OLE BEKAINEKO

 

        Mundu guztian ez da Ole Bekainekok adina ipuin dakienik. Eta zer ipuin kontatzaile ona den, gainera!

        Gauean, haurrak txintxo-txintxo mahaira eserita edo beren aulkitxoetan jarrita daudenean, orduan agertzen da Ole Bekaineko. Galtzerdi hutsik ibiltzen denez, isil-isilik igotzen da etxeko eskaileretan gora, atea poliki-poliki zabaldu, eta, txas!, esne goxoz zipriztintzen ditu haurren begiak, pittin bat bakarrik, hutsa, baina bai haurrek begiei ezin zabalik eusteko eta bera ezin ikusi ahal izateko adina. Ole Bekainekok, haurren atzean ezkutatu, eta gozo-gozo putz egiten die lepondoan, burua astundurik uzteko. Ez die batere kalterik egiten, noski: Ole Bekaineko haurren hobe beharrez aritzen da beti. Haurrak geldi egotea besterik ez du nahi, eta non geldiago ohean sartuta baino? Bai, geldi-geldi egon beharra dute, Ole Bekainekok ipuinik kontatuko badie.

        Halako batean, haurrak lokartu orduko, ohe gainean esertzen da. Apain jantzita dago, sedaz burutik oinetaraino, baina ezin esan zer koloretako arropak dituen, berde-, gorri- eta urdin-koloreko distirak baitarizkie, bera nola mugitzen den. Goardasol bat darama besape banatan: bat, irudiak dituena, haur txintxoen gainean zabaltzen du, eta haurrek ametsik zoragarrienak izaten dituzte gau guztian zehar; bestea, ezer ez daukana, haur gaiztoen gainean zabaltzen du, eta haurrak lozorroan egoten dira, eta amets bat bera ere egin gabe esnatzen dira biharamunean.

        Orain entzungo dugu nola behin Ole Bekaineko, aste betez, gauero-gauero joan zen Hjalmar izeneko mutil batengana, eta mutilari zer kontatu zion. Zazpi ipuin dira guztira, zazpi egun baititu asteak.

 

 

Astelehena

 

        — Badakizu zer? —esan zuen Ole Bekainekok gau batean, Hjalmar oheratu ondoren—. Itxura pixka bat eman behar diot gela honi!

        Eta lorontzietako lore guztiak zuhaitz handi bilakatu ziren, beren adar luzeak sabairaino eta hormetan zehar hedaturik zituztela: gelak hostoperik zoragarriena ematen zuen. Adarrak oro zeuden lorez beterik, eta lore bakoitza arrosa bat baino politagoa zen; oso usain gozoa zerien, eta jaten bazenituen, fruitu melatuak baino gozoagoak ziren. Fruituek urrearen dirdira zuten, eta opilik ere bazen, mahaspasez bete-beterik. Ikusgarria benetan! Eta hara non, bat-batean, atsekabezko intziri batzuk entzuten diren Hjalmarrek eskolako liburuak zituen mahaiko kajoitik.

        — Zer da hau, baina? —esan zuen Ole Bekainekok.

        Joan, eta kajoia ireki zuen. Arbela zen, erabat larrituta; eragiketa batean zenbaki bat oker zeukala eta, egonezinik. Arbel-ziria salto eta brinko zebilen soka-muturretik lotuta, txakur txikiak legez. Eragiketa burutzen lagundu nahi zuen, baina ezin asmatu nola. Hjalmarren idazketa-koadernoa ere aieika ari zen. Bihotza urratzen zuen hari entzuteak! Orri bakoitzean, goitik beherako hurrenkeran, letra larri guztiak zeuden, bakoitzak letra xehe bana zuela alboan, eredua bailiran. Haien ondoan beste batzuk zeuden, aurrekoak antzeratu nahian: Hjalmarrek idatziak ziren. Etzan-etzanda zeuden, azpitik eutsi behar zieten lapitz-marren gainera erori balira bezala.

        — Begira, honela jarri behar duzue! —esan zien ereduak—. Ikusten? Honela, albo batera, arrastada batez!

