BEñAT ELIZANBURU

 

        —Jakin duzu, jauna?

        —Zer.

        —Beñat Elizanburu txoferrari gertatua?

        —Zer zaio ba gertatu?

        —Bart arratsean, Biriatutik heldu zela Azkainerat, arbola jo ta xehatu omen du bere tarranta zahar hura. Bai omen ditu zazpi hezur-edo hautsiak ere. Gaixo Beñat, zortzi haurrideren aita-familiakoa!

        —Nola zaio gertatu?

        —Horra: ilundua zen, orduko. Aise ta ongi heldu omen zen, patarra behetik, bere bi argiekin. Halako batean, tiaka, arbola handi bat omen zitzaion bide erdirat etorri. Zapla! Hura jo ta biak egin omen ditu batean: arbola bota ta automobila xehatu. Eskerrak, jauna, bakarrik heldu zela. Barneko haiek... Mattin eta, Pettan eta, Xalbat eta... (ixil-ixilik belarrira) gaueko lanean utziak baitzituen nonbaiten.

        —Gaixo Beñat!

        —Ongi gaixoa ere. Hezurrenari ez zaiola sobera kasu egin behar. Horiek antolatuko omen zaizkio, poliki-poliki, egonean. Bertzea du gaixto.

        —Zer du ba bertzea?

        —Izialdi hartan odola mobi, ta barneko urak omen zaizkio haizeekin nahasi. Haiek gero odolarekin bat eginik bururat jo ezkero... akabo gizona! Izerdia ere ez baitu askotan nahi bezain laster heltzen. Jainko-txikiak hola errana dio egun Gaxuxari: hezurrei lotu baino lehen, borrokan hasiak diren barneko haiei behar zaiela errespetu pixkat sartu. Hartarako ez omen duzu, ilargiaren beherapenarekin egositako arno beroa bezalakorik. Harekin ari zaizkio.

        —Etxerat ekarria dute?

        —Egun goizean, bai jauna.

        —Bon. Joanen naiz sarri haren ikusterat.

        Eta izatua naiz, atzo bertan. Beti bezain potolo, piper gorria baino gorriago zegoen Beñat gaixoa, bere izara zurietan:

        —Zer duzu Beñat?

        —Arbola zikin hura...!

        —Non duzu min, gaizoa?

        —Behatz handian ez: arbola barnean utzia baitut. Bertze nonahi.

        Eta hatsa ezin harturik, gorputz guziko minetan zegoen gure gizona; andreak tarteka ekartzen zion arno bero hartarik edan orduko, arbola zikin hari zernahi erranka lotzen zitzaiola.

        Ixilik alde egitea nuen onena. Belarri ondotik egin nion agur. Harek niri, agur gisa, begi bat keinatu. Gaxuxa, haren andreak, ate ondoraino lagundu ta esan zidan:

        —Haize gaiztoren bat nausitu zaio. Ez zaio barkatu behar. Hari gaina hartu orduko salbo da. Hezurrak arrimatuko dizkiote bai, gero ere. Zaharren errana baita: «Hezurrak hezur, barneko haizeari beldur». Ta errazu jauna: autoaren puskak, nork arrimatu behar dizkigu guri? Handik heldu baitzen gure bizibidea. Gaixo gu, orain ere! Beharraren eskutik, mixeriaren besoetarat».

        Beñat Elizanburu, nik orain aipatu honek, ez du beste Elizanburu olerkari handi harekin zerikusirik. Lodiegia, gizenegia, txikiegia, gorriegia duzue gure Beñat, olerkari batekin urrundiko ahaidetasunik ere izateko. Ostatuan, ilundu ta gero emanen dizkigu urtean behinka zenbait bertso. Baina ez besterik. Bertsoak ez baitu eltzekaria gizentzen. Eta etxean mahaia luze ta jatekoa labur. Gaixo Beñat: Azkainen sortua, apaiz-mutil egondua, Sararat ezkondua, zortzi haur munduratua, laborantzan saiatua, Ainhoan bizitua, ostatuz jabetua (eros orduko saldua), gisako bezain nahasia, gau-lanean ibilia, zernahi hasi ta utzia. Lohitzunerat etorria, lehenik zaldilaria, gero txofer ikasia... Honen autorat igo baino lehen, egizak Ave Maria!

