ADISKIDEAREN KANTIKA
Améliak berak esan zion Antonio Balduínori Lindinalva kale-bizimoduan zebilela. Zorigaitz beltzak komendadorearen etxea jo zuenetik, Amélia amatiar eta amultsu bihurtu zen. Aita eta ama izan zen Lindinalvarentzat. Hala ere, bizilekuz aldatu zirelarik, Lindinalvak arren bai arren eskatu zion beste lanen bat bilatzeko, ez zutela haren beharrik. Améliak beraiekin geratu nahi zuen. Baina Lindinalvak ez zion utzi, eta haserretu eta guzti egin zen. Azkenik, hirian gozodenda bat zuen Manual das Almas portuges aberatsaren etxera joan behar izan zuen Améliak. Garai hartan Antonio Balduíno tabako-soroetan zebilen. Lindinalvak haurra izan zuenean, Améliak lagundu zion. Neskameak lan egiteari utzi zion erabat, bere neskatoarekin —halaxe deitzen baitzion Lindinalvari— egon ahal izateko. Berak jarri zuen erdialdirako dirua, eta bera izan zen gaixozain saiatua eta ona ere. Hain ona ezen Lindinalva ez baitzen umiliatua sentitzen. Gustavok, ordurako esposaturik diputatu baten alabarekin, ehun mila réi igorri zizkion Lindinalvari umearentzat, kontu hura isilpean gordetzeko erregu etsia egiten ziolarik. Lindinalvak erantzun zion lasai egon zitekeela, berak ez zuela sekula deusik esango. Berriz ere lana bilatzeko esan zion Améliari. Bestalde, Lindinalvak onartu egin zuen Lulu andraketariaren gonbitea, hiriko burdelik garestienean —Monte Carlo ostatuan— lan egitera joan zedin. Antonio Balduínok burumakur entzun zuen hori guztia, eskuaz aurpegiko orbainari ukituka. Kanpoan gaua euritsua zen.
Umea, mutiko bat aita bezain sendoa eta ama bezain tristea, Améliarekin geratu zen. Gau hartan Lindinalvak eskote zabaleko dantza-soineko batekin egin zuen estreinaldia Monte Carlo ostatuan. Luluk zenbait aholku eman zizkion: edari nahikoa eskatzeko, edari garestiak. Eta, batez ere, kakao, tabako, azukre-kanabera plantazioetatik zetozen koronel gizenei kasu egiteko lehenik. Birjina itxurako gorputz segail hura zaharren gustukoa izango zela. Eta ahalik gehiena ateratzeko. Halakoxea zela bizitza...
Ostatuko salara sartu zelarik, Lindinalvak bals mantso baten doinua aditu zuen. Golkoan gelako giltza zeraman. Mahaira gonbidatuko zuen gizonari eman behar zion. Giltza horrekin irekiko zituen bere gorputzaren sekretuak... Lindinalvak ez du negar egiteko gogorik. Zeinen tristea den musika hori! Bikoteak irristan dabiltza salan barrena. Goiz da oraindik, eta ez dabil jende gehiegi ostatuan. Bi neska besterik ez, mahai batean, garagardoa edaten ari diren mutil batzuei kasu egiten.
Lindinalva emakumeentzako mahai batean eseri da... Emakume horail batek honela dio:
— Etorri berria dun.
Emakumeek axolagabeki begiratzen diote Lindinalvari. Baso bat cachaça edaten ari den mulatak bakarrik egin dio galde:
— Eta, hi, zer egitera etorri haiz hona?
Musika tristuraz arrastatzen da. Lindinalvaren ahotsak dar-dar egiten du.
— Ez nuen lanik aurkitu...
Emakume frantses batek zigarroak eskaintzen dizkie:
— Zer ez ote niken emango Pedro koronela gaur etortzeagatik... Diru premian nabilen.
Mulata edalontziari beha geratu eta algaraka hasi da bat-batean. Besteak ez dira horregatik kezkatu, ohituta baitaude Euniceren eroaldietara. Lindinalva, aldiz, ikaratu egin da. Zer dela-eta musika triste hori? Samba alai bat jo zezaketen. Berbaro eta tranbien zalaparta nahasia dator kaletik. Bizitzaren abarrotsa. Ostatuak hilerri musikaduna ematen du. Horixe esaten ari da Eunice:
— Guk ez badakigu ere, hilda gauden. Bizitza amaitu dun guretzat. Emagaldu bat hildako bat bezalakoa dun ia.
