KLAUS HANDI ETA KLAUS TXIKI

 

        Baziren behin herri batean izen bereko gizon bi: Klaus zeritzen bi-biei; baina batak lau zaldi zituen, eta bat besterik ez besteak. Bata eta bestea bereizteko, lau zaldi zituenari «Klaus Handi» esaten zioten, eta bat besterik ez zuenari «Klaus Txiki». Bien artean gertatutakoa kontatuko dizuet orain, bene-benetakoa da eta:

        Astean zehar Klaus Txikik Klaus Handiren lurrak goldatu behar izaten zituen, zeukan zaldi bakarrarekin; ordainetan, Klaus Handik bere laurekin laguntzen zion, baina astean behin bakarrik, igandean. Arranopola! Bai ederki astintzen zuela zigorra Klaus Txikik bost zaldien gainean, bereak balitu bezala ibiltzen baitzen egun hartan. Eguraldi aparta egiten zuen, eta elizako kanpai guztiak mezatara deika ari ziren. Jendea, apain-apain jantzita eta otoitz liburua besapean hartuta, apaizaren sermoia entzutera zihoan, eta pasaeran, han ikusten zuten Klaus Txiki bere bost zaldiekin goldaketan; orduan, Klaus Txikik, zigorra astindu eta, harro-harro, esaten zuen oihuka:

        — Arre, ene zaldiok!

        — Ez esan hori! —esan zion Klaus Handik—. Hik zaldi bat besterik ez duk eta.

        Baina, norbait elizara bidean pasa orduko, ahazten zitzaion ez zuela halakorik esan behar, eta han hasten zen berriz ere oihuka:

        — Arre, ene zaldiok!

        — Ez esateko, ba, hori! Bestela, buruan jo eta bertan hilda utziko diat hire zaldi hori, eta akabo harenak orduan!

        — Hago lasai, ez diat berriz esango eta —erantzun zuen Klaus Txikik.

        Baina, inor ondotik pasa eta «Egun on!» esaten zion orduko, izugarri pozten zen Klaus Txiki —izan ere, zoragarria iruditzen zitzaion bost zaldi izatea lurra goldatzeko—, eta zigorra astindu eta oihuka esaten zuen:

        — Arre, ene zaldiok!

        — Nik erakutsiko diat, bai, arre esaten zaldiei! —esan zion Klaus Handik.

        Eta hartu zuen mailua, jo zuen Klaus Txikiren zaldia buruan, eta bertan hilda utzi zuen.

        — Ai, orain bai egin duala ederra; batere zaldirik gabe gelditu haiz! —esan zuen Klaus Txikik, eta negarrez hasi zen.

        Gero, zaldia larrutu, eta larrua haizetan jarri zuen lehortzen. Behin lehortu zenean, sartu zuen zaku batean, hartu zuen zakua lepoan, eta hirira abiatu zen larrua saltzera.

        Bide luzea zuen aurretik, eta baso itzaltsu batetik pasa beharra zeukan. Ekaitza ekarri zuen, eta galdu egin zen, eta ostera bidea aurkitu zuenerako, gain-gainean zuen arratsa; bide luzea geratzen zitzaion oraindik hirira heltzeko, baina etxetik ere urrunegi zegoen ilundu baino lehen itzuli ahal izateko.

        Bide-bazterrean baserri handi bat zegoen. Itxita zeuzkan leiho-tapak, baina argia ikusten zen zirrikituetatik. «Utziko didate gaua bertan pasatzen», pentsatu zuen bere artean Klaus Txikik, eta atea jo zuen.

        Etxeko andreak zabaldu zion atea, baina Klaus Txikiren eskaria entzun zuenean, bere bideari segitzeko esan zion, senarra kanpoan zela eta berak ez zuela ezezagunik hartzen etxean.

        — Tira ba, kanpoan egingo dut lo —esan zuen Klaus Txikik, eta andreak atea itxi zion muturrean.

