URRETXINDORRA

 

        Dakizuenez, Txinan, txinatarra da enperadorea, eta txinatarrak dira haren ingurukoak ere. Kontatzera noakizuen istorio hau aspaldi gertatu zen, baina horrexegatik, hain zuzen, kontatu behar dizuet, ahaztu egingo baita bestela. Munduko gauzarik zoragarriena zen enperadorearen jauregia: goitik behera portzelana finez egina, oso ederra, baina oso hauskorra, kontu handiz ukitu beharrekoa. Diren lorerik bitxienak zeuden jauregiko lorategian; haietan ederrenek zilarrezko kanpaitxoak zituzten zintzilik, txilin-txilin, eta beraz, inor ezin zen pasatu loreei begiratu gabe. Den-dena zegoen arretaz egina enperadorearen lorategian, eta hain zen handia, lorezainak berak ere ez baitzekien non amaitzen zen. Urrutira abiatzen zenak baso liluragarri bat aurkitzen zuen amaieran, zuhaitz lerdenez eta aintzira sakonez betea. Itsasoraino iristen zen basoa. Itsaso urdin sakona zen, itsasontzi handiak ere zuhaizpeetaraino heltzeko bezain sakona. Han, zuhaitz artean, urretxindor bat bizi zen, zoragarri kantatzen zuena. Arrantzale gizajoa ere, nahikoa lan bazuen arren, dena utzi eta adi-adi egoten zitzaion gauean sareak biltzera irteten zenean.

        — Bai kantu ederra! —esaten zuen, baina atzera lanari lotu eta txoria ahaztu behar izaten zuen. Eta hurrengo gauean ere, gauza bera esaten zuen.

        — Bai kantu ederra!

        Munduko bazter guztietatik joaten ziren bidaiariak enperadorearen hirira; den-dena iruditzen zitzaien miresgarri, jauregia eta lorategia bereziki, baina urretxindorra entzun orduko, honela esaten zuten guztiek:

        — Baina... hona hemen gauzarik zoragarriena!

        Bidaiariek, zein bere herrira itzultzean, han ikusitakoak kontatzen zituzten, eta jakintsuek liburu asko idatzi zituzten hiriaz, jauregiaz eta lorategiaz, baina inortxori ere ez zitzaion urretxindorra ahazten: hura zen goraipatuena. Olerkariek poemarik ederrenak egin zizkioten itsaso urdin sakonaren ondoko basoan bizi zen urretxindorrari.

        Mundu guztira zabaldu ziren liburu haiek, eta denborarekin, enperadorearen eskuetara iritsi ziren batzuk. Urrezko jarlekuan eserita, irakurri eta irakurri aritzen zen enperadorea, eta baiespen-keinuak egiten zituen buruarekin, hiriaz, jauregiaz eta lorategiaz irakurtzen zuenak asebeterik. «Baina urretxindorra da denetan miresgarriena» esaten zuten liburuek.

        — Zer demontre da hau? —esan zuen enperadoreak—. Urretxindorra? Nik ez dut, ba, horren berririk! Halako txoria eduki erreinuan, lorategian gainera, eta nik ezer jakin ez? Liburuetan irakurri beharra ere!

        Zerbitzari nagusiari deitu zion orduan. Zerbitzaria printzipala zen oso, eta bera baino maila apalagokoren bat zerbait galdetzera ausartzen bazitzaion, ez zion «P» besterik erantzungo, ezer ere ez, alegia.

        — Urretxindor izeneko txori zoragarri bat omen dugu hemen —esan zion enperadoreak—. Erreinuko gauzarik ederrena dela diote. Zergatik ez dit inork ezer esan?

        — Ez dut horren aditzerarik —esan zuen zerbitzariak—. Ez dute inoiz gortean aurkeztu.

        — Datorrela gaur gauean bertan niretzat kantatzera! —agindu zuen enperadoreak—. Mundu guztia nire ondasunen jakitun, eta ni ezjakin!

        — Ez dut horren aditzerarik —esan zuen berriro zerbitzariak—. Baina bilatuko dut, eta aurkituko dut.

