LURRAREN MINTZOA

 

        Jaun eskolatu batek —izikorregia nik uste— hauxe idatzi ez dit ba: «Aunque yo no comprendo desgraciadamente el vascuence, un amigo ha tenido la bondad de traducirme su último artículo «Sagar-lore. Kirkir. Kuku ta Pastualak». Me han parecido de interés algunas de sus observaciones sobre el teatro vasco antiguo y moderno. Pero he creído observar a través de todo el artículo un cierto tufillo panteísta...».

        Panteista? Zer duk hori? Hitz handi harrook: Panteismo-ta, Parlamentarismo-ta, Existencialismo-ta horiek izitu egiten naute ni. Izitu ta nahasi zeharo. Ez baititut aditzen. Ez baitiet itxurarik hartzen. Beñat Larratxe nor den galdetzen badidazu, erantzungo dizut kusian: hauxe. Baina Panteismo nor edo zer den galdezka etorri ezkero, «ez dakit» erantzun beharko dizut: ez baitut behin ere ikusia. Holako hitz handi gutxiago balira, ez lirateke beharbada gizonen artean horrenbeste denboragaltze ta borroka ibiliko.

        Lurraren emanak euskaraz zaizkidala mintzo errana baitut. Horrek ene laguna izitu. Baina gizona: Jainkoaren mintzoa duzu lurraren mintzoa ere. Lurraren mintzoa otoitza duzu. Jainkoak ezarritako Lege-betetzea baino otoitz ederragorik ez bada, porru-ta gari-ta artoen urteroko sortze hura ere otoitza. Zer ba. Espainiako elizetan noizbait entzun izan diren gorroto-hitz batzuk baino ederragoa ez ote zaio Jainkoari, mendi-tontorretik errotara datorren erreka garbi haren kanta? Iguzkiak horitutako gari-soro hura ere ez al zaizu mintzatzen, etxeko ogiari buruz? Gari-soro beltzaran hauxe duzu ba, Jainko-semearen gorputz-gaia.

        Bakoitzari bere hizkeraz egiten diola lurrak, egia hutsa. Guri euskaraz noski. Fray Luis de Leon olerkaririk handienari, gazteleraz egiten zion bezala. Salamanca inguruetako lur latz haien mintzo ederra: «Del monte en la ladera / De mi mano plantado tengo un huerto / Que por la primavera...» Gure Elizanburuk ez zuen segurki, Salamanca inguruetako lur soil haien hizketa adituko. Ez-eta Fray Luis de Leon zenak Versaillesko oihanetakoa. Garcia Lorca zenak adituko ote zuen, Sara inguruetako artalor haien mintzaira?

        Etxe, ontasun, baserri bakoitzeko lurrek ere badutela beren hizkera. Beren hizkera berezia. Norbere baratzakoarena duk eder. Lurrarekin gizonak bat egiten dizunean, gizona lurrari bezain beharrezkoa izaten baitzaio bere lur hura gizonari. Eta elkarrengandik urrun ezin etsi, ezin bizi, ezin egon. Lurrarenganako maitasunik gabe, ez da niretzat egiazko abertzaletasunik. Hamaika gizon handi baino barneagotik eta barneago mintzo zait niri —ene Herriaren izenean— nik ongi dakidan oihan azpiko iturriño hura. Lurrarekin hartu-emanik gabe ez da egiazko gizontasunik ere. Itsaso nahiz lurrarengandik bizitzeko sortua baita gizona berez. Unamunok dioena: «La civilización la han inventado los hombres por no hacer una de estas tres cosas: labrar, pescar o cazar». Itsasoa harrotua dagoelarik, noiznahi ikusiko dituzu arrantzaleak, egon ta egon, lehorretik beren itsasoari begira. Baita nekazariak ere beren lurrari so. Baina kaletar langileok ikusi izan al dituzue inoiz, hiri nagusietan eta, beren ola handi ilun haiei amodioz begira? Maitasunik gabeko lan hura ez al duk gizontasunaren etsai?