        Handik bertan lastategia zegoen, eta lastategiaren eta baserriaren artean, estalpe txiki bat, lastozko estalki zapalekoa.

        — Hortxe etzango nauk —esan zuen Klaus Txikik estalki hura ikustean—. Ohe bikaina izango diat, non eta zikoina ez zaidan hegaldaka etortzen oinak mokokatzera.

        Izan ere, zikoina bat zegoen teilatuan, bere habian.

        Klaus Txiki, beraz, teilatu gainera igo, bertan luze etzan, eta batera eta bestera mugitu zen, harik eta eroso jarri zen arte. Zurezko leiho-tapek ez zuten leihoko goialdea erabat ixten, eta Klaus Txikik etxe barrena ikusten zuen handik.

        Mahai handi bat ikusi zuen, ederki atondua: ardoa, haragi errea eta arrain bikainik ere bazen. Etxeko andrea eta herriko sakristaua mahaira eserita zeuden, biak bakarrik: andrea ardoa zerbitzatzen gizonari eta gizona berealdiko arrain-jatea egiten, arrainzale amorratua baitzen, izan ere.

        — Mokadutxo bat hartzerik izango banu neuk ere! —esan zuen Klaus Txikik, eta leiho aldera makurtu zuen burua.

        Alajainkoa! Pastel bikainik ere ez zitzaien falta eta! Hura zen banketea hura!

        Halako batean, norbait sumatu zuen zaldi gainean baserri aldera zetorrela: etxeko jauna zen, etxera bidean. Oso bihotz oneko gizona zen, baina bazuen gaitz arraro bat: ezin zuen begien aurrean sakristaurik ikusi. Bat ikusi orduko, haserre bizian jartzen zen. Hain zuzen ere horrexegatik joan zitzaion sakristaua andreari bisita egitera etxeko jauna kanpoan zela, eta andreak, zituen jakirik goxoenak atera zizkion sakristauari. Senarra zetorrela sumatu zutenean, izuaren izuz dardarka hasi ziren biak, eta andreak erreguka eskatu zion sakristauari sartzeko han, gelako txokoan hutsik zegoen kutxa handian. Eta bai azkar sartu ere hura, bai baitzekien etxeko jaun gaixoak ezin zuela begien aurrean sakristaurik ikusi. Andreak aitaren batean ezkutatu zituen jaki goxo haiek guztiak ogia erretzeko labean, ardoa ahaztu gabe, bazekien-eta senarrak ikusten bazituen, galdezka hasiko zitzaiola.

        — Hara! —esan zuen Klaus Txikik, hasperen eginez lastozko teilatu-gain hartan, jakiak desagertu zirela ikusi zuenean.

        — Nor dabil hor? —galdetu zuen etxeko nagusiak; eta Klaus Txiki ikusi zuen—. Zer egiten duk hor goian etzanda? Hator barrura, gizona!

        Orduan Klaus Txikik galduta nola ibili zen kontatu zion, eta gaua etxean pasatzeko baimena ere eskatu zion.

        — Bai, noski! —esan zion etxeko nagusiak—. Baina lehenbizi zer edo zer jan beharko diagu, ezta?

        Andreak goxo-goxo hartu zituen biak; mahai handi bat paratu, eta katilukada bana morokil eman zien jateko. Etxeko jauna goseak zegoen, eta gogo handiz jan zuen emandakotik; baina Klaus Txikik ezin zituen burutik kendu beste jaki goxo haiek —haragi errea, arraina eta pastela—, bai baitzekien andreak labean gordeta zeuzkala.

        Klaus Txikik mahai azpian —bere hanken artean— utzi zuen zakua, zaldi-larrua barruan. Ondotxo dakigunez, zaku hura hartuta atera baitzen etxetik, larrua hirian saltzeko asmoz. Morokila ez zuen batere gogoko Klaus Txikik, eta hala, zapaldu zuen indarrez zakua, eta larruak zapart-hots gogorra atera zuen.

