BIGARREN ZATIA

 

Lehengo gela hura bera. Arratsaldeko horen biak. Bazkal ondoren. Eneko,ogean jarririk, ilun, gogoketan, ametsetan bezela. Erretora, hura ere kexu, harat-hunat ibilki.

 

 

 

I. AGERRALDIA

 

Eneko eta Erretora. Gero Maria

 

ERRETORA: Orai ba dakizkik denak. Erran beharrak erranak dizkiat mahainean. Eta ez aixe. Hi hola ikusi eta, bi aldiz sufritzen bai diat nik: hitaz eta nitaz. Maria-k ere ez dik hitzik erran. Bainan Maria-ren arima gitarraren soka bezin tinkoa duk. Eta mintzo nintzakiolarik, begietan ageri zikan, gaixoak, bere barneko galerna. Orai ere ez duk hemen. Segur nauk, ixilean nigar egiteko nunbaiten gordea dela. Bazkariaren astapenetik behartu nauzute kolkoan ekarki nuena salatzen. Eta geroztik, ez Maria-k eta ez hik, ez duzute agorat ahamenik ereman. Horra gure Paris-ko bazkaria!

ENEKO: (Sutan) Nor da Gantzarain suntsitu nahi duen kriminala? Nortzu dire abere tzar madarikatu horiek? Norentzat dire presondegiak, gateak, urka-arazteko sokak? Beren Herria maite dutenentzat, noski?

ERRETORA: Hitzak! Hitzak, orai ere! Hemen ez diagu literaturarik egin behar. Entzun duk? Funtxazko lanari behar gaituk lotu orai. Ez poesiari! (Pausa)

ENEKO: Nun da Maria? Maria nahi dut ikusi! (Oihuka) Erran neri! Nun da Maria?

MARTA: Zer ari zaizte? Zer dire oihu hoiek? Errana nizun nik, jaun Erretora, zer gerta beharra zen hemen!

ERRETORA: Eta ixildu banintza, obe zitaken? Jakin izan banu, ez nintzaizuten etorriko ere!

MARTA: Zer erran behar dute auzoek, Eneko?

ENEKO: Auzoek? Auzoek erran du? Nun dire hemen auzoak? Auzoa sobera hitz haundia duzu, Pariserako! Nun da Maria? Erran neri! Maria behar dut ikusi!

MARTA: Maria duk orai buruan? Ateratua duk, etzekiat nora. Sahetsean dukala, zergatik ez diok estimu geixeago agertzen? (Ba doa)

ERRETORA: Jarri adi, Eneko. Eta ezti adi. Bestela banoak ni ere hemendik, gaueko trenari begira egon gabe.

ENEKO: Xori kumeak ebasten zizkiguten orai arte. Zer behar digute orai? Kaia ere suntsitu? Jaun Erretora! Ez dut ene Herriaren azken atsa entzun nahi!

ERRETORA: Eta zer uste duk? Hik bakarrik maite dukala Euskal Herria? Zertarat etorria nauk ni hunat egun, ez baduk Gantzarain-en salbatzerat? Maitatzeko ez duk oihuka lotu beharrik. Hori ere jakin zak!

ENEKO: Hartzek ere errespetatzen dituzte beren harri-ziloak. Baina hoiek ez! Horientzat ezpaita ez lurrik, ez harririk, ez ezurrik, ez Herririk, ez mintzairik, ez arimarik, ez hilobirik...! Bideak, bideak, bideak... Zenbat eta luzeagoak, zenbat eta zabalagoak, zenbat eta zuzenagoak... Joaiteko, jiteko, ibiltzeko!! Har azpian haurrak, har azpian Herriak, jo bazterrak, jo elgar, jantzi odol gorriz, besta baita!! (Pausa) Baina ez geldi, segi beti, egin arrabots, egin irri, egin nigar, berdin duk, baina ez ixil! Ez ixil! Iragan odoletan hilerri-en gainetik! Ez izitu! Ixiltasunari behar zaio beldur! Ez bertze deusi! Hil, beraz, Gantzarain! Hil!! Hil!! Hiltzea merezi du! Gantzarainen oraino ixiltasuna entzuten baita!

ERRETORA: Eta hik? Zergaitik nahi duk izarretaraino joan? Hori ez duk ibiltzea?

ENEKO: Izarretaraino joateko ez da Euskal Herria suntsitu beharrik!

ERRETORA: Errak, Eneko. Mintza gaiten gizonki. Nik ez nizuen berria hola, horren golpez, eman behar. Aitortzen diat. Zuek, poeta haundiak bai zaizte biak. Eta poetak, egiazko poetak, holakoetan sufritzen bai dik. Barka zak beraz. Maria-ri emanikako pena, bereziki. Baina lot gaiten lanari, haurra. Berriz ere erranen bai diat: Gantzarain-en bizitza hire eskutan zegokala. Entzun duk? (Pausa)

ENEKO: Jaun Erretora...

ERRETORA: Zer duk?

ENEKO: Zer da amodioa?

ERRETORA: Hori! hau ere behar bai nian entzun! Mutiko gazte bat apez zahar bati galdezka amodioa zer den! Hik bezin bat numero egiten ibili gabe, horrenbertze ba zekitek hi baino gazteagoak ere Gantzarain-en! Eta ez, segurki, beren Erretoraren ezpainetarik ikasia! Amodioa zer den, nahi duk nik erraitea? Amodioa duk, mutikoa... orai Maria-ren ikusteko sentitzen dukan egarri pullit hori!

ENEKO: Maria sufritzen ikustea baino, nahiago nizuke nihaurrek zer nahi iragan eta sufri!

ERRETORA: Gezurra! Maria aspaldi ari zaik sufritzen! Eta ez Gantzarain-en gatik...! Entzun zak ongi! Aski duk erraitea: Hire asmakizun izigarri horren berri emanen dukala Gantzarain bizirik uztekotan. Eta bertzela, ez!

ENEKO: Ez! Gantzarain maite dizut, jaun Erretora, amorrainek ur bizia bezin bat. Baina nere asmakizunaren ordaina ez da Gantzarain. Euskal Herri osoa da. Euskal Herria-ren batasuna, ohorea, bizia, geroa...!!

ERRETORA: Ago ixilik, mutikoa! Askatasuna! Batasuna! Izarrak! Poesia! Lehenik salba zak Gantzarain-go plaza, mutikoa! Gero ere salbatuko duk, astia baduk, Euskal Herri osoa! Zer nahi duk hik? Dena, ala deusik ez? Hola ari zaizte zuek: bihotzez, bai, bainan bururik gabe. Hori ez duk tratuan aritzeko manera.