        Non bilatu, ordea? Eskaileretan gora eta behera, gela eta korridoreetan atzera eta aurrera ibili zen zerbitzaria. Parean egokitu zitzaion inork ere ez zuen urretxindorraren aditzerarik. Hala, enperadorearengana igo zen berriro zerbitzaria, eta esan zion mitoa izango zela kontu hori, liburuak idatzi zituztenen asmakizunen bat edo.

        — Berorrek ez luke liburuek dioten guztia sinetsi behar. Askotan asmakizun hutsak izaten dira, edo sorginkeriak bestela.

        — Baina, Japoniako enperadore ahaltsuak bidalia dut liburu hori, eta ez du, noski, gezurrik esango. Urretxindor hori entzun nahi dut, eta gaur bertan gainera! Nire babes dohatsua izango du. Eta ekartzen ez badidazue, jipoia berotuko dizuet afalostean!

        — Tsing-Pe! —esan zuen zerbitzariak, eta han hasi zen berriro eskaileretan gora eta behera, gela eta korridoreetan atzera eta aurrera; gorte erdia joan zitzaion atzetik, inork ez baitzuen jipoia berotzerik nahi.

        Galde eta galde ibili ziren non ote zen urretxindorra, kanpoan ezaguna baina gortean ezezaguna zuten hori.

        Sukaldean neskame errukarri bat aurkitu zuten azkenik.

        — Eneee! Urretxindorra? —esan zuen neskameak—. Ezagutuko ez dut ba! Hark bai kantatu! Gauero mahaian bildutako apurrak nire ama gaixoari eramateko baimena dut. Itsasertzean bizi da bera. Itzulerakoan, nekatzen naizenean, basoan atseden pixka bat hartzen dut. Eta orduan entzuten dut urretxindorra. Malkoak ateratzen dizkit haren kantuak; ama musu ematen ari zaidala iruditzen zait.

        — Neskametxo —esan zion zerbitzari nagusiak—, sukaldari jarriko zaitut eta enperadorearen oturuntza ikusteko baimena ere agintzen dizut, urretxindorrarengana eramaten bagaituzu, gaur gauean gortean agertzeko mandatua du eta.

        Hala, urretxindorra aritzen zen basora abiatu ziren denak. Gorte erdia han zen. Bizkor-bizkor aurrera zihoazela, marruka hasi zen behi bat.

        — Hara! —esan zuen gorteko aitoren seme gazte batek—. Hemen da! Hori da indarra, hain animalia txikia izateko. Lehendik ere entzuna dut nik hori.

        — Ez, behi-marruak dira horiek —esan zuen neskametxoak—. Iristeko asko falta zaigu oraindik.

        Hurrena, korroka hasi ziren igelak aintziran.

        — Xarmagarria! —esan zuen kapilau txinatarrak—. Elizako kanpai dilinda bezalakoxea da!

        — Ez, igel-korrokak dira horiek —esan zuen sukaldeko neskameak—. Baina, aurki entzungo dugu, nik uste.

        Hartan, urretxindorra hasi zen kantari.

        — Horixe da! —esan zuen neskatxak—. Entzun, entzun! Hortxe dago!

        Eta adar artean zegoen txoritxo gris bat erakutsi zien.

        — Bai ote? —esan zuen zerbitzari nagusiak—. Ez nuen uste horrelakoa izango zenik. Hori itxura arrunta duena! Hainbeste handiki ikusteak galaraziko zizkion koloreak.

        — Urretxindor txiki hori —deitu zion neskameak—, gure enperadore prestuak kantari entzun nahi zaitu.

        — Bai pozik ere! —erantzun zion urretxindorrak, txorrotxio liluragarri batekin.

        — Beirazko kanpaien dilinda bezalakoxea da! —esan zuen zerbitzari nagusiak—. Begiraiozue eztarritxoari, nolako dardara eragiten dion! Harritzekoa da lehenago entzun ez izana. Arrakasta handia izango du gortean, bai horixe!

        — Kantatuko al diot berriro enperadoreari? —esan zuen urretxindorrak, enperadorea bertan zuelakoan.

