz batek jota geratu zuan, eta halako moduan jarri zitzaizkidaan erraiak ikaran, ezen ohantzea ere dantzan hasi baitzen etengabe nire bizkar gainean, nire neure dardarak eraginda. Pantia atsegin hark, orduan:

        »— Aizan, ahizpa —esan zian—, hasiko al gara hori zati-zati egiten, bakanaletan bezala, edo lotu egingo al dugu, behar bezala zikiratzeko?

        »Orduan Meroe mintzatu zuan (itxuragatik bera iruditu zitzaidaan, Sokratesek esandakoaren arabera):

        »— Aitzitik; utz dezagun bizirik, norbaitek beste gizagaixo horren gorpuaren gainera lur pixka bat pila dezan bederen.

        »Eta Sokratesen burua beste aldera jiratu eta gero, ezpata osoa sartu zioan giderreraino lepoaren ezker aldetik, eta zauritik isuritako odola kontu handiz bildu zian ontzi ttiki batean, tanta ttikienaren zipriztinik ere galtzen utzi gabe. Neure begi hauekintxe ikusi nian hori guztia. Gero, biktima baten sakrifizio handietan bezala gerta zedin edo, Meroe ezti hark eskuineko eskua sartu zioan zauri hartan barrena, eta arretaz arakatu erraien hondorik hondoeneraino, harik eta nire lagun gizagaixoari bihotza atera zion arte. Eta lagunak lanturu egin zian armak indarrean zulatutako ebakitik, edo, hobeto esanda, hasperen ahul bat, eta azken arnasa eman zian. Bitartean Pantiak, ebaki haren erretenik handiena belakiaz estalirik, esan zian:

        »— Belaki, belaki: itsasoan jaioa haiz, eta debeku dun ibaian gora egitea.

        »Horrela mintzatu zuan eta, alde egiterakoan, ohantzea gainetik kendu zidatean eta, nire aurpegiaren parean pikotxean jarririk, maskuria hustu ez zidatek, bada, eta gernu likitsez blai egin!

 

        14 »Ate-zulotik igarotzea besterik ez zitean egin, eta hor non ateak, inolako matxurarik gabe, zutitzen eta beren lehengo lekura joaten hasi diren; orpoak beren zuloetan sarturik, ohol indargarriek beren lekua hartu, eta sarrailak beren lekuetan itxi zituan berriro. Nik, ordea, han segitzen nian, lehen bezala lurrean etzanda, indarrik gabe, biluzik, izoztuta eta gernutan blai eginda, amaren sabeletik mundura etorri berri bat bezala; hobeto esateko, erdi hilik nengoan, ez ninduan neure izatearen hondar eta hondakina besterik, gurutzean hiltzeko aukeratu ziurra.

        »— Zer gertatuko zait niri —esaten nioan neure buruari—, goizean gizon hori zintzurra ebakita agertzen denean? Nik egia adierazita ere, nori irudituko zaizkio sinesgarri nik esandakoak? Gizon mardula izanik, emakume bati aurre egiteko gauza izan ez bahaiz, gutxienez deiadar egin hezakeen laguntza eske. Gizon bati heure aurrean zintzurra ebaki ziotek, eta hi isilik? Gainera, nola ez duk heuk ere bizia galdu horrelako hilketa batean? Nola utzi dute, horrelako ankerkeria baten ondoren, hilketa-seinaleen lekuko bat? Lehenago heriotza saihestu duanez, itzul hadi haren baitara.

        »Burutazio horiek buruan jiraka, gaua ezabatzen ari zuan egunaren etorrerarekin. Horrela, bada, goiz argia baino lehen isilean ihes egitea eta, itsumustuan badarik ere, bidean abiatzea iruditu zitzaidaan erabakirik egokiena. Eta neure fardeltxoa harturik, giltza sarrailan sartu, eta hor saiatu nauk irekitzen; baina ate obedikor eta fidel hura, gauean bere gisa askatu zena, lan eta neke askoren ondoren zabaldu zuan, giltzarekin behin eta berriz saiatu eta gero.

 

        15 »— Aizak, non hago? —galdetu nian—. Irekidak ostatuko atea; egun argia baino lehen irten nahi diat!

        »Atezainak, berriz, sarrerako ate atzean lurrean etzanda, eta artean erdi lotan:

        »— Nola? —erantzun zidaan—. Ez al dakik lapurrez josita daudela bideak? Gaueko ordu ttikietan bidean abiatuko haiz, bada? Hilketaren baten erantzule haizelako-edo heriotzaren bila bahabil, hoa, neuk behintzat ez zaukaat-eta buruaren ordezko kuia bat, higatik heriotzaren bila hasteko.

