IDA TXIKIAREN LOREAK

 

        — Nire lore gaixoak! Hil egin zaizkit! —esan zuen Ida txikiak—. Eder-ederrak neuzkan atzo, eta gaur, begira, zimeldurik dauzkate hosto guztiak! Zergatik, baina? —galdetu zion Idak sofan eserita zegoen estudiante bati. Idak asko maite zuen estudiantea. Istoriorik harrigarrienak ezagutzen zituen estudianteak, eta irudi zoragarriak egiten zituen paperez: bihotz-irudiak barruan dantzariak zituztela; loreak, eta gaztelu handiak, ireki eta itxi egiten ziren ate eta guzti. Atsegina zen estudiantea.

        — Zergatik daude gaur loreak horren itsusi? —galdetu zion berriz ere Idak. Eta erabat zimeldurik zegoen lore-sorta bat erakutsi zion.

        — Badakizu zer duten? —esan zion estudianteak—. Ba, bart dantzan izan dira, eta horrexegatik daude buru-makur.

        — Loreek ez dakite, ordea, dantzan! —esan zuen Ida txikiak.

        — Jakingo ez dute, ba! —esan zuen estudianteak—. Gaua etortzen denean, gu lo gaudela, pozaren pozez jauzika hasten dira. Eta ia gauero joaten dira dantzara.

        — Eta umeak? Haiek ere joaten al dira?

        — Baita ere! —esan zuen estudianteak—. Han izaten dira bitxilore eta mugeta txikitxoenak.

        — Eta non dantzatzen dira lore eder horiek? —galdetu zuen Ida txikiak.

        — Egonda zaude, ba, erregearen jauregiaren aurrean. Bada han lorez betetako lorategi bat. Eta ikusiko zenituen beltxargak: ogia bota eta etorri egiten dira igerian. Ba, hantxe, jauregi hartantxe izaten da dantza!

        — Atzo bertan izan nintzen lorategi horretan amarekin —esan zuen Idak—, baina hosto guztiak eroriak ziren zuhaitzetatik, eta han ez zegoen lorerik. Non daude orain? Hainbeste eta hainbeste ikusi nituen udan!

        — Jauregian daude —esan zuen estudianteak—. Erregea eta gorteko guztiak hirira itzuli bezain pronto, lorategia utzi eta jauregira sartzen dira loreak lasterka. Ikusiko bazenitu! Bi arrosa ederrenak errege-aulkian esertzen dira, eta errege-erreginarena egiten dute. Amaranto gorri guztiak albo banatan jartzen zaizkie zutik, eta erreberentziak egiten dituzte: ganbarako aitoren semeak dira. Haien ondoren lore ederrenak sartzen dira, eta orduan hasten da dantzaldia. Bioleta urdinak itsas-kadeteak dira, eta jazintoekin eta azafraiekin egiten dute dantza, eta señorita esaten diete. Tulipak eta urre-koloreko lirio handiak dama nagusiak dira, eta haien ardura izaten da guztiak egoki dantzatzen diren eta dena ondo doan begiratzea.

        — Baina ez al die inork errieta egiten erregearen gazteluan dantzatzeagatik? —galdetu zuen Ida txikiak.

        — Inork ez daki eta han daudenik! —esan zuen estudianteak—. Beno, zenbaitetan, gauren batzuetan, jauregizain zaharra joaten da; jauregi osoa zaindu behar izaten du eta giltza-mordo handia eramaten du zintzilik, baina loreek giltzen errepika entzuten dutenean, errezela luzeen atzean ezkutatzen dira, isil-isilik, burua atera eta kirika. «Lore-usaina dago hemen» esaten du zaintzaile zaharrak, baina loreak ez ditu ikusten.

        — Hori festa! —esan zuen Ida txikiak, txaloka—. Eta nik, ezin ditzaket ikusi?