        — Urretxindor xarmant hori! —esan zuen zerbitzari nagusiak—. Atsegin handiz gonbidatzen zaitut gaur gauean gortean ospatuko den festara, gure enperadore prestuak zure kantu ederrarekin goza dezan.

        — Zuhaitz artean hobeto entzuten da —esan zuen urretxindorrak. Baina gogo onez joan zen haiekin, enperadorearen borondatea horixe zela jakinik.

        Jauregia goitik behera argitu zuten abagune hartarako. Hormak eta zoruak, portzelanazkoak denak, dir-dir egiten zuten milaka eta milaka lanpararen argitan. Lorerik ederrenak, kanpaitxodun horietakoak, jarri zituzten korridoreetan apaingarri. Presaka eta korrikako hainbeste joan-etorrik haize-korronte handia sortzen zuen, eta horretxek eragiten zien dilinda kanpaitxoei, eta txilin-hotsa besterik ez zen entzuten.

        Enperadorea eserita zegoen areto handiaren erdian urrezko kota bat jarri zuten urretxindorrarentzat. Han ziren gorteko guztiak; neskametxoari ate ostean egoteko baimena eman zioten, sukaldari izendatua baitzuten ordurako. Dotore-dotore jantzita zeuden denak, txoritxo grisari begira. Enperadoreak hasteko keinua egin zion buruarekin.

        Zoragarri kantatu zuen urretxindorrak, eta malkoak etorri zitzaizkion masailetan behera enperadoreari. Polikiago kantatu zuen orduan, guztien bihotzak hunkitzeraino. Liluraturik zegoen enperadorea, eta bere urrezko txapina eskaini zion urretxindorrari, lepotik zintzilik jartzeko. Urretxindorrak, ordea, eskerrak eman eta nahikoa saritu zutela erantzun zuen.

        — Enperadorearen begietan malkoak ikusi ditut, eta horixe dut saririk onena. Balio handikoak dira enperadore baten malkoak. Ondotxo daki Jainkoak aski eta sobera dudala hori —eta berriro kantatzeari ekin zion, bere doinu goxo zerutiarrarekin.

        — Inoiz ikusi dudan gauzarik xarmantena da —esan zuten dama guztiek. Eta eztarria urez bete eta gur-gur egiten zuten norbaitek hitz egiten zienean, urretxindorrarena egin nahirik. Neskame-morroiek ere beren esker ona erakutsi zuten. Eta gauza handia zen hori, ez baitziren inor ederresten ibiltzen diren horietakoak. Bai, urretxindorrak arrakasta handia izan zuen.

        Gortean jarri behar izan zuen bizitzen, bere kaiolatxoan; bi aldiz ateratzen zen paseatzera egunez, eta beste behin gauez. Hamabi morroik eramaten zuten beti, hankari loturiko sedazko lokarri banatatik helduta. Urretxindorrari ez zioten atsegin handirik ematen halako irteerek.

        Hiri guztira zabaldu zen txoriaren berri. Kalean bi lagunek topo egiten zutenean, batek «urre» esan orduko «txindor» erantzuten zion besteak, eta hasperen egin eta primeran ulertzen zioten elkarri. Eta hamaika gazta-saltzaileren seme-alabei jarri zieten urretxindor izena, baina haietako inork ez zuen kantatzeko halako dohainik erakutsi.

        Egun batean fardel handi bat iritsi zen enperadorearentzat. «Urretxindorra» zioen kanpoaldean.

        — Hemen dugu gure txori ospetsuari buruzko beste liburu bat —esan zuen enperadoreak. Baina han ez zen libururik; kaxa bat zen, eta barruan automata txiki bat zegoen: urretxindor artifizial bat zen, benetakoa antzeratzen zuena, baina diamante, errubi eta zafiroz estalia erabat. Txoriaren giltzari eragin orduko kantuan hasten zen, benetakoak nola; eta isatsa gora eta behera mugitzen zuen, urreak eta zilarrak distiraraziz. Lokarritxo bat zuen lepotik zintzilik. Honela zioen: «Japoniako enperadorearen urretxindorra txit xumea da Txinakoarenaren aldean».

        — Bai polita —esan zuten denek. Eta hala, txori artifiziala eraman zuenari «Inperioko Urretxindor Banatzaile Gorena» titulua jarri zioten.

