AHAIRE TRISTE BAT DATOR
ITSASALDETIK

 

        Itotakoen Kriseiluko argia dirdirka ari da gonbit baten modura. Antonio Balduíno, hondar bigun xamurretik altxa, kaiak utzi, eta, urrats luzez, tabernara abiatzen da. Argitasun moteleko farolak doi-doi argitzen du oholskan marrazturik dagoen arrain-gorputzeko andere eder, bular gogorrekikoa. Gainean, tinta gorriz pintaturiko izar baten argi zurbila itsas-lamiaren gorputz birjinaren gainera barreiatzen da, halako misterio eta lausotasun batean biltzen duelarik. Suizida bat ateratzen ari da uretatik. Behealdean izen bat:

 

ITOTAKOEN KRISEILU

 

        Barrutik oihu bat dator:

        — Hi al haiz, Baldo?

        — Bai, ni nauk, Joaquim!

        Han, mahai likatsu horietako batean, Pottolo eta Joaquim daude. Joaquimek mahaitik oihu egin eta begien gainean paratzen ditu eskuak, farolaren argi dardartiaren pean hobeto ikusteko:

        — Sartu. Jubiabá hemen duk...

        Gela txikian, ilunbetan kasik, bospasei mahai, eta han kanoazaleak, saveiro-kapitainak, marinelak edaten ari. Edalontzi handiak, cachaçaz beterik. Itsu bat gitarra jotzen ari da, baina inork ez dio entzuten. Mahai batean, marinel zuri eta ilehori batzuk —portuko kargalekuan dagoen zamaontzi bateko alemanak— garagardoa edaten eta kantatzen ari dira horditurik. Beraiekin bizpahiru emakume daude, gau honetan Itotakoen Kriseilura jaitsi direnak Ladeira do Taboão-tik. Barre handiak egiten dituzte, baina hala ere, izutuak dirudite, ez baitute haien kanta ulertzen. Marinelak besarkaturik daude, eta musu ematen diete emakumeei. Mahai azpian, garagardo botila huts pila bat. Antonio Balduíno haien paretik pasa eta ttu egiten du. Marinel batek altxa egin du edalontzia, Antonio Balduíno prest dago borrokarako. Bazter batean itsua intzirika ari da gitarraz, eta inork ez dio entzuten. Jubiabá tabernan dela gogoratzen zaio Antonio Balduínori, eta, eskua jaitsita, Pottolo eta Joaquimen ondora doa esertzera.

        — Non da Jubiabá?

        — Hor barruan, Antoniorekin. Bere andreari errezuak esaten.

        Portuges zahar bat da Antonio, eta baztangak pikaturiko aurpegia duen mulata batekin dabil adixkidetuta. Mutiko zurbil bat korrika dabil mahaiak zerbitzatzen. Diosal egiten dio Antonio Balduínori:

        — Gabon, Baldo.

        — Ateraidak pattar trago bat.

        Pottolo marinelen kantari adi dago:

        — Ederra duk...

        — Eta, zerbait entenditzen?

        — Ez, baina giharrean ukitzen zidak...

        — Giharrean? —Joaquimek ez du ulertzen.

        Baina Antonio Balduínok ulertu du, eta orain ez du alemanekin borrokatzeko gogorik batere. Orain, marinelekin kantatu eta emakumeekin barre egingo luke gustura. Mahaian atzamarrez jo eta txistu egiten du. Gero eta mozkorrago daude marinelak, eta haietako batek ez du jadanik kantatzen. Burua mahai gainean erortzen utzi du. Itsua bazter ilun batean ari da gitarra jotzen. Inork ez dio entzuten, tabernan zerbitzari dabilen mutikoak salbu. Cachaça edalontziak hona eta hara lasterka daramatzan bitartean, itsuari beha gelditzen da mirespenez. Eta barre egiten du.

