HITZAURREA

Jubiabá: bihotz ausarten taupada

 

        Jorge Amado brasildar idazlea 1912ko abuztuaren 10ean jaio zen Ferradasko «Auricídia» kakao etxaldean, Bahia estatuaren hegoaldean. Bi urte zituelarik, uholde batek etxaldea suntsitu zuen eta familia osoa Pirangin jarri zen bizitzen. Herrixka hartan igaro zuen mutikoak haurtzaro gehiena. Garai hartako Pirangi herria, hala nola barnealdeko kakao lurralde amaigabeak, borroka odoltsuen eszenatoki izan ziren; lurraz jabetzeko eguneroko lehia bortitzean, jauntxo, kakao-esportatzaile eta etxalde-jabeak lazki borrokatzen ziren beren interesak defenditu eta lurraren fruituak bereganatu nahirik. Hantxe ezagutu zituen Jorge Amadok, gerora bere eleberrietan hainbeste aldiz agertuko ziren pertsonaietako batzuk: menturazaleak, bidelapurrak, soldatapeko hiltzaileak, jauntxo eta lurjabe aberatsak, prostitutak, eguneroko bizimodu gogorrari esperantzaz ekiten zioten gizon-emakume pobreak. Ezagutu ezezik, maitatu ere bai. Zeren, txiki-txikitandik heriotzatik hain hurbil bizi izan bazen ere, mundu lazgarri haren albo-alboan, mutiko harrituaren begiek beste unibertso bat ere aurkitu baitzuten: amaren kariño neurrigabea, aitaren bizitzarekiko ausardia, brasildar xumeen giza duintasuna, lagunenganako leialtasuna eta poesiaren zantzu misteriotsuak. Horietxek izan ziren, beraz, Jorge Amadoren lehenengo pausoak Brasilgo bide argi-ilunetan barrena.

        12 urterekin Bahiako hirira bidali zuten, hango jesuitekin ikasketak egin zitzan. Landa inguruneko herritik, eskualdeko hiri nagusira. Jesuiten eskolan izan zuen, estrainekoz, bere literatur zaletasuna kanporatzeko eta portugaldar klasikoak irakurtzeko egokiera. Bi urte geroago, ordea, hango ikas-giro zorrotza ezin eramanik, Itaporanga aldera egin zuen ihes, aitaren aldetiko aitona José Amado bizi zen herrirantz. Bakar-bakarrik, bidean topatzen zituen lagunei esker ostatu eta mantenua erdietsiz, mutikoak Bahia barnealdeko bazterrak kurritu zituen hainbat hilabetez, eta bidaia horrek natura eta langileen bizimodu gogorra hurbilagotik ezagutzeko aukera eskaini zion. Handik urtebetera, Bahian zen berriro. Bahia hiri beltz zaharraren bihotzean: Pelourinho auzoan. Brasilgo hiri afrikarrenaren bizitzan zeharo erroturik, adoleszente bohemio eta aske, Jorge Amadok zuztarretik ezagutu zuen urte haietan herri xumearen kultura eta bizitza, eta, lehenaz gainera, indar handiagoz ernetu zen beragan jende baztertuarenganako mirespena eta atxikimendua. Garai eder, abenturaz betea izan omen zuen adoleszentziakoa: 14 urte baino ez zituelarik, kazetari lanean hasi zen Diário da Bahia egunkarian, hirian gertatzen ziren istripu, lapurreta, hilketa eta abarren berriemaile gisa. Garaitsu horretan hasi zen aurreneko idazlan txikiak plazaratzen, eta bere kideko batzuekin, «Errebeldeen Akademia» sortu zuen, orduko mugimendu modernistari eta brasildar literaturaren sustraiei atxikia, baina ikuspegi zabalago, errealitateari lotuago bat eskaini nahian. Berak adierazi izan duenez, Bahiako kaleetan bizi izandako urte haiek geroztikako bere literatur lanen oinarri eta eragile izan ziren.

