V
 
        Belartzariek udaren usaina bidaltzen zuten; euliek burrunda egiten zuten; eguzkiak ibaia distirarazten zuen, harbelteilak berotzen zituen. Simon atsoa, gelara itzulirik, gozo-gozo lokartzen ari zen.
        Kanpai hotsek iratzarri zuten; bezperetatik irtetzen ari ziren. Félicitéren eldarnioa erori zen.
        Prozesioaz pentsatzean, hura ikusi egiten zuen, bera han bertan joango bailitzan.
        Eskoletako haur guztiak, txantreak eta suhiltzaileak espaloian barrena zihoazen, eta aldiz kalearen erditik aurrera lehenik: bere alabardaz armaturiko klabera, sakristaua gurutze handi batekin, maisua mutikoak zaintzen, moja bere neskatoez kezkaturik; panpoxenetariko hiruk, aingeruren gisako kizkurrak, arrosa petaloak jaurtikitzen zituzten aidean; diakonoak, besoak luzaturik, musika erabidetzen zuen; eta bi intzentsulari, urratsik urrats, lau elizgizonek eusten ziouen balusa harrozko trozal baten pean, apaiz jaunak, mezajantzi ederrez, zeraman Sakramendu Santuaren aidera jiratzen ziren. Egundoko jendaldea zen atzetik elkarri bultzaka, etxeetako hormak estaltzen zituzten oihal zurien artean; eta aldaparen oinera heldu ziren.
        Izerdi hotzak bustitzen zituen Félicitéren lokiak. Simonek xukatzen zion zapi batez, berekiko esanez berak ere egunen batez hartatik pasatu behar izango zuela.
        Jendetzaren murmurioa handitzen joan zen, momentu batez oso bortitza izan zen, urruntzen zihoan. Tiroketa batek dardarikatu zituen kristalak, zaltzainak ziren ekisaindua agurtzen. Féliciték begininiak birakatu zituen eta ahal izan zuen isilenik esan zuen: — «Ongi al dago?» loroarengatik izularriturik.
        Haren agonia hasi zen. Karrankada gero eta lasterrago batek altzatzen zizkion saihetsak. Bitsezko bonboiloak zetozkion ahoaren ertzetara, eta gorputz osoak dardar egiten zion.
        Handik laster, musikarien durrundarak nabaritu ziren, haurren ahots garbiak, gizonezkoen ahots sakona. Tarteka dena isiltzen zen, eta loreek baretzen zituzten pausoen taupakerak, belaze gainean artalde baten hotsa egiten zuen.
        Abadegoa azaldu zen atarian. Simon aulki baten gainera igo zen argizulo borobilera iristeko, eta horrela gainbehera hartzen zuen aldarea.
        Loreuztai berdeak dilindan zeuden, Inglaterrako puntuzko girgaileriaz apaindutako aldare gainean. Haren erdian bazegoen koadro txiki bat barnean erlikiak gordetzen zituena, ertzetan bi laranjondo, eta, luzeera osoan, zilarrezko argi-zuzkiak eta portzelanazko ontziak, haietatik ekiloreak, liliak, basaliliak, kukuloreak, hortentsia sortak ateratzen zirela. Kolore zalapartazko murko hori lapranean jaisten zen, lehen solairutik lurreko tapizeraino galtzara gainean aurrera luzatuz; eta zenbait gauza bitxik jotzen zien begietara. Zilargorrizko azukreontzi batek brioleta koroe bat zeukan, Alençoneko harrizko zintzilikarioek distira egiten zuten goroldioaren gainean, bi koadro txinatarrek beren paisaiak erakusten zituzten. Loulouk, arrosapean ezkutaturik, bere bekoki urdina besterik ez zuen ikustera ematen, harriurdin plaka bat bailitzan.
        Elizgizonak, txantreak, haurrak ilaraka kokatu ziren atariaren hiru aldeetan. Apaizak geldiro igo zituen mailak, eta brodatuaren gainean ipini zuen argiprintzak jaurtikitzen zituen bere urrezko eguzki handia. Guztiak belaunikatu ziren. Isiltasun hadia egin zen. Eta intzentsarioak, jirabira bizian, beren kateatxoen gainean herrestatzen ziren.
        Lurrun urdin bat igo zen Félicitéren gela barrura. Sudur hegalak jaso zituen, sentsualitate mistiko batez hura arnastuz; gero betazalak itxi zituen. Haren ezpainek irribarrea zegiten. Haren bihotzaren mugimenduak baretu egin ziren banaka banaka, aldian aldian hutsalago, eztiago, iturri bat agortzen den gisa, oihartzun bat desegiten den gisa; eta azken arnasa eman zuenean, ikusi uste izan zuen, zeru erdirekian, loro erraldoi bat, bere buruaren gainean hegozabalik.
 

 

 

© Gustave Flaubert

© itzulpenarena: Patxi Apalategi

 

 

"Gustave Flaubert - Bihotz sinplea" orrialde nagusia


www.susa-literatura.eus