        Baina urrundik, itsaso ilunetik, kantatzen ari den ahots bat dator. Izarren argi eta guzti, ez da ikusten norena den, ezta nondik datorren ere; kanoetatik ote, edo saveiroetatik, edo gotorleku zaharretik agian? Nolanahi den ere, ahaire triste bat dator itsasaldetik. Ahots sendo bat, urrunekoa.

        Antonio Balduíno begira dago. Inguruan dena beltz. Izarretan eta Manuel kapitainaren pipan, beste inon ez da argirik ikusten. Marinelek ez dute jadanik kantatzen, emakumeek ez dute orain barrerik egiten, itsuaren gitarraren negar-zotina isildu da, mahaiak zerbitzatzen ari den mutiko zurbilaren tristurarako.

        Jubiabá mahaira itzuli da, eta Antonio barra aldera. Haizeak, taberna barreneraino sarturik laztan baten gisan, ahotsaren tristura dakar. Nondik ote dator? Eta itsasoa, hain da handia, hain misteriotsua, ez baitago jakiterik nondik datorren bals zahar hori. Beltza izan behar du, noski, kantuan ari denak. Beltzek bakarrik kantatzen baitute era horretan. Manuel kapitaina mutu dago. Gogora etorriko zitzaion, akaso, goizaldera bere saveiroak Itaparican jaso behar duen zapote-karga? Ez. Bals horren ahairea entzuten ari da. Beste aldera jiratzen da, itsasoaren misterioa handitzen duen ahotsa hortik ote datorren. Pottolok nonbait galdua du begirada. Balsak giharrean ukitzen du, ezbairik gabe. Bera eta beste guztiak itsas aldera jiratzen dira. Nondik ote dator beltzaren ahotsa?

 

                Jauna, goza ezazu ene samina...

 

        Gotorleku zaharreko soldadu zaharren bat ote da? Kanoaren batean dagoen nekazari gazte bat agian, Agua dos Meninoseko Azokan laranjak saltzen? Porto da Lenhan bere kanoan dagoen kanoazalea izango? Saveiro azkarren batetik ote dator haren ahotsa, maittea urruneko porturen batean ahantzi zuen marinel beltz batengandik apika?

 

                Jauna, goza ezazu ene samina...

                Uxatu betiko ene tristura...

                Ez baitut sekula berriro ikusiko...

 

        Nondik ote dator, saveiroak, kanoak, kai-muturra, kaiak, Itotakoen Kriseilu, badia guztia zeharkatzen duen eta hiriko mendi-hegaletan galtzera doan ahaire triste hori?

        Pottolok ikusten du nola Antonio Balduíno adi-adi dagoen, artega. Lindinalva dauka gogoan, eta iruditzen zaio beltz hori berarentzat bakarrik ari dela kantatzen, bakardade handi batean dagoelako. Baina beltzak mundu guztiarentzat kantatzen du, ez Antonio Balduínorentzat bakarrik. Pottolorentzat kantatzen du, Manuel kapitainarentzat, marinel alemanentzat, saveiro eta kanoetako beltz guztientzat, suediar ontzietako marinel zuri ororentzat, eta baita isasoarentzat ere.

        Hiriko argiak dirdirka ari dira morroan. Duela gutxi arte, candomblé eta macumben danbor-hotsa zetorren morrotik. Orain, ordea, hiria urrun dago, eta askoz hurbilago dute izarren dirdira, farolen argia baino. Antonio Balduínok Manuel kapitainaren pipako txingarra ikusten du. Barrenera sartzen ari zaio beltzaren ahotsa, zeina, bat-batean, baztertu eta ihesi baitoa itsaso zabalerantz. Atzera itzultzen da, hala ere, eta tabernan geratzen da dar-dar. Tristura bazter guztietara hedatzen da:

 

                Besterik zer egin nezake

                negar-zotina baizik...

                negar-zotina baizik...

 

        Hitzik egin gabe daude. Marinel alemanak entzuten ari dira. Jubiabák mahai gainean zabaltzen ditu eskuak. Pottolo dardarka dago, eta Antonio Balduínok Lindinalva ikusten du, zuri, zurbil eta oreztatsu, uretan, zeruan, lainoetan, cachaça edalontzian, mahaiak zerbitzatzen dabilen mutiko tisikoaren begietan.

