ITOTAKOEN KRISEILU TABERNA

 

        Urte asko ziren marinel batek Itotakoen Kriseilu taberna jarri zuela, eta Antonio jaunak haren alargunari erosi zionean ere izen berbera zeukan, eta ate gainean, gaizki margoturiko oholska batean, itsaslamia bat ageri zen, naufrago bat salbatzen ari. Taberna jarri zuen marinela zamaontzi batean heldu zen egun batez, eta hantxe bota zuen aingura, etxetzar kolonialeko sala beltz zahar hartan.

        Bezeroentzat arrozesnea eta portuko kaietako langileentzat arrantxoa prestatzen zuen mulata beltzaska bat izan zuen maitale.

        Inork ez zekien zergatik deitu zion taberna hari Itotakoen Kriseilu. Bazekiten, hala ere, hiru bider joana zela urazpira, eta mundu osoa ibilia zuela. Hil aurretik bere ohaidearekin ezkondu zen, ordurako bezero ugari zituen kafetxearen jabe gera zedin. Emakumeak Antoniori saldu zion, hark begiz joa baitzeukan aspaldian, toki ezin hobean zegoelako. Antoniok ez zuen gogoko tabernaren izena. Ez zuen izen xelebre hura arrazoizko ikusten. Tratua egin eta egun gutxira aldatuta zeukan oholska. Jarri berrian portugaldar aurkikuntzen garaiko karabela bat ikus zitekeen, beheko partean izen bat zuela: Vasco de Gama Kafetxea.

        Baina, gertatu zen bezeroek harriduraz begiratzen ziotela tabernaren izen berriari, eta ez zirela sartzen. Oholska berri hura eta gela barruan egindako garbitasuna zirela eta, ez zuten hartan beren atseden-portu narratsa ezagutzen, non cachaça edan eta solas egiten baitzuten kaietako gauetan.

        Sineskerietara emana zen Antonio. Eta, biharamunean, etxe barreneraino joanik, oholska zaharra bilatu eta lehengo tokian jarri zuen ostera. Portugaldar karabela zeukana gerorako gorde zuen, noizbait hiriaren erdialdean jarriko zuen kafetxerako. Itotakoen Kriseiluko oholskarekin batean marinelaren maitale izandako mulata beltzaska ere itzuli zen, eta lehengo antzera segitu zuen, bezeroentzat arrozesnea eta zamaketarientzat arrantxoa prestatzen, eta lehengo ohe zaharrean lo egiten. Bakar-bakarrik, orain portuges berritsu batekin egiten zuela lo, marinel ixilarekin egin beharrean. Egunen batean kafetxe bat jarriko zuen Antoniok hiri erdialdean, Vasco de Gama izenarekin eta aurkikuntzetako karabelak izango zituen oholska batekin, eta orduan ere Itotakoen Kriseilu tabernan geratuko zen mulata hura, bezeroentzat arrozesnea eta zamaketarientzat arrantxoa prestatzen, bai eta ohe berean lo egiten ere, nagusi berriarekin.

        Bezeroak Itotakoen Kriseilura itzuli ziren. Han, itsas ibilaldiez eztabaidan aritzen ziren marinelak eta beltzak. Saveiro-kapitainek recôncavoko azokez egiten zuten solas, haietaraino eraman behar baitzituzten frutaz kargaturiko beren ontziak. Gitarra jotzen aritzen ziren, sambak kantatzen, beldurrezko istorioak kontatzen gau zohardi, izarrez josietan. Eta emakumeak Ladeira do Taboão-tik jaisten ziren Itotakoen Kriseilura.

        Antonio Balduíno, Zé Camarão eta Pottolo sarritan azaltzen ziren. Eta, noizik behin, Jubiabá ere han izaten zen.

 

* * *

 

        Capoeira jokoan Antonio Balduíno beltza Zé Camarãoren ikaslerik hoberena izan baldin bazen, gitarrarekin ere laster gailendu zitzaion maisuari, hark hainbateko sona bereganatuz.

        Sarri askotan, bere ibilera arloteetan hiritik zehar zebilelarik, kantaren bat asmatu eta hatzez jotzen zuen lastozko kapeluan, eta hitzak ere kantatzen zituen, den-dena bere baitarik sortua. Gero samba osoa kantatzen zuen morroko lagunentzat:

 

                «Beltza ederki bizi da, mulata,...

                jaietan beti, egunez egun

                parrandan noiznahi terreiroan

                beltzaran bat ohe-lagun...»

