ELFOEN MUINOA

 

        Sugandila batzuk arineketa alaian zebiltzan, arbola zahar baten arrakaletan sartu eta irten. Oso ondo ulertzen zuten elkar, sugandilen hizkeran ari baitziren.

        — Hori da durunda eta burrunba Elfoen Muinotik datorrena! —esan zuen sugandiletako batek—. Bi gau dira begirik bildu ezinik nabilela. Egin dudan lo apurrerako, hagineko minez ohean egon banintz ere, igoal-igoal!

        — Badarabilte zerbait, bai! —esan zuen bigarren sugandilak—. Lau makila gorriren gainean jarrita eduki dute muinoa oilaritera arte, ondo haizatu dadin; eta elfo andereak dantza berri batzuk ikasten aritu dira, takoi-tarrapataka batean. Badarabilte zerbait, bai horixe!

        — Bai, ezagutzen dudan zizare batekin aritu naiz hizketan. Muinotik iritsi berria zen, han izan baita gau eta egun tunelak egiten lurpean. Zer ez omen du entzun! Mamorro gaixoak ez du piperrik ere ikusten, baina ondo asko daki itsumustuka ibiltzen eta inon direnak entzuten! Kanpotarrak espero omen dituzte Elfoen Muinoan, eta ez nolanahikoak, alajaina, baina zein diren ez dit esan, jakin ere ez zuen jakingo eta. Argitxakur guztiak deitu omen dituzte, zuzi-prozesioa egin dezaten; urre-zilarreria ere —badakizue zein ugari den han— garbi-garbi egin eta gero, ilargi-argitan jartzen ari omen dira.

        — Nortzuk izango ote dira kanpotar horiek? —esan zuten sugandila guztiek batera—. Zer demontretan ote dabiltza? Entzun hango burrunba! Entzun hango durundia!

        Une horretantxe, muinoa ireki eta elfo andere zahar bat irten zen bertatik. Bizkar gabea zen, baina dotore-dotore jantzita zetorren, jauzi txikiak emanez. Elfoen erregearen giltzain zaharra zen, eta haren ahaide txikia; eta anbarezko bihotz bat zuen bekokian. Hankak agudo baino agudoago mugitzen zituen, trinkili-trinkili-trin. Jainko maitea! Haren ziztua! Zuzen-zuzen zingira aldera jo zuen, zataren etxeraino.

        — Gauean Elfoen Muinora etortzeko gonbitea dakarkizut! —esan zion—, baina egiguzu mesede: ardura zaitez gainerako gonbiteez. Zerbaitetan lagundu beharko duzu, etxeko lanik ez duzu eta. Oso jende ospetsua etorriko zaigu, izen handiko trasgoak, eta elfoen erregeak bera ere handietan handia dela erakutsi nahi die.

        — Nori egin behar zaio gonbitea? —galdetu zuen zatak.

        — Beno, dantzaldi nagusira edonor etor daiteke, baita gizakiak ere, baldin eta ametsetan hitz egiteko gai badira, edo guk egiten ditugun moduko gauzaren bat egiten baldin badakite, behintzat. Baina oturuntza handirako, aukeraketa zorrotz egin behar da; jende gorenena baino ez dugu hartuko. Eztabaida gogorrean aritu naiz elfoen erregearekin, nire ustez mamuak ez baikenituzke hartu behar. Beste inor baino lehen, tritoia eta haren alabak gonbidatu behar dira; ez dut uste lehorrera etortzeko irrikaz egongo direnik, baina neu arduratuko naiz harri busti bana edo beste zerbait hobea izan dezaten esertzeko; beraz, ez dut uste ezetz esango digutenik oraingoan. Lehen mailako iratxo zahar buztandun guztiek etorri behar dute, eta ibaiko jaunak eta gnomoek. Eta, nire aburuz, ezin ditugu ahaztu hilobietako txerria, infernuko zaldia eta elizako mustroa; elizaren partaide dira, gu ez bezala, baina horiek lan-kontuak dira; senide ditugu bestela, eta sarritan etortzen zaizkigu bisitan.

        — Kuik! —esan zuen zatak, eta han joan zen hegan gonbidapenak egitera.

        Elfo andereak dantzan ari ziren ordurako muino gainean, behelainoz eta ilargi-izpiz ehundutako txal luzeez jantzirik dantzan; eta izugarrizko ikuskizuna zen halako gauzak gustuko dituen jendearentzat. Muino barruko areto nagusia garbi-garbi egin zuten arretarik handienaz. Zorua ilargi-izpiz garbitu zuten, eta hormak sorgin-gantzez igurtzi zituzten, eta horrexegatik egiten zuten dirdai, tulipan-petaloek argitan bezala. Zer ez zegoen sukalde hartan: igelak burduntzietan; suge-larruak, haur jaioberrien hatzez beteak; apo-arrabaz, sagu-muturrez eta zikutaz eginiko entsalada; zingirako sorginak egindako garagardoa, eta hilobi-sotoetan ondutako gesal-ardo apartsua; guzti-guztiak jaki finenak, inondik ere!; eta bukatzeko, iltze herdoilduak eta eliz beirateetako leiar triskatuak.