        — Bai, nahi bai, guk! —esan zuten Hjalmarren letrek—. Baina ezin, hain gaude ahul!

        — Bizkorgarri pixka baten beharrean zaudetela iruditzen zait niri! —esan zien Ole Bekainekok.

        — Ez, ez! Hori ez! —erantzun zuten letrek oihuz, eta tente-tente jarri ziren, ezin tenteago.

        — Ba, ez gara ipuin kontatzen hasiko! —esan zuen Ole Bekainekok—. Instrukzio pixka bat egin beharko duzue! Bat, bi! Bat, bi!

        Eta han ibilarazi zituen letrak, inon den eredurik bikainena bezain tente eta mardul, instrukzioa egiten. Baina Ole Bekainekok alde egin eta Hjalmarrek goizean ikusi zituenean, beti bezain makotuta zeuden.

 

 

Asteartea

 

        Hjalmar oheratu orduko, Ole Bekainekok bere iratxo-xiringaz ukitu zituen gelako altzari guztiak, eta han hasi ziren berehala nor bere buruaz berriketan. Listuontzia, ordea, isil-isilik zegoen, oso haserre, beste guztiek, harroputz haiek, soilik beren buruaz hitz egiten zutelako, soilik beren buruan pentsatzen, bera deusetarako gogoan hartu gabe, nahiz eta hantxe egon, txokoan apal-apal, tu egin nahi bazioten ere.

        Komodaren gainean zintzilik koadro handi bat zegoen; urre-koloreko markoa zuen, eta paisaje bat irudikatzen zuen: zuhaitz zahar tantaiak, loreak belar artean, eta aintzira bat, ibai eta guzti. Ibaia basoaren atzetik eta gaztelu askoren aurretik igarotzen zen itsaso zabalerainoko bide luzean.

        Ole Bekainekok koadroa iratxo-xiringaz ukitu, eta txoriak kantari hasi ziren, zuhaitzak adarrak astintzen, eta hodeiak lerro-lerro pasatzen. Haien itzalak paisajean zehar irristan ikusten ziren.

        Orduan, Ole Bekainekok Hjalmar txikia markoraino jaso bai, eta zangoz aurrera sartu zen Hjalmar koadroan, belar luzea zegoen lekuan hain justu, eta hantxe egon zen, eguzkiak zuhaitzen adar artetik ematen ziola. Gero, aintzirara joan, eta txalupa txiki batean eseri zen. Txalupa zuri-gorriz margotuta zegoen, eta haize-oihalei zilarraren distira zerien; sei beltxargek, urrezko koroa bana lepoan eta izar urdin bana ñirñirka buruan, baso beltzen artetik tiraka eraman zuten. Baso haietako zuhaitzek bidelapurrei eta sorginei buruzko pasadizoak kontatzen zituzten, eta loreak, berriz, elfo txiki maitagarriez eta tximeletek esandako kontuez mintzatzen ziren.

        Diren arrainik politenak, ezkatak zilar- eta urre-kolore, txaluparen atzetik igeri zihoazen. Noizean behin, uretatik jauzika atera, eta plasta! erortzen ziren berriz uretara. Txoriak zihoazen hurrena, gorriak zein urdinak, txikiak zein handiak, bi lerro luzetan hegan. Eltxoak dantzan zihoazen, eta erlastarrak burrun-burrun! esanez. Denek lagundu nahi zioten Hjalmarri bidean, eta denek zeukaten zer kontatua!

        Hura bai ederra, txalupan egin zuten txangoa! Basoak orain ziren sarriak eta itzaltsuak, orain baratzerik zoragarrienak bezalakoak, eguzki-argiz eta lorez beteak, beirazko eta bolizko jauregi handi eta guzti. Jauregietako balkoietan printzesak zeuden; umeak ziren denak, Hjalmarren ezagunak, berarekin jolasean ibilitako neskatxak. Printzesek besoa luzatu, eta azukrezko txerritxoak erakusten zituzten eskuan, gozogile batek sal ditzakeen goxoenak. Haien aurretik itsasontziz igarotzean, Hjalmarrek mutur batetik heltzen zion txerritxoari, eta nola printzesak ere tinko heltzen baitzion bestetik, puska banarekin geratzen ziren: printzesa txikienarekin, Hjalmar handienarekin. Jauregi bakoitzean printze txikiak zeuden zaindari, ezpata urrezkoak aurkezten, eta mahaspasak eta berunezko soldadutxoak purraka banatzen. Horiek dira printzeak, horiek!

