NEW YORKEKO MISS GRIFFING
ETA BERGARAKO KASIMIRA

 

        Lege Zaharraren adiskiderik itsuena izanagatik, aitortu beharra dut leialki: badira lege berri onak ere. Ta hauxe esango nuke gainera: ezkertiarrei dizkiegu mundutarrek zor, lege berririk txarrenak eta... hoberenak ere. Hoberenak ere, bai jaunak! Gizonak gizonari behar liokeen maitasun-bidean, ezkertiarrak baitzaizkigu aspaldi honetan aurretik ibiliak. Gaurko langileak ez lirateke, beharbada, bizi diren bezala biziko, sosolistarik izan ez bazen. Egia egi, emaiogun behar bezala bakoitzari berea. Baina kasu: ez genituzke ahantzi behar ezta ahantzi nahi, azken urte hauetan Langile-Biltzar Kristauek ere, Europa osoan hartua duten indar eta lortuak dituzten aurrerapenak.

        Ez nator ni, beraz, mota guzietako langileen alde eginak diren lege berri eder horien aurka. Egin beharko dira bortitzagoak ere. Ta ez izutu: lege horiek izitzen bagaituzte, Jainkoaren aginduak gaitu izitzen.

        Ta halere, barkaidazue galdera bat: gizonaren zorionari buruz, oraingo hamaika lege baino onuragarriagoak ez ote ziren, gure aspaldiko beste hamaika ohitura zahar? Hogei lege eder baino hobe baitzaio Herri bati, ohitura on bat. Hara zer esan nahi nukeen: bertzeen legepean gaurkoz bizi behar izanagatik, atxiki ditzagun azkarki gure ohitura zaharrak. Euskalerrian noizbaiten euzkotarrek agindu behar badute, Ohiturazahar iturritik edan ahal dezaten gure orduko lege berriek. Lehendanik gabeko legeak, ez baitu geroko luzerik izaten.

        Eta hara nola etorriak zaizkidan gogoketa merke hauek burura. Lagun batek idatzi baitit New York-etik atzo: «Gogoan al duzu, hemen ezagutu zenuen Miss Griffing? Joan den astean hila omen. Ez genekien eri zenik. Ezta non bizi zen ere. Agur egin zigun ezkero ez genuen haren berririk. Zakur mukitsu ta katu zahar batekin bizi omen zen. Hauek izan omen ditu heriotz lagun bakarrak. Herrirakoan ere, haren gorputzak ez omen bide-lagunik eroan. Hiri handi hauetan ez baita lan erraza elkarren berri jakiten ere...»

        Ixil-ixila gelditu nintzen luzaro, sutondoan, berri hau irakurri ondoren. Miss Griffing izango ez nuen ba gogoan? New York-en egindako ezaguna nuen hura; ta hara nola.

        Heldua nintzen, lehenbiziko aldiz, New York-erat. Hegazkin barnetik erdi xoraturik jaitsi azkenean, eta Jainko maitea!, zeruetarainoko lukainka-etxe luze haiek begiratuz, orduantxe zorabiatu nintzen zeharo. Igaro nituen, eroturik, hango kale nagusi batzuk; ta hara egia: Goitibehera ta behetigora antxintxiketan zebiltzan gizon-emazteki erotu haiek ikusiz, denok batera ipurdian su-hartua zutela esan baitzitekeen, izitu ta alde egin nuen nik ere antxintxiketan hiritik kanpora norabait. Ene buruari egiten nion gero, kopetako izerdia txukatuz: «To! Ez zaizkik hala ibiltzen, hire Herriko itzainak».

        Hiritik kanpo bizi baitzitzaizkidan adiskide batzuk. Bazuten etxe txiki polita, baratza eta guziz. Heldu orduko jarri ginen, etxeko jaun-andere ta hirurok, arbolapean gosaltzen. Sartu zen halako batez, baratza barneraino, aiga horietako beribil eder, luze, ixila...; jaitsi zen haren barnetik andere apain bat; eta gure ondotik igarotzean, agurtu zuten ene lagunek: «Good morning, Miss Griffing!» Andere harek buruan zekarren txapel pinpirinari begira, galdetu nuen ixilik: «Nor duzue hori?» Ta haiek lasaiki erantzun: «Hori? Gure neskamea. Goizean etor eta iluntzean joan, beronek egiten dizkigu etxeko lan guziak». Hau entzutean, ez dakit aulkitik lurrera hankaz gora nola erori ez nintzen. Zer esanik ez: lehendik erotua banenbilen, harek ez ninduen sendatu.

