TABAKO USAIN GOZOA
Tabako usain gozoa! Tabako usain gozoa! Muinetaraino sartzen zaio Pottolori surdurtzulo handietatik, eta zorabiaturik uzten du. Cachoeira eta São Felix, bi auzo-herrietako azoka egunetan bakarrik geratu zen portuan saveiroa. Gero, abian jarri zen beste zenbait portu txikitarantz, Maragogipe, Santo Amaro, Nazaré das Farinhas, Itaparicarantz, Manuel eta bere andrea zeramatzalarik. Gauez kantuz aritu ohi zen emakumea, eta itsas usaina zerion. Belak zabaldu, eta, goiz malenkoniatsu batez, abian jarri zen. Adio baten antzekoa izan zen.
Antonio Balduíno eta Pottolo Cachoeirako hiri zaharrean geratu ziren, ezinbesteko harat-honat batean, kaleen luze-zabalari neurria hartzen. Usainez sentitzen zuten hiria. Usain melenga hura São Felixetik zetorkien, etxe sail osoak hartzen zituzten eta beren ugazabak bezain gizenak ziren fabrika zurietatik. Zorabiagarria zen usaina, urruneko gauzetan pentsarazten zuen, eta Pottolori istorio luzeak kontarazten zizkion, istorio asmatuak zein errepikatuak. Puru-fabriketan ez zegoen lanik. Han, ia emakumeak bakarrik jardun ohi ziren, emakume zurbil, maskal, begi goibelekoak, guztiak puru garestiak egiten ministroen oturuntzetarako. Gizonezkoak ez ziren hartan trebe, esku handiegiak baitzituzten, horrelako lan astun eta zaila egiteko.
Iritsi ziren egunean, arratsalde euritsu batez, bi hiriak bereizten dituen Paraguaçu ibaia zeharkatu zuten kanoa batean. Atzealdean, zubi itzel bat. Pottolo istorio bat ari zen kontatzen, poeta izateko jaioa baitzen Pottolo, eta ederki asko bizi ahal izango zen, istorioak kontatuz eta bertsoak eginez, baldin idazten eta irakurtzen ikasi balu. Baina Pottolo ez zen sekula eskolan ibili, eta horregatik, besterik ezinean, entzunda zeuzkan kasuak, hirian ikasitako elezaharrak, edanda zegoela asmatzen zituen istorioak kontatzen zituen bere ahots baxu eta ozenaz. Askoz hobe luke, noski, istorio guztietan aingeruak sartzeko apeta hura ez baleuka. Baina Pottolo elizkoia ere bazen, zeharo.
Kanoa harriak saihestuz zihoan. Ibaia agortuxe zegoen, eta gizonak, galtzak jasorik eta bularra agerian, afaritakoa arrantzatzen ari ziren. Pottolo kontatzen ari zen:
— Orduan, Pedro Malazartek, axeria baino bizkorragoa baitzen, esan zion gizonari: «Sekulako txerri mordoa da... bostehundik gora izango dira... zer diot bostehun?... baita mila eta gehiago ere, bi mila edo... hiru mila edo... ez nizuke zuzen esango, egundoko txerri mordoa behinik behin...» Lapikoa zuen gizon horrek, hondarretan sartutako isats batzuk besterik ez zituen ikusten. Haizeak astintzen zuen isats beltz pila handi bat. Eta haiek denak mugitu egiten ziren, hondar azpian benetako txerriak sartuta baleude bezala. Eta Pedro Malazartek hala esan zion: «Ba txerri horiek magikoak dira... Lanean hasten direnean, dirua ematen dute. Dena bost mila réiko biletea... Eta hazten doazen neurrian, hamarreko biletea ematen dute, eta zahartu ondoren, baita gehiagokoa ere. Hori dena ematen dizut zure lapiko horren truke...»
— Eta gizonak ez zion susmo txarrik hartu? —eten zion kanoazaleak.
