APEZA NOLA EZAGUTU DUDAN

 

                        (Alde honetako jaun apez gazte

                        ta apezgaien deiari gogoz erantzunik,

                        Monzon-Olasok haiei Baionan egindako hitzaldia.)

 

        Bergara esaten zaion herri zahar bateko etxe zahar batean nauzue sortua. Elizari hurbil. Gure senideko etxeak oro, herri zonbaitetan, elizari hurbilenak omen. Izanen dira, haatik, Jainkoari gu baino hurbilago bizituak anitz. Sakristiako usainak ez baitu gizona berez aingeru bihurrarazten. Ez eta emaztekia ere, askotan.

        Etxean ez genuen ordurik behar: elizako orduak aginduko baikintuen, ez eta kazetaren beharrik ere: elizako ezkilek baitzizkiguten (kantari edo negarrez) herriko berri oro emaiten: nor sortu, nor ezkon, nor eri, nor hil edo ehortzi. Gauaz ere, zonbait aldiz, haize-hegoaz, herri barneko etxe edo kanpainako bordaren batek sua hartu zuelarik, elizako ezkilek gintuzten gu lehen-lehenik iratzartzen. Eta entzutekoak ziren karrikako oihuak «Sua! sua!» elizako ezkilak ari zirela artean, boz ilun eta bortitz batez, urketarien eske. Bertze zenbait aldiz ere, apaiza karrikaz karrika bere lagun eriari zihoakiola, ezkilaño ttipi batek erraiten zigun «Jainkoa dut gibeletik», eta haren entzutez leihoak oro emeki irekitzen, etxekoak —esku arteko lanak utzirik— zirela leihoari hurbil belaunikatuko. «Nor da eria?», emaztekiek etxe batetik bertzerat elgarri solasean. Eria herrikoa bazen, bazuten haiek, hari buruz, nahikoa blaga, espantu ta negar. Baina eri hura kanpainakoa izatekotan, erranen zuen norbaitek, izenik ere aipatu gabe: «Baserrikoa omen». Hura entzutez, lasaitzen ginen herrikoak oro eta bertze xehetasunik galdetu gabe, berriz emeki-emeki leiho denak ixten. Gaur Errusiari Ameriketa bezain urrun bizitu baitzaio gure Herrian beti kalea baserriari.

        Ez haatik, harria sabelean, laino beltzak hurbil zitzaizkigula. «Harria!, harria!». Elizako ezkilak eskatzen zion, orduan ere, herriari otoitza. Eta lehenbiziko euri-tanta zabalak arrabots bitxi batez zerutik jausten hasiak zirela, gure etxearen aitzinetik pasako zen lasterka, parasola zabalik, eliza alderat apezen bat. Eta trumoi eta tximista artean elizaren aterpetik igorriko zion laino beltzari handik laster urruntzeko agindua. «Frantziarat!», «Frantziarat!» erraiten omen zien erretore zahar batek, bere herritik urrunarazi nahi zituen harriz beterikako laino beltzei. El Cid baino espainiarragoak ziren nire gazte denborako gaixo apez zahar haientzat, Frantzia baitzen bekatu ta gezur ororen sorterri, ta Satan deabru madarikatuaren bizilekua. Galde egiezue egungo espainiar apez eta apezpikuei ere Frantziako berri: entzunen duzue zerbait!

        Ezkilaren umea nauzue beraz. Elizako ezkila hura baitzitzaigun agintari. Eta hari genion herritarrek jarraitzen, haurrek amaren bozari —ez beti pozik baina ixilik— segitzen dioten bezala. Oi bai! Amarik ezagutu ez duten haurrak bezain errukigarri zaizkit, hiri handi horietan ezkilarik entzun ez duten gizon-emaztekiak. Haiei ez zaie bizitza, guri mintzo zaigun bezain barnetik, indarrez eta goxoki mintzo. Ezkilak ez ditu legeak egiten. Baina bai ohiturak. Eta Herri bati usaia onak zaizkio balio: ez legerik ederrenak.