        Han zihoan Hjalmar ontziz: orain basoetan zehar, orain areto handietan barrena, orain hiri baten erditik. Inudea bizi zuen etxe ondotik ere pasa zen; hark zaindu zuen txikitan, eta oso maite zuen. Inudeak agur egin zion eskuaz eta buruaz, eta kantu polit bat kantatu zuen, berak idatzi eta Hjalmarri bidali ziona:

 

Sarritan, Hjalmar, zaitut gogoan.

Hjalmar laztana, ene maitea!

Musu eman nizun, musu, ahoan,

musu kopetan, ta masailan.

Zure estrain hitza entzun ahala,

esan behar, ai!, adio ta agur.

Jainko gureak gorde zaitzala,

Haren baitako aingerua zu!

 

        Eta txori guztiek harekin batera kantatu zuten, loreek zeinek bere zurtoinean dantza egin zuten, eta zuhaitz zaharrak buru-makurtuak eginez hasi ziren, haiei ere Ole Bekaineko ipuin kontatzen aritu izan balitzaie bezala.

 

 

Asteazkena

 

        Ibaika ari zuen euria kanpoan! Hjalmarrek ametsetan entzuten zuen nola ari zuen, eta Ole Bekainekok leihoa zabaldu zuenean, leiho-barreneraino iristen zen ura. Benetako aintzira bat zen, baina barkurik bikainena zeukaten etxe aurrean.

        — Hjalmar txiki, nahi al duzu barkuz ibiltzera etorri nirekin? —galdetu zuen Ole Bekainekok—. Gaur gauean atzerrietan ibili, eta bihar goizerako bueltan izango zara.

        Eta bat-batean, barku bikain hartan aurkitu zen igandeetako arropak jantzita. Eguraldiak ere berehala garbitu zuen, eta han joan ziren kale artean. Eliza inguratu, eta itsaso zabalera iritsi ziren halako batean. Hain denbora luzean nabigatu zuten, non begien bistatik galdu baitzuten lurra, eta zikoina-talde bat ikusi zuten, sorlekua utzi eta lurralde beroetara zihoala. Lerro-lerro zihoazen, bata bestearen ondotik, eta oso hegaldi luzea eginak ziren ordurako. Haietako bat neka-neka eginda zihoan, eta ozta-ozta eusten zioten hegalek; azkena zen lerroan, eta atzera gelditu zen luze gabe. Eta azkenean, amildu egin zen, behera eta behera, hegalak zabal-zabal; astindu zituen hegalak bizpahiru aldiz, baina alferrik: hankekin barkuko aparailua jo, oihalean behera irristatu, eta danba!, ontzi gainera erori zen.

        Ontzi-mutilak hartu eta oilategian sartu zuen, oilo, ahate eta indioilarrekin batera. Zikoina gaixoa lotsa-lotsa eginda zegoen.

        — Zer txori-modu da hau? —esan zuten oiloek.

        Eta indioilarrak ahal zuen gehiena harrotu, eta nor zen galdetu zion. Eta ahateek atzera egin zuten, elkarri bultzaka eta builaka:

        — Kaa!, kaa!

        Zikoinak Afrika beroaz eta piramideez hitz egin zuen, eta basazaldia bezala basamortuan lasterka dabilen ostrukaz. Baina ahateek ez zioten tutik ere ulertzen, eta han zebiltzan, elkarri bultzaka:

        — Gaixo hau zozoa baino zozoagoa dela, denak ados, ezta?

        — Bistan da, bai, zozoa dela! —esan zuen indioilarrak, glu-glu eginez.

        Zikoina isil-isilik gelditu zen, Afrikan gogoa.