 

        Arrakasta izaten zuen jaietan:

       

                «Bonfimeko Jauna, nire santua,

                egizu nire alde

                ni arlote bat naiz, mulata

                zu zara nire zoritxarra...»

 

        Ez zegoen mulatarik xaramelduko ez zenik.

        Arratsalde batez, apain-apain jantzitako gizon bat azaldu zen morrora Antonio Balduínoz galdezka. Talde batean hizketan ari zen beltza seinalatu zioten. Gizona, bastoi bat lurrean arrastaka zeramala, hurbildu egin zen:

        — Zu al zara Antonio Balduíno?

        Poliziaren bat ote zen pentsatu zuen Balduínok:

        — Zer dela eta galdetzen didazu?

        — Zu ez al zara sambak egiten dituen hori? —gizonak bastoiarekin seinalatzen zuen.

        — Gauzatxoren bat edo beste badut asmatua...

        — Kantatuko al zenuke baten bat nik entzun dezadan?

        — Atrebentziarekin galdetuta, jauna, zertarako nahi dituzu?

        — Agian erosi egingo dizkizut.

        Antonio Balduíno diru premian zebilen, Agua dos Meninosko azokan ikusi zituen zapata berri batzuk erosi nahi zituelako. Gitarraren bila joan eta samba batzuk kantatu zizkion. Haietatik bi gustatu zitzaizkion gizonari.

        — Saldu nahi al dizkidazu?

        — Baina zertarako nahi dituzu, jauna?

        — Gustatu egin zaizkit eta...

        — Tira ba, konforme.

        — Hogei mila réi ematen dizkizut biengatik...

        — Ederki pagatuta dago... Eta gehiago nahi baldin badituzu...

        Doinuak txistuka jo zitzan eskatu zion gizonak Antonio Balduínori, eta oharrak hartu zituen marratxoz beteriko paper batean. Letrak idatzi zituen:

        — Itzuliko naiz gehiago erostera...

        Bastoia arrastaka zeramala abiatu zen behera. Morroko bizilagunak begira gelditu zitzaizkion. Antonio Balduíno denda atarian etzanda jarri eta hamar mila réiko bi bileteak bota zituen bere sabel biluziaren gainean. Pentsakor geratu zen, erosiko zituen oinetako berriak eta Joanari eramango zion perkal zatia gogoan.

        Sambak erosi zituen gizon bastoidunak zera esan zuen hiri erdialdeko kafetxe batean:

        — Bi samba zoragarri egin ditut...

        Kantatu egin zituen, hatzez mahaian jotzen zuela. Gero diskoetan agertu ziren samba haiek, eta irratiz eman zituzten, eta pianoz jo ere bai. Egunkariek honela zioten:

        «Aurtengo inauterian sekulako arrakasta izan dute Anisio Pereira poetaren sambek; zoragarriak benetan».

        Antonio Balduínok ez zuen egunkaririk irakurtzen, ez zuen irratirik entzuten, ez zuen pianorik jotzen. Ordura arte bezala segitu zuen, Anisio Pereira poetari sambak saltzen.

 

* * *

 

        Joanak lotu gabe zeraman ilea, artoski orraztua, Antonio Balduíno zorabiarazten zuen usaingozoz urrindatua. Neskaren garondoan sartzen zuen sudur zapala, ilea goratu eta usaingozo hura aditzen egoten zen. Neskak, barrezka, esaten zion:

        — Kenduidak mutur hori kokotetik...

        Berak ere barre egiten zuen:

        — A ze mokadu goxoa...

        Bizkarraz gora etzanarazten zuen neska beltza ohean. Urrundik iristen zitzaion Joanaren ahotsa:

        — Zakurtxo nirea...

 

* * *

 

        Oinetako berriekin azaldu zen egunean, besazpian soineko baterako perkal zati bat zekarrela, gizon bastoidunari saldutako samba haietako bat kantatzen ari zen Joana. Antonio Balduìnok esan zuen:

        — Ba al dakin gauza bat, Joana?

        — Zer?