Frantsesa Pedro koronelaren zain dago. Dirua behar du. Frantziako probintzia batean dituen ahaideek karta bat igorri diote. Anaia txikia hil-hurran dago. Eta eskatu egin diote, Brasilgo bere moda-etxean hain ongi doakionez, diru apur bat bidal dezan. Atzamarrez takatekoak jotzen ditu mahaian:
— Moda-etxea... Moda-etxea...
Eunicek edalontzia goratzen du:
— Denak hilda... Denak... Kanposantuan...
— Ba ni ondo bizirik nagon... —ihardesten dio beltzaran hasi berri batek—. Eunice horrek ditu ateraldiak... —eta irri egiten du.
Lindinalvak begiratu egiten dio. Neskatila bat da kasik. Neskatila alai bat, ile beltzaranekoa. Emakume horaila, hori bai dela zaharra, zimurrak ditu, eta urruneko bazterren batean bizi denaren aire galdua. Bals doinua aienatuz doa. Bi gizaseme ostatura sartu eta koktel konplikatuak eskatu dituzte. Neskatila beltzarana beraiekin geratuko da. Izterrak ukitzen dizkiote, edari gehiago eskatzen dute, zerbait esaten diote belarrira. Lindinalvak sekulako tristura sentitzen du, sekulako gogoa neskatila beltzaran hori ferekatzeko. Eunicek zigarro bat eskatu du. Hari ere pena emango ote dio neskatila beltzaranak?
— Emagalduei burutik behera ttu egiten ziguten denek... —Eunicek uste du barrez ari dela.
Orain tango bat jotzen ari da orkestra. Amodioaz mintzo da, ukazioaz, suizidioaz. Hiriko gizon aberatsak sartzen ari dira. Harako merkatari hura Lindinalvaren ezaguna da. Behinola, komendadorearen negozioak ongi zihoazenean, beren etxean izan zen bazkaltzen. Komendadoreak ere zita-etxe alaietan bukatu zuen, eta emakume baten gelan hil zen. Hango emakumeetatik zenbatek ezagutu ote zuten komendadorea? Zenbatek egin ote zuten barre haren bizkarretik? Zenbatek itxaron ote zioten dirua eskatzeko? Orain Lindinalva ere zain dago, dirua ekarri eta edaritan gastatuko duen komendadore baten esperoan, Lulu pozik geratu eta kalera bota ez dezan. Tangoa ukazioaz mintzo da. Ostatuan dagoela, Lindinalvak ez du semea gomutara ekarri nahi. Une horretan Améliarengana luzatuko ditu besotxoak. «Amatxo» esaterakoan, Améliari hitz egingo dio. Irri egiterakoan Lindinalva ez da aurrean egongo. Bi mutilek zerbait xuxurlatzen diote neskatila beltzaranari. Zer ote diote proposatu? Ezetz erantzuten die. Baina, egun txarra da, jende gutxi dabil ostatuan. Mutilek berriz proposatu eta biekin batera abiatu da gelarantz. Eunicek ttu egin zuen zakarki. Amorrazita zegoen neska. Lindinalvak negar egiteko gogoa du. Luluk, irribarrezka, Lindinalva erakusten die merkatariei. Ahapetik mintzatzen ari zaie. Eunicek ohartarazten dio:
— Txanda iritsi zain...
Lindinalvak ezagutzen du gizon hori. Bere aita eta amarekin mahai berean bazkaldu zuen behin. Horrekin ez du joan nahi. Nahiago luke beste edozeinekin, baita Antonio Balduíno beltzarekin ere. Gizonak, baina, dei egin dio hatz potoloarekin. Neskatila beltzarana ez al zen, ba, birekin joan? Luluk esku-imintzioa egiten dio, mugitzeko agudo. Eunicek cachaça edalontzia goratzen du:
— Hire estreinaldiagatik...
