HIRUGARREN ZATIA
Lehen itxura.
Lehengo ganbera hura bera. Mahain ttipi batean, Maria, Erretora eta Joxe Mari (Arlote), ixilik eta goibel, afaltzen ari. Kanpoan ilun da. Marta-k ekarki die bigarren aldiz salda.
I. AGERRALDIA
Erretora, Maria, Arlote eta Marta
ERRETORA: Hetsi itzazute leiho hoiek. Orai ere ba da hor norbeit...
MARIA: Ez dela nihor, jaun Erretora...
ARLOTE: Zortzi egun hauetan, iduri zaizu denak guri begira dagozila.
ERRETORA: Hola baita, zoritzarrez...
MARTA: Tira-zu berriz, jaun Erretora. Har zazu geixago. Hunek ez dizu kalte eginen.
ERRETORA: Aski, Marta, aski. Ongi naiz hola.
MARTA: Ongi naiz hola? Zortzi egun hauetan, janaria doi-doia begieri eskeiniz?
ERRETORA: Ze nauzu! Barneak ez bai dit galdetzen.
MARTA: Barnearen galdak ongi bazterrerat utziak ditugu guk aspaldi huntan, jaun Erretora. Salda xorta batek ez lizuke ba kalte eginen. Joxe Mari-k atzo ekarritako olloarekin gizendua nizuen. Horren bizkar bizi bai gera gu orai. Eta nik, orroitzen zaizte? eskalea zelakoan...
ARLOTE: Zaude ixilik, emaztekia....
MARTA: Zaude ixilik? Egun ere, nork ekarria digu guri arraina?
ARLOTE: Bai! Nik zueri arraina ekarki eta zuek neri mahaina eman. Berrogoi urte hauetan ahantzia nuen mahaina zer zen. Familiarik ez bai nuen. Orai ba ditut biak: Familia eta mahaina.
MARTA: Gaizoa! Memento tristian atxeman duzu zuk familia, Joxe Mari!
ARLOTE: Orduan baita beharrena!
MARTA: Eta... lo ere, zergaitik ez zenuke gurekin egin behar hemen, gizona? Orai... tokia ba da. Jaun Erretorak ba du bere ganbera. Maria-k eta nik, egun hauetan, biak oge berean nahiago. Enekoren ogea... hor dago zuretzat, Joxe Mari.
ARLOTE: Eneko-ren ogea... bego Eneko-ri beha. Mahainarekin ere ba dut aski. Bertzela... etorri zuek zubi azpira! Han ba da leku denentzat!
MARTA: Bai! Zubi azpiak baino toki hilunagoak ba dire lurrean...!!
ERRETORA: Eta zuk orroitarazi! Ahantzia bai genuen! (Pausa)
MARTA: (Maria-ri salda eskeiniz) Zuk hartuko duzu geixeago, he Maria? (Maria-k hartzen du) Ikusten? Ze ba! Maria-z ez naiz kexu. Zuek baino kuraia haundiagoa du Maria-k. Maria-k bizi nahi du. Laguntzeko behar baita bizi. Eta bizitzeko behar baita jan.
MARIA: Nik bai. Nik zernahi eginen nuke orai bizitzeko. Sekulan ez dut sentitu orai bezelako bizi-nahia. Eneko-k eginen zuena, nik behar bai dut egin orai.
MARTA: Zuk ere tirazu pittat, Joxe Mari. Bero-beroa duzu.
ARLOTE: Ez, Marta, ez. Nahiago dizut, nik ere, barnea arin ibili.
MARTA: Maria aipatu duzue? Nik ez nuen urrundik ere sumatuko, Maria holako emaztekia zenik. Gaixoa! Zer egin behar genuen guk orai, Maria-rik gabe? Gau hartan... orroitzen zaizte?
ERRETORA: Aipa-zu zuk, orai ere, gau hura! Ahantzia bai genuen orai ere...!
MARIA: Zertako ez aipa, jaun Erretora? Egia, latza izanik ere, behar da buruz buru behatu, begiak etxi gabe.
MARTA: Nik ez nuela sekulan usteko, erraiten nizuen, Maria holako emaztekia zenik. Eneko-ren ordez, prest baizen hau, bere bizitza osoa presondegian iragaiteko!
