CECILE SOREL ETA
BORDA-ZURIKO AMATXI

 

        Hogei urte! Adin polita. Esan iezaiok —hogei urteko mutil gazte— zahartzen hasia den erregeari: «Zu baino handi, ahaltsu ta aberatsagoa naiz». Harek irri egingo balik, egizak haren aurrean jauzi eder bat; igo hadi gero antxintxiketan mendi gaineko iturriraino ta itzul; egizak haren aitzinean dantzan; eta esaiok gero: «Ni adina bazara, Errege jaun, egizu zuk orain beste hainbeste». Ta orduantxe agertuko zaizkik, haren arlotekeria ta ahultasunarekin batean, hire ondasun eta aberasgoak.

        Gizonen elkarganako gorrotoetan, zahar etsi-ezinak gazteari diona ere ez da makalena. Txiroak aberatsari, maizterrak etxejabeari, zakurrak katuari edo azkoitiar batek azpeitiar bati ez dio, beharbada, zaharrak gazteari izkutuan dakarkion adina gorroto. Aski duk gazte, kalean habilela, adineko gizon bati —nahi gabe— haren ondotik igarotzean bultzadatxo bat ematea. Ikusiko dituk haren begitako txinpartak, sutan dioela: «Gazte ero, zozo horiek!»

        Ezagutu ondoren, esku artetik ihesia zaigun ondasunak ematen baitigu gibel-minik handiena. Negu atsoak ez diola Udaberri neskatilari gorrotorik? Noski! ez baitu inoiz ikus eta ezagutu izan. Bestela? Neguk ez luke, beharbada, daukan ixiltasun eta bakerik.

        Gazteak ez dio zaharrari gorroto. Ezta beldurrik ere: ez baitzaio zahartu beharra denik iduritzen. Aingirak gizonari esku artetik bezalaxe, nahi izaten dio ihes egin gazteak zaharrari. Ta ikustekoak dira, gazteak beren alborat ekarrarazteko, zaharrek menderik mende alferrik asmatu izan dituztenak. Eskerrak goseari: goseak ekartzen baitizkio zaharrari, gazteak albora. Xaguak gasnaz harrapatzen diren bezalaxe, zaharrek eltzekariz harrapa behar izaten dituzte gazteak. Inon ikustekotan, mahai inguru ikusiko baitituzu zahar eta gazteak luzaro elkarrekin. Igande arratsaldean, bazkaldu ondoren, dantzara joana zaion ilobarengatik, erranen du aitatxik bere barnean: «Hoa! hoa! Gosetuko haiz gauerako; ta itzuliko haiz». Ta sukaldeko mahaia begiratuko du amultsuki.

        Gizonak ikas litzakeenetan, zahartzen ikastea litzaiguke ederren. Ez da ikasgai gorenagorik. Ludiko lan guziak bete ondoren, heriotzaren ate aurrean exerita, Goikoaren deiari begira dagoen zahar polit hura dut maite: Borda-Zuriko amatxiren antzera. Harena ez al dakizue? Eguzkiarekin jaikitzean, goizero, oraindik bere burua bizirik ikusiz, esaten omen die bere seme-alaba ta ilobei: «Jainkoak ahantzia ote nau?» Ta haiek erantzuten diotela: «Zer ba amatxi? Gurekin aspertzen al zara, ala?», besteak erantzuten: «Ez, ez; ez nauzue joateko prexatua, baina hemengo lanak bukatu genituela aspaldi-ta, Goiko Harek ahantzi ote nauen naiz beldur.» Eta alaiki —berak hasitako lanari gazteek nola jarraitzen dioten begira— supazterrean neguz, arbolapean udaz aurkituko duzue hura, heriotzaren zain.

