MARIERPURU

 

        Bazen behin emakume bat haurtxo txiki bat izateko gogo handia zuena, baina ez zekien nondik ekarri; joan zen sorgin zahar batengana eta esan zion:

        — Haurtxo txiki bat edukitzeko irrikaz nago eta, esango al didazu nondik ekarri?

        — Tira, zer edo zer egin ahal izango dugula uste dut —esan zion sorginak—. Tori garagar-ale hau; ez da nekazarien soroetan izaten dena bezalakoa, ez eta oiloei ematen zaiena bezalakoa ere; sar ezazu lore-poto batean ea zer gertatzen den.

        — Eskerrik asko! Eskerrik asko! —esan zion emakumeak, eta sorginari hamabi penike eman eta etxera joan zen. Erein zuen garagar-alea, eta berehalaxe lore eder bat erne zen; tuliparen antzekoa zen lorea, baina itxita zituen petaloak, artean pipila balitz bezala.

        — Hau da lore ederra! —esan zuen emakumeak, eta musu eman zien haren petalo gorri-hori politei, eta musu ematean, plast! zabaldu zen lorea. Tulipa zen, bai, argi zegoen, baina lorearen erdi-erdian, estigma berdearen gainean, neska txiki nimiño bat zegoen eserita, izugarri polita eta delikatua; ez zen hazbete baino garaiagoa, eta, horregatik, Marierpuru jarri zion izena emakumeak.

        Marierpuruk intxaur-oskol bernizatu apain bat zuen sehaska, bioleta-hosto urdinak koltxoi eta arrosa-hosto bat estalgarri. Han lo egiten zuen gauez; egunez, ordea, mahai gainean ibiltzen zen jolasean, emakumeak plater bat baitzuen han, ertz guztia lore-txirikordaz inguratua eta loreen zurtoinak uretan zirela. Ur gainean tulipa-hosto handi bat zegoen, eta haren gainean eseri eta plateraren alde batetik bestera ibiltzen zen Marierpuru, bi zaldi-ile zurirekin arraunean eginez. Ikusgarri polita zen. Eta abesten ere bazekien, eta inoiz entzun ez zen bezalako ahots gozo xarmagarriz abesten zuen, abestu ere.

        Gau batean, Marierpuru bere ohetxoan etzanda zegoela, apo handi itsusi batek jauzi egin zuen leihora, kristal bat hautsita zegoen eta. Ene! Zein nazkagarria zen apotzar likatsu itsusi hura! Eta handik, berriz, zuzenean mahaira jauzi egin zuen, Marierpuru arrosa-hostoaren azpian lo zegoen lekura.

        — Hauxe litzateke emazte polita nire semearentzat —esan zuen apoak, eta Marierpuru lo zegoen intxaur-oskola hartu eta leihotik kanpora joan zen lorategira. Erreka handi zabal bat zegoen jardinean, baina ertz-ertzean bazuen lokazti eta zingira bat, eta hantxe bizi zen apoa bere semearekin. Ene! Zein itsusia eta nazkagarria semea ere! Ama bezalakoxea!

        — Kun-kun, kun-kun —besterik ez zuen esan intxaur-oskoleko neska txiki polita ikusi zuenean.

        — Ez ezazu hain ozen hitz egin, esnatu egingo duzu bestela! —esan zion apo zaharrak—. Ihes egingo digu, kardu-ilauna baino arinagoa da eta! Errekako ur handietan dauden igebelarren hostoetako batean jarriko dugu; uharte batean bezala egongo da han, hain baita txikia eta arina. Handik ezingo du ihes egin, eta guk, bitartean, zuen bizilekua prestatuko dugu lokatzetan.

        Igebelar ugari zegoen errekan, eta haien hosto berde zabalak ur gainean igeri zeudela ematen zuen. Erreka ertzetik urruneneko hostoa zen handiena ere, eta haraxe joan zen igerian apo zaharra Marierpuru barruan zuen intxaur-oskolarekin.