Frantsesak keinu bat egiten dio eskuaz. Zer axola dio? Hilda daude guzti-guztiak, horixe esaten ari da tangoa. Eunicek ere esana zuen. Bera ez da jadanik lehengo Lindinalva, Nazaréko Parkean korrika ibili ohi zen Lindinalva zurbil hura. Hilda dago, bere semea Améliarekin. Luluren paretik igarotzean, andraketariak xanpaina eskatzeko agintzen dio. Neskatila beltzarana izuikara eginda bezala eta negarra begian itzultzen da gelatik. Bi mutilak barrezka ari dira, eta iritziak trukatzen dituzte. Lindinalvak xanpaina eskatzen du. Gero, gelan, merkatariak (etxean bazkaltzen izan zen berberak) galdetu dio ea zer dakien egiten, ohikoaz gainera. Hala ere, hilda daude guztiak, hil egin ziren guzti-guztiak. Eunicek cachaça gehiago edaten du, tangoa negar-zotinka ari da. Horrelakoa izan zen Lindinalvaren estreinaldia.
* * *
Handik laster zaharregi geratu zen burdel garestietarako. Gizon aberatsak ez dira jada berarekin joaten. Orain, cachaçaren kutsu mingotsa darama beti ahoan. Eunicek Rua de Baixora joan behar izan zuen, emakumeek bost mila réi besterik kobratzen ez zuten kalera. Gaur, Lindinalva ere hara joango da. Gela bat alokatu du Euniceren etxe berean. Egun hartan semetxoa ikustera joan zen, Amélia bizi zen gelatxora. Gustavinho polita dago, begi handiak eta biziak ditu, aho haragitsua, Gustavok aipatu ohi zuen lore gorri haren antzekoa. Lindinalvari gogoratu ere ez zaio egiten haren izenik. Orain hitz zatarrak dakizki frantsesez, eta baita bizimoduko emakumeen argot-solas guztiak ere. Hala eta guztiz, umeak «amatxo, amatxo» esaten diolarik, birjina bat bezain garbi sentitzen da. Ipuinak kontatzen dizkio semeari, garai batean, artean Lindinalva zelarik, Améliari entzuten zizkion ipuinak. Bizitzera doan etxean, ugazabandreak esan dio aurrerantzean Linda deituko dela. Mari Errauskineren ipuina kontatzen dio semeari, eta zoriontsu da, guztiz zoriontsu. (Ederra litzateke, bai, une hartantxe mundua akabatu eta denak hilko balira.)
Salan, leiho erdi-irekien ostean, emakumeak daude. Gizonek hots egiten diete kaletik igarotzean. Batzuk sartu egiten dira, beste batzuek trufa eta irri egiten diete, zenbaitzuk presaka igarotzen dira pardelak aldean daramatzatela. Eunice edanda dago, hilda dagoela esaten du, denak infernuan daudela dagoeneko. Poloniar zaharra kexu da zorterik izan ez duelako. Bezperan ez zuen gizonik bereganatu. Gaur ere ez. Beharbada Ladeira do Taboão-ra joan beharko du, non emakumeek mila eta bostehun kobratu, denari amore eman eta hil egiten baitira. Lindinalva handik urrun dago. Bere semearekin dago, Améliaren gela txiroan. Umeak irribarre egin eta «amatxo» esaten dio. Sekulako gogoa dauka semearen ezpain haragitsuei musu emateko, eta baita, bizi den artean, Mari Errauskineren ipuina kontatzen jarraitzeko ere. Ostatuko andreak gramola bat ekarri eta jangelan paratu du. Euniceri bular maskalak nabarmentzen zaizkio soinekoaren azpian. Leihotik hoska ari zaie gizonei. Gustavinho handitzen denean, beharbada kale horietan ibiliko da. Ordurako, baina, Lindinalva hila izango da, eta mutilak ez du aurkituko leiho ostean gizonei hoska. Eta haren oroitzapenetan, Mari Errauskineren ipuina kontatzen zion harako neska xalo eta eder hura izango da Lindinalva.
Eunice esaten ari da hilda daudela denak. Poloniarrak bi mila réi utz diezaizkioten eskatzen du. Mutil ile-luze batek kasu egin dio Lindinalvaren deiari. Eunicek dio:
— Suerte ona izan, Linda —eta alegiazko edalontzi bat jasotzen du.
Gelan, mutilak galdetzen dio ea nola duen izena, den-dena jakin nahi duela beraren bizitzaz; esaten dio poeta dela, bertsoak errezitatzen dituela, ama sertãon daukala gaixorik; esaten dio akaziak bezain polita dela, galtsoroekin konparatzen du haren ileadatsa, hamalaudun bat egingo diola agintzen dio. Jangelan, gramola samba bat jotzen ari da etsipenez. Mutilari tango erromantikoak atsegin zaizkio. Politikaz zer iritzi duen galdetzen dio Lindari:
— Tentelkeriak, ezta?