        Ohituak zarete zuek ere jaunak, Virgiliok maite izanen zituen Lapurdi, Baxenabarre eta Zuberoako laborantza-herri ferde ta xuri horietan, elizako ezkilaren agindupean bizitzen. Baina kasu: Gure Bergara ez baitzenuten Ainhoa edo Iholdiren itxurako. Eliza eder, jauregi zahar eta ola handi-ttipiz betea duzuen zaldun eta langileen herria da hura. Oihala urdintzen eta burnia sutan gorritzen aspaldi ikasia den herria. Ta halere, Gerezietako bizpahiru ehun laborariak bezain Lege Zaharrari atxikiak zenituzten Bergarako bospasei mila langile haiek, eta elizako ezkilaren aginduari zuen laborariak bezain lotuak. Ezkilaren ahotik, lehen, orain eta geroko Bergararen arima osoa baitzitzaion herriari, egun oroz eta oren oroz mintzo. Noski: ezkilaren gibeletik, «apezek azken hitza bere». Hori ere... ez beti goxoa.

        Ez zen gauza bera Eibarren. Bergarari hurbil zaio Eibar, Gipuzkoako herririk eskualdunena. Ola ttipi ta handiz betea duzuen herria, hura ere. Munduan izen handikoak dira Eibarko langileak. Baina, behar bezalako etxe-gizon eta eskualdun garbiak izanagatik, ezkertiar eta sozialistak zenituzten Eibarko langile prestu ta trebe haiek: mundu zabalari begira emanak, beren ustez; ez —ia! ia!— gu bezain Meza Nagusi, kantika-otoitz eta prozesionezaleak. Eibartarrek apezkumetzat gintuzten gu. Eta guk haiek, Satan deabruaren semetzat. Haurrak ginelarik, gaiztakeriaren bat egin bagenuen, «Hago, hago haurra —erraiten ziguten etxeko neskato zaharrek—, hol-hola segitzekotan laster etorriko zaizkik eibartarrak». Eta ikustekoa zen, hitz horren entzutez nola harritu ta izitzen ginen. Gure ingurukoentzat, ez baitzen apezengandik urrunsko bizi zitekeen gizon presturik. Anitz aldiz errana digute neskato on zahar haiek astoari begira ere: «Kasu, haurra, astoaren ostikoari. Ez hurbil! Konfesatzen ez direnekin ez baita sobera behar fiatu». Egun ene bizitzan barna ikusi behar izan ditudanak ikusirik, hartzen hasia naiz konfesatzen omen diren zonbaiti ere beldur pittat.

        Zortzi-hamar bat urte nituela, arratsalde batez, amari lagun nindoakion, Bergarako inguruetan ibilki, zaldi-gurdi batean. Bagenuen gurekin, orduan ere, apez bat. Eta zaldiak izitu zitzaizkigula, bidearen ertzean gelditu ginen dilindan, zaldiak erori, zaldilaria eri, eta karrozaren barnekoak ezin jaitsirik. Ama izitu zen, gu haurrak ere bai; ta gure laguntzeko inor ageri ez zelarik, ikusi genuen bet-betan, gureganat lasterka heldu zelarik, Bergaran arras ezaguna zen midiku zahar bat. Ez zen hura eliza barnean ustelduko zen gizona: ezkertiarra omen eta ez apezen lagun. Hura gure aitzinean ikustean, erran nion ene buruari: «Akabo! Honek ez digu gauza onik eginen». Baina kotxearen atea poliki irekiz, lagundu zuen ama jaisten, hartu gintuen gu besoetan, altxa zuen zaldilaria bidetik, atera zuen nolabait barnetik apeza ere. Egun hartan zabaldu zitzaizkidan begiak: ez zen hura niri errana zidaten bezain gaizto. Ebanjelioaren alegia gertatu zitzaigun guri ere.

        Donibane Lohitzunen nintzen bertze batez —haurra nintzelarik orduan ere— Bergaratik heldua. Bi jaun ikusi nituen, buruz buru, itsas hegitik ibilki ta mintzo, Donibaneko jaun erretora zen batto (egungo jaun apezpiku Bellevue) eta bertzea... Donibaneko artzain protestantea omen! Nola hori? Ikus ta ezin sinetsi! Gure apez bat artzain protestantearekin ibil eta mintzo? Elizako dorrea, ezkila ta oroz, eroriko zen Bergaran horren ikustez! Ez nuen deus ere erran ez eta ere galdetu. Baina nahasi ninduen horrek ere. Nik ikasia nuenari jarraitzekotan, behar bainuen —Donibaneko jaun erretor saindu hari buruz— Eliza Amarengandik kanpo bizi ote zen pentsatu.

