III
 
        Atean erreberentzia egin ondoren, eliza barne altuaren pean barrena egiten zuen aulki zerrenda bikoitzaren erditik, Mme Aubainen bankua irekitzen zuen, eseritzen zen, eta bere inguruan pasiatzen zituen begiak.
        Mutikoak eskuinetan, neskatoak ezkerretan, betetzen zituzten koruko eserlekuak; apaiza zutik egoten zen atriletik hurbil; absideko leihardi batean Izpiritu Santuak menpean hartzen zuen Amabirjina; beste batek belauniko azaltzen zuen Jesus Haurraren aurrean, eta, tabernakuluaren atzean, zurezko talde batek San Mikel irudikatzen zuen herensugealurreratzen.
        Abadeak lehenik Historia Sakratuaren laburpen bat egin zuen. Féliciték paradisua ikusi uste zuen, eta uholdea, Babelgo dorrea, hiriak sutan, hiltzen ari ziren herriak, idoloak eratsirik; eta liluramendu horretatik Jaun Gorenarenganako begirunea gorde zuen, eta haren haserrearen beidurra. Gero, Pasioa entzutean nigar egin zuen. Zergatik gurutzatu zuten ordea hura, haurrak maite zituena, jendetzari jaten ematen ziona, itsuak sendatzen zituena, eta, otzantasunez, pobreen arrean estalpe batetako simaurraren gainean jaio nahi izan zuen hura? Ereintzak, uztak, tolareak, Ebangelioak aipatzen dituen eguneroko gauza horiek guztiak, bere bizitzan kausitzen ziren; Jainkoaren iragapenak santifikatu egin zituen; eta laztankiroago maire izan zituen bildotsak Bildotsarenganako maitasunagatik, eta usoak Izpiritu Santuarenagatik.
        Lan izaten zuen haren pertsona irudikatzen; zeren hura ez baitzen txoria bakarrik, baizik eta sua ere, eta beste batzutan hatsa. Haren argia da agian zingira bazterretan gauez hegabiraka ibiltzen dena, haren arnasa hodeiak bultzatzen dituena, haren ahotsa kanpaiak harmoniatsu bihurtzen dituena; eta adorazio betean egoten zen, hormen freskuraz eta elizako narotasunaz gozatzen.
        Dogmei dagokienez, ez zuen ezer ulertzen, ez zen saiatu ere egin ulertzen. Abadeak berba egiten zuen, haurrek errezitatu egiten zuren, hura azkenerako loak hartzen zuen; eta bat-batean esnatzen zen, haiek joaterakoan beren eskalaproiak harlauzetan klaskarazten zituztenean.
        Era horretan gertatu zen, entzutearen poderioz, dotrina ikasi zuela, haren hezkuntza erlijiosoa gaztaroan zabarturik utzia izaki; eta handik aurrera Virginieren usario guztiak imitatu zituen, hark bezala barau egiten zuen, harekin batera konfesatzen zen. Bestaberri egunean, biek elkarrekin egin zuten aldaretxo bat.
        Lehen jaunartzeak aldez aurretik hersturatzen zuen. Oinetakoengatik, errosarioarengatik, liburuarengatik, eskuxorroengatik artegatu zen. Zer nolako dardarizoz lagundu zion haren amari, hura jazten!
        Meza osoan zehar, larridura sentitu zuen. Bourais jaunak koruaren alde bat estaltzen zion; baina justu aurrez aurre, birjina taldeak beren estalki beheitituen gainean koroe zuriak zeramatzatela, elurzelai baten gisakoa formatzen zuten; eta urrunetik ezagutzen zuen txikitxo laztana haren lepo lirainagoa eta haren jarrera barneratua medio. Kanpaiak dilinda jo zuen. Buruak makurtu egin ziren; isiltasuna izan zen. Organuaren azantzari jarraiki, txantreek eta jendetzak Agnus Dei abestu zuten; gero mutikoen zerrenda abiatu zen; eta, haien segidan, neskatoak zutitu ziren. Pausoz pauso, eta eskuak baturik, argiz betetako aldarerantz joan ziren, lehen mailan belaunikatu ziren, batak bestearen ondoren hostia hartu zuten, eta ordena berean itzuli ziren beren belaunikalekuetara. Virginieren txanda izan zenean, Féliciték burua aurreratu zuen hura ikusteko; eta, benetako samurtasunek ematen duten irudimenaz, haur hura berbera zela iruditu zitzaion; haren aurpegia berea bilakatzen zen, haren soinekoz jantzirik zegoen, bihotzak taupaka egiten zion bular barruan; ahoa irekitzeko unean, betazalak itxiz, zorabiatzeko zorian izan zen.