        — Bai, noski —esan zuen estudianteak—. Jauregira zoazen hurrengoan, gogoratu leihoetara begiratzea, eta hantxe ikusiko dituzu. Nik horixe egin dut gaur, eta nartziso hori bat ikusi dut sofan tente-tente jarrita: gorteko dama bat zen.

        — Lorategi Botanikoko loreak ere joaten al dira? Bide luze hori egiteko gauza al dira?

        — Jakina! —esan zuen estudianteak—. Nahi baldin badute, hegan egin dezakete. Ez al dituzu inoiz ikusi lore-itxurako tximeleta gorri, hori, zuri handi batzuk? Ba, tximeleta horiek lore ziren lehen. Halako batean, zurtoinetik askatu eta airean gora igo ziren; petaloak hegotxoak balira bezala astindu, eta hegan egin zuten. Eta zintzo portatu zirenez gero, baimena eman zieten eguna hegan igarotzeko zurtoinera itzuli beharrik gabe. Eta hala, petaloak hego bihurtu zitzaizkien. Baina zertan ari naiz, zuk ere ikusi dituzu eta! Baina, baliteke Lorategi Botanikoko loreek erregearen jauregia ez ezagutzea, eta hango gauak zein atseginak diren ez jakitea. Gauza bat esango dizut, ondoan bizi den botanikako irakaslea bera ere zur eta lur uzteko modukoa. Ezagutzen duzu irakaslea, ezta? Ba, haren lorategian sartzen zarenean, esaiozu lore bati gazteluan dantzaldia dagoela; hark gainerakoei kontatuko die eta hegan joango dira guztiak. Irakaslea lorategira irteten denean eta lorerik ez dagoela ikusten duenean, non diren ezin asmaturik geldituko da.

        — Baina nola esango dio lore batek beste bati ezer? Loreek ez dute hitz egiten eta!

        — Ez, ez dute hitz egiten —erantzun zion estudianteak—, baina pantomima egiten dute. Ez al zara inoiz ohartu haize pixka bat egiten duenean loreek burua mugitzen dutela eta beren hosto berdeak astintzen dituztela? Ba, hitz egingo balute bezala ulertzen dute elkar.

        — Eta ulertzen al du irakasleak pantomima? —galdetu zuen Idak.

        — Bai, eta ongi ulertu ere! Goiz batean jaitsi zen lorategira eta ikusi zuen asun handi batek keinuak egiten zizkiola bere hostoez klabelin gorri eder bati. Eta esaten ziola asunak: «Maite zaitut, eder hori!» Irakasleari, ordea, ez zitzaizkion hitz horiek batere gustatu, eta asuna hostoetan jo zuen, hostoak dira eta asunaren eskuak; baina, halako azkura eragin zion, ez baitu harrezkero asunik ukitu.

        — Hori bai kontu polita! —esan zuen Ida txikiak barrez.

        — Irakaspen polita ume batentzat! —esan zuen Aholkulari aspergarriak.

        Bisitan etorria zen Aholkularia eta sofan eserita zegoen. Begitan zeukan estudiantea eta irudi xelebre haiek egiten ikusten zuenean, zela gizon bat urkamenditik zintzilik eta bihotz bat eskuan (bihotz-lapurra baitzen), zela sorgin zahar bat erratz gainean eserita eta senarra sudur-puntan zuela, marmarka hasten zen: «Irakaspen polita ume batentzat! Fantasia ergelak besterik ez dira horiek!»

        Baina Ida txikiarentzat atsegina zen benetan estudianteak loreen gainean kontatu ziona, eta huraxe zerabilen buruan. Gau osoa dantzan aritzeagatik zimeldu ziren loreak; gaixo zeuden, dudarik gabe. Hartu zituen Idak loreak, eta gainerako jostailuekin batera jarri zituen, mahai eder baten gainean, bitxiz beteriko kutxa batean. Sofia, Idaren panpina, bere ohetxoan zegoen lo.

