KANPAIA

 

        Iluntzean, hiri handiko kale txikietan, eguzkia ezkutatzen zenean, eta tximinien artetik hodeiek urreak bezala distiratzen zutenean, sarritan entzuten zuen jendeak, noiz batek, noiz besteren batek, ohiz bestelako soinu bitxi bat; eliza bateko kanpai hotsa zirudien, baina bitarte labur batean baino ez zen entzuten, hain zen handia zalgurdien abarrotsa eta kaleko ardaila!

        — Gauezkila da —esaten zuten—, eguzkia sartzera doa.

        Hiriaz kanpora joaten zirenek, nola han etxeak sakabanatuago zeuden, bakoitzak bere lorategia edo baratze txikia zuela, are ederragoa ikusten zuten iluntzeko zerua eta argiago entzuten kanpai-errepika. Eliza bateko kanpai-hotsa zirudien, basoan, baso isil urrintsu hartan, egon behar zuen elizaren batekoa, eta hara begira jartzen zen jendea, handikiro.

        Denbora igaro zen, eta elkarri esaten zioten:

        — Elizaren bat ote dago basoan? Bai soinu bitxia eta polita kanpai horrena! Zergatik ez gara hara joaten, bertatik ikustera?

        Aberats jendea zalgurdietan abiatu zen, eta behartsuak oinez, baina oso bide luzea zen, eta basoaren ertzean hazten zen sahasti batera heldu zirelarik, hantxe eseri ziren, zuhaitzen adar luzeei begira, basoaren erdi-erdian zeudelakoan. Hiriko gozogile batek, iritsi eta denda jarri zuen, eta gero, beste gozogile batek kanpai bat eseki zuen bere dendan, bikez estalia, euritik babesteko, eta mihirik gabea. Jendeak oso erromantikoa iritzi zion txangoari, eta inondik ere, te hartzea baino askoz hobea izan zela esan nahi zuen horrek. Hiru lagunek esan zuten aldez alde igaro zutela basoa, eta denbora guztian entzun zutela kanpai-danda bitxi hura, baina hotsa, hiri aldetik zetorrela iruditu zitzaiela beraiei. Batek poema bat eta guzti egin zuen horren gainean; poeman esaten zen kanpaiaren soinua ama batek bere haur maitearekin darabilen ahotsa bezalakoxea zela, eta ez zegoela kanpai-danda harena baino doinu goxoagorik.

        Herrialdeko enperadoreari ere iritsi zitzaion horren berri, eta kanpai-hotsa nondik zetorren aurkitzen zuenari «Munduko Kanpai Jole Nagusi» titulua emango ziola agindu zuen, baita zera hura kanpaia ez bazen ere.

        Jende asko sartu zen basora sari-usainean, baina batek bakarrik ekarri zuen azalpen-antzeko zerbait. Inor ez zen ordea nahikoa barrendu basoan, ezta hura ere, baina esan zuenez, zuhaitz barren-huts batean bizi zen hontzakote batek eragina zen kanpai-danda. Hontza jakintsu bat omen zen hura, eta danba-danba, zuhaitza buruaz jotzen aritzen zen etengabe, baina hotsa zerk egiten zuen, edo hontzaren buruak edo enborrak, hori ez omen zekien. Nolanahi ere, Munduko Kanpai Jole Nagusi izendatu zuten, eta urtero-urtero hontzari buruzko hitzaldi labur bat prestatzen zuen, baina hala ere ez zen beste ezer jakin.

        Sendotza-eguna iritsi zen horretan. Gotzainak oso hitzaldi ederra egin zuen, zirraragarria benetan. Sendotza hartutakoak guztiz hunkiturik zeuden, egun handia baitzen haientzat: haur izateari utzi eta heldutasuna iristen zuten, ume arima pertsona zentzudunago batena bihurtu balitzaie bezala. Eguraldi bikaina zegoen, eguzkitsua; sendotza hartu eta gero, hiritik kanpora irten ziren gazteak, eta han argi eta garbi entzun zuten kanpai ezezagunaren hotsa, baso aldetik entzun ere, inoz baino ozenago. Bat-batean basora joateko gogo bizia egin zitzaien denei, hiruri izan ezik. Neska batek etxera itzuli behar zuen dantzaldirako soinekoa saiatzera, dantzaldi eta soineko haiexengatik hartu baitzuen sendotza egun hartan; bestela, itxaron egin beharko zuen! Bigarrena mutil behartsu bat zen; sendotzako jantziak eta oinetakoak maileguz hartu zituen ugazabaren semearengandik, eta ordu jakin batean itzuli behar zizkion. Hirugarrenak esan zuen ez zela leku arrotzera joaten gurasoekin ez bazen, esaneko mutila izan zela beti, eta berdin jarraitzeko asmoa zuela aurrerantzean ere, sendotza hartuta egonagatik, eta ez ziotela horregatik barre egin behar!..., baina besteek horixe egiten zioten, barre gogotik.