ENEKO: Poetak ez daki tratuan, jaun Erretora! Eta Euskal Herria salbatzekotan, olerkariek salbatuko dute. Ez makiñonek!

ERRETORA: Zer erran nahi duk? Gantzarain-go Erretora makiñona dukala? Makiñona izaiteko, haurra, behar dik jakin saltzen. Eta nik etzekiat. Herriko ene astoak oro ezagutzen dizkiat, bai, urrundik: prestuak, alferrak, begi okerrak, mainguak... Baina munduko urre guziaren gatik ere, batto ez nikek salduko, entzun duk? Ez bai zaizkit hartako emanak!

ENEKO: Barkatu, jaun Erretora. Erroa naiz. Aize egoak ibilki ditu ene hitzak, arbola gorrietarik eroritako ostoak bezela... biderik gabe!

 

 

 

II. AGERRALDIA

 

Lehengoak eta Maria

 

MARIA: (Sartzen da, maletatxo bat eskuan) Barkatu! Ez nuen uste zuek hemen arkitzea. Sukaldean utziak bai zinduzten...

ENEKO: (Goxoki) Nun zinen, Maria? Norat joana zinen? Zer duzu eskuan? Nundik zatoz? Norat zoaz?

MARIA: Telefonaz deitzeko sartua nintzen, orai ere...

ENEKO: Norkin mintzatu behar zare?

MARIA: Hemen atxeman bai zaituztet, entzuten ahalko duzute aixe...

ERRETORA: Kaxu! Hoiekin ezpaitakik sekulan, nundik aireatuko zaikan pekatua...!

MARIA: (Telefona hartzen du) Monsieur de Chantal? Monsieur de Chantal je m'excuse bien sincérement... Je vous avais promis de passer chez vous pour vous remettre mon livre. Hélas! Maria Lorka vient de mourir...

ERRETORA: Hara! Zer erraiten nian nik! Toki onera etorria nauk ni, laguntzaren eskean!

ENEKO: Zer duzu, Maria?

MARIA: Mon livre? Depuis un instant, il est au fond de la Seine...

ERRETORA: Nola? Aitaren eta Semearen...

ENEKO: Maria! Zer egin duzu? Norat bota duzu zure liburu-gaia? Erran neri! Nun dire zure poemak?

MARIA: La vraie raison? Le massacre de Gantzarain. Le massacre du Pays Basque! J'en proteste devant le monde!

ERRETORA: Baina... Gantzarain ez dute oraino suntsitu! Salbatzen ahal duzute! Nun duzute zuek burua?

MARIA: Gantzarain? Gantzarain est le véritable auteur des poémes que Maria Lorka avait su écouter...

ERRETORA: Aitaren eta Semearen... Hoien burua! Hoien burua!

ENEKO: Maria Lorka-ren euskerazko Poemak ez dire galtzen ahal! Nik atxemanen ditut uraren azpian! Gaki naiz!! (Abiatzen da)

ERRETORA: Ago hemen hi, erroa! Nun duzute burua zuek? Zer uste duk? Ibaiaren ondarrean arrapatuko ditukala hik Maria-ren Pertsuak? Zer nahi duk hik? Hire burua errekarat bota? (Marta sartzen da)

ENEKO: Nere burua baino beharrezkoagoa du Euskal Herriak Maria-ren Poesia!

MARTA: Zer dira, orai ere, oihu hoiek? Zer gertatzen da?

ENEKO: Joaki naiz! (Abiatzen da)

ERRETORA: Ago hemen! Edo bertzela, joaki nauk ni ere! Baina etxerat! Hik hauta!

MARIA: Vous dites que j'ai perdu une fortune?... Mais, Monsieur de Chantal... je n'ai jamais fait des vers pour de l'argent!

ENEKO: Nola? Dirua aipatzen dizue? Dirua? Nor da, etxe huntan, dirua aipatzeko kopeta duena? Hemen ez dugu diru beharrik!

MARTA: Baina haurra, otoi! Urrikal adi hitaz, gutaz! Gaurko porru salda erosteko ere sosik ez diat! (Nigarrez badoa)

ENEKO: Erraiten ahal diozu, ene izenean, gizon ausarta horri: Ez dela oraino sortu, ene aintzinean Maria Lorka-ri dirua aipatzeko kopeta izanen duenik! Itotzen naiz ni mundu huntan, jaun Erretora, itotzen! Errokeria entzuten egoitea baino nahiago dut aixe... pianoa jo! (Emanen da pianoan eta jotzen lotuko).

ERRETORA: (Ordularia ateratuz) Neri trenaren orena ari zait urbiltzen, zuek ikus. Apez hunek, bizi bada beti, bigar Gantzarain-en emanen baitu meza! Orai, zuek ikusi!

MARIA: Je vous demande, Mosieur de Chantal, de croire toujours á ma reconnaissance et á mon amitié. (Maria-k telefona utzi-eta asiko zaigu paper eta liburu zonbeit bere maletatxoan sartzen)

ERRETORA: Baina zergatik ez gera lanari lotzen, Maria? Zergatik ez gindazke serioski mintzatuko? Norat zoazi, Maria, paper eta liburu hoiekin?

MARIA: Nereak dire, jaun Erretora. Aspaldi, hunat ekarriak nituen.

ERRETORA: Baina... norat zoazi orai?

MARIA: (Nigarrez) Ez dakit...

ERRETORA: Baina zer egin duzu? Zergatik bota ditutzu uretarat zure olerki hoiek?

MARIA: Munduan ez duzu, jaun Erretora, ni baino haur galduagorik. Ene bakardadean, Gantzarain maite nizun eta Eneko. Biak batean ezagutu nituen. Enetzat biak ziren bat. Gantzarain-en usain bera arrapatzen nion Eneko-ri. Eta Gantzarain-go horri eta lurrak maite nizkizun...

ERRETORA: Mintza zaite deskantsuan, Maria...

MARIA: Neska batek bere gizon-gaiaren gorputza maite lezakean bezelaxet...

ERRETORA: Ba! Poesia! Harri eta lurrarekin eginikako pekatuak aixe barkatzen ditut nik. Bertze hura litake pekatu larria, Maria. Gantzarain hiltzen uztea. Hura hura pekatu!

MARIA: Gantzarain hila da neretzat, jaun Erretora, xut izanik ere. Zertako nahi nizuke Gantzarain, Eneko-rik gabe?

