MOSKUTXO TA WASHINGTONTXO,
BELDURRAREN GORABEHERAK

 

        Halaxe ibiltzen dira haurrak gustora: amatxi-edo, anaia-edo, neskamea-edo izuaraziz. Ate atzean gordeta, norbait ondotik igarotzean, ezkututik irten eta hari huuu...! egingo dio haurrak oihu. Besteak, ikara hartuta, haaa...! erantzutekotan, gure umearen poza!

        Halaxe dabiltza gaur, elkarrekin xarmanki jostatzen, Moskutxo ta Washingtontxo gure mutiko polit horiek ere. Ate-atzetik honek Huuu... egin ezkero, harek gero ohe azpitik kaska...!, besteari. Moskutxok tiro-bide bateko txispa ateratzekotan, Washingtontxok berriz, izebak ekarri dion bi kanoiezko eskopeta ezarriko dio sudur aurrean besteari. Hala joaten zaizkie gure mutiko biei igande arratsaldeak ohartu gabe, zarataka. Ama etxera datorrenean, etxeko mahai, kadera, ohe ta tresna guziak hankaz gora ikusita, haserretu ta egingo dio dei bere senarrari: «Atoz, Onu, atoz. Atoz Jainkoaren izenean. Begira ezazu nola utzia diguten haur horiek etxe guzia. Noiznahi hasiko zaizkigu egitan muturjoka. Orduantxe izango dira kontuak. Prakak nonbaiten utziak ez badituzu, jar ezazu hemen errespetu pixka bat!» Baina... don Onu etxekojauna (?), ez halere bere gelatik irtetzen, harek ez iskanbilarik nahi. Bergarako gau-herrizainak bezala egiten harek: San Pedro eliza inguruetan mozkorren batzuk kantuz edo zarataz sumatu ezkero, ixil-ixilik, ostetatik... Santamariña eliza aldera poliki-poliki ibiltzen hasi. Bakoitzari zor zaio berea: gauza litzateke gure don Onu ere, Bergaran gau-herrimutil ibiltzeko.

        Alferrik da: elkar joka hasi artean, ez dute gure mutiko bi horiek elkar iziaraziko. Beldurra! Ez da berau baino zoro eroagorik. Gure amarekin ikusia dut nik hamaika aldiz. Baita zuek zuenarekin ere ziur aski: semearengatik zernahi huskeriaz izutu; ta egiazko arrisku edo zorigaitzen bat heldu ezkero, inor ez etxean hura bezain burujabe. Orain ere ez al duzue ludi zabalean gertatzen ari dena ikusten? Gizon pare bati burura etorri ezkero, itsas lehorrak deuseztu ta erraustu ahal izateko lehergarriak egiten ari, ta hara nolako lasai gabiltzan denok, Da Silva Ramos etxera joaten utzi dutenean, tira ba, guziok pozik.

        Kemenaren ta beldurraren gorabeherak zenbaterainokoak izaten diren agertzeko, bi gertaera hauek zaizkit burura maiz etortzen. Bata Churchillen Guda-Oroitzak liburuan irakurria badut, Euzkadiko gerlaldian neronek ezagutua dut bestea.

        V2 izena hartu zuten lehergarri haiek Ingalaterran erortzen hasi zirela, gauza berria izan hura ta, lurrera gabe helduak ziren bonba haietako batzuk behar izan zituzten eskuetan hartu, desegin eta ikustatu, barnetik nola eginak zeuden jakin nahian. Ez zen lan goxoa. Talde berezi bat eratu zuen Ingalaterrako Agintaritzak eginbehar hori betetzeko. Inor hartara behartu nahi ezik, norbere borondatez agertu ziren, agertu zirenak. Churchill-ek dioenez, hartantxe utzi zuten gehienok bizitza. Konde zahar bat ere agertu omen zen lan hartara, bere neskame ta mutila zituela lagun: ez dakit zenbat bonba erabili zituzten hauek eskuetan. «Hirukoitz Deuna» esaten omen zieten Ingalaterran. Azkenean, haietako bonba batek, eskuetan leher eginik, bota zituen hirurok airean txiki-txiki eginda.

        Heldu ziren halako batez Ingalaterrara, V2 baino bonba berri indartsuago batzuk. Zulo sakon azpi batean gelditu zen lehertu gabe haietako bat. Gaztigatu zioten Churchilli. Laster ibili beharra zegoen. Churchillek, bonba-miatzaileetan buruen buru egiten zuenari egin zion berehala dei. Aipatua omen zen, Ingalaterra guzian, haren burujabetasun eta kemena. Eman zion nagusiak agindua: «Bonba berri horren barneak eskuetan erabili eta miatu behar dituzu». Ez zen gizona asko izutu. Ikara-keinu handirik gabe, atera zen.