        «Egiak ditu eskubideak oro; gezurrak ez», erraiten ziguten anitz aldiz gure etxerat meza eman, pittat musean ari edo iluntzean solas egiterat etortzen ziren apez lagun on haiek. Eta makila eskuan ukanen zuen beso gogorreko aitzindaria eskatuko zioten Jainkoari, Espainiako buruzagitzat. Jainkoaren etsaiak, suaz behar bazen, suaz zapalduko zituen gizona. Ezpataz behar baitzen —hitzez ez izatekotan— egia zabaldu ta sartarazi. «Jainkoaren semeak ez zuen ba holakorik egin, ez eta irakatsi» errana diet noizbait. Baina Testamentu eta mende zaharretako Gerla Sainduen oroitzapenez ninduten ixilarazten. Eta behin baino gehiagotan —gaztesko nintzelarik— bai-eta zaflako eder batez ere. Nafarroako apezak horretan gogorragoak ziren, haatik, Gipuzkoako apez zahar haiek baino: eta guk etxean izan genuen lehenbiziko eskola-emailea, horietako apez «karlista» nafar bat zelarik, txispa ta bihotza beti gertu zituen harek, mendirat gazteekin irten eta aitzinean emanen zitzaizkion Jainkoaren etsaiak oro bertze mundurat igortzeko laster. Baita, behar bazen, bera lehen—lehenik hiltzeko ere: gizon haren sinets eta bihotza, Nafarroa bera bezain handiak baitziren.

        Baina baziren haatik, denbora haietako apezetan, karlista haiek baino barne-estu ta zorrotzagoak ere: integristengatik mintzo naiz. Jansenius izanaren semeak ez baziren ere, haren lehengusuak omen. Xuxenak haiek ere: bertzeei bezain gogor egiten baitzioten bere buruari. Baina... seigarren aginduari buruz behintzat, hatsa hartzea ere ez zen haientzat erraza bekatu egin edo eginarazi gabe. Leku orotan, deabruaren adarrak eta buztana ikusten zituztelarik, munduko agintari eta gizon gehienak ziren haientzat deabruaren mutil. Emaztekiak areago, haatik. Oi emaztekiak!, gizonari bekatu eginarazteko sortuak! Zeruko ateak hertsi-hertsiak ziren haientzat, arras gutti baitziren katolikotasunean aski xuxenak; eta erraiten dutenez, maiz egiten omen zuten otoitz ere «por la conversión del Santo Padre» (Pour la conversion du Saint Père). Gipuzkoan indar pittat hartzen hasia zenean «integristakeria» hau, Alfonso XIIIgarren, Espainiako azken errege izana, behin Tolosarat heldu eta izen hori —«integrista» izen hori— lehen aldiz entzuna zuelarik herriko karlista bati zion galdetu: «¿Qué es eso de integrista?» Eta bertzeak erantzun: «Señor... Son los amigos íntimos de Nuestro Señor Jesucristo!» Ene zoriona! Haien artean bainauzue sor eta bizitua, apez nafar karlista bihotz handiko hura joan zelarik, bertze gipuzkoar apez «integrista» bat ekarri ziguten, eskola-emaile, etxerat. Hamar urte anitz egin zituen gurekin. Bizi da ta bizi bedi luzaroan. Gizon xuxenik bada, hura baitzen xuxen: guri bezain gogor bere buruari egiten ziona. Baina... Jainko maitea! Hamazazpi urterekin ere, ez zigun neska gazte bati begiralditxo bat ematen utziko. Gu neskatxa batekin mintzo? Jainko maitea! Erranen dizuet honetaz behin zer zitzaigun gertatu...

 

1951

 

 

© Telesforo Monzon

 

 

"Langosta baten inguruan"

"Telesforo Monzon - Literatur lanen bilduma" orrialde nagusia