ERRETORA: Haaaa! Ikusten? Beretzat ez paita gehiago Gantzarain-ik, orai suntsitu lezakete gaixo gure herria! Horra gure egungo poetak! Lehenik ni, gero ni eta azkenik ni! Egiazko poesiak, Maria, ez du beretzat lan egiten! (Goxoago)  Eta hortarik landa ere, nork esan dizu zuri Eneko galdu duzula? Zer poeta zaizte zuek eta zer gazte, hitzik gabe, soinuz, ez bai duzute elgar aditzen? Orai ere, mutiko tzar hori bere pianoaz... ba dakit nik zer ari zaizun erraiten!

MARIA: (Arriturik) Neri...? Uste duzu, jaun Erretora, neri ari zaitala mintzo? Egiazki uste duzu?

ERRETORA: Ha, gaixoa! Utz itzazu puska hoiek hortxet, lehengo tokian! Eta sinetsi nazazu ni! Makiñonak hartako eginak bai gare: Poeteri erakusteko muxika behar bezela entzuten!

 

 

 

III. AGERRALDIA

 

Lehengoak eta Arlote

 

ARLOTE: (Atetik) Zer? Hemen ere... apaiza?

ERRETORA: Eta zu... nor zaitugu, gizon, barkamenduarekin? Gipuzkoarra, noski, mintzairatik ageri duzunez...

ARLOTE: Nor ari zaizue hor, pianoa jotzen?

ERRETORA: Zuk atxeman nahi zenuen hura bera, nik uste...

MARTA: (Golpez agertuz) Sukaldeko atetik ikusia bai dut nik gizon hau sartzen...! Ez, ez, ez, ez, ez, ez, ez....! Barkatu, baina, ez! Ez dugunetik emaiten ibiltzeko baino, obekiago gaituzu, gaizoa, eskean lotzeko gu ere!

ARLOTE: (Bortizki) Eta eskean heldua naizen, nork errana dizu zuri? Emazte sortu izaitea baino mixeri haundiagorik bai ote?

ERRETORA: Eskean heldu bazina ere, gizon, zuretzat ohore?

ARLOTE: Nor da hemen Eneko Bizkai? Pianoa jotzen ari den hori?

ERRETORA: Zer ba! Urbiltzen ahal zera, beldurrik gabe.

ARLOTE: Beldur? Zeri beldur? Nik ez diot gizonari beldur. Berdin zait neri, Eneko Bizkai izaki ala... Sorgin-Borda'ko Pettan. (Urbiltzen zaio. Eneko jaikiko da golpez)

ENEKO: Nor zera? Zer behar duzu?

ARLOTE: (Boza azkar batekin kantuz) «Gernikako Arbola da bedeinkatua, euskeldunen artean guziz maitatua...»

ENEKO: Boza ederra duzu oraino! Izeba! Ekarriozu baso bat arno gizon huni...!

MARTA: (Arnoketarat doala) Hau behar genuen guk orai hemen! Guhaur ere ez bai ginen aski! (Ba doa)

ARLOTE: (Kantuz) «Donostia-ko hiru Damatxo Errenderia-n kantari... Josten ba omen dakite baina, ardoa edaten obeki...»

ERRETORA: Kantutik bizi al zera, adiskide? Noiztik zare zu Paris-en?

ARLOTE: Zer? Orai ere, asia zare zu kofesatzen? Hobe duzu nerekin ez lotu! Makurtuko bai zindake, gaizoa, ene zakuaren pixuarekin! (Eneko-ri) Nor da hemen Maria Lorka? Hori noski? Bertze harek ez bai zuen poeta itxura haundirik!

MARIA: Zer? Ene izena ezagutzen duzu?

ARLOTE: Zure izena ezagutzen?... «Gantzarain-go hitzala hilerrian duzu, goizean goizetik bel-beltzez jantzia... Noren alargun den...

ENEKO: (Harritua) Noiz ikasi dituzu zuk, Maria Lorka-ren pertsu hoiek?

ARLOTE: Ez aspaldi... (Kaparen azpitik aterako du paketatxo bat, paper zahar batean inguratua. Eta Maria-ri eskurat emanen...) Kasu eskuak busti! Oraino ez paita xukatua!

MARIA: (Bere liburu-gaia ikusiz) Nork eman dizu zuri hau?!

ENEKO: Maria-ren poemak?!

ERRETORA: Hori!! Maria-ren pertsuak!!

ARLOTE: Nork eman? Urak ekarriak dauzkit eskutarat. Paris-ko ibiaia, Madame La Seine, berrogoi urte hauetan, ene adiskidea baita! (Irriz) Nik, zubien azpian egiten dizuet lo. Eta egunaz ere, hantxet naiz bizi, urari urbil, freskura ederrean. Astian, hantxet, harri gainean, iduzkiari buruz, ene zakur zaharrari kukusuak kentzen ari nintzaizuela, emazteki bat ikusi dut, bere gorputza luzatuz, legorretik, ibaiari begira. Ixtant batez pentsatu dut bere burua behar zuela urerat botatu. Beharrik ez! Haren eskutik, zerbeit ikusi dut, gero, ibaiarat erortzen. Eta emazteki hura gorde orduko, urak berak ekarria zautan zure liburua oinetaraino, eta hantxe, adar batean kokaturik, ene begien aintzinean, utzia. Paris-ko arbolak, udaberrian, urari muxuka ibiltzen bai dira...

ERRETORA: Mirakulurik ez dela? Hunek iduri du mirakulua!

MARIA: Poesiak ere egiten bai ditu, jaun Erretora, segi, segi!

ARLOTE: Enegandik ez urrun, harriaren gain etzanik hura ere, mutiko eder bat zegoen, ahantxu biluzirik, bere gorputza iduzkitan gorritzen emana. Golpez, bere burua urerat botaturik, harek lagundu nau, aski pulliki, urak ekarria eskutaratzen. Liburua zabaldu dugu biek. Eta ber-betan, mutiko haren oihua: «Maria Lorka-ren Poemak, bere eskuz idatzita!» Muxu ere eman dio liburuari!

ENEKO: (Kexu) Segi-zu, gizon!

ARLOTE: Ez zaite aserretu, gazte! Paperari emanikako muxuak ez paitio nihori afruntu egiten!

ENEKO: Maria Lorka-ren Poemak ez paitire paperezkoak! Odol eta aragizkoak bai dira!

