ARTZAINTSA ETA
TXIMINIA-GARBITZAILEA

 

        Badakizu nola izaten diren armairu batzuk, zahar-zaharrak, denborak belztuak eta zur guztia kiribilez eta hostoz landuta dutenak? Bada, horrelakoxe bat zegoen gela nagusian; amabisabarena zen jatorriz, eta arrosak eta tulipak zeuzkan goitik behera zizelatuta. Kiribil bitxienez beterik zegoen eta haien artean orein-burutxoak ikusten ziren, beren adar eta guzti. Erdiko oholean, berriz, itxura xelebre samarreko gizon bat zegoen, oso-osorik: irribarre-imintzio bat zuen aurpegian —ezin baitzen erabateko irribarrea zenik esan—. Bizar luzea zuen, adar txikiak bekokian eta, hankak, ahuntzarenak. Hain zen bitxia, ezen etxeko haurrek izena ere jarri zioten: Goijeneralazpikomandantesarjentu Ahuntz-hanka, titulu luzea eta esaten zaila, baina beste inorena ez bezalakoa. Hantxe egoten zen, pareko ispilu handiaren azpiko mahaitxora begira beti; izan ere, mahai gainean portzelanazko artzaintsa txiki zoragarri bat baitzegoen. Artzaintsak urre-koloreko zapatak zituen, gonatxoa arrosa gorri batekin lotua, urre-koloreko kapelua buruan eta artzain-makila eskuan. Xarmagarria zen benetan. Haren ondoan tximinia-garbitzaile bat zegoen, ikatza bezain beltza, baina portzelanazkoa hura ere. Irudi fin eta txukuna zen, portzelanazko beste edozein irudi bezain fina; tximinia-garbitzailearena itxura besterik ez zuen, baina printze batena ere izan zezakeen, izan ere, printzea zen eta. Hantxe zegoen, bere eskailera eskuetan, neskatxa batena bezalako aurpegi zuri eta arrosa-kolorekoarekin. Nolabaiteko akatsa zirudien horrek, kedar-arrastoren bat behintzat behar baitzukeen aurpegian. Artzaintsa eta tximinia-garbitzailea elkarren ondoan zeuden, halaxe jarri baitzituzten, eta ezkontzeko hitz emanda zeuden. Bikote polita osatzen zuten: biak ziren gazte, biak ziren portzelana berberaz eginak eta biak ziren hauskorrak.

        Haien ondoan beste irudi bat zegoen, hiru aldiz handiagoa: Txinako mandarin bat, burua gora eta behera mugitzen zuena, portzelanazkoa hura ere. Artzaintsaren aitona zela zioen behin eta berriro, nahiz eta horren frogarik inoiz eman ez. Artzaintsarengan ahalmena zuela esaten zuen eta Goijeneralazpikomandantesarjentu Ahuntz-hankak harekin ezkontzeko baimena eskatu zionean, baiezko keinua egin zion buruaz.

        — Ahuntz-hanka hartuko duzu senartzat —esan zion mandarin zaharrak—, eta, gainera, zurbeltzez egina dagoela egingo nuke. Goijeneralazpikomandantesarjentu Ahuntz-hankaren andrea izango zara. Armairua bete zilar dauka, eta hori, kajoi sekretuetan ezkutatuta daukana kontuan hartu gabe.

        — Ez dut armairu ilun batean bizi nahi! —esan zuen artzaintsak intzirika—. Barruan hamaika emazte portzelanazko dauzkala entzun dut.

        — Bada, zu hamabigarrena izango zara! —agindu zuen Txinako mandarinak—. Eta gaur gauean bertan, gainera! Armairuak karrak egin orduko egingo dugu ezkontza, bai horixe, eta bestela ni ez naiz txinatarra! Eta gora eta behera eragin zion buruari eta loak hartu zuen.

        Artzaintsa txikiak, negar batean, bere tximinia-garbitzaile maiteari begiratu zion.

        — Irten gaitezen mundura, arren —esan zion zotinka—. Hemen ezin gaitezke geratu.

        — Eskatzen didazun guztia egingo dut —erantzun zion tximinia-garbitzaileak—. Goazen lehenbailehen. Biontzako adina irabaziko dudala uste dut neure lanbidean.