        — Ixo! —esan zion Klaus Txikik zakuari, baina berriz zapaldu zuen, eta arestian baino are hots gogorragoa atera zuen larruak, karrask!

        — Zer arraio duk zaku horretan? —galdetu zion etxeko nagusiak.

        — Deus ere ez; zera... azti bat! —esan zuen Klaus Txikik—. Esaten ari zait ez dugula morokilik zertan jan; berak, aztikeriaz, leporaino bete duela labea haragi errez, arrainez eta pastelez.

        — Bai ote? —esan zuen etxeko jaunak; jauzian labea ireki, eta hantxe ikusi zituen andreak gordetako jaki goxo haiek guztiak, zakuko aztiak magiaz sortuak zirela uste zituenak. Andrea ez zen ezer esaten ausartu, eta berehala mahairatu zien janaria. Hala, bada, nahi adina arrain, haragi eta pastel jan zuten biek. Orduan, Klaus Txikik berriro zapaldu zuen zakua, eta larruak karrask egin zuen.

        — Zer esan dik orain? —galdetu zuen etxeko jaunak.

        — Ba, zera... —hasi zen Klaus Txiki—, beste aztikeria bat egin duela, eta hiru botila ardo daudela labean guretzat.

        Andreak, orduan, atera egin behar izan zuen gordean zeukan ardo hura; edan zuen ardo hartatik etxeko nagusiak, eta oso pozik jarri zen. Zer ez zuen emango Klaus Txikik zakuan zeukana bezalako azti bat edukitzeagatik!

        — Eta Txerren agerrarazteko gai ote da? —galdetu zuen etxeko nagusiak—. Gogoz ikusiko nuke, orain umore oneko nagoenez!

        — Bai, noski! —esan zuen Klaus Txikik—. Esaten diodan guztia egiten dik nire azti honek. Ez al da egia, hi? —galdetu zuen, eta zakua zanpatu, karrask!—. Entzun duk, ezta? Baietz esan dik. Oso zatarra duk ordea Txerren hori; ikustea ere ez dik merezi.

        — Bo! Horrek ez zidak batere beldurrik ematen. Zer itxura du ba?

        — Zera..., sakristau bat ematen dik goitik behera!

        — Arranoa! —esan zuen etxeko nagusiak—. Horren zatarra al da, ba! Badakik ez ditudala sakristauak begi onez ikusten; baina, orain, ez ziok inporta: Txerren dela jakinda, errazago eramango diat. Adorez betea nagok orain! Baina, ez dakidala gehiegi hurrera!

        — Aztiari galdetuko zioat —esan zuen Klaus Txikik; zakua zapaldu, eta belarria hurbildu zuen zakura.

        — Zer esan dik?

        — Horko txoko horretan dagoen kutxa hori zabaltzen baduk, bertan ikusiko duala Txerren kuzkurtuta, baina eusteko kutxako estalkiari, Txerrenek alde egin ez dezan.

        — Lagunduko al didak eusten? —esan zuen etxeko nagusiak, eta kutxara hurbildu zen; andreak sakristaua gordeta zuen kutxara, alegia. Sakristaua, bien bitartean, beldurrak airean zegoen.

        Etxeko nagusiak kutxako estalkia pixka bat zabaldu, eta barruan begiratu zuen.

        — Arraioa! —esan zuen atzeraka jauzi eginez—. Ikusi diat, bai horixe! Gure sakristaua bera zirudik! Beldurgarria duk benetan!

        Ikusi zutena ikusi eta gero, eztarria busti beharra zegoen, eta ordu ttikiak arte egon ziren edaten.

        — Hire azti hori saldu behar didak! —esan zion Klaus Txikiri etxeko nagusiak—. Nahi duana eskatu! Lakari bete diru emango diat ordainez.

        — Ez, ezin diat halakorik egin! —esan zuen Klaus Txikik—. Pentsa ezak zer laguntza ona dudan neure azti hau.