— Ez ba, gizon hura kaiku hutsa zen, txerria besterik ez zuen buruan. Joan eta hartu dio ba lapikoa okela eta feijoadarekin, txertaldearen truke. Pedro Malazartek hala esan zion: «Utz itzazu hemen enterratuta bihar arte. Bihar, hortik irten eta dirua egiten hasiko dira». Eta hantxe geratu zen gizona, txerriak noiz irtengo zain. Arratsaldea pasa, gaua pasa, hurrengo eguna ere pasa, eta, gaur arte, oraindik hantxe dago esperoan... ikusi nahi baduzue...
Kanoazalea barrez ari zen. Antonio Balduínok berriro entzun nahi zuen lapikoaren abentura. Pedro Malazarteren istorioak maite zituen, pikaro hark ederki baitzekien jendeari ziria sartzen, eta bapo bizi zen gainera. Bizirik imajinatzen zuen, mundu osoa kurritzen, herrialde guztietako kontuak ikasten. Behin, Pedro Malazarte zeruraino joan omen zen, paradisuko hotel zarpail batean miseria gorrian bizi zen alargun aberats baten senarrari dirua eramateko. Antonio Balduínok bazekien, ziurtasun osoz ia, Jubiabáren macumbara azaldu zen gizon burusoil hura ezin zitekeela Pedro Malazarte baizik izan, mozorroturik. Ez al zen, bada, gizon hura mundu osoan ibilia, eta gauza guzti-guztiak ikusia?
— Neure artean pentsatzen ari ninduan, aita Jubiabáren macumbara joandako gizon kaskasoil hura Pedro Malazarte zela...
— Nor? —Pottolo ez zen oroitzen.
— Oxalák Maria dos Reis harrapatu zuen egun hartan...
— Ah! Bazekiat... Baina ez zuan hura, ez. Gizon hura bazterrak ikusten zebilean, eta bertsoak eskribitzen zitian. Nik bazekiat horren historia... Egun batean, zaldi kanela-koloreko bat hartu eta hanka egin zian aitaren etxaldetik; aita zaldi-hezitzailea zian. Gero munduz mundu ibili zuan zaldi horrekin, eta topatu zituen gizonik ausartenei eta ikusi zituen emakumerik gaiztoenei bertsoak egin zizkiean...
— Nire bertsoak ere eskribituko ditik...
— Hireak?
— Berak inoiz ikusitako gizonik ausartena Antonio Balduíno beltza duk. Barrabilak behar ditik, niri kontra egingo didanak... Berak esan zidaan...
Pottolo bere lagunari begira gelditu zen miretsirik. Antonio Balduínok bi labana zeuzkan txamarra azpian, alde bakoitzean bana. Kanoak hondoa jo zuen kaietako lokatzetan.
* * *
Fabriketatik usain zorabiagarria zetorren. Arrantzan zebiltzan gizonak etxera biltzen hasiak ziren, afaritarako arrain bakan batzuk zeramatzatela. Une horretan, txistu luze zorrotz bat irten zen fabriketatik. Lan egunaren amaia zen. Antonio Balduíno, fabrikako langileen artean emakumeren bat bilatzera joan zen, mulataren bat amodioa egiteko. Kale kantoi batean geratu zen, Pottoloren istorioez barre algaraka, emakumeak noiz igaroko zain.
Baina emakumeak triste eta unaturik irteten dira. Tabako usain gozoak tenteldurik datoz, denean itsatsi baitzaie, eskuetan, jantzietan, gorputzean, sexuan. Poztasunik gabe irteten doaz, eta asko dira, emakume sail handiak, gaixo itxurakoak guztiak ere. Batzuek puru merkeak erretzen dituzte, lehenago oso puru garestiak egiten jardun ondoren. Tabako-belarra mastekatzen dute gehientsuenek. Gizon ilehori bat, fabriketan oraindik kolorea galdu ez duen mulatatxo batekin ari da hizketan. Neskatxa barrez ari da, eta gizonak xuxurlatzen dio:
— Kondizio hobeak jarriko dizkizut...