ERRETORA: Nik Maria... aspalditik ezagutzen dut.
ARLOTE: Nik ez dut aspalditik ezagutzen. Baina... barkatu, jaun Erretora, horrek garbiki erraitea, ni ere barne bai naiz...
ERRETORA: Zoazi gizona...
ARLOTE: Egun hauetan hemen egiazki gizon jokatu duena, Maria izan dugu.
ERRETORA: Eta horrek harritzen? Holakoetan, emaztekiak hartu behar izaiten gizonaren plaza. Gizonak emaztekiarena aixe hartzen baitu!
MARTA: Beraz... ez duzue gehiago behar? Zuek ikus...
ARLOTE: Zoazi, Marta gaixoa, zoazi deskantsuan.
ERRETORA: (Marta-ri begira) Horra bertzea: Hunek ere ez du, ba, espantu haundirik ateratu. Baina gau hartan...
MARIA: Orai zehaurrek aipatu duzu, jaun Erretora.
ERRETORA: Ze nauzu, Maria! Nahi gabe ere ateratzen bai zaigu... Gau hartan, erraiten nizuen, betiko tenorean, Marta-k prest zuen guretako afaria, etxean deus gertatu ez ba zen bezelaxet. Hartako, bihotz haundia behar da. Gerlan tiroz hiltzeko baino bihotz haundiagoa, nik uste.
MARTA: Zu, jaun Erretora, Gantzarain-erat itzuli behar zindake. Heldu den igandean Pesta-berri eta...
MARIA: Ikusten? Nik ere gauza bera erraiten dizut beti.
ARLOTE: Zoazi deskantsuan! Arrimatuko gera hemen...
ERRETORA: Ez jauna eta ez andreak! Gantzarain-go Erretora ez da Paris-tik mogituko. Bederen, bederen... Eneko ikusi arte (Marta ba doa)
MARTA: Sobera sufritzen ari zera, jaun Erretora.
ERRETORA: Eta ahagatik, Maria eta Joxe Mari, ba dut... sekulan sentitu ez dutan alegerantza bat ere Hori! Garbiki erranen dizuet: Zaharra izana gatik, ez nuen usteko, orai arte, muduan hainbat sufritu zitakenik. Eta bizkitartean, horren bertze bozkario lurrean bizi! Zuk, Joxe Mari: Gure Eneko-rentzat ez zenuke, orai bertan, zure bizitza emanen? Eta nik ez Maria-rentzat? Eta Eneko-k ez gu laurentzat? Marta ere hor baita! Hori ez da lurrean bizitzea, adiskideak. Nik ez dakit infernuan ala zeruan bizi gaituzuten. Baina... lurrean ez beti. Xooo! Orai bai. Orai ba da hor norbeit...
MARIA: Ezetz, jaun Erretora! Zuri zaizula iduritzen...
ERRETORA: Behazu, baitezpada ere. (Maria-k begiratzen du kanporat)
MARIA: Nihor ez. Nor nauzu, orai, guri begira egoiten?
ARLOTE: Ba! Ez xobera fida! Gazetari hoiek ez bai dire urrun ibiliko, orai ere. Hoiek, beleak bezela, aragi ustelaren usainerat laister biltzen bai dire. (Pausa)
MARIA: Gaur ere ez duzu ikusi ahal izan, jaun Erretora?
ERRETORA: Bai zera! Ez bai nintzen bakarrik, gaur ere. Bi ministru eta hiru anbasadore ba zituen, egun ere, begira. Eta gureak ez nahi agertu. Presondegiko bere gelatik ez zela ateratuko. Eta euskeraz erran, gainera. Han ere ez paita euskeraz baizik mintzatzen.
ARLOTE: Baina... zergaitik ez ditu gizon haundi hoiek ikusi nahi? Hoiek lagunduko bai lioteke, beharba!
ERRETORA: Beldur baita: zernahi aitzakiz erroa dela ala bertze libertatearen ordainez ebatsi nahiko dioten bere sekeretua!
ARLOTE: Eta... bere sekeretua nahiago du, bere libertatea baino?