Horrelakoa izan zen Lindinalvaren estreinaldia.
* * *
Lindinalvak maldan behera egin zuen mailaz maila. Hiri beheretik oso hurbil gelditu zen, Ladeira do Taboão-n. Ladeira do Taboão-tik, edo ospitalera, edo gorputegira ateratzen ziren emakumeak. Nolanahi ere, automobilez ateratzen ziren: edo anbulantzian, edo gorpuentzako kotxe gorrian.
Ladeira do Taboão-n, toailak leihoetan eta aurpegi beltzak ateetan.
Gustavinhok elgorria pasa berria zuen, eta Lindinalva ikustera joan zitzaion. Umeak besoak luzatu eta pozaren pozezko irribarrea egin zuen ama berriz ikustean:
— Amatxo, amatxo...
Gero, begitartea ilundu eta galde egin zion:
— Noiz etorriko zara gurekin bizitzera, amatxo?
— Egun hauetakoren batean etorriko naiz, laztana.
— Amatxo, ikusiko duzu ze ongi ibiliko garen.
Goiko eta beheko hiriak lotzen dituen igogailu zaharraren ondotik pasa zen Lindinalva. Irribarre batez erantzun zion tranbia-gidariaren irribarreari, eta aurrera segitu zuen 32 zenbakirantz, han alokatua baitzuen gela.
Gustavinhok loditu beharra dauka. Argaldurik zegoen elgorria zela-eta. Bultza egin zion ate kolonial astun, helduleku uztaidunari. 32 zenbakia tinta urdin argiz idatzita zegoen, hizki handi-handitan.
Goitik oihu egin zuten:
— Nor da?
Lindinalva eskailera lohietan gora abiatu zen. Begiak erdi-itxita zeuzkan, arnasa larritua. Gogoetan igaroa zuen gaua... Hasieran ezin zuen begirik bildu, baina loak hartu zuenean amesgaizto beldurgarriak izan zituen, emakume sifilitikoak agertu zitzaizkion, hatz hanpatuekin, denak elkartuta ospitale txiki-txiki baten aurrean. Anbulantzia bat kargatzen ari ziren... Ez, ez zen anbulantzia-kotxea... Komendadorearen gorpua zen, bizimoduko emakume baten etxean hila... Eta hurrena, Gustavinhoren gorpua, elgorriz hila... Halako batean dena amaitu eta Antonio Balduíno beltza baizik ez zen agertzen, pozaren pozezko barre algara handiak eginez, eskuan bost mila réiko bilete bat eta txanpon batzuk zituela.
Izerditan blai iratzarri zen, ura edan zuen.
Bere denbora guztiko gaurik beldurgarriena. Orain Lindinalvak ez zuen ezertan pentsatzen. Azken finean, horrelakoa zen patua... Batzuentzat on, beste batzuentzat doilor. Pertsona bakoitzak bere patua du jaioz geroztik, eta hura ez dator Catarineta Naoan. Beraren patua makurra zen. Zer egingo zion ba?
Gogo txarrez igo zituen eskailerak. Bosgarren solairuko gelak alokatzen zituen mulatak garbiro esana zion bezperan:
— Hemendik, ene laztana, edo anbulantziara, edo zulora...
Zerura begiratu zuen leihotik:
— Hainbeste ikusi ditut hortik irteten...
Lindinalva, begiak urrunean, eskaileretan gora doa da. Non ote da Nazaré Parkean irri eta jolas egiten zuen Lindinalva hura?
Makurka doa, eta negar-anpuluak isurtzen zaizkio begitarte akituan behera. Negarrez ari da, bai... Malkoak begietatik jausi eta eskailerako zikinkeria garbitzen dute.
Makurka doa Lindinalva, aurpegi oreztatsu eta zuria besoaren ostean ezkutaturik. Malkoak begitarte hitsean behera doazkio irristan. Lindinalvak seme bat du, eta nahiko luke harentzat bizi. Hala ere, Ladeira do Taboão-tik hilerrira baizik ez dira irteten emakumeak.
Bosgarren solairuan, emakume batek beste bati esan dio:
— Hor dator Pekatsua. Ixo denak... Gajoa negarrez dator...
Gupida gartsuz mintzo da ahotsa.
Horrelakoa izan zen Pekatsuaren estreinaldia.
© Jorge Amado
© itzulpenarena: Valentin Olaetxea