Ez dakit noizkoa den —noizkoa ote?— Beñatek ibiltzen duen tarranta zahar, handi, zabal, lodi, pixu, animali hura. Harek ez turutarik behar: bidekoak iziarazteko, nahiko ta gehiegi baita tarrantak berak ateratzen duen zarata ta burrunba hura. Haren barnerat igotzeko, maitasun handiagoa behar zaiola Beñati norbere buruari baino. Ta halere, ez duzue gure Beñat inoiz lanik gabe atxemanen. Saran ezkontza dela edo Ezpeletan merkatu, Urruñan hiletak edo Senperen bataioa, ez duzu Lapurdin gure Beñat gabeko jaialdi nahiz zeremoniarik, zortzi ta hamar egun aurretik nondinoranahiko eskeak izaten dituela. Gauaz ere ez dira beti lasaiak izaten Elizanburu jaun-andereen loaldiak: apaiz behar dela edo midiku, pestarako izaki nahiz gau-lanerako, Gaxuxa ohitua duzue senarraren albotik noiznahi jaiki behar izaten, ohe epel izerditu hura utzirik. Eta leihoa ireki behar: kaletik oihuka ari zaizkienei erantzuteko. Gero berriz, senarrari hurbilduz, esango dio eztiki-eztiki: «Mobi zaite Beñat gaixoa; badugu orain ere jaiki beharra». Ta halere, nahasiak baitira, zorretan bizi behar beti gaixook. Beñatek bere tarrantari noiznahi ematen dizkion kaskakoak antolatzeko ere, aski sosik gabe. Ate ondoan emana du txartel txiki bat zintzilik: «Beñat Elizanburu. Txoferra. Kilometra bakotxa: egunez 50 libera. Gauaz 100. Gauaz eta mozkorrekin 200».

        Eskualerri osoa ibiltzen du gure Beñatek bere tarranta barnean. Egun Mayi: jantzi zuriz, eskuetan lore, aitaren ondoan jarririk elizarat doala. Atzo berriz Garaziren alaba zekarren bataiatzera, izeba mutxurdinaren besoetan. Arbola bezain tente, pestaburu-jantziarekin, alboan aitatxi zaharra zutela. Bihar beharbada, Ezpeletan merkatu, baserritarrez betea ibiliko du tarranta. Zazpi gizon eder, beltzez jantzirik, zekarzkien joan den ostegunean Urruñarat: Iñazio zenaren hiletako esperantzetan. Eta ostiralean berriz, odoletan eta oihuka, Biriatuko harrobian zauritutako langile gazte bat, Uztaritze ondoko Jainko-txikiarengana. Etzi, beharbada, kantari ekarriko ditu, Saran afari polita agindua duten besteok. Eta kasu gero: noiznahi arkituko duzu-eta Beñaten beribila, bideskaren baten alboan gauaz gelditua. Ez duzu handik muga urruti izango. Ez-eta mandook. Mando zikinok. Dagoeneko, gauerdi, beste aldean behar zutenok. To! Heldu dira. Adi, adi —gau ilunean— mandoen urrats eta gizonen txistuok. Tira Beñat, irten errekatik eta eman mando haiei azken esku-kolpea! Hola, hola. Akabo! Igaro dute muga. Ez da goizegi. Iaupa! Jadaneko beste aldean dira-ta...

        Gero biderdian:

        —Pardon, Monsieur Elizanburu, vous rentrez à Saint—Jean-de-Luz?

        —Boui, boui; bou poubez monter boui si bou boulez. (Bien artean lau mustatxa ttenttedun bi mugazainei).

        —Merci (haiek, tarranta barnerat igotzean).

        —De quoi merci? Il faut bien elkar lagundu boui dans la bie.

        Senda zaitezela laster Beñat, arlote eder, Lapurdiko seme! Zure sendatze hori —bidetik ibiltzen diren haur, emazteki, gizon, oilasko, zerri, ardi, behi, zakur eta bertze bizidun denentzat arrisku izigarria izanik ere. Nahikoa lukete hauek —zure tarrantaren arrabots eta zaratak urrundik aditzean— mendirat-edo, teilaturat-edo, kanpandorrerat-edo... norabait alde egin. Inork ez baitu erraten ahal ixil-ixilik, uste-ezean, agertzen zarenik.

 

1953

 

 

© Telesforo Monzon

 

 

"Langosta baten inguruan"

"Telesforo Monzon - Literatur lanen bilduma" orrialde nagusia