AINTZIN SOLAS
Jaun andereak:
Komedi hau amets bat da. Gau zahar batez, aize-egoak egileari egin arazitako ametsa.
Gure gaizo egileak, amets hori zuen egitzat hartu. Eta goizean goizik esnatzean, paperean ezarri zuen, ahantziko zitzaion beldur. Horra nola sortua den antzerki hau!
Errana diogu egileari: Euskal Herriak ez duela ameslari beharrik. Harek, aldiz, hola dio: Amets egin gabe dagozen Herriek ez dutela salbamendurik.
Zuek jujatuko, jaun andereak. Eta komedi huntan sobera errokeri eta bitxikeri atxematen badituzute, pentsa Aize Egoak ekarriak direla. Hola aixeago barkatuko gaituzute. Aize Egoa etxeko alaba baita eta etxeko alaban behar bai zaio barkatu zer nahi!
© Telesforo Monzon