        — Pozik hartuko nikek, ba, halako bat neuretzat, bai horixe! —esan zuen etxeko nagusiak, eta eskari bera egin zion behin eta berriro.

        — Ondo zagok —esan zuen Klaus Txikik azkenik—. Gaur gaueko ostatua eman didak, eta portatu haiz; ordaindu beharko diat nolabait. Har ezak nire aztia nahi baduk, baina lakari bat diru eman beharko didak ordainez, eta ondo bete ontzia, gero!

        — Emango diat, bai, dirua —esan zion etxeko nagusiak—, baina eraman ezak hemendik kutxa hori, ez diat gehiago ikusi nahi etxean; batek zekik Txerren hori barruan dagoen oraindik!

        Klaus Txikik larru lehorra zeukan zakua eman zion etxeko nagusiari, eta berak lakari bat hartu zuen ordainetan, diruz beterik.

        Etxeko nagusiak orga bat ere eman zion, dirua eta kutxa eraman zitzan.

        — Adio! —esan zuen Klaus Txikik, eta handik alde egin zuen, dirua eta kutxa handia, sakristau eta guzti, harturik.

        Basoaren beste aldean ibai zabal eta sakon bat zegoen; ura bizi-bizi zetorren ibaian behera, eta nekez egin zitekeen ur-lasterraren kontra igeri. Zubi berri handi bat zegoen ibaian alderik alde. Klaus Txiki zubiaren erdian gelditu, eta ahots betean, sakristauak kutxa barrutik entzuteko moduan, esan zuen:

        — Eta zer egin behar diat nik orain kutxa madarikatu honekin? Zama ikaragarria dik, harriz betea dagoela ematen dik! Aspertu nauk eramaten. Hartu eta uretara bota behar diat bertantxe, etxeraino igeri joan dadin: iristen bada ondo, eta iristen ez bada, hor konpon!

        Orduan, hartu kutxa esku batekin, eta pixka bat altxatu zuen, uretara bota nahiko balu bezala.

        — Ez, zaude! —esan zuen oihuka sakristauak kutxa barrutik—. Utzidazu irteten!

        — Arraioa! —esan zuen Klaus Txikik, beldurtuta balego bezala—. Barruan zagok oraindik! Oraintxe bota behar diat uretara, bertan ito dadin.

        — Ez, ez! Zaude pixka batean! —esan zuen oihuka sakristauak—. Lakari bat diru emango dizut bakean uzten banauzu!

        — Tira, hori besterik duk —esan zuen Klaus Txikik, eta kutxa zabaldu zuen.

        Sakristaua jauzian atera zen kutxatik, bota zuen uretara kutxa hutsa, joan zen etxera, eta lakari bat diru eman zion Klaus Txikiri. Bazuenez lehenagotik ere beste bat, baserritarrak emana, diruz beteta zeraman orain orga.

        — Hau duk mauka! Ondo pagatu zidatek, gero, zaldia! —esan zuen bere artean Klaus Txikik etxera iritsi eta orgako diru guztia lurrean pilatu zuenean—. Gozoa jarriko duk Klaus Handi, neukan zaldi bakarrarekin aberastu naizela jakiten duenean, baina ez zioat ezer esango.

        Eta morroia bidali zuen Klaus Handiren etxera, ale-neurri bat eskatzera.

        — Zer arraiotarako nahiko ote du horrek neurri bat? —pentsatu zuen bere artean Klaus Handik, eta bikez igurtzi zuen neurriaren hondoa, neurtzen zuena neurtzen zuela ere, neurgai hartatik zerbait barruan itsatsita gera zedin; eta halaxe gertatu zen, gertatu ere, ezen neurria itzuli ziotenean, zilarrezko hiru diru berri aurkitu zituen barruan.

        — Zer da hau, ordea? —esan zuen Klaus Handik, eta lasterka joan zen Klaus Txikiren etxera—. Nondik atera duk hik horrenbeste diru?