ARLOTE: Hori bera entzun diot ene gazteari, liburua zabaltzean: «Greka ikasten ari naiz, esan dit, baina Maria Lorka-ren Poemak bere egiazko mintzairean irakurtzeagatik, nahiago nizuke egun, Grekaren plazan, euskeraz banekizu.» «Euskeraz, ba dakit nik... » erantzun diot, orai arte sekulan senditu ez nuen urgulu batekin! Eta hori entzutean, mutiko hua gelditu zait begira... golpez Napoleon eta de Gaulle, biak batean agertu izan bazitzaizkon besela...! Ene luma zaharra galdetu dit, gero. Eta lehen orrian ezarria dizu zerbeit. Hor atxemanen duzu...

MARIA: (Irakurtuz) «Maria Lorka-ri. Zu ezagutzea! Munduan ez nuke beste ametsik! Poeta gazte bat.»

ERRETORA: Mundu osoan ezaguna zera zu egun, Maria. Eta, zure bitartez, Euskal Herria!

ENEKO: Gizonak gizonari egiten ahal dion fagorerik haundiena egin dautazu, gizon. Nola ordainduko dautzut nik?

ARLOTE: Nola ordaindu? Nik erran behar banu...

ENEKO: Bai, errazu...

ARLOTE: Eman zaitezte biak hor, elgarren ondoan...

ENEKO: Zertako?

ARLOTE: Euskeldun arlote zahar bati plazer egiteko...

MARIA: Hola bada... (Ematen dira elgarri urbil) Zer egin behar dugu orai?

ARLOTE: Zuek egon. Eta ni ari. Ene ofizio bakarra ez paita kantuz hartzea...

 

(Besapean ekarki dituen bi kartoinen artetik, ateratuko du papera. Zarpatik lapitza ere. Eta kadira batean jarririk, kantuz, asiko da gazteen itxura egiten).

 

ERRETORA: Hori! Itxurak egiten ere ba dakizu?

ENEKO: Zer? Ez! Hori ez! Gure itxura ez du nihork eremanen!

ARLOTE: (Bortizki) Ez nauzu eskalea! Nahi baduzu erran. Eta bestela berdin.

MARIA: Otoi, Eneko! Ene Poemak...

ENEKO: Egizu ba...

MARIA: Egizu, egin...!

ERRETORA: Eta... ni Paris-eraino zertarat etorria nintzen, gogoan duzute? Tenoreaz ohartuak zaizte? Zuek ikus! Ni ez bai nauzute aixe gaur hemen geldi araziko, egon trankil.

ENEKO: Hori ikusiko dugu, jaun Erretora.

MARIA: Hori, hori!

ERRETORA: Ikusiko? Ez jaun andreak. Ongi ikusia da hori. Huna hemen: «Gare d'Austerlitz - 21 h. 45» Haurrak bezela zaizte zuek: Hau har, bertzea utzi, orai nigar, gero irri... Funtsarik ez!

ENEKO: Errazu, Maria! Asmo bat etorri zait. Jaun Erretora lagunduko bagenu Gantzarain-erat?

MARIA: Trenaz...? Nik ez paitut sosik, Eneko!

ENEKO: Egia! Baina... bigar goizean, otostopa eginez abia gindazken hirurak lorietan! Joanen gaituzu, jaun Erretora?

ERRETORA: Ni zuekin...? Ya, ya, ya, ya, ya... Ez! Nahikoa ikustarazi didazute egun, otostopa egiten ibili gabe ere! Gantzarain-erat heldu ba zaizte, hartuko zaituztet etxean gogotik. Baina... paperen antolatzerat etortzekotan. Bertzela ez. Apeza hemen duzue. Lekukoa ere bai. Erran garbiki: Maite duzute elgar, bai ala ez?

ARLOTE: Xooo! Hori... hunek erranen. (Itxura erakusten die)

MARIA: Hooo! Zoin ongi garen?

ENEKO: Nun ezarriak gaituzu? Gantzarain-en?

MARIA: Zergatik gaituzu emanak hola, hartuz-ondo baten azpian jarririk?

ARLOTE: «Haritz-ondo bat ezagutzen dut, iturri baten zaindari. Haritz azpian hartua diot lehen muxu, maiteari...» Gogoan duzu, Maria?

ERRETORA: Ze ba! Hura ere... adiskidetasunak emana, noski! Paperak behar dire hemen, paperak! Eta lehen-bai-lehen! (Telefonak jotzen du)

ENEKO: Otoi, jaun Erretora! Eman zaite zu. Sobera alegera nauzu ni, orai.

ERRETORA: Hori ere behar diat egin? (Telefona hartzen du)

MARIA: Baina, Eneko! Egiazki maite nauzu? Ez naiz, beraz, munduan bakarrik? Beldur naiz...

ENEKO: Zeren beldur?

MARIA: Ez ote den sobera zorion, nerea!

ERRETORA: (Telefona eskuan) Xooo! Halooo! Qui est á l'appareil? Xooo! Xooo! Vous parlez avec le Curé de Gantzarain...

ENEKO: Egizu euskeraz, jaun Erretora...

ERRETORA: Ago ixilik, nahasia...! Edo bertzea, eman adi hi hemen! Nola?... Nor zerala erran duzu ...? Ma-o-tse-iu-mi O-no-lu-lu?... Xina-ko Anbasadorea...? Agur jauna... ez, ez, ez duzu hura... Zer erran behar diot?... Nola? Bezperak euskeraz kantatzen ere ikasia duzula...? Erranen diot, erranen diot, kontent izanen baita...

ENEKO: Zakur faltsu mihikatzailea! Eni sekretua ebasteagatik, emanen luke horrek... meza ere! (Telefona hartuz) Gora zu, Mao-tse-iu-mi O-no-lu-lu! Hori da bidea? Zer nahi zenuke ordaiñez? Ene sekretua? Jaki-zu ba, merezi bai duzu: Maria Lorka-rekin ezkontzen naiz! Erraiozu Ma-o-te-tu'ri ere! Ondoko egunak arte, beraz, O-no-lu-lu gaizoa!

MARIA: Eneko! Ezin sinetsia dut! Ez naiz, beraz, munduan bakarrik?

ARLOTE: Ni ere ez bai nauzute geiago bakarrik munduan! Atxeman bai dut familia, nik ere! Iupiiiii!! Etxean bezela naiz ni hemen! Zubi azpian bezela! Iupiii! (Lotzen dira dantzan eta kantuz)

MARTA: (Basoarekin heldu) Aitaren eta Semearen... Sosik ez eta kantuz!

ARLOTE: Ze ba! Xoriak bezela!

MARTA: Tira, edazu.