        — Nahiago nuke hemendik jaitsita banengo —esan zuen artzaintsak—. Ez naiz lasai egongo mundura irten arte.

        Tximinia-garbitzaileak artzaintsa lasaitu zuen eta hankatxoak non jarri behar zituen erakutsi zion: ertz zizelatuetan lehenengo, eta mahaiaren hanketan kiribildurik zeuden hostoetan gero. Tximinia-garbitzailearen eskailera ere erabili zuten eta luze gabe iritsi ziren lurrera. Baina armairurantz begiratu zutenean, han sekulako zalaparta zegoela ikusi zuten. Orein zizelatu guztiek, haserre bizian, lepoa luzatu, adarrak astindu eta buruari eragiten zioten, eta Goijeneralazpikomandantesarjentu Ahuntz-hankak jauzi egin eta Txinako mandarinari oihu egin zion:

        — Ihesi doaz! Ihesi doaz!

        Orduan, beldurtuta, komoda txiki bateko kajoira egin zuten salto artzaintsak eta tximinia-garbitzaileak. Han, kajoiaren barruan, hiruzpalau karta-sorta osatugabe eta nola-hala eratutako txotxongilo-antzerki bat zeuden. Emanaldi bat eskaintzen ari ziren orduantxe, eta damak, hala urreak eta bihotzak nola makilak eta ezpatak, lehen ilaran zeuden eserita, eta tulipekin haize ematen zieten beren buruei; atzean, zutik, txotakoak zeuden, burua bai goian eta bai behean, kartetan izaten duten bezala. Ezkondu ezin zen bikote bat agertzen zen antzerkian eta artzaintsa gaixoari bere egoera gogorazi zion eta negarrez hasi zen.

        — Ezin dut gehiago! Kajoi honetatik nola edo hala atera beharra daukat!

        Baina lurrera iritsi eta mahaira begiratu zutenean, Txinako mandarin zaharra ikusi zuten. Esna zegoen eta gorputz osoa mugitzen zuen, zeren, jakina, burua ez beste guztia pieza bakarra baitzuen.

        — Mandarin zaharra datorrela! —egin zuen oihu artzaintsak. Izuaren izuaz, bere portzelanazko belaunburuen gainera erori zen.

        — Badakit zer egingo dugun —esan zuen tximinia-garbitzaileak—. Txoko horretako pot-pourri ontzian sartuko gara. Izpiliku eta arrosa lehor artean etzango gara eta, etortzen bada, gatza botako diogu begietara.

        — Alferrik izango da —esan zuen artzaintsak—. Gainera, badakit mandarin zaharrak pot-pourri ontzia andregai izan zuela garai batean. Eta halako harremanen ondoren beti geratzen da zerbait. Ez, ez dugu mundura irtetea beste ihesbiderik.

        — Baina konturatzen al zara horrek zer esan nahi duen? —galdetu zion tximinia-garbitzaileak—. Pentsatu al duzu mundua oso zabala dela eta agian ez garela inoiz itzuliko?

        — Bai, badakit —esan zuen artzaintsak.

        Tximinia-garbitzaileak begietara zuzen-zuzen begiratu, eta esan zion:

        — Nire ustez tximinia da biderik onena. Ausartuko zara sutontzitik sartu eta tutuan gora igotzen? Tximiniara iritsi artekoa izango da okerrena; gero, han, moldatuko naiz. Oso gora igoko gara, eta ez gaitu inork harrapatuko. Zulo bat dago han goian, mundu zabalera ematen duena.

        Eta estufaren ateraino eraman zuen artzaintsa.

        — Hau iluntasuna! —esan zuen artzaintsak—. Baina, hala ere, tximinia-garbitzailearen atzetik joan zen tutuan gora, gau iluna baino beltzago bazen ere.

        — Iritsi gara tximiniara —esan zuen tximinia-garbitzaileak—. Begira! Begira! Horra hor izarrik distiratsuena!

        Hala zen, izar bat zegoen ilunpetan dizdiz, bidea erakutsi nahi balie bezala. Arrastaka igo ziren, bide latza baitzen, gora eta gora. Baina tximinia-garbitzaileak artzaintsa gora altxatzen zuen, igotzen laguntzen zion eta portzelanazko hankatxoak non jarri erakusten zion. Iritsi ziren, azkenean, tximiniaren muturreraino eta ertzean eseri ziren, neka-neka eginda, eta ez zen gutxiagorako.