        — Saldu egin ninan samba hori.

        — Nola saldu huela? —neskak ez zekien samba bat sal zitekeenik.

        — Gizontxo bat azaldu zunan morrora, eta bi samba erosi zikidanan hogei mila réirengatik. Gauza errazagorik...

        — Baina, zertarako nahi zituen?

        — Auskalo! Erotuta edo egongo zunan.

        Joana pentsakor geratu zen. Antonio Balduínok oihal zatia eskuratu zion:

        — Diruarekin hauxe erosi ninan hiretzat...

        — Ze ederra!

        — Eta begira nire zapata berriei...

        Neskak begiratu eta Antonio Balduínoren lepora egin zuen jauzi, eta hark barre handiak egin zituen, bizitzaz zoriontsu, egin zuen negozioagatik pozik. Eta Joanaren kokotea usaintzen zuen bitartean, neskak haren samba kantatzen zuen. Joanak bestek ez zuen kantatu samba hura jakinik nor zen benetako egilea.

        Antonio Balduínok gogorazi egin zion:

        — Gaur macumba dinagu Jubiabáren etxean. Hire santuaren eguna dun, laztana.

        Macumbara joan ohi ziren, gero hareatzara, eta han amodioa egiten zuten gartsuki. Eta Antonio Balduínok Lindinalvaren gorputza ikusten zuen Joanaren gorputzean.

 

* * *

 

        Itotakoen Kriseilura joaten ziren beti, nahiz eta Joanak hara joatea gogoko ez izan.

        — Hainbeste neska arlote dabilen toki horretara... Horietakoren bat naizela pentsatuko ditek akaso...

        Joana Vitoriako etxe batean zebilen neskame, eta Quintasen bizi zen, gelatxo batean. Eder zitzaion kaietara joatea amodioa egitera, baina Antonio Balduínoren kapritxoa betetzearren bakarrik joaten zen Itotakoen Kriseilura. Biak joaten zirenean, Antonio Balduíno mulatarekin aparte geratzen zen mahai batean, garagardoa edanez eta besteen agurrei irribarre eginez. Bere maitalea erakutsi eta irribarrezka irteten zen gero, begi-keinuka, adierazi nahian bezala kaietako hareatzara zihoazela handik.

        Egun gehientsuenetan, hala ere, Pottolo, Joaquim eta Zé Camarãorekin joan ohi zen Antonio Balduíno. Cachaça edaten zuten, abenturak kontatu eta barre egiten zuten, beltzek bakarrik egiten dakiten eran. Pottoloren urtemugako gauean Viriato Nanoa azaldu zen. Arrunt aldatua zen azkeneko urteetan. Ez zirudien ez luzeago, ez sendoago. Aldiz, zarpailtsu zetorren, pildaz jantzirik, bastoi baldar batean apoiatuta.

        — Hire izenean edatera natorrek, Pottolo...

        Pottolok cachaça ekartzeko eskatu zuen. Antonio Balduínok galde egin zion:

        — Zer moduz habil, Viriato?

        — Hainbestean, motel...

        — Gaixo al habil edo?

        — Ez. Lismosna gehiago biltzeagatik nabilek honela —eta bere irribarre zimur hura egin zuen.

        — Zergatik ez hintzen gehiago azaldu?

        — Zera... badakik... hor ibili nauk, izorratuta... Ezertarako gogorik gabe...

        — Gaixo egon omen hintzen.

        — Horixe egon nintzela, malaria txar horrekin... Anbulantziak eraman nindian... Gorriak pasa nitian. Berriro gaixotu baino nahiago nikek kale gorrian hil...

        Joaquimek eskainitako zigarroa hartu zuen:

        — Han zeharo abandonatua, inortxok ere kasu egiten ez zidala. Ba al dakik zer den hori?

        Pottolok ez zekien, baina ikara ematen zion.

        — Gauean sukarrarekin. Nireak egin zuela etsita... Eta burura etortzen zitzaidaan ez nuela inortxo ere... Inortxo ere ez lagunduko zidanik...

        Ixilik geratu zen.

        — Baina, ongi jarri hintzen —esan zuen Balduínok.

        — Ongi? Bai zera! Malaria joan-etorri ibiltzen zaik. Halakoren batean kale gorrian hilko nauk, txakur bat bezala.