        Geroztik, ene lagunen etxera joaten nintzelarik, keinuz mintzatu behar izaten nintzen Miss Griffing-ekin, Jainkoak ez baitzigun hizkera bera emana. Irri goxoak egiten zizkidan halaxe, ta nik hari egundainoko erreberentziak. Behin batez, deitu ninduten ene lagunek afaltzera. Beste bertako adiskide batzuk ere deituak zituzten. Exeri ginen mahai inguru; ta salda hartua genuen, sukaldeko erlojuak zortzi orenak jo zitueneko. Orduantxe gertatu zen gertatu beharra: amantal zuria soinean zuelarik salda ekarri ziguna —Miss Griffing— sartu zitzaigun jantokian bere txapel pinpirin, euritako ta eskunarruekin; eta agurtu gintuen alaiki erranaz: «Good by Miss and Gentlemen. Excuse me: It is already eight o'cloc. Good by!» (Agur jaun-andreak. Barka: zortziak jo dute. Gabon denei. Bihar arte!) Ta joan zen. Baratzatik etorri zitzaigun, haren beribilaren ateratze-soinu ixila... Inor ez zen harritu. «Etxekoandre —esan zuen mahaikide batek— ohitura den bezala, guziok lagunduko dizugu gero, plater-garbiketa egiten.» Eta umore onean, izigarri gau ederra bota genuen.

        Lege ta eskubide guziak zituen Miss Griffing-ek bere alde: eritu, erori, zahartu, ezkon, berriz jaio, hil... edo bertze zernahi gerta, denak zituen harek aurretik ordainduta. Bizi ta hil zitekeen, beraz, lasai. Ta irabazi? Harek irabazten zuen laurdenarekin, ez lirateke Frantzian negarrez biziko nik ezagutzen ditudan hamaika markesa. Miss Griffing-ek bere nagusien etxean egin behar izaten zituen lanak ere ez ziren gogorregiak: hautsak bildu, azpiak dirdirazi, bazkaria gerta, xuriketa egin edo haurrei prakak aldatu behar zitzaizkiela... denetarako baitzuen harek tximistindar-tresna bereziren bat. Ai Ama!, tximistindar-tresnatzat hartua baitute, Ameriketan, neskamea bera ere. Han, nagusiek neskameari «Good by miss Griffing» edo «Good morning Miss Henessy» esaten diotela, barnetik hauxe esaten diote ohartzeke: «Good morning Miss Frigidaire» edo «Good by Miss Aspirator». Ez besterik!

        Gure Miss Griffing ehortzi dutenean ere, izango zuten, haren gorputza lur azpian sartzeko, beste tximistindar-tresnaren bat. Baina... ez zulo ondotik ari agur egingo zionik. Barnetik elkar maitatzeko, ez baitute oraindik inon tximistindar-tresna berezirik asmatua.

        Miss Griffing izanaren heriotza ilun harek, ene haurtzaroan ezagututako beste neskame zahar batzuen izenak ekarri dizkit burura: Zurbanoneko Joxepa, Lardizabaleneko Karmele, Zabalaneko Brauli, Untzetaneko Kasimira... eta beste zenbat eta zenbat halako! Zer esango ote zuen haiengatik gure Miss Griffing izanak? Eta haiek honi buruz, zer pentsa? Marte ta luditarrak ez lirateke, beharbada, elkarrengandik urrunago.