        Hiru horiek, beraz, ez ziren joan; gainerakoek, berriz, bideari ekin zioten. Eguzkia dizdiz eta txoriak kantari ari ziren. Sendotza hartutako gaztetxoak ere, elkarri eskutik helduta, txoriekin batera kantari zihoazen, oraindik ez baitzuten ardurazko betebeharrik, eta, gainera, sendotza hartu berriak ziren Jainkoaren aurrean.

        Baina, luze gabe, nekeak hartu zituen gazteenetako bi, eta hirira itzuli ziren biak. Beste bi neskato lurrean eseri ziren, lorezko koroak egitera, eta ez zuten bidean aurrera jarraitu. Gainerakoek, gozogileek dendak jarri zituzten sahastira iristean, esan zuten:

        — Begira, heldu gara! Kanpaiaren arrastorik, ordea, batere ez; jendearen irudipen hutsa izango zen!

        Orduan bertan, kanpaiak jo zuen baso aldetik, eta hain gozo eta handios jo ere, ezen lauzpabostek gehixeago barneratzea erabaki zuten. Oso baso sarria zen, itxi-itxia, eta igarotzen zaila. Liliak eta otso-belarrak oso gora hazten ziren, goregi, aukeran, eta aihenek eta laharrek sorta luzeak eratzen zituzten zuhaitzik zuhaitz, non ere urretxindorrak kanta-kantari eta eguzki-izpiak jostari zebiltzan. Oso leku polita eta lasaia zen. Baina ez zen ez hura neskentzako moduko bidea: soinekoak urratuko zitzaizkien. Baziren han haitz handiak, kolore guztietako goroldioz estaliak, eta ur gardeneko iturritxoak, ura soinu berezia eginez zeriena: «gur, gur!».

        — Ez da, ba, hau izango kanpaia! —esan zuen mutiletako batek, eta soinu hura entzutera etzan zen lurrean—. Arretaz aztertu beharra dago hau —eta bera han geratu zen, eta gainerakoek aurrera jarraitu zuten.

        Zuhaitz-azalez eta adarrez egindako etxola batera iritsi ziren halako batean; arbola handi bat, basa sagarrez betea, etxola gainera abaildurik zegoen, haren teilatu arrosaz estalira astindu nahiko balu bezala bere oparotasuna. Sagar-arbolaren adar luzeak teilatu gailurreraino hedatzen ziren, eta teilatu gailurrean kanpai txiki bat zegoen zintzilik. Hori ote zen entzun ohi zutena? Bai, bat etorri ziren horretan denak, bat izan ezik. Mutil horren arabera, aurkitu zuten kanpai hori oso txikia eta mehea zen, ezin zitekeen lehenago hain urrutitik entzun zuten hura izan, eta gainera, egiten zuen hotsak ez omen zituen bestearenak bezala gizakien bihotzak hunkitzen. Horrela mintzatu zen mutil hori errege-seme zen eta horregatik eman zioten besteek erantzun hau:

        — Errege-kastako hauek gehiago dakitela erakutsi behar beti!

        Horrenbestez, bakarrik abiatu zen basoan barrena. Bidean aurreratu ahala, gero eta gehiago estutzen zion bularrean basoko bakartasunak. Baina berdin entzuten zuen besteei horrenbeste gustatu zitzaien kanpai txiki hura, eta tarteka-marteka, haizeak gozogilearen aldetik jotzen zuenean, argi entzuten zien haiei ere, tea hartzen eta kanta-kantari ari zirela. Baina kanpaiaren danda sakona guztiaren gainetik entzuten zen, organo batek lagunduta bezala; kanpai-hotsa ezkerraldetik zetorren, bihotza dagoen aldetik.

        Horretan, abar-hotsa entzun zen sasi artean, eta hara non agertzen den errege-semearen aurrean mutiko bat, eskalapoiez eta eskumuturrak agerian uzten zizkion jaka batez jantzita. Elkar ezagutu zuten. Izan ere, mutikoa sendotza hartu zutenetako bat zen, ugazabaren semeari jaka eta botak itzuli behar zizkiolako besteekin joaterik izan ez zuena. Eta jaka eta botak itzuli ondoren, eskalapoiak eta lehengo arropa txiroak jantzita abiatu zen, bakar-bakarrik, kanpai-dandaren ozenak eta sakonak erakarrita.

        — Elkarrekin joan gaitezke —esan zuen errege-semeak.

        Baina eskalapoiekiko koitadua lotsa-lotsa eginda zegoen. Jakaren mauka motzei tira egin, eta behar bezain arin ibiliko ote zen ez zekiela esan zuen, eta, bere iritziz, kanpaia bilatzeko eskuinaldera jo behar zela, alde hori zelako gauza handi eta aintzagarri guztiei zegokiena.