        — Orain, kanta bezate biek batera. A ze bikotea osatuko duten!

        Eta batera kantatu behar izan zuten, baina ez zuten oso ondo elkar hartu. Izan ere, benetako urretxindorrak bere erara kantatzen zuen, eta artifizialak, berriz, balsak besterik ez zuen kantatzen.

        — Ez da bere errua! —zioen musika-irakasleak—. Primeran jarraitzen dio konpasari, eta zuzen betetzen ditu arau guztiak.

        Orduan, bakarrik kantatu behar izan zuen urretxindor artifizialak. Benetakoak adinako arrakasta lortu zuen bere emanaldian, eta hura baino askoz ikusgarriagoa zen: dir-dir egiten zuen, eskumuturreko edo papar-orratz batek bezala.

        Hogeita hamahiru aldiz kantatu zuen doinu bera, eta ez zuen neke-arrastorik batere erakutsi. Berriro entzun nahi zioten denek, baina enperadoreak esan zuen urretxindor biziari ere aukera eman behar zitzaiola. Non zebilen, baina? Inor ez zen konturatu leihotik atera eta bere baso berdera ihes egin ziela.

        — Zer da hau, gero! —esan zuen enperadoreak. Gorte-jendea haserretu egin zen, eta esker gaiztoko animaliatzat hartu zuten urretxindorra.

        — Orain badugu hura baino hoberik! —esan zuten, eta urretxindor artifiziala kantari jarri zuten berriro; doinu bera entzun zuten hogeita hamalaugarrenez, baina hala ere, ezin izan zuten ikasi, oso zaila baitzen.

        Musika-irakasleak gorespen handiak egin zizkion txoriari, eta benetako urretxindorra baino askoz hobea zela zioen; bai kanpotik, bere diamante eta guzti, eta bai barrutik ere.

        — Zeren, pentsa ezazue, eta batez ere, pentsa beza berorrek, Maiestate, benetako urretxindorrak zer kantatuko duen inork ez dakiela; honekin berriz, dena dago aurrez prestatuta! Hala izan behar du eta hala da, ez dago ustekaberik. Edonork ikus dezake nolakoa den, ireki eta ikus daiteke zein egoki dauden jarrita zilindroak eta nola higiarazten duen batak bestea.

        — Halaxe iruditzen zait niri ere —esan zuten denek. Eta musika-irakasleak hurrengo igandean txoria jendaurrean erakusteko baimena lortu zuen. Haren kantua ere entzun zezaketela esan zuen enperadoreak. Eta entzun zuten, eta txolinduta gelditu ziren, Txinan tea edan ondoren ohi duten bezala.

        — O! —esan zuten denek. Eta eskua altxatu eta baiespen-keinuak egin zituzten buruarekin. Baina benetako urretxindorra entzuna zuten arrantzale gizajoek esan zuten:

        — Ondo kantatzen du, eta haren antza ere badu; baina zerbait falta zaio. Ez dakigu zer, baina...

        Benetako urretxindorra erbesteratu egin zuten gortetik eta erreinutik.

        Urretxindor artifiziala sedazko lastarairatxo batean egoten zen, enperadorearen ohe ertzean, eta opari guztiak, urrea eta bitxiak, zituen inguruan. «Enperadorearen Aretoko Kantari Inperial Gorena» izendatu zuten, ezkerraldeko lehena; hura baitzen enperadorearen ustez alderdi ospetsuena, alde horretan dagoelako bihotza. Eta enperadoreak ere ezkerraldean duelako bihotza.

        Musika-irakasleak hogeita bost liburuki idatzi zituen urretxindor artifizialaz; tratatu luzea zen, eta txinatar karaktere zailenez idatzia. Guztiek obra irakurri eta ulertu zutela esaten zuten, bestela ezjakintzat hartu eta ostikoka erabiliko baitzituzten.

        Urtebete igaro zen horrela: enperadoreak, gorte-jendeak eta gainerako txinatarrek buruz ikasi zituzten txori artifizialaren erraietatik ateratzen ziren gur-gur guztiak; baina horrexegatik zuten gustukoa, beraiek ere kantatu zezaketelako. Kaleko umeek «zi-zi-zi» eta «gur-gur-gur» esaten zuten, eta hori bera esaten zuen enperadoreak.