        — Jaiki zaitez, Sofia —esan zion Idak—. Kutxan lo egin beharko duzu gaur. Loretxoak gaixo daude, eta zure ohean lo egingo dute; ea hartara sendatzen diren.

        Eta eskuetan hartu zuen panpina, baina panpina muturtuta zegoen, oso haserre, bere ohea utzi behar izan zuelako.

        Idak panpinaren ohean jarri zituen loreak, zabaldu zuen ohe-estalkia eta esan zien geldi-geldi egoteko hantxe, berak tea egingo ziela, ea harekin sendatu eta hurrengo goizean jaikitzeko gauza ziren. Eta ohe-errezelak itxi zituen, eguzkitik gordetzeko.

        Estudianteak esan ziona burutik kendu ezinik ibili zen Ida arratsalde osoan, eta oheratzeko ordua iritsi zenean, leihoko errezelen artetik begiratu zuen lehenik; amaren lore ederrak zeuden han, jazintoak eta tulipak, eta halaxe esan zien isilka:

        — Badakit gauean dantzara zoaztela!

        Loreek ez entzunarena egin zuten, eta ez zuten hostorik ere mugitu, baina Ida txikiak ezagutzen zuen haien sekretua.

        Ohean, luzaro aritu zen pentsatzen polita izango zela, bai, lore eder haiek erregearen jauregian dantzan ikustea. «Han ote dira nire loreak ere?» Eta horretan, loak hartu zuen. Baina, gauerdian berriro esnatu zen. Loreekin eta estudiantearekin egin zuen amets, eta Aholkulariarekin, estudianteari errieta egiten ziola: Irakaspen polita ume batentzat! Idak lo egiten zuen gela isil-isilik zegoen; gau-mahaiko lanpara pizturik, eta gurasoak lo.

        «Sofiaren ohean ote daude nire loreak?» esan zion bere buruari. «Ikusi egin nahi nuke!» Eseri zen ohean eta ate aldera begiratu zuen; atea erdi zabalik zegoen, eta ateaz bestaldean zeuden loreak eta bere jostailu guztiak. Adi-adi jarri zen. Ondoko gelan pianoa jotzen ari zirela iruditu zitzaion, oso apal, baina inoiz baino gozoago.

        «Egingo nuke lore guztiak dantzan ari direla», esan zuen. «Gustura ikusiko nituzke!», baina ez zen jaikitzera ausartzen, ez zituen gurasoak esnatu nahi eta. «Hona etorriko balira», esan zuen. Baina loreak ez ziren etorri, eta musikak hain eder jarraitzen zuen jo eta jo, non Idak ezin izan baitzion grinari eutsi. Jaiki zen ohetik, hurbildu zen hanka-puntetan atera, eta gelan sartu zen. Hura ikuskizuna!

        Gela hartan ez zen lanpararik eta, halere, argitan zegoen guztia. Leihotik ilargi-izpiak sartzen ziren eta egun-argitan bezala zegoen. Jazintoak eta tulipak bi ilaratan zeuden jarrita; leihoan lore bat bera ere ez zen gelditu: lorontziak hutsik zeuden. Lore guztiak, lurrera jaitsita, dotore-dotore ari ziren dantzan: batzuek besteen inguruan biraka, katea osatuz, eta jiratzeko, hosto berde luzeetatik elkarri helduz. Piano aurrean eserita, lirio hori handi bat zegoen. Ida seguru zegoen ikusia zuela lirio hura udan, ondo gogoratzen baitzuen estudianteak esana: «Hara, Line anderea dirudi eta». Orduan denek barre egin zioten; orain, ordea, lore luze hark Line anderearen antz handia zuela iruditu zitzaion Idari; pianoa jotzean ere keinu berak egiten zituen, eta aurpegi luzaran horia alde batera eta bestera mugitzen zuen, doinu eder haren erritmoa markatuz.