        Biharamonean, goizean goiz, sakristian aurkeztu zen, apaiz jaunak jauneman ziezaion. Debozioz hartu zuen, baina ez zituen dastatu aurreko eguneko eztitasun haiek berak.
        Mme Aubainek bete-beteko pertsona bihurtu nahi zuen bere alaba; eta, Guyotek ez ingelesa ez musika erakutsi ezin zizkionez, Honfleureko Urtsulinetan barnetegian sartzea deliberatu zuen.
        Haurrak ez zuen ezer argudiatu. Féliciték hasperen egiten zuen, Madame sentimendugabeko kausituz. Gero pentsatu zuen, etxekoandreak, agian, arrazoi zuela. Gauza horiek gainditu egiten zuten bere trebantza.
        Azkenik, egun batez, karroza zahar bat gelditu zen ate aurrean; eta Mademoiselleren bila zetorren moja bat jaitsi zen hartatik. Féliciték jaso zuen ekipaia inperialera, zenbait aholku eman zion gurdigizonari, eta kofrean sei konfitura poto eta dozena bat udare ipini zituen, brioleta xorta batekin batera.
        Virginie, azken momentuan, zotin handika hasi zen; bere ama besarkatzen zuen eta amak bekokian musukatzen zuen errepikatuz: — «Ea ba! izan adoretsu! izan adoretsu!» Atemaila igo zen, kotxea abiatu egin zen.
        Orduan Mme Aubainek ondoeza izan zuen; eta arratsean haren lagun guztiak, Lormeau senar-emazteak, Lechaptois anderea, Rochefeuille andereño haiek, Houppevilleko fauna eta Bourais etorri ziren etxera hura kontsolatzera.
        Alaba falta izatea nahigabe handikoa izan zitzaion hasieran. Baina astean hiru aldiz haren gutun bat jasotzen zuen, beste egunetan hari idazten zion, jardinean pasieran ibiltzen zen, zerbait irakurtzen zuen, eta era horretan betetzen zuen orduen hutsunea.
        Goizean, ohituraz, Félicité Virginieren gelan sartzen zen, eta paretei so egoten zen. Aspertu egiten zen jada haren adatsa orrazterik, haren botinak lotzerik, ohean hura inguratzerik ez izateagatik-haren aurpegi polita etengabe ez ikusteagatik, elkarrekin ateratzen zirenean jada eskutik ez hartzeagatik. Bere zeregin gabezian, brodatzen saiatu zen. Bere behatz baldarregiek albuinuak puskatzen zituzten; ez zen ezertarako gauza, loa galdua zuen, bere hitza erabiltzeko, «akabo» zegoen.
        «Denborapasarako», bere iloba Victor etxean hartzeko baimena eskatu zuen.
        Hura igandean etortzen zen mezaren ondoren, masailak gorriztak, bularra biluzi, eta zeharkatua zuen landaren usaina zabalduz. Féliciték berehala mahaia ipintzen zuen. Batak bestearen aurrez aurre bazkaltzen zuten; eta, gastua murrizteko berak ahal zen gutxiena janez, bestea hainbesteraino asebetetzen zuen non, azkenerako loak hartzen baitzuen. Bezperetarako lehen kanpandeiarekin batera iratzarri egiten zuen, galtzak eskubilaz pasatzen zizkion, gorbata korapilatzen zion, eta elizara joaten zen, ama-harrotasunez haren besoan sostengu hartuz.
        Gurasoek hari betiere enkargatzen zioten bertatik zertxobait atera zezan, azukre beltz paketeren bat zela, xaboia zela, patarra zela, noizean behin baita dirua ere. Arropa zaharrak ekartzen zituen adabatzeko; eta Féliciték onartu egiten zuen lan hori, hura berriro etortzera behartuko zuen abaguneaz zoriontsu.
        Abuztuan, aitak Manuel bidali zuen lanera.