        »— Egun argia ez duk urruti —erantzun nioan—. Gainera, lapurrek zer kenduko ziotek hain bidaiari behartsuari? Ez al dakik, ergel horrek, hamar gladiadorek ere ezin diotela ezer kendu esku-hutsik doanari?

        »Atezainak, logale handiz eta erdi ametsetan, bestaldera jiratu, eta esan zian:

        »— Eta nola dakit nik ez dioala zintzurra ebaki atzo hona ekarri huen heure bidelagunari, eta ez habilela ihes egiteko asmoz?

        »Une horretan, ondo gogoratzen diat oraindik, lurra oinpean zabaldu zitzaidala ikusi nian; han zegoan, hondoan, Tartaroa, eta Zerbero zakurra bertan ni jateko prest. Eta jakin nian Meroe on hark ez ninduela errukiagatik libratu zintzurra ebakitzetik, ankerkeriaz baino, gurutzerako gordea baininduen.

 

        16 »Logelara itzulirik, beraz, neure buruaz beste egiteko modurik azkarrena asmatzen has, ninduan. Hala ere, Fortuna jainkosak ohantzea beste armarik jarri ez zidanez eskura, ohantzeari mintzatu nintzaioan:

        »— Ohantze, ohantzetxo, ene bihotzeko ohantze hori, nirekin batera hainbeste mindura eraman dunan hori: heuk dakizkin bart gauean hemen gertatu direnak, heu haiz, salatuko banindute, nire errugabetasunaren laguntzan dei dezakedan lekuko bakarra; emadan, bada, arma egoki bat, hildakoen egoitzara arin joan nadin.

        »Eta, hori esanik, ohantzea osatzen zuen soka askatzen hasi ninduan; leihopean kanporatuta zegoen habe bati lotu nioan sokamutur bat; urka-bilur sendoa egin nian beste muturrean; gero, ohe gainera igo eta, neure buruaren galera besterik opa gabe, lepoa sartu nian lakioan. Oina jarrita neukan euskarriari beste oinarekin bultzatu nionean, ordea, pisuak berak lakioa lepo inguruan estuturik arnasa eten ziezadan, tirazoarekin ez duk, bada, soka zahar eta ustel hura ustekabean eten... Han erori ninduan behera, nire parean zetzan Sokratesen gainera, hain zuzen, eta piririka lurrera joan ninduan, harekin batera.

 

        17 »Eta une hartantxe atezaina sartu zuan gelan, oihu batean:

        »— Non hago, bart ordu txikietan irteteko hainbesterainoko presa duen hori, estalki artean zurrungaka?

        »Bat-batean esnatu eta, agian nire erorketaren kolpeagatik, agian gizon haren deiadar gorgarriengatik, Sokrates jaiki zuan aurrena, eta esan zian:

        »— Ez dik arrazoi faltarik horrelako ostalariei gorroto dien bidaiariak. Unerik desegokienean sartu duk gogaikarri hau hemen, zerbait eraman ote zezakeen usainean-edo; eta horren oihuengatik irten nauk lorik sakonenetik, oraindik oso nekaturik egonik ere.

        »Ni pozik eta gogotsu altxatu ninduan, ezusteko zorion harekin bete-bete eginda.

        »— Hemen daukak, atezain fidel horrek, hemen daukak nire lagun eta anaia; hemen, gauean nik hil nuela esaten huen hura, mozkor-mozkor eginda, jakina.

        »Eta, hori esaten nion bitartean, Sokratesi musuka eta besarkadaka ari nintzaioan. Hura, ordea, Lamia haiek erantsi zidaten kirats nazkagarria aditurik, beragandik gogor atzera bultzatu, eta honda mintzatu zitzaidaan:

        »— Ken hortik! Gorotz-zulorik narrasenak baino kirats txarragoa daukak nazkagarri horrek.

        »Eta usaingaizto hari buruz galdezka hasi zuan. Nik, ordea, txantxetako gauza zentzugabe bat asmatu eta, hura oharkabetu eta gaia aldatzeko, eskua gainean jarri, eta esan nioan:

        »— Zergatik ez dugu alde egiten, goiz-ibilaldi batez gozatzera?

        »Nire fardeltxoa harturik, ostalariari egonaldia ordaindu, eta bideari ekin genioan.