        Gau batean, ordea, txoria onenean ari zela, eta enperadorea ohean zegoela hari entzuten, zerbaitek «krask» egin zuen txoriaren barruan, gurpil guztiak atera zitzaizkion eta musika isildu zen. Enperadorea berehala altxatu eta medikuei deitu zien. Baina zer egin zezaketen medikuek? Deitu zioten erloju-konpontzaileari, eta isildu gabe han eta hemen begira ibili ondoren, konpondu zuen nolabait; baina esan zuen ez zela komeni tramankuluak asko mugitzea, oso gastatuta zeudelako, eta ezin izango zirelako lehengo moduan ezarri berriro, musikarekin bat etortzeko. Hura zoritxarra! Harrezkero urtean behin bakarrik entzungo zuten urretxindorra kantari, eta hori ere asko omen zen. Baina musika irakasleak hitzaldi bat eman zuen, hitz potoloz betea. Esan zuen lehen bezain ondo egiten zuela, eta hark hori esan zuelarik bukatu ziren hango komeriak.

        Bost urte igaro ziren, eta herri osoa zegoen enperadorearen egoeraz tristeturik: gaixo zegoen, hiltzeko zorian. Hala zioten behintzat. Eta enperadore berria izendatu zuten; herritarrak kalera atera ziren, eta zerbitzari nagusiari galdetu zioten enperadorea nola zegoen.

        — P! —erantzun zuen buruari eraginez.

        Hotz eta zurbil zetzan enperadorea bere ohantze zoragarrian; denek uste izan zuten hila zela, eta enperadore berriari jende asko joan zitzaion adeitasuna adieraztera. Morroiak alde batera eta bestera ibili ziren txutxumutxuka, eta jauregiko neskameak kafea hartzera bildu ziren. Gela eta pasabide guztietan alfonbrak ezarri zituzten, pausoak antzeman ez zitezen, eta beraz, ez zen txintik entzuten.

        Baina enperadorea bizirik zegoen artean. Zurrun eta zurbil zetzan bere ohantze zoragarrian, belusezko oihalez eta urrezko zintzilikario astunez inguraturik. Leiho bat zegoen irekita goialdean eta ilargiak argitzen zituen enperadorea eta —haren alboan— urretxindor artifiziala.

        Enperadore gizajoak ezin zuen arnasarik hartu ia; bular gainean zama astun bat balu bezala. Begiak ireki zituen, eta Herio ikusi zuen bere bularrean eserita, urrezko koroa jantzita. Enperadorearen urrezko ezpata zeukan esku batean, eta zutoihala bestean. Eta inguruan, belusezko oihalen zimurren artean, buru liluragarriak ikusten zituen, izugarriak batzuk, atsegin eta eztiak besteak. Han ziren enperadorearen mamu zintzo eta gaizto guztiak, berari so, eta Herio, bihotz gainean eserita.

        — Oroitzen al zara? —esaten zioten batak bestearen atzetik—. Oroitzen al zara? —eta hainbeste gauza esaten zioten, ezen aurpegia izerdiz betetzen zitzaion.

        — Nik ez nekien hori —esaten zuen enperadoreak—. Jo musika, jo musika, jo Txinako danbor handia! —oihukatzen zuen—. Ez ditut gehiago entzun nahi!

        Baina mamuek beren jardunarekin jarraitzen zuten, eta entzuten zuen guztiari Heriok baietz egiten zion buruarekin, txinatarrek egiten duten bezala.

        — Jo musika, jo musika! —orroka enperadoreak—. Kanta ezazu, kanta ezazu, urrezko txori txiki horrek! Eman dizut urrea, eman dizkizut bitxiak, zintzilakatu dizut nire urrezko txapina. Kanta ezazu, arren, kanta ezazu!

        Baina txoriak ez zuen kantatzen. Ez zegoen haren giltzari nork eragin. Eta han jarraitzen zuen Heriok, enperadoreari so bere betzulo hutsekin. Ez zen txintik entzuten, isiltasun beldurgarri bat zen nagusi.