        — Atzo saldu nuen zaldi-larruarengatik eman zidatek.

        — Ez zagok gaizki pagatuta, ez horixe! —esan zuen Klaus Handik.

        Eta etxera joan, hartu aizkora, eta bere lau zaldiak jo zituen buruan. Gero, zaldiak larrutu, eta hirira joan zen larruekin.

        — Larruak, larruak! Larruak salgai! —zihoan kalez kale oihuka.

        Hiriko zapatari eta zurratzaile guztiak laster agertu ziren ea zenbatean saltzen zituen galdezka.

        — Lakari bat diru larru bakoitzeko! —erantzuten zien berak.

        — Hi, zer, burutik hago, ala? —esan zioten denek—. Zer uste duk, ontzikadaka neurtzen dugula guk dirua, ala?

        — Larruak, larruak! Larruak salgai! —jarraitu zuen berak oihuka.

        Baina larrua zenbatean zen galdetzen ziotenean:

        — Lakari bat diru larru bakoitzeko —erantzuten zuen berak.

        — Ederra sartu nahi ziguk horrek! —esan zuten denek.

        Eta hartu zituzten zapatariek uhalak eta zurratzaileek larruzko mantalak, eta Klaus Handi astintzen hasi ziren.

        — Larruak, larruak! —esaten zioten burla eginez—. Hi bai larrutuko haugula. Alde hemendik!

        Eta ahalik eta lasterren alde egin behar izan zuen Klaus Handik hiritik. Halako jipoirik ez zuen bere bizitza osoan hartu.

        — Holakorik niri! —esan zuen etxerakoan—. Larrutik pagatuko zidak Klaus Txiki horrek. Jo-ta-bertan hil behar diat!

        Baina Klaus Txikiri amona hil zitzaion etxean. Amona, egia esan, oso gaizki eta zakar portatu zen berarekin, baina, nolanahi ere, Klaus Txiki hunkituta zegoen. Amona hila hartu eta bere ohe beroan ezarri zuen, berpiztuko balitz ere. Hantxe utziko zuen gau osoan, eta bera, berriz, beste askotan bezala, bazter batean zegoen aulkian eseriko zen lo egitera.

        Gauean, bazterreko aulkian eserita zegoela, gelako atea zabaldu, eta Klaus Handi sartu zen, aizkora eskuan. Bazekien non zegoen Klaus Txikiren ohea. Zuzen-zuzenean hara joan, eta aizkorakada gogor bat eman zion amona hilari kopetan, Klaus Txiki zelakoan.

        — To! —esan zuen—. Ez didak, ez, berriz ziria sartuko! —eta etxera itzuli zen.

        — Gizatxar zitala halakoa! —esan zuen Klaus Txikik—. Bertan garbitu behar ninduen. Eskerrak amona dagoeneko hilotz zegoen, hilko zuen-eta bestela.

        Orduan, jantzi zizkion amonari igandetako arropak, eskatu zion auzoari zaldia, lotu zuen zaldia gurdira, eta atzeko eserlekuan ezarri zuen amona, gurdiaren trikili-trakalak bota ez zezan. Eta han joan ziren biak basoan barrena. Eguzkia atera zenean, benta handi baten aurrean ziren. Hantxe gelditu, eta zer edo zer jatera sartu zen Klaus Txiki.

        Bentako nagusia gizon aberatsa zen, eta bihotz handikoa, gainera, baina erretxina oso, barrua piperrautsez eta tabakoz betea balu bezala.

        — Egun on! —esan zion Klaus Txikiri—. Goiztxo jantzi dituk hik arropa onenak!

        — Bai —esan zuen Klaus Txikik—. Hirira noak amonarekin. Amona hor kanpoan diat, gurdian eserita, ez baitu sartu nahi. Eramango al diok, mesedez, baso bat ezti-ur? Eta garrasika hitz egiok, gorra zagok eta.

