LEPOAN HARTU

 

Lepoan hartu ta segi aurrera,

lepoan hartu ta segi aurrera.

 

Gazte bat aurrean aurkitu dugu

lore gorriz beterik kolkoa

Burdinen artetik ihesi dator

euskal gaztediaren oihua.

Mutilak, eskuak elkar gurutza

ekin ta bultza

denak batera,

Bidean anaia erortzen ba zaik

lepoan hartu ta segi aurrera!

 

La-la-ra...

 

Ez dugu beldurrik

ez dugu lotsarik

non geran,

zer geran,

aitortzeko.

Ez gaituk lapurrak

ez eta zakurrak

kataiaz loturik ibiltzeko.

Gizonak ba gera

jo zagun aurrera,

gure Herriaren jabe egin arte,

Askatasunaren hegal azpian

kabia egiten ohituak gare,

ibiltzen aspaldi ikasia dugu

otsoak eskutik hartu gabe.

 

La-la-ra...

 

Arrotzek ezpataz hil nahi ba naute

izituko gaituztelakoan.

zutitu ta euskeraz mintzatuko naiz

nere hiltzailearen aurrean.

Mutilak, ez gero nigarrik egin

erortzen ba naiz

gau ilunean.

Izar berri bat piztutzera noa

Euskal Herriko zeru gainean...

 

 

© Telesforo Monzon

 

 

"Kantak"

"Telesforo Monzon - Literatur lanen bilduma" orrialde nagusia