        Elfoen erregeak urrezko koroa garbi ziezaioten agindu zuen; ume azkarrenaren klera-hautsez egin behar zen hori, eta lan zaila izaten zuen elfoen erregeak halako klariona lortzen, lan zaila, benetan! Logelan gortina berriak eskegi zituzten, eta suge-listuz itsatsi. Izango ez zen, ba, han, burrunba eta zalaparta?!

        — Orain hau zurdaz eta kimaz lurrindu, eta kito!, amaitu da nire eginbeharra —esan zuen elfo andere zaharrak.

        — Aitatxo —esan zuen alaba gazteenak—, jakin al daiteke nortzuk diren kanpotar ospetsu horiek?

        — Beno, beno! —erantzun zuen erregeak—, esan egin beharko dizut azkenean. Nire alaba bik ezkontzeko prest egon beharko dute. Bi, behintzat, ezkonduko dira; hori ziur. Norvegiako trasgo gorena dator; badakizu, Dovreko gainean bizi dena, harrizko gaztelu eta gotorleku ugari eta inork uste baino balio handiagoko urre-meak dituena. Bere bi semeekin dator, emazte bila baitabiltza mutilak. Trasgo zaharra norvegiar peto-petoa da, ondratua, alaia eta zintzoa; oso aspaldiko laguna dut, tratu handia izan genuen, bion arteko adiskidantza ospatzeko elkarrekin edan ohi genuen garai haietan. Emazte bila ere hona etorri zen, baina orain hilik du. Møengo kare-labarretako erregearen alaba zen. Klarki esan daiteke, beraz, klerazko andre bat hartu zuela. Ai!, badut, bai, nire lagun zahar hori berriro ikusteko gogoa! Mutilak edukazio gabeko morroskoak omen dira, baina ezin esan ezagutu gabe, eta, batek daki, ezkondu ondoren zuzenduko dira agian. Ea zeuok zuzentzen dituzuen!

        — Eta noiz dira etortzekoak, ba? —galdetu zuen alabetako batek.

        — Hori haizearen eta eguraldiaren mende dago —esan zuen elfoen erregeak—. Bidaia merke egitea erabaki dute, itsasontzi batean etortzeko aukera aprobetxatuz. Nik nahiago nuen Suediatik barna etorri izan balira, baina nire adiskideari oraindik ez zaio hori buruan sartzen. Ez du gaurko bizimoduaren martxa hartu, eta hori ez zait batere gustatzen, batere ez!

        Une horretantxe, bi argitxakur etorri ziren jauzika, zein baino zein arinago, eta, hain justu ere, huraxe iritsi zen lehena.

        — Badatoz! Badatoz! —egin zuten deiadar.

        — Ekarridazue koroa, eta ilargi-argitan paratuko naiz —esan zuen elfoen erregeak.

        Alabek txal luzeak altxatu eta lurrerainoko erreberentzia egin zuten.

        Han zegoen Dovreko trasgo jatorra; izotz-burduntziz eta izai-pinaburuen dizdiraz eginiko koroa buruan, hartz-larruzko beroki bat soinean, eta elurretako botak jantzita; semeak, aldiz, paparra agerian eta tiranterik gabe zetozen, mardo-mardoak ziren eta.

        — Muino bat al da hau? —galdetu zuen anaietan gazteenak Elfoen Muinoa seinalatuz—. Norvegian zulo deitzen diogu halakoari!

        — Mutikoak! —esan zien aitak—. Zuloak behera egiten du, eta muinoak gora! Ez duzue begirik aurpegi horietan, ala?

        Gauza bakar batek harritzen zituen, antza: hangoen hizkuntza inolako trabarik gabe ulertzeak.

        — Ez alukeriarik esan! —erantzun zuen zaharrak—. Gaizki heziak ematen duzue eta!

        Halatan, bada, Elfoen Muinoan sartu ziren, non jende dotore mordoa baitzegoen elkarturik, eta hori korrika eta presaka bildu zirela, denak haize-bolada batek airean eraman balitu bezala. Barrua izugarri eder jarrita zegoen, edonoren gustua asetzeko moduan. Tritoia eta haren alabak mahai inguruan eserita zeuden, urez beteriko upeletan; etxean bezala sentitzen zirela zioten. Jende guztiak mahaian egoteko oso manera onak erakusten zituen; guztiek, norvegiar trasgo gazte biek izan ezik. Izan ere, mahai gainean jarri zituzten hankak, nahi zuten guztia egitea libre zutela uste izanik.