 

        18 »Bide puska bat egina genian; irten berria zuan eguzkia, eta guztia argitzen zian bere errainuekin. Nik jakin-min arretatsuz begiratzen nian nire lagunaren lepoa, ezpata sartzen ikusitako aldetik, eta nire buruari esaten nioan: "Ergel hori: mozkorraren ametsak izango zituan hik ikusitako ikaragarrikeriak. Hortxe daukak heure Sokrates, ezer gabe, onik eta osorik. Non dago, bada, zauria? Non belakia? Non, azkenik, zauriaren hain arrasto sakon eta berria?". Eta honela mintzatu nintzaioan:

        »— Ez dituk alferrik mintzatzen hitz zuhurreko medikuak, diotenean ezen jatekoz eta edatekoz lepo beteriko urdailak amesgaizto eta tragediak ametsarazten dituela; horrela, atzo edanean tentuz ibili ez nintzenez, gau izugarria pasatu diat nik, eta irudi beldurgarri eta lazgarriak agertu zaizkidak; orain bertan ere giza odolez zikinduta eta zipriztinduta ikusten diat neure burua.

        »Hark, orduan, honela erantzun zian irribarrez:

        »— Odolez ez, gizona, pixez baizik. Nik neuk ere egin diat amets: zintzurra ebakitzen ari zitzaizkidala iruditu zaidak, min zorrotza nabaritu baitut hemen, lepoan, eta bihotza ateratzen ari zitzaizkidala ere uste izan diat. Oraintxe bertan ere hauspoa falta zaidak, hankek dardara egiten zidatek, ia ezin nauk ibili, eta zerbait jateko beharra nabaritzen diat, suspertzeko.

        »—Har ezak; hementxe daukak gosaria prest —esan nioan, nire bizkarretik zakutxoa jaisten nuen bitartean; gero, gazta eta ogia eskaini nizkioan, eta erantsi: —Eser gaitezen platanondo horren itzalean.

 

        19 »Hori eginik, neuk ere gauza bera hartu nian, eta, nire lagunak zeukan jangura ederrari begira nengoela, hor ikusten diat aurpegia bere onetik dihoakiola, indarge, eta ezpela baino horiago jartzen ari dela. Hainbesteraino hartu zian hilotzaren itxura, ezen, ikaraturik, eta gaueko Furia haiek gogora ekarririk berriro, eztarrian trabatu egin zitzaidaan lehen ogi-ahokada, eta ez atzera ez aurrera gelditu, oso ttikia zen arren. Eta inguruan inongo ibiltaririk ez ikustea zuan nire izua areagotzen zuena, ezen, nork onartuko zuen bi lagunetako baten heriotza, bestea erruduntzat jo gabe?

        »Sokratesek, bere aldetik, nahikoa jan eta gero, egundoko egarria izan zian; gaztaren erdia gogotsu irentsia zian, eta, platanondotik ez oso urrun, errekasto bat aintzira bezain barea zihoaan leun eta mantso, eta zilarraren eta beiraren antza hartzen zian haren koloreak. Orduan, esan nioan:

        »— Aizak; ase ezak heure egarria iturri horretako ur esnetsuan.

        »Zutitu duk, bada, bilatu dik urertzean lekua, eta, egarri, edatera belaunikatu duk. Ez zian uraren azala ezpainez ukitu besterik egin, eta hor non zeharo ireki zaion lepoko zauria, zabal eta sakon, eta has] den belakia bat-batean irteten, eta odoljario ttiki bat hurrena. Haren gorputz hilotza errekara eroriko zuan, hanka batetik eutsi izan ez banio; gero, urertzean gora eraman nian nahikoa nekez, arrastaka. Eta han, egoerak agintzen zuen eran nire lagun gizagaixoagatik negarrez aritu eta gero, lurperatu egin nian betiko, lur hareatsu hartan eta errekatik hurbil. Ni neu, dardara batean eta neure buruaz oso kezkatuta, ihesi abiatu ninduan bide apartatu eta bakartietan zehar, neure baitan hilketa baten zama banerama bezala; neure herrialdea eta etxea utzi ditiat, neronek aukeraturiko erbestearen bila. Gaur egun Etolian bizi nauk, berriro ezkondurik».

