IV
 
        Loulou zuen izena. Berdea zuen gorputza, hegoen puntak arroxak, bekokia urdina, eta lepazintzurra urrekolorekoa.
        Baina bere makila mokokatzeko mania aspergarria zeukan, bere lumak erauzten zituen, bere zirinkeriak sakabanatzen zituen, bere bainerako ura zipriztinkatzen zuen; Mme Aubainek, hark gogaikatu egiten baitzuen, Félicitéri eman zion betirako.
        Féliciték hari irakasteari ekin zion; laster errepikatzen zuen: «Mutil xarmanta! Zerbitzurako, Jauna! Agur, Maria!» Atearen ondoan kokaturik zegoen, eta asko harritu egiten ziren, Jacquot deitzean hark ez erantzuteaz, zeren loro guztiak Jacquot deitzen baitira. Tuntun batekin, purtzil batekin parekatzen zuten: horietako bakoitza ukabilkada bat Félicitérentzat! Eoskorkeria bitxia Loulourena, begiratzen zitzaion orduko lada ez zen mintzatzen!
        Halere lagunartea xerkatzen zuen; zeren igandean, Rochefeuille damatxo horiek, Houppeville jaunak eta bilzaletu berriek: Onfroy botikarioak, Varin jaunak eta Mathieu kapitainak beren kartapasara egiten zuten bitartean, hark beirak jotzen baitzituen hegoez, eta hain amorratuki zalapartakatzen zen non ezinezkoa baitzen elkarri ulertzea.
        Bouraisen aurpegia, dudarik gabe, oso barregarria iruditzen zitzaion. Hautematen zuen orduko, barrez hasten zen, barrez lehertzen. Haren ahotsaren palastadek atarian dunbatzen zuten, oihartzunak errepikatzen zituen, auzokoak leihoetara ateratzen ziren, haiek ere barre egiten zuten; eta, loroak ikus ez zezan, Bourais jauna hormaren kontra herrestatzen zen, perfila bere kapelarekin estaliz, ibaira iristen zen eta gero, jardineko atetik sartzen zen; eta txoriari igortzen zizkion begiradak ez ziren batere txeratsuak.
        Loulouk harakin mutilarengandik zaparteko bat jasoa zuen, haren otarrean burua sartzen aizu izan zelako; eta orduzkero betiere hura alkandoraren gainetik zimikatzen saiatzen zen. Fabuk hari lepoa bihurtzeko mehatxu egiten zuen, nahiz eta krudela ez izan, besoetako tatuaiak eta bere bibote luze handia gota behera. Aitzitik! bazuen loroaren aldeko halako samurbera bat, gazte umorea medio maldizioak irakatsi nahi izateko adinakoa. Féliciték, portaera horiek izuikara sartzen baitzioten, sukaldean jarri zuen. Kateatxoa erretiratu egin zion, eta etxean barrena ibiltzen zen.
        Eskilara jaisten zuenean, mailen gainean mokoaren gakoa tinkatzen zuen, eskuineko hanka altzatzen zuen, gero ezkerra; eta neskamea beldur zen, horrelako gimnasiagintzak hari zorabiorik ez ote zion eragingo. Loroa gaisotu egin zen; jada ezin mintzatu ezta jan ere. Mihiaren pean pahapoa zen, batzutan oiloek izaten duten bezala. Hark berak sendatu zuen, bere azkazalez mintz hura erauziz. M. Paulek, egun batez, hari sudurretara zigarropuru baten kea puzkatzeko zuhurtzieza izan zuen; beste behin, Mme Lormeau bere ginbailaren ertzez hura zirikatzen ari zela, hark eraztuna hozkatu zion. Azkenik, galdu egin zen.