        — Kendu hanka horiek plateretik! —esan zien trasgo zaharrak, eta haren esana bete zuten, ez berehalakoan, halere. Poltsikoetatik pinaburu batzuk atera eta kili-kili egin zieten neskatxa afalkideei. Gero, erosoago egoteko, botak erantzi eta aldameneko elfo neskatxei eman zizkieten, gorde ziezazkieten; baina haien aita, Norvegiako trasgo zaharra, zeharo bestelakoa zen. Makina bat istorio eder kontatu zuen Norvegiako mendi zoragarriez; eta ur-jauziak apar zuritan amiltzean egiten duten organoarena bezalako soinu trumoitsuaz. Gero izokinaren istorioa kontatu zuen. Nola, naiadeen urrezko harpa entzutean, ur-lasterraren kontra jauzi egiten zuen. Ondoren neguko gau zohardiez mintzatu zen; nola lerako txilinek diin-diiin egiten zuten, eta nola ibiltzen ziren mutikoak, zuzi irazekiak eskuan, izotz dirdaitsu gardenetan lasterka, eta nola, hain gardena izaki izotza, arrainak ere ikusten zituzten, beren oinpean izuturik. Zein ederki kontatzen zituen gauzak! Hark esaten zituenak bertan egonik bezala entzun eta ikus zitezkeen: zerratokiak lanean, neska-mutilak beren kantuak kantatzen eta Halling dantza alaia dantzatzen. Ufala! Eta bat-batean, besterik gabe, zer, eta trasgo zaharrak sekulako patxoa eman zion giltzain zaharrari, ganoraz emandako musua, baina; eta hori senide ez zirelarik!

        Berehala, elfo andereen dantzarako txanda etorri zen: hasteko, dantza arruntean aritu ziren, eta ondoren, takoi-tarrapataka. Horren atzetik, fantasiazko dantza etorri zen edo «dantzaz haraindiko dantza» esaten zaiona. Jainko maitea! Zein zaluki higitzen zituzten hankak! Ez zegoen asmatzerik non hasi eta non bukatzen zitzaizkien; ez zegoen haien besoak eta hankak bereizterik, txirlorak bailiran nahasten baitziren; eta pentsa nolakoa izango zen jira-bira ero hura, ezen, azkenean, infernuko zaldia zorabiatu, eta mahaitik alde egin behar izan baitzuen.

        — Brr! —esan zuen trasgo zaharrak—. Hau hanka-nahaspila! Baina dantza egin, hankak luzatu eta hautsa harrotzeaz gain, ba al dakite beste ezer egiten?

        — Oraintxe ikusiko duzu! —esan zion Elfoen erregeak, eta alaba gazteena irtenarazi zuen. Argal-argala zen, eta ilargi-izpia bezain gardena, ahizpa guztien artean gorpuzkera sotilena zuena. Neskak ziritxo bat hartu zuen ahoan, eta traup!, desagertu egin zen; hura zen haren abildadea.

        Berehala esan zion trasgo zaharrak, ordea, ez lukeela nahiko bere emazteak horrelako dohairik izatea, eta ez zuela uste semeek ere halakorik nahiko zutenik.

        Bigarrenak bere gorputzaren alboan ibiltzeko gaitasuna zuen, bere buruaren itzala balitz bezala; eta hori elfoek itzalik ez dutelarik.

        Hirugarrena oso bestelakoa zen, zingirako sorginaren garagardotegian hazia zen eta haltz-mukurrak ipurtargiz apaintzen zekien.

        — Etxekoandre aparta izango da! —esan zuen trasgo zaharrak, eta begiak kliskatu zizkion topa egin ordez, ez baitzuen gehiegi edan nahi.

        Laugarrenaren txanda etorri zen gero. Urrezko harpa itzel bat zeukan eta lehen sokari eragin bezain laster, ezker hanka jaso zuten denek —izan ere, elfoarrak ezkertiak dira—, eta bigarren sokari eragin zionean, berak agintzen ziena egin behar zuten besteek.

        — Argi ibili emakume honekin! —esan zuen trasgo zaharrak, baina bere bi semeak muinotik kanpo zeuden ordurako, kopetaraino eginda baitzeuden hangoaz.

        — Eta zer daki egiten hurrengo alabak? —galdetu zuen trasgo zaharrak.

        — Norvegiarrak maitatzen ikasi dut! —erantzun zuen elfo andere gazteak—, eta ez naiz ezkonduko Norvegiara joateko ez bada!