        Oporretako garaia zen. Haurren etxeratzeak kontsolatu zuen. Baina Paul apetati ari zen bihurtzen, eta Virginiek jadanik ez zuen hika hitzegin ziezaion adinik, eta horrek eragozpena, barrera sortzen zuen Félicité eta paren artean.
        Victor batean Morlaixera, hurrengoan Dunkerquera, gero Brightonera joaten zen; bidaia bakoitzeko bueltan, hark opari bat ekartzen zion. Lehenengoan, txirlazko kaxa bat izan zen; bigarrenean, kafe kikara bat; hirugarrenean, panpina handi bat espezia-opilezkoa. Mutil ederra ari zen egiten, kaizu bikaina zuen, bibote pixka bat, begi samur zintzoak, eta larruzko kapela txiki bat, atzerantz jantzia pilotu baten gisa. Marinel hizkeraz nahasbeteriko istorioak kontatuz gozatzen zuen Félicité.
        Astelehen batez, 1819ko uztailaren 14a (emakumeari ez zitzaion data hori ahaztuko), Victorrek jakitera eman zuen bidaia luzetarako enplegatu zutela, eta, biharamon hurrengo gauean, Honfleurko pakebotez, bere goleta hartzera joango zela, laster itsasoratzekotan baitzen Havretik. Bi urte egingo zuen, agian, hortik zehar.
        Horrenbesterainoko ausentziaren ikuspegiak atsekabetu egin zuen Félicité; eta hari beste behin ere agur egitearren, asteazken arratsean, Madamen afariaren ondoren, eskalaproinetan oinak sartu zituen, eta Pont-l'Evêque Honfleurtik aldentzen duten lau legoak irentsi zituen.
        Calvaire aurrera iritsi zenean, ezkerrera hartu ordez, eskuinera hartu zuen, lantegien artean galdu zen, bidea atzera egin zuen; galde egin zienek presaka ibiltzeko iradoki zioten. Itsasuntziz betetako urzelaiaren bira egin zuen, amarren kontra oztopatzen zen; gero terrenuak behera egin zuen, argiak elkarren artean gurutzatu ziren, eta zoratu egin zela uste izan zuen, zeruan zaldiak hautematean.
        Kaiaren ertzean beste batzuek irrintzika egiten zuten, itsasoak izuturik. Altzatzen zituen garabimutur batek itsasuntzi batera jaisten zituen, eta han bidaiariak elkarri oldarka mugitzen ziren sagardo upela, gazta saski eta ale zakuren artean; oiloak kakarazka entzuten ziren, kapitaina biraoka art zen; eta untzimutil bat geldi zegoen ukondoak karelertzean tinkaturik, horretaz guztiaz axola gabe. Féliciték, ez baitzuen ezagutu, garraisi egiten zuen: «Victor!». Hark burua jaso zuen; emakumea abailan abiatu zen, noiz eta bat-batean zaldaina erretiratu zutenean.
        Emakume batzuk kantari zirgatzen zutela, pakebotea portutik irten zen. Haren untzi-kroskoak karranka egiten zuen, uhin zakarrek haren branka zigorkatzen zuten. Bela biratu egin zen, iada ez zen inor ikusi; eta, ilargiak zilarreztaturiko itsaso gainean, betiere zurbilkatzen zihoan mantxa beltz bat egiten zuen, suntsitu egin zen, desagertu egin zen.
        Féliciték, Calvaireren ondoan pasatzean, Jainkoari gomendatu nahi izan zion gehien txeratzen zuen hura; eta denbora luzez aritu zen otoitzean, zutik, aurpegia nigarrez blai, begiak hodeietarantz. Herria lo zegoen, aduanazainak ibilian zebiltzan; eta tira etengabe erortzen zen aldaparoaren atekako zuloetatik, urlaster baten zarataz. Ordubiak jo zuten.
        Mintzatokia ez zen irekiko argia baino lehen. Atzerapenak, jakina, gogait eragingo zion Madameri; eta, beste haurra besarkatzeko haren desioa arren, itzuli egin zen. Ostatuko neskak esnatzen ari ziren, hura Pont-I'Evêquen sartzen ari zela.
        Mutiko gaisoak hilabetetan zehar itsasoan barrena joan beharko zuen beraz! Ordurarteko bidaiek ez zuten ikaratu. Inglaterratik eta Bretainatik, bueltan etortzen ziren; baina Amerika, Koloniak, Irlak, hori baezpako eskualde batean galdurik zegoen, munduaren beste puntan.