Antonio Balduínok Pottolori esaten dio:
— Horixe duk pena merezi duen bakarra... Baina gerentearekin zebilek...
Emakumeak isilik igarotzen dira, tabako usainaz mozkortuta baleude bezala; kale mehar, iluntzen hasi berrietatik abiatu eta norakorik gabe dabiltza hiri behereko etxarte argigabeetan barrena. Halaxe doaz, triste, isilean mintzatuz, fabrikan hitz egiteagatik ezartzen dizkieten isunen beldur oraindik. Haurdun dagoen bat pasatzen da, sabela kanporantz irtenik, eta aurrexeago joanda, gelditu eta musu ematen dio arrainak eskuan dakartzan gizon bati. Orain besoz-beso doaz beren bidean, eta kontatzen ari zaio isuna jarri ziotela, unetxo batez gelditu egin zelako, sabeleko karga eta minagatik. Tupustean honela dio:
— Eta umea datorrenean galduko ditudan egunak... Egun mordoa...
Haren ahotsa trajikoa da, samina. Gizonak burua makurtu zuen, eta ukabilak estutu. Antonio Balduínok entzun eta ttu egin zuen.
Pottolo dardaraz dago. Igaroaz doaz puru-fabriketako emakumeak. Kartel handi batzuk eta beren hizkiak ikus daitezke. Eta tabernatxo batean, iragarki bat: «Munduko pururik hoberenak... Bankete, afari, otorduetarako». Puruak egiten dituzten emakumeak igaroaz doaz. Eta igaro ere, halako tristuraz non inork ez bailuke esango beren etxeetara doazenik, beren senar eta umetxoen ondora. Pottolok dio:
— Hileta-segizioa ematen dik honek...
Mulatatxo ederra alemanarekin joan da. Emakume haurduna negarrez ari da senarraren besoan.
* * *
Cachoeirako hotel eroso eta are luxuzkoan, aleman gazte batzuk whisky edaten eta beraientzat bereziki prestaturiko janariak jaten ari dira. Emakume batzuk etorri dira Bahiatik mutil ilehori, begi-argi horiekin lo egitera. Emakumezko langileak atera ziren fabrika haietako jabeen semeak dira. Trago batzuk egin bitartean, esaten dute Hitlerismoak Alemania salbatuko duela hurrengo mundu-gerran, eta beraiek irabaziko dutela. Eta edariak burua nahasten dienean, gerrako himnoak kantatuko dituzte. Ume batek afaria etenarazten die, esanez:
— Limosnatxo bat, gure ama hiltzen ari da...
* * *
Ilargi betea morroen atzetik ageri eta ibai gainean dago orain; halere, aleman ilehoriek ez dute ikusten. Fabriketako emakumeen senarrak gitarraz kantatzen ari dira ibaiertzean, eta emakumeek umeak erakusten dizkiote ilargiari:
«Amandre ilargi, hartzazu
umetxo hau zuretzat
eta lagunidazu hazten».
Arratsalde lanbrotsuaren amaieran, kanoazalea Antonio Balduínoren eta Pottoloren ondora etorri zen:
— Orduan, lagunak... Ez al duzue zerbait jatera joan behar?
— Bai, joango gara...
— Nahi baduzue, etorri gurera afaltzera... janari eskasa da... Arraina besterik ez, baina jan behintzat egiten dugu, eta borondate onez eskaintzen dizuet...
Pottolorengana jiratu zen:
— Zuk kontatu istorio batzuk, nire atsoak entzun ditzan. Honezkero, aurki ailegatuko da fabrikatik... Bost neskato eta bi mutiko ditut...
Barre egin zuen, erantzunaren zain. Etxarte batetik abiatu eta kale lokaztu batera iritsi dira. Antonio Balduínori Morro do Capa Negro gogorazi dio kale horrek.
Etxeetan kriseiluen argi horiak distiratzen du. Ateondoan ume batzuk dabiltza jolasean, lokatz beltzez panpinak eta idiak egiten.
— Hemen da —dio kanoazaleak.