        — Eramango ez zioat, ba! —esan zuen bentako nagusiak.

        Bete zuen baso handi bat ezti-urez, eta gurdian zurrun zegoen amona hilari eraman zion.

        — Tori! Hemen duzu ezti-ura, semeak zuretzat eskatu didana! —esan zuen bentako nagusiak, baina andre hilak ez zuen txintik atera ez zirkinik egin.

        — Entzun al didazu? —esan zuen bentako nagusiak eztarria urratu beharrean—. Hona semeak zuretzat eskatutako ezti-ura!

        Gauza bera oihukatu zion behin eta berriro, baina amonak zirkinik ere ez zuen egiten, eta bentako nagusiak, haserre baino haserreago, hartu eta aurpegira bota zion ezti-ura. Eta sudurretatik ezti-ura zeriola, han joan zen amona hankaz gora, gurdian eserita baina lotu gabe baitzeraman.

        — Arranoa! —esan zuen oihuka Klaus Txikik. Atera zen bentatik arrapaladan, eta zintzurretik heldu zion bentako nagusiari—. Ez didak, ba, amona hil! Begira zer zulo duen kopetan!

        — Hau zoritxarra! —esan zuen bentako nagusiak eskuak bihurrituz—. Nire odol bero honek dik errua. Klaus Txiki, maite hori, lakari bat diru emango diat, eta neurea banu bezala lurperatuko diat amona, baina ez ezak ezer esan, gainerakoan, lepoa moztuko zidatek, eta gauza izugarria izan behar dik horrek!

        Klaus Txikik, beraz, lakari bete diru eskuratu zuen, eta bentako nagusiak berea balu bezala lurperatu zuen amona.

        Klaus Txiki bere diruarekin etxera iritsi bezain laster, Klaus Handirenera bidali zuen semea, neurria utziko ote zion eskatzera.

        — Nola liteke, baina! —esan zuen Klaus Handik—. Ez al dut, ba, hil? Neure begiez ikusi behar diat hori! —eta neurria hartu eta Klaus Txikirengana joan zen.

        — Arraioa! Nondik atera duk hik horrenbeste diru? —galdetu zion begiak irten beharrean, hango dirutza ikusita.

        — Amona hil hidan ni hil beharrean —esan zuen Klaus Txikik—. Amona saldu eta lakari bat diru eman zidatek ordainez!

        — Ez diate gaizki pagatu, gero! —esan zuen Klaus Handik. Eta joan zen lasterka etxera, hartu zuen aizkora, eta bere amona hil zuen bertan. Jarri zuen amona gurdi gainean, eta hirira eraman zuen, botikaria bizi zen etxera, eta hilotza erosiko ote zuen galdetu zion.

        — Nor da hori, eta nondik atera duzu hilotza? —galdetu zuen botikariak.

        — Amona dut! —esan zuen Klaus Handik—. Lakari bat diru eskuratzeagatik hil dut.

        — Jainkoak gorde gaitzala! —esan zuen botikariak—. Zu ez zaude burutik sano! Ez ezazu holakorik esan; entzuten badizute lepoa galduko duzu eta!

        Izugarrikeria bat egin zuela esan zion botikariak, oso gizon gaiztoa zela eta zigorra merezi zuela. Eta Klaus Handiri halako beldurra sartu zitzaion, ezen ziztu bizian alde egin baitzuen botikariaren etxetik; jauzian igo zen gurdi gainera, eragin zaldiari, eta etxera abiatu zen. Botikariak eta gainerakoek zorotzat hartu zuten, eta horregatik utzi zioten alde egiten.

        — Larrutik pagatuko didak! —esan zuen Klaus Handik etxera bidean—. Larrutik pagatuko didaanez, Klaus Txiki, bai horixe!