        Zahar polit horiek zaizkit eder; ez beste agure ta atso gazte-nahiok. Cécile Sorel atzemana dut lehengoan Pariseko kale batean: heriotza zirudien neskatilaz jantzia. Hura baino ederrago zait, bai, Borda-Zuriko amatxi. Alaigarriago ere. Baina!, ez da lan erraza, gero, haren itxura hartzen: bizitza osoko neke, malko ixil, izerdi, maitasun garbi ta otoitzez egina baita zahartzaroaren irribarrea.

        Herriaren etorkizunari begira, gazte ta zaharren arteko hartu-emanak dira, ene ustez, zail eta beharrezkoenak antolatzen. Beti ezpainetan dabilzkigun nagusi ta langileen arteko gorabeherak bezain zail eta beharrezkoak. Hauek baino, elkarrengandik urrunago bizi baitira askotan haiek. Eta zaharrarentzako zekenagoa baita askotan gaztea, langilearentzat nagusirik ankerrena baino. Zer ba? Gizonari zor zaizkionetan, ez al zaio dirua besterik zor?

        Etxeko itzalak, supazter inguruko beroak, etxearen izenari zor zaionak ekar liezaioke zaharrari gaztearen begirapena; ta gazteari zaharraren eskola ere: «Zaharrak liburu, hek errana egizu...» zioten euskaldunek.

        Gure baserriz baserri ibiltzen naizelarik, hango zahar eta gazteen arteko hartu-emanak zaizkit ukigarrien: etxearen indarrak baititu adin eta maila denetarikoak elkarrerat biltzen. Zer ba? Etxeak ez al du honezkero guretzat nortasunik? Etxeko suari kendu nahi al genioke, gure arbasoek emana zioten mintzo ta iritzi-emate ahala? Non legoke gure Lege Zaharra, jaunak? Non gure egiazko herritasuna? Aberriari zor zaiona, ez al zaio haren aurretik etxeari zor? Etxeak behar zaizkigu, gizonen aurretik eta gainetik, mintzo. Etxeari —etxeko suari— autarkiarik ez ematekotan, joan zitekeen niregatik beste demokrazia kanpotiar berritsu hori... gugandik urrun hitzaldi ederrak egitera. Lege Zaharraren alde bagabiltza, gabiltzan Lege Zaharrarekin. Eta gauden geu: Ziminoak ez baitira, nik dakidanez, gure oihanetako seme.

        Berrogei urtetik gora, gaztaro ta zahartzaroaren artean nolabait zankalatraba gabiltzanok, hobeki uler ote genitzake gazte ta zaharren arteko adikaitzak? Hauxe deritzait egia: zaharrengandik, atzo baino urrunago aurkituko ditugu bihar, gure Herriko gazteak. Hamabost urte igaroak ditu gure eskualde harek, arrotzaren hankazpian. Itsu, gor eta mutu bizi beharrak izan dira gure herritarrak, hamabost urte hauetan. Lokarriak hautsi ta kaioletako ateak zabaltzean, ze bide hartuko, ta ze kanta eginen dute euskal txori gazteek? Ez, beharbada, guk erabilitako kantu ber-bera. Ez ote ditugu aldenduko, txorimaloek uxatzen dituzten bezala? Zuhaitzaren iduria hartu ezkero, laster helduko zaizkigu txoriak adarretara. Baina zuhaitzak lurrean sarturik ditu bere erroak. Horrengatik haritz zaharrena ere, beti gazte. Sar ditzagun geuk ere, geure erroak lurrean. Eta bizi gaitezen, geu ere, euskal txori gazteak —bihiotz-hegaz, pentsa gabe, berez— euskal oihanetara.

        Biharko euskaldun gazteek, ene ustez, ez diote Borda—Zuriko amatxiri barrerik egingo. Baina bai Cécile Sorel zahar-gaztenahiari, gorulari-neskatilaz jantzita, zortzikoren bat, erderaz!, abestu nahi baligu.

        Lege Zaharra beti gazte!

 

1951

 

 

© Telesforo Monzon

 

 

"Langosta baten inguruan"

"Telesforo Monzon - Literatur lanen bilduma" orrialde nagusia