AGIRRE LEHENDAKARIAREN GAUBEILA

 

        Euskaldun jaun-andre batzuek har zezaketen ohorerik handiena gertatu zaigu guri: Agirre zenaren gorputza beren etxean hartzea! Eskerrik asko, bihotzetik, haren alargun eta seme-alabei. Euzkadiko agintariei ere bai. Ez zaigu bizi artean ahaztuko Agirre Lehendakariak, hilik, gure etxean igarotako azken gaua.

        Agirre eta biok adin berekoak gintuzuen. Eta auzoak ginen. Elkarren ondoan dagoz xutik, Bergaran, gure jatorrizko etxeak. Baita, Bergarako hilerrian, gure hilobiak ere. Joan den udako arratsalde batez, hemen Donibanen, dei egin zidan Jose Antoniok bere etxera eta esan: «Begira zak ondo argazki hau. Iñaki nire semeak ekarria du Bergaratik atzo. Ikusten dituk gure bi hilobiak elkarren ondoan. Ez dakit nork zaintzen dituen. Baina garbi eta txukun omen dituk beti ere. Eta noizean behin agertzen omen dira loretuak». Nire barne-ikutua nolabait gordetzeagatik barrez erantzun nion: «Jaungoiko maitea! A ze borrokak atera behar ditugun biok, hil eta gero ere, hola uzten bagaituzte, betiko, elkarren ondoan!» Uda-arratsalde eder hartan, nork asmatu behar zituen gerokoak!

        Oraindik galtza motzetan biok, marinel soinekoz dotore jantzita, Bergarako prozesinoetan ibiliak gara Jose Antonio ta biok elkarren ondotik eskuan kandela ikaragarri bana hartuta. Geroztik, hogeita hamar urte honetan, elkarrekin igaroak ditugu Euzkadiren egun alai eta gau beltzenak. Orain hutsunean nagoela iduri zait. Hutsunean eta bakargoan. Hargatik ez nuen gaur idatzi nahi. Eta behartua nator zuengana. Egiazko barne-mina ez baita mintzalari.

        Agirre eta bion arteko adiskidetasuna ez da beti goxoa izan. Bai zera! Baina ederra bai, ekaitzaren antzera, bere tximisten ondotik entzutekoak baitziren haren trumoiak. Zaparradaren ondoko lur-busti usainak biltzen gintuen berehala elkarretara berriz. Eta, Jaungoiko maitea, geroko besarkada estu haiek zein ederrak ziren! Azkeneko urte hauetan, batez ere, beti eztabaidan ginen. Harek bide bat ikusten eta nik bestea. Baina gure Herriaren minez bizi ginen biok. Eta gogoan dut, Biriatun, buruz buru izan genuen azken bazkari hartan, nola esaten zidan Gipuzkoako mendiei begira: «Behazak Telesforo: nire bideak eramaten bagaitu etxeraino, ez duk hik negarrik egingo. Eta hireak eraman behar bagintu, nik ere ez. Beraz, edan dezagun biok elkarren osasunera!». Eta mahaitik jaiki ginela gero: «Gehien-gehiena bazkari honetan, badakik zer gustatu zaidan? Denbora guziz biok euskaraz egin izatea».

        Agirre Lehendakariarentzat ez dut, nik ere, sekulan izkuturik izan. Jose Antonio zenarentzat ere ez. Biak joan zaizkit batean! Eta ez dakit ba: orain nire bidetik gauaz bakarrik nabilela, haren beharra sumatzen dut eta, joana baitzaigu, tarteka etortzen zait... holako beldur antzeko bat.

        Harriak ere ikaratu ziren, Euzkadi osoan, Agirre zenaren heriotzaren berria zabaldu zelarik. Gure herrietako kaleak bete ziren jendez eta elizak ere bai. Bat-batean, Euskalerri guzia goibeldu zen zeharo.

        Berria jakin orduko, hemen Donibanen, gure etxeko ateak zabalik utzi behar izan genituen egunez eta gauaz. Mugatik barne, multzoka baitzetorren jendea nonahitik. «Gu Gipuzkoatik gatoz...!» «Gu Nafarroatik...!» «Gu Arabatik!» «Gu Bizkaitik...!» «Noiz dator gorputza...?» «Gu oinez gatoz menditik...!» «Gu itsasoz...!» «Gurekin zetozenak mugan geldiarazi dituzte!» Batek, Agirreri eskaintzaz, Aralar mendiko lurra zekarren. Besteak Sukarrietako hilerrikoa. Honek Gipuzkoako basaloreak. Harek Gernikako Arbolari kendutako hosto batzuk. Eta eskuak hutsik zekarzkitenek ere, bere eskaintza begietan ageri zuten. Ez zaizkit ahaztuko gizon zahar haren etxe-barneko oihuak: «Zer egin diogu guk Jaungoikoari holako zigorra bidaltzeko?» Eta, ez dakit nongo, amonatxo haren hitzak: «Goikoa ari da lanean eta, geu ixilik egon behar!»

