DONIBANE LOHITZUNEKO ELIZA

 

        Donibane Lohitzuneko eliza barnean egiten diren bezalako pestak, ez dituzue katedral gehienetan ikusiko. Siniste gabekoa izanik ere, gauza eder eta goitarrak maite badituk, etorri behar huke noizean behin, Donibanen egiten diren elizkizunetara.

        Maiz erraiten diet ene lagunei: Donibanetik inoiz alde egin behar badugu ere, hemengo eliza ahazten ez dugu lan goxoa izango.

        Donibaneko eliza, bai, gorputzez eder. Baina batez ere, haren gogoa, haren arnasa, haren barne-giroa dut eder. Soinez, gorputzez, hau bezain ederrak ez ote gure Oñati edo Lekeitioko elizak? Aitortu beharra dugu halere: gure beste aldeko eliza ederrenetan, ez otoi eta kanta egiten hemen herriak Jainkoari kanta eta otoi egiten dion bezala. Beste era bat dute hemen.

        Donibaneko eliza aitatzean, Pierre Dop zenaren izena ezin ixil. Harek bai hemengo eliza ongi ezagutzen. Ezagutu eta maite. Dop-ek idatzitako «L'Eglise de Saint-Jean-de-Luz» liburuan atzeman zenitzake, orain artean Donibaneko elizaz eman izan diren berri zehatz eta egiazkoenak. Baina eskola ematera ez gatoz. Badira paper zahar eta harri zaharretan gu baino ikasiagoak; batzuek jakin, bertzeek senti... nortzuk bietatik egiatik hurbilago?

        —Pardon Monsieur, ou pardon Madame —hemen pardon eta Logroño aldean «c...», berdintsu erabiltzen baitira—. Connaissez-vous l'église de Saint-Jean-de-Luz?

        —Hou-la-la —erantzungo dizu—. Mais c'est là que le Roi Louis XIV a épousé l'infante Marie Thérèse d'Espagne!

        Eta udan, Donibanera nonahitik etortzen diren kanpotarrak, goizetik itsasoan ipurdia bustitzen ibili ondoren, arratsaldean kodaka zintzilik eta izterrak agerian, eliza barnera ikustaldi bat egitera sartzen direla, huraxe etortzen omen zaie arlote haiei burura: le mariage de Louis XIV!

        Ez da harritzekoa. Donibane Lohitzunek ez ditu saltzeko, errege haren eztei-oroitzak. Hemengo bi jauregi ederren eta zaharrenei ere —Lohobiage ta Araneder etxeak— «La maison Louis XIV» bati, «La maison de l'Infante» besteari esaten diete. Erregeak batean, Inpantak bestean, pasa baitzuten eztei aurreko gaua. Ta ordurako, halere, elkarrekin ezkonduak zeuden. Egun batzuk aurretik. Frantziako errege gaztearen ordezko don Luis de Haro zela. Hondarribiko elizan ezkondu zituen, mandatuz, garai hartan Iruñeko apezpiku zenak.

        Bihotzak eskatutako ezkontza izan ote hura? Guk ez uste. Frantziako erregeak, Espainiako Inpanta emaztetzat eskatu zuenean, ez zuen ezagutzen, ezta santuetan ikusia ere. Haren edertasunari baino, zorrotz eta urduriago begiratzen zion egun haietan Luis erregeak, Bidasoa erdiko uhartean —kontrabandorako ere toki aparta— Mazarin eta don Luis de Harok esku artean zerabilten Frantzia ta Espainia arteko bake-agiriari.

        Eta Inpanta gaixoarengatik zer esan? Gramoni dukeak, haren esku-eske Madrilera joanda, sei hitz hauek atera ahal izan zizkion neska gaixoari: «Cómo está la Reina mi tía?» Ta hurrengo egunean berritsuago zegoela nonbait, beste hamabi hitz hauek: «Decid a mi tía que yo estaré muy rendida a su voluntad». Askoz geroago esanarazi zioten, azkenean!, su-dariolako maitasun-agiri txinpartagarri hau: «Erreginarentzat esandakoak, erregearentzat ere bitez».

        Baina honek ez gintuzke gu harritu behar. Donibaneko elizan gaur ere ezkontzen diren denak, ez dira bihotza sutan aldarera igoko. Baserritarrak batez ere! Gure baserritarrak, egiazko erregeak izanik, erregearen antzera ezkondu behar izaten baitira maiz: «Por razones de estado». Euskeraz: «Komenentziari begira, itxurari begira». Ta zer ba? Ez al dira, gero, beste zenbait baino zorion eta bake handiagoan bizi? «Zezensuzko» haren antzeko maitasun zalapartalaria baino, egokiago omen zaigu guri errekaren gisako maitasun ixil eta iraunkorra.