ARLOTE: Ez, andrea. Borondate gabe eskeiniak ez dit sekulan on-egin.

BERTZEK: Edazu, adiskidea...

ARLOTE: Hola bai! (Edaten du)

ERRETORA: Marta! Harritua naiz! Mao-tse-iumi'ri berari entzuna diot nihaurrek, nihaurrek! euskeraz zu bezin garbiki mintzatzen!

MARTA: Aste bete egiten baduzu gurekin hemen, jaun Erretora, Aita Sainduari ere entzuten ahalko diozu, aixe, Ahetze-ko Mattin-ekin pertsutan ari!

ARLOTE: (Basoa eskuan) Ene familia berriari!

ENEKO: Suari! Urari! Aizeari! Iduzkiari! Izarreri! Eta denen gainetik, «Zazpirak bat» egiteari!

MARIA: Gantzarain-go plazari, elizari, hilerriari...!

ARLOTE: «Paris-en nago xoraturikan, zabal zabalik begiak...»

ERRETORA: Xo! Xo orai! Xo! Ba dut asmo bat! Asmo izigarri bat!

MARTA: Akabo! Bildu dute! Lehen aieruak ezagutzen bai ditut nik! (Ba doa)

ERRETORA: (Ordulari ateratuz) Oren bat diagu, Eneko. Mogi gaitezke, beraz. Huna nere asmoa: jautsiko zaizte, bi gazteak, behera...

ENEKO: Bai, jauna...

MARIA: Bai, jaun Erretora...

ARLOTE: Xo!

ERRETORA: Bilduko dituzute atean diren gazetariak oro. Eta zuen iduri hori emanez, heieri salatuko, buru ta bihotz gabeko gizon zonbeitek Gantzarain-ez egin nahi duten hobena. Arrabotsa maite dutenek, arrabotsa ukanen dute. Bigar, Paris-ko egunkari guziek lehen orrian agertuko dituzte biak: Zuen itxura eta berria. Trankil naiz: Zuek egun duzuten ospearekin, Gantzarain ez dela suntsitua izanen. Ohartua bai naiz, Eneko eta Maria: egungo egunean, ixiltasuna ardiesteko ere, ahal bezin oihu haundienak behar direla egin!

ENEKO: Hori, hori, jaun Erretora! Goazen bereala!

ERRETORA: Bego!

MARTA: (Sukaldeko atetik) Sukaldean egon nahi eta ezin. Orai ere ba duzute zuek zerbeit. Zer da?

ERRETORA: Asmo izigarri bat dugu, Marta! Utzi gaitzazu orai, otoi! Presatuak bai gare...

MARTA: Bainan zu ere anbalatua zaitue, jaun Erretora? Nola horren laister! (Ba doa)

ARLOTE: Eta nik zer egin behar dut?

ENEKO: Zu ere gurekin jetxiko zare gazetarienganat! Eta itxuraren prezioa, nik eginen!

ARLOTE: Gora zu! Hola, beharba, Euskal Herria ikusten ahalko dut hil baino lehen!

MARIA: Goazen!

ERRETORA: Zoazte bai, zoazte!

ENEKO: Bai, goazen! Baina kasu!! (Pausa) Gazetarieri ez diotegu hitz bat ere erderaz eginen! Erran beharrak oro, euskeraz idatziak emanen zaizkie...

ERRETORA: Akabo!! Asiak gera berriz!

ENEKO: Eta gure iduria agertu nahiko duten eguneroko denek, beharko dituzte guk erranak oro haren azpian euskeraz ezarri.

ARLOTE: Nola? Paris-ko egunkariak bigar euskeraz? Iupiiii!!

ENEKO: Ze ba! Akabo euskeraren lotsak! Akabo Miguel de Unamuno-ren denbora! Eneko Bizkai eta Maria Lorka-ren aro berrian gare! Euskeraren aroa! Euskal Herriaren garaipena!

ARLOTE: Inaki Bizkai eta Maria Lorka-ri esker!!

ERRETORA: Ez jauna! Ez, eta ez, eta ez. Asi haiz hi, berriz ere, errokerietan? Hola ez diagu fitxik eginen! Fitxik! Gantzarain salbatu behar diagu. Eta zuek ametsetan ari, orai ere!

ENEKO: Ez beldur ametsari, jaun Erretora! Munduko indarrik haundiena egun ere, ametsa dugu! Herrien geroa ez paita basan, izarretan baizik! Goazen. (Ba doaz)

ERRETORA: (Bakarrik. Otoitz-liburua ateratuz) Atxik nazazu sendoki, Jauna, hoien ondoan burua arras galdu gabe! Tenorez ohartua bai naiz, beharrik, biltzen asia nindutela ni ere! Jauna! Hoiek egingo ez dutena, egizu zuk! Zuk ez bai duzu burua galtzen, Poetarik haundiena Zu izanik ere!

 

 

 

IV. AGERRALDIA

 

Erretora, Marta eta Martxial. Gero Eneko

 

MARTA: Bakarrik mintzatzen asi zinen, jaun Erretora?

ERRETORA: Hori! Zer duzu Marta?

MARTA: Gizon bat ba duzu sukaldean, aspaldi zure beha.

ERRETORA: Paris-en bada norbeit ni ikusi nahiz?

MARTA: Bakarrean mintzatu nahi zaitu.

ERRETORA: Nor da bera?

MARTA: (Ixilka) Martxial Arratibel, Urgain-eko bide-egilea. Odolki erraiten bai diote. Kexu duzu, bide berriari kontra egiterat etorria zaren Paris-erat.

ERRETORA: Horri emana bai zioten, egiteko, bide berria... Bide berria, eliza berria, hilerri berria... Eta horrentzat ez paita sosa baizik... Erraiozu sartzeko. Entzun beharrak entzunen dauzkit.

MARTA: (Sukaldeko atetik) Sar zaite, Martxial. Hemen duzu jaun Erretora, bakar bakarrik.

MARTXIAL: Arratsalde on, jaun Erretora.

ERRETORA: Bai zuri ere, Martxial.

MARTXIAL: Paris-ko aizearen freskura hartzerat etorria, beraz, hemengo aldi?

ERRETORA: Jarri zaite, Martxial (Pausa) Atzo ikusia ninduzun Gantzarain-en. Zer behar nauzu gaur Paris-en?

MARTXIAL: Zuen eliza berriko itxurak erakusterat jina ninduzun, goizean, Gantzarain-erat. Atzo ez bai genuen astirik izan ere. Han errana didate Paris-en zinela. Parma-n egazkina hartua dut eta...