        Eta etxera iritsi bezain laster, hartu zuen zeukan zakurik handiena, joan zen Klaus Txikirengana eta esan zion:

        — Sartu didak, bai, ederra berriro! Aurrena neure lau zaldiak akabatu nitian, gero nire amona zaharra! Eta dena hire erruz, baina ez didak, ez, berriz sartuko!

        Eta harrapatu zuen Klaus Txiki gerritik, sartu zuen zakuan, hartu zakua lepoan, eta oihu batean esan zion:

        — Uretan ito behar haut!

        Bide luzea egin behar zuen ibaira iristeko, eta Klaus Txiki ez zen, ez, oso karga arina. Bide ondoan eliza bat zegoen; organoa jotzen ari ziren elizan, eta eliztarrek zoragarri kantatzen zuten. Utzi zuen Klaus Handik zakua lurrean, elizako ate ondoan, eta aurrera segitu baino lehen, elizan sartu eta salmo bat entzutea pentsatu zuen. Klaus Txikik ez zion zakutik alde egingo, eta gainera, elizan ziren denak. Eta elizara sartu zen bera ere.

        — Ai ene! Ai ene! —hasi zen intzirika Klaus Txiki zaku barruan. Batera eta bestera mugitzen zuen gorputza, baina alferrik, ezin korapiloa askatu. Horretan ari zela, unai zahar bat pasa zen handik, elurra bezain zuri ilea eta makila luze bat eskuan. Unaiaren aurretik behi- eta zezen-talde handi bat zihoan. Abereek Klaus Txiki zegoen zakua hankaperatu eta azpikoz gora irauli zuten.

        — Ai ene, errukarria ni! —esan zuen Klaus Txikik—. Hain gazterik zerura joan beharra!

        — Eta nik, gaixo honek! —esan zuen unaiak—. Zahartu, eta ezin oraindik joan!

        — Askatu zakua! —egin zuen oihu Klaus Txikik—. Sar hadi nire ordez eta zuzen-zuzenean joango haiz!

        — Bai, joateko irrikaz nagok! —esan zuen unaiak; askatu zuen zakua, eta Klaus Txiki jauzian atera zen barrutik.

        — Abereak hik zainduko dizkidak? —galdetu zuen agure zaharrak zakuan sartzean. Klaus Txikik zakua lotu, eta behi eta zezen guztiekin alde egin zuen handik.

        Handik laster irten zen Klaus Handi elizatik; hartu zuen berriro zakua lepo gainean, eta karga gutxiago zuela iruditu zitzaion; izan ere, unai zaharra Klaus Txikiren erdia zen pisuan.

        — Arinago zagok orain zaku hau! Salmoa entzuten egon naizelako izango duk, noski!

        Eta ibai aldera abiatu zen. Oso ibai sakona eta zabala zen. Bota zuen uretara zakua, unai zaharra barruan, eta esan zion oihuka, Klaus Txiki zelakoan:

        — Ez duk, ez, nire lepotik barre gehiago egingo!

        Eta etxe aldera abiatu zen, baina bidegurutzera iristean, Klaus Txiki topatu zuen, ganaduarekin bidez zihoala.

        — Zer arraio da hau! —esan zuen Klaus Handik—. Baina ez al haut, ba, oraintxe bertan ibaira bota?

        — Bai, ba! —erantzun zuen Klaus Txikik—. Orain dela ordu erdi bat eskas bota nauk!

        — Eta nondik atera duk, ba, halako abere-talde ederra, jakin baliteke? —galdetu zuen Klaus Handik.

