ZALDUN BAT
Ila da ila, ila da, ila
Solano Adan de Yartza...!
Bizkaitar seme zaldun yator bat
Altsu'n eortzia datza...!
Mendiri mendi berri zabaltzez,
geure Lurraren ikara!
Itsas-gizonen begi urdiñak
eutsi eziñik negarra...!
Mendexa aldeko nekazari ta
Lekeitio'ko arrantzale
Eriotz beltzak utzi zaitue
negu gorriz aita gabe.
Ila da ila, ila da, ila
Solano Adan de Yartza,
Yainkoak ari emana zion
Euskalerriaren antza.
Gorputz aurrean Erriak zion
oñazez: «Bake-Gizona...!
Gudak aidian erabil indun
gaurti bakean agona...»
Ta bidez-bide, kantuz lagundu
Erri osoak ilari,
biziaroan beti baitzion
arek lagun Erriari.
Mendien azpi ta Kantauri gain
itxasertzean jaioa;
ibil-itxuraz menditarra zan
ta begiz... itxasokoa.
Euskalerri'ko etxe zaarrenak
baitzitun odol-iturriz,
arek ez galtzen errege antza
baserritar bat iduriz.
Arrotu gabe, apal ila da
zenbait lur etxez yabea...!
Makurtu barik eramana zun
seme-alaben gosea!
Gora begira, Yainkoa baizik,
arek ez iñor gaiñeko...
Erriko nornai laguna zuen
sutondo ta maierako.
Ila da ila, ila da, ila...!
Ilaren gelan, atso zaar batek
otoitzak egin ta esan:
«Zuti yarrita nolako ote zen
ain eder dagona lotan».
Gela zurian seme bakarrak
aitari, Agur! betiko...
Oge alboan ixilik aur-zai,
alaba bi belauniko.
Seme alaben euskal otoitzak
illuntziz aitaren aurre,
goruntz igoaz ala zioten:
«Yun ba'zera emen gaude».
Gorputz otzari neurri artzean
arotzak irten erranez:
«Onek bear dun kutxak artuko
aritz erdi bat egurrez».
Semeak zion: «Aizkora lanak
irautzia du pagoa...
Beso-adarraz, anai-arrebak
itzaldu zagun basoa».
Aitak itz auek emanak zitun
bere azken arnasakin:
«Ni bakez noa. Ondorengoei
bear zaie leku egin».
Eraman zuten... Urrengo goizez
egun-argi zabaltzean,
aren alabak aur egiña zun
aitaren oge berean.
Ila da ila , ila da, ila...
Baiñan ez bere gogoa
Bizkai'ko zaldun aren oroitzez
landuko dugu geroa!
Ta bidez-bide, lagundu zion
Erri osoak ilari,
biziaroan beti baitzion
arek lagun Erriari...!
Alderdi, 1949, Otsaila
© Telesforo Monzon