        — Tira ba, baina horrela ez dugu berriz elkar ikusiko —esan zuen errege-semeak, eta buruaz keinu egin zion mutiko txiroari. Mutikoa basoko alderdi ilun eta sarrienean barneratu zen. Arantzek arropak urratu eta odoletan utzi zizkioten aurpegia, eskuak eta oinak. Errege-semeak ere bazituen harramazka batzuk, baina hari behintzat eguzkiak argitzen zion bidea eta harexekin joango gara gu ere, adoretsua dugu-eta mutila.

        — Aurkitu egin behar dut kanpaia, eta aurkitu egingo dut —esan zuen—, baita munduaren azken muturreraino joan behar badut ere.

        Han, zuhaitzetan, baziren tximino nazkagarri batzuk, hortz guztiak agerian barrez errege semeari:

        — Harrika egingo diogu? —zioten—. Harrika egingo diogu, errege-semea da eta!

        Errege-semeak, batere beldurrik gabe, aurrera jarraitu zuen, basoan gero eta barrenago. Sekula izan diren lorerik harrigarrienak hazten ziren basoan: izar-itxurako lili zuriak odol-koloreko lorezil gorriekin, zeru-koloreko tulipa urdinak haizetan dizdiz... Sagarrondoek, berriz, xaboi-punpuila handi distiratsuak adinako sagar-aleak zituzten. Pentsa nolako distira egingo zuten hango zuhaitz haiek eguzkiaren argitan! Zelai berde ezinago ederretan orein arrak eta orein emeak zebiltzan, belarretan jolasean; ba, zelai haien inguruan sekulako haritzak eta pagoak hazten ziren, eta azalean pitzaturen bat zutenei belarra eta aihen luzeak ernatzen zitzaizkien pitzatuetatik. Baziren baso-eremu handiak ere, eta basoetan ur bareko aintzirak, eta aintziretan beltxarga zuriak, hegalak astinduz igeri. Errege-semea, gelditu, eta entzuten jartzen zen; lehenengo aldietan kanpai-hotsa aintzira sakon haietako batetik zetorrela iruditu zitzaion; gero jabetu zen, ordea: kanpaiak ez zuen antziretan jotzen, basoan barrenago baizik. Eguzkia apaltzen hasi zen, airea suarena bezalako distira gorri batek hartu zuen, eta basoan baretasun handi bat nagusitu zen. Belauniko jarri, arratsaldeko salmoa kantatu, eta esan zuen:

        — Ez dut sekula aurkituko bila nabilen hori! Ezkutatzera doa eguzkia, badator gaua, gau beltza. Eguzki biribil gorria ikusi ahal izango dut lur azpira erabat ezkutatu aurretik. Haitz haietara igoko naiz; zuhaitz garaienak bezain handiak dira eta!

        Eta muskilei eta zuztarrei helduz, haitz hezeetan gora joan zen; harrietan uretako sugeak kiribiltzen ziren eta apoek zaunka egiten ziotela ematen zuen, baina hala ere eguzkia erabat desagertu aurretik iritsi zen gora. Gain hartatik ikusten zena, zein ikuskizun paregabea! Itsasoa, itsaso handi ikusgarria begien aurrean ageri zitzaion, bere baga luzeak kostaldera bultzaka, eta itsasoak eta zeruak bat egiten zuten hartan, aldare handi distiratsua ematen zuen eguzki-begiak. Sugarrezko koloretan urtuta bezala zegoen dena. Basoa kantari, itsasoa kantari, eta haren bihotza ere beraiekin batera kantari. Eliza handi sakratu bat zen izadi osoa: arbolak eta airean loka zeuden hodeiak habeak ziren, loreak eta belarra belusezko apaindura, eta zerua, berriz, kupula handi bat. Goialdean gorri-koloreak apalduz zihoazen eguzkia gorde ahala, baina milioika izar piztu ziren, milioika lanpara diamantezko, eta errege-semeak besoak zabaldu zituen zerurantz, itsasorantz, eta basorantz..., eta orduantxe, eskuineko aldetik, mauka motzeko jakaz eta eskalapoiez jantzita, mutiko txiroa agertu zen. Leku berera iritsi ziren biak batera, zein bere bidetik. Bata bestearengana joan ziren korrika, eta eskutik heldu zioten elkarri, Izadiaren eta Poesiaren tenplu handi hartan; eta haien gainean kanpai santu ikusezinak jo zuen, inguruan arima dohatsuak zebilzkiola jira eta bira dantzan eta pozaren pozez aleluiaka!

 

(Klokken)

 

 

 

© H.C. Andersen

© itzulpenarena: Martxel Eguen (taldea)

 

 

"H.C. Andersen / Hemeretzi ipuin" orrialde nagusia