MARIA: (Xutik) Nik uste! Bai-eta nik, mila aldiz! Hura ez paita Eneko-ren libertatea erosteko, Euskal-Herria-rena baizik!
ERRETORA: Nik errana: ez gerala lurrean bizi! (Pausa. Marta sartuko da lukainka puska zonbeitekin)
MARIA: Gaurtik, jaun Erretora, bakarrik utzi behar zaituztet, zonbeit egunez. Joaki naiz.
ERRETORA: Joaki? Norat, Maria?
MARTA: Zer diozu, Maria? Norat zoazi?
ERRETORA: Zu baldin bazoaz, Maria, hemen...
MARTA: Otoi, Maria! Ez gaituzula bakarrik utzi! Zer egin behar dugu guk...?
ARLOTE: Xooo! Utzazute emaztekia mintzatzen...
MARIA: Urgain-erat noa, gaur gauean.
ERRETORA: Urgain-erat?
ARLOTE: Zer egin behar duzu zuk Urgain-en?
MARTA: Asmatuko bai nuke nik...
MARIA: Martxial Arratibel zenaren alargunari behar diot, Eneko-ren izenean, barkamen galdetu.
MARTA: Ikusten? Ezagutzen bai ditut nik hoiek!
ERRETORA: Baina... hartako, ukanen duzu aski kuraia, Maria?
MARIA: Eneko-k emanen daut presondegi barnetik.
MARTA: Barkamena? Harek ez bazuen gurea inpiztu eta zirikatu, gureak ez zuen hura hilen!
ERRETORA: Zaude ixilik, Marta! Odoletik ari bai zera orai, eta ez arimatik!
MARTA: (Nigarrez) Egia duzu, jaun Erretora! Odolaren oihua azkarra da baina arimarena baino, hameika aldiz.
MARIA: (Erretorari) Zuk ekarritako gutun hortan, horra Eneko-k zer dion: «Ene buruari ekarri diozkatan sufrikarioak ez naute ikaratzen. Zuri emanak bai, Maria! Presondegiko hilunak ez nau izitu. Leihotik ageri bai zaizkit izarrak. Nihaurren eriotzari ez diot beldur. Baina ene eskuak begiratzen ditut. Eta odolez gorrituak ageri bai zaizkit, gauaz, hilunean, nigarrak urtutzen nau. Orai, har zazu zuk, Maria, ene ikurrina. Euskal Herria-ren libertazaileak esku garbiak behar bai ditu. Lehenik, zoazi Arratibel zenaren alargunaren gana. Eta erakutsi-ozu gutun hau. Gaizki hartzen ba zaitu, ixildu zaite. Ateratzean, alegerantza berri batek beteko zaitu. Eta gure Herriaren alde zernahi egiteko azkarrago sentituko zera». Gero erraiten dituenak...
ERRETORA: Atxik, atxik-atzu zuretzat, Maria. Amodioa ez paita eder, ixilean baizik. (Marta-k zerbitzatzen ditu) Xo!! Orai ere ez duzue entzun? Lehen ere ba zen hor norbeit...
MARIA: Iduri luke norbeit horren beha zarela, jaun Erretora.
ARLOTE: Orai... iduritu zait bai, neri ere.
MARTA: Bego. Laister jakinen dugu (Aterat abiatzen da)
MARIA: Gazetarien bat bada, Marta...
MARTA: Zaude trankil, haurra. Polizak eta gazetariak, maluruski, aspaldi huntan nik... muturretik ere ezagutzen bai ditut. (Atea zabaltzen du puxino bat. Norbeitekin mintzo da. Eta berriz itzultzen.) Gazte bat da, zuekin mintzatu nahi.
ERRETORA: Euskelduna?
MARTA: Itxuratik hola iduri du.
MARIA: Gazetaria ez bada...
MARTA: Bai zera! Ez-eta poliza, egin deskantsuan.
MARIA: Erraiozu sartzeko (Marta-k atea zabaldu eta gazte bat sartuko)
II. AGERRALDIA
Lehengoak eta gazte bat
GAZTE BAT: (Atetik) Afaltzen ari zeratela jakin banuen, ez nintzazuten sartuko.
ERRETORA: Bai...! Gure egun hauetako bazkari eta afariak... Sar zaite sar, gazte.