        1930ean Rio de Janeirora aldatu zen, eta urte berean bere lehenengo liburua idatzi zuen: O País do Carnaval, 18 urteko gazte baten idazlan oraindik umotu gabea. Handik hiru urtera, errealismo sozialistaren eraginpean ordurako, Cacau argitaratu zuen, kakao lurraldeetako langileen errealitatea gordinki azaltzen duen narrazioa. 1934an, berriz, Suor atera zen argitara, Bahiako Pelhourino auzo pobrean ezagutu zuen bizimoduaren lekukotasun latza. Hiru liburu horiek, «idazle hasi berri baten koadernoak» lirateke, beraren ustez. Nolanahi ere, bere obraren ildo nagusiak garbiro azaltzen dira jadanik: gizarte-arazoekiko kezka, zapalduen eta marginatuen aldeko jarrera, nekazari-gizarte ia feudal baten salaketa, askatasun egarria eta boteretsuen aurkako oihu garratza. Sentimendu horiek alderdi komunistako kide izatera bultzatu zuten, eta borroka horretan buru-belarri sartuta, gazte-gaztetatik ezagutu zuen gartzeletako basakeria, erbesteratu beharra eta bere liburuen erreketa Brasilgo plazetan. Baina, horri guztiari hertsiki loturik, Jorge Amadoren obra bere herriari eskainitako kantu bat da. Kantu xume bat, hitz potolorik gabekoa. Brasil eta brasildarren bizitza dira Jorge Amadoren idazlanen muina. Berak, idatziz, hitza ematen die kale-zoko eta mendi bazterretako brasildar ahaztuei, eta mirespenez goratzen ditu heroi ezezagunak, bidegabekeria eta zorigaitz guztiei aurpegi emanez bizi diren arima menderakaitzak. Eta halaxe, bere liburuetan narratzaile sen apartaz deskribatuko digu, esaterako, nola bizi den jendea Brasilgo sertaõ-ko lurrralde idorrean, betiereko miseriaren lurralde horretan, edo bere Bahia majikora eramango gaitu poesiazko bidaia eginez, hiriko kale sorginduen misterioa edo portuko gau izarratuaren xarma dasta dezagun.

        Orain urte asko irakurri nuen aurrenekoz Jubiabá, eta maitatu egin nuen segituan. Bertan azaltzen den munduak ez du, itxura batera, gurearen antz handirik. Pertsonaiak ez dira zenbaitek nahiko lituzkeen bezain zintzo eta eredugarri. Agian horregatik izango zen. Dena dela, liburu hau, buru hotzez baino areago bihotz gartsuz idatzia da, sentimenduen aginduei jarraiki. Bihotzak agintzen du Jubiabán, eta bihotz horren taupada-hotsa besterik ez da narrazioa: onbera eta xamurra batzuetan, krudela eta bortitza besteetan, baina bizi-nahi errendiezin baten taupada ozena betiere. Azken finean, Jubiabák mezu edo gonbite bat helarazten digu: ausardiaz bizi gaitezela, nahiz eta muturreko ugari hartu, nobelako pertsonaia bati —Antonio Balduíno beltzari— gertatzen zaion bezala. Eta gure bihotzaren taupada ere entzun eta senti dezagula.

        Nire aldetik, irakurle, hauxe besterik ez dizut opa: liburu miresgarri hau irakurtzean goza eta senti dezazula.

        Zenbait lagunenganako eskerronez: Antton, Mikel, Joseba, Joxemari, Joxe Antonio, mila esker zuen ohar eta aholkuengatik. Eta baita zuei ere, Alberto eta Deyse, portugesezko testuaren mintzairaz jabetzeko eskaini didazuen laguntza handiagatik.

 

Valentin Olaetxea

 

 

 

© Valentin Olaetxea

 

 

"Jorge Amado / Jubiaba" orrialde nagusia