BATASUNA

 

Aupa gizona, jaiki mutil!

Atzar emazte ta neskatil !

Borrokarako dei egiñaz

Irrintzi bat dabil!

 

Euskal Herria diagu zai,

Presoak eta hilak ere bai!

Abertzale izan ezkero gaur,

Gauden denok anai!

Borrokari, luza zaidak eskua!

Huna hemen nerea zabalik!

Euskaldunok banan banan hiltzea,

Otso beltzak ez dik beste nahirik!

Euskadiren alde

Loturik ba gare,

Goaz borrokara!

Nagusituko bait gare!

Gerokoak geroko utzi!

Gaur Herriak ziok:

Nahi diat bizi!

 

Otso beltza gauaren gauaz heldu,

Artzainak zebiltzala kalakan...

Goizean goiz, odolez gorrituak,

Hamaika ardi hilak belarditan...

Artzai kalakari,

Atsoak iduri,

Har makila eskuan

Eta lotu etsaiari!

Anaien aurka ez habila!

Otso beltzarentzat atxik makila!

 

Agur, agur! Biharko Euskadi!

«Iguzkitan dantzatuko gaituzu»

Errana diot maiteñoari!

Besoak loturik,

Ez dugu pestarik,

Nola dantzatuko

Biok belaunikaturik?

Lehenik urratu gatea,

Gero libro izanen dantza egitea!

 

 

© Telesforo Monzon

 

 

"Kantak"

"Telesforo Monzon - Literatur lanen bilduma" orrialde nagusia