 

        20 Horrela mintzatu zen Aristomenes. Orduan haren lagunak, hasieratik ari baitzen kontakizuna gaitzesten sinesgogor baino sinesgogorrago, erantzun zion:

        — Ez zagok ipuin hori baino ipuinagorik, gezur hori baino zentzugabekeria handiagorik —eta, nigana jiraturik, jarraitu zuen: —Eta hik, gizon ikasiaren itxura eta jokaera duan horrek, egiazkotzat jotzen al duk ipuin hori?

        — Nire ustez —erantzun nion—, ez zagok ezer ezinezkorik, eta hilkorroi patuaren agindura gertatzen zaizkiguk gauzak. Ezen, bai niri, bai hiri, bai gizaki guztiei, gauza harrigarriak eta ia inoiz jazo gabeak gertatzen zaizkiguk, eta gauza horiek ez dakizkienari adieraziz gero, sinestezinak egiten zaizkiok. Eta, ala Herkules, horko horri sinetsi ez ezik, eskerrak ere eman nahi zizkioat, kontakizun gozoaren xarmaz atsegina eman digulako, ezen, horri eskerrak, neke eta asperrik gabe iritsi nauk aldapa luze eta malkartsu honen amaierara. Nire zaldia bera ere pozik dagoela iruditzen zaidak egin digun mesedeaz, zeren, berarentzat zama nekagarri izan gabe, hiri honen sarreraraino heldu bainaiz, ez haren gainean, eta bai neure belarrien eraginez.

 

        21 Horrekin amaitu ziren gure arteko elkarrizketa eta bidaia. Bi lagun haiek ezkerretara hartu zuten, handik hurbil zegoen landetxe ttiki baterantz. Ni, aldiz, hirian sartzerakoan ikusitako lehen ostatura inguratu nintzen, eta berehala galdetu nion atso ostalariari:

        — Hiri hau Hipata al da?

        Hark buruaz baiezkoa egin zuen.

        — Ezagutzen al duzu Milon —jarraitu nuen—, lehen mailako hiritarra?

        Hark barre egin zuen, eta erantzun:

        — Bai, noski. Hemen lehen mailakotzat jotzen diagu Milon, harresitik kanpora bizi baita, hiriaren aurre-aurrean.

        — Andere on hori —erantzun nion—; utzi txantxak eta esadazu, mesedez, zer nolako gizona den, eta zein etxetan bizi den.

        Orduan, atsoak:

        — Ikusten han urrun leiho batzuk, hiriari kanpo aldetik begira? Ikusten, gainera, ate bat, beste muturrean, ondoko kale-zuloari dagokiona? Bada, hantxe bizi duk Milon hori, diru eta ondasunetan igeri ibili arren erabat gaitzesten duguna, izan ere gizon zekena eta makur-iluna baita. Halaxe duk; maiz aritzen duk hori lukurrerian, bere buruaren mesedetan, urrea era zilarra beretzat bahituran hartuz. Hortxe bizi duk gelatxar estu baten itxituran, bere aberastu-behar grina eustezin horren morroi, bere mixeria emaztearekin erdibana egiten duela. Etxean ez zaukak neskame gaztetxo bat besterik, eta beti eskalearen antzera jantzita ibiltzen duk.

        Hitz horiei barrez erantzun zuen:

        — A zer onuraz eta arduraz zaindu nauen neure lagun Demeasek, horrelako baten etxea gomendaturik bidaian abiatzera nindoanean, horrenean ez baitut jasan beharrik izango ez laratzaren kerik, ez lapikoen lurrunik.

 

        22 Eta horrela mintzatu eta gero, kalean aurrera poliki nindoala, etxearen sarrerara hurbildu, eta estu-estu itxitako atean joka eta deika hasi nintzen. Azkenean, neska gazte bat irten zen:

        — Aizu —esan zidan—, atea hain gogor joka ari zaren hori: zer bahituraren ordainetan nahi duzu dirua? Urrea eta zilarra beste bermerik ez dugula onartzen ez dakien bakarra ote zaitugu?

        Eta erantzun nion:

        — Emadan adur hobeagorik, eta esadan ea etxean aurki dezakedan hire nagusia.

        — Jakina —ihardetsi zidan neskatxak—. Baina zergatik egiten didazu galdera hori?

        — Korintoko Demeasek idatzitako gutun bat zekarkionat.

        — Zure berri ematen diodan bitartean —esan zidan neska gazteak— itxaron iezadazu hortxe.

        Eta, esan bezain laster, barrura sarturik, berriro sarrailak itxi zituen. Handik pixka batera itzuli, atea zabaldu, eta esan zidan:

        — Nagusiak sartzeko erregutzen dizu.