ERRETORA: Presatua ibilki zare, Martxial...

MARTXIAL: Ni hola nauzu beti, jaun Erretora. Asian asi...

ERRETORA: Eta nik, aldiz, deskantsuan ibiltzea maite...

MARTXIAL: Gure ofizioan, jaun Erretora, batxe ibiltzeak ez du onik ekartzen.

ERRETORA: Nerean aldiz, Martxial, sobera laisterka abiatzeak ere ez.

MARTXIAL: Zuen hilerri berriko iduriak ere ekarriak dauzkizut. Ikusiko dituzu denak. Astia ba dugu! Zaude! Mahain bat bagenu hemen... Horra! Erakutsiko dauzkizut laister. Zato hunaino. Zato gustian!

ERRETORA: Ez, Martxial. Ez dut begiratu nahi ere.

MARTXIAL: Ze-uzu?

ERRETORA: Beharba... bihotz-minez hilen bai nintzaizuke! Baina... agian, hoiek denak ez paitire ametsak besterik izanen...

MARTXIAL: Ametsak! Barkatu, jaun Erretora. Huna hemen baimen guziak. Hau... plazako etxe triste hoiek, buruz beheiti botatzen hasteko. Horra!... Irakur zazu. Balio duten baino gehiago pagatuak izanen dire, zaude trankil. Hau berriz... To! Hilerri berriko planak. Behazu pittat... Marmolazko hilobia nahiko duenak, izaten ahalko du. Hura, beti... udako freskoagoa baita.

ERRETORA: Baina... Gure gaizo hilak nun eman nahi dituzute orai, Martxial?

MARTXIAL: Hilak? Biziengandik ahal bezin urrun jaun Erretora. Midikuek ere hola manatzen bai dute orai: urrunago eta nahiago.

ERRETORA: Baina... Gantzarain-go hilak eta biziak, elgarrekin egon zaizkizu beti, Martxial. Igandetan bereziki. Otoitza dela, lorea dela... edo haurrak hilobi inguruan jostaketan ibilki...

MARTXIAL: Ba! Xaharkeriak dire hoiek! Lehen, asto gainean ibiliko zitzaizkizun euskeldunak. Zoazi orai! To!!! Beha-iozu pittat etxe berri animali huni... Bederatzi estai, ehun bat bizi-toki beren komotitate, serbizio, garbi-toki eta bertze...

ERRETORA: Eta... Gantzarain-en arima nun eman behar duzute, Martxial?

MARTXIAL: Gantzarain-go arima? Guk ez dugu arimentzat etxerik egiten, jaun Erretora!

ERRETORA: Martxial! Baxenaparra zaitut zu?

MARTXIAL: Zu bezin garbia, jaun Erretora!

ERRETORA: Eta Gantzarain-go plazaz, hilerriaz, elizaz... hola mintzo zera! Pesta-berri egunarekin, iduzki beroan, egun hartan usain berazi bat ere izaiten baita, Sakramendu Sainduaren aintzin dantzan, herriko gaztediaren hilerrian sartzeak... horrek ere ez du zuretzat bide berri horren bihurgune ttipiño bat balio?

MARTXIAL: Froga guziak eginak dituzte, jaun Erretora. Egin ahalak ere bai. Bidea behar bezin xuxen egitekotan, behartuak. gare herria suntsitzen. Mendia hor baita!

ENEKO: (Atetik. Loreatua) Jaun Erretora! Jetsi zaite behera! Otoi! Zoazi laister!

ERRETORA: Zer da?

ENEKO: Kazetariek nahi zaitue ezagutu! Bigar, Paris-eko egunkari guziek ageriko dute gure iduria! Londres-koek ere bai! Eta Amerika-ko denek dudaike! Xeheitasunak oro, munduko gazeta guzietan, euskeraz emanak izanen dire!! Errana bai diotegu: bertzela ez zutela gure itxurarik izanen! Ezin sinetsia da, jaun Erretora. Zoazi laister!!

ERRETORA: Eta Gantzarain? Gantzarain?

ENEKO: Gantzarain salbatua da, jaun Erretora! Arrabots izigarria egin beharra bai dute denek! Zoazi laister, jaun Erretora!

ERRETORA: Zoazi laister, zoazi laister... Nik ez bai nikek trena galdu behar! Zer tenore dugu?

ENEKO: Ixtant bat, jaun Erretora! Gantzarain-go Erretora ezagutu nahi bai dute!

MARTXIAL: (Ixilka) Joan, joan! Nik ere bilduko bai ditut gazetariak gero!

ERRETORA: Ni orai... gizon hunekin ari bai nindukan. Ezagutzen duk? Martxial Arratibel, Urgain-eko bide-egile haundia... Bide-egile, etxe-egile, eliza-egile...

ENEKO: Sosa-egile, krima-egile... Zer bertze ohore du?

MARTXIAL: (Sutan) Hortaz mintzatuko gaituk, segidan.

ERRETORA: Barkatuko gaituzu beraz, Martxial... Ikusten duzunez, denak ez gera bide beretik ibilki... Ze nauzu! Gauden, ahagatik, elgarren errespetuan...! Heldu naiz bereala... tira! Goazen! (Abiatzen da)

ENEKO: Ez hortik, jaun Erretora! Hori sukaldeko atea duzu!

ERRETORA: Barkatuko duzu, Martxial... Hemen naiz bereala... Errak, Eneko: Trenaren orena gogoan duk? Gero ere, ene paisolarekin heldu bazaik norbeit...

ENEKO: Ken zazu, orai, paisola burutik, jaun Erretora!

ERRETORA: Buruan baino nahiago nikek bai besoan banu...

MARIA: (Barnetik) Jaun Erretora!

ENEKO: Maria duzu deika. Zoazi laister!

ERRETORA: (Atetik) Heldu naiz, Maria! Hi ago hemen, Eneko! La gare de Waterloo... zer ari naiz ni... La gare d'Austerlitz atxemanen diagu, gero, biok bakarrik? Sarri arte, Martxial... Mintzatuko gaituzu, sarri... Zaude gustian... Heldu naiz heldu... (Eta ba doa)

 

 

 

V. AGERRALDIA

 

Eneko eta Martxial, buruz buru

 

ENEKO: Zertarat etorria zare zu hunat? Paris ezagutzerat noski?

MARTXIAL: Zer uste duk? Hi noiz sortuko hintzen begira egon naukala ni, Paris ezagutzeko?

ENEKO: Zer behar duzu zuk hemen?

MARTXIAL: Hori! Hire barkamena, noski! Paris-erat jiteko ahantzi bai nian hiri baimenaren galdetzea!

ENEKO: Gantzarain-en makurrean, bazterrak zure alde nahastekatzerat etorri bazare hunat, orroituko zare gutaz. Orai arte egin bai dituzu nahi-tuzunak. Orai ibili beharko zare mantxuago!

MARTXIAL: Zer duk? Mehatsua? Zer uste duk? Laister ukitu behar ditukan izarren dirdiraz itxutuko naukala ni? Ni ez nauk, gero, auntzaren gauerdiko eztulaz izi arazteko gizona. Zer ari zaizte zuek? Bide berria neri eskuetarik kendu eta ni leher egin arazi nahiz? Ago pittat. Hik bezin gidar luzeak dizkiat nik. Eta esku onetan ezarriak. Ez dakik, semea abokata diatala nik Paris-en?

ENEKO: Zure seme abokata ez dut nik ezagutzen.

MARTXIAL: Ez eta hik hura, ago deskantsuan! Animali ona duk!

ENEKO: Traidore ustela, zu! Sosagatik salduko zenuke zuk ama, Herria, Besta-Berriko Ostia Saindua ere! Nor duzu zuk Jainko? Urre gorria noski? Zuek galdu duzute gure Herria: euskeldun diru-gose fariseu ustelak! Sosa! Zuentzat ez paita bertze eragintzalerik! Hilobi zurituak, zuek!

MARTXIAL: Español arraza madarikatua hi! Mihiatik ageri duk!

ENEKO: Ez zaidazula neri española erran, bestela...

MARTXIAL: Española ez baintza, ez hintzake hola mintzatuko! Zuek nahastekatzen dituzute hemengo bazterrak! Zuek bai, zuek! Zaraparta ta nahasmendua nahi baduk, pasa zak muga eta oa hire herrirat.

ENEKO: Ene Herrirat joaiteko ez dut nik muga pasa beharrik. Eta Gantzarain ene herria da! Entzun duzu? Gantzarain-en sortua naiz ni ere, amak, suari igesi, Gernika-tik sabelean ekarri ba ninduen ere! Hargatik maite dut Gantzarain eta hartatik ez dauzutet utziko ene herria suntsitzen! Ez duzute eginen, entzun duzu, ez duzute eginen!

MARTXIAL: Ago ixilik, arrotza! Gantzarain frantxesa duk eta ez española. Orai Gantzarain-en biziaz hardura hartzea baino, hobe zenuten, denbora batez, Gernika-ri su ez emaitea! Gorri zikinak, zuek! Herri ondatzaileak! Su-emaileak!

ENEKO: Gernika-ri guk eman geniola su? Errazu berriz! Errotuko bai nauzu!

MARTXIAL: Errotuko, hi? Ez aixe! Aspalditik egina haiz eta!

ENEKO: Gernika-ren azpian utziak ditut aita eta hiru anaien ezurrak. Amarenak Gantzarain-go hilerri zaharrean ditut. Norat ereman behar dauzkidazu zuk orai?

MARTXIAL: Hire arrazakoak ez ditek gure hilerrietan ehortziak izaitea merezi. Ereman hitzak amaren ezurrak, hirekin batean, Espaimarat. Zer abil hemen espantuka?

ENEKO: Zoaz hemendik! Zoaz hemendik laister! Otoi! Zoaz hemendik! Ene begietarik gorde zaite! Odolak hartuko bai dit gaina. Ez zaitut hil nahi! Zoaz! Gorde zaite! Zoaz laister! Baina Gantzarain herria ez zazula suntsitu! Eliza ere ez! Hilerria ere ez!

MARTXIAL: Nigar-merke gezurti ustela, hi! Zer habil orai Gantzarain-i begira nigarrez? Berriz ere erranen diat: Aski zenuten Gernika-ri su ez maitea!

ENEKO: Gernika-ri ez genion guk su eman!

MARTXIAL: Nortzuek ba?

ENEKO: Españolek eta alemanek!

MARTXIAL: Zer haiz ba?

ENEKO: Euskeldun utsa, euskeldun garbia, zu besela! Ez dut ageri mintzairatik?

MARTXIAL: Zuek euskeldunak bazaizte, nahiago diat nik boemia izan! Entzun duk? Eta orai aski! Gantzarain-go hilerri zaharrari egiten ahal diok agur! Egun goizean hartua bai dik bere lehen dinamitazartada!!

ENEKO: Gezurra!! Gezurra!!

MARTXIAL: Gezurra? Oa eta ikusiko duk...!! Baimena eskuan bai nian!!

 

(Eneko-k arrapatuko du Martxial lepotik eta lotuko dire biak borrokan. Martxial eskapatuko zaio golpez eskuetarik. Eta mahain gaineko aiztoa hartuko du eskuan.)

 

ENEKO: Bota zak hori lurrerat!!

MARTXIAL: Hik arrapatzeko gero? Ken zaidak eskutik, gizona ba haiz! (Eneko abiatuko zaio berriz. Eta eskutik aiztoa kenduko. Martxial aterako da igesi eta Eneko haren ondotik. Kanpotik entzunen dira Martxial-en oihuak:) Ez nazakala hil!! Ez nazakala hil!! Aai ama!! (Pausa baten ondotik kanpotik entzun bitez bozak).

EMAZTEKI BAT: Qui est lá? Qu'est-ce que c'est que ce cri?

EMAZTEKI BI: Avez-vous entendu, Madame Verdenal? On aurait dit le cri de la mort...

GIZON BAT: Et alors, qu'est-ce que ce cri? On ne va pas lá-haut, non?

EMAZTEKI BAT: Vous aussi vous avez entendu, Monsieur Dordignon? Il y a eu un grand cri, puis...

EMAZTEKI BAT: Voulez-vous que j'apelle le concierge?

EMAZTEKI BI: Attendez, je m'en vais voir... Oh! quelle horreur! Mais c'est vous l'assassin?... Vous le Vasque, le savant, l'humaniste? Madame Trinon! Venez vite! On a tué un homme! Concierge! Montez vite au 6e! On a tué un homme!

EMAZTEKI BAT: Concierge! Concierge! Montez vite au 6e, on a tué un homme! (Eneko sartuko da, arpegia zuri, eskuak odolez gorrituak, begiak urrun. Ez du iduri deusetaz ohartzen denik ere. Ixil ixilik jarriko da. Eskutako odola xukatu du bere mukanesarekin. Ez du gehiago hitz bat erranen. Begiak urrun ditu...)