Paretak kedarrez zikinduta daude. Bonfimeko Jaunaren koadro bat, gitarra bat zintzilik. Oholezko ohe batean etzanik, mutiko bat lo dago. Hiru bat hilabete izango ditu gehienez ere. Gizonak musu ematean esnatu eta eskutxoak zabaldu ditu, bere aho beltz txikiaz barre eginez. Hanken gainean doi-doi dabilen batek amaren gonari tiratzen dio. Hanpatua dauka sabela, hor kanpoan panpinak egiten dabiltzan besteen antzera.
Kanoazaleak bere lagunak aurkezten ditu:
— Hona bi lagun. Horrek —Pottolo seinalatuz— ikaragarri ondo kontatzen ditu istorioak... Ikusiko duzu...
Emakumea tabako-belarra mastekatzen ari da. Ezpainak gorantz itzuliak ditu, eta aurpegia horitua, malariaz gaixo dagoenaren antzera. Haren ahotsa aditzen dute, seme-alabei deika.
Antonio Balduínok gitarra hartzen du. Pottolok galdetzen du:
— Zaila al da hemengo bizimodua?
— Lan kontua, behinik behin, bai, zaila... Hemen, emakumeentzat bakarrik dago lana, gizonak arrantzan edo kanoekin sos batzuk ateratzen ibiltzen gara.
— Eta, asko irabazten al dute emakumeek?
— Irabazi?... Bai zera... Gainera, multak eta zigorrak izaten dituzte, umeak eta gaixotasunak direla medio. Gero zeharo zaharkituta gelditzen dira, ezertarako ez direla... bimodu latza zegok hemen, motel...
— Tristea da, gero...
— Tristea? —gizonak barre egiten du—. Gose ederrak pasatakoak badira hemen... Emakume batek fabrikako lana uzten badu, gero ez dauka beste inon bilatzerik. Horretarako bai, badute trikimailua franko... Eta ez pentsa, gero, arraina egunero harrapatzen dugunik.
Gazte beltz bat dago atean, isilik. Baietz dio buruaz. Pottolori damutu egin zaio horrelako hizketaldi goibelik hasi izana.
— Baina Jainkoak lagundu egiten digu...
— Gaitzak ekarri bai, galantak. Nire atsoak badauka hor santu bat, baina nik ez dut horretan batere sinesten... Gose gorria ikusia naiz lehenago ere... Gau batean, zer janik ez geneukala geratu ginen, ezta gure txiki horrentzat ere —bost urteko mulatatxo bat seinalatzen du—. Jainkoa pobreekin ahaztu da...
Emaztea etxe hondoko atean agertu eta karkaixa beltz bat bota zuen:
— Ez esan holako deabrukeriak, gizona. Jainkoak kastigatu egingo zaitu...
Atean dagoen gaztea mintzo da:
— Ba, nik ere ez dut sinesten. Batzuetan, mingainez, kontrakoa esaten dudan arren. Eta zergatik? Ba, aleman zerri hori Mariinharen gainean txortan ari delako... Lan kondizio hobeak aginduko zizkion... Non ote da Jainkoa?
Pottolo ahapean ari da errezatzen. Jainkoari eskatzen dio ez dezala Mariinha bakarrik utzi aleman horren eskuetan, ez dezala kanoazalearen mahaia jatekorik gabe utzi. Pottolo otoitzean ari da, eta Antonio Balduínok badaki alferrik dela. Honela dio:
— Ikaragarrizko astakeria izango da akaso... Baina, niregatik balitz, oraintxe hilko nituzke zuri guztiak. Hil bai, ezereneko gupidarik gabe...
Arraina mahaian zerbitzatua dago. Gazte beltza desagertu egin zen, eta handik zenbait hilabeteren buruan, hogeita hamar urteko kondena ezarri zioten alemana hiltzeagatik; alemanak, ordurako, seme batekin eta lanik gabe utzia zuen Mariinha. Jateko gutxi dago hainbeste ahorentzat, eta neska-mutikoek gehiago eskatzen dute. Kriseiluaren argi gorriak izugarri handitzen ditu itzalak.