        Argi horiska Itotakoen Kriseilura abaildu da berriro. Ahotsa isil-isilik dator haizetan. Pottolo dardaraz dago, Manuel kapitaina astiro ari da erretzen. Une batez tabernan gelditu eta brisararekin batean itzultzen da ahotsa:

 

                Niganako minez zauden artean

                bihurtu zure begiak,

                zure amodio sakratua

                nigana...

 

        Ahaire tristea aienatu egin da. Itsua segika doakio begi argigabeekin.

        Jubiabá, inork ulertzen ez dizkion hitz batzuk murmurikatzen ari da. Joaquimek galde egiten du:

        — Zigarrorik ba al duk, mulato?

        Zupada sakonak emanez erretzen du. Marinelak garagardoa edaten ari dira. Emakumeek itsasoan tinkaturik dute begirada. Jubiabák zango meheak luzatu eta beha egiten dio gauari. Ilargiak den-dena horizkatu zuen, itsasoa eta zerua zilarreztatuz. Baina, horra berriro bals zaharra. Beltzaren ahotsa gertu dago, askoz gertuago oraindik:

 

                UXATU BETIKO ENE TRISTURA

                EZ BAITUT SEKULA BERRIRO IKUSIKO...

 

        Gero eta gertuago dago ahotsa. Manuel kapitainak, izar baten pare dirdirka ari den bere pipa hartzen du berriro. Urrunerantz saveiro batek itsasoa zeharkatzen du. Isilik doa, haizeak dakarren ahaire tristeari adi.

        Antonio Balduínok esan nahiko luke:

        — Ongi joan, lagunak...

        Ordea, isilik geratu da, entzuten. Ahotsak alde egin zuen. Hots motelez itzuli zen, isil-isilik:

 

                ez baitut sekula berriro ikusiko...

 

        Ilargia tabernan barneratu zen. Marinelak adi daude, beltzaren bals hori ulertuko balute bezala. Emakumeek ulertzen dute, eta orain ez dute barrerik egiten. Joaquim mintzo da:

        — Zertarako itzuli?

        Pottolo ikaratu egin da:

        — Zer esan duk?

        Antonio Balduínok Jubiabári esaten dio:

        — Aita Jubiabá, atzo, hondarretan etzanda nengoela, amets arraro bat egin nuen...

        — Ze amets egin huen, ba?

        Jubiabá aulki batean dago, ximel eta ttipi-ttipi. Zenbat urte ote ditu Jubiabák? dio bere golkorako Pottolok. Ehun eta zenbat? Antonio Balduíno mutil sendo eta galanta dago. Ametsa beretzat gorde duen arren, mintzaten hasten da:

        — Bizkarra markatuta zeukan beltz hura ikusi nuen, aita Jubiabá...

        Kantu hotsa aditzen da tabernan:

 

                Besterik zer egin nezake

                negar-zotina baizik...

                negar-zotina baizik...

 

        Antonio Balduíno mintzo da:

        — ... aieneka ari zen, aita, aieneka... bizkarrean zigorraz jotako beltz hura... Huraxe ikusi nuen ametsetan. Beldurgarria zegoen. Marinel horiei bizkarra berotzeko gogoa ematen dit...

        Pottolo ikaratu egin da:

        — Zergatik?

        — Beltz hura jota... jota...

        Jubiabá altxa egin da aulkitik. Aurpegia zimurtuta dauka, gorrotoz beterik. Berari adi daude denak:

        — Oso aspaldi gertatu zuan, Baldo...

        — Gertatu, zer?

        — Orain kontatzera noan istorioa... Haren aitaren aita umea zuan artean. Jaun zuri eta aberats baten etxaldean gertatu zuan, han Corta Mão-n...

        Ahaire triste batek, han nonbait beltz bat kantatzen ari den bals zahar batek menderatzen du inguru guztia:

 

                goza ezazu ene samina...