        Lehen aipatutako izen maite horien itzalpean —Joxepa, Karmele, Brauli, Kasimira...— igaroak ditugu gure haurtzaro ta gazte-denborak. Haien agindupean izan gara bizi. Haiek betearazten zizkiguten gazte-gaztetarik, herriko lege ta etxeko ohiturak. Gure odolekoak izan baziren bezain gureak genituen: etxekoak baitziren. Eta Euskalerriak elkarren senidetzat ditu, teilatu baten azpikoak. Euskaldun etxe jatorretan —nahiz jauregi izan, nahiz basetxe— ez duzu ez nire ta ez zure-rik entzungo: denek dena gure. Ta mutil edo neskameari, etxeko-jaunari bezalaxe entzungo diogu esaten: gure etxe, gure ondasun, gure haurrak, gure hilak, gure otoitzak, gure eskubide ta eginbeharrak, gure izena ere: etxekoarenagatik. Gurean, gure-rik gabeko etxeak ez digu ez euskal ez kristau usainik. Gure! Hitz horren indarrak dauzka, menderik mende xutik, Euzkadiko etxeak; hitz horren aginduari jarraitzeagatik, utziko baitiote gaur ere, Gipuzkoa osoan berez-bere!, seme edo alaba hautuari, haren beste anai-arreba guziek, etxe-jabetza. Ta gure, hitz horren indarrez biziko zaizkizu neskame eri edo zaharrak nagusien etxean, etxean, etxekoandrea bera eri edo zahartu izan balitz bezalaxe: teilatu, barne-giro, janari, su... ta askotan hilobi berari begira. Lege berri hotzak ez digu ez, ohitura zaharraren berorik emango.

        Bergaratik inoiz igaro izan bazara, ikusiko zenuen «Etxe-Aundi» jauregi zaharra, errekari hurbil, zubiaren albo. Oxirondo duzu haren egiazko izena; ta etxearen ikurritza berriz, Oxirondo baino lehen, Oxirondo. Esan nahiz: «Auzoa bera baino zaharragoa nauk». Zarauzko jauregiaren antzera: Zarautz baino lehen, Zarautz. Horra ba: etxe zabal hartan bizi ta hil zen, bergararrek ezagutu dugun zaldunik prestu ta herrikoiena. Ez naiz hango etxekoandrearen zuzengo ta edertasunari buruz mintzatuko: azkarrean baitaramazki gaur ere bere laurogeita hamar urteak, eta beharbada... bere besoetako honi errietan egingo.

        Etxe hartako neskame zen Kasimira. Hirurogei bat urte eginak zituen etxean. Mutxurdin-sorgin itxura zuen. Etxeko semeek hartuak dituzte haren heriotza eta hiletak: herri osoa, beltzez, gorputzaren atzetik. Eta Kasimira izanaren azkenahi-agiria zabaldu zutelarik... etxeko bi semeetarik bakoitzari zizkion utziak, garai hartako hemezortzi mila laurleko: bere bizitza osoko irabazi guziak!

        1936garren gudaldi bizian, bai Gipuzkoa ta bai Bizkaitik, honuzkalderat ihesi ta eskutsik etorri behar izan ziren hamaika sendi. Ezagutu izan ditugu, neskameak kolkotik aterata eskainitakoari eskerrak jan ahal izan duten nagusiren batzuk.

        Zaharturik eta eri, deusetarako gauza ez zela, ikusi dute iaz, Donibaneko kaleetan Urkijoneko Julio: Donostiatik heldua, beste eri zahar bati —Janbattit, haren mutil izanari— agur egiterat etorri zitzaion, hil baino lehen. Euskal jakintsuek ez zuten beharbada Janbattitek adina minik hartuko, haren galtzeaz.

        Eta horra Miss Griffing, zure heriotzak biziarazi dizkidan hilak. Honezkero, Jainkoak hartua zaitu agian bere albo. Hala balitz... Joxepa, Karmele, Antoni, Brauli, Kasimira eta haien lagunei goraintzi! Nola ezagutuko dituzun? Aise: Jainko Jaunari ere, Zeruan, orain honelaxe hitz egingo baitiote haiek: «Gure izarrak-eta, gure aingeruak-eta...» Gizonak esan al liezaioke Jainkoari ere, ederragorik?

 

1951

 

 

© Telesforo Monzon

 

 

"Langosta baten inguruan"

"Telesforo Monzon - Literatur lanen bilduma" orrialde nagusia