        — Bai txanka mehe politak dituzula! —esan zion indioilarrak—. Zenbatean da metroa?

        — Kaa, kaa, kaa! —lehertu ziren barrez ahateak.

        Baina zikoinak entzungor egin zien.

        — Egin beza berorrek ere barre pixka bat —esan zion indioilarrak—, ateraldiak merezi zuen eta; ala, agian, arrunkeria iruditu zaio? Glu, glu! Berorrekin berriketa gutxi, ezta? Bakarrik jostatuko gara, ba!

        Eta oiloak karakaka eta ahateak karranka hasi ziren. Zein barregarria iruditu zitzaien! Izugarria da, gero!

        Baina Hjalmarrek, oilategira joan, atea zabaldu, eta zikoinari deitu zion. Zikoina jauzi batean ontzi-gainera atera, eta Hjalmarren aldamenean jarri zen. Atsedena hartuta zegoen ordurako, eta Hjalmarri aurrean makurtzen zitzaiola ematen zuen, eskerrak eman nahiko balizkio bezala. Orduan, hegalak zabaldu, eta han joan zen hegan, lurralde beroetarantz, eta oiloak karakaka, ahateak karranka, eta indioilarra burua gorri-gorri eginda gelditu ziren.

        — Bihar salda egingo dugu zuekin —esan zien Hjalmarrek.

        Eta orduantxe esnatu zen. Bere ohean zegoen. A zer bidaia Ole Bekainekok gau hartan aukeratu ziona!

 

 

Osteguna

 

        — Begira gauza bat! —esan zuen Ole Bekainekok—. Baina ez izutu! Sagutxo bat erakutsi behar dizut!

        Eta eskuan zeraman animalia txiki polit bat erakutsi zion.

        — Zu ezteietara gonbidatzera etorri da. Gaur gauean bi sagutxo ezkonduko omen dira. Lur azpian bizi dira, zure amaren janaritegiaren azpiko horretan. Bizileku bikaina, inondik ere.

        — Baina nola demontre pasako naiz ni lurreko sagu-zulo horretatik? —galdetu zuen Hjalmarrek.

        — Utzi hori nire kontu —esan zuen Ole Bekainekok—. Berehala txikiagotuko zaitut!

        Eta iratxo-xiringaz ukitzeaz batera, txikitzen eta txikitzen hasi zen, hatz bat baino txikiago bihurtu arte.

        — Orain arropak eskatu beharko zenizkioke berunezko soldatutxoari. Poliki emango dizute, eta hain da gauza ederra jende aurrean uniformez jantzita agertzea!

        — Halaxe da, bai! —esan zuen Hjalmarrek, eta begi itxi-ireki batean berunezko soldadutxo lerdenena bezain apain jantzita aurkitu zen.

        — Eser bedi bere amaren ditarean, mesedez —esan zion sagutxoak—, berori eramateko ohorea egin diezadan.

        — Jainkoarren, andereño! Niregatik hainbeste neke hartu beharra ere! —esan zuen Hjalmarrek.

        Eta han joan ziren biak sagutxoen ezteietara.

        Lurrazpian sartu eta pasadizo luze batetik abiatu ziren lehenbizi. Doi-doi kabitzen zen ditarea ardagaiz argitutako bidean.

        — Zer usain gozoa, ezta? —esan zuen sagutxoak, Hjalmar herrestan zeramala—. Pasadizo guztia urdai-gantzez igurtzi dute! Gauza goxoagorik!

        Halako batean, eztei-aretora iritsi ziren: eskuinaldean sagutxo emeak zeuden, txutxu-mutxuka eta irriz, elkarri iseka ari balira bezala; ezkerraldean sagutxo arrak, muturpeko bizarrak hankaz atesatzen; eta erdian, gazta azal-huts baten gainean, senar-emaztegaiak. Musuka elkar jan beharrean ari ziren denen agerian; ezkongaiak baitziren, eta berehala ezkontzekoak, gainera.