 

        Jubiabá kontatzen ari da:

        — Sekulako beltz mordoa ginen... Barkuan ailegatu eta ezin konprenitu jaun zuriaren hizketa modua... Aspaldi-aspaldiko kontua da... Han, Corta Mão-n gertatua...

        — Baina, zer gertatu zen?

        — Leal jaunak ez zuen esklaboentzako kapatazik. Baina bazeukan gorila pare bat, bi tximino beltz, eta kate handi-handi batean lotuta ibiltzen zituen. Jaunak Catito esaten zion arrari, eta Catita emeari. Arrak zepo bat eraman ohi zuen kateatik zintzilik, eta latigo bat eskuan... Bera zen kapataza...

        Zer izan ote da bals zahar triste horretaz, jadanik beltz horien bihotza betetzen ez eta bakar-bakarrik utzi baititu Jubiabáren istorioarekin? Non ote da kantari ari zen beltzaren ahotsa? Orain itsua baizik ez da intzirika ari bere gitarrarekin, eta denek entzuten diote. Mutiko zurbil eta tisikoa txanponak biltzen ari da latorrizko plater batean, bere aita itsuarentzat. Gizon batek dio:

        — Nik ez diot emango, ez. Zahar horrek ez daki jotzen...

        Hala ere, halako begirakunea egin diote denek, non txanpon bat bota baitu platerera:

        — Txantxetan ari nintzen, bihotza...

        Jubiabáren ahotsa:

        — Catita, tximino emea, etxez etxe ibiltzen zen, oiloak itotzen. Arrak sorora eramaten gintuen, eta hantxe, zepoaren gainean egoten zen eserita. Eta lanik egiten ez zuen beltzari ikaragarriak ematen zizkion. Batzuetan motiborik gabe jotzen zuen. Behin, holaxe, zigorkadaka akatu zuen beltz bat...

        Argiak dar-dar daude Itotakoen Kriseilu tabernan. Itsua gitarra jotzen ari da.

        — Leal jaunari gustatu egiten zitzaion Catito hori neska beltzen gainean askatzea... Eta Catitok hil egiten zituen, horrekin gozatzen baitzuen... Egun batean jaunak neskatxa baten gainera bota zuen Catito. Mutil gazte batekin esposatua zegoen hura. Egun hartan bisitariak zituen Leal jaunak.

        Pottolo ikarak airean dago. Urrundik ahaire tristea itzultzen da... Itsua, gitarra jotzeari utzirik, jasotako txanponak ari da kontatzen.

        — Catitok neskatxaren gainera salto egin zuen, eta mutilak Catitoren gainera.

        Jubiabák urrunera so egiten du, gauerantz. Ilargi horia dago.

        — Leal jaunak gainetik apartatu zuen beltza, baina ordurako hark bi labankada emanak zizkion tximinoari... Neska ere hantxe hil zen. Sekulako odol putzua geratu zen bertan. Eta bisitariak barrezka, poz-pozik denak. Denak, neskatila zuri bat kenduta, hura erotu egin baitzen, gauez tximinioa eta beltza ikusten zituelako...

        Bals tristea kantuz ari da urrean.

        — Baina, gau batean, beltz horren anaia batek jo-ta bertan garbitu zuen Leal jauna. Nik beltzaren anaia ezagutu nuen. Berak kontatu zidan istorio hau...

        Pottolo Jubiabáren ondoan dago. Manuel kapitainaren pipa dirdirka ari da izar baten pare. Itsaso ilunean ahots bat ari da kantatzen ahaire triste batez:

 

                Uxatu betiko ene tristura

                ez baitut sekula berriro ikusiko...

 

        Ahots goraz ari da kantatzen, ozen, malenkoniatsu.

        Jubiabák dio:

        — Nik haren anaia ezagutu nuen...

        Antonio Balduínok labanari heltzen dio bularraren parean.

 

 

 

© Jorge Amado

© itzulpenarena: Valentin Olaetxea

 

 

"Jorge Amado / Jubiaba" orrialde nagusia