        —Comment se fait-il, Monsieur le Chanoine —erraiten zion behin kanpoko andere batek Narbaitz gure lagun burutsuari—, que vos basques aient la mauvaise habitude de rester assis tout au long des galeries, avec leurs bras bien appuyés sur la ballustrade?

        —Oh Madame! —gure lagunak erantzun— la foi des Basques est une foi reposée.

        Et l'amour aussi... esango genuke guk.

        Alde batetik, Elizak eliza barnerako agindua duen lege edo liturkia: mundu guziko siniste batekoentzat bat. Bestetik berriz, Herri bakoitzak —hemen Euskalerriak— bere izate bereziz elizarat ekar litzakeen bere ohitura, bere hizkera ta izaera osoa.

        Horra ba: indar bi hauen batasunez sortua da aspalditik, Donibane Lohitzuneko eliza barnearen edertasuna.

        Ez da egun bateko lana izan. Gaur, ordea, ezin esan noiz bihotz-ikara eta barne-pilpil handiagoetan izaten garen: Herri osoari —Jauna hartzera doala— latineraz «Magnificat» edo euskaraz «Oi mirakulu» kantari aditzen diogula.

        Donibaneko elizan, Herri osoak —guziok batean eta batera— egiten otoi eta kanta. Ez teatro eta beste zenbait elizatan bezala, batzuek ari eta besteek ikus, batzuek kanta eta bertzeek entzun, batzuek otoi eta gehienak... egon. Ez; Jainkoa bedi, elizetan, entzule ta ikusle bakarra. Ta Herri osoak, bihotz batez, maitasun, siniste ta itxaropen batez, Hari otoi, Hari goramen, Hari kanta!

        Egia esan, hemen ohituta, beldur naiz, gero gure beste alde hartan egiten ziren —eta egiten diren— elizkizunetara joateko. «Kirie» gora ta «Kirie» behera, «Gloria» gora ta «Gloria» behera, abeslari mordo batek —gorri-gorri eginda kantari guziak— jai handietan, korutik ematen zituzten opera antzeko meza nagusi haiek.

        Esan eta irakurtzen zirenak ere!: «Amantísimo, dulcísimo, sapientísimo corazón...» eta antzeko atsozaharkeriak!

        Un tantito cursilísimos señores predicadores... esango nieke nik, hango banaka batzuei!

        Askotan, Ebanjelariek dakarzkiten Jesusen hitzak irakurtzeko ere, behar den astirik ez: Monseñor Francisco Francoren aginduak ere, eliztarrei jakinarazi behar izaten baitzaizkie...

        Oraingoz behintzat, nahiago dut bai, Donibane Lohitzuneko bezpera nagusietan, ehunka eta ehunka gizoni —inguruko baserritar guziak han izaten dira— munduko politikakeriak alde batera utzirik, bihotz eta ahots batez Jainkoari kantuz aditzea.

        Zer eskainiko diot nik Jainkoari harengandik hartuak ditudan ondasun guzien ordaintzat?

        Osasun-kaliza hartuko dut, eta Jaunaren izena aitatuko dut.

        Jainkoari emana diodan hitza, Herri osoaren aurrean beteko dut.

        Euskal abestietan berriz, ez nuke jakingo zein aukeratu: Jauna hartzera tenoreko «Adora dezagun», Ostiral Sainduko «Oi Gurutzea!», Gabon gaueko «Oi eguberri gaua» edo «Atzar gaiten», Meza Nagusi ondoko «Aingeru batek Mariari»... ez dakit, ez dakit. Baina eliztarren bihotzekin batera, elizako harriak ere ikaratzen direla ematen, euskal kanta horiek entzutean.

        Donibane Lohitzuneko elizatik irtenda, egiten zidan behin gure Karlos Solano zenak: «Orain badakigu, gutxi gora-behera, Zerua zer ote».

        Ta bukatu baino lehen... nire hobena, nire bekatua aitortu beharko dizuet. Hara: Donibaneko eliza barnean egiten diren elizkizunetan, Herri osoari abesten entzuki nagoela, Frantziako Errege ta Espainiako Inpantaren ezteiak —sinetsiko al didazue?— ez zaizkit, egia esan, askotan burura etortzen.

        Izaten du gure barneak beste zertan ari.

        Udatar turista prakamotz eta txilbor-agertzaile jaun—andereak, barkatuko al nauzue?

 

1949

 

 

© Telesforo Monzon

 

 

"Langosta baten inguruan"

"Telesforo Monzon - Literatur lanen bilduma" orrialde nagusia