        Féliciték belar gainean jarria zuen freskatzeko, minutu batez handik lekutu zen; eta, itzuli zenean, lororik ez! Lehenik sasi artean bilatu zuen, uraren bazterrean eta teilatu gainetan, garraisika ari zitzaion bere etxekoandreari entzun gabe:
        «Kontuz ibili ba! zoraturik zaude!». Ondoren Pont-l'Evêqueko jardin guztiak miatu zituen; parean pasakoak gelditzen zituen: «Zuk ez zenuen ba, halakoren batetan, ausaz, nire loroa ikusiko?».
        Loroa ezagutzen ez zutenei, haren deskribapena egiten zien. Bat batean, erroten atzean desleitu uste izan zuen, aldaparen beheko aldean, hegabiraka zebilen gauza berde bat. Baina aldapa goraino, eta ezer ez! Txerpolari batek baieztatu zion, lehentxeago ikusi zuela, Melainen, Simon atsoaren dendan. Hara jo zuen korrika. Han ez zekiten zer esan nahi ote zuen. Azkenik, etxera itzuli zen, ahiturik, oskiak puskatan, heriotza ariman; eta, zizailuaren erdian eserita, Madameren ondoan, bere joan-etorri guztiak kontatzen ari zen, sorbalda gainera pisu arin bat erori zitzaionean, Loulou! Zer demonio egin ote zuen? Agian pasiatzen ibilia zen inguruan!
        Nekez bueltatu zen bere onera, edo hobeto, inoiz ez zen lehengora bueltatu.
        Hozkirrialdi baten ondorioz, anginatakoa harrapatu zuen; handik berehala, belarrietako gaitz bat. Hiru urte geroago, gorreria zuen; eta oso ozenki hitzegiten zuen, baita elizan ere. Nahiz eta haren pekatuak berarentzat desohorerik gabe, eta munduarentzat eragozpenik gabe, diozesiko bazter guztietara aldarrika zitezkeen arren, apaiz jaunak komenigarritzat erabaki zuen haren aitortza aurrerantzean sakristian baino ez entzutea.
        Irudipenezko durdurioek errematatzen zuten haren nahasmendua. Sarritan etxekoandreak esaten zion: — «Ene Jainkoa! zenbaterainoko tuntuna zaren!» Hark erantzuten zuen: — «Bai, Madame», bere inguruan zer edo zeren bila.
        Haren ideien zirkulu txikia are murritzagotu zen, eta kanpaien errepikak, idien makakorroiak, jadanik ez zuten existitzen. Izaki guztiek maintien isiltasunean funtzionatzen zuten. Hots bat bakarra heltzen zen orain haren belarrietara, loroaren ahotsa.
        Hura lekoratzeko bailitzan, loroak errepikatzen zituen burruntzibiraren tik tak hotsa, arrain saltzaile baten dei zorrotza, aurrez aurre bizi zen zurginaren zerrotea; eta, txilin soinuen heinean, Mme Aubain imitatzen zuen, — «Félicité! atea! atea!».
        Elkarrizketak izaten zituzten, loroak, bere bildumako hiru esaldiak aspertzear hizjariatuz, eta neskameak, inolako segidarik ez zuten, baina bere bihotza lasaitzen zioten hitzekin hari erantzunez. Loulou, haren isolamenduan, ia seme bat zen, maitale bat. Haren behatzetan gora igotzen zen, ezpainak mokoxkatzen zizkion, haren lepokozapian atzaparkatzen zen; eta, hark bekokia makurtzen zuenez haut txikien modura buruari eraginez, haren bonetaren hegal handiek eta txoriaren hegalek batera egiten zuten dardara.
        Hodeiak pilakatzen zirenean eta trumoiak durrundatzean, garraisiak botatzen zituen, agian bere sorleku basoetako erauntsiak gogoratuz. Uraren jarioak kitzikatu egiten zuen haren eldarnioa; hegaztatu egiten zen, aztoraturik, sabaira igotzen zen, dena uzkaltzen zuen, eta leihotik kanpora jardinean palastatzera joaten zen; baina laster itzultzen zen kateatxoetariko baten gainera, eta, bere lumak lehortzeko saltatxoka, orain isatsa, orain mokoa erakusten zituen.