        Bat-batean kantu liluragarri bat entzun zen leihotik; benetako urretxindorra zen, adar artean kantari. Enperadorearen egoeraren berri izan zuen, eta hari pozaldi bat eta itxaropena ekartzera etorria zen. Eta hark kantatu ahala desagertu egin ziren buru haiek, eta odola indar handiagoz hasi zen enperadorearen zain ahuletan higitzen. Eta Heriok ere, entzun zuenean urretxindorra kantari, esan zion:

        — Jarrai, urretxindor txiki, jarrai!

        — Urrezko ezpata ematen badidazu; enperadorearen koroa ematen badidazu.

        Eta Heriok itzuli zizkion bitxi guzti-guztiak, kantu baten truke. Eta urretxindorrak kantatu zuen hilerriaz; nola arrosak loratzen diren han, nola intsusaren usaina aditzen den han, eta nola belarra bizien malkoek ezkotzen duten han. Kantu hori entzunda bere lorategiko minak hartu zuen Herio. Eta hala atera zen leihotik, laino lauso eta hotz bat bailitzan.

        — Eskerrik asko! —esan zuen enperadoreak—. Txori miragarri hori, ondotxo dakit zu nor zaren! Neure erreinutik erbesteratu zintudan, eta hara non zuk, zure doinuarekin, eraman dituzun nire ohantzetik bekatu gaiztoak eta eraman duzun nire bihotzetik Herio. Nola eskertuko dizut?

        — Dagoeneko eskertu didazu —erantzun zion urretxindorrak—. Malkoak atera nizkizun lehen aldiz zure aurrean kantatu nuenean. Ez zait sekula ahaztuko. Bitxi horiek baitira kantariaren bihotzaren bozkario. Baina egizu lo, eta senda zaitez. Zuretzat kantatuko dut!

        Eta berriro hasi zen kantari, eta lo gozo eta lasaigarri batek hartu zuen enperadorea.

        Eguzkia sartzen zen leihoetatik, enperadorea sendo eta osasuntsu esnatu zenean. Zaintzaile bat bera ere ez zuen alboan, hilda zegoela uste baitzuten guztiek, baina urretxindorra kantari zebilen oraindik.

        — Gera zaitez nirekin betiko —esan zion enperadoreak—. Zuk nahi duzunean kantatuko duzu, eta txiki-txiki egingo dut urretxindor artifiziala!

        — Ezta pentsatu ere —esan zuen urretxindorrak—; ahal bezain ongi kantatu du. Zaindu ezazu orain arte bezala! Nik ezin dut habia jauregian egin eta bertan bizi, baina utzidazu nahi dudanean etortzen. Adar batean pausatuko naiz arratsean, leihotik oso hurbil, eta zuretzat kantatuko dut. Zu alaitzeko eta zure gogoa zuzpertzeko kantatuko dizut; zoriontsuez eta zoritxarrekoez kantatuko dizut. Zure inguruko ongiaz eta gaizkiaz kantatuko dizut. Txori txikia urrutira joaten da, arrantzale gizajoengana, eta nekazariarenera, zugandik eta zure gortetik urrun diren guztienera. Zure bihotza dut zure koroa baino maiteago, baina koroak badu halako itzal sakratu bat. Etorri eta zuretzat kantatuko dut. Baina gauza bat agindu behar didazu.

        — Eskatu nahi duzuna —esan zuen enperadoreak, zutik jarrita. Enperadore-galak zituen soinean, berak jantziak, eta urrezko ezpata gotorra zuen bihotzaren kontra estuturik.

        — Ez gero esan inori guztia kontatzen dizun txori bat daukazunik. Hobe izango da horrela!

        Eta urretxindorra hegan joan zen.

        Zaintzaileak beren enperadore zena ikustera itzuli ziren, baina «egun on» esanez hartu zituen hark.

 

(Nattergalen)

 

 

 

© H.C. Andersen

© itzulpenarena: Martxel Eguen (taldea)

 

 

"H.C. Andersen / Hemeretzi ipuin" orrialde nagusia