        Ordudanik, Féliciték bere ilobaz bakarrik pentsatu zuen. Egun eguzkitsuetan, egarriz oinazetzen zen; ekaitza egiten zuenean, harentzat oinazkarraren beldur izaten zen. Tximinian burrunbatzen zuen eta teilatarbelak eramaten zituen haizea entzutean, hura ikusten zuen erauntsi horrek berak astindurik, masta puskatu baten goian, gorputz osoa atzerantz, bitsezko mantu baten pean; edota —geografia estanpadunaren oroitzapena—, basati batzuk ari ziren hura jaten, baso batetan tximuek harrapaturik, hondartza desertu batetan barrena hiltzeko zorian. Eta inoiz ez zen mintzatzen bere kezka horiez.
        Mme Aubainek bazituen beste batzuk bere alabari buruz.
        Hura bihozbera, baina beraxka zela kausitzen zuten mojatxoek. Hunkidurarik txikienak bere onetik ateratzen zuen. Pianoa bertan behera utzi beharra izan zen.
        Haren amak korrespondentzia arautua exigitzen zuen konbentuaren aldetik. Goiz batez postaria ez zen etorri, hura kezkatu egin zen; eta salan zebilen, bere besaulkitik leihora. Benetan itzela zen hori! lau egun hartan berririk ez!
        Hura exenpluaren bidez kontsola zedin, Féliciték hala esan zion:
        — «Nik, Madame, sei hilabete bada jaso ez dudala!...»
        — «Norengandik ba?...» Neskameak eztiki ihardetsi zuen:
        — «Ba... nire ilobarengandik!»
        — «A! zure iloba!». Eta, sorbaldak altxatuz, Mme Aubainek bere joan-etorriari ekin zion berriro, zera adierazi nahiez bezala: «Nik ez nuen hartaz pentsatzen!... Eta gainera, ni horretaz trufatu egiten naiz! untzimorroi bat, arlote bat, erregalu ederra!... nire alaba ordea... Pentsa gero!...»
        Félicité, laztasunean hazia izan arren, gaitzitu egin zen Madamen kontra, gero ahaztu egin zuen.
        Zeharo normala iruditzen zitzaion neskatoari zegokionean burua galtzea.
        Bi haurrek garrantzi berdina zeukaten; haren bihotzeko lotura batek batzen zituen biak, eta haien patuek bat bera behar zuten izan.
        Botikarioak aditzera eman zion, Victorren untzia La Havanara heldua zela. Kazeta batetan irakurria zuen berri hori.
        Zigarropuruak medio, La Havana, erre eta erre beste gauzarik egiten ez den herrialde gisa irudikatzen zuen Féliciték bere artean, eta Victor han zebilen beltzen arrean tabako lainoz inguraturik. Itzul al zitekeen handik «beharrean gertatu ezkero» lehorreko bidez? Zein distantziatara zegoen Pont-l'Evêquetik? Hori jakitearren, Bourais jaunari galdetu zion.
        Hark atzeman zuen bere atlasa, eta gero luzeerei buruzko azalpenei ekin zien; jakitunziri irribarre eder bat zeukan Félicitéren txundiduraren aurrean. Azkenik, bere arkatz puntaz, orban biribilkatsu baten urratu batzutan puntu beltz bat seinalatu zuen, erantsiz: «Horra hor». Félicité maparen gainean makurtu zen; marra koloretsuren sare hark nekatu egiten zuen bere bista, hari ezer irakatsi gabe; eta zerk artegatzen zuen esatera Bouraisek gonbidaturik, Victor bizi zen etxea erakus ziezaion eskatu zion hark. Bouraisek besoak jaso zituen, doministiku egin zuen, erruz barre egin zuen; molde horretako xalotasunak kitzikatu egiten zion alaitasuna; eta Féliciték ez zuen ulertzen horren arrazoia, —agian bere ilobaren erretratua ere ikustea espero baitzuen, bere adimena bain motza izaki!
        Hamabost egun geroago izan zen, ohi bezala merkatu orduan, Liébard sukaldean sartu zenean, eta bere koinatuak igorri zion gutun bat eman zion eskura. Haiek biek ere irakurtzen ez zekitenez, neskameak etxekoandrearengana jo zuen.
