SARRERA GISA

 

        Kontzientearen eta inkontzientearen arteko tenkatzat jo du Marie Louise Von Franz-ek Apuleioren Urrezko Astoa. Eta inkontziente hori omen da istorioaren haria benetan aurrera daramana, istorioaren lilura eta erakargarritasuna sortzen duena. Eta inkontziente hori amatasunarekin loturik omen dago; amatasun horretan datza, nonbait, Luzio protagonistaren alde ezkutua, metamorfosiak eta gertaera harrigarriak jasanarazten dizkiona eta, azkenean, istorioaren amaieran, Isis jainkosaren itxurapean, irtenbidea eskainiko diona. Osiris, aitaren aldea, gero agertuko da, istorioa osatzera, baina istorio horrek, benetan, Isis-en parte hartzearekin aurkitzen du irtenbidea. Beraz, bi indar oinarrizko daude liburuan zehar, eta indar emea da horko arte-lanaren sortzaile nagusia, Von Franz-ek esandakotik atera daitekeenez.

        Amak ama eta aitak aita, Apuleio Madaura-n jaio zen, Kartagotik hurbil, familia aberats batean, Kristo ondorengo 125. urtean, gutxi gora behera; Pax Romana entzutetsuaren garaikoa da, beraz. Garai hartako bakea eta erosotasuna, ordea, ez ziren Erromaren hondamendiaren aitzin-seinale baizik, inperioa zurruntzen eta giroa usteltzen hasia baitzen, Apuleiok berak bere istorioan argi asko erakusten duenez.

        Apuleio gazteari heziketa aberatsa eskaini zion familiak; grekoa, latina eta oratoria oso gazterik ikasi zituen. Gero, Greziara joan zen, Gaius platonikoarekin filosofia ikastera; poesian, astronomian, musikan, dialektikan eta abarretan ez zen atzera geratu Apuleio gaztea, eta esan daiteke garai hartako jakituriaren ikuspegi osatu bat bereganatu zuela. Formazio zientifiko-artistikoari, gainera, erlijio anitzen ikasbideak gehitu zizkion; nolabait esateko, erlijio konparatuaren ikasketa sakonak egin zituen, baina ez bakarrik teorikoak, praktikaz erabat bustiak baizik. Ekialdeko eragina zuten erlijio praktika anitz horiek Urrezko Astoa-n berebiziko zantzuak utzi zituzten.

        Bere burua osatu samartzat jo duenean, hor doa Erromara. Han legegizon lanetan aritu zen. Baina, mutila bidaiaria izan, eta han joan zen Alexandriara ere, garai hartako kultur gunerik distiratsuenera (gainera, Erromaren kontrako joera intelektual nabarmena bizi zuten hiri hartan). Bidaia horren zantzuak ugariak dira itzuli dugun liburuan. Alexandrian Pudentila izeneko emakume heldu aberats batekin ezkondu zen, eta gorabehera asko gertatu zitzaizkion ingurukoekin (ez bere emaztearekin, zeinak laguntza paregabea eskaini baitzion). Apuleio salatu egin zuten, aztikerian aritzen omen zela eta. Epaiketan bere buruaren defentsa egin zuen, eta defentsa hura Apuleioren idazki ospetsu bihurtu zen.

        Apuleio gizon heldua Kartagora itzuliko da bizitzera, eta han beteko du bere eginkizuna, Erromara karrera egitera —idazle eta intelektual ospetsu gehienak bezala— joateari uko eginik. Kartagon hizlari eta jakintsu nagusi bihurtu zen, eta hantxe eskaini zituen garaiko jakintzari buruzko bere idazlanik oparoenak: idatzi zuen filosofiari buruz, idatzi zuen historiaz, medikuntzaz, politikaz, aritmetikaz, musikaz... idatzi zuen literatura eta literaturaz... eta idatzi zuen idatzi, Metamorfosiak edo Urrezko astoa.

        Kontakizuna, Apuleiok berak liburuaren hasieran dioen bezala, greziarren estilokoa da. Greziarren estilo horrek abenturak eta amodio-istorioak biltzen zituen. Gainera, liburuaren ideia ez da originala: lehenagoko liburu greziar batean oinarriturik dago: Patra-ko Luzio izeneko batek ere idatzia zuen asto bihurtzen zen Luzio bati buruzko istorioa; baina, Patra-koa ere ziurrenik lehendik ezagunak ziren pasadizoetan oinarritu bide zen. Literaturaren eta originaltasunaren beste ikuspegi baten aurrean gaude.

        Estiloa eta giroa ere greziarrak ditu Apuleioren liburuak; arintasuna eta ugaritasuna ziren estilo horren ezaugarri nagusiak; bestalde, ez zen erretorika klasikoaren legeetara makurtzen. Eta horri beste zerbait erantsi behar zaio: giro greziar horrek Erromako inperioaren aurrean nolabaiteko kritika eta men egin nahi eza adierazten du. Apuleiok argi eta garbi agertzen ditu inperioko egituraren akatsak, egitura horrek sorturiko ondorioak erakutsiz eguneroko bizitzan. Horretaz gain, liburuan zehar ironia barra-barra aurkituko dugu, batzuetan zuzen-zuzenean nabaritzeko moduan, besteetan keinu fin baten bidez.

