LEHEN ZATIA
Pariseko ikasle baten ganbera xinplea. Ogea, mahaina, liburutegi bat, jarleku batzu... eta pianoa.
Mahainaren gainean, paper eta liburuak nahas mahas. Telefona eta kafe-ontzia ere bere katiloarekin. Zigarreta buztanak nunahi.
Buruz buru atea eta leihoa. Leihotik Paris-ko teilatuak ageri. Ezker aldean ere ateska bat: sukalderakoa.
Goizeko zortziak dire. Udaberria...
Mahainaren gibelean ileak nahas, begiak gorri, eskuan luma Eneko Bizkai lanean ari. Ez du lorik egin gau osoan. Ogera ere ibili gabe dago. Kanpotik heldu bitez oihuak: «Les Nouvelles de Paris» édition du matin! Achetez «Les Nouvelles de Paris»! Derniére édition! Avec les derniéres nouvelles! Sensationnelles découvertes du jeune savant basque! Achetez...
I. AGERRALDIA
Eneko eta Gazetaria
GAZETARIA: Tiens! Voilá ton journal. Mon p'tit! Tu liras ton nom, comme toujours, á la premiére page! Il commence á devenir éminent notre p'tit savant basque, h? (Ogeari begira.) Hooo! Gaixoa! Gaur ere... zuk... ez lo? Hori ona... laister... «singlatzeko»! Nik jakin euskeraz, pittat... Udan, Donibane'n nik saldu «Nouvelles de Paris». Gero, neguan, ni hemen, Paris-en. Zuk ez maite Paris? Zu beti... séparatiste! Hooo... aprés tout tu as bien raison mon vieux! C'est ce que je dis á ma blonde, moi quand je pars pour Saint-Jean-de-Luz: «Ne pleure pas, ma p'tite! Dans la vie pour bien vouloir s'unir, il faut avoir été séparé... Zuk ez nahi mintza frantxes...! Beti euskeraz! Eta beti ikas! Des numéros... Zuk laister gu ereman... á Vénus! Behazu hemen (Egunkaria zabaltzen du: «Sensationnelles découvertes du jeune savant basque. Eneko Bizkai se refuse á toute déclaration. «Je ne parlerai qu'en basque», nous dit-il.) C'est bien ça! Ça facilite les choses, quoi! Neri ere: pas de déclaration? Beti ixil? Bon! Ago hola-hola! Tu vois? En Espagne on dirait olé olé! Mais nous les Basques, on dit hola hola! Parce qu'en est une nation différente, nous! Bon! Segi hol-hola... avec les numéros... Nola erraiten Vénus en basque? Oh je sais bien, tu as la célébrité, toi! Tu vas bientót visiter les étoiles! Mais on t'envie pas, eh! On aime mieux courir les filies icibas que d'aller faire le pantin lá? Pas mal, eh! Je lui al fait comme á Saint-Jean-de-Luz «Adi gaixoa!» Pas de réponse non plus!... Des numéros! Eh bien, mon p'tit, pour des numéros... nous on n'en fait pas matis... on en connait, eh!! (Eta badoa oihuka): «Les Nouvelles de Paris», édition du matin!... Achetez...
II. AGERRALDIA
Eneko eta Marta
MARTA: (Gozariarekin heldu, ogeari begira gelditu da). Aitaren eta Semearen! Gaur ere ez haiz ogean sartu? Lo egin gabe ago gaur ere? Laugarren gaua duk hola, Eneko. Eta osagileak garbiki erran: hola segitzekotan...
ENEKO: Zer?
MARTA: Burutik nahasiko haizela arras, edo hilen. Orai hik hauta. Utzi itzak numero tzar hoiek bere gisa, iloba, eta sar adi ogean. Jesus! Kafe-ontzia ustua duk gau osoan deus jan gabe! Tira zak. Hemen duk gozaria. Ogia gorritua diat, maite dukan bezela. Jan zak beroa delarik. Eta sar adi ogean gero. Leihoak etxiko dizkiat nik. Tira, mogi adi.
ENEKO: Bakarrik egon nahi dut. Munduaren geroa ibilki dut eskutan.
MARTA: Munduaren geroa? Errak: zer egin behar dik gure Jainko maiteak, hik hartzen baduk orai haren plaza? Eneko! Ator berriz pulliki hire baitarat. Biok bakarrik gaituk munduan. Aitarik ez duk, amarik ere ez. Ni nauk hemen: Hire aita zenaren arreba bakarra, mutxurdina. Gauza handirik ez nauk baina... hoberik ez zaik munduan gelditzen eta... emanatik bizitzen ikasi beharko duk hik ere, bertzeek bezela. Gernika-tik segitu nian Gantzarain-erat, suari igesi amak sabelean Baxenaparra-rat ekarri hinduela. Gantzarain-etik ere, legundu hinduen Paris-erat. Eta... ez zekiat batere ongi gaizki egin nian, horra.
ENEKO: Nik bakardadea behar dut, eta ixiltasuna.
MARTA: Ezker-gaitza duk hik merkeegi saltzen, haurra. Jakin izan banian...
ENEKO: Behazu, izeba. Ahantxu dut. Ez dut oraino arras atxemana baina, bidean naiz nik uste. Beha-zu (Papera erakusten dio).
MARTA: Zer dituk zirrimarra zarapartari hauek? Izarretarainoko bideak? Iduripena ta fantasiaz baino, behartuagoak gindazke gu orai ere... sosaz, Eneko. Esneketaria asia zaik kexatzen. Atzo ere...
ENEKO: Ez zaidazula neri otoi, izeba, sosik aipa! Eta utzi zaidazu amets egiten.
MARTA: Ze ba! Ametsez gizenduko gaituk urrik! Eta ametsik ez bada ere, arrokeria beti hor izanen baita... (Marta gela txukuntzen ari dela, telefonak deituko du) Har zak telefona. Ni ahalgetzen bai nauk.
ENEKO: Nor da? Nor? Nor den, bai nor den? Edo, Paris-en ez dut euskeraz mintzatzeko eskubiderik? Ni naiz bai, ni: Eneko Bizkai, odolez bizkaitarra, sortxez baxenaparra. Gantzarain-en bataiatua eta eskolan! Zergatik ez ninduzuten utzi, Gantzarain-go mendietan ni ere, ene ardiekin bakean? Nor zaitut zu? Zer behar nauzu? Mintza zite!
MARTA: Jainko maitea! (Ixilka) Ari adi eztixeago, Eneko. Denekin xamurtuko bai gaituk. (Bere baitan) Preso altxatzen ez bagaituzte gu, azkenean!
ENEKO: Zer? Erdaraz egiteko? Nik? (Irriz lotzen da) Aski duzu zehaurrek euskeraz egitea. Beingoz, ni bai naiz hemen nagusi. Eta zuek ene meneko, ene mutil, ene serbitzari... Zer? Nor? Nor zerala? Hooo! Monsieur le Ministre de la recherche scientifique! Eta bon... hemen Eneko Bizkai, Prix Nobel 1970. Enekin hitzegin nahi duenak, aski du euskeraz ikastea. Nahikoa trufatu zaite denak ene Herriaz. Orai, nere beharra bai duzute, beharko diozute errespetua ekarri. Barkatu jauna. Lanpetua naiz. Ondoko egunak arte...!
MARTA: Bon! Enekin segitzekotan, nahikoa. Entzun duk? Bertzela, aski duk emaztea hartzea. Edo neskatoa. Nik ez diat erroak zaintzen ibiltzeko gutiziarik. Frantzia-ko ministru bati hitzegin araziko diok hik euskeraz? Nun duk hik errespetua?
ENEKO: Zergatik ez? Berek ez ahal digute guri, orai arte, nahiko hitzegin arazi erderaz? Nun zuten errespetua berek?
MARTA: Izarrak ukitu behar ditukala! Eta «Zazpirak bat» egin. Gaizoa! Biak bat ezin diagu egin eta, zazpirak bat eginen dituk hik, aixe! Bon! Behar duk jan, bai ala ez? Behar duk ala ez duk lo egin behar?
ENEKO: Nahiago dut, izeba... pianoa jo!
MARTA: Ze ba! Merkeena hori duk!: tripa utsik, soinu egiten ibiltzea.
(Eta badoa. Eneko emanen da pianoan. Hartan ari delarik, Eneko-k ikusi gabe, sartuko Maria Lorka.)
III. AGERRALDIA
Eneko eta Maria
ENEKO: (Golpez ohartuz) Zer? Zu hemen?
MARIA: Ez nauzu ikusi ere sartzen.
ENEKO: Maria! Jakinen bazenu, artzain-mutil hunek zure ikusteaz hartzen duen poza! (Papera erakusten dio) Behazu, Maria! Ahantxu dut, nik uste.
MARIA: Zergatik erakusten dauzkidazu neri numero hauek, Eneko?
ENEKO: Egia. Zuk ez dakizu numerotan. Beharrik! Zu goragotik ibilki zare, Maria. Zu olerkaria zera. Paris-ek egun duen poetarik haundiena, beharbada: Maria Lorka!
MARIA: Ene eskolan ere ez da zutaz bertzerik mintzatzen. Denek agoan zaitue. Zuk atxeman duzun indar berri horrek ereman behar omen gaitu laister izarretarat. Munduaren geroari ere, bertze itxura bat ekarriko omen diozu zuk. Eta pentsa: denek neri goresmenak emaiten. Errana diotet: Zergatik neri goresmenak?
ENEKO: Zergatik? Nere adiskiderik oberena zu bai zera, Maria. Eta numeroak egiten ere, zure poesiaz ez bai nauzu gutxi lagundua.
MARIA: Hori bai naiz ni zuretako... Adiskide on bat!
ENEKO: Ez da gutti, Maria.
MARIA: Enetzat ez aski ere, Eneko.
ENEKO: Munduko bozkario eta atsegin haundienetarik batto, adiskidantza duzu, Maria.
MARIA: Badituzu ederragoak ere, Eneko.
ENEKO: Nik ez ezagutzen.
MARIA: Nik bai. Eta obe ezagutuko ez banitu.
ENEKO: Amodioa?
MARIA: Eneko! Ez zaitut gehiago ikusi nahi. Sobera sufritzen dut.
ENEKO: Baina... maite banauzu, behar zindake nere ikusteaz alegeratu!
MARIA: Egarrituak ere maite dizu iturria. Zertako iturriari begira egon, edaterik ez baduzu?
ENEKO: Nola? Olerkari batek erraiten hori? Zu bezalako poeta batek? Iturriak badaki gogoa freskatzen ere, Maria. Ez gorputza bakarrik.
MARIA: Eneko! Nik ez zaitut olerkari gisa maite. Ene baitan, ez zaitu poetak bakarrik maite. Emaztekiak ere maite zaitu.
ENEKO: Nik aldiz, ditudanak oro emanen nizkizuke, Maria. Oro! Bainan amodioa nola emanen, ezagutzen ez bai dut!
MARIA: Munduan utzi litazken denak utziak ditut zuregatik: Nere Espainia, etxea, burasoak, lagunak, besotan ibiltzen nuen nere anai gazteena ere. Bada hiru urte ez naizela Andaluzia-rat itzuli. Lirainja usain hura ere ahantxu ahantzia dut. Ez nauzu, hiru urte hauetan, zaldi gainean zezenen ondotik ibili. Karmen, etxeko sehi zaharrenak, idazten dit tarteka eta gordezka. Bertze nihork ez. Jakin duzu, gure aita izan berria dela hemen, Paris-en?
ENEKO: Ez nizun erran nahi baina, jakin dut bai.
MARIA: Ez dit dei egin ere. Ene burasoentzat hila naiz.
ENEKO: Heientzat, debrua bai naiz ni! Eta zu beraz, Maria, Paris-en debruarekin ibilki.
MARIA: Oroitzen zera, Eneko, orai hiru urte, Louvre-ko Museoan, nola ezagutu genuen elgar lehen aldiz? Biak ikasterat etorriak ginen Paris-erat. Ni Andaluzia-tik, zu Baxenaparratik... Ez da gauza bera! Ikusi ordu maitatu zindudan. Eta geroztik ez nauzu bizi izan zuretako baizik. Zu norat, ni harat. Zuk zer behar, nik hura nahi. Zuk zer pentsa, nik hura sinets. Ene Aberriari uko egin nion, zurea hartzeagatik. Udan, Gantzarain-erat lagundu zaitut, hiru urtez. Eta egun, euskera duzu nere mintzaira ere. Ene pertsuak euskeraz egiten ditut. Eta ahagatik... Federico Garcia Lorca zenaren hiloba bat, Guadalquivir ibaiaren egian sortua den neskatxa, uste duzu sekulan egiazko euskeldun alaba bat izan litakenik? Paris-en, zure lagunak dire nereak ere. Bertzela, bakarrik naiz. Zer nindake beraz ni gaur munduan zu gabe? Ardi galdu bat, besterik ez.
ENEKO: Zer zindaken? Zer zeran? Euskal-Herriak sekulan ukan duen olerkaririk haundiena, Maria, denek diotenez. Har zazu gogoan: Grezia ez zutela bertako seme alabek bakarrik egin. (Pausa) Zure liburu berri hori, Maria, zertan duzu?
MARIA: Gaur bururatua dizut. Ez da goizegi. Egunaz lan, gauaz amets, aspaldi huntan ez bai dut, nik ere, lo aunitz eginik. Horra. (Eskuan ekarria duen kaierra ematen dio).
ENEKO: (Lorietan irakurtuz) «Gantzarain eta ni. Maria Lorka-ren poema berriak.» Nork argitarazi behar dauzkitzu?
MARIA: Hartaz ez nauzu kexu. Paris-ko inprimatzaile haundienak ene ondotik ditut. Bakarrik...
ENEKO: Zer?
MARIA: Denek gauza bera galdetzen...
ENEKO: Zer?
MARIA: Hunen ondoko liburua, bederen, erderaz egin ararzi nahi didate.
ENEKO: Eta zuk zer erantzun?
MARIA: Ez dakit ba...
ENEKO: Ez dakizu, beraz? Nik bai, badakit! Badakit zer ihardetsiko diezun: zure poesiari hatu nahiko dionak bere egiazko atsa, beharko duela eukeraz ikasi. Ala bertzela, itzulpenak irakur. Maria Lorka-k ezpaitu sekulan, entzun duzu? sekulan idatziko euskeraz baizik.
MARIA: (Hilun) Nor zaitut zu, neri hola manatzeko? Norenak dira pertsu hoiek, zureak ala nereak?
ENEKO: Eta zu zer zaitugu? Jakin dezagun beingoz: euskelduna ala arrotza? Gure lagun ala gure etsai? Mintza zaite garbiki!
MARIA: Nola? Zer...? Zer entzun dut...? Zuk neri, Eneko, hori galdetzen... (Lotzen da ixilka negarrez)
ENEKO: (Haren oinetan belkaunikaturik) Barka nazazu, Maria. Erroa naiz. Ez nauzu ene buruaren jabe. Aize zakar batek erabilki nau, ostoa bezela. Barka nazazu. ez nazazula utzi bakarrik.
MARIA: (Haren burua ferekatuz) Gaizo Eneko! Eta gaizo Maria! Zergatik ez gaituzu, jauna, bertzeak bezela egin gu ere!
ENEKO: Erroa naiz, Maria!
MARIA: Erroago nauzu ni, Eneko. Amodioak itxuturik, maite ez nauen gizon erro baten eskutan emana bai dut osorik, ene izaitea!
ENEKO: Aize egoak erabilki nau. Aize ego beltzak.
MARIA: Zu baino sei urtez gazteago nauzu, Eneko. Eta alare, ez dut zure baitan gizona bakarrik maite. Maite dut, eta nola, zaren haurra ere. Dena su! Dena amets! Dena emaitza! Zuk ez dituzu, nik bezela, bertsoak egiten. Alare, ni baino poeta haundiagoa zera zu mila aldiz! Mila aldiz, ba.. (Telefonak jotzen du)
ENEKO: Nor da?... Bai, hemen da... Emanen zaizu (Maria-ri) Zuretzat da, Maria.
MARIA: Nor da?... Ah, c'est vous, Monsieur de Chantal?
ENEKO: (Berriz ere hilun) Zergatik ez diozu egiten euskeraz?
MARIA: Otoi, Eneko! Utz nazazu enetik emaiten! Oui, oui, je vous apporte mon manuscrit ce matin, vous pouvez commencer à l'imprimer tout de suite... Por plus tard...? En espagnol ou en français? Oh non! Aucun espoir...! Maris Lorka n'ecris que dans sa langue, en basque...
ENEKO: Gora zu, Maria!
MARIA: Miguel de Unamuno avait écrit en espagnol...? Et bien, voyez-vous, Maria Lorka écrit aujourd'hui en basque... Cela est peut-être la vengeance d'un vieux peuple qui se sent suffisamment jeune pour faire des farces... Vous ne m'en voulez pas, Monsieur de Chantal? Merci! Je vous exprime toute mon amitié... A tout à l'heure...
ENEKO: Maria! Nola estimatuko nizuke nik...
MARIA: Estimatu? Izar berak argitzen gaitu, Eneko.
ENEKO: Begira zer hartu dutan egun!
MARIA: (Irakurtuz) «Euskal Herriko gazteak zuen baitan dute bere esperantza». Emazu soinutik!
ENEKO: Eta zuk irakur zazu zure poema bat!
MARIA: Zoin?
ENEKO: Edozoin! Lehena... «Gantzarain-go itzala»... (Eneko emaiten da pianoan eta Maria erraiten. Hartan direla, sartuko jaun Erretora. Eneko ez da ohartuko ere)
MARIA: «Gantzarain-go itzala, Goizean goizetik, hilerrian duzu bel beltzez jantzia... Noren alargun den ez nizuke esango, hilobi denetan baita ibilia... Gerezi ondoaren alaba omen duzu, eta Iduzkiaren andregaia izana... Noren alargun den ez nizuke esango, hilobi denetan ibilia baita...»
IV. AGERRALDIA
Eneko, Maria eta jaun Erretora. Gero Marta
JAUN ERRETORA: (Atetik sar eta kanpora begira) Milesker, milesker Xanpier! Bai, bai, orai salbo nauk. Antolatuko nauk bakarrik! Beharrik arkitu haut, gaizoa! Zer egin behar nian nik, Parisko karriketan bakarrik! Etxerako nahi duk zerbait? Emanen ziozkatek, hire izenean, bigar bertan! Agur Xanpier! Izan ontsa! Pesta berriko agertu haiz, usain bezela? Ederki, ederki! Agur, gaizoa! Pardon, Mademoiselle! Monsieur Bizkai, Eneko, c'est ici qu'il habite?
MARIA: Nola? Gantzarain-go jaun Erretorak ez nau gehiago ezagutzen?
ERRETORA: Hori! Maria! Maria Lorka! Zuk erran! Ez zinduen ezagutu ere! Gantzarain-en, udan, ez baizera hola jantzita ibiltzen! Paris-erat heldua nauzu goizeko trenean. Geroztik errotua nauzu. Ez dakit nun ibilki naizen ere. Ba...! Zu hemen ikusirik, pentsatzen dut Eneko ez duzula urrun izanen. Eneko Bizkai... Gure gizon haundi hori, hemen nonbait bizi zaigu noski?
MARIA: Eneko? Pianoa jotzen duzu, jaun Erretora! Gantzarain-go organu pulit hura ez paitu hemen. Ez duzu ezagutu? Bera duzu! Urbil zaite!
ERRETORA: Hori! Ez nuen piano soinurik aditzen ere. Arras errotua nauzu gaixoa, ene zangoak Paris huntan ezarri ditudan punttutik. Nola bizitzen ahal zaizte zuek hemen? Zaude. Puska zahar hauek behar nizkizuke nunbaiten ezarri.
MARIA: Pausatuko dizkizut nik, jaun Erretora.
ERRETORA: Tira ba. Arras errotua nauzu, arras. Gozaria egina dizut bidean. Bazkaria eta afaria hementxet ezarriak dizkidate. Utz-azu hau hantxet. Edo ez, hortxet, hortxet. Eta emazu hura hor. Hola, hola. Hemen ezarriak bai dizkidate, nik uste, mukanexak ere. Arras izerditua naiz. Behazu... Jesus! Heldu gera noizpaiten! Ezin sinetsia dut. Ezpaita goizegi, gaizoa. Bego! Urbilduko natzaio puliki. Behar baidugu ikusiko mutiko tzar horrek, ni ikusteaz, ze jautsiak egiten dituen (Puliki puliki, pianoari urbilduz) Iupi!
ENEKO: (Erretoraz ohartuz) Zer? Nor? Nun? Zer zera? Nun nago?
ERRETORA: Zaude deskantsuan, mutikoa! Aski nahasia nauk ni ere!
ENEKO: Zer? Gure herriko jaun Erretora Paris-en? Zer da? Munduaren akabantza?
ERRETORA: Ez, ez. Hik emanen diok nik baino aixeago munduari akabantza. Hire asmakizun eta debrukeriekin...
ENEKO: Zer galdu zaizu zuri Paris-en, jaun Erretora? Telebistan pasatzerat etorria zare?
ERRETORA: Ago trankil! Ez nauk berriz aixe jinen. Hirekin mintzatzerat etorria nauk doi-doia. Eta ez luzaroko. Hori! Nun utzia diat nik ene paisola?
ENEKO: Gure Mattantta ikusia duzu, jaun Erretora?
ERRETORA: Ez zekiat mutikoa, ikusi diatan ere. Ago. Trenetik jaustean, ezkerreko basoan hartuak nizkian puskak. Paisola beraz...
ENEKO: (Sukaldeko atetik) Izeba! Behazu pittat nor duzun hemen!
ERRETORA: Badut belarrietan ikara bat! Zerk egiten hori? Hemengo arrabotsak, nik uste?.
MARTA: Aitaren eta Semearen! Zer ari zera zu Paris-en, jaun Erretora?
ERRETORA: Horra bertzea! Bego. Itzultzeko orenak behar dizkiat ikusi lehen lehenik. Zarpan diat papera, nik uste.
MARIA: Zer? Gaur bertan itzuli?
MARTA: Zaude hemen gurekin zonbeit egun, deskantsuan!
ERRETORA: Ez andrea. Larraldia-ko mutxurdin zaharra gorputz utzia etorria nauzute ta, bigar dugu haren enderramendua. Zuen ikusteaz kontent naiz baina, Paris huntan badut tristura bat! Mihia idortua zait arras. Zerk egiten du hori? Hemengo errauts hunek, nik uste? (Papera miatuz) Bego! Gare d'Austerlitz 21 h. 45. Beraz, trankil ibiltzeko, Eneko, ttaka ttaka, seirak aldean, freskuran, aterako gaituk etxetik.
ENEKO: Zaude ixilik, jaun Erretora! Hiru oren hemendik...
MARIA: Galdua ibili bai zera zu, goizean, jaun Erretora.
MARTA: Nun eta nola ibili ote zaigu hau...
ERRETORA: Plaza animali batean, ez dakit ze plaza ere zen, bi besoak kargaturik, norat jo ez nekiela, golpez rau!!! goiko ostatuko semea, Xanpier, ez zait ba begien aintzinean agertu? Gaizoa! Hura ikusi eta, begiak bete zaizkit nigarrez! A ze bi muxu eman diozkatan! Gaizoa! Harek ekarria nau gero hunat. Bertzela...
MARTA: Paris gauza ederra duzu, jaun Erretora. Behazu pittat lehio huntarik...
ERRETORA: Ez, ez, ez, ez, ez... Lehen ere badut aski ikusia. Nahiago dizuet hiluntzia arte, hementxet, zuekin, etxe barnean egon. Ekatzu zigarreta bat, Eneko. Behar diagu pipatu. Zuen konpainian asia bai naiz loriatzen.
MARTA: Jesus! Paris-i holako beldurra! (Enekogatik) Hau ere hola bizi zaigu: bere Gantzarain-ekin ametsetan!
MARIA: Ene gau guzietariko ametsa, hura dut nik ere, jaun Erretora: Gantzarain-go eliza, hilerria...
MARTA: Ametsak ongi pagatuak balire, aspaldi aberastuak bai gindazke gu etxe huntan, jaun Erretora! Hemengo gora-beharak bazekizkizu! (Badoa sukalderat)
MARIA: Marta-k iges egin digu eta nik ere utzi beharko zaituztet. Bertzela...
ERRETORA: Zaude deskantsuan, Maria. Nik huni erran beharrak entzuten ahal dituzu zuk ere.
MARIA: Deskantsuan? Hitz eder hori Gantzarainko haurra duzu, jaun Erretora. Paris-en ez da deskantsurik.
ERRETORA: Bistan da! Zuek, gainera, jende haundiak bai zaizte orai! Eneko Bizkai!!! Nork erran behar neri, ardiak mendian utzirik kauximara jiten zitzaidan mutiko tzar hura... Zu, Maria, ez zindudan haur denboran ezagutu. Baina gogoan dut, uda batez, Eneko-rekin, lehen aldiz Gantzarain-en nola agertu zinen. Gero, goiz guziz, hilerriko gerezi-ondoaren itzal-azpi hartan jarririk, pertsuak egiten ikusten zindudan, mendieri begira... Ez nizun agurrik egiten ere! Ametsetan ari den olerkari bat esnatzea, pekatua dela erran ahal daiteke? Nork erran behar, neskatxa gazte ixil, uzkur hura egungo Maria Lorka bilakatu behar zenik!
MARTA: (Sukaldeko atetik) Kafe pittat aterako bereala, jaun Erretora. Zato zu ere gero, Maria. Gurekin bazkalduko zera. Horrek bezin bat numero egiten ibili izan gabe, ikasia bai naiz ni hemen, jaun Erretora, bi lukainkaz lau eta bortz egiten ere...
ERRETORA: Hori! Zaude, Marta. Udaberria heldua baita Gantzarain-erat ere, hor nunbait ezarriak dauzkidate, zuentzat, gure baratzeko lusagar berri hoietarik zonbait. Gantzarain-go lurrari gustoa hartzeko doi-doia...
ENEKO: Gantzarain-go lurraren gustoa!
ERRETORA: Zaude. Nun ditut nik... Hemen, hemen.
MARIA: Gantzarain-go lurrak egin ninduen olerkari, jaun Erretora!
ENEKO: Egosi itzazu hol-hola, izeba, lurra kendu gabe!
MARTA: Ze ba! Parisko biftekak ezpaitigu on egiten, Gantzarain-go lurrak asetuko gaitu aixe! (Badoa.)
MARIA: Gantzarain-go hilerri hura! Ez dut munduan toki alegeragorik ezagutu!
ERRETORA: Hartaz mintzatzerat etorria nauzuete ba...
MARIA: Gantzarain-go hilerriaz?
ERRETORA: Hilerriaz, plazaz, elizaz... Ba dut tristura bat, haurrak, ba dut tristura bat!
ENEKO: Ze duzu, jaun Erretora? Mintza zaite garbiki!
ERRETORA: Ez, ez. Ba dugu astia, gero ere. Mementu goxo hauek luzatu itzagun ahal bezin bat. Errazute eta... zuen artean... lehen bezela segitzen duzute...? Ez zaldi eta ez asto...?
MARIA: Erraiozu Eneko-ri, jaun Erretora.
ENEKO: Adiskidetasuna baino gauza ederragorik ba ote?
ERRETORA: Adiskidetasuna? Zer uste duk? Zorgiñetan sinesten diatala nik, orai ere?
ENEKO: (Kexu) Gantzarain-go errekak lehen bezin garbiak dituzu orai ere, jaun Erretora!
ERRETORA: Obe, segurki. Ahagatik... behar zizkitek noizpaiten amorrainak ematen asi ere! Gantzarain-go eliza zueri begira dago. Baina... mugitzen ahal zaizte gazteak. Ez bai dakit noiz arte...
MARIA: Zer? Gantzarain-go eliza...?
ENEKO: Mintza zaite, jaun Erretora!
ERRETORA: Gero, gero! Holako berriak berantago eta obe. Baina ba dut barnean idor bat, haurrak, idor bat! Zuek egin, zuen eginbeharrak. Nik otoitzak egiteko ditut. Mintzatuko gaituzute gero, luzaz. Ekazkiatzute bosteko hoiek! Gaixoak! Gaixoak! Zuen eskuen beroa senditzen bai diat orai, ez zait iduritzen Paris-en nagoenik ere! Zoazte, zoazte gustian. Otoitzak egiteko ditut eta...
MARIA: Agindu bezela, nere liburu-gaia ereman beharra dut. Lagunduko nauzu, Eneko?
ENEKO: Ez litake neretzat ohore haundiagorik, Maria!
ERRETORA: Kasu aintzineko atetik ateratzeari! Paris-ko gazetari guziak hor bai dituzute beha, noiz arrapatuko zaituzten! Hola bizitzea ere!
ENEKO: Ez luzaz, jaun Erretora! Deliberatua bai naiz: Gantzarain-erat noakizu bizitzerat betikotz...
ERRETORA: Eta zer uste duk? Behereko zakur amorratu hoiek Gantzarain-en bakean utziko hautela? Hi harat urbiltzen ba haiz, akabo Gantzarain-go bakea. Ba! Bertzela ere...
ENEKO: Zer duzu? Mintza zaite! Zertarat etorria zare zu, Paris-erat? Zer dakartzu kolkoan?
ERRETORA: Oilarra! Eta harek ez bai zekik bortxaz kantatzen, entzun duk, kantatuko dik bere tenorean! Baina... Gantzarain-go lusagar berri hoiek bederen, haurrak, jan itzagun goxoki elgarren konpañian. Tira, zoazte. Mintzatuko gaituzute, gero. Zoazte...
ENEKO: Nahi duzun bezela, jaun Erretora, baina kexu naiz. Iñaki Bizkai usaitua bai duzu, aspalditik, Gantzarain-go jaun Erretoraren begietan zer nahi irakurtzen. (Telefonak joko du)
ENEKO: Jo, jo! Ez barka, zuek ere! Balia zaitezte! Ez bai nauzute luzaz zuen atzaparretan atxikiko!!!
V. AGERRALDIA
Lehengoak
ENEKO: (Telefonaz) Nor da ...? Nor ...? Hooo... Mister Hamilton! Erran, adiskide, erran, so nauzu...
ERRETORA: (Mariari) Nor du?
MARIA: Amerika-ko Anbasadorea!
ERRETORA: Zer? Eta... horri ere... euskeraz egiten dio? (Lotzen da irriz)
ENEKO: Bai, bai, ingelesez ba dakit bai Baina... erran, erran zuk euskeraz, izigarri pulliki egiten bai duzu!
MARIA: (Hilun) Beldur naiz errotzat hartuko gaituen, jaun Erretora. Errotzat edo...
ERRETORA: (Irriari ezin atxikiz) Gantzarain-go artzain mutil batek... Amerikako Anbasadoreari... euskeraz egin arazten!
ENEKO: Hola, hola! aterako zaizu pulliki, pulliki...
ERRETORA: Eta egin beharko! Hunek ezpaitio barkatzen. (Irriz leher)
MARIA: (Hilun) Eneko-ren beharrez kausitzen bai dire gaur denak, jaun Erretora. Baina beldur naiz egunen batez...
ENEKO: Nola? Ikasten asia zerala serioski? Nik uste! Ageri duzu! Hola, hola, Mister Hamilton, hola... Rusia-ko Anbasadorea ere, abiatua zaizu gero euskeraz izigarri pulliki... Entzungo bazenu... Rusia-koa bai, zer ba...!
ERRETORA: Egia al da? (Irriz lehertzen)
MARIA: Egia da bai, jaun Erretora. Bainan beldur naiz. Hoiek ez bai gaitue gero aixe barkatuko!
ENEKO: Alare... Paris-en gaur euskeraz aintzineratuena... Txinakoa dugu, nik uste... Ze ba! Txina-ko Anbasadorea bai... Mao-tse-iu-mi O-no-lu-lu-, berbera! Ikusiko bazenu, Oxobi zenaren Alegiak zoin pulliki erraiten dituen!
ERRETORA: Txinakoa ere bai?
MARIA: Zuk irri egiten, jaun Erretora, baina nik ez. Emaztekiek usma bai dugu. Eta beldur naiz egungo irri hauek ez diren laister nigar bilakatuko,
ENEKO: Jakin duzu?... Kuba-koek ere ekarria dutela interpreta, nerekin euskeraz mintzatzeko...? Zuek ere ba duzutela? Noiztik? Hola, hola... Erraiozu, otoi, ezarri dadien... beharba ezagutuko bai dugu... Milesker, Anbasadore jauna...
MARIA: Eneko, otoi! Mundu osoak behar zaitu gaur, ba dakit. Eta eskuak mihikatuko dauzkitzue, arpegian jotzen ba dituzu ere. Baina kasu! Ezurra ebatsiko bai dizue, ahal badute. Eta orduan begietarat jautsiko!
ENEKO: Bai, ni naiz, ni... Nor zaitut zu?... Interpreta berria ba dakit baina, nungoa zeran...? Landibar-ko?
ERRETORA: Hori!!
ENEKO: Landibar-en... zein etxekoa haiz hi?... Iduzkitza-ko Anddes?
ERRETORA: Hori! Ene iloba! Gure Kattalin arrebaren seme zaharrena! Anddes!! Nola ekarri dute hori hunat? (Eneko-ri) Erraiok hemen nagokala!
ENEKO: Baina... hi ez egoen ba Ameriketan artzain? Handik ekarria haute, beraz...?
ERRETORA: Erraiok hemen nagokala!
ENEKO: Eta... ardiak nun utziak dituk, mutikoa? Anbasadako baratzean alatzen? Ago, ago... Bertze norbeit urbilduko bai zaik orai...
ERRETORA: (Telefona harturik) Errak! Ezagutzen nauk? Gantzarain-go Erretora... Ça te dis quelque chose...? Errak! Nun utzi duk anaia...? Errak berriz, ahantziko bai diat nik... (Eneko-ri) Marka zak: «A Washington... interpréte la langue basque auprés du Pentagone...» Ez diat geiago deusik konprenitzen, mutikoa. Errotuko nauzute zuek, denen artean. Ez! Ez! ni joaki nauk gaur gauean, berriz. Errak! Pesta-Berriko helduko haiz etxerat? Bon! Amak ez dik nigar eginen! Ago untsa! (Telefona pasatzen dio Eneko-ri) Je ne comprends plus rien, moi, rien! Gure Kattalin-en seme tzar hoiek... sortzetik ardi-jesten usaituak... batto Paris-ko Anbasadan... Bertzea, Washington-eko Pantagonian... Hori gertatzeko, ba da munduan zerbeit mogimendu berri, nik uste!
ENEKO: ...Hire nagusiari zer erran? Hor da bera? Erraiok, beraz... Gantzarain-en sortu izanagatik, Gernika-ko harrien azpian utziak dizkiatala, nik ere, aita eta hiru anai!... Libertatea eder dela, Herri ttipientzat ere... Eta munduko gidariak izan nahi dutenek, otsoak gizentzen ibiltzea baino, obe luketela ardiak zaintzen ikasi! Horrekin badik aski gaurkoz. Agur Anddes. Ondoko egunak arte (Telefona utzi eta): Zer? Zer dut? Zergatik begiratzen nauzute hola? Erran! Erroa naizelako? Ni erroa banaiz, egungo euskeldunek erroak behar dute izan, erroak ez izaiteko! Goazen! (Maria-rengana itzuliz) Poesia aintzinetik...!! (Gazteak badoazi, Erretora, ixilik, otoitzean lotuko).
VI. AGERRALDIA
Erretora eta Marta
MARTA: (Gosariarekin heldu) Zuk ekarritako lusagar berri hoiek, jaun Erretora, barkatu erraitea: ez dire batere lehengoak. Azala zakarragoa dute aixe.
ERRETORA: Zer ba! Primadera aintzineratu baita! Zer uste duzu, Marta gaixoa, guri ere ez zaigula azala zakartu?
MARTA: Jarri zaite hementxet, jaun Erretora. Har zazu kafesnea gustuan, bero beroa. Ogia ere gorritua dizut usain hartzen duzun bezela.
ERRETORA: (Jarririk) Ogia gorritua nik hartzen? Nork erran dizu hori?
MARTA: Jesus! Nik ez dut ba asmatu. Herrian hola erraiten zuten.
ERRETORA: Erran! Erran! Beti erran! Egundaino ez dizut nik sekulan, entzun duzu, sekulan ogia jan gorriturik!
MARTA: Eta... Nola asmatzen dituzte ba, holakoak?
ERRETORA: Zer nauzu! Jendea mintzo baita aixe!
MARTA: Bai, bai... Hartaz, mihi luzeak ba dire franko Gantzarain-en, jaun Erretora. Behazu, orai ere, zer zuten asmatua! Barkatuko duzu, jaun Erretora!
ERRETORA: Jakinen bai dut nik aixe, nor ari den hor bazterrak arrotzen. Ogia gorritua, nik? Ixil araziko dauzkitzut nik aixe, suge tzar mihi luze kalakari hoiek! Zaude deskantsuan! Ogia gorritua beraz nik, he? Bego, bego...
MARTA: Errazu, jaun Erretora, ta... Gure mutiko hori nola atxeman duzu? Hirugarren gaua du gaur, ogean sartu gabe. Ez dizu jaten, ez edaten, ez pausa hartzen. Numeroak egin eta pianoa jo... Izarretaraino abiatu behar omen zaigu laister. Nik ez dakit nola sinisten dioten! Paris-ko jaun haundienak bere menean ditu... Ministru, anbasadore, jakindun... hor ibilki zaizkio, zakur kumeak amaren inguruan bezela, zer aterako dioten!
ERRETORA: Aspaldi munduan izan den bururik azkarrena omen duzu. Eta ni, katixima egiten niolarik, batere ohartu ez! Ze nauzu! Begiak behar bai dire, argia ikusteko ere!
MARTA: Errazu, jaun Erretora, harrituko zaitut beharba baina, nahi duzu nik egia erraitea? Nik ez bai dut sinisten horrek holako buru izigarria duenik. Kasko horren barnean zerbeit ibilki zaiola biraka bai, nahi dut. Baina gauza onik ez. Horrek talendu pittat balu, uste duzu bizi geran bezela biziko ginduzukela gu egun? Hori ez!
ERRETORA: Nola bizi zaizte ba, Marta?
MARTA: Nola bizi? Mixerian!
ERRETORA: Tira, tira! Asia zera, zu ere, ametsetan? Iñaki Bizkai, egun, Paris-en mixerian? Tira, emaztekia, tira!
MARTA: Mixerian, bai jaun Erretora, mixerian. Ameika aldiz afariari paso eginik lokartu beharrez. Erroa baita! Eta dituenak oro, purra purra, inguruan berduratzen! Munduan norbeit goseak hilen zaigun artean, ez omen dugu guk behar aina jateko eskubiderik. Pentsa nola ibilki den horren burua! Eta norbeiti munduan bere libertatea kentzen ba diote, bertze denak behar omen genituzke, golpez, gure buruak eskeini preso. Bizi zaite, holako batekin etxean! Bere fedearekin ere... Atzo zen noski... Hura hor, numeroak egiten. Eta ni hementxet, puska zahar batzu antolatzen. Golpez jaiki, besotik hartu eta eraman ninduen leihorat: «Nor bizi da hor, eliza hortan, izeba?» «Gure Jainko maitea» erantzun nion ahal bezin pulliki. Haren oihuak: «Gezurra! Gezur haundia! Zuk ez duzu hori sinesten! Zuk hori sinetsiko bazinu, ez zindazke eliza barnetik ateratuko! Jan gabe, edan gabe, lo egin gabe, hantxet iraganen zituzuke egunak eta gauak, izarren egileari so harritua, belauniko emanik...!» Mintza zaite horrekin, gero!
ERRETORA: Ze nauzu, Marta! Beharbada arrazoina du! Guk lainoz ikusten ditugu gauzak. Eta horrek aize egoaz. Horrek bertze begi batzu ditu!
MARTA: Begietan ez du horrek deus, jaun Erretora. Buruan du horrek bere eritasuna, buruan.
ERRETORA: Marta...
MARTA: Zer duzu, jaun Erretora?
ERRETORA: Behar nauzu lagundu
MARTA: Zertan, jaun Erretora?
ERRETORA: Eneko-ri berria emaiten...
MARTA: Zer berri, jaun Erretora. Izitzen asia nauzu...
ERRETORA: Marta...! Gure Gantzarain akabo da!
MARTA: Gure Gantzarain akabo?
ERRETORA: Bide berri hori... bakizu? Pasa arazi beharra dute herriaren erdi erditik. Plaza, eliza, hilerria... denak azpian hartzen ditu. Atzo goizean jakin arazia didate ofizialki. Eta nik hiluntzean trena hartu.
MARTA: Bainan nun dute hoiek ere burua? Mundua ez dute aski zabala, bidea, doi doia, herriaren erditik pasa arazi behar izaiteko?
ERRETORA: Bertzela, gure mendiska hura behar omen zuten zilatu.
MARTA: Zilatu? Aski zuten biratzea... Ni ez nauzu inginadore, jaun Erretora, baina...
ERRETORA: Hori erran bai diotet nik ere!
MARTA: Eta?
ERRETORA: Hori egitekotan, Paris-tik Lisboa-rat abiatuko direnak... minuta erdi baino geixago beharko omen luteke galdu!
MARTA: Eta... horren presatuak dire, beraz, beren buruak suntsitzeko? Gantzarain-go jendeak nun behar dituzte eman?
ERRETORA: H.L.M. hoietako etxe animale bat egin beharra omen dute bide bazterrean. Eta Gantzaraindarrak hantxe barnean ezarri. Neri ere eliza berria agindua didate. Zilo izigarri bat egiten asiak izan behar zaizkizu, nunbeiten, hilerri zaharreko ezurrak harat biltzeko. Eta... hilerri berria ere agindua dute, ez dakit nun!
MARTA: Zuk ikus, jaun Erretora, zer egin behar duzun. Ni baino buru argiagoa duzu. Baina hauxe erranen dizut: Berri hori emaiten badiozu Eneko-ri, geroari kaxu. Gure mutiko horrek burua galduko baitu arras! Arras! Eta ez berak bakarrik. Maria-rentzat ere beldur nauzu, nahigabe haundiskoegia izanen den!
ERRETORA: Zer egin behar dut, beraz? Herria suntsitzen utzi?
MARTA: Ez, ez... Zuk ikus, jaun Erretora. Baina beldur naiz, hemen orai piztu behar den suak ez gaituen denak erreko, eta laister!
ERRETORA: Xo! Zer dire oihu hoiek, beherean? Ez dituzu entzun? Xo...!
MARTA: Zuri iduritu, jaun Erretora. Zu ere kexu bai zare. Bazkaria egiteko dut. Heldu dena heldu... Jainkoak eraman gaitzala eskutik!
VII. AGERRALDIA
Jaun Erretora, Marta eta Maria. Gero Eneko
MARIA: (Golpez sartuz) Barkatu, jaun Erretora. Telefonaz deitu beharra dut!
ERRETORA: Egizu, egizu, Maria. Utziko zaitugu bakarrik.
MARIA: Ez, ez, jaun Erretora! Ez nazazutela bakarrik utzi! Otoi!
MARTA: (Sukaldeko atetik) Zer dire behereko oihu hoiek? Orai ere gertatu da hemen zerbeit...!
ERRETORA: Zer duzu, Maria?
MARIA: (Numeroa markatzen ari) Betikoa, jaun Erretora, betikoa...
MARTA: Horra zer den gure etxea!
ERRETORA: Jesus!
MARIA: Commissariat de Police?... Je vous en prie... envoyez des agents, au plus vite, chez Eneko Bizkai... 86, rue de la Fontaine, Oui; oui; le savant; l'inventeur... Eh bien, nous sortions de la maison, les journalistes nous ont aperçu... Eneko Bizkai les a vus s'approcher... alors il est devenu fou, il a envelé sa veste, il a foncé sur eux... Mais il est tout seul, monsieur le Commissaire, eux ils sont nombreux... il avait du sang sur son visage... Merci, Monsieur le Commissaire...! Merci!
ERRETORA: Jainko maitea!
ENEKO: (Atetik) Norkin ari zinen erderaz? Nori egin diozu dei? Polizari? Aski dute ene aintzinean agertzea! Gorde beharko dire ene begietarik, astiko ohoinak bezela! Ohoinak, bai, ohoinak! Nun da nere papera? Hau ebatsi nahi didate! Mundua xeatzeko! Munduko haur guziak odoletan itotzeko! Nik asmatuarekin! Entzun duzute? Nik asmatuarekin! Baina ez! Nik ez nuen hartako asmatua! Nik izarrak ukitu nahi ditut! Eta ene Herriari bizia eman!
ERRETORA: Ezti zaite, Eneko!
ENEKO: Jaun Erretora, otoi, ereman nezazu Gantzarain-erat, egun berean zurekin. Gantzarain-go lurrari nahi diot muxu eman. Eta gauaz, izarreri begira, Gernikako suak argiturik, Gantzarain-go hilerrian egin nahi dut Gantza... Pestaberriz bezela! (Lotzen da dantzan)
MARTA: Eta hunek egin behar omen ditu «Zazpirak bat»! Erro hunek!
MARTA: Enetzat ez da erroa! Enetzat poeta haundi bat da!
ENEKO: (Dantzatik golpez gelditurik) Errazu, jaun Erretora! Hilerriko gereziondo hura gorritua duzu ianeko? Gantzarain eder duzu, ez da hala?
ERRETORA: Bai, haurrak, bai. Eder da, eder da! Orai primaderan, bereziki! Ni etxetik ateratzean, goizean goizik, hoino herria lo egoki eta plaza utsik. Goizeko aize urdinaren agurra, nik hartzen dizuet lehenik. Eta, elizarako bidean, hilerrian sartzen nauzutela, hilobiak atxematen ditut iduzki gorriz jantzirik. Ezkila-soka igitzen dizuet. Eta, pulliki pulliki, inguruko zakurrak asiko zaizkit saingaka, leihoak garraxita, zahar zonbeit estulka, mutikoren bat, beharba, kantuz... Egiten diot ene buruari: «Ganix, gaixoa, hire Gantzarain asia zaik esnatzen, egun ere! » Eliza barnea atxematen dut hoino hilunean. Eta hantxet, eni begira, hi Eneko, hire izarren jabea! Hura ez diat atzartu beharrik izaten! Haren aintzinean ematen naiz belauniko... irriño bat ezpainetarat heltzen zaidala. Apez batentzat, haurrak, goizeko otoitz hura duzute pullitena, nik uste. Zuk ba duzu hartaz, Maria, olerki eder bat egina. Buruz ikasia dut. Eta, laburra baita, eguneko lanaz mintzatzen asi baino lehen, hura erraiten diot, goiz guziz, ene Nagusiari.
MARTA: Egiazko poeta, egiazko olerkaria, zu zera hemen, jaun Erretora!
ENEKO: Ni ere eztitu nauzu, ohartu gabe.
ERRETORA: Poesiak eztitzen du beti! Eta apeza, egiazko apez izan nahi badu, behartua duzute poeta izaiten!
VIII. AGERRALDIA
Lehengoak eta Monteflorido
MONTEFLORIDO: (Atetik) Je m'excuse infinement...
ERRETORA: Avec qui avons-nous l'honneur de parler?
MONTEFLORIDO: Marquis de Monteflorido, Ambassadeur du Généralissime Franco á Paris.
ERRETORA: Ganix Haltzuet, chargé d'affaires de N.S. Jésus-Christ á Gantzarain...
MONTEFLORIDO: Pouvez-vous me dire, Monsieur le Curé, oú habite ici M. de Bizkai?
ERRETORA: Vous l'avez buruz buru, Monsieur l'Anbassadeur...
MONTEFLORIDO: Comment? C'est vous?
ERRETORA: Vous ne l'imaginiez pas comme ça, eh? Il est resté ce qu'il était... un jeune berger de la Basse-Navarre! Un berger savant, si vous voulez, mais un berger...
MONTEFLORIDO: De la Basse-Navarre... Oui, vous étes Français de naissance, mais votre sang est espagnol, n'est-ce pas?
ERRETORA: Si cela vous fait plaisir, Monsieur l'Ambassadeur, zaude gustian!
MONTEFLORIDO: Je vous apporte une bonne nouvelle, Monsieur de Bizkai. Je suis chargé par mon Gouvernement de vous remettre «La Grande Croix du Mouvement - La Gran Cruz del Movimiento». Si vous voulez bien, la cérémonie pourrait avoir lieu á l'Ambassade. Je tacherai de réunir le Tout Paris.
ERRETORA: Tout Paris vous allez mettre á l'Ambassade? Eh bien! Vous avez de la place chez vous, Monsieur l'Ambassadeur!
MONTEFLORIDO: Mais je voudrais surtout inviter votre famille, Monsieur de Bizkai. Vous avez des parents á Gernika, je crois? Pouvez-vous m'indiquer leur adresse?
ENEKO: Harrien azpian.
MONTEFLORIDO: Harrien azpian. C'est le nom de la rue, je suppose? Je n'oublierai pas... Harrien azpian.
ENEKO: Nik ere ez dut ahantziko, zaude segur.
MONTEFLORIDO: Si vous voulez, Monsieur, on pourrait fixer la date un peu plus tard. Que voulez-vous que je dise á mon Gouvernement de votre part?
ENEKO: Erraiten ahal diozu...
MONTEFLORIDO: Je m'excuse, je ne parle pas le basque, méme si le basque est une des plus grandes richesses spirituelles de l'Espagne. Mais vous, Monsieur de Bizkai, vous parlez l'espagnol?
ENEKO: Erraiten ahal diozu zure Jaurlaritzari...
ERRETORA: Il dit que vous pouvez dire á votre gouvernement...
ENEKO: Zuek emanikako gurutze hori...
ERRETORA: Que cette croix que vous lui donnez...
ENEKO: Gogotik hartuko dutala...
ERRETORA: Il la recevra avec plaisir...
ENEKO: Enekin eremanen dutala beti...
ERRETORA: Qu'il la portera toujours sur lui...
ENEKO: Eta maiz ene ezpainetarat urbilduko...
ERRETORA: Et souvent il l'approchera de ses lévres...
ENEKO: Gurutze hortan izan baita... gure Herria gurutzifikatua!
ERRETORA: Puisque c'est sur cette Croix que son Peuple...
ENEKO: «Gure» erran dut!
ERRETORA: Puisque c'est sur cette croix que notre Peuple... a été crucifié...! Ne vous fáchez pas, Monsieur l'Ambassadeur! Zaude deskantsuan...
MONTEFLORIDO: Mais je ne fáche pas, Monsieur le Curé! Il est fou!
ERRETORA: (Bere baitan) S'il est fou ere... ez da bakarra!(Eneko-k, ixilean, zabalduko dio atea. Eta Monteflorido, hitzik erran gabe, arroki, ateratuko da. Salda-ontzia eskuan ekarki, Marta sartuko.)
MARTA: Heldu zaizte? Prest da. Mahaina sukaldean emana dizuet, usaian bezela. Barkatuko duzu, jaun Erretora, ezpaita bazkari luzea izanen...
ERRETORA: Erretor zahar bati entzuna nion: «Mahainean beharrenak, salda eta amodioa!» Hoiek ba ditugu, nik uste? Beraz... mahainerat, gazteak! (Ixilka) Errazu, Marta, nun dire hemen...
MARTA: Urrunsko, jaun Erretora. Bidean loreontziak emanak bai ditut, aski duzu heieri segitzea. (Belarrirat) Erran diozu zerbeit?
ERRETORA: Fitxik ez hoino! Orai, lusagarren aitzekiz, beharba...
MARTA: Jainkoak lagun gaitzala! Heldu, gazteak, heldu! (Ba doaz biak.)
MARIA: Eneko! Odola duzu kopetan. Nahi duzu garbitzea? (Bi gazteak jarriko dire elgarren ondoan. Eta Maria-k, bere mukanexarekin, Eneko-ri odola xukatuko.)
MARIA: (Irriz) Horra... Euskeldun odola... Nik ez dut...
ENEKO: Arimek ere ba dute odola, Maria...
© Telesforo Monzon