PASARATZEKO ORRATZA

 

        Bazen behin pasaratzeko orratz bat hain fina, non jostorratza zela begitantzen baitzitzaion.

        — Kontuz! Kontuz nola heltzen didazuen! —esan zien zegoen lekutik atera zuten hatzei—. Oso fina naiz, eta lurrera jausiz gero, ez nauzue sekula aurkituko.

        — Beno, beno, ez da hainbesterako izango! —erantzun zioten hatzek destainaz. Eta gerritik estutu zuten.

        — Begira! Segizioa dut! —esan zuen pasaratzeko orratzak. Atzean zeukan hari luzeaz ari zen, korapilorik gabeko haria bazen ere.

        Hatzek sukaldariaren txapinerantz eraman zuten orratza; larrua urraturik zeukan eta josi egin behar zen.

        — Lan hau ez da batere duina —esan zuen orratzak—. Ezin naiz hortik pasatu, hautsi egingo naiz! Hautsi egingo naizela! —Eta hautsi egin zen.

        — Ez al dizuet, ba, esan finegia naizela? —egin zuen protesta orratzak.

        «Orain ez du ezertarako balio», pentsatu zuten hatzek, baina orratzari heltzen segitu zuten halere, eta sukaldariak lakre berotan sartu zuen eta lepo-zapiari erantsi zion gero.

        — Orain papar-orratza naiz —esan zuen pasaratzeko orratzak—. Beti pentsatu izan dut zerbait hobea izateko jaio nintzela. Zerbait bazara, beste zerbait izatera irits zaitezke.

        Eta barre egin zuen bere baitan; izan ere, kanpotik begiratuta ezin baitzaio antzeman orratzari barrez ari den ala ez. Eta han gelditu zen eserita, harro-harro, urrezko karroza baten eserlekutik munduari begira balego bezala.

        — Atrebentzia handia ez bada, galde al diezazuket urrezkoa zaren? —galdetu zion ondoan zuen buruorratzak—. Oso itxura ederra duzu, eta zeure burua eta guzti, txikia bada ere. Saia zaitez buru hori handitzen, edozeinek ez dauka lakre berotan sartua izanaren ohorea.

        Hori entzunda, orratza, harrotuta, tente-tente jarri zen, baina gehiegi, nonbait, arraskara erori baitzen, sukaldaria lepo-zapia garbitzen ari zen unean.

        — Ene! Orain bidaiatzera noa —esan zuen orratzak—. Galtzen ez banaiz, behintzat...

        Baina galdu egin zen.

        — Finegia naiz mundu honetarako —esan zuen erreten batera iritsi zenean—. Baina nik, behintzat, badakit nor naizen eta nondik natorren, eta hori ez da gutxi. Eta orratza tente-tente jarri zen eta ez zuen umore ona galdu.

        Era guztietako gauzak pasatu ziren beraren ondotik: ezpalak, lasto-izpiak, egunkari-pusketak...

        — Begira nola doazen igeri! —esan zuen orratzak—. Ez dakite ondoan zer duten. Ni nago ondoan! Begira horko ezpala; ezpaletan beste ezertan ez du pentsatzen, bera ezpala delako. Eta hara hor, lasto-izpia, alde batera eta bestera bueltaka... Ez pentsatu hainbeste zeure buruan, galtzadako harrietan trabatuko zara eta. Eta begira hor, egunkaria; bertan idatzita dagoen guztia ahaztua dute dagoeneko, eta begira nola zabaltzen den hala ere. Ni, berriz, hemen nago, lasai-lasai. Badakit nor naizen eta berdin jarraituko dut.

        Egun batean, distira handiko gauza bat heldu zitzaion ondora. Botila hautsi baten pusketa bat zen, baina orratzak diamantetzat hartu zuen. Dir-dir zegoenez, harekin hitz egitea pentsatu zuen. Papar-orratza zela esanez aurkeztu zuen bere burua:

        — Zu diamantea izango zara, noski?

        — Horrelako zerbait, bai —esan zuen beira-pusketak. Eta biek gauza baliotsuak zirela pentsatu zuten eta mundu guztia zein harroa zen eztabaidatzen hasi ziren.