        1837ko negu beltzeko goiz batez, Féliciték, hotza zela eta, su baju aurrean kokatua baitzuen, hilik aurkitu zuen, bere kaiolaren erdian, burua behean, eta atzaparrak burdinezko harietan. Nonbait, odolkolperen batek hil zuen? Hari ordea perrejilezko pozoinketa sartu zitzaion buruan; eta, inolako frogarik ez zegoen arren, haren susmoak Faburen kontra zuzendu ziren.
        Hainbeste nigar egin zuen non, etxekoandreak hala esan baitzion: — «Ene ba! eramantzazu disekatzera!».
        Farmazilariari eskatu zion aholku, loroarekiko beti zintzoa izan baitzen.
        Hark Havrera idatzi zuen. Fellacher zeritzan norbait arduratu zen eginkizun horretaz. Baina, diligentziak noizbehinka paketeak galtzen zituenez, Honfleurera berak eramatea erabaki zuen.
        Sagarrondo hostosoilduak errenkan zeuden bidearen bazterretan. Izotzak estaltzen zituen erretenak. Zakurrek zaunka zegiten etxalde inguruetan; eta eskuak bere bizkargainekoaren pean, bere eskalaproinekin eta bere saskitxoarekin, bizkor zihoan, galtzararen erditik.
        Basoa zeharkatu zuen, Haut-Chêne gainditu zuen, Saint-Gatienera heldu zen.
        Haren atzetik, hautsezko laino batean eta aldapabeherak eramanik, posta-kotxe bat asapala bizian oldartzen ari zen zurrunbilo bat antzo.
        Alderatzen ez zen emakume hura ikusirik, gidaria kapotaren gainetik zuritu zen, eta zaltzaina halaber garraisika ari zen, berak ere eurti ezin zien bere lau zaldiak gero eta lasterrago zihoazen bitartean; lehenengo biek marruskatzen zuten; erremalen astindura batez bazterrera bota zituen, baina haserre bizian jaso zuen besoa, eta besagain betean, bere zaharo handiaz, sabeletik mototseraino halako kolpea erantsi zion non, hura bizkarrez erori baitzen. Berriro kordea etorri zitzaionean, haren lehen higikera otarrea irekitzeko izan zen. Loulouk ez zuen ezer, zorionez. Sumindura sentitu zuen eskuineko masailan; hara jaso zituen bere eskuak gorri zeuden. Odola zerion.
        Metrobeteko galtzararri pilaren gainean eseri zen, aurpegia musuzapiaz xukatu zuen, gero ogi koskor bat jan zuen, otarrean baezpada ere ipinia, eta txoriari begira kontsolatzen zen bere zauriaz.
        Ecquemauvilleko gainera iristean, Honfleureko argiak hauteman zituen, gauean izar pila baten gisa ñirñirka; itsasoa, urrunago, ilunkatsu hedatzen zen. Orduan ahulezia batek geldierazi zuen; eta bere haurtzaroko miseria, lehen maitasunaren dezepzioa, ilobaren abioa, Virginieren heriotzea, marea baten olatuak bezala, batera etorri ziran, eta, haren eztarrira igoz, ito egiten zuten.
        Gero itsasuntziko kapitainari hitzegin nahi izan zion; eta, zer igortzen zuen esan gabe, zenbait gomendio egin zion.
        Fellacherek denbora luzez gorde zuen loroa. Betiere hurrengo asterako agintzen zion; sei hilabeteren buruan, kaxa baten abioa iragarri zuen; eta haren aipurik ez zen gehiago izan. Pentsatzekoa zen Loulou ez zela sekula gehiago itzuliko. «Lapurtu egin didate nonbait!» pentsatzen zuen.