        Barrura sartu nintzen, eta hantxe aurkitu nuen, etzaleku ttiki-ttiki batean jartzera zihoan unean, afaltzeko asmoz.

        Emaztea haren oinetara jarririk zegoen, eta mahai huts bat zeukaten prestaturik. Hura erakutsi, eta esan zidan:

        — Hona hemen nik eskain diezaakedan harrera.

        — Ondo zagok —erantzun nion, eta Demeasen gutuna eman nion berehala.

        Azkar irakurri zuelarik, honela mintzatu zen:

        — Eskerrak zor zizkioat nire Demeas maiteari, hain bisitari argiarekin harremanetan jarri nauelako.

 

        23 Gero, bere jarlekua utz ziezadan agindu zion emazteari, eta hantxe esertzera gonbidatu ninduen. Ni, lotsatia izaki, adeitsu hasi nintzaion hitz jario, baina jantzitik heldu, beragana tira, eta esan zidan:

        — Jar hadi hemen, nire ondoan, lapurren beldurrak ez baitigu uzten ekartzen ez eserlekurik, ez behar dugun beste altzaririk.

        Eskatzen zidana egin nuen. Eta honela jarraitu zuen hizketan:

        — Hire gorputzaren itxura dotoreagatik eta hire apaltasun benetan xaloagatik, nik neronek asma zezakeat, oker egoteko batere beldurrik gabe, jatorri leinargikoa haizela. Bestalde, nire lagun Demeasek bere gutunean baieztatzen zidak hori. Beraz, erregutzen diat ez dezaala arbuia gure etxola txiroaren babes apala. Hor alboko gela izango duk hire egoitza txukuna. Izango ahal haiz gustura gurean! Hire bisitarekin guri ohore eginez, ez diok etxe honi ohore handiagoa soilik emango, heuk ere gorespenezko titulua eskuratuko baituk, baldin eta, ostatu deusez batean pozik egonez, Teseo (heure aitaren izen berekoa, hain zuzen) ospetsuaren bertuteen pare jartzen bahaiz, zeinak ez baitzuen Hekale atso zaharraren ostatu apala arbuiatu.

        Gero mirabetxoari deitu, eta esan zion:

        — Fotide, har ezan bisitariaren fardela, eta jar leku seguruan, gela hartan. Atera itzan berehala ukendua, lehortzeko zapiak eta beharrezko guztia arasatik, eta eraman ezan nire bisitaria gertueneko bainutegira, akitu samarra zagon-eta bere ibilbide luze eta neketsuagatik.

 

        24 Hori entzunik, eta Milonen izaera eta zekenkeria kontuan, haren begikoago egin nahi, eta erantzun nion:

        — Ez diat horrelakorik behar, aldean eraman ohi ditiat eta nire bidaia guztietan. Eta bainutegiari dagokionez, aise moldatuko nauk non dagoen jakiteko. Benetan kezkatzen nauena, alde handiz, honaino hain prestu ekarri nauen nire zaldia duk. Fotide, har itzan txanpon urri hauek, eta eros iezaion belar ondua eta garagarra.

        Hori eginik, eta esandako gelan bidaia-fardela gorde eta gero, bakarrik joan nintzen bainutegira. Eta, aurretik geure afarirako zer edo zer erosi nahi nuenez, azokara abiatu nintzen. Attain zoragarriak ikusi nituen han; prezioa galdetu, saltzaileak ehun sestertzio eskatu, eta nik, tratuan luze aritu eta gero, hogei denariotan erosi nituen azkenean.

        Azokatik irtetera nindoan une berean, hor non egin dudan topo Pitiasekin, Atikako Atenasen nire ikaskide izandako batekin. Ni ezagutzean, hainbeste denbora eta gero, adiskide baino adiskideago agertu zitzaidan, eta lagunkiro besarkatu eta musukatu genuen elkar.

        — Luzio, adiskidea! —esan zidan— Ala Polux! Zenbat denbora elkar ikusi gabe. Ala Herkules! Gure maisu Klitio utzi genuenetik. Zertan habil, bada, lurralde hauetan?

        — Bihar jakingo duk —erantzun nion—. Baina, zer da hori, ordea? Zorionak eman behar dizkiat, aginte-makila, liktore eta guzti baihator eta, ezbairik gabe, magistratu baten itxura osoa daukak.

