AURKEZPENA

 

        Hans Christian Andersen

        1805ean jaio zen, Fionia (Danimarka) uharteko Odense herrian, familia pobre batean. Aita, Hans Andersen, eskalapoigilea zen lanbidez, bigarren mailako zapatari «librea»; hau da, gremiotik kanpo jardun behar zuena. Ama, Anne-Marie Anderstdatter, berriz, eskale ibilia zen. Hansen gurasoak bera jaio baino bi hilabete lehenago ezkondu ziren. Etxerik ez zutenez, Hansen aitaren gurasoenean bizi izan ziren luzaroan. Aitona burutik eginda zegoen, eta kalean, atzetik segika izaten omen zituen ume-saldoak burlaka. Amona udal asiloko baratzean aritzen zen lanean.

        Pobreen eskolara joan zen Hans umetan, Odenseko hospizioko eskolara, eta hantxe ikasi zuen, nola edo hala, idazten eta irakurtzen. Hansen ama burgesen etxeetara joaten zenean lisiba egitera, mutikoak lagundu egiten zion batzuetan, eta halaxe ikasi zuen, gaztetandik, zer zen handikien aurrean burua makurtu beharra.

        Aita irudimen handiko gizona omen zen, eta, zapatari txiroa izanagatik, hartu zuen astia semeari jostailuzko antzokitxo bat egiteko, bere txotxongilo eta guzti. Panpina haiek izan zituen Hans gazteak, agi denez, bere nahiak eta ametsak bideratzeko tresna, eta haur-jolas horretatik sortua dateke gero erakutsiko zuen antzerkirako zaletasun sutsua. Hamaika urteko mutiko kozkorra zela, aita hil egin zitzaion, 32 urterekin. Bi urte geroago, ama berriro ezkondu zen; orduko hartan Niels Joergensenekin, lehenengo senarra bezala zapataria hura ere.

        1819an Kopenhagera abiatu zen Hans fortuna bila, ospea lortzeko helburuaz. Baina hiriak ez zuen besoak zabalik hartu. Han ere Gosea eta Miseria izan zituen lagun. Komediaren munduan sartu nahi izan zuen, kosta ahala kosta, eta obra liriko batzuk idatzi eta Teatro Nazionalera igorri zituen. Ez zizkioten onartu, baina etsi gabe, tinko eutsi zion bere borrokari. Hainbat urteren buruan aurkitu zuen, azkenik, hainbeste desio eta behar zuen babeslea: Jonas Collin antzerki zuzendari eta estatu kontseilaria. Gizon hari esker egin zituen ikasketak Unibertsitatean, eta ezaupideak ere bai, itzal handiko jendearen artean.

        1827an ikusi zuen argia Andersenen aurreneko lanak: Flyvende Post aldizkariak Arratsa izeneko poema argitaratu zion. Handik bi urtera, berriz, Amodioa San Nikolaseko kanpandorrean estreinatu zen Kopenhageko Teatro Nazionalean. Eta 1834an argitaratu zen Andersenen lehenengo ipuin-bilduma.

        Andersenek jenero guztiak jorratu zituen, baina ez zuen nahi besteko osperik lortzen. 1837tik aurrera bidaiak egin zituen maiz, eta Kopenhagera itzultzen zen bakoitzean, ikusirik harrera hotzagoa egiten ziotela han, etxean, kanpoan baino, egonaldi laburrak egiten zituen Danimarkan, eta berriz ekiten zion bidaiatzeari: Suedia (1837), Alemania (1840), Grezia, Turkia eta Austria (1841); Alemaniara berriro, gero Ingalaterrara (1847), Portugalera, Afrikako iparraldera... Barrua astindu zioten Anderseni bidaia haiek. Paraje berriak ikusteak eta Europako intelektualak gertutik ezagutzeak eragin handia izan zuten Andersenengan eta haren obran.

        Urteak aurrera joan ahala, kanpoan lorturiko ospea iritsi zuen azkenean Danimarkan ere, eta izendapen ofizialak egin zizkioten hurrenez hurren.

        Hans Christian Andersen 1875ean hil zen, Kopenhagen, 70 urte zituela.

 

* * *

 

        Andersen-en obra

        Hans Christian Andersen oso idazle ugaria izan zen. Horren lekuko dira hark idatzitako 20 antzerki lan, 6 eleberri, 3 poesia-bilduma, 7 bidaia-liburu, 3 autobiografia eta haren egunkariko 4520 orrialdeak.

        Baina, zalantzarik gabe, Andersen bere ipuinengatik da ezaguna mundu osoan. XIX. mendeko haur-ipuin klasikoez hitz egiterakoan, bi deitura datozkigu burura ezinbestean: Grimm eta Andersen.