BOZAK: (Kanpotik eta nahas mahas) Qu'est-ce qu'il y a? Qu'est-ce que se passe?... On a tué un homme...! Oú cela?... Au 6e, chez Bizkai...! Il faudrait prévenir la police! Mais c'est fait! Appelez la Croix-Rouge! Oh, quelle horreur! Arrêtez l'assassin! C'est M. Bizkai... Je l'ai vu, il est rentré chez lui...! Allons, vous étes fou...? Laissez passer le concierge...! Pas de journalistes! Foutez-moi le cam d'ici! Il a raison! Pas pulbicité avec le crime! Laissez passer Monsieur la Curé! On va l'installer dans l'ascenseur... Prenez-le par les jambes! Doucement!... Il faudrait lui faire le bouche á bouche, tout de méme! Descendez avec lui, Monsieur le Curé! Nous on descend á pied! Doucement! Faites doucement! Enlevez-lui sa cravate, tout le même! (Urrundik entzun bitez «Gurutze Gorria»-ren turutak: ti-tu-ti! ti-tu-ti!) Les voilá! Ils arrivent! C'est la police! Mais non, c'est la Croix Verte! Partez d'ici! Tous! Allez! Partez d'ici tout le monde! Allez! Dégagez-moi la! Fini le spectacle!

MARTA: (Sartuko da nigarrez eta jarriko da) Bainan haurra, haurra! Zer egin duk? Zer egin duk! Arima ere dardaraz diat, gorputza bezelaxet!

EMAZTEKI BAT: (Kanpotik) Rentres-lá, Monsieur Robert! Lá, chez le meurtrier! Vous avez le téléphone...

M. ROBERT: C'est toi l'assassin? Tu as fait ton boulot, maintenant tu te reposes, eh? C'est bien ça! C'est toi qui voulais arriver aux étoiles?... Toutes les portes sont fermées... Si tu bouges... Ça n'iras pas loin... (Telefona hartzen du. Artean, eskalea sartzen da) Allo! Commissariat de Police? Ici, rue de la Madeleine... Ah! vous ¿tes au courant? Vous arrivez...? Bon...! Oh! Ça doit étre un réglement de comptes entre Basques, eh? Nous, on passe les vacances á Ainhoa, alors on les connaît... C'est souvent comme la, chez eus...! Je le garde á vue, il ne bouge pas... Salut! (Arloteari) Toi aussi, tu es Basque? C'est bien la ...! C'est comme la que vous vous battiez entre vous qu'avec les autres... Comme la vous nous foutez la paix... Si vous étiez tous unis, vous voudriez faire une nation, vous aussi... eh? Comme le Juifs, comme les Algériens, comme les noirs... On n'est pas por les nouvelles nations, nous... on en a aseez comme la... (Arloteari) Tu le gardes, toi? En tout cas, on n'est pas loin, on vous garde la porte... (Ba doa)

MARTA: (Nigarrez, Arloteari) Nun da, jaun Erretora?

ARLOTE: Hil beharrari, azken atsa hartzen.

MARTA: Eta Maria?

ARLOTE: Maria? Guardak eremana dute. Eneko salbatzea gatik, aitortua baitu: bera zela hiltzalea.

XANPIER: (Sukaldetik oihuka) Marta! Eneko! Nun zaizte? (Sartzen da. Esku batean gazeta dakarki eta bestean paisola) Eneko! Beha zak hau! Paris-ko gazeta guziak euskeraz! Behazu! Euskal Etxea-tik pasatua naiz! Euskeldun guziak dantzan ari dituk, ezin sinetsiz! Euskal Herrian ere edatu omen duk berria!! (Golpez harritua) Zer du? Zer duzute? Zer gertatu da hemen?

ARLOTE: Nundik sartu haiz?

XANPIER: Gibeleko atetik, beti bezela.

ARLOTE: Hargatik ez duk deus ikusi. Oa. Bigar mintzatuko gaituk.

XANPIER: Eta jaun Erretora? Hura segitu behar bai dut trenaren hartzerat!

ARLOTE: Jaun Erretora? Astian entzuna diat: Paris-en geldituko zela.

XANPIER: Paris-en geldituko? Zer? Paris-ek bildua du, hura ere?

ARLOTE: Ardi bat galdua zaiola erran du, eta... artaldearen gana ez dela itzuliko hura berriz besotan ukan arte. Oa!

XANPIER: Eta... haren paisolarekin zer egin behar dut? Etxean ahantzia zuen astian.

ARLOTE: Utzak hor nunbeit... Usainetik ere atxemanen dik harek laister bere paisola.

XANPIER: Ba noa, ba. Eta barkatu. Agur...

ARLOTE: Zu ere zoaz, Marta. Utzi gaitzazu bakarrik. (Marta joanen da. Eta Arlote urbilduko zaio Eneko-ri) Seme! Ni ere, hi bezela nindukan: Bihotz haundiko mutiko bat. Egun batez, Elizondo-ko merkatuan, napar gazte bat oldartu zitzaidan, gipuzkoarrengatik zer nahi erranka. Ez zikan luze mintzatu. Lepotik arrapa bai nian...! Haren odolaz, eskuak gorritu nizkian nik ere. Zergatik uste duk, berrogoi urte hauetan, Paris-ko zubien azpian egiten diatala lo? Ezagun berriak izanagatik, familiakoak bai gaituk orai, begira nazak, seme! Orai, elgarri begiratzeko, ez bai diagu, ez hik eta ez nik, begiak lurrerat apaldu behar! (Eneko-k altxatuko ditu begiak. Kanpoan entzungo dire polizaren turutak: ti-tu-ti ti-tu-ti...)

M. ROBERT: (Atetik) Alors, eh? Tu entends ton petit panier á salade, lá? Ce n'est pas la lumiére qui va te faire crever les yeux, lá dedans, eh! Et puis les bains de soleil, mon petit, c'est pas ga qui va te faire brunir la peau, maintenant...! (Kanpoan entzunen berriz: ti-tu-ti ti-tu-ti...)

ARLOTE: Oa gustian, eme! Gero ere... hemen izanen gaituk gu! Oa deskantsuan! (Polizako turutak: ti-ru-li ti-ru-li... Eta artean, pulliki pulliki, oihala etsiko).

 

 

© Telesforo Monzon

 

 

"Eneko Bizkai eta Maria Lorka"

"Telesforo Monzon - Literatur lanen bilduma" orrialde nagusia