HANS KANKAILU

 

        Bazen behin landan jauretxe zahar bat, eta jauretxe hartan lurjabe zahar bat bizi zen bere bi semeekin. Bi seme horiek oso azkar-ustekoak ziren. Erabakia zuten erregearen alabari ezkon-proposamena egin behar ziotela, eta hartaraxe ausartu ziren; izan ere, erregearen alabak jakinarazi baitzuen hizketarako etorri ederrena zuen gizona hartuko zuela senartzat. Bi anaiek astebete eman zuten prestatzen; ez zuten denbora gehiagorik izan, baina aski eta sobera zuten hori, zekiten guztia jakinda eta hain ezagutza baliagarriak izanda. Bietako batek Latinezko Hiztegia zekien buruz, eta baita hiriko azken hiru urteetako berripaperak ere, aurretik atzera nahiz atzetik aurrera. Besteak, berriz, elkargoetako estatutu guztiak ezagutzen zituen, eta baita elkargoburu baikotzak jakin beharrekoa ere. Estatuko aferez hitz egiteko gai zela uste zuen, beraz; eta zaldi-uhalak brodatzen ere bazekien, oso trebea baitzen eskulanetan.

        — Niretzat izango da erregearen alaba —zioten biek, eta aitak zaldi eder bana eman zien. Hiztegia eta berripaperak buruz zekizkienari ikatz koloreko zaldi beltza eman zion eta elkargo gaietan eta brodatze-lanetan ikasia zenari, berriz, esne koloreko zaldi zuria. Eta bi anaiek olioz igurtzi zituzten ezpainak, hobeto hitz egiteko. Zerbitzari guztiak atarian bildu ziren bi anaiak zaldi gainera igotzen ikustera, baina, orduan, hirugarren anaia agertu zen, izatez hiru anaia baitziren; bakarrik, hirugarren hori, Hans Kankailu, inork ez zuela kontuan hartzen, ez zuelako bere anaiek adinako jakituria.

        — Nora zoazte jantzi dotore horiek jantzita? —galdetu zien.

        — Gortera, printzesarekin hizketatu eta haren onespena irabaztera. Ez duk entzun atabalariak lurralde guztian aldarrikatzen ari diren albistea?

        Eta albistearen berri eman zioten.

        — Arraioa! Nik ere joan behar diat, ba —esan zuen Hans Kankailuk. Baina anaiek barre egin zioten, eta alde egin zuten.

        — Aita, emaidazu zaldi bat. Nik ere ezkondu nahi dut. Aukeratzen banau, ondo, eta aukeratzen ez banau, neuk aukeratuko dut bera.

        — Ergelkeria galanta! —esan zion aitak—. Ez diat zaldirik emango. Hik ez dakik ganorazko gauzarik esaten, eta hire anaiak, berriz, ez dituk nolanahikoak horretan.

        — Zaldirik ematen ez badidazu —esan zuen Hans Kankailuk—, akerra hartuta joango naiz; akerra nirea da eta ederki asko eramango nau!

        Eta eseri zen zangalatrau akerraren gainean, eragin zion bi orpoez, eta han joan zen lauhazka bide nagusian behera. Fiuu! Hura abiada, zeramatena!

        — Hemen naiz! —oihu egin zuen Hans Kankailuk, eta haizeari durundi eragiterainoko indarrez hasi zen kantari.

        Anaiak isilik zihoazen; ez zioten elkarri hitzik esaten, gero adierazi beharreko burutapen on guztiak ondo gorde behar baitzituzten, eta esan behar zutena ondo pentsatu.

        — Ieepa! —oihu egin zien Hans Kankailuk—, hemen nauk! Begira zer aurkitu dudan bidean —eta bele hil bat erakutsi zien.

        — Zer demontre egin behar duk horrekin, Kankailu? —esan zioten anaiek.

        — Erregearen alabari eman.

        — Bai, nik ere horixe egingo nikek —esan zioten anaiek eta, barrez, aurrera jarraitu zuten.

        — Ieepa! Hemen nauk! Begira zer aurkitu dudan; horrelako gauzarik ez duk bidean egunero aurkitzen.

        Anaiek atzera begiratu zuten zer ote zuen ikusteko.

        — Kankailu —esan zioten—, hori eskalapoi zahar bat duk! Gaina ere apurtuta zeukak eta! Printzesarentzat al duk hori ere?

        — Bai, noski, —esan zuen Hansek, eta anaiek aurrera jarraitu zuten barrez.

        — Ieepa, ieepa, hemen nauk! —oihu egin zuen Hans Kankailuk—. Hau duk, berriz, ona!

        — Zer aurkitu duk oraingoan? —galdetu zioten anaiek.

        — Pozez zoratzen jarriko duk printzesa!

        — Tira, motel! —esan zioten anaiek—, hori erretenetik hartu duan buztina duk eta!

        — Bai, hala da —esan zuen Hans Kankailuk—, eta buztinik finena, gainera. Irrist egiten dik eskuetatik.