        Pottolok mahai gainean jarri zuen bere esku beltza, Viriatorengana luzaturik.

        — Zera hilko haiz, motel...

        Barre-antza egin zuen Joaquimek:

        — Belar gaiztoa ez da galtzen...

        Viriatok, hala ere, hizketan segitu zuen:

        — Aizak, Antonio, gogoan al daukak Rozendo? Hura ere gaixotu egin zuan, baina ama eduki zian ondoan, bere bila joan zelako. Neronek bilatu nioan. Eta Felipe Ederra hil zenean ere, hantxe zeukaan ama, entierrora joanda. Loreak eraman zizkioan eta sekulako emakume pila zegoan...

        — Izter ederreko batzuk bazituan behinik behin —sartu zen Joaquim.

        — Jende guztiak badik aita bat, badik ama bat, pertsonaren bat. Nik ez zeukaat inor ere.

        Bazter batera bota zuen zigarroa, eta beste basokada bat pattar eskatu zuen.

        — Zertarako balio du gure bizitzak? Gogoratzen al zarete behin komisarian nola jo gintuzten? Zertarako egin ziguten hori dena? Gure bizitzak ez dik putzik balio... Ez zeukaagu inor ere...

        Pottolo ikaratan zegoen. Antonio Balduínok cachaça basoaren barrenera begiratzen zuen. Viriato Nanoa altxa egin zen:

        — Tira, nahiko matraka eman dizuet. Baina nola bakarrik ibiltzen naizen, buruari beti bueltak eta bueltak emanez...

        — Ba al hoa? —galdegin zion Joaquimek.

        — Ea iristen naizen zine-irteerarako.

        Bastoi gainean arrastaka abiatu zen, konkorturik, zarpa zaharrez estalita.

        — Honezkero ohitu egingo zuan horrela ibiltzen —esan zuen Joaquimek.

        — Baina, zergatik ateratzen ditu beti holako kontu tristeak? —Pottolok ez zekien, eta pena ematen zion, hura mutil jator-jatorra zelako.

        — Guk baino gehiago zekik horrek —esan zuen Antonio Balduínok.

        Beste mahai batean, kartera ziztrin bat zeraman mulato bat beltz batekin ari zen mintzatzen:

        — Moisesek bi partetan bereizi zuen itsasoa, eta handik pasa zen kristau guztiekin...

        — Nik dibertitzeagatik hitz egiten diat —mintzatu zen Joaquim.

        Pottolo kexu zen:

        — Gaur ez zian holakorik zertan eginik... nire urtemuga egunean...

        — Egin, zer?

        — Holako gauza tristeak kontatu... Eguna izorratu zidak.

        — Tira ba, motel. Parranda egingo diagu Zé Camarãorenera joanda. Bilatuko ditiagu beltzaran batzuk —gonbidatu zuen Balduínok.

        Pottolok kontsumizioak ordaindu zituen. Aldameneko mahaian, mulatoa Salomon erregearen istorioa kontatzen ari zen; ba omen zituela seiehun mulata.

        — Huraxe bai gizona —esan zuen Balduínok algara batean.

        Egin zuten, bada, parranda hura, bete ziren cachaçaz, mulata eder-eder batzuk maitatu zituzten, baina hala ere, ezin izan zuten inolaz ahantzi Viriato Nanoa, hark ez baitzuen inor malaria sendatzen lagunduko zionik.

 

* * *

 

        Joanak muzinaldiak izaten zituen beste mulata batzuk zirela medio, Antonio Balduínok haiek ere maitatu egiten zituelako. Mulataren batekin topatu eta mulata harekin adixkidetu, dena bat zen berarentzat. Hemezortzi urteen sasoi betean zegoelarik, ospe handia lortua zuen arloteak hiriko mulaten artean, neskame eta arropa-garbitzaileen artean, acarajé eta abará saltzen ibiltzen ziren neskatxa beltzen artean. Bazekien nola hitz egin neskatxei: azkenean, hareatzara eramaten zituen beti, eta han ibiltzen ziren iraulka, ile kizkurrean sartzen zitzaien hondarra sentitu gabe.

