EGUBERRI GERTAERA BAT

 

        Gertatu zen bezalaxe erranen dut, esango dut. Ez diot gertaera honi, nik hemen ondorengorik aterako. Irakurri ondoren, bakoitzak nahi duena pentsatzea du. Hor konpon (Erdaraz: Vive la Liberté!).

        Joan den irailaren, ez dakit bigarren edo hirugarren igandea zen. «Dantzarien Eguna» zela-ta, Lapurdi, Baxenabarre ta Zuberoatik lau-bortz ehun bat dantzari helduak ziren goiz hartan Baionarat. Aupa mutilak. Hango neskatxa polit, mutiko eder, irrintzi zorrotz, doinu alai, jantzi berezi, jauzi arin eta kolore biziak!! Bortzehun dantzari gazte haiek, Baionako karrika barne, eliza nagusi aldera doinu ta dantzan bazihoazela, herriko-seme ta kanpotar guziak erotuak zeuden —egonean egon— haiei begira.

        Sartu ziren prestuki gure dantzariok eliza nagusi barnera. Baita haien atzetik, zoratuta, herria ere; ta katedraleko zoko ta bazter ilunenak —hango itobeharra!— bete zirelarik, hasi ziren meza-otoitz eta kantikak.

        Ez dira bihotz-ikarak erosten. Lapurra ta heriotza bezalaxe, uste-ezean heltzen zaizkigu noizean behinka barne-zartada eder horiek ere. Nagusitzen zaizkigu zenbait aldiz; eta haien mende —irri edo negar— gure burujabetasuna badakigu galtzen, ederraren indarrak eginak gaituela bere.

        Halaxe geunden, goiz hartan eliza barnean, guziok. Saint Pierre apezpikuaren hitzaldiak, beraz, lastoari su eman besterik ez zion egin behar izan. Utzi ezkero, hitz bat haiei egin ezkero, hasiko ziren —eta nola!— bortzehun dantzari haiek doinu eta dantzan. Zergatik ez utzi? Zergatik ez zioten ba, Dabiden anaia gazte haiek Jainkoari Bere etxean dantzan eginen? Baxenabarre ta Oñatiko mutilek Pesta Berriz ohitura duten bezala. Agian... gorrotoz ustelduta dituzun zenbaiten ezpain-otoitz gezurtiak baino, maiteago lituzke Goiko Jaunak menditar dantzari eder, sanu, bihotz-garbi haien dantza ta jauziak!

        Bihotzak pil-pilean genituen beraz, eguerdi hartan mahaira bildu orduko. Jaun Narbaitzenean genuen bazkari. (Inon ongi jatekotan, Lapurdi ta Baxenabarreko apaiztegietan omen!) Etxeko jaunarekin batera, beste zazpi mahaikide ginen: Terriar Baionako apezpiku, Saint Pierre «Gernika»-ren buruzagi, Sota'neko Manu, gure Doyanburu —haren egun hartako lanak!— euskal mintzalari haundienetarikoa den Idieder, bertze Baionako jaun ezagun bat, eta zortziok.

        Mahairakoan —Saint Pierrek euskaraz Aita gurea esana baitzuen— guziok exeri ta eltzekaria jaten ari ginela, hasi zen Baionako apezpikua hizketan.

        —Aita gurea...! —zioen—. Ez dugu hori bezalako otoitz ederrik. Banaka-banaka, emeki-emeki esan behar genituzke Aita gurearen hitzak. Eta hitzok gero... gure eguneroko eginkizunetan behar bezala bete! Haurrak hemen Euskalerrian, hara guri gizonei bidea irakasten nola hasiak diren: biltzen dira, zenbait herritan, mutikoak iluntzez; eta, emeki-emeki, denek batera, Aita gurearen hitzak erraiten. Baina hara... Barka eizkiguzu gure zorrak... esan ondoren geldiarazten dute denek otoitza. Ta hango norbaitek bertze norbaitekin haserrea balu, joaten zaio barkamen eske. Bakeak eginik, euren tokietara itzul, eta Aita gureari jarraitzen: guk gure zordunei barkatzen dizkiegun bezala.