* * *
Pottolok Pedro Malazarteren lapikoaren istorioa kontatu eta umeak lo geratu ziren. Haietako batek, eskutxo beltzean dauka oraindik buztinezko panpina besamotz bat. Ametsean, buztinezko panpina beltz hori portzelanazko panpina ilehori bat zen, «ama» esaten eta lotarakoan begiak ixten zekiena. Ibai aldera irten ziren. Gizonek ilargi beteari kantatzen diote. Jantzi adabatuekiko emakume batzuk harresiaren ondoan dabiltza. Ibaia igaro eta ezkutatu egiten da zubi azpian.
Pottolo Cantinga do Vilela izeneko bertsokanta ari da kantatzen, Antonio Balduínok gitarraz laguntzen diolarik. Gizon guztiak entzuten daude, Vilela bidelapurrak «alferez beltz-tratulariaren» aurka egin zuen borroka heroikoari adi-adi. Eresi heroikoa da. Heroi handi bat izan zen alfereza. Are handiagoa Vilela:
Ausarta izan zen alfereza
Eta ausarta zelako, urkatua!
Ausartagoa oraindik Vilela
Hil eta santu eginik, salbatua!...
— Ederra —dio gizon batek.
— Sekula entzun gabe neukan bidelapur bat santu izan zitekeenik —sartu zen emakumetxo ihar bat.
— Santu izatea mereziko lukeen bidelapur mordoa dago... —mintzatzen ari den gizonak atzamarrez jotzen du kaietako murruan—. Zuek ikusi al duzue inoiz bidelapurren bat pobreari lapurreta egiten? Bidelapurra pobrea da, gu bezalaxe... Bidelapurrak... Niri gustatu egiten zaizkit bidelapurrak...
— Deabruak eramango ahal zaitu! Zuk, nonbait, ez zenuen ikusi zer egin zioten Anastasio Koronelari... belarri eta sudurrik gabe utzi zuten gizajoa... Eta hankartekoak ere, moztu... Piztia bat ematen zuen. Jainkoak barka nazala...
Barrez ari dira, gizon hura zer itxuratan geratuko zen pentsatuz. Kaietako harresian hatz-takatekoak joka ari zen gizonak honela dio:
— Baina, zuek ez al zarete gogoratzen Anastasio Koronelak zer egin zien Simão besamotzaren alabei?... Lau zituen, eta bat bakarrari ere ez zion bakerik eman... Denak ibili zituen hankartean... Agurea erotu egin zen... Eta gehiago izan balira, berdin-berdin ibiliko zituen Koronelak. Bidelapurrak mendeku hartzen ari dira gure partez...
Pottolorengana jiratu zen:
— Kantaiguzu beste modinha bat, adiskidea...
Baina Antonio Balduíno izan zen sambak eta modinhak kantatzari ekin ziona, emakumeak tristuraz betez.
Elizako ezkila bederatzietako errepika ari da jotzen.
— Aizue, Fabrícioren etxera joango al gara samba dantzatzera? —gonbidatu zuen beltz sendo batek.
Badoa talde bat. Gainerakoek etxerako bidea hartuko dute, edo kaietan geratuko dira oraindik pixka batean, ilargiari, ibaiari, zubiari begira; horixe da beren zinema.
* * *
Fabríciok, baso bat cachaça eskuan, harrera egiten die gonbidatuei:
— Inork ez al du tripa-zorroa bete nahi?
Denek nahi zuten, eta Fabríciok, tentu handiz, goraino betetzen zuen edalontzia, edalontzi trauskil bat, ahotik ahora pasatzen zena.
Kanoazaleak ezagutzera eman zituen Antonio Balduíno eta Pottolo:
— Nire bi lagun...
— Pasa... pasa barrura... Etxea lagunentzat da —eta besarkada handiak ematen zituen.