        — Azokako gauzen arduradun gaituk esan zidan—, eta edil agintea zaukaagu; zer edo zer erostekotan baldin bahabil, heure esanetara gauzkak.

        Nik ezetz esan nion, nahikoa arrain erosia bainuen afarirako. Pitiasek, ordea, nire saskitxoari begiratu, arrainak bere begien aurrean zabaldu, eta galdetu zidan:

        — Zenbatean erosi dituk hondar hauek?

        — Nahikoa lan izan diat —esan nion— arrantzale bat hogei denariorekin konformatzen.

 

        25 Hori entzunik, eskuin besotik heldu, eta irten berria nintzen azokara eraman ninduen berriro, eta galdetu zidan:

        — Hauetako nori erosi diok huskeria hori?

        Bazter batean eserita zegoen aguretxo bat seinalatu nion. Orduan, ahots gogorrez errieta egin, eta bere edil-agintea erakutsi zuen:

        — Arraioa! —egin zion oihu—. Ez ote diezue inolako begirunerik ezta gure lagunei ere, eta, oro har, geure bisitariei, ezen neurriz gorako prezioa jartzen diezue hain balio urriko arrainei? Zer egin nahi duzue hiri honekin, Tesaliako lore eta mamiarekin: janariak garestiegi daudela eta, basamortu, haitz bakarti bihurtu, ala? Ez zarete, bada, zigorrik gabe libratuko. Agintzen diat agindu, larrutik ikasi behar duala nola zuzentzen dudan ondradu ez jokatzea.

        Nire saskitxoan zegoena denen aurrean lurrera jaurtirik, udaltzainari agindu zion arrainak hankapean zanpa eta txiki-txiki egin zitzala. Bere jokaera zorrotzarekin harro, niri handik kentzeko gomendatu, eta hauxe erantsi zuen nire lagun Pitiasek:

        — Aski diat, Luzio lagun, zahar gizagaixo horri egin diodan irain ikaragarriarekin.

        Gertaturikoaz harri eta zur, bainutegira joan nintzen, ez diru eta ez afari nire ikaskide jakintsuaren kemen eta zuhurtziari esker. Bainua hartu eta gero, berriro Milonen etxera itzuli nintzen eta, horren ondoren, neure gelara.

 

        26 Eta hona non Fonde mintzo zaidan:

        —Nagusiak zutaz galdetzen du.

        Nik, alabaina, ezaguna nuen Milonen neurritasuna, eta kortesiaz desenkusatu nintzaion, esanez loa behar nuela janaria bainoago, bidaiaren nekea arintzeko. Aitzakia hori jakitean, Milon bera etorri zitzaidan bila, eta, bere eskuin eskua sorbalda gainean jarriz, ni eramaten saiatu zen, nire gogoaren kontra. Ni ezezkoan ari nintzelarik, desenkusaka eta neureari kortesiaz eutsiz, erantsi zuen:

        — Ez nauk, bada, hemendik joango, nirekin hatorren arte.

        Bere hitzekin batera zin egin zuen eta, bere egoskorkeriaz nire ezezkoa haustea lorturik, hor narama bere etzaleku kaskarreraino, nahi baduk eta nahi ez baduk, eta eseri bezain laster, galdetu zidan:

        — Nola dabil gure lagun Demeas osasunez? Eta haren emaztea? Eta seme-alabak? Eta etxeko mirabeak?

        Haren galderei erantzuna eman nien, puntuz puntu. Orduan, jakin-min handiagoz, nire bidaiaren arrazoiak galdetu zizkidan. Horiek zehatz adierazi, eta nire herrialdeari buruzko galderak, hango pertsonaia nagusiei buruzkoak, eta baita gobernadoreari berari buruzkoak ere, egin zizkidan gero.

        Jabetu zenean hain bidaia neketsuaren akidurak eta hain berriketa ugariaren nekeak loa eragiten zidatela elkarrizketaren erdian, eta, erabat akiturik, taxurik gabeko hitzak totelka alferrik saiatzen ari nintzela, azkenean etzatera joaten utzi zidan.

        Alde egin nuen, noizbait, agure gogaikarriak eskaini zidan hitzezko ez beste ezerezko oturuntza hartatik. Gero, neure gelara itzulirik, atseden irrikituari lotu nintzaion, logalez lepo, ele soilak afaldu eta gero.

 

 

 

© Luzio Apuleio

© itzulpenarena: Anjel Lertxundi, Juan Kruz Igerabide

 

 

"Luzio Apuleio / Urrezko astoa" orrialde nagusia