        Beste alde batetik, liburuaren giroan erlijiotasunak leku handia hartzen du; kontakizunaren helmuga erlijioaren altzoan jartzeraino. Hala ere, ikuspegi erlijioso horretan iturri asko nahasten dira; greziarren mitologia eta Egiptokoa dira nagusi, eta aztikeriaren, okultismoaren eta zenbait tradizio iniziatikoren aztarnak nonahi sumatzen dira, zein agerian, zein ezkutuan. Eta ezkutuko hari batek ematen dio, hain zuzen, liburuari azalean ez derakusan batasuna eta biribiltasuna. Badirudi kontaketen pilaketa lineal hutsa agertzen dela lehen begirada batean, baina azpian bidaia iniziatiko baten aztarnak nabariak dira: aurrena "descensus ad inferos" moduko beheraldia daukagu, asto bihurtu, eta Fortunaren gorabeheren mende jarririk Luzio; amaieran, goralpen bizkor bat ikusiko dugu, eta protagonista antzaldaturik (asto izaera galdu, eta argitasun berri baten mende) irtengo da bidaia iniziatiko horretatik. Gainera, kapituluen zenbakiak ere kontutan hartzekoak dira. Hamar zenbakiak (1, gehi 2, gehi 3, gehi 4) materiaren zikloa sinbolizatzen du, Pitagorasen eskolaren arabera; hamaikak izpiritualtasunaren aukera adieraziko luke. Hamaikagarren kapitulu hori da, hain zuzen, nobelaren amaierakoa, tonua erabat aldatzen duena; protagonista erabat inozente eta ironiarik gabe agertarazten diguna. Hala ere, azken kapitulu horretan hain da handia inozotasuna (aingeruzko garbitasuna), non garaiko errito iniziatikoei egiten zaien begirada ironikoa ere bai baitirudi.

        Adierazitako bidaia iniziatiko horrek badu erdigune bat, bidaia horrekin zerikusirik ez duela dirudiena: Eros eta Psikeren istorioa. Baina liburuaren erdian kontakizun osoan adierazi nahi diguna beste era batera erakustea besterik ez digu egiten Apuleiok; pertsonaia horiek bi ideien pertsonifikazio dira: arrazoiarena eta amodio-irrikarena, arrazionalitatea eta irrazionalitatea elkarren lehian, elkar hartzera kondenatuak. Liburuan zehar ikuspegi kritikoa nabaria bada ere (arrazoiaren erreinua), handik eta hemendik erakutsi nahi da badaudela beste indar batzuk arrazoiarentzat menderaezinak direnak.

        Azkenik, Apuleiok gordintasun osoz erakusten dizkigu bere garaiko gizartearen alderik kritikagarrienak. Hala ere, narratzailearen jarrera ez da batere etsia. Fortunaren kolperik bortitzenak jasota ere, protagonistak jakin-min izugarria erakusten du, eta bere egoeratik irteteko irrika ez du inoiz galtzen, nahiz kontrako gertakizunak arrapaladan etorri gainera. Protagonista horrek ez du heroiaren jarrerarik, ez: ez du denborarik ere heroiarena egiteko, kalteak bata bestearen atzetik hain abiada bizian datozkiolarik; ez du adorerik aurre egin eta arriskatzeko, ihes egiten du (arriskuak berez agertzen zaizkio, berak bilatu gabe). Antiheroia dugu, beraz, protagonista; baina antiheroi hori etengabeko jakin-minak elikatzen du, eta bidaian ez etsitzeak (bidaian ez etsitzeak edo bizitzeko grinak); eta bidaia horrek, azkenean, badu gorabiderik, eta antiheroiak, nolabait, heroiaren lekua hartzen du istorioaren amaieran. Emetasunaren arlotik sorturiko heroizitatea izango genuke, hasieran adierazi dugun Marie Louise Von Franz-en ikuspegira itzulirik.

        Itzulpenari dagokionez, erregistro ugaritasunak eragin ditu arazo larrienak. Hainbeste erregistro narratibo eta linguistiko uztartzean, estiloaren barrokismoak eta hiztegiaren aberastasunak (erreferentzia historiko-kulturalak etengabe agertzen direla kontutan izanik, gainera) haria galtzeko arriskuan jartzen du itzultzailea. Gainera, kontuan izan behar dugu testu originala ahoz irakurria izateko pentsatua dagoela, eta horrek ohiko literatura idatziaren erregistroak aldatu egiten ditu, eta erretorikoago bihurtzen. Beraz, itzultzaileon arreta batez ere kontakizunaren haria ondo adieraztera zuzendu da, xehetasun filologikoak bigarren mailan jarri ditugularik.

        Liburuaren latinezko testu originalak ugariak dira, izan ere Erdi Aroan behin eta berriz kopiatua izan baitzen Apuleioren hau. Fidagarriena, hala ere, Laurentianus izenekoa jozen dute jakitunek; hori oinarritzat harturik, Robertsonek ezarritako testua erabili du Santiago Segurak bere argitalpenean, eta horixe hartu dugu geure itzulpenerako. Gainera, gaztelerazko itzulpenak ere kontutan izan ditugu, alde batetik Santiago Segurarena bera, bestetik José María Royo-rena, eta beste hainbat.

Juan Kruz Igerabide

Anjel Lertxundi

 

 

 

© Anjel Lertxundi, Juan Kruz Igerabide

 

 

"Luzio Apuleio / Urrezko astoa" orrialde nagusia