        Neska txiki gaixoa goizean oso goiz esnatu zen, eta, non zegoen ikusi zuenean, negar eta negar hasi zen garrazki: hosto handiaren bira osoa urez inguraturik zegoen, eta lehorrera iristeko modurik inondik ez.

        Apo zaharra lokatzetan eseri eta bizilekua belarrez eta igebelar-pipil horiz estaltzen aritu zen, errainarentzat apain-apain jartzeko, eta, gero, bere seme itsusiarekin batera Marierpuru zegoen hostora egin zuen igeri. Marierpururen ohe polita ekartzera joan ziren, ezkongelan jartzeko, Marierpuru ekarri aurretik. Apo zaharrak erreberentzia handi bat egin zuen uretan Marierpururen aurrean, eta honela esan zion:

        — Nire semea da hau; zure senarra izango da, eta oso eroso biziko zarete biok lokaztian.

        — Kun-kun, kun-kun —besterik ez zuen esan semeak.

        Eta ohetxo polita hartuta, igerian aldegin zuten ama-semeek, eta Marierpuru bakar-bakarrik geratu zen hosto berdearen gainean, negar eta negar, ez baitzuen apo itsusi harekin bizi nahi, ez haren seme izugarriaren emazte izan nahi. Inguruan zebiltzan arraintxoek —ikusiko zuten noski apoa-eta, entzungo zuten esan zuena-eta—, buruak atera zituzten, neska txikia ikusi nahian, nik uste. Eta ikusi zuten bezain laster, gustatu egin zitzaien, eta apo itsusiarekin bizitzera joan beharko zuela pentsatzeak nahigabe handia eman zien. Ez, ez zuen horrelakorik gertatu behar. Murgildu ziren denak batera eta jarri ziren Marierpuru zegoen hostoaren zurtoin inguruan, eta, haginka-haginka, karraskatu egin zuten zurtoina, eta, orduan, ibaian behera joan zen hostoa, eta harekin batera Marierpuru ere, apoak aurkituko ez zuen leku batera.

        Marierpuru batetik bestera zihoan, eta sasi arteko txori txikiek ikusten zutenean, «Andereño polit» abesten zioten. Hostoa urruntzen eta urruntzen zihoan, eta, hala, atzerriko herrialdeetara iritsi zen.

        Tximeleta txuri bat jira eta bira ibili zitzaion inguruan pixka batean, eta azkenean pausatu egin zen, Marierpururi eder iritzita. Oso zoriontsu zen orain Marierpuru: apoak ezin zuen harrapatu eta oso bazter politak ikusten zituen bidean; eguzkiak diz-diz egiten zuen uretan, eta urrezkoa zirudien urak. Hartu zuen gerrian zeukan zinta eta lotu zion mutur bat tximeletari eta bestea hostoari, eta orduan eta azkarrago irristatzen zen hostoa, eta baita bera ere, hosto gainean zutik jarrita.

        Halako batean liztor bat etorri zen hegan; ikusi zuen Marierpuru, eta bertantxe hatzaparrez gerri lirainetik heldu eta hegan eraman zuen arbola bateraino. Baina hosto berdeak errekan behera jarraitu zuen, eta baita tximeletak ere, hostoari lotuta baitzihoan.

        Ai ene! Beldurrak akabatzen zegoen Marierpuru liztorrak arbolara eraman zuenean, baina atsekaberik handiena hostoari lotu zion tximeletatxo txuri politak ematen zion: askatu ezinik geratzen bazen, goseak hilko zen.

        Liztorra, ordea, ez zuen horrek kezkatzen. Jarri zuen Marierpuru arbolaren hostorik handienean eta loreen eztia eman zion jateko, eta liztor-itxurarik batere ez zuela baina hala ere oso polita zela esan zion. Handik pixka batera, arbolan bizi ziren liztor guztiak etorri zitzaizkion bisitan; liztor andereñoek Marierpururi begiratu eta antenei igurtzika esan zuten:

        — Bi hanka besterik ez ditu eta! Ez diote, ba, oso poliki ematen!