        Badirela gure lurretan ere, esango didazue, euskaraz mintzo ez diren zuhaitz eta barazkiak. Egia hutsa. Horra pinuok. Pinu ganorabakoak. Negu ta uda uniforme berarekin, gure mendietan goardia zibilak bezala dagozenok. Gure gazte denboran ez zen —Gipuzkoa alde hartan— pinu askorik ikusten, Oñatiko bidean edo, horietakoren bat topatzen banuen, hari doi-doia buenas tardes esanda, laster jarraitzen nion bideari. Holakoekin hobe baita berriketa gutxi ibili.

        Haritz eta Pago izan ditut nire haurtzarotiko lagunik handienak. Baita Gaztainondo ere, Euskalerrian bizi zela. Igorri baitzuten hau ere handik, geu bezalaxe. Orain ere, nonahi atxematen dudalarik, egiten ditugu, euskaraz beti, berriketa luzeak. Harentzat ez da falangistarik. Hura pinuengatik ibiltzen da zernahi esanka: «Ikusiko dute, pinu zikinok, zu itzultzean. Egun hura ere laster etorriko baita». Erantzun behar izan nion lehengoan: «Hago ixilik Gaztainondo zozoa. Gu ere halakoak esaten gabiltza-eta, hamazazpi urte hauetan!»

        Alboekin (platanuekin) eginak ditut, hemen Lapurdin, berriketa batzuk. Erdaraz gehienetan. Itsasertzekook behintzat erdaldunak baitira. Edozein hiztegitan irakur daiteke: Platane. Arbre du Pays Basque au service du tourisme p.e. «Hôtel Maitagarria, tout confort, terrasse sous les platanes». Alboen azpirat igortzen zion Lotik bere Ramuntxo Gaxuxari. Eta horra: Pariseko eguneroko batean ere irakurria dut hauxe: «Le soir sur la Côte Basque, c'est sous les platanes qu'on récite l'Angélus, qu'on danse le fandango, qu'on cache la contrebande (!!!)» Lapurdi ta Baxenabarreko herrietan badira haatik, etxe-aitzinetan eta, Zerbitzarik bezain ederki euskaraz egiten duten albo itzal-emaile politak. Alboa Lapurdiko. Haritza bizkaitar.

        Sagarrondok bezain euskara ederra egiten duenik, ez da Euskalerrian. Oraindik badira, erdaraz hitzik ikasia ez duten sagarrondo zaharrak. Orain landatzen dituztenak-eta, kanpoko eskoletan ibiliak dira gehienak. Baina laster hartzen dute hauek ere berriz gure lur-usaina. Eta egia diotsuet: ez da niretzat sagar-usain gabeko egiazko Euskalerririk. Udareagatik zer diodan? Mertxika ta horiek baino guretarragoa da bai udarea. Baina ez sagarra bezain herrikoia. Baserri jatorretan, sagarra eskainiko dizute orain ere. Herrietako jauntxo, midiku, mutxurdin, aberats eta apaiz batzuen ale-baratza polit horietan atxemanen dituzue orain ere udarerik ederrenak. Badakite bai hauek euskaraz zuk bezain ederki egiten baina, erdaraz nahiago gehienetan. Handinahikeria pixkat sartua baitzaie udareei. Ez da harritzekoa. Merkatuetan-eta garesti saltzen direla-
-ta, euskaraz egiteko lotsatzen hasiak. Marrubiari ere gertatzen zaiona. Ez gereziari ordea. Gure gerezi ederrok ez baitira, gorrienak ere, euskaraz egiten aise lotsatuko. Topa zuei, Gerezi ta Sagar!

        Porru gaixoa ere. Bururatuko al litzaizuke zuri, gure Herrian porruari erdaraz egitea? Horretan argi esan beharra dago: artoa ta porrua bezalako euskaldun garbirik, gutxi. Oso gutxi. Hor egoten dira porru gaixook, gure baratzetan, tomateekin-eta ezin elkar adituz. Hauek ez baitakite —ez-eta ikasi nahi ere— tutik euskaraz. Horretan gure serorak baino okerragoak ditut tomateok. Ikusten da bai, gorriak direla. Aspalditik jakina baita: gorrietan, gereziak eta Eibarko sozialistak omen euskaltzale bakarrak.

 

1953

 

 

© Telesforo Monzon

 

 

"Langosta baten inguruan"

"Telesforo Monzon - Literatur lanen bilduma" orrialde nagusia