        Zeru izartua zuten gainean eta hiriko etxe guztien teilatuak behean: ikuspegi luze, zabal, mugarik gabea, urrunean galtzen zena. Artzaintsak ez zuen sekula imajinatu mundua hain handia izan zitekeenik. Burutxoa tximinia-garbitzailearen sorbalda gainean jarri eta negarrari eman zion, eta gerrikoaren urre-kolorea joaten hasi zitzaion.

        — Gehiegizkoa da! —esan zuen—. Ezin dut jasan, zabalegia da mundua. Nahiago nuke ispiluaren azpiko mahaian banengo berriro. Ez dut zorionik izango hara itzuli arte. Mundu zabaleraino etorri naiz zurekin, baina orain etxera eraman behar nauzu berriro, benetan maite banauzu.

        Tximinia-garbitzailea arrazoiak ematen saiatu zen: Txinako mandarin zaharra gogorazi zion, eta Goijeneralazpikomandantesarjentu Ahuntz-hanka ere bai, baina artzaintsak halako negar-zotinak egin zituen, eta hainbeste musutxo eman zion ezen tximinia-garbitzaileak amore eman behar izan baitzuen, berriro jaistea zentzugabekeria bazen ere.

        Eta, horrela, zailtasun handiz, tximiniatik behera abiatu ziren berriro, tutuan barrena, bidaia batere atsegina ez izan arren, harik eta sutontzi ilunera iritsi ziren arte. Handik irten baino lehen, atetik begiratu zuten badaezpada, gelan zer gertatzen ari ote zen. Isilik zegoen dena; baina irten zirenean, ai!, Txinako mandarina ikusi zuten lurrean! Ihesi joan zirenean, atzetik segika hasi eta erori egin zen nonbait, eta hiru puska egin. Bizkarra bi zatitan puskatua zeukan eta burua gelaren bazter bateraino bira-biraka joanda. Goijeneralazpikomandantesarjentu Ahuntz-hanka betiko lekuan zegoen, gogoetan.

        — Jainko maitea! —esan zuen artzaintsak—. Aitona txiki-txiki eginda dago, eta gure erruz! Ezingo dut sekula nahigabe hau gainditu!

        Eta eskutxoak bihurritzen zituen.

        — Kolaz konponduko dute —esan zion tximinia-garbitzaileak—. Primeran geratuko da, ez zaitez kezkatu. Bizkarra itsatsi eta lepoan grapa bat jartzen diotenean, berria bezala geratuko da eta lehen botatzen zizkigun kirtenkeria guztiak esango dizkigu.

        — Zuk uste? —esan zion artzaintsak. Eta mahai gainera igo ziren, lehen egoten ziren lekura.

        — Hemen gara berriz ere —esan zuen tximinia-garbitzaileak—. Alferrik gure neke guztiak.

        — Aitona konponduko balute, sikiera... —esan zuen artzaintsak—. Garestia izango ote da?

        Eta konpondu egin zuten. Etxekoek bizkarra itsatsi eta lepoan grapa bat jarri zioten, eta berria bezala geratu zen, baina burua mugitzeko gauza ez zela.

        — Harro zabiltza txiki-txiki egin zinenetik! —esan zion Goijeneralazpikomandantesarjentu Ahuntz-hankak—. Niri ez zait, bada, harro egotekoa denik iruditzen. Berarekin ezkonduko naiz, bai ala ez?

        Eta artzaintsak eta tximinia-garbitzaileak kezkatuta begiratzen zioten Txinako mandarinari, buruarekin baietz esango zuen beldur. Baina mandarin zaharrak ezin zuen burua mugitu eta, gainera, ez zion inori esan nahi lepoan grapa bat zuenik. Horrela, portzelanazko iruditxoek elkarren ondoan jarraitu zuten, aitonaren grapa bedeinkatu zuten eta elkar maitatu zuten txiki-txiki egin ziren arte.

 

(Hyrdinden og skorsteensfeieren)

 

 

 

© H.C. Andersen

© itzulpenarena: Martxel Eguen (taldea)

 

 

"H.C. Andersen / Hemeretzi ipuin" orrialde nagusia