        Goitik erortzean berorrek egindako zulo handi azpi batean, hantxe zegoen lehergarria. Sokatik zintzilik, jaitsi zuten gure gizona poliki-poliki zulo azpiraino; ta hasia zen lanean. Zulo-ahoaren inguruan geldituak ziren haren laguntzaileak, badaezpada, soka eskuetan zutela. Ta aditu zuten, halako batez, zulo azpitik gizona oihuka: «Atera! Atera ni hemendik! Azkar! Azkar!!» Sokatik tiraka, atera zuten gizona ta zulo-ahotik ahal den urrutien eraman ere. Bonbak leher egin behar zuelakoan baitzeuden.

        —Zer gertatu zaizu? —esan zioten geroxeago, lehergarria ixilik zegoela ikusiz.

        —Zer gertatu? —besteak zuri-zuri eginda erantzun— Lanean ari nintzela, xagu bat ez zait ba oinetara etorri?

        Heriotza eskuetan ibiltzen inoiz izutu ez zen gizona, sagu batek beldurtu!! Ta beldurrari dagokionez ere, hara Euzkadiko gerla-aldian guk ezagutu izandako bertze gertaera bat.

        Bazebiltzan gurekin Bilbon, guda garaian, espainiar aitzindari banaka batzuk: jeneralen bat, bizpahiru koronel, bospasei beheragoko. Espainiar aitzindari haietakoa zen «el teniente coronel Azcárate», izenez berau euzkotarra izan arren. Gizon ttipi, pottolo, baketsu, ogi-puska hutsa. Baina... ez balek, belarri ondotik igarotzean, ateratzen duten txistuaren lagun. Ta Bilbo azkenetan zegoela —haiek egunak!— nagusitu zitzaion zeharo beldurra. Gizon-itxura ere galdua zen azkenerako. Agirreren usainean, bazter batetik besterat ibiltzen zitzaigun, Carlton-en, gizarajoa eroturik, dardaraz. Bilbotik irten behar izan genuen gauean, haren ezin egona ikusiz, gogoan dut Basalduak pistola nola bularrean jarri behar izan zion esanaz: «Déjenos trabajar en paz o disparo». Gu Lehendakariarekin Turtziozerat heldu orduko, hantxe genuen hura ere. Baina... Turtzioz aitatu dugun ezkero, egin dezagun hemen tarte bat. Santander muga ondoko herri hartan baititugu igaro, gure egunik ilunenak.

        Agintaritzako lagunek eman behar izan genion naitanahiezko aginduz, atera ahal izan genuen Agirre, ez goizegi, Bilbotik Turtziozerat. Ez baikenuen haren bizitzarekin jostatzen ibiltzerik. Leizaolaren buru argi ta gizontasunpean genituen utziak Bilbon hartu behar izan ziren azken erabakiak. Galdua genuen guda. Bilbo inguruko mendietan zeuden gure mutilak hegazkinen su-azpietan erretzen. Burrukarako gauza ez zen oro —andre, haur, agure, zauritu, gurdi, oi gurdi aien kirrinka!, behi, ardi...— bideetatik zetorren ihesi, nahaspilan, haiei ere hegazkinek goitik egun ta gauaz sua zerietela. Agur egin beharra izango genion laster —muga-mugan baikeunden— gure Euskalerriari. Turtziozeko jauregi zahar batean genuen Agirre egokitua. Handik ematen zituen zenbait agindu, burua beti, gerorako ere, amets ederrez betea. Etxe hartako leihoetatik egoten ginen, egonean egon, jatekorik ez eta aterperik gabe zebilen gure Herriari begira! Baina...

        Burua galduta zebilen artean gure Azkarate gizajoa. Menpetua zuen ikarak. Izugarriak egiten zizkioten, trufaka. Egia esan... egiten genizkion. Baratzara eramanda, esan izan diogu: «Mi Teniente Coronel; imagínese que ese campo de berzas que tiene usted a la vista fuera un batallón a sus órdenes. Cómo arengaría usted a sus hombres?» Ta hasten zen bera: «Soldados de la Patria! Ha llegado el momento de vencer o morir...» (Azak eta tipulak, lasai asko egoten ziren hari entzuten.) Behin batez, Lehendakariarekin ari ginela bazkaltzen, atea zabaldu ta agertu zitzaigun bat-batean, zuri-zuri eginda, gure Azkarate koronela. Elkartu zituen oinak zarata handiz eta, izuzkia baino tenteago jarrita, esan zion atetik Lehendakariari: «Señor Presidente; mi decisión está tomada. He decidido no apartarme de Vuecencia un metro; acompañarle a donde vaya y, si preciso, morir junto a Vuecencia. A sus órdenes señor Presidente!» Ta irten zen. Ez dira esatekoak, haren aurrean barre ez egiteko, guziok egin behar izan genituen indarrak. Bazkalondoren, baratzan atzeman nuen koronela: «Qué efecto ha producido mi gesto?» esan zidan.