        Inor ez zen ohartu Ida han zenik. Orduan azafrai urdin handi batek jostailuak zeuden mahaira jauzi egin zuen, zuzen-zuzenean panpinen ohera joan, eta errezelak zabaldu zituen. Han zeuden lore gaixoak etzanda. Bat-batean, ohetik jaiki zen, gainerako loreak agurtu eta dantzan hasi ziren. Tximinia-garbitzaile zaharra, beheko ezpaina puskatuta zuen hura, jaiki zen eta erreberentzia egin zien lore etorri berriei. Ez zuten jada gaixo-itxurarik; beste loreen artera joan eta ondo baino hobeto pasa zuten.

        Hots bat entzun zen orduan, mahaitik erori zen zerbaitek eragina. Hotsa sortu zen aldera begiratu zuen Idak: garizumako adarra zen. Bera ere loreen kidekoa zela iritzita, jauzi egin eta loreekin dantza egitera zetorren. Oso adar ederra zen, eta argizarizko panpinatxo bat zuen puntan, Aholkulariaren antzeko txapel zabal bat zuena. Garizumako adarra, lore guztien erdian, egurrezko hiru hanka gorrien gainean saltoka hasi zen. Kolpe handiak ematen zituen zoruan, mazurka baitzen dantza hura, eta loreek ezin zuten hura dantzatu: arinegiak ziren hain kolpe gogorrak emateko.

        Halako batean, Garizumako adarraren gaineko argizarizko panpina hazi eta luzatu egin zen. Paperezko loreen inguruan jira-biraka hasi, eta esan zien garrasika:

        — Irakaspen polita ume batentzat! Fantasia ergelak besterik ez dira horiek!

        Aholkularia bera zirudien: txapel-zabala, aurpegi-zurbila eta marmartia. Baina paperezko loreek ostikoak eman zizkioten hanka mehe haietan, eta panpina bere neurrira itzuli eta txiki-txiki bihurtu zen ostera. Huraxe izan zen polita! Ida txikiak ezin izan zion barreari eutsi. Garizumako adarrak dantzan jarraitzen zuen, eta Aholkulariak harekin dantzatu behar zuen nahitaez, bai handia eta luzea zenean bai argizarizko panpinatxo txapel beltz handiduna zenean. Orduan loreek, panpinaren ohean egondakoek bereziki, gelditzeko erregutu zioten, eta garizumako adarrak, azkenean, gelditzea erabaki zuen. Horretan, kolpe batzuk aditu ziren. Idaren panpina Sofia eta gainerako jostailuak zeuden kutxatik zetorren hotsa. Tximinia-garbitzailea mahai ertzera joan zen korrika, etzan zen ahozpez eta kutxa ireki zuen. Sofia, orduan, altxatu egin zen, eta txunditurik, ingurura begiratu zuen.

        — Dantza dugu eta! —esan zuen—. Zergatik ez dit inork esan?

        — Dantzatu nahi al duzu nirekin? —esan zion tximinia-garbitzaileak.

        — Dantzari ederra zara, ba! —esan, eta bizkarra eman zion. Eta ondoren, kutxa gainean eseri zen, loreren batek dantzara aterako zuen esperantzan. Alferrik, ordea; bera eztul eta eztul aritu arren —ejem!, ejem! ejem!— ez zitzaion inor hurbiltzen. Tximinia-garbitzailea bakarrik ibili zen dantzan, eta ez batere gaizki, ez horixe.

        Loreek jaramonik egiten ez ziotenez, kutxatik behera bota zuen bere burua Sofiak, eta burrunba handia atera zuen. Berehala hurbildu zitzaizkion lore guztiak minik hartu ote zuen galdetzera, eta oso atseginak izan ziren berarekin, haren ohean egon zirenak batez ere. Baina ez zuen minik hartu, eta Idaren loreek eskerrak eman zizkioten bere ohe ederra uzteagatik eta goxo-goxo hartu zuten. Gelaren erdialdera eraman zuten, Ilargiak argitzen zuen tokira, eta berarekin dantzatu ziren, eta lore guztiak inguruan jarri zitzaizkion zirkuluan. Sofia pozak zoratzen zegoen eta bere ohea erabiltzen jarraitzeko esan zien, berari berdin zitzaiola eta, kutxan lo egitea.