        Baina alabetan gazteenak honelaxe xuxurlatu zion trasgo zaharrari belarrira:

        — Hori norvegiar kantu batean entzun duenagatik esaten du: munduaren akabera iristen denean, Norvegiako haitzek bakarrik iraungo omen dute zutik, oroitarri gisa; horra hor zergatik joan nahi duen hara, desagertzeko beldurrez dagoelako.

        — Ha, ha! —egin zuen barre trasgo zaharrak—, utz dezagun hori, orduan. Zer daki, ordea, zazpigarren alabak?

        — Zazpigarrenaren aurretik seigarrena dator! —esan zuen elfoen erregeak, kontatzen bazekien eta, baina seigarrenak ez zuen jendaurrean agertu nahi.

        — Jendeari egia esaten baino ez dakit —erantzun zuen seigarren horrek—; inor ez da nitaz arduratzen, eta nahikoa lan daukat neure hiljantzia josten.

        Zazpigarren alaba, azkena, etorri zen, beraz; eta zer zekien egiten hark? Ba, ipuinak kontatzen; nahi beste konta zitzakeen, gainera.

        — Hona hemen nire bost hatzak! —esan zion trasgo zaharrak—. Kontaidazu ipuin bat hatz bakoitzeko!

        Elfo andere gazteak eskumuturra hartu zion, eta a zer nolako barreak eragin zizkion trasgoari, ia gibelak ere bota zituen algaraka. Elfo andere gazteak laugarren hatza hartu zuenean —ezkontza iragarriz bezala urrezko eraztuna zuena—, honela esan zion trasgoak neskari:

        — Ondo eutsi horri, eskua zuretzat izango da eta! Emaztetzat hartuko zaitut!

        Elfo andereak erantzun zion artean kontatu gabe zeuzkala Urrezko Ilintiaren ipuina, laugarren hatzari zegokiona, eta Erpurutxorena, bosgarren hatzarena.

        — Ez arduratu horregatik; gorde itzazu negurako! Orduan kontatu ahal izango dizkiguzu izaiarena, eta urkiarena, eta maitagarrien opariena eta intzigar beltza egiten duenekoa. Ez duzu ipuinak kontatzeko aukerarik faltako, han inork ez daki eta! Harrizko Aretoan eseriko gara, pinu-enborren sugarren epelean, eta ezti-ura edango dugu Norvegiako errege zaharren urrezko adarretatik; ibaiko jaunak adar pare bat erregalatu dit. Eta hantxe eserita gaudela, mendiko jauna etorriko zaigu bisitan, eta Sæterreko neskatxen kantuak kantatuko dizkigu. Izokinak ur-jauzian salto egin eta harrizko hormaren kontra joko du, baina alferrik, ez baita gurera sartuko. Sinetsidazu, ondo baino hobeto biziko gara, zoriontsu, nire Norvegia zahar maitean! Non sartu dira, baina, mutilak?

        Bai, non ote ziren? Kanpoan zebiltzan, belazeetan zehar korrika, zuzien prozesiorako zintzo-zintzo etorri ziren argitxakurrak itzali nahian.

        — Zer arraio zabiltzate batetik bestera? —esan zien trasgoak—. Ama bat aukeratu dut zuentzat, erdu hona eta aukera ezazue zuek ere izeben artetik bana.

        Baina mutilek nahiago zutela hitzalditxoak egin eta tragotxo batzuk edan; ez zutela ezkontzeko gogo porrorik ere. Eta halaxe egin zuten, egin ere: hitzalditxoak esan, han zeudenen alde topa egin eta edalontzia buruz behera jarri gero, azken tantaraino edan zutela erakusteko. Gero, arropak erantzi eta mahai gainean etzan ziren lotarako, etxean baleude bezala. Trasgo zaharra, berriz, dantza batean zebilen, gelaren buelta osoan biraka bere emaztegai gaztearekin; eta aldean zeramatzaten botak trukatu zizkioten elkarri, eraztunak trukatzea baino dotoreago zelako.

        — Han! Oilarraren kukurrukua! —esan zuen giltzain zaharrak—. Leihoetako atexkak batu behar ditugu, eguzkiak ahituko gaitu, bestela.

        Eta, halaxe, muinoa itxi zuten. Kanpoan, ordea, sugandilak arrapaladan ari ziren, gora eta behera, zuhaitzaren zartatuetan zehar, eta honela esan zioten elkarri:

        — Bai maitagarria trasgo zaharra!

        — Nik nahiago mutil gazteak —esan zuen zizareak; baina, jakina, hark ezin ikusi, mamorro gaixoak!

 

(Elverhøi)

 

 

 

© H.C. Andersen

© itzulpenarena: Martxel Eguen (taldea)

 

 

"H.C. Andersen / Hemeretzi ipuin" orrialde nagusia