        Mme Aubainek, orratz-puntuak kontatzen ari zen artilelana alboan utzi zuen, kartazala ireki zuen, dardarizoa izan zuen, eta, ahots baju batez, begirada sakon batekin:
        — «Ezbehar bat da... iragartzen zaizuna. Zure iloba...»
        Hila zen, hartan ez zen beste gehiagorik esaten.
        Félicité aulki baten gainean erori zen, burua errenkadaren kontra sostengatuz, eta bat-batean zurigorri bilakatu ziren betazalak itxi zituen. Gero, bekokia abaildurik, eskuak zintzilik, begia tinko, tarteka errepikatzen zuen:
        — «Mutiko gaixoa! mutiko gaixoa!»
        Liébardek suspirioka hasperenez behatzen zion. Mme Aubainek dardarka egiten zuen apur bat.
        Hark proposatu zion bere ahizpa ikustera joan zedin, Trouvillera.
        Féliciték, keinu batez, horren beharrik ez zeukala erantzun zuen.
        Isilaldi bat izan zen. Liébard gizarajoak komenikotzat eman zuen erretiratzea.
        Orduan Féliciték esan zuen:
        — «Hori berdin zaie, haiei!»
        Berriro burua erori zitzaion; eta ezarian-ezarian, aldian behinka, jostun mahai gaineko orratz luzeak altxatzen zituen.
        Emakume batzuk iragan ziren ataritik balarte batekin arropa tantajarioan zuela.
        Leiharretatik haiek hautematean, bere lixiba gogoratu zitzaion; bezperan joa zuenez, gaur ui heldu beharra zegoen; eta gelatik kanpora Joan zen.
        Haren lixibohola eta tiña Toucques bazterrean zeuden. Urertzera alkandora pila bat bota zuen, bere maukak goititu zituen, astingailua hartu zuen; eta hark jotzen zituen kolpe gogorrak alboko beste jardinetan ere entzuten ziren. Belazeak hutsik zeuden, haizeak kizkurtzen zuen ibaia; hondoan, belar luzeak makotzen ziren han, urgainean gorpuren adatsak gisa. Hark oinazeari eutsi egiten zion, arratserarte oso adoretsu izan zen; baina, bere gelan, bere buruari jaregin zion, ahozpez bere koltxoiaren gainean, aurpegia burkoan, eta bi ukabilak lokien kontran.
        Askoz beranduago, Victorren kapitainaren beraren bidez, jakin zituen haren fingaitzaren inguruabarrak. Ospitalean odolateratze gehiegi egin zioten, sukar horiarengatik. Lau medikuk zeukaten aldiberean. Derrepentean hila zen, eta buruzagiak esan omen zuen:
        — «Horra! beste bat ere!»
        Haren gurasoek basatiki tratatu izan zuten beti. Nahiago izan zuen haiek gehiago ez ikusi; eta besteek ez zuten eman inolako aurrerapausorik, ahazturaz, edota zikoitzen gogorreriaz.
        Virginie ahultzen ari zen
        Hersturak, eztula, etengabeko kalentura eta masailetako ubeldurak, sakoneko gaitzen baten salatari ziren. Poupart jaunak Provencen egonaldi bat aholkatu zuen. Mme Aubain horretara deliberatu zen, eta berehala jasoa zukeen alaba berriro etxean, Pont-l'Evêqueko klimarengatik izan ezean. Asteartero komentura eramaten zuen kotxe-alokatzaile batekin egin zuen tratua. Han bada jardinean, Seine ibaia ikusten den terraza bat. Virginiek han pasiatzen zuen amaren besotik, mahats-aihenetatik eroritako horbelen gainetik. Eguzkiak tarteka hodeiak zulatuz betazalak kliskatzera behartzen zuen, urrunean belak eta, Tancarvilleko gaztelutik hasi eta Havreko faroetaraino, ortzemuga osoa begiztatzen zituen bitartean. Ondoren atseden hartzen zuten pendizaren pean. Haren amak erdietsia zuen Malagako upelatxo bat ardo bikaina; eta, moxkorbegi jartzea pentsatu hutsean ere barrez, hartatik bi hurrupatxo edaten zituen, ez gehiago.