        Baina loreek honela esan zioten:

        — Eskertzen dizugu, baina ez gara horrenbeste biziko. Segur aski biharko hilda egongo gara; baina esaiozu Ida txikiari lorategian lurpera gaitzala, kanarioa dagoen lekuan, hartara ederrago loratuko gara datorren udan.

        — Ez, ez zaitezte hil! —esan zien Sofiak, musu emanez.

        Une horretan, saloiko atea zabaldu eta lore eder pila sartu zen dantzan. Idak ezin zuen ulertu nondik etorri zen horrenbeste lore; baietz erregearen jauregiko loreak izan. Aurretik, bi arrosa eder zihoazen, urrezko koroak buruan: erregea eta erregina ziren; atzetik, ahuntz-fraka eta krabelin ederrak, alde batera eta bestera agur eginez. Musika ere bazuten: mitxoleta handiak eta peoniak ilar-lekak joz zetozen, aurpegia gorri-gorri eginda ilar-lekei putz eta putz. Ezkila-lore urdinek eta ezkerta zuri finek kriskitinen antzeko hotsa egiten zuten. Oso musika atsegina zen. Ondoren beste lore pila bat sartu zen, den-denak dantzan, bioleta urdinak eta San Jose loreak, margaritak eta mugetak. Eta lore guztiek elkar besarkatzen zuten. Ikusgarria zen, benetan!

        Azkenik, loreek elkarri gabon esan zioten, eta Ida txikia, hanka-puntetan, ohera itzuli zen; ikusi zuen guztiarekin amets egin zuen.

        Biharamun goizean jaiki eta mahaitxora joan zen zuzenean, loreak oraindik han ziren ikustera. Ohetxoaren errezelak zabaldu zituen, eta, bai, han ziren oraindik lore guztiak; baina oso zimeldurik zeuden, aurreko egunean baino zimelduago. Sofia, berriz, Idak jarritako kutxan zegoen, baina logura handia zuen, antza.

        — Gogoratzen al duzu zer esan behar zenidan? —esan zion Ida txikiak. Sofia, ordea, ergelduta bezala zegoen, eta ez zion tutik erantzun.

        — Zein gaiztoa zaren —esan zuen Idak—, eta hori, denak zurekin dantzatu direlarik.

        Orduan kartoizko kutxatxo bat hartu zuen, txori polit batzuekin apaindua. Zabaldu zuen kutxa eta bertan sartu zituen lore hilak.

        — Hau izango da zuen hilkutxa —esan zien—, eta Norvegiako nire lehengusuak etortzen direnean, lorategian lurperatuko zaituztegu; horrela, ederrago loratuko zarete datorren udan!

        Norvegiako lehengusuak bi mutil puska ziren, Jonas eta Adolfo; aitak balezta bana eman zien opari, eta Idari erakusteko ekarri zituzten. Idak hildako lore gaixoen istorioa kontatu zien, eta han joan ziren loreak lurperatzera. Bi mutikoak aurretik, baleztak bizkarrean hartuta, eta Ida txikia atzetik, lore hilak kutxa eder hartan sartuta zituela. Hilobi txiki bat egin zieten lorategian; Idak loreei musu eman zien; eta horren ondoren, kutxa lurperatu zuen, eta Adolfo eta Jonasek, ez fusilik ez kanoirik ez zutenez gero, baleztaz geziak jaurti zituzten hilobi aurrean.

 

(Den lille Idas blomster)

 

 

 

© H.C. Andersen

© itzulpenarena: Martxel Eguen (taldea)

 

 

"H.C. Andersen / Hemeretzi ipuin" orrialde nagusia