        — Ni neska gazte baten kutxatxoan bizi nintzen —esan zuen orratzak—. Sukaldaria zen eta esku bakoitzean bost hatz zituen. Ez dago munduan hatz haiek baino harroagorik, eta hori ni kutxatxora sartu eta kutxatxotik atera besterik egiten ez zutelarik.

        — Dir-dir egiten al zuten? —galdetu zuen beira-pusketak.

        — Dir-dir!? —erantzun orratzak—. Bai zera! Harrokeria besterik ez zuten. Bost anaia ziren, denak hatz jaioak. Lerroan zeuden bata bestearen alboan, luzera desberdinekoak izan arren. Mutur batekoa, Erpurua, motza eta lodia zen; lerrotik kanpo geratzen zen eta bizkarrean angelu bakarra zuen, behin bakarrik tolesteko moduan, baina esaten zuen inork hatz hori falta bazuen ezingo zuela soldadutza egin. Erakuslea saltsa gazietan eta gozoetan sartzen zen, eguzkia eta ilargia seinalatzen zituen eta idazterakoan bera zen gidari. Luzea garaiena zen eta beti goitik begiratzen zien besteei. Nagiak urrezko eraztuna zeukan gerrian eta Txikiak ez zuen sekula ezer egiten eta harro zegoen horretaz. Harroputz galanta zen, bai horixe! Eta orduan arraskan behera erori nintzen.

        — Eta orain hementxe gaude, distira egiten! —esan zuen beira-pusketak. Eta une horretantxe ur gehiago etorri zen, gainezka egin zuen, eta berarekin eraman zuen beira-pusketa.

        — Hara, hori behintzat igo dute kategoriaz! —esan zuen orratzak—. Ni hemen geratuko naiz ba, finegia naiz eta. Harrokeria modu bat ere bada hori, baina jarrera duina da, hala ere.

        Eta tente-tente jarrita, pentsatzen jarraitu zuen.

        — Hain naiz mehea, non eguzki-izpi batetik jaioa naizela pentsa baitaiteke. Gainera, eguzkia ur azpian nire bila ibiltzen da beti, baina hain mehea izanda, amak ere ezin nau aurkitu. Nire begia banu, hautsi zitzaidan begi hura alegia, negar egingo nuke. Baina ez, negar egitea ez da fina.

        Egun batean, mutiko batzuk etorri ziren eta, erretenean miaketan ari zirela, iltzeak, txanpon zaharrak eta horrelako gauzak aurkitu zituzten. Zikinkeriak ziren; baina atsegin zituzten, hala ere.

        — Ai! —esan zuen mutiko batek, orratzak zizta egin ziola eta—. Hemen sua dago!

        — Sua? Ni ez naiz sua! Dama bat naiz —egin zuen protesta orratzak. Baina ez zion inork aditu. Lakrea erori egin zitzaion eta belztu egin zen, baina beltzak liraindu egiten du eta, beraz, lehen baino lerdenagoa zegoela iruditzen zitzaion.

        — Hara hor arrautza-oskola! —esan zuten mutikoek—. Eta orratza arrautza-oskolari itsatsia geratu zen.

        — Paretak zuriak eta ni beltz! —esan zuen orratzak—. Bai dotorea! Ikusgarria nago! Ez ahal naiz zorabiatuko, hautsi egingo naiz bestela.

        Baina ez zen zorabiatu ez eta hautsi ere.

        — Zorabioaren kontrako erremediorik onenak altzairuzko urdaila edukitzea eta pertsona baino zerbait gehiago zarela gogoan izatea dira. Askoz hobeto nago orain. Zenbat eta finago, orduan eta zailduago.

        — Krask! —egin zuen arrautza-oskolak, gurdi bat, bete-bete eginda, gainetik pasatu zitzaionean.

        — Ai! Hau estutua! —egin zuen garrasi orratzak—. Orain bai zorabiatuko naizela! Hautsi egingo naiz! Hautsi egingo naiz!

        Baina ez zen hautsi, karga-karga eginda zegoen gurdia gainetik pasa zitzaion arren. Han geratu zen, erretenean. Eta dagoela hantxe.

 

(Stoppenålen)

 

 

 

© H.C. Andersen

© itzulpenarena: Martxel Eguen (taldea)

 

 

"H.C. Andersen / Hemeretzi ipuin" orrialde nagusia