        Gonbidatuak erruz zetozen; saguak estu-estu zeuden, ito beharrean, eta ezkongaiak ate-atean nola baitzeuden, ez zegoen ez aretoan sartzerik ez aretotik irteterik. Pasabidea ez ezik aretoa ere urdaiz igurtzita zegoen, beste aho-gozagarririk ezean. Bazkalostean, baina, ilar bat atera zuten, eta sagutxo batek, etxekoa bera, senar-emaztegaien izenak karraskatu zituen ilar-ale hartan; izenak ez, barka, izenaren lehenengo letrak bakarrik. Egundaino halakorik!

        Oso eztei ederrak izan zirela eta mintzagai politak erabili zituztela, bat zetozen sagutxo guztiak.

        Eta, azkenean, etxera eraman zuten berriz Hjalmar. Goi mailako lagunarte atseginean egon zen, bai, baina hartarako, bere burua izugarri txikitu, eta berunezko soldadutxo baten arropak jantzi behar izan zituen.

 

 

Ostirala

 

        — Harrigarria zenbat jende nagusik nahi nauen ondoan! —esan zuen Ole Bekainekok—. Gaizki eginaren harra duten horiek gehienbat. «Ole txikia, Ole maitea —esaten didate—, begiak ezin bildurik gabiltza, eta esna egoten gara gau guztian, gure gaizki eginak ikusten. Inguma gaiztoak bezalakoak dira: ohe ertzean eseri eta ur beroz zipriztintzen gaituzte. Zergatik ez zara haiek uxatzera etortzen, goxo-goxo lo egin dezagun? —eta hasperen sakonak egiten dituzte—. Esan gabe doa, ordaintzeko prest gaudela. Gabon pasa, Ole! Leihoan utzi dizugu dirua». Diruak niri bost, ordea! —esan zuen Ole Bekainekok.

        — Zer egin behar dugu gaur gauean? —galdetu zuen Hjalmarrek.

        — Ba, ez dakit berriz ezteietara joateko gogorik izango duzun..., ez da atzokoa bezalakoa izango. Zure arrebaren panpina handia, gizon bat ematen duen Herman delako hori, Berta anderearekin ezkontzen da. Gainera, panpinaren urtebetetzea da, eta hamaika opari izango da, beraz.

        — Badakit, bai, zer den hori! —esan zuen Hjalmarrek—. Panpinak arropak berritu beharrean aurkitzen diren bakoitzean, urtebetetzea edo ezkontza ospatzen uzten die arrebak. Ehun aldiz gertatu ez bada!

        — Bai, baina gaur gaueko hau ehun eta batgarren ezkontza da, eta behin ehun eta batgarrena pasata, ba, akabo dena, kito! Beraz, gaurko hau ere zoragarria izango da! Begira! Begira!

        Eta Hjalmarrek mahai aldera begiratu zuen. Han gainean kartoizko etxetxoa zegoen, argiak leihoetan, eta berunezko soldadutxo guztiak kanpoan, armak aurkezten. Ezkongaiak lurrean eserita zeuden, mahaiaren hankaren kontra jarrita, pentsakor, eta bazuten, bai, pentsakor egoteko arrazoirik. Ole Bekainekok amonaren gona beltza gainetik jantzi eta ezkondu egin zituen. Zeremonia bukatzean, lapitzak idatzitako ereserki eder hau kantatu zuten gelako altzari guztiek. Doinua, erretretarena:

 

Gure kantu zolia haizea bezala etorki,

ezkongaien gelara sartu da gozo-gozoki.

Zutitu dira biak, makila bezain irmoki;

larru finenaz biak, eginak daude osoki.

Gora larru-makilak! Esan ozenki ta goitik!

Euri nahiz eguzki, kanta dezagun gogotik!

 

        Opariak banatu zizkieten orduan, baina uko egin zieten jateko gauza guztiei. Izan ere, aski zuten beren amodioa.

        — Bertan geratuko gara, ala atzerrira joango gara? —galdetu zuen senargaiak.

        Eta aholku eskatu zioten enarari, bidaia asko egin baititu, eta baita oilo zaharrari ere, bost bider izan baititu txitotxoak. Enarak lurralde bero atsegingarriez hitz egin zien. Han mordo handi astunetan hazten omen da mahatsa, gozoetan gozoena omen da haizea, eta sekula ikusi gabeko koloreak omen dituzte mendiek.