        Eta buztinez bete zituen sakelak. Anaiek aurrera egin zuten ahal zuten bezain arinen, eta Hans baino ordubete lehenago iritsi ziren hiriko ateetara. Atean txartel bat ematen zieten ezkongaiei, iritsi ahala, eta ilaran jartzen zituzten seinako lerroetan, eta hain zeuden estu, ezen ezin baitzuten besorik mugitu, eta eskerrak horri, bestela jantziak zarratatuko baitzizkioten elkarri, bata bestearen aurrean egote hutsagatik. Hiriko beste biztanle guztiak gazteluaren inguruan zeuden, leihoetatik kirika, erregearen alabak ezkongaiak nola hartzen zituen ikusteko. Ezkongaiek, berriz, banan-banan gelan sartzen zirenean, hitz egiteko ahalmena galtzen zuten.

        — Utikan! —esaten zuen printzesak—. Kanpora!

        Orduan, Hiztegia buruz zekien anaia sartu zen, baina den-dena ahaztu zitzaion ilaran egon zen bitartean. Zoruak kris-kras egiten zuen, eta, sabaia ispiluzkoa zenez, buruz behera ikusten zuen bere burua; leiho bakoitzean hiru eskribau eta elkargoburu bat zeuden, han esaten zen guztia idazten, jarraian berripaperetara bidali eta kale-kantoietan bi sosean saldu ahal izateko. Izugarria zen hura, eta sutontziak ere hainbesteraino zituzten berotuak, ezen gaina gori baitzuten.

        — Bero izugarria dago hemen —esan zuen ezkongaiak.

        — Gaur oilaskoak erretzen ari baita aita —esan zuen printzesak.

        Bo! Han geratu zen mutila inozoa bezala; ez zuen era horretako elkarrizketarik espero, eta ez zitzaion hitz bat ere etortzen, noiz, eta orain, burutsuen agertu nahi zuenean.

        — Utikan! —esan zuen erregearen alabak—. Kanpora!

        Eta alde egin behar izan zuen.

        Orduan bigarren anaia etorri zen.

        — Ikaragarrizko beroa dago hemen —esan zuen.

        — Bai, oilaskoak erretzen ari gara gaur —esan zuen erregearen alabak.

        — Zer..., erre..., zer? —esan zuen mutilak, eta eskribau guztiek zintzo-zintzo idatzi zuten «Zer..., erre..., zer»

        — Utikan! —esan zuen erregearen alabak—. Kanpora!

        Orduan Hans Kankailu etorri zen. Akerraren gainean sartu zen gelaraino.

        — Hau da bero galda, hemen duzuena! —esan zuen.

        — Oilaskoak erretzen ari naizelako da —esan zuen erregearen alabak.

        — Oso egokiera ona —esan zuen Hans Kankailuk—. Hortaz, bele bat erre ahal izango dut nik ere, ezta?

        — Bai, noski —esan zuen erregearen alabak—, baina non errerik ba al duzu? Nik ez dut ez eltzerik ez zartaginik.

        — Badut, bai —esan zuen Hans Kankailuk—. Hona hemen eltze bat.

        Eta eskalapoia atera eta hantxe sartu zuen belea.

        — Otordu on baterako adina baduzu hor —esan zion erregearen alabak—, baina non aurkituko dugu gainetik botatzeko saltsa?

        — Sakelean badut pixka bat —esan zuen Hans Kankailuk—. Nahikoa eta sobera.

        Eta buztin pixka bat isuri zuen sakeletik.

        — Hori da arrazoia! —esan zuen printzesak—; denetarako duzu erantzuna, eta etorri ederra daukazu. Senartzat hartuko zaitut. Baina ba al dakizu hemen esan ditugun guztiak berripaperetan izango direla bihar? Leiho bakoitzean hiru eskribau eta elkargoburu bat egon baitira eserita, eta elkargoburua da okerrena, ez baitu ezer ulertzen.

        Ikaratzeagatik esan zion hori erregearen alabak. Eskribau guztiak barreari ezin eutsirik zeuden eta tinta-tantaz zipriztindu zuten zorua.

        — A! Horiek dira, beraz, gizon handiak —esan zuen Hans Kankailuk—; hortaz, dudan gauzarik onena emango diot elkargoburuari.

        Eta sakelak barrukoz kanpora bihurtu eta buztina jaurti zion aurpegira.

        — Oso ederki egina! —esan zuen printzesak—; neronek ez nukeen egiten jakingo, baina saiatuko naiz ikasten.

        Horrela, bada, Hans Kankailu errege egin zen, emaztea eta koroa irabazi zituen eta errege-aulkian eseri zen. Guk elkargoburuaren berripaperetik jakin dugu hau guztia, baina batek daki!

 

(Klodshans)

 

 

 

© H.C. Andersen

© itzulpenarena: Martxel Eguen (taldea)

 

 

"H.C. Andersen / Hemeretzi ipuin" orrialde nagusia