        — Ez du antenarik! Hori da gerri estua duena! Gizaki bat ematen du!

        — Bai gauza itsusia! —esan zuten liztor eme guztiek, Marierpuru oso polita zen arren.

        Polita zelakoan zegoen harrapatu zuen liztorra ere, baina beste guztiek itsusia zela esan zutenean, bera ere hori sinesten hasi zen, eta handik aurrera ez zuen Marierpuru ezertarako nahi izan: joan zedila nahi zuen lekura! Arbolatik eraman eta bitxilore baten gainean utzi zuen, eta Marierpuru negarrez geratu zen, itsusia zela-eta liztorrek ere nahi ez zutelako; eta hori, imajina daitekeen ezer baino politagoa zelarik: arrosa-hosto ederrena baino ederragoa eta gardenagoa.

        Marierpuru gaixoa bakar-bakarrik bizi izan zen basoan uda osoan. Ehundu zuen ohetxo bat belarrez, eta uztao-hosto baten azpian zintzilikatu zuen eurietatik babesteko. Jateko, loreen eztia xurgatzen zuen, eta edan, goizetan hosto gainetan sortzen zen ihintza edaten zuen. Horrela joan ziren uda eta udazkena, baina gero negua etorri zen. Hain gozo abestu ohi zioten txori guztiek alde egin zuten, babesgarri izan zuen uztao-hosto handia zimeldu eta zurtoin ihar bilakatu zen, eta Marierpuru orain hotzak dardaraz zegoen, jantziak ere gastatuak zituen eta; hain txikitxoa izanik, gainera, nola ez zen, ba, hotzak hiltzen egongo, Marierpuru gaixoa. Hasi zuen elurra, eta gainera erortzen zitzaion elur-maluta bakoitza guri palakada bat botako baligute bezala zen harentzat, gu handiak baikara, eta hura, berriz, erpuruaren tamainakoa. Hosto ihartu batean bildu zen, baina horrek ez zion berotasun handirik eman: hotzak dardaraz zegoen.

        Marierpuru bizi zen basotik hurbil bazen garagar-soro handi bat, baina garagarra aspaldi bildua zuten eta lasto soildu iharra baizik ez zen geratzen soro izoztuan. Garagar-lasto arte hartan ibiltzea basoan ibiltzea bezala zen Marierpururentzat. Haren hotzikarak! Halako batean satitsu baten etxeko atera iritsi zen, lasto azpian lurrean zegoen zulo txiki batera. Satitsua epel-epelean bizi zen han; gela osoa alez beterik zeukan, eta bazuen sukalde polit bat ere, jaki-gela eta guzti. Marierpuru atarian geratu zen zutik, beste edozein haur eskale bezala, eta garagar-ale pixkatxo bat eskatu zuen, bi egun oso baitzeramatzan baraurik.

        — Gaixoa zu! —esan zion satitsuak, funtsean satitsu ona baitzen—. Zatoz etxeko epelera nirekin afaltzera.

        Gero, berriz, Marierpururi atsegin iritzita, esan zion:

        — Nahi baduzu, gera zaitezke hemen negurako, baldin eta gela garbi eta txukun edukitzen badidazu, eta ipuinak kontatzen badizkidazu, oso gogoko ditut eta.

        Eta Marierpuruk satitsuak esan bezala egin zuen, eta oso eroso egon zen han.

        — Bisitari bat etorriko zaigu aurki —esan zion satitsuak—; auzokoa etorri ohi zait astero bisitan. Nirea baino ere etxe hobea du berak, oso gela zabalekoa, eta belusezko beroki beltz zoragarri bat erabiltzen du. Senartzat hartu ahal bazenu, ez litzaizuke ezer faltako, baina itsua da. Dakizkizun ipuin polit guztiak kontatu behar dizkiozu.