        Epaillaren 27an, igandearekin, heldu zen Donibanera gure Lehendakariaren gorputza. Arratsaldeko bostetan. Gure etxe aurreko enparantza, gizon eta emakumez betea zegoen beltz-beltza. Gorputza heldu zelarik, ixiltasuna nagusitu zen. Ixiltasun ikaragarri bat. Eta gorputzaren atzetik bi haur, gizon itxuretan: haren seme gazteak. Eta haien ondotik Leizaiola. Xuri bezain tente, ilun eta goibel. Bost anaiak zetozkion ondotik. Eta Euzkadiko agintari guziak. Sartu zen gorputza gure etxean. Geroztik Herria izaki etxekojaun. Eta hasi ziren hiletak. Olerkari bat otoitzean: Zaitegi apaiza. Eta horren ondotik beste apaiz bat kantuz: Etxaniz olerkaria. Kantuz? Otoitzean? Jainkoari, minduki, eresian?

 

                Noiz arte, Jauna, behar gaituzu

                makilapean itotzen?

                Gure otoitzak ez al zaizkizu

                Zure aulkira igotzen?

 

Baina ez.

 

                Itxaropen oihua zen hura ere:

                Izar berri bat agertu zaigu

                Euskalerriko zeruan:

                Ta haren argitan, amets eder bat

                Sortu zait bihotz-barruan.

 

        «Bildu gaitezen biok bakarrik nonbaiten», esan zidan Leizaolak. Eta eraman nuen goiko gela batera. «Orain Euzkadiko Lehendakari neu naiz», esan zidan ilunki. «Bihar, hilerrian, Agirre zenaren gorputz aurrean egingo dut Zin eta hartuko dut Agintza». «Jainkoak lagun degizula», erantzun nion. Eta jaitsi ginen biok berriz behera. Orduko hasia zen Herria gorputzaren aurretik igarotzen. Kutxako leihoska irekia zioten eta aurpegia agerian emana. «Il est déjà dans son cercueil mais vous pouvez le voir». Banaka-banaka, ixilik edo otoitzean, etorri, hurbildu, igaro eta bazihoakion Agirreri negarrez bere herria...

        Nork esan, nork idatzi, nork agertu iluntze eta gau hartan gertatuak? Bi haitz-egurren gainean etzanda zegoen gorputza. Kutxaren gainean ikurrina. Ondoan, beste euskal ikurrin bat xutik, gazte baten eskuetan. Kutxaren oinetan, berriz, Euzkadiko sei eskualdeetatik ekarritako lurra.

        Amek, beren haurtxoekin igarotzean, hurbiltzen zituzten hauek kutxa ondoraino eta esaten: «Hau zen gure Lehendakaria, haurrak. Eta hau da gure ikurrina. Eman muxu». Hango ixiltasunaren ixilean, gizon bat jarri zitzaigun kutxaren ondoan belauniko. Eta besoak gurutzean emanik, atera zuen oihu ikaragarri bat: «Gora Euzkadi!». Eta joan zen. Gogoan eta begietan dut, oraindik, gazte baten aurpegia. Ez dakit nongoa zen eta nondik etorria zen. Gau osoa pasa zuen, harek ere, kutxa ondoan otoitzean. Argi hastearekin esan zidan: «Ordu laurden batez, bederen, utzi zaidazue ikurrin hori eskuetan!»

        Batzuk sar besteak irten, etxea beterik egon zen gau osoa. Baratza ere betetzen zen tarteka. Eta etxe aurreko plazatik ez zen jendea higitzen. Donibaneko euskaldun anitz ere gurekin batean zegoen. Eta noiznahi aditzen genien: «Orain, orain hasiak gara konprenitzen!»

        Nik ez dut sekulan ikusi gau hartan bezala otoitz egiten. Iduri zuen Euskalerriak nahi zuela bere Lehendakaria gau hartan bertan zeruratu. Nongoa ote zen, bere errosarioa eskuan, aulki txiki batean jarrita, gau osoa mugitzeke eta irribarrez igaro zuen amona xahar pullit hura? Eta apaiz gazte beltzaran harek belaunak lurrean izanagatik, non zuen bere gogoa? Gizon bat sartu zitzaigun eta esan: «Este era un buen hombre. Pónganle una misa». Eta bere izena ematean: «Un vasco de la C.N.T.».

        Barkatu esatea baina esan beharra dut. Gau hura ez zen gau ilun eta goibela izan. Gaubeila izanagatik, bizi-gaua zen hura. Geure oinazearen gainetik itxaropena baitzebilen hegazka.

        Gure Herria esnatu zaigu bat-batean. Eta bere indarra ikusiz alaitu da.

        Atzo ere, bere hilobiaren inguruan, lau gazte zituen Lehendakariak otoitzean. Iduri zitzaidan, hilobi barnetik erraiten ziela: «Zuen eskuetan utzia dut, gazteak, nire Herriaren etorkizuna».

 

1960

 

 

© Telesforo Monzon

 

 

"Langosta baten inguruan"

"Telesforo Monzon - Literatur lanen bilduma" orrialde nagusia