GURE «PARASOLAREN» IBILKETAK

 

        Herenegun goizean ohetik jaiki, gogo-giro hoberenean garbitu ta jantzi, bapo gosaldu, ta, kalerat irtetzekoan, ai amatxo maitea!, tarrantarik ez etxeko ate aitzinean. Gauaz ostua ziguten!

        Etxeko ate aurrean egiten baitzuen, gure beribil polit harek, uda ta neguz lo. Nahiz eguzki nahiz elur, oskarbi edo uhar, horma zuri edo hego-haize beltza, hantxe egongo zen hura geldi-geldi gau osoan, jabearen zain ate ondoan etzanik, zakur leialaren antzera. Ez zuen harek zakur izenik: Lista, Turko, Txiki. Izen luzea ta goxorik gabekoa: «17-17-N.M.5» Nonahi ezagun baitzen ordea, ta Donibane euritsu honetan haren barnean ikusten baikintuzten beti, ezarria zioten donibandarrek izen polita: «Mende-Berrinekoen parasola».

        Abereak askotan jendekiak adina, ta gauzak ere haien gisara maite izaten baititugu, bihotzekoa genuen guk ere gure beribil ttipi hura; beronek gaztetzen baikintuen egunero; ta esaera zaharra betearazten: «Non gure gogoa, han gure zangoa».

        Ez baikintuen —ez beharrak, ez gogoak— urrun eroaten. Paris, Berna, Erroma edo Berlineraino eroan behar izan bagintu, ez zuen gure beribil ttipi harek, beharbada, aski indar izango. Ez baikenion, ordea, halakorik eskatzen. Etxe barnerako genuen: Azkaine, Sara, Ezpeleta, Baigorri, Atharratze... gure tarrantak ez zituen arrotzerrietan oinak asko zikinduak, ez eta bide zuzen zabal haietan tximista bezala ibiliz, bihotza unatua ere. Euskalerri barneko suge-bideetan egunero ohitua, berez hartzen zituen honezkero noranahiko bideak, eta adiskide zaharren etxe—aitzinetan gelditzen. Bazekien herri bakoitzean nor edo nortzuk hartu beharko zituen: gure bilkura-egunak eta, buruz baitzekizkien. Oxobiri hartua zion beldur pixkat: leku lasaia behar izaten baitu horrek; Lafittegatik esana dit: «Hau bezain mehe eta arinak behar nituzke, jauna, eskualtzale guziak!». Saint Pierre apezpiku jauna, halere, gogotik hartuko zizun bere baitan: pixu handiko gizona izan arren, galtzerdi amukozkoak baitzekarzkien harek! Lotsagabe xamarra ere bazen, egia osoa esateko, gure «17-17-N.M.5» gaizo hura. Sota'neko Manuri ez zion ba behin esan: «Berorrek ere, jauna, nire antzeko bat erosiko balu, lan erdi niretzat». Ene lotsa! Jo ta zehatuko nuen, egun hartan.

        Airean eroaten gintuen harek, Iñauterietan, Zuberoa alderat. Hango dantzarien jauzi zaluak baitzituen maite. Ta harro asko hartzen zituen —Pazko-Zaharrez— Basarri, Mattin, Xalbador, Etxahun, Xanpun... bertsolari-sena beti izan baitzaio arin. Umore onean eta kantari eroaten gintuen, Pesta-Berri egunez, Armendaritz eta Iholdirat: hango mutikoen otoi-dantzak baitzituen, denetarik gain, laket. Eta Azkarateko Katalin kantari zaharraren ate aurrean behar izaten zen beti gelditu: harek ematen ziola-ta euskal abestiari beharrezko gurpila. Biriaturaino ere eroanak gaitu hamaika aldiz; ta hantxe egoten ginen, egonean egon, gure beste aldeko mendiei begira. Euskalerriaren gorputza esku tartetik ebatsia digute beraz, beribilarekin batera!

        Orduak joan eta orduak etor, ez zen gure tarranta gaizo hura inondik ageri. Hamaika lagun hurbiltzen zitzaizkigun, ixil-ixilik galdezka: «Egia al da?» «Eroan al zuten?» «Ez al dituzue ertzainak jakinean jarri?» Entzutekoak omen, etxeko neskatoen erantzunak: etxean norbait hila, esan zitekeen.

        «Adizak —erran zidan arratsalde hartan gure adiskide batek— zergatik ez zinateke igartzale batengana joango? Soka-puska batetik pilotatxo bat zintzilik jarria izaten dutela, badakite haiek askotan —pilotak hartzen duen joerari begira egoki— zernahi atzematen. Ezagutzen diat nik, hemen Donibanen, igartzale horietako trebe bat. Joan hadi harengana lehenbailehen». Ta aipatu zidan haren izena. «To! —erantzun nion zalantza handirik gabe— ez duk asmo tzarra. Joanen nauk». Esan t'egin, ordu erdi buruko, igarlearen aurrean geunden andrea ta biok, harek soka estu batetik zintzilik eskutan zerabilen pilotatxoari gure lau begiez josita. Gelditu zen holako batez pilota; ta geroxego... ttaka... hartu zuen beste bide bat. «Akabo! —gure gizonak oihu—, eroana dute zuen beribila Marseillarat! Toki ona duzue lapur-habia hura, han zernahi atzemateko!» Etsita, buruak apal, bihotzak itun, ixil-ixilik itzuli ginen senar-emazteak etxerat.