MARTA: Bai, bai... Gure oraingo otoruntzen gaitik sartzen ahal tire aixe, jauna. Jarri zaite (Ez da jartzen)
ERRETORA: Euskal Herritik heldu berria, dudarik gabe?
GAZTE BAT: Ez jauna. Ni Paris-en bizi naiz.
MARTA: Paris-en? Eta guk ez ezagutu, euskelduna izanik?
GAZTE BAT: Nik bai ezagutzen zaituztet zuek, aspalditik.
ERRETORA: Jarri zaite, jauna.
GAZTE BAT: Milesker. Xutik geldituko naiz.
ERRETORA: Gu ere... xutitu araziko gaituzu beraz. Zure izena jakiten ahal dugu?
GAZTE BAT: Nere izena? Martxial Arratibel.
ERRETORA: (Harritua) Martxial Arratibel?
MARIA: (Jaikiz) Martxial Arratibel erran duzu?
ERRETORA: (Kexu) Jarri zaite, Maria.
GAZTE BAT: Gure aita zenaren izen bera daramat nik ere. (Pausa)
MARTA: Zerbeit erran behar badiguzu, jauna, erran neri. Eneko-ren odoleko bakarra, hemen, ni bai nauzu. Beste hoiek, lagunak dire.
ARLOTE: (Hilun) Gertatuak... nigargarriak izan dire... baina... zer nauzu... aintzinekoak ere... jakin bai ditugu.
GAZTE BAT: Zergatik hitzegiten dautazu hola, gizon?
ERRETORA: Xo, Joxe Mari!
MARIA: Gaur bertan joatekoa ninduzun zure amaren ikusterat. Ez dakit nola hartuko ninduen baina... lagun hauek ezagutzen zuten nere asmoa.
GAZTE BAT: Bai eta nik ere.
ARLOTE: Zuk? Nundik ezagutuko Maria-ren asmoa? Lehen aldiz, oraitxet salatua bai digu! Nundik jakinen zenuen?
GAZTE BAT: Eneko-ren ezpainetarik, astian.
ERRETORA: Eneko-ren ezpainetarik?
MARIA: Eneko ikusi duzu, beraz?
MARTA: Zer erran du, zu ikustean?
GAZTE BAT: Deusik ez. Ez bai diot astirik eman. Ikusi ordu, biek besarkatu bai dugu elgar, nigarrez.
ARLOTE: Besarkatu? Nola besarkatu; burnien artetik?
GAZTE BAT: Burnirik ez zen gure artean. Haren gelarat eremana bai naute. Hantxet, oge berean jarririk, egon gera biak luzaz, gehienetan ixilik...
ERRETORA: Baina... bi ministru ikusiak ditut nik egun goizean, presondegi barnerat sartzeko baimena ezin eskuraturik. Nola utzi zaitue zu gelaraino igotzen?
GAZTE BAT: Ni... Eneko-ren abokata bai naiz.
ARLOTE: Zer ari zera zu? Guri irri egiten? Erran beharrak, erran. Bainan ez trufa!
MARTA: Xo, Joxe Mari! Holakoetan, zu ta ni bezelakoak hobe dugu egon ixilik.
MARIA: Eneko-ren abokata? Zu? Martxial Arratibel?
ERRETORA: Hilaren semea, hiltzalearen geritzaile? Beraz... odolaren kontra ariko zera zu?
GAZTE BAT: Ez jaun. Odolaren alde ariko naiz. Abertzale bai naiz ni ere. Eta gure aita zenaren odolaz nahi bai diotet euskelduneri erakutsi: egiazko Herri bat ez dugula sekulan eginen, gure arteko odolkeri eta borrokakerieri ez ba diotegu gaina hartzen.
ERRETORA: Nik erraiten nuena: ez gerala lurrean bizi! (Erretora, jaikirik, asiko zaigu harat-hunas ibilki. Arlote jaikiko da.)
ARLOTE: Zuen artean mintzatu nahi ba zaizte, joanen naiz ni...
MARIA: Otoi! Zaude gurekin hemen, Joxe Mari!
GAZTE BAT: Zu zera, beraz, Joxe Mari?
ARLOTE: Zer? Ni ere ezagutzen nauzu?