        — Uretako ganadua duk —esan zuen Klaus Txikik—. Oraintxe kontatuko diat zer gertatu zaidan, eta gainera eskerrak eman behar dizkiat ni ibaira botatzeagatik. Hemen naukak berriro, eta guztiz aberastuta, ikusten duanez. Beldur handia pasa diat zaku barruan: haizea txistuka sumatu diat belarrietan, zubitik behera ibaiko ur hotzetara bota nauanean. Berehala jo diat hondoa, baina ez diat minik hartu, oso belar biguna hazten baita han behean. Hondoa jo orduko zabaldu duk zakua, eta dontzeila eder bat agertu zaidak aurrez aurre, elurra bera bezain jantzi zuria soinean eta koroa berde bat adats bustiaren gainean; eskutik heldu eta esan zidak:

        «— Zu Klaus Txiki zara, ezta? Hona hemen zenbait abere zuretzat; bide-puska bat urrunago abere-talde oso bat dago, eta opari eman nahi dizut.»

        «Orduan konturatu nauk ibaia bide handi bat dela urtarrentzat. Han behean zabiltzak bidez bide, itsasotik ibaiaren azken muturreraino. Lore zoragarri politak zeudean, eta belarrik samurrena hazten zuan, eta arrainak, uretan igeri, belarrien inguruan zebilzkidaan itzulinguruka, hemen txoriak airean bezala. Bai jende jatorra hangoa, eta zenbat eta zenbat abere bide-bazterretan!»

        — Orduan, zergatik itzuli haiz, ba? —galdetu zion Klaus Handik—. Ni ez nindukean itzuliko, han hondoan dena hain zoragarria baldin bada.

        — Zera —esan zuen Klaus Txikik—, trikimailu bat erabili diat. Entzun duk arestian kontatutakoa, ezta? Ibaiko dontzeilak esan zidak bide-puska bat aurrerago —eta bidea esan duenean ibaia esan nahi zian, hark ez baitu beste ibilbiderik— beste abere-talde bat aurkituko nuela niretzat. Baina nik bazekiat zenbat ukondo egiten dituen ibaiak, orain alde batera, gero bestera; luze jotzen dik. Horregatik, ahal izanez gero, asko laburtzen duk uretatik irten, eta lehorretik joanda. Horrela, bide-puska handia aurreratzen duk eta lehenago eskuratzen duk uretako ganadua.

        — Hi haiz, hi, zorionekoa! —esan zuen Klaus Handik—. Eta neu jaisten banaiz, lortuko ote dut urpetar abererik?

        — Bai, ba! —esan zuen Klaus Txikik—. Baina ezin haut zakuan eraman ibairaino; astunegia haiz niretzat. Dena den, heure kabuz joan, eta zakuan sartzen bahaiz, neronek botako haut, eta pozik, gainera!

        — Eskerrik asko! —esan zuen Klaus Handik—. Baina ibai-hondoraino heldu, eta ez badut uretako ganadurik eskuratzen, txiki-txiki egingo haut!

        — Ez hadi horren gogorra izan, motel!

        Eta ibai aldera abiatu ziren. Abereak, ura ikusi orduko, abailan joan ziren edatera, egarriz amorratzen baitziren.

        — Begira zer habaila daramaten —esan zuen Klaus Txikik—. Ibai hondora itzuli nahi ditek berriro horiek!

        — Bai, baina lagun egidak niri lehenbizi —esan zuen Klaus Handik—. Egurtuko haut bestela! —eta zezenetako baten bizkar gainean zegoen zaku handi baten barruan sartu zen.

        — Baina sar ezak harri bat badaezpada, hondoratuko ez banintz ere —esan zuen Klaus Handik.

        — Bai, motel, lasai! —esan zion Klaus Txikik; sartu zuen, bada, harri handi bat zakuan, lotu zuen ondo zaku hori, eta plastaaa... bota zuen uretara. Han joan zen Klaus Handi zubitik behera, eta berehala murgildu zen ibaiaren hondo-hondoraino.

        — Ez zakiat, ba, ganadu askorik aurkituko duen horrek! —esan zuen Klaus Txikik, eta bere abereak hartuta, etxera joan zen.

 

(Lille Claus og store Claus)

 

 

 

© H.C. Andersen

© itzulpenarena: Martxel Eguen (taldea)

 

 

"H.C. Andersen / Hemeretzi ipuin" orrialde nagusia