        Zertarako aipa, gau hartako ametsak? Hurrengo goizez —iguzki-goiz eder— leihotik nengoela baratzainarekin mintzo, agertu zitzaigun herriko ertzain bat. Jaitsi zen bere bizikletatik. Aurpegi alai ta kolore gorri onak zekarzkien. Baita arnasa ere estu xamarra. Ta egin zidan behetik oihu «Berri onak zuretzat, jaun Otea! Oraintxe dut zuen tarranta ikus berri. Ertzain batek zekarren. Laster duzue hemen, laster!» Erantzun nion, ene poza izkuta ezinik: «Nola baina? Marseillatik ekarrarazteko astirik izan?» Eta harek: «Marseillatik? Ez zenuen horren urrun joana. Ziburun zenuen, Ziburun...» Ziburun! Egin nion ene buruari: «Azkarragoa duk bai Arranbilet-en eskutan pilota... igartzalearenetan baino!»

        Herri txiki, herri kozkor, zuek gizonaren lagun! Hirian sortuak ez daki bizitzearen berri. Parisen izan bagina, ez zen ertzainik arnasestuz guri berri-on ematerat etorriko. Harrizkoak baitituk hiri nagusiok; ez herri hauen antzera, odol ta haragizkoak. Hirikeriaren hotza baino nahiago diat herritasunaren beroa. Parisen izan bagina, gu ibili beharko —oinak hanturik, ertzainetxez ertzainetxe— entzutekoak eta ez-entzutekoak entzuki, gure berebil gaizoaren atzetik lotsatuta. Ta atxemanik ere, ez ziguten «Mende-Berrinekoen parasola» itzuliko; bestea baizik: «Une Peugeot 202 N.M. 5-17-17». Odol ta arima gabekoa!

        Eguzki ta itzal, ekaitz eta xiri-miri, egurraren su ta errekaren ur, liburu ta paper, etxe-zoko ta mendiaren eder, eltzekariaren ke, elizako kanpai, nahiz makila, nahiz asto, nahiz beribil... inguruko gauzak oro ditugu odol ta haragizko. Behar genituzke Jainkoaren opariok barneagotik maita. Bihoztunak oro eder, oro bere:

                Le poète en tout lieu

                se sent chez lui sentant

                qu'il est partout chez Dieu...

Baditu Francis Jammes olerkari gorenak ere, gauzak nola maita behar genituzkeen erakuts nahiz, zenbait bertso eder: bere Hazparneko etxean dugu olerkari zaharra, iluntzez, leiho-ondoan bakar-bakarrik. Gurasoen denborako mahai, kadera ta etxe-tresnak ditu bere inguru: haiekin, banaka-banaka, ari zaigu olerkaria hizketan. Atea zabaldurik, bat-batez, sartu zaio gelara norbait; eta agurtu du, sartzean, gure gizona: «Nola zara, Monsieur Jammes?» Harritu da bestea; ta bere inguruko etxe-tresnak sartu berriari erakutsiz, diotsa: «Nola! Ni bakarrik agurtzen al nauzu? Bakarrik al ninduzun ba?»

        Askotan zait bururat etorria; zergatik ez ote zaie haurrei, eskoletan, inguruko gauza guziak alaiki ta barneagotik maitatzen irakatsiko? Edertzaleari, oro baitzaio eder eta pozgarri. Maitatzen ikasgabearentzat, inon ez atseginik. Haurrei, gela ilun eta zikinetan Recesvinto, Chindasvinto, Sigerico, Wamba... ta hamaika antzekoren izenak buruz irakasten ibilki baino, hobe bizitzaren egiazko arnasa ta gauza guziek izkutuan daramaten ederra atxematen, erakutsiko bagenie. Haurren irakasle oro, behar lirateke olerkari izan: hartarako ez da bertsoak egiten ibili beharrik.

        Zabal ditzagun bai zuzenago, gizonkiago, munduko ontasunak. Goazen bide horretatik urrats luzez. Baina... ez dezagula hauxe ere ahantzi: aberatsagoa duk bihotz aberatsa, sakel aberatsa baino.

        Senpereko bidetik zetorren atzo mutiko gazte bat, bere gurdi ta idien aurretik kantari. Ta haren arrebak egiten zidan, anaiari begira: «Hori? Horrek ez lituzke bertze zernahigatik bere orga ta idiak emanen!»

        «To! —aritu nintzen ene baitan, mutikoari so— ongi hartua diok hik zorionari gurpila!»

        Gure esaera zahar hura, «Aski dakik bizitzen badakik», honelaxe ere erran baitzitekeen: «Aski dakik maitatzen badakik».

        Norberaren etxetik uxatua izan denak ongi ikasia baitu, harriari ere gizonak behar liokeen maitasunaren berri.

1951

 

 

© Telesforo Monzon

 

 

"Langosta baten inguruan"

"Telesforo Monzon - Literatur lanen bilduma" orrialde nagusia