        Haren indarrak berritu ziren. Udazkena eztiki iragan zen. Féliciték lasaitu egiten zuen Mme Aubain. Baina arrats batez, han inguruan mandatu bat egiten izana zen batetan, Poupart jaunaren kabrioleta topatu zuen atarian; eta hura sarreran zegoen. Mme Aubain bere kapela lotzen ari zen.
        — «Emaidazu nire oinberogailua, nire poltsa, nire eskularruak; arinago ba ordea!»
        Virginiek andaerraietako eria zeukan; agian etsipenezkoa zen.
        — «Ez oraindik!» esan zuen medikuak; eta biak kotxera igo ziren, zurrunbiloka zebiltzan elur maluten pean. Gaua bazetorren. Hotz handia-egiten zuen.
        Félicité elizara oldartu zen, kandela bat piztera. Gero kabrioletaren atzetik korrika abiatu zen, eta handik ordubetera harrapatu zuen, atzeko aldetik arinki salto egin zuen, eta han zihoan bizkarburdinei heldurik, burutazio bat etorrri zitzaionean: Atariko atea ez zegoen itxita! eta lapurrak sartuko balira?». Eta jaitsi egin zen.
        Biharamunean, egunsentia orduko, doktorearen etxean aurkeztu zen. Hura itzulia zen, eta berriro landetara joana. Gero Félicité ostatuan geratu zen, ezezagunen batzuek gutunen bat ekarriko zuten ustetan. Azkenik, eguna zabaltzean, Lisieuxerako dilijentzia hartu zuen.
        Komentua kalemutur aldapatsu baten hondoan aurkitzen zen. Erdialdean, soinu bitxi batzuk entzun zituen, hilkanpaia. «Besteren batengatik da» pentsatu zuen; eta Féliciték bortizki tiregin zion atemailuari.
        Minutu askoren buruan, oskiak herrestatu ziren, ate-zirriztua ireki zen eta moja bat azaldu zen.
        Mojatxoak urrikalmendu aire batez esan zuen «haurra orduantxe joana zela». Aldi berean, Saint-Leonardeko hilkanpaiak jotzen ari ziren.
        Félicité heldu zen bigarren solairura.
        Gelaren atalasetik bertatik, Virginie ikusi zuen bizkarrez luze etzanda, eskuak bildurik, ahoa zabalik, eta burua atzerantz harengana alderaturiko gurutze beltz baten pean, errezel geldi-geldien artean, ez haren aurpegia bezain zurikailak. Mme Aubainek, besoen arrean heltzen zuen ohearen oinean, agonia zotinak jalgitzen zituen. Superiora zutik zegoen, eskuinean. Komodaren gainean hiru argizangok orban gorriak egiten zituzten, eta lainaideak zurizkatzen zituen leihoak. Moja batzuek eraman zuten Mme Aubain.
        Bi gauez, Félicité ez zen lekutu hilaren ondotik. Errezo berak errepikatzen zituen, ur bedeinkatua jaurtikitzen zuen maindireen gainera, berriro eseri egiten zen, eta hari so egoten zen. Lehen beila-gauaren bukaeran, haren aurpegia horitu egin zela ohartu zen, ezpainak urdinkatzen ari ziren, sudurra matxartzen, begiak hondoratzen. Askotan mun eman zien; eta ez zukeen egundoko harridurarik jasango baldin Virginiek ireki balitu; tankera horretako arimentzat naturaz gaindikoa zeharo sinplea da. Haren apainketa egin zuen, beztitu zuen, zerraldo barruan eizan zuen, koroe bat ipini zion, adatsak hedatu zizkion. Horailak ziren, eta haren adinerako luzeeran apartekoak. Féliciték hartatik ilesorta handi bat moztu zuen, eta horren erdia bere bularrartera labaindu zuen, hura sekula ez jalgitzera deliberaturik.
        Gorpua Pont-l'Evêquera eraman zen, hil-karrozari kotxe itxi batean jarraitzen zion Mme Aubainen nahiei jarraiki.
        Meza ondoren, arrean hiru ordu laurden behar izan ziren kanposantura iristeko. Seizioburu Paul zihoan eta nigarzotinka egiten zuen. Bourais jauna zen haren atzetik, ondoren biztanle nagusienak, emakumeak, mantu beltzez estalirik, eta Félicité. Bere ilobaz pentsatzen zuen, eta, hari ohore horiek eskeini ezin izan zizkionez, emendiozko tristura ere bazeukan, bestearekin batera hobiratu balute bezala.