»Gizonak ere —zioen apezpikuak— beste hainbeste egiten hasiko bagina, atomikaren indarra baino handiagoa litzateke ludian, gure Aita gurearena.

        Hitz hauek geunden guziok entzuten, Narbaitzengana neskame zaharra hurbildu ta, hari ixilean zerbait esanda, mahaitik aterarazi zuela. Irten orduko berriz ere sartu, ta Manu eta bioi egin zigun dei kanporat. «Hara zer gertatzen den —esan zigun— Nafarroako dantzari talde bat Baionara heldu omen. Bazkaria Iruñetik ekarria dute baina, ogirik ez. Igandea izan eta, hemengo ogitegi guziak itxita atzeman dituzte. Zer egin?»

        «Hori bada, aurkituko dugu guk ogia nonbaiten», esan genion. Eta beste mahaikideei deusik esan gabe, irten ginen.

        Ogitegiz ogitegi luzaroan alferrik ibili ondoren, uste-ezean azkenik, okin lagun bat kalean atzeman eta harek zabaldu zigun, ixilean atzetik, bere denda. Bete genuen gure berebila ogiz eta, abiatu ginen Plaza Nagusirat, gure napartar dantzari ordurako ongi gosetuengana. Han zeuden guziok, nor etorriko ote zitzaien begira.

        Neska-mutil gazte haien artean, Amagoia antzeko andere bat zegoen jarrita. Haren ileak zuri-gorriak ziren, begiak urdin, gorputza, berriz, haritza bezain luze ta sendoa. Errespetuko anderea! Bera bezain jaun galanta zuen atzean zutik: Harek ere ile gorrizka, begi urdin, sudur luze, gorputza pagoarena. A nolako gizon puska, hura ere! Txapela zuen buruan, dotore jarria. Nongoak ziren esan beharrik ez zuten, anai-arreba bi haiek: A zelako euskal napartar bi! Izan ere... Baleztenatarrak ez ziren ba?

        Menderik mende, euskal anaien arteko gerla zahar eta berriak, alferrikako odol galtze ta erahiltzak, zatarkeria, gorroto ta gaizkiegite guziak etorri zitzaizkidan, haiek ikusiz, gogora. Hamahiru urte hauetan ere... ongi gorrituak ditugu ba elkarren odolez gure mendiak!, Frontera de Malhechores... Ondo irabazia duk hire erdarazko izena! Bizirik hago, oraindik, euskal anaien artean!!

        Zer egin? Jaitsi ginen autotik, napartarra hurbildu zitzaigula. Elkarri esku eman ere. Ta esan genion: «Ogirik gabe zinetela ta, hara hemen ogia».

        «Ogi zuria! —erantzun ziguten haiek—. Ez gaituzue aspaldi horrela ohituak. Ongi etorriko ogia dakarkiguzue. Milesker, jaunak. Eta otoi! Edan ezazue zuek orain gure zahatotik arnoa.»

        Ezin ukatu baina, ai ama, nire estualdiak! Zahatotik edatea ez baita denentzat lan erraxa. Zer pentsatu behar zuten mahaian utzi genituen jaun prestu haiek, inori hitzik esan gabe irten eta, ordubete buru, biok alkandora ta galtzak arnoz beterik sartzen ikusi ezkero?

        —Non ibili zarete? —galdetu ziguten lagunek harrituta, gu mahairat agertzean.

        —Barkatu jaunak —erantzun genien—. Gauzak halaxe etorri dira-ta... Aita gurea esaten ibili behar izan gara gu ere, kalean.

        Apezpikuaren haur horiek baino lehenxeagotik hasita: ...Eguneroko ogia eman zaiguzu, ta barka eizkiguzu gure zorrak...

        Eguberri baita, aurtengo Gabon-gauaz euskaldun guzien ezpainek esan ahal dezatela bihotzarekin batera:

        ...guk gure zordunei barkatzen dizkiegun bezala!

 

1949

 

 

© Telesforo Monzon

 

 

"Langosta baten inguruan"

"Telesforo Monzon - Literatur lanen bilduma" orrialde nagusia