AITA KARTZELAN DUZU

 

Aita kartzelan duzu,

Ama ixkutuan duzu...

Euskal Herriaren gain, haurra,

Gaur iguzkirik ez duzu...

 

Egizu lo, egizu...

Zomorroari ez beldur,

Aita azkarra da ta

Ama atzarrik baituzu...

Bihar goizean goizik

Iguzki izanen duzu...

Aita kartzelan duzu...

Zomorroa itzarrik baita,

Gaur ilunpean gaituzu...

 

Bihar esnatu eta

Ardi esnetik emanen...

Esnea edan eta

Laster gizondu zaiten,

Ta aita lagundu zazun

Zomorroaren hiltzen...

 

Aita kartzelan duzu...

Zomorroa hil eta, haurra,

Iguzki izanen duzu...

 

Urre gorria baita,

Gure munduan nagusi,

Zuretzat nahi ditugu

Urre kataiak hautsi

Bihar izan dezazun

Amodioa nausi!

 

Kartzela hutsik duzu!

Hamar ziren, nun dituzu?

Lur azpitik igesi dira

Eta bidean dituzu...

 

Irriño bat egizu, haurra,

Aita bidean bait duzu!

Aitaren besoetan, haurra,

Bihar lo eginen duzu...

 

 

© Telesforo Monzon

 

 

"Kantak"

"Telesforo Monzon - Literatur lanen bilduma" orrialde nagusia