        Mme Aubainen etsipena hondogabea izan zen.
        Lehenik Jainkoaren kontra erreboltatu zen, hari bere alaba kendu izanagatik injustu kausituz —berari inoiz gaizkirik egin ez zuenari, eta kontzientzia hain garbi zuenari! Baina ez! eramana behar izango zukeen Midira. Beste doktore batzuek salbatua zuketen! Bere burua akusatzen zuen, alabarekin elkartu nahi zuen, larriduraz garraisi egiten zuen bere ametsen erdian. Batek, batik bat, obsesionatzen zuen. Bere senarra, marinel baten gisa jantzirik, bidaia luze batetik zetorren, eta nigarrez esaten zion Virginie eramateko ordena hartu zuela. Orduan ados jartzen ziren non edo non ezkutalekuren bat aurkitzeko.
        Behin batez, jardinetik etxeratu zen aztoraturik. Orduantxe bertan (tokia seinalatzen zuen) aita eta alaba agertu zitzaizkion bata bestearen atzetik, eta ez zuten ezer egiten; so egiten zioten.
        Dexente hilabetez, bere gela barruan geratu zen, egonean. Félicité predikuan aritzen zitzaion eztiki; bere buruari eutsi beharrean zegoen bere semearengatik, eta bestearengatik, «alabaren» oroimenez.
        — «Bestea?» hasten zen Mme Aubain, esnaturik bezala. «A! bai!... bai!... Zuk ez duzu ahazten!».
        Kanposantuaren zeharraipamena, berari zehatz-mehazki debekatu egin baitzioten. Félicité egunero joaten zen hara.
        Lauretan puntuan etxe ertzetan barrena pasatzen zen, aldapa igotzen zuen, barrera irekitzen zuen, eta Virginieren hilobiaren aurrera heltzen zen. Hura marmol arroxazko zutabe txiki bat zen, behean harlauza bat zuela, eta inguruan kateak jardintxo bat itxiz. Landare-arloak desagertu egiten ziren lorezko estalki baten pean. Hark haien hostoak ureztatzen zioten, lurrondarra berritzen zuen, belauniko jartzen zen lurra hobeto lantzeko. Mme Aubainek, hara etorri ahal izan zuenean, hartaz lasaiturik sentitu zen, kontsolamendu gisako zerbait.
        Gero urteak joanean joan ziren, guztiak antzekoak, eta jai handien aldian aldiko etorrera beste gertakaririk gabe: Pazkoa, Jasokundea, Santu Guztiena. Barneko gertaerek data bat markatzen zuten, eta aurrerantzean haien aipumugara jotzen zen. Horrela, 1825. urtean bi leiharginek apaindu zuten ezkaratzea; 1827an, teilatu zati batek, atarira erori eta ia hil zuen gizon bat. 1828ko udan, Madameri suertatu zitzaion ogi bedeinkatua eskaintzeko txanda; Bouraisek, garai inguru horretan, misterioski leku egin zuen; eta aspaldiko ezagunak piskana-piskana joan egin ziren: Guyvot, Liébard, Mme Lechaptois, Robelin, osaba Gremanville, aspaldi hartan perlesiak joa.
        Gau batez, posta-kutxaren gidariak jakitera eman zuen Pont-l'Evêquen Uztaileko Iraultzaren berri. Handik egun gutxi barru, suprefeta berria izendatu zuten: Larsonnièreko baroia, Amerikan kontsul-ohia, eta hark etxean, bere emazteaz gain, bere koinata hiru neska jada nahiko handirekin zituena. Belardi gainean ikusi ohi zituzten, soineko zabalez jantzirik; haiek beltz baten eta loro baten jabe ziren. Mme Aubainek haien bisita izan zuen, eta faltarik gabe egin zien berak ere bueltakoa. Nahiz eta haiek oso urrunetik hauteman, Félicité korrika joaten zitzaion etxekoandreari abisatzera. Baina gauza bat bakarra zen hura hunkitzeko gai, bere semearen gutunak.