        — Baina hango azak ez dira gureak bezalakoak! —esan zuen oiloak—. Behin kanpoan eman nuen uda, nire txitotxo guztiekin. Bazen han harrobi bat, eta hara joaten ginen aztarrika ibiltzera, eta azak hazten ziren baratze batera sartzeko baimena ere bagenuen. A zer azak hangoak, berde-berdeak! Horren ederrik ez dut behin ere ikusi!

        — Baina berdinak dira eta aza guztiak! —esan zuen enarak—. Eta hemen, gainera, beti eguraldi txarra!

        — Bai, baina ohitu egiten da bat! —esan zuen oiloak.

        — Baina hotz handia egiten du, izozteko modukoa!

        — Horrek mesede egiten die azei! —esan zuen oiloak—. Gainera, beroa ere izaten dugu hemen. Duela lau urte, ez al genuen, ba, bost astez luzatu zen udaldi bat izan? Bero izugarria egin zuen, eta arnasa ezin harturik ibili ginen! Eta, gainera, guk hemen ez dugu han dituzten zomorro pozoitsu horietakorik, ez eta bide lapurrik ere. Gure herri hau politena ez dela dioenak gaiztoa behar du izan! Horrek..., horrek ez du hemen bizitzea ere merezi! —esan, eta negarrez hasi zen—. Ni ere ibilia naiz hor barrena. Hamabi miliatik gora egin ditut upel batean sartuta! Bidaiatzea ez da batere gozoa, ez horixe!

        — Bai, andere zentzuduna dugu oiloa —esan zuen Berta andereak—. Niri ere ez zait batere gustatzen mendian ibiltzea, gora igo beharra gero behera jaisteko. Ez, harrobira joango gara, eta pasieran ibiliko gara aza artean.

        Eta horixe egin zuten.

 

 

Larunbata

 

        — Ipuina kontatuko didazu gaur? —esan zuen Hjalmar txikiak Ole Bekainekok ohean sartu zuenean.

        — Gaur gauean ez dugu astirik —esan zuen Olek.

        Eta zeukan goardasolik ederrena zabaldu zuen haurraren gainean.

        — Begira txinatar hauek!

        Goardasol osoak katilu txinatar handi bat ematen zuen: zuhaitz urdinak, zubi arku-zorrotzak, eta zubien gainean, txinatar txiki-txikiak buru-makurtuak egiten.

        — Dirdirak darizkiola utzi behar dugu mundu osoa biharko —esan zuen Olek—. Jaieguna da bihar: igandea. Eliz dorrera igo behar dut, kanpaiek ondo jo dezaten elizako iratxo txikiak distira ateratzen ari zaizkien ikustera. Eta alorretara ere joan behar dut, haizeak belarretako eta hostoetako hautsak astindu ote dituen ikustera. Baina lanik handiena izar guztiak jaisten eta garbitzen izango dut! Hartu eta mantalaren gainean jartzen ditut, baina, lehenbizi, banan-banan zenbatu behar ditut, bai izarrak eta bai izarrak egoten diren zuloak, zein bere lekura itzuli ahal izateko gero. Bestela, loka geratzen dira, eta horrela, izar iheskor gehiegi izango genuke, erori egingo bailirateke denak, bata bestearen ondotik.

        — Aizu! Entzun ondo, Ole jauna! —esan zuen Hjalmarren logelako horman zintzilik zegoen erretratu zahar batek—. Hjalmarren aitabisaba naiz. Eskerrak eman nahi dizkizut haurrari ipuinak kontatzeagatik, baina ez dezazula burutik nahas, mesedez! Izarrak ezin dira jaitsi; are gutxiago distirarazi. Izarrak globoak dira, gure ludia bezala, eta horixe dute ona, gainera!