        Behin bakarrik maitatu eta ez zituen sekula berriz ikusten. Zerutik igarotzen diren lainoen antzera igarotzen ziren haren bizitzatik, eta laino haietaz baliatu ohi zen neskatxekin konparazioak egiteko.

        — Hire begiak harako laino haiek bezalakoxeak ditun, beltz-beltzak...

        — Hara, euria zetorrek...

        — Goazeman etxera... Nik dakidan txoko batean ongi egongo gaitun.

        Joanak, ordea, usaingoxo hura zeukan kokotean. Mutilari kateaturik zebilen; beltza beste mulataren batekin larrujotzen ibili zela jakiten zuenean borrokan hasten zen, eta, ziotenez, aztikeriaren bat ere egin zion, mutilak abandonatu ez zezan. Oilo beltz baten lumak lotu zituen maitalearen galtzontziloetan, eta haiekin batean, dendê olioz egindako manioka bat, kobrezko bost vintén zituena. Ilargi beteko gau batez hori guztia jarri zuen Antonio Balduínoren atean.

        Arlindoren etxeko jaian, Brotasen, egundoko istilua sortu zuen, zergatik eta, bakar-bakarrik, Antonio Balduínok dantza-saio batzuk egin zituelako Delfina izeneko mulata pinpirin batekin. Jotzeko desafioa egin zion beste neskari, zapata erantzi ere egin zuen. Antonio Balduíno algaraka ari zen, haien arteko kalapitaz gozatuz.

        — Baina, zer ikusi diok ba ederrik zorritsu horri?

        — Zer, horren inbidiatan, ala?

        — Ni? Mesedez... holako txepel batengatik... Atso sorgin zikin bat besterik ez duk-eta... Ez zekiat zer ikusi dioan.

        — Horixe dun, hain juxtu, hik ez dakinana... Bere sekretuak ere baditin...

        Barrezka ari zen Antonio Balduíno, eta iraulka zebilen neskarekin ohean, haren kokoteko usaingoxoa adituz.

        Ezagutu zuen egunaz oroitu zen. Rio Vermelhoko festa batean izan zen. Gitarra jotzen ari zen urrutira ikusi zuenean. Neska txora-txora eginda gelditu zen. Biharamunean, igandea, elkarrekin geratu eta Olimpiako goizeko emanaldira joan ziren. Neskak istorio bat ikaragarri luzea kontatu zion birjina zela frogatu nahirik, eta, azkenean, beltzak sinetsi egin zion. Galdu egin zuen harenganako gogoa, baina, hala ere, ostegunerako jarritako zitara azaldu zen, gau hartan ez zuelako beste zereginik. Campo Granden ibili ziren paseatzen, eta mutilak ez zuen hitz egiteko batere gogorik, hura birjina baitzen, eta beltzari ez zitzaizkion birjinak axola. Lanera itzultzeko tenorean ia, neska mintzatu zitzaion:

        — Begira, ikusi diat hi mutil prestua haizela, errespetu handikoa... Hara, egia esango diat. Ez nauk birjina, ez...

        — To! Ez?

        — Nire osaba bat izan zuan, han, etxean bizi zen osaba bat. Orain hiru urte. Ni bakarrik nengoan, ama lanera joana...

        — Eta hire aita?

        — Inoiz ez nian ezagutu... Osaba aprobetxatu egin zuan, jo-ta indarrean eginarazi zidaan.

        — Alu nazkagarria... —barren-barrenean, ordea, Antonio Balduíno bat zetorren osabarekin.

        — Hiru urte honetan ez diat beste gizonik ezagutu... Eta orain hirekin gustatu nauk...

        Antonio Balduíno ohartu zen hura guztia mulataren asmazioak zirela, baina ez zuen ezer esan. Gau hartan ez zion lanera itzultzen utzi, eta, nora eramanik ez zuenez, portuko kaietara jo zuen, itsasontzien eta itsasoaren aitzinean.

        Gerora alokatuko zuten gelatxo hura Quintasen, eta han, egunero, gezurti eta jeloskor segitu zuen Joanak.

        Beltzak ez zion sinesten, eta aspertzen hasia zegoen.

 

* * *

 

        Itotakoen Kriseilu tabernan zegoen, halako denborale-gau batez, Pottolo arnaska sartu zenean. Joaquimek, Antonio Balduínorekin solasean, ohartarazi zien:

        — Hor zetorrek Pottolo...

