ANGIOLILLO

 

        Ez da Bergara, berez, herri alai eta pinpirin horietakoa. Harri beltzez eginikako herri dotore bezain goibela, laino ta ketan duzu noiznahi, bere zulo ilunean jarrita. Saihetsean zauritua dagoela iduri dizu, gauaz, bere labeetatik ateratako burni gorri hari begira jarri ezkero. Bergarako zubietatik, huntzak errekari agur.

        Goiz hartan —1897garrengo Dagonillak 20— ez omen zenuten ba, gure herria, besteetan baino alaiago. Bihotz-apal, bihotz-estu zebiltzan bergararrak oro. Zenbait etxetako ate aitzinetan, emazteki mordoak txurtxurka. Gure goiko plaza hartatik igaro beharra zutenek ere, presotegiari begiratuko zioten, egun haietan, zeharka. Entzuten baitziren, kanpotik ere, espetxe barneko mailuketak: zurginak ari, kartzela barneko patioan, urkatokia antolatzen Santa Agedatik —hamabi egun lehenago— eskuak loturik ekarria zuten gizon gazte arrotz, polit harentzat: Angiolillo. Hura ezagutua duten bergararrek hala baitiote: gizon atsegin, goxo ta eskolatua zela. Elizakoak eskaintzera joan zitzaion apaiza ere, biziki ongi hartu omen zuen. Baina ez zen, gero, italiar anarkista itsu hura zalantzetan ibili: zeharo ukatu zizkion apaizari Elizakoak. Urkatokira iristean ere, hauxe izan zen haren azken hitza: «Germinal!» Inguruan zituen gudariek, aldiz —gizona urkatzen ikusteko bihotzik gabe— bizkarra eman eta beste aldera begiratu behar izan zuten azken orduan. (Rafael Sasillas-ek argitara emanak dituen egun hartako argazkietan, ongi asko ikus litekeen bezala). Bergararrak oro gelditu zitzaizkigun, egun hartan, bihotz-ikaratuak. Orain ere, gutxi izango dituzu, Angiolillorenak hamaika aldiz, etxean edo, entzun izan gabeko bergararrak. Espainiar bati ere, nongoa naizen aipatu ezkero, laster entzun behar izaten diot: «Con que de Vergara! La villa del Abrazo! Hermoso Santo Cristo el de ustedes. Y qué bizcochos Rellenos! En Vergara se ahorcó a Angiolillo, el asesino de Cánovas!»: Bergarak arrotzarentzat lau ezaubideok baititu.

        Leku atsegina omen zitzaion, Cánovas del Castillo zenari, gure Bergara ondoko Santa Ageda. Izen honek izitzen gaituela gaur, eta nola. Ganbaratik nahasten hasia ote zaren bai edo ez, ingurukoei iduritu ezkero, aide: laster baztertuko baitzaituzte harat. Baina orduan ez zen han erotegirik. Izen handikoak ziren, Santa Agedako urak. Eta harat etorria zen, uda hartan ere, Cánovas bere emaztearekin: doña Joaquina de Osma —Vistafloridanekoa— emazteki eder, aberats eta aitorralaba; bere senarra baino hogeita hamar urtez gazteagoa. Hirurogeita bederatzi baitzituen, orduko espainiar Agintaritzako lehendakariak.

        «Esta Santa Agueda me da la vida», esaten omen zuen Cánovasek noiznahi. Eta goizetik urak hartuta, arratsalde oroz irtengo zitzaizkigun senar-emazteak, zaldi-orgaz, inguruko herriren batera: Bergararat edo, Oñatirat edo, Arrasate nahiz Eskoriatzarat. Herri hauetako jauregi zaharrak maite baitzituzten asko. Gure gurasoak ere, uda hartan Santa Agedako urak hartzen izaki-eta, haiei entzuna diet: Cánovas eta bere emaztea nola bakarrik ibiltzen ziren beti, zaindaririk haren inguru inoiz ageri ez zela. Ez ziren, ez, oso erne ibili zaindariok, ez baitzioten, urak edan-itxuretan zebilen italiar bitxi hari, batere susmorik hartu. Baina, noiz eta nola etorria zen ordea, Angiolillo Santa Agedarat?

        Bazen Madrilen, denbora hartan, asteroko anarkista-edo ezkertiar amorratu bat: El Motín. Eta José Nakens esaten zioten, haren zuzendariari. Heldu zitzaion honi, uztailaren erditsuetan, gau batez Angiolillo. Gezurrezko izen batekin: Rinaldini. Eta berriketaldi goxoa elkarrekin egin izan ondoren, aitortu zion honek azkenean: «Cánovas edo Erregea bera hiltzeko asmoz etorria naiz Madrilerat». Horra, geroxeago argitaratutako artikulu batean, Nakens nola saiatuko zaizun bere burua garbitzen: «Me sonreí. (Angiolillok egin zion aitormena entzunik). He oído decir a tantos algo parecido. Si cada uno que me lo ha dicho, y no anarquista precisamente, lo hubiere hecho, habría yo visto lo menos cincuenta o sesenta Reyes nuevos y quinientos o seiscientos presidentes del Consejo de Ministros. Hay muchos aficionados a sacrificarse verbalmente por su ideal. 'Y qué adelantaría usted con eso?', le pregunté. 'Vengar a los de Montjuich', me contestó. Volví a sonreírme, le alargué la mano y se marchó.»

        Uztailaren 23an heldu ziren, Cánovas eta bere andrea, Donostiarat. Handik gero Santa Agedarako asmotan. Londres hotelean ostalaratu ziren, Donostia, orduko, uda betean aurkitzen zelarik: Errege-Erregina ama-semeak Miramar jauregirat etorriak; Kasinoa ere bere egunik ederrenetan noski; ostatu ta etxerik apainenak, Madriletik heldutako politiko ta handikiz beteak. Kubatik hartzen ziren berriek, ordea, ez zioten Cánovas buruzagiari, pesta-gogo handirik ekarriko. Berri-emaileak deitu zituen egun haietan Donostian, eta hauxe esan: «Aunque se concediese a la isla de Cuba una autonomía análoga a la del Canadá por Inglaterra, no por eso dejaría de haber en la Gran Antilla pequeños grupos que asaltaran los fuertes y volasen los trenes, porque la insurrección filibustera tiene carácter separatista». Ez da harritzekoa: «Guerra separatista» esaten baitzion Cánovasek, Euskalerriko karlatarrenari ere. Bartzelonan gertatu berriak ere aipatu zituen Cánovasek Donostian. Esanaz: «Anarkistek sortu berria duten matxinada horretan, hil edo zaurituak izan dira 105 hiritar; guk aldiz, horren ondotik, ez ditugu bost anarkista besterik urkatu. Biguinak izan gara, beraz». Baina Espainian, eta Espainiatik kanpo ere, baziren barkatuko ez ziotenak. Itzul gaitezen, beraz, harira.

        Londres hoteleko bere gelan zegoen Cánovas iluntze batez, bakar-bakarrik, begiak itxirik eta etzanda, atseden pixkat hartzen. Iduritu zitzaion halako batez, atea zabaldu ta norbait gela barnean sartu zitzaiola. «Quién es?» egin zuen oihu. Eta, oihuaren ondotik, itzal bat-edo ikusi ere ihesean. Ez zion Cánovasek, gertatuari, garrantzirik eman. Baina haren andrea artean —hotel ondoko Benquet liburutegian— erosketak egiten ari zela, sartu zen denda barnera, zalapartaka, gizon bat. Aitzakia asmatu ta irten omen zen lasterka berriz. Ez zion Cánovasen andreak ere, gertatuari axolarik egin. Gero, ordea, hiltzaileak berak aitortu: Cánovasen gelan nola sartu zen eta, harek egindako oihuaz zaindariak ernetuko ote ziren beldur, hoteletik antxintxiketan irtenik, bere burua izkutatzeko asmoz ondoko liburutegi batean nola sartu zen. Espainiako buruzagiaren atzetik ibili zen beraz Angiolillo, Donostian. Ta hura Santa Agedarat abiatu orduko, harako bidea hartu zuen hiltzaileak ere, ur-aitzakiz. Denbora hartako ertzainen begi ernea! Beren buruak hobekixago zainduak ote dituzten nago, gure egunetako jauntxoek.

        Sei egun egin zituen Cánovasek Donostian. Uztailaren 30ean heldu ziren senar-emazteak Santa Agedara. Zoraturik omen zegoen Cánovas bakeleku hartan. Afal ondoren eta, badu norekin berriketa egin ere. Hantxe baitagoz Madrileko bere zenbait lagun: Esquilache ta Revilla de la Cañadaneko markesa andreak, Zayas buruzagi zenaren alarguna, Aldamaneko kondea ta abar. Kuba ta Filipinetako gora-beherak dituzte, gauero, ahoan. Baita Bartzelonan anarkistek ateratako zalaparta ere. Bilbotik etorria da egun haietan Santa Agedara, nonahi irabazpide ta langai berriak orduko sortuak zituen bizkaitar hura: Bitor Txabarri. Eta atsegin omen zitzaion Cánovasi, bere irten-aldietan eta, bidean atxematen zituen baserritarrekin zerbait hitz egitea. Espainiako buruzagiaren joan-etorri ta ohiturak, ongi ikusiak zituen bai Angiolillok. Hamaika aldiz eskuratu zitzaion honi, Cánovasi hurbil-hurbiletik tiroa jaurtitzeko aukera. Baina kezka batek egiten omen zion atzeraka: haren inguruko beste norbait, tiroaz, zaurituko ote zuen beldurra. Txispa eskuan eduki omen zuen bi aldiz, Cánovasi jaurtitzeko: Garagartza aldapa ondoko arbola baten atzetik behin; bestean berriz Arrasate herriko sarreran. Baina orduan ere, zaldi-organ, Cánovasek andrea alboan izaki eta, hiltzaileak ez nahi honi kalte egiterik. Dagonillaren 8ak ekarri zion, azkenean, Angiolillori aukera.

        Igande zen. Gelaratuak ziren Cánovas jaun-andreak, Mezatik itzulita. Irten ziren, eguerdiz, jantokirako asmotan. Eta andrea bere ezagun batekin gelditu zelarik Cánovas jarri zen galeriako aulki batean, bakar-bakarrik, eguneroko bat eskuetan hartu ta irakurtzen. Ez zebilkion hiltzailea urruti. Cánovas nola bakarrik zegoen ikusita, igo zen bestea antxintxiketan bere gelara, pistola bila. Zapatak kenduta jantzi zituen espartinak, ixilago ibiltzeagatik. Hurbildu zitzaion, emeki-emeki, Cánovasi, ta jaurti zizkion hiru tiro. Odoletan lurrean etzanda gelditu zen, Espainiako buruzagia. Tiroak entzunik, jaitsi zen andrea antxintxiketan: eta senarra itxura hartan ikusita, esan zizkion, eroturik, hiltzaileari egundainokoak. Hotz-hotzean erantzun zion besteak: «A usted la respeto, porque es una señora honrada; pero yo he cumplido con mi deber y estoy tranquilo: he vengado a mis amigos de Montjuich». Ordubete barru hil zen Cánovas, ezaguerarik gabe, azken Olio-Santua hartu izanik. Izugarriak izan omen ziren, andrearen oinaze-agiriak. Hara, orduko idazle batek dioena: «No lo podemos ver —Cánovasen gorputzagatik dio—: su esposa se ha abrazado al cadáver y lo cubre con su cara, con sus brazos, con su cuerpo. Aquel dolor causa espanto. Son la muerte y la locura que se dan un beso». (Garai hartako idazkera.)

        Bazter guziak ukitu ta ikaratu zituen, Santa Agedan gertatutako zorigaitz honek. Aho guzietan zebilen, Europan barna, gure Gipuzkoako herriska horren izena. Ingalaterra ta Frantziako Agintaritzek jakinarazi baitzioten Cánovasi —honek anarkisten aurka hartuak zituen neurriengatik— beren gaizki-ikusia. Lehen egunetako zalaparta hartan, izan ziren esaten zutenak ere, Kubako abertzaleen aginduz Angiolillok hil ote zuen Cánovas. Ez dut uste ordea —Cánovas gure gaitzegile amorratuena izanagatik— euskaldunei hogen-eman zienik inork. Gizona bizkarretik hiltzen ikasiak ez garela, orok baitakite.