Sartzen hasi ziren. Mulato bibotetxodun bat ahoko soinua jotzen ari zen. Bikoteak itzulika zebiltzan gelaren barruan. Antonio Balduínok ez zuen beltzen usain berezia nabaritu. Han ere, urruneko auzo hartan, tabako usaina zen nagusi. Bikoteak jira-biraka zebiltzan, harmonikajolea gora eta behera mugitzen zen, eta musika amaitutakoan, suak harturik, zutik hasi zen jotzen eta dantzan, ondotik pasatzen zitzaizkion bikoteei ukitu arin bat eginez eskuarekin.
Musika isildu zenean, kanoazaleak hots egin zuen:
— Lagunak, beltz honek primeran jotzen du gitarra... eta beste potolo horrek istorio ikaragarri politak dakizki...
Antonio Balduínok Pottolori:
— Iruditzen zaidak neskaren bat topatuko dudala hemen...
Balduíno barrualdera joan zen, etxeko nagusiarekin cachaça edatera, eta itzuli zenean, emakumeen erreguei amore emanez, bere sambarik onenak jo zituen gitarraz, Pottolok kantuz laguntzen ziolarik. Harmonikajolea minduta zegoen, baina ez zuen ezer esaten. Antonio Balduínok bere saioa amaitu zuenean, esan zion:
— Trago bat hartuko al dugu, konpai? Ederki jotzen duk...
— Erdipurdiko jotzailea nauk... Hi, berriz, aparta...
Emakume batzuk seinalatu zizkion Antonio Balduínori:
— Horko hori ongi zegok... Begira, hor zebilek nire mulata, lagun batekin... Zergatik ez duk dantzara ateratzen?
Gizona ahoko soinua jotzen hasi zen atzera. Orain, gelako guztiak ari ziren dantzan. Oinak lurrean joka, zilborrak zilborren aurka, buruak bekoz beko, horditurik zeuden denak, cachaçaz batzuk, musikaz besteak. Tan-tan hots bat adi zitekeen, gizonek eskuez jarraitzen ziotelarik. Gorputzak gerritik lotzen ziren unez batez, aske geratzen ziren gero, beren gisara itzulika abiatu eta berriro topatzen zuten elkar, sabela sabelaren kontra, sexua sexuaren kontra.
— Ah, ene maitea...
Tan-tan hotsa ez zen isiltzen; musika-jotzaileak dantzarien artean zeuden; eta gela azpikoz gora itzuli zen, gero aldameneka jarri, halako batean bere onera etorri eta lehengo eran geratu zen berriro. Eta ematen zuen sabaian ari zirela dantzan. Kriseiluek nahasmen hura areagotzen zuten. Itzalak ere dantzan ari ziren, dantzan paretan, erraldoi eta izugarri. Zorua desagertu egin zen, eta ez zituzten oinak sentitzen, gorputza baizik ez zuten sentitzen, ukitzerakoan desiozko txinparta batez irazekia. Emakumeek gomazkoak ziruditen, dardarka astintzen zuten gorputza, mehakak zabalduz, eta ipurmasailak ikaraz mugitzen zitzaizkien, gorputzetik bereiz eta bizirik baileuden. Gizonak, emakumeak, itzalak eta kriseiluaren argia dantzan zebiltzan. Desagertu zen gela, desagertu zen argia, orain ez zen ezer ikusten. Soilik tan-tan hotsa adi zitekeen, tabako usain gozoa, zilborrak aurkez-aurke. Desioa ere desagertu zen, den-dena desagertu. Orain, dantza hutsa besterik zen.
* * *
Antonio Balduínok izen bat idatzi zuen ibaiko hondar gainean: Regina. Ondoan zeukan emakumeak, amodioaren neketan etzanik, barre egin zuen pozez, eta musu eman zion beltzari. Baina uhin txiki bat heldu zen, eta ezabatu egin zuen labana puntaz idatzitako izena. Antonio Balduínok barre algara egin zuen, bazterrak oro durdurikatuz. Emakumeak negar egin zuen, amorruz.
© Jorge Amado
© itzulpenarena: Valentin Olaetxea