        Baina Marierpururi ez zitzaion gustatu auzokoarekin ezkontzekoa, auzoko hura satorra baitzen. Han etorri zen satorra bisitan, bere belusezko beroki beltza soinean. Oso aberatsa eta zuhurra zela esan zion satitsuak, eta berea baino hogei aldiz etxe handiagoa zuela. Jakinduria handikoa zen satorra, baina ez zitzaizkion ez eguzkia ez loreak gustatzen; gaizki esaka jarduten zuen haien kontra, ez zituelako inoiz ikusi. Marierpuruk abestu egin behar izan zion, eta abestu zizkiolarik «Hega, hega, liztorra» eta «Fraidea dabil zelaian», zuen ahots gozoagatik maitemindurik geratu zen satorra Marierpururekin. Baina ez zuen ezer adierazi, oso zuhurra zen eta.

        Satorrak tunel bat egin berria zuen lur azpian bere etxetik satitsuaren etxeraino, eta nahi zutenean handik ibiltzeko baimena eman zien satitsuari eta Marierpururi. Pasabidean hilda zegoen txoriarekin ez ikaratzeko esan zien, txoria oso-osorik zegoela, luma, moko eta guzti; itxuraz, arestian hila behar zuela, negu hasieran edo, eta, orain, berak tunela egindako lekuan lurperaturik zegoela.

        Satorrak ardagai-puskatxo bat hartu zuen ahoan, ardagaiak ilunpetan suak bezala argi egiten baitu, eta aurretik abiatu zen beste biei pasabide luze ilunean argi eginez. Txori hila zegoen lekura iritsi zirenean, satorrak bere mutur luzeaz lurrari bultza egin eta zulo handi bat egin zuen sabaian, kanpoko argia sar zedin. Lurrean, erdi-erdian, enara hil bat zegoen, bere hegal politak bi alboetan estu-estu eginda eta hankak eta burua luma artean zituela; garbi zegoen hotzak hil zela txori gaixoa. Marierpururi pena handia eman zion; oso maite zituen txori txikiak, uda osoan txio-txioka kantari aritu zitzaizkiolako. Baina satorrak bere hanka motzekin enarari ostiko bat eman eta esan zuen:

        — Amaitu dira honen txio-txioak! Patu tristea izan behar du, gero, txori jaiotzeak! Nire umeak ez dira sekula txori izango, Jainkoari eskerrak; txoriak txio-txioka bai, baina negua iristean, goseak hil!

        — Bai, zu burutsua zara eta, ondo diozu —esan zuen satitsuak—. Zertarako ditu txoriak bere txio-txio guztiak hotzak etortzen direnean? Goseak eta hotzak hiltzeko! Oso erromantikoa!

        Marierpuruk ez zuen ezer esan, baina besteek txoriari bizkarra eman ziotenean, txoriarengana makurtu zen, burua ezkutatzen zioten lumak alboratu eta begi itxietan musu eman zion.

        — Hauxe izango zen, beharbada, udan hain gozo abesten zidan txoria —pentsatu zuen—; nolako poza ematen zidan txori maitagarri hark!

        Itxi zuen satorrak berriro kanpoko argia sartzen uzten zuen zulo hura eta etxera lagundu zien andereei. Marierpuruk ezin izan zuen gauean batere lorik egin; hala, jaiki zen ohetik, ehundu zuen lastozko alfonbra handi eder bat, eraman zuen txoria zegoen lekura eta txoriaren gainean zabaldu zuen, eta satitsuaren gelan aurkitu zuen kotoi leun pixka bat jarri zion bi aldamenetan, lur hotz haren gainean ohe epel bat izan zezan.

        — Agur, txoritxo maitagarri hori —esan zion—. Agur, eta eskerrik asko, udan, arbola guztiak berde zeudenean eta eguzkiak berotzen gintuenean, abesten zenuen abesti gozoagatik.

        Eta txoriaren paparrean etzan zuen burua, baina hots batek asaldarazi zuen: bazirudien han barruan zerbait taupadaka ari zela. Txoriaren bihotza zen. Txoria hilda ez, baina konorte gabe zegoen, eta berotasuna eman zitzaionean, berpizten hasi zen.