        — Eskerrik asko, aitabisaba xaharra, eskerrik asko! —esan zuen Ole Bekainekok—. Zu izango zara familia-burua, buru «tzarra», inondik ere; zu baino zaharragoa naiz ni, ordea! Jentil zaharra nauzu. Erromatarrek eta greziarrek loaren jainkotzat hartu ninduten. Etxe txit leinargietan sartu izan naiz, eta sartzen naiz oraindik ere. Ondo moldatzen naiz bai txikiekin bai handiekin. Beraz, badakizu, konta itzazu zuk ipuinak!

        Eta Ole Bekainekok alde egin zuen, goardasola hartuta.

        — Batek ezin du pentsatzen duena esan ere! —bota zuen erretratu zaharrak.

        Eta orduantxe iratzarri zen Hjalmar.

 

 

Igandea

 

        — Gabon! —esan zuen Ole Bekainekok.

        Hjalmarrek buruaz agurtu zuen, eta jauzi egin, eta hormaz kontra biratu zuen aitabisabaren erretratua, aurreko gaueko erretolikarekin has ez zedin.

        — Orain kontaidazu ipuinen bat: leka batean bizi ziren bost ilarrena, oiloari gortea egiten zion oilarrarena, edo hain fina izaki, jostorratza zela begitantzen zitzaion pasaratzeko orratzarena.

        — Onetik gehiegi, kalterako —esan zuen Ole Bekainekok—. Badut beste zerbait zuri erakusteko: anaia erakutsi behar dizut. Ole Bekaineko izena du berak ere, baina ez da behin baino gehiagotan inorengana azaltzen, eta norbaiti agertzen zaionean, hartu eta zaldi gainera igotzen du berarekin, eta ipuinak kontatzen dizkio. Bi ipuin besterik ez daki: bata hain ederra, ezen ez baita mundu zabalean hura amestu ere lezakeenik, eta bestea, berriz, ezin esan ahala itsusi eta beldurgarria.

        Ole Bekainekok hartu eta leihoraino altxatu zuen Hjalmar, esanez:

        — Horra nire anaia, beste Ole Bekaineko! Herio ere deitzen dute. Ikusten duzunez, ez da irudi-liburuetan bezain higuingarria, dena hezur. Ez, ez, jaka zilarrez brodatua du. Husar uniformerik zoragarriena du, belusezko kapa beltza haizetara duela zaldiaren gainean. Begira, badoa lauhazkan!

        Eta hantxe ikusi zuen Hjalmarrek beste Ole Bekaineko hura, zaldi gainean pasa eta gazteak zein zaharrak zaldi gainera igotzen. Batzuk aurrean jartzen zituen eta beste batzuk atzean, baina galdera hau egiten zien lehenbizi:

        — Zer moduzkoak zure notak?

        — Onak! —erantzuten zuten denek.

        — Ea ba, erakutsi —esaten zien berak.

        Eta notak erakusten zizkioten. «Bikain» eta «Oso ongi» zeukaten guztiak zaldiaren aurrean esertzen ziren, ipuin zoragarria entzutera, baina, aldiz, «Erdipurdi» eta «Eskas» zeukatenek atzean eseri behar zuten, eta haiei ipuin beldurgarria egokitzen zitzaien. Dardarka eta negarrez hasten ziren, eta zalditik jaitsi nahi izaten zuten, baina ezin, bat-batean loturik bezala gelditzen baitziren.

        — Ba, Herio da Ole Bekainekorik zoragarriena! —esan zuen Hjalmarrek—. Nik ez diot batere beldurrik!

        — Ez diozu zertan eduki behar —esan zuen Ole Bekainekok—. Zu nota onak ateratzeaz bakarrik arduratu!

        — Bai jauna, irakasbide ederra! —esan zuen ahapetik aitabisabaren erretratuak—. Ez dela alfer-alferrik batek bere iritzia ematea, zera!

        Eta poz-pozik gelditu zen.

        Hauxe da, ba, Ole Bekainekoren ipuina. Gaur gauean agian zerorri kontatuko dizu besteren bat.

 

(Ole Lukøje)

 

 

 

© H.C. Andersen

© itzulpenarena: Martxel Eguen (taldea)

 

 

"H.C. Andersen / Hemeretzi ipuin" orrialde nagusia