        Grimm anaiak garai-garaiko gizonak ziren; erromantizismoaren zale, folklore germaniarreko mitoei eusten saiatu ziren bi erudito. Biltze lan bikaina egin zuten, herriaren ahotan zebiltzan ipuinak jasoz. Andersenen kasua oso bestelakoa da, hura ez baitzen herri ipuinetako izpiritua jasotzera mugatu. Edozein iturritatik edan zuen Andersenek, baita alemaniar erromantikoenetik ere. Baina askatasunaren izenean urrunago joan zen, haratago, muga guztiez gaindi. Dena zen zilegi harentzat, dena erabilgarri: idazten zuenean erabat librea zen —autorea libre izan daitekeen heinean—, bere buruaren jabe bakar.

        Eta halaxe idatzi zituen 156 ipuin. Era guztietakoak idatzi zituen, eta emaitzak ere halakoxeak izan zituen. Herri-tradizioan hartuko zuen oinarri, edo maitagarrien lilurazko munduan. Alegia- edo parabola-tankera emango zien ipuinei, edo prosaz jantziriko poemena. Bere bizitzan abiapuntu hartuko zuen batzuetan, egunerokotasuna islatzen zuten pasadizoetan besteetan, edota irudimenaren mundu mugagabean must egingo zuen bestela. Gizartearen hipokrisiaren aurrean, satira bilatuko zuen, ironia, txantxa, kitzikadura... Edo, sarri askotan egin zuen legez, erlijioa aitzakia harturik, irakaspen etikoa izango zuen helburu: ongia eta gaizkia, patua, zoriona... Irakaspen estetikoaren atzetik joango zen beste batean, eta naturaren goratzarrea egingo, edo musikarena... Ipuin luze-luzeak sortuko zituen batean, labur-laburrak hurrengoan. Horra haren obraren aberastasun itzela.

        Eta aniztasun oparo horrekin, harridura eta magia sortu zituen, barrea eta negarra eragin. Bi hitzekin labur daiteke haren izaera: umorea —ironiaz betea, bizia, zakarra, sotila— eta malenkonia, kontakizunaren arabera erabiliak biak. Haren ipuinetan zentzugabekeriak badu lekua, gehiegikeriak badu izateko arrazoia. Dena da, berez, barregarria, absurdua. Gauza arrunt eta umilenak, ezertarako balio ez dutenak, hartu eta pertsonaia nagusi bihurtzen ditu, gizakiak baino nortasun handiagokoak askotan. Horiexek dira, hain justu, ipuinik andersenianoenak.

        Andersenek berak bere narrazioak bi sailetan bereizi bazituen ere, Andersen bat da. Izan ere, kontakizun memeloenaren azpian ere bada zerbait, eta zerbait horrek bereizten du Andersen beste ipuingileen artetik. Berezko zigilua dute haren idazkiek: haren nortasuna eta bizi-indarra. Hans Christian Andersenek historia bakarra kontatu zuen ipuinetako adabakietan: berea.

        Idazle aparta da Andersen. Nolaz, bestela, ipuin zahar horiek gaur arte bizirik iraun? Sugeak txoriarekin nola, halaxe jokatzen du ipuingileak irakurlearekin: erakarri, liluratu eta, bere egiten duelarik, gogoak ematen dion lekura eramaten du. Andersenen ipuinak haurrentzat dira helduentzat bezainbat; batzuk zein besteak harrapatzen ditu bere sareetan. Ipuinei darien umorea eta kutsu poetikoa haurren bihotz samurretara iristen den bezala, kontakizun gehienetan sumatzen den bikoiztasunak zer pentsa ematen dio jende helduari.

        Andersenek, ipuingintzaren historiak eman duen alkimistarik handienak, ipuin-amalgama koloreanitza eta zoragarria utzi digu. Hona hemen haren hemeretzi ipuin. Egin diezaiogun leku bakoitzak bere barruan dugun haur unibertsal horri. Izan ere, eta kontuak kontu, ipuina beti baita ipuin.

 

* * *

 

        Gure esker ona adierazi nahi diegu Jose Antonio Azpiroz, Juanita Irurtia, Idoia Lizarralde, Valentin Olaetxea eta Claus Drengsted-Nielseni itzulpen hau irakurtzeagatik eta egin dizkiguten oharrengatik, eta Martin Aramendiri «Zorionaren eskalapoiak» ipuineko bertsoak moldatzeagatik.

 

 

 

© Martxel Eguen (taldea)

 

 

"H.C. Andersen / Hemeretzi ipuin" orrialde nagusia