        «Colosal —erantzun nion— pero aquí nos tiene usted a todos con un disgusto horroroso. Agirre ha decidido durante la comida, salir inmediatamente a tomar ese monte que ve usted ahí en frente, y que el enemigo tiene plagadito de ametralladoras. Pretende que le acompañen los pocos que le han hecho promesa de no apartársele y de morir, si preciso, junto a él. Debe de haberse vuelto loco. En este momento se está poniendo las botas para salir». «Pero hombre!! —erantzun zidan harek, eskuak bururat eramanik— que un hombre tan grande se nos haya vuelto loco a última hora!! Esa idea hay que quitarsela de la cabeza ahora mismo. Corro a lograrlo!» ta joan zitzaion. Mahai aurrean exerita, paperetan zituen Agirrek begi-eskuak, koronela oihuka agertu zitzaionean: «Señor Presidente, Vuecencia se ha vuelto loco! Cómo hemos de salir cinco pobres desarmados a tomar una montaña que está erizada de ametralladoras?» Ate atzetik, entzutekoa zen gizon bi haien elkarrizketa. Agirrek ez baitzekizkien, guk aurretik koronelari asmatutakoak!

        «Este señor Otea, este señor Otea —zioen gero koronelak baratzan—, si no fuera tan amigo mío...!»

        Igaro ziren hilabete batzuk. Santanderretik azken orduan atereak ginen. Aste bat-edo Lapurdin egin ondoren —hemengo bakea!— joan behar izan genuen laster Pariserat. Arratsalde batez, Iruxo aurkitu nuen Euskal Ordezkaritza ondoko ostatu batean, bakar-bakarrik. Eskuen artean zuen burua, ta ilun zegoen, paper-puntta bati begira. Exeri nintzen haren ondoan:

        —Hara —esan zidan— irakurtzak. Hartu berria diat. Ezetz igarri norena den?

        Buruan ditut —gutxi gora-behera— papertxo harek zekarzkien hitzak:

        «Querido Manuel: Me queda menos de una hora de vida. He sido condenado a muerte y me van a fusilar. Ya ve usted que no me tiembla el pulso. Soy feliz, pues muero por una idea a la que fui leal toda mi vida. Al otro don Manuel (Azañarengatik) dígale que le tengo muy presente en esta hora, así como a nuestro gran Presidente Aguirre. Si viera usted qué tranquilo muero, pues tengo la conciencia limpia! Y ahora un ruego: ocúpense de los míos...» eta abar.

        Barneak egin zidan kolpez: «Hau Azkaraterena duk!» Eta halaxe zen.

        Gizonaren gora-beherak!

        Eta beldurrari buruz denborapasa ari garen ezkero, aipa ditzagun, bukaeraz, Litvinov —Errusiako ordezkariak— Washingtonen, gerla garaian, izaten zituen ikaraldiak. Stalin bere nagusiari baitzion harek beldur. Irakur itzazue lehen aitatutako Churchillen liburutik jaso, ta hitzez hitz euskaratuak ditudan hitzok. (Nork esan behar, gudaldi gorrienetan, Errusiako Litvinovi, Roosevelt Lehendakaria gizonaren arimaz eta Infernuko suari buruz mintzatu behar zitzaionik!) Irakur Churchillen hitzak:

        «Ottawatik itzul, Washingtoneko Etxe Zurian sartu nintzenerako, behar ziren guziak gertu zeuden Laterri Alkartuen arteko Ituna izendatzeko. Roosevelt Lehendakaria ahaleginetan zebilen, Litvinov Errusiako ordezkariari «uzkurtza-aukera» hitz biok onartarazi nahian. Hartarako, Lehendakariaren gelan geu biokin bazkaltzera ekarri genuen behin Litvinov. Beldur zen gizona zernahi onartzeko. Izugarriak baitzituen harek bere Herrian ikus eta ezagutuak. Nahiago zuen polliki ibili. Beste elkarrizketa bat ere izan zuten, geroxeago, Litvinov eta Rooseveltek, biok buruz buru, gai berataz. Mintzaldi hartan, arima aitatu zion Rooseveltek Errusiako ordezkariari, ta Infernuko suaz zitzaion mintzatu; aipatu zizkigun gero Rooseveltek, Errusiakoak entzun behar izan zituenak: hitz eder eta onbidegarriak, egiatan, Lehendakariarenak!

        Agindu ere egin nion ba: 'Hurrengo hauteskundeetan zapaltzen bazaituzte, Canterburyko apezpikua izan zaitezen saiatuko naiz'. Ez nien, ordea, ez Erregeari ez Agintaritzako ene lagunei honetaz hitzik egin behar izan; 1944ko hauteskundeetan, berriz ere, hura bera baitzuten lehendakaritu. Litvinovek azkenean, beldur-ikarak agerian zituela, aipatu behar izan zizkion hitz biok, «uzkurtza-aukera», Stalini. Honek, ordea, begiak kliskatu gabe zituen onartu».

        Ta beldurra dela-ez-dela, kontu-kontari, hara noraino ekarriak gaituen, ohartzeke, Moskutxo ta Washingtontxo gure mutiko bi horien jostaldiak...

 

1950

 

 

© Telesforo Monzon

 

 

"Langosta baten inguruan"

"Telesforo Monzon - Literatur lanen bilduma" orrialde nagusia