        Azkenean iritsi zen, —eta distirante, kaobazko oin batean tinkatua zen arbola adar baten gainean tente, hanka bat aidean, burua zeharka, eta, disekatzaileak handiostasunaren amorez, urrekolorea emana zion intxaur bati hozka.
        Féliciték bere gelan giltzapetu zuen.
        Toki horrek, non jende gutxi ametitzen baitzuen hark, aldi berean bazuen kapera baten eta azoka baten airea, izan ere bai baitzen han hainbat objektu erlijioso eta hainbat gauza heteroklito.
        Armairu handi batek atea irekitzea oztopatzen zuen. Jardinaren gainera ematen zuen leihoaren aurrez aurre, argizulo borobil batek atarira begiratzen zuen; mahai batek, ohe sare baten ondoan, urontzi bat, bi orrazi, eta plater akastu batean xaboi kosko urdin bat sostengatzen zituen. Hormen kontra ikusten ziren: errosario batzuk, domina batzuk, Amabirjina asko, kokoazalezko urbedeinkatu ontzi bat; komodaren gainean, aldare baten gisa oihal batez estalia, Victorrek ernan zion txirlazko kaxa, gero garastailu bat eta ontzi bat, idazteko koadernoak, geografia estanpaduna, botin pare bat; eta ispiluaren iltzean, haren zintaz eskegirik, pelutxezko txano txikia! Féliciték hain urrun ere eramaten zuen begirune molde hori non, Monsieuren longainetariko bat ere gordea baitzuen. Mme Aubainek jada ezertarako nahi ez zituen zaharreria guztiak, hark bere gelarako hartzen zituen. Horrela kausitzen zen han bazirela lore artifizialak komoda ertzean, eta Artoisko kontearen erretratua sabaileihoaren zoko barnean.
        Oholtxo baten medioz, apartamendu barruan luzatzen zen tximinialde baten gainean kokaturik suertatu zen Loulou. Goizero, esnatzerakoan, egunsentiaren argitan hautematen zuen hura Féliciték, eta orduan oroitzen zen desagerturiko egunez, eta ekintza hutsalez haien xehetasunik txikienetan ere, atsekaberik gabe, lasaitasunez beterik.
        Inorekin komunikatzen ez zenez, lozorro baten zuntzunerian bizi zen. Bestaberritako prozesioek pizkortzen zuten. Auzoko etxeetara joaten zen zuzi eta xingola eske, kalean altxatzen zen aldarea apaintzeko.
        Elizan, beti Izpiritu Santua betesten zuen, eta ohartu zen hark bazuela loroaren zertxobait. Haren antza are nabarmenagoa iruditu zitzaion Epinaleko irudi batean, Jesukristoren bataioa irudikatzen zuenean. Hura bere purpurazko hego eta bere esmeraldazko gorputzarekin, benetan Loulouren erretratua zen.
        Erosi zuen eta Artoisko kontearen lekuan eskegi zuen, horrela, begibista batean bertan, biak batera ikusten zituela. Haren pentsamenduan elkartu egin ziren, loroa Izpiritu Santuarekin erlazio borren bidez santifikatua kausitzen zelarik, eta Izpiritu Santua haren begietarako biziagoa bilakatzen zelarik eta ulergarria. Bere burua adierazteko, Aitak, ezin izan zuen uso bat aukeratu, zeren piztia horiek ez baitute ahotsik, baizik eta bai ordea Loulouren arbasoren bat. Eta Féliciték irudiari begira egiten zuen otoitz, baina aldian behinka txoriaren aldera jiratzen zen piska bat.
        Mariaren alaba sartzeko gogoa izan zuen. Mme Aubainek kendu zion hori burutik.
        Garrantzizko gertaera bat sortu zen: Paulen ezkontza.