        — Ba al dakizue zer gertatu den?

        — Kargatzaileek norbait aurkitu ditek kaietan, itota...

        Ohikoa zen kontu hura, eta ez ziren larritu. Pottolok, ordea, gaineratu zuen:

        — Viriato duk...

        — Nor?

        — Viriato, Nanoa.

        Korrika atera ziren. Hantxe zegoen, kaietako urbazterrean. Gizon multzo bat zegoen gorpuaren inguruan. Hiru egun-edo eginak izango zituen uretan, puztuta baitzegoen, eta handituta. Begiak, zabal-zabalik, multzoari tinko begira zeuzkala zirudien. Arrainek erdi jana zioten sudurra, eta gorpuaren barrenean karramarroak adi zitezkeen, zurruburru arraro bat zegitela.

        Gorpua hartu eta Itotakoen Kriseilura eraman zuten. Bi mahai elkartu eta gainera bota zuten. Karramarroak zurruburruka ari ziren gorpuaren azal azpian. Elkar-joka ariko liratekeen kaskabiloak ematen zuten. Antonio jaunak kandela bat hartu zuen balkoitik, jadanik zabaltzen ez zen esku hartan jartzeko asmoz. Joaquimek esan zuen:

        — Hil eta gero bakarrik hazi duk.

        Pottolo errezatzen ari zen:

        — Gaixoa! Ez zuen inortxo ere...

        Cachaça edaten ari ziren gizon batzuk begiratzera hurbildu ziren. Emakumeek behatu eta atzera egiten zuten beldurrez. Antonio jaunak kandela eskuan zeukan oraindik, beste inor ez baitzen ausartzen hura zenduaren eskuan jartzen. Antonio Balduínok kandela hartu eta hurbildu egin zen hildakoarengana. Itotakoaren eskua zabaldu eta barrenean paratu zion. Gero esan zuen:

        — Bakarrik zegoan, mutilak... Etxeko bidearen bila zebilean, eta itsasoarenean sartu azkenean...

        Inork ez zuen ulertu. Non bizi zen galdetu zuen norbaitek.

        Bazetorren Jubiabá, eta jakin nahi izan zuen:

        — Gabon denoi. Zer gertatu da?

        — Aita Jubiabá, bera errukiaren begiaren bila zebilen, baina ez zuen inon aurkitzen, eta bere burua hil zuen. Ez zuen aitarik, ez amarik, ezta inortxo ere zainduko zuenik. Errukiaren begia aurkitu ez zuelako hil zen...

        Inork ez zuen ulertzen, baina ikarak hartu zituen denak Jubiabák esan zuenean:

        — Ôjú ànun fó ti iká, ôkú.

        Pottolo, xehetasun ugari emanez eta oso tristeki, Viriato Nanoaren historia kontatzen ari zitzaion cachaça edaten ari ziren gizonetako bati. Pottolok zioenez, behin batean, Viriatok hiru aingeru ikusi zituen, eta baita jantzi morea zeraman emakume bat ere, haren ama, zerura joateko deika ari zitzaiolarik.

        Horregatik bota zuen bere burua uretara.

        Halako batean, jende haren guztiaren erdian, Antonio Balduíno bakarrik sentitu zen hilotzaren ondoan, eta beldurra izan zuen. Beldur-ikara latza. Dardarka hasi zen, hortzak klaska-klaska. Mundu guztia etorri zitzaion gogora: izeba Luisa, eroturik; Leopoldo, erailik; Rozendo, gaixo eta amaren eske oihuka; Felipe Ederra, automobilaren azpian harrapatuta; Salustiano zaharra, kaietan bere buruaz beste egin zuena; eta Viriato Nanoaren gorpua, zurruburruka ari ziren karramarroz beterik.

        Eta pentsatu zuen haiek guztiak, biziak nahiz hilak, zoritxarreko zirela guztiz. Eta gerora jaioko zirenak ere bai. Baina, ez zekien zergatik ziren hain zoritxarreko.

        Denboraleak Itotakoen Kriseiluko argia itzali zuen.

 

 

 

© Jorge Amado

© itzulpenarena: Valentin Olaetxea

 

 

"Jorge Amado / Jubiaba" orrialde nagusia