        Udazkenean enara guztiak lurralde beroetara joaten dira, baina bakarren bat berandutzen bada, eta hotzak harrapatzen badu, hilda bezala erortzen da, eta erortzen den lekuan geratzen da, eta gero elurrak estaltzen du. Marierpuru oso ikaratu zen; bera hazbete garai baino ez zen, eta txoria handi-handia zen haren aldean; baina adorea bildu, eta txori gaixoaren inguru guztian pilatu zuen kotoia; gero, berak estalgarritarako erabili ohi zuen menda-hosto baten bila joan zen, eta txoriaren buru gainean jarri zuen. Hurrengo gauean, isil-isilka, txoriarengana joan zen berriro, eta bizirik aurkitu zuen, baina oso ahul; txoriak doi-doi zabaldu ahal izan zituen begiak unetxo batez Marierpururi begiratzeko, han zegoen eta Marierpuru, zutik, beste argiontzirik ezean ardagai-puska bat eskuan zuela.

        — Mila eta mila esker, haur maitagarria —esan zion txori ezinduak—; berotasun ederra eman didazu. Berehala indartuko naiz eta irten ahal izango naiz berriro eguzki epeletara.

        —Ez, ez! —esan zion Marierpuruk—. Hotz handia dago kanpoan; elurra ari du eta izozturik dago dena; gera zaitez ohe epelean; nik zainduko zaitut.

        Orduan, Marierpuruk ura ekarri zion hosto batean, eta enarak, pixka bat edan zuenean, kontatu zion hegala urratu zuela elorri batean, eta horregatik ezin izan zuela beste enarak bezain arin hegan egin haiek lurralde bero urrunetarako bidea hartu zutenean. Azkenean lurrera erori zela, baina handik aurrerakorik ez zuela gogoan, eta ez zekiela batere nola sartu zen tunel hartan.

        Han geratu zen enara negu osoan, eta Marierpuruk oso ondo zaindu zuen eta maitasun handia hartu zion. Marierpuruk ez zien txoriaz ezertxo ere aipatu satorrari eta satitsuari, ez baitzuten gogoko enara gaixo zorigabea.

        Udaberria etorri eta eguzkiaren beroak lurra epeldu zuen bezain laster, Marierpuruk satorrak sabaian egindako zuloa ireki zuen, eta enarak agur esan zion; eguzkiak izpi gozoak igortzen zituen bien gainera, eta enarak galdetu zion ea ez al zuen berarekin joan nahi, bizkarrean eramango zuela hegan baso berderaino. Baina Marierpuruk bazekien satitsua nahigabetu egingo zela horrela alde egiten bazuen.

        — Ez, ezin dut —erantzun zion Marierpuruk.

        — Agur, orduan; agur, neska polit, txintxo hori —esan zion enarak, eta eguzkitara hegaldatu zen. Marierpuru atzean begira geratu zitzaion, begiak malkoz beterik, kariño handia hartu baitzion enara gaixoari.

        — Txio, txio —kantatu zuen txoriak eta baso berdera joan zen hegan.

        Marierpuru oso triste geratu zen. Ezin zen eguzki epeletara irten; satitsuaren etxe inguruan ereindako garagarra hazita zegoen, eta hura oso baso sarria zen hazbeteko garaiera besterik ez zuen neskatila gaixoarentzat.

        — Uda honetan arreoa egiten hasi behar duzu —esan zion satitsuak Marierpururi, berarekin ezkontzeko eskatu baitzion belusezko beroki beltzeko sator aspergarriak—. Artilezko arropak eta lihozkoak, bietatik egin behar dituzu; satorraren emaztea izaten zarenean etxea eta zeure burua janzteko behar dena egin behar duzu.

        Marierpuruk goruetan hasi behar izan zuen, eta satitsuak lau armiarma hartu zituen ardatzean eta ehunean aritzeko gau eta egun. Satorrak arratsaldero egiten zuen bisita, eta beti lelo bera izaten zuen: uda amaitzen zenean eguzkiak ez zuela hainbeste berotuko, orain lurra lehor-lehor eginda eta harria bezala gogortuta zegoela, eta beraz, uda amaitzean ezkonduko zela. Baina Marierpuru ez zegoen batere gustura; bost axola zitzaion sator aspergarri hura. Goizero, egunsentian, eta arratsero, eguzkia sartzen zenean, kanpora irteten zen isilka, eta zeru urdina ikusi ahal izaten zuen haizeak garagarburuak etzaten zituenean; kanpoan argia zegoela eta dena polita zela pentsatzen zuen orduan, eta enara maitagarria berriro ikusteko gogoa sortzen zitzaion. Enara, ordea, ez zen inoiz itzuli. Segur aski handik urrun ibiliko zen, baso berde zoragarrian hegaka.

        Udazkena etorri zenerako prest zegoen Marierpururen arreoa.

        — Hemendik lau astera ezkonduko zara —esan zion satitsuak.

        Baina Marierpuruk, negarrez, esan zion ez zuela sator aspergarri harekin ezkondu nahi.

        — Txepelkeriak! —esan zion satitsuak—, ez zaitez burugogorra izan, bestela nire hortz zuriarekin kozka egingo dizut! Senar bikaina izango duzu; erreginak berak ere ez du haren belusezko beroki beltzaren parekorik; eta ondo beteta ditu sukaldea eta jaki-gela. Eskerrak eman behar zenizkioke Jainkoari horrelako senarragatik!

        Ezkontzera zihoazen, bada. Satorra Marierpururen bila etorri zen; Marierpuruk lurpean, behe-behean, bizi beharko zuen harekin, eta ez zuen inoiz eguzkitara irteterik izango, satorrak ezin baitzuen eguzkia jasan. Neska gaixoa oso triste jartzen zen eguzki ederrari betiko agur esan beharko ziola pentsatzen zuenean; satitsuarekin bizi izan zen bitartean, atetik begiratu ahal izan zion, gutxienez.

        — Agur, eguzki argi hori! —esan zion, eta besoak eguzki aldera luzatu eta satitsuaren etxetik pixka bat aurreraxeago joan zen, orain garagarra bilduta baitzegoen eta garagar-lastoa besterik ez baitzen geratzen.

        — Agur, agur! —eta bere beso ñimiñoez hango loretxo gorri bat besarkatu zuen—. Enara inoiz ikusten baduzu, emaizkiozu goraintziak nire partetik.

        — Txio, txio —entzun zuen une horretantxe Marierpuruk buruaren gainetik. Begiratu zuen gora, eta enara ikusi zuen pasatzen. Enara oso poztu zen Marierpuru ikusi zuenean. Marierpuruk kontatu zion ez zuela sator itsusi harekin ezkondu nahi, eta lur azpian bizi beharko zuela, eguzkia inoiz iristen ez zen lekuan. Eta ezin izan zion negarrari eutsi.

        — Badator negu hotza —esan zion enarak—, eta lurralde beroetara noa. Etorri nahi duzu nirekin? Eser zaitez nire gainean! Lotu zaitez xingolarekin eta hegan joango gara, sator itsusiarengandik eta bere zulo ilunetik urrun; mendiez haraindi joango gara, eguzkia hemen baino distiratsuago den lurralde beroetara; han uda izaten da beti eta lore pila dago. Zatoz nirekin, Marierpurutxo maitagarria, zuk salbatu zenidan-eta bizia lurpeko pasabide ilunean izoztuta nengoenean.

        — Bai, zurekin joango naiz —esan zuen Marierpuruk, eta txoriaren bizkar gainean eseri eta oinak haren hegal zabalduetan jarri zituen. Lotu zion xingola luma sendoenetako bati, eta han joan ziren hegan goi-goitik, baso eta aintziren gainetik, elurra inoiz urtzen ez den mendi handienen gainetik; Marierpuruk hotzikara sentitu zuen aire hotzetan, baina txoriaren lumarte epelean sartu zen, eta burua bakarrik ateratzen zuen beheko ikuspegi zoragarriak ikusteko.

        Azkenean lurralde beroetara iritsi ziren. Argitasun handiagoa zuen han eguzkiak, eta bi aldiz garaiagoa zen zerua. Mahats berde eta urdin ederrak hazten ziren hesietan, laranjak eta limoiak zeuden arboletatik zintzilik mitrez eta belar usaintsuz beteriko basoetan, eta haur zoragarriak zebiltzan bideetan korrika, kolore miresgarriko tximeleta handiekin jolasean. Baina zenbat eta aurrerago egiten zuen enarak, orduan eta lurralde ederragoak agertzen ziren. Itsaso urdinaren ertzean, arbola berde ikusgarri baten azpian, marmolezko jauregi zuri antzinako bat zegoen: mahatsondoak zituen pilare itzaltsuetan kiribilduak, eta kontaezin ahala habia haien gainean. Habia haietako batean bizi zen enara.

        — Hau da nire etxea —esan zion enarak—, baina hor beheko lore zoragarri horietako bat aukeratzen baduzu, hantxe utziko zaitut, eta nahi bezain zoriontsu biziko zara.

        — Zoragarria izango litzateke! —esan zuen Marierpuruk, eskutxoekin txaloka.

        Marmolezko zutabe zuri handi bat zegoen lurrean erorita, hiru puska eginda, eta puska horien artean lore zuri batzuk hazten ziren, izugarri politak. Enarak lore haietako baten hosto zabal baten gainean utzi zuen Marierpuru, eta haren harridura, lorearen erdian gizontxo bat ikusi zuenean, kristala bezain distiratsua eta gardena. Urrezko koroa polit bat zuen gizontxoak buruan eta bi hegal distiratsu bizkarrean, eta ez zen Marierpuru baino handiagoa. Loreetako aingerua zen. Lore guztiek zuten horrelako gizontxo edo anderetxo bat, baina hura zen denen errege.

        — Zein ederra den! —esan zion ahopean Marierpuruk enarari. Printze txikiari ikara handia eragin zion enarak, enara txori erraldoia baitzen, eta bera, berriz, hain txikia eta delikatua... Baina Marierpuru ikusi zuenean poz-pozik jarri zen: inoiz ikusi zuen neskarik politena zen hura. Orduan, koroa burutik kendu eta Marierpururi jarri zion, eta zer izen zuen galdetu zion, eta ea berarekin ezkondu eta loreen erregina izan nahi zuen! Bai, oso bestelako senarra zen hura apoaren semearen aldean edo belusezko beroki beltzeko satorraren aldean. Baietz erantzun zion, beraz, printze ederrari, eta gizontxo edo anderetxo polit bat irten zen lore bakoitzetik. Atsegina ematen zuen haiek ikusteak. Bakoitzak sari bat ekarri zion Marierpururi, baina saririk onena euli zuri handi baten hegalak izan ziren. Bizkarrean lotu zizkioten eta, hala, lorerik lore hegan ibili ahal izan zen. Han ez zen atsegina eta zoriona besterik, eta enarak ahal zuen ongien kantatu zien habiatik, nahiz eta bera penetan egon, maitasun handia ziolako Marierpururi eta harengandik inoiz ez apartatzea nahi izango zukeelako.

        — Hemendik aurrera ez zara Marierpuru izango —esan zion loreen aingeruak—. Hori izen itsusia da, eta zu, berriz, oso polita. Maia esango dizugu.

        — Agur, agur —esan zuen enarak, eta lurralde beroetatik alde egin zuen, atzera Danimarkara. Habia bat zuen han, istorio hau idatzi zuen gizona bizi zen etxeko leihoaren gainean. Enarak «Txio, txio» kantatzen zion gizonari, eta horregatik jakin dugu guk istorio hau.

 

(Tommelise)

 

 

 

© H.C. Andersen

© itzulpenarena: Martxel Eguen (taldea)

 

 

"H.C. Andersen / Hemeretzi ipuin" orrialde nagusia