        Lehendabizi notario urgazle, gero merkatari, aduanako, zergalari, eta ur eta basoetarako sarbideari ere ekin ondoren, hogeita hamasei urte zuela, bat-batean, zeruaren iradokipenez, bere bidea aurkitu zuen: erregistraria! eta horretan hain balio handiak erakusten zituen non, egiaztatzaile batek bere alaba eskaini baitzion, bere babesa ere aginduz.
        Paulek, ganoradun bilakaturik, amaren etxera eraman zuen.
        Neskak erdeinatu egin zituen Pont-l'Evêqueko ohiturak, printzesarena egin zuen, Félicité mindu zuen. Mme Aubainek, hura abiatzean, arindura sentitu zuen.
        Hurrengo astean, Bourais jaunaren heriotzaren berri jakin zen, Bretaina behean, ostatu batean. Bere buruaz beste egin izanaren zurrumurrua bermatu egin zen; haren gizalegetasunaz zalantzak zabaldu ziren. Mme Aubainek bere kontuak aztertu zituen, eta ez zion luze eraman haren faltserien letania ezagutzeak: atzerapenen desbideratzeak, baso salmenta isilekoak, faktura faltsuak, e.a. Gainera, sasikume bat zeukan, eta «Dozuléko pertsona batekin hartuemanak zituen».
        Lizunkeria horiek atsekabe handia eragin zioten. 1853ko martxoan bularreko oinaze batek harrapatu zuen; haren mingainak kez estalia zirudien, izainbareek ez zuten baretu haren hertsadura; eta bederatzigarren arratsean azken arnasa eman zuen, justu hirurogeita hamabi urte zuela.
        Gazteago zela uste zuten, haren ile beltzaranagatik, adatsek aurpegi zurikaila, naparreri pikorrek markatua, inguratzen ziotela. Lagun gutxik auhendatu zuten, haren jendetasuna besteengandik urruntzen zuen goizalea izaki.
        Féliciték bai nigartu zuen, ugazabengatik nigar egin ohi ez den moduan. Madame bera baino lehen hil izanak, horrek, ideiak nahasten zizkion, gauzen ordenaren kontrakoa iruditzen zitzaion, ametiezinekoa eta munstrokeria.
        Handik hamar egunetara (Besançonetik presaz etortzeko denbora) herentzidunak azaldu ziren.
        Errainak kajoiak miatu zituen, altzariak aukeratu zituen, gainerakoak saldu zituen, gero erregistro gintzara itzuli ziren.
        Madameren besaulkia, haren mahaia, haren sutontzia, zortzi aulkiak, joanak ziren! Grabatuen tokia karratu horitan marrazten zen trenkaden erdian. Bi ohantzeak, beren koltxoiekin, eramanak zituzten, eta apaletan jada ez zen ageri Virginieren gauza guztietarik ezer. Félicité solairuak igotzen joan zen, tristuraz hordi.
        Biharamonean kartel bat zegoen atearen gainean; botikarioak belarrira garraisika esan zion, etxea salmentan zegoela.
        Hark balantzaka egin zuen, eta eseri beharrean gertatu zen.
        Nagusiki nahigabetzen zuena, bere gela uztea zen, —hain erosoa Loulou gaisoarentzat. Larridurazko begirada batean hura inguratuz, Izpiritu Santuari erregu egiten zion, eta bere errezoak loroaren aurrean belaunikaturik egiteko ohitura idolatra hartu zuen. Batzutan, eguzkiak argizulotik sartzean haren beirazko begia jotzen zuen, eta hartatik, Félicité extasian ipintzen zuen izpi argitsu handi bat jalgierazten zuen.
        Hirurehun eta laurogei liberatako errenta zenkan, etxekoandreak testamenduan lagata. Barazkiz jardinak hornitzen zuen. Jantziei zegokienez, bere bizialdiaren azkenerarte zer jantzirik bazeukan, eta ilunabarra orduko oheratuz argia aurreratzen zuen.