        Hark ezin zuen jarraitu inolako karrerarik, tabernazuloetan soraio sarturik zebilenez. Amak ordaintzen zizkion zorrak; hark beste gehiago egiten zituen; eta Mme Aubainek, leihoaren ondoan puntua eginez, jalgitzen zituen suspirioak, sukaldean bere txirrika jiratzen ari zen Félicitérengana heltzen ziren.
        Elkarrekin egiten zituzten pasiuak kereta artean barrena; eta beti Virginiez aritzen ziren solasean, beren artean galdetuz ea halako gauza hari atsegin izango ote zekiokeen, halako abagunetan hark seguruenik zer esango zukeen.
        Haren gauzatxo guztiek apal bat hartzen zuten bi ohetako gelan. Mme Aubainek ahalik eta gutxienetan arakatzen zituen. Udako egun batez, etsi egin zuen, eta arasatik pinpilinpauxak hegaztatu ziren.
        Haren jantziak zerrendan zeuden, hiru marimuxal, pirikari batzuk, etxetresnak eta erabiltzen zuen pixontzia zeuden apal baten pean. Halaber erretiratu zituzten gonak, galtzerdiak, mukizapiak, eta bi oheen gainean zabaldu zituzten, berriro tolestatu baino lehen. Eguzkiak argitzen zituen objektu hutsal horiek, mantxak ikusaraziz, eta gorputzaren,mugimenduek eragindako zimurdurak ere bai. Airea beroa eta urdina zen, zozo bat kantuan ari zen, dena eztitasun sakon batean bizi zela zirudien. Pelutxezko kapela txiki bat aurkitu zuten, ile luzeduna, kolore marroia; baina bipiak erabat janda zegoen. Féliciték beretzat eskatu zuen. Haien begiak bata besteari so tinkatu ziren, malkoz bete ziren; azkenik etxekoandreak besoak zabaldu zituen, neskamea haietara jaurtiki zen; besarkatu egin ziren, biak berdintzen zituen laztan hartan beren oinazea gozatuz.
        Haien bizitzan lehen aldia zen, Mme Aubain izakera irekikoa ez izaki. Mesede bat bailitzan eskertu zion Féliciték, eta handik aurrera piztia baten leialtasunez eta benerazio erlijiotsuz txeratu zuen.
        Haren bihotzaren zintzotasuna garatu egin zen.
        Errejimendu baten martxako danborrak kalean entzuten zituenean, ate aurrean jartzen zen sagardo pitxar batekin, eta edaten eskaintzen zien soldaduei. Koleradunak zaindu zituen. Poloniarrak babesten zituen; eta haietariko bat izan ere izan zen aldarrikatzen zuena harekin ezkondu nahi zuela. Baina haserretu egin ziren; zeren goiz batez, aimaritako elizkizunetatik itzultzean, sukaldean topatu baitzuen, bertara sartu eta ozpin saltsan prestatutiko okela lasai jaten.
        Poloniarren ondoren, Colmiche zaharra izan zen, 93an izugarriak egin izan omendako agure bat. Ibaiaren bazterrean bizi zen zerritegi baten hondakinetan. Mutikoek hormaren zirrikituetatik begiratzen zioten, eta hark, bere kamaina gainera erortzen ziren harri kozkorrak botatzen zizkion, eta hura han zetzan etengabe katarroak astindurik, bere txima luzeekin, betazalak hantura gorriz, eta besoan bere burua baino handiagoko tumorea zuela. Féliciték arropa zuria lortu zion, haren txabolazuloa garbitzen saiatu zen, hura labezokoan babeseratzeaz amesten zuen, Madameri gaitzi ez izateko eran. Minbizia lehertu zitzaionean, hark egunero bendatzen zion, batzutan opila ekartzen zion, eguzkitan jartzen zuen lastabal gainean; eta agure gizarajoak, lerdea zeriola eta dardarizoka, bere ahots iraungituaz eskerrak ematen zizkion, hura galduko ote zuen beldur zen, urruntzen ikusi orduko eskuak luzatzen zizkion. Hil egin zen; Féliciték meza bat atera zion haren arimaren atsedenaren alde.
        Egun hartan, zorion handi bat suertatu zitzaion: afal garaian, Mme Larsonnièreren beltza etorri zen, loroa kaiolan zuela, makila, katea eta txabeta eta guzti. Baronesaren gutun batek iragartzen zion Mme Aubaini ezen, haren senarra prefetura batