TURISTAK ETA USOAK

 

        Euskalerria maite dutenentzat, udazkena omen sasoirik ederrena. Gure herriari buruz idatzi izan duten arrotzek ere, hemengo udazkenaren giroari egin izan dizkiote goraldirik handienak. Ikustekoa da Pierre Loti batek, esate baterako, zein ederki, entzun eta adierazia duen hego-haizearen mintzoa. Odol eta su dakarzkigula bere hegaletan, esango nuke, haize-hego horrek. Suaren kolore baitio gure Herriari ematen. Eta ez da, gurean, Andre Hegoa bezain etxekoandre presturik: ageri orduko baitigu, bere hatsaz, herri osoa garbituko, mendi ta etxe urrutienak ere sudurretaraino hurbilaraziko dizkigula: ez baita gure haize-hegoa bezain betaurreko azkarrik. Euskalerriari laino-jantzi arinak kendurik, narrutsik agerraraziko dizu hegoak haren gorputza, izkuturik gabe haren gogoa. Ta burutik nahasten ez bazaitu —«hegoa, emaztekien eroa»— ez duzu, bihotz eta begietarako haize ederragorik!

        Hegoarentzat itsua izana nauzue. Udazkenak baitzidan egizko barne-giro ekartzen. Orbela ta garo gorriak nituen nire barne-esnaleak. Eta supazterretik —egunaren laburtzeak ituntzen ez ninduelarik, bai zera!— lehen elurraldiari begira xoraturikago egoten ninduzun, udaberriko sagar-lorearen lehertzeari begira baino.

        Gaur berriz, hasi berria naiz udaberria maitatzen; haren minez, haren beharrez bizitzen. Hemengo udaberriaren ederrak ez ote nau azkenean bereganatu. Gaur ez da niretzat, Baxenabarreko Pesta-Berri bezalako egunik. Urte osoa zait haren nahia, haren beharra. Udazken eta neguko hego ta orbel, euri ta basa, laino, haize, elur eta supaztarreko gau luzeak baino, maiteago ditut orain Pesta-Berritako eguzki-dantza, belar-usain, lore, lur-emaitza ta kantak.

        Gure herria, egia esan, Andaluziaren aldean euriontzia izanik ere, eguzki-herri alaia duzu gu baino iparralderagokoentzat. Honengatik nonbait diote egun hauetan —diote, diot— Ingalaterrako errege jaun eria eguzki-beharretan dela ta, Uztaritzeko gure adiskide batzuen jauregirat ekarriko ote duten. Eguzki beharretan norat eta... Uztaritzerat! (Jainko maitea!! Hauxe ez genuen orain arte entzun; beste guziak bai).

        «Ave María Purísima! Pero qué triste y qué mojaos y qué requetesosos os ha hecho Dios a todos los zirimiris del Norte» esaten zigun maiz, gazte ginelarik, Sevillako neskatxa polit zaratalari batek. Anberes-ko atso zahar bati berriz, hauxe diot hogei urte buruan entzuna: «Vous êtes basque, Monsieur? Vive le Midi!! Car c'est surtout vos imaginations méridionales que j'admire... et votre soleil... et votre fandango!»

        Esan genezake beraz —apaltasunerako sortuak ez baikara— zernahitik eman geniezaiokeela, hemen nornahiri: nahiz laino, nahiz eguzki; Ingalaterrako Errege jaunaren epel-beharra betetzeko adina eguzki-izpi izatekotan, atzemanen baikenuke Marokko-ko Sultan jaunari eguzki-kolpearen ondorengoak sendatzeko behar adina «builarta», xirimiri ta laino ere.

        Baina itzul gaitezen, berriro, udazken baitara. Lohiaz beteak daude inguru hauetako mendi-bideak. Gaur ere basan sartua zait hamaika aldiz belaunetaraino nire zaldia. Baserritarrak egun hauetan iratzetan dabiltza, mendi bakartsu ta gorenetan ere. Ikustekoak dira horien estualdiak, egun osoa segaz ibili ondoren, iluntzean iratze-gurdikadak mendian behera dilindan dakarzkitela, idi ta orgak lokatzetan zaizkienean abastartzen. Baserrian ez baita, karrikan bezala, zortzi orduko lanaldiaren ondotik horkonpon-gisa bizitzerik izaten. Nekazariaren izerdi ta nekeak ez ditugu, haatik, langilearenak bezain arduraz hartzen. Hauek errukigarriagoak, edo haiek ixilagoak direlako ote?

        Mendian ez ditut, egun hauetan, nekazari hutsak aurkitzen. Badabiltza ehiztariak ere. Batzuk zakurraren atzetik izerditan arnasa ezin harturik; bertzeak, berriz, arbolaren punttan beren burua gorderik, txispa besotik dutela, usoren bat ageri artean «Le Sud-Ouest» edo «Herria» lasaiki irakurtzen. Zorro barnean ez dute, etxerakoan, zama handirik ekarriko baina, zangoetan bai lokatz ederrak. A ze xantza, emazteki mokolariarentzat!

        Udan «turistak» etortzen zaizkigun bezala, udazkenarekin usoak zaizkigu Euskalerrirat heltzen. Arrotzak hauek ere. Arrotzik apain eta dotoreenak. Hauek ez baitigute karrikan izerdi-usainik utziko. Ez-eta, mendietan, paper zikin eta sardina zaharrik ere. Ezta ere ohitura nabarmenik. Ikustekoa da usook —sailka, moltsoka— zein apain eta nagusiki igarotzen zaizkigun gainetik. Hauek ez digute lurra ikutuko ere, hegalen itzalaz baizik. Baina ez balio: ordaindu behar izaten digute hauek ere —beste «turistek» oro bezalaxe— gure Herrirat hurbiltzen direnek ordaindu behar izaten dituzten zergak: berrogei mila usoetarik bat behintzat, gelditu behar izaten da gure Sara, Etxalar edo Aldudeko sareetan. Guk hura gero, saltsan gozatuz, kaxuelatik jan ahal izateko. (Udako beste turistekin ez gara oraindik horretan hasiak. Beste zernahi egiten diegu, baina hori ez. Poliki-poliki behar izaten baitira ohiturak sarrarazi)

        Merkeago ateratzen zaie halere usoei, bertze gaixo udatiarrei baino, gure Herritik igarotzea. Berrogei mila usoetarik bat! eman behar izatea zer da ba? Udatiar gaixoek ez dute halako zori onik: denek behar izaten baitituzte, denek!, gure sakeletara beren sakelak hustu. Ta halere, harrigarria duzue azken urte hauetan gertatzen ari dena: udaz urtetik urterat turista gehiago ta, udazkenez urtetik urterat uso gutxiago. Zergatik ote?

        Datorren urtean, behar lukete saratarrek —halaxe errana diot Lerenburu osabari— proba bat egin: sareak izkutatzen ibili beharrean, ageri-agerian ezarri. Eta gaineko txabolatik, dilindan, txartel handi bat eman, usoek irakur dezaten: «Ici on massacre des palombes!!» Hau irakurrita, abiatuko lirateke sareetara uso guziak. Udan ere, «La Chambre à 2.000 francs» kanpoan ezarria duten ostatuak baitira lehen-lehenik betetzen...

        Eta ikusiko zenukete: saratarrak hola hasi ezkero, beharko lukete Etxalar eta Aldudekoek ere segi. Usorik gabe geldituko bailirateke bestela.

 

1951

 

 

© Telesforo Monzon

 

 

"Langosta baten inguruan"

"Telesforo Monzon - Literatur lanen bilduma" orrialde nagusia