        Cánovas erregezalerik handienari gertatu berria jakin orduko, negarrak gaina hartuta, lehen-lehenik Santa Agedarat etorri zena ba al dakizue nor izan zen? Don Emilio Castelar, erkalzalerik goitiarrena. Oinazearen mendean omen zen heldu. Ta, hilari hurbilduz, Donoso Cortés zenaren ahotik ikasiok esan omen zituen oihuka: «Sócrates no fue tan grande por la vida que vivió como por la muerte que le dieron... El mundo se hubiera indignado contra Roma si hubiera permitido Roma que César muriese de la muerte de los demás hombres...» eta halakoak. Egia esan: Santa Agedan esateko, ez deritzaizkit gaizki erranak...

        Uztailaren 10ean eraman zuten gorputza Zumarragaraino. Handik gero Madrilera trenez baitzuten eroango. Horra Lemaneko markesak nola emana digun, Santa Agedatik Zumarragarainoko ibilaldi haren berri: «Delante, en el testero, apoyada la cabeza sobre el hombro del marqués del Busto, la faz marmórea de doña Joaquina de Osma, desmayada, y enfrente de ella, cubierto con un pañuelo blanco que le atenuaba los rayos del sol, el celebérrino orador y hombre político don Emilio Castelar. Seguían luego muchos carruajes...»

        Santa Agedatik irten berriak ziren gure gurasoak, berri ikaragarri hura Bergararat heldu zenean. Hunkitu ziren zeharo. Egunero ikusia baitzuten Cánovas, heriotzak atxeman zuen aulki hartantxe jarrita. Bergaratik alde egitea erabaki zuten kusian. Aita zenak ez baitzuen, bere etxe aurrean gizona urkatzen ikusi nahi. Segurarat ihes egin zuten, Lardizabaldarren etxera. Ez zen jauregi zahar hartako nagusia —Lardizabal eta Altunaneko Iñigo jauna— ez zela diot, Cánovasen lagun handia. Bihotzean baitzeramazkien harek ere, Cánovasek Euskalerriari eginak. Eta gure gurasoek zekarzkioten berriak entzun ondoren, zabaldu omen zuen mahai gainean Euskalerriko mapa bat. Eta Santa Ageda behatzarekin ikutuz: «Ikusazue —esan omen zuen— Cánovasek heriotza non atxemana dizuen: urkatu nahi izan dituen Gipuzkoa, Bizkaia ta Araba hiru ahizpen erdi-erdi-erdian».

        Seguran zeudela jakin zuten gure gurasoek, Angiolillo Bergaran nola urkatua zuten. Hantxe dago ehortzia ere: kanposantu ondoan. «Infernuko atea» esaten genion guk gaztetan, leku hartara sartzeko igaro behar zen ate gorriari. Beste gorputz bat ere bazen leku hartantxe lurperatua: Osoro zenarena. Honek bere aita hil eta, Bergaran urkatu zuten gero, Santa Marina ondoko zubian. Elgoibarren sortua izan Osoro hori, Eibarren hazia izanagatik. Halaxe dio, hari eginikako kanta zaharrak:

 

                Elgoibarren jaio, Eibarren hazia

                Gogoan eukiko dau hil honen zortzia...

                        (urkatu zuten egunagatik dio).

 

        Osoro ta Angiolilloren ondoan ehortziak dagoz egun, guda-aroan Bergaran hil ziren moruen gorputzak. Afrikan sor eta Bergaran ehortzi? Badira Bergaran sor eta Afrikan ehortziak ere! Zer nahi duzu. «Hamaika ikusteko jaio ginen eta», Bergaran esaten den bezala.

 

1952

 

 

© Telesforo Monzon

 

 

"Langosta baten inguruan"

"Telesforo Monzon - Literatur lanen bilduma" orrialde nagusia