        Ez zen ia behin ere irtetzen, aintzinako altzarietariko batzuk ipiniak zeuden piltzarkariaren denda ekiditearren. Zorabio harez gero, zango bat herrestatu egiten zuen; eta, haren indarrak murrizten ari zirenez, Simon atsoa, janaridendan porrot egina, goizero etortzen zen hari egurra pitzatzera eta ura ponpatzera.
        Haren begiak ahuldu egin ziren. Pertsianak jadanik ez ziren irikitzen. Urterik asko iragan zen. Eta etxea ez zen alokatzen, eta ez zen saltzen.
        Kanpora botako ez ote zuten beldurrez, Féliciték ez zuen inolako konponketarik eskatzen. Teilatuko latak usteltzen ari ziren; negu oso batez haren burukoa bustirik egon zen. Pazko ondoren, odola ttukatu zuen.
        Orduan Simon atsoak doktore batengana jo zuen. Zer zeukan jakin nahi izan zuen Féliciték. Baina, entzuteko gorregi, hitz bat bakarrik heldu zitzaion: «Pneumonia». Ezaguna zitzaion, eta eztiro esan zuen: — «A! Madamek bezala», bere etxekoandreari jarraikitzea legezkotzat kausituz.
        Prozesio-aldareen momentua hurbiltzen ari zen.
        Lehenengoa beti aldaparen oinean izaten zen, bigarrera postaren aurrean, hirugarrena kalearen erdi aldera. Hari buruz lehiak izan ziren; eta parrokiako emakumeek azkenean Mme Aubainen ataria hautaru zuten.
        Hersturak eta kalentura gero eta handiagoak ziren. Félicité minduratu egiten zen aldarerako ezer ez egiteagatik. Gutxienik ere, hartan zerbait ipini ahal izan balu behintzat! Orduan loroaz pentsatu zuen. Hori ez zen itxurazkoa, argudiatu zuten auzoko andreek. Baina apaizak eman zuen horretarako baimena; horrek hain zoriontsu egin zuen non, bera hiltzean, Loulou, bere ondasun bakarra, onar zezan erregutu baitzion.
        Asteartetik larunbatera, Bestaberriaren bezpera, sarriago egin zuen eztula. Arratsean haren aurpegia zurrundurik zegoen, haren ezpainak hortzoietan eransten ziren, okadak hasi ziren; eta biharamonean egunsenti-begian, oso lurjota sentitzen baitzen, apaiz bat eskatu zuen.
        Hiru emakumek inguratzen zuten azken-igurtzirakoan. Gero adierazi zuen, Faburekin hitzegin beharra zuela.
        Hura igande-jantzitan heldu zen, deseroso atmosfera hits hartan.
        — «Barkaidazu» esan zion Féliciték besoa luzatzen ahaleginduz. «Nik uste nuen zu zinela hil zenuena!».
        Zer esan nahi zuten horrelako saltsa horiek? Hiltzailetzat susmatu, hura zen gisako gizona! Asaldatu egin zen, eskandaluan hastear zegoen. — «Burua joan zaio, bistan duzu hori!»
        Félicité aldian behin mamukoei mintzatzen zitzaien. Emakumetxoak urrundu egin ziren. Simonek gosaldu egin zuen.
        Piska bat geroago, hartu zuen Loulou, eta, Félicitérengana hurbildurik:
        — «Ea ba! esaiozu agur!».
        Txoria gorpu bat ez zen arren, harrak ari ziren hura jaten; haren hegaletariko bat puskaturik zegoen, iztupa ateratzen zitzaion sabeletik. Baina, ordurako itsu, hark kopetan musu eman zion, eta bere masailaren kontra zeukan. Simonek hartu zion berriro, aldare gainean ipintzeko.
 

 

 

© Gustave Flaubert

© itzulpenarena: Patxi Apalategi

 

 

"Gustave Flaubert - Bihotz sinplea" orrialde nagusia


www.susa-literatura.eus