GAZTE BAT: Eneko-k, zutaz mintzatzean, «aita» erraiten dizu beti, «aita»-k hau, «aita»-k bertzea...
ARLOTE: Eneko-ri berari entzun diozu... nigatik hola... «aita» erraiten?
MARTA: Joan zaite orai, Joxe Mari! Eta erraiguzu berriz: «zuen artean»!
ARLOTE: Ez, ez. Orai... hil artean... munduko gizonik dohatsuena izaiteko... erran dautazu aski.
MARTA: Barkatu, jauna... Zer hartuko duzu? Salda pittat edo...
ERRETORA: Otoi, Marta! Utzazu bere gisa zure salda hori!
MARIA: Ez duzu jarri nahiko ere, jauna?
GAZTE BAT: Orai... berdin (Jartzen da) Zortzi haurride gera gu, Arratibel-darrak. Ni zaharrena. Gure aita zena, pobre bezin langile sortua zen. Eta ameika buru-hauste ta izerdi ezaguturik, ateratu ginduzen aintzina. Aita estimatuagorik ez da izango munduan. (Pausa) Zuen Eneko ez nuen arpegiz ezagutzen. Baina haren eginak eta erranak segitzen nituen nik ere, egun guziez. Euskalgoaren bidean, ene gidari eta aintzindaritzat hura bai nuen nik ere hautatua. (Pausa) Lehengoan, zuen itxurak agertu zirelarik paperetan, orduantxet ezagutu zinduzten biak. Munduko gazetek lehen orrian euskera! Eta hori zueri esker! Harritu nintzen! Harritu! Errotu! Xoratu! Baina... ez zuen luze iraun nere zorionak. Handik laister entzun behar izan bai nuen, ezin sinetsiz, aita hil zigutela! Geroxeago... eta hura bai ezin sinetsi... Eneko Bizkai zela gure aitaren hiltzailea! Burua galdurik, galdetu nioten ingurukoeri: Otoi! Erraiteko ametsetan ari nintzela! Baina... ez zen ametsa! Egia aitortzen dut: ene aitaren erailearentzat sortu zitzaidan, Barkatu erraitea... ordu arte sekulan ezagutu ez nuen herra izigarri bat. Aintzinean izan banu... garbituko nuen! Baina gero... aitak Eneko-ri «espainola» erran ziola jakitean... Gernika-ri su, euskeldunek eman ziotela ere bai... golpez... aitaren ganako bilakatu zitzaidan... nahiago dut ez erran! «Eneko-ren plazan, pentsatzen nuen, ez zekiat nihaurrek ere zer eginen nian!» Eta ene burua bi esku hauen artean arrapaturik, gau osoa iragan nuen nigarrez eta oihuka! Goizeko argia gelan sartu zitzaidaneko, baketua nintzen. Eta aitaren gorputz aintzinean belaunikaturik, hari baimena galdetu-eta, hantxet deliberatu nuen: Gure aita zenaren hiltzailea, jujen aintzinean nihaurrek sustengatzea!
ERRETORA: Ene bizitza osoan, ez dut aditu gauza haundiagorik!
MARIA: Holakoetan, jauna, hitzik ederrena ixiltzea baita, hauxe bakarrik galdetuko nizuke: Ba dakizu nun eta noiz izanen den auzia?
GAZTE BAT: Laister eta Euskal-Herrian. Auzi guzia euskeraz iraganen da. Eneko-k ez paitu euskeraz baizik egingo. Eta nik ere ez.
ERRETORA: Maria! Bigar goizean ba noa ni berriz Gantzarain-erat. Itzultzen naiz artaldearengana, ene gaixo ardi golpatua zure eskutan utzirik, Martxial. Baina joan baino lehen, nahi dizkitzuet, haurrak, eskerrak eman. Gantzarain-go Erretorak Paris-en ikasia bai du, bigarko Euskal Herria zoin haundia izan litaken! A ta... ene paisola agertuko balitz, gure Kattalin-en muttikoarekin igortzen ahal dautazue Gantzarain-erat . (Bere baitan, gogoketan) Jesus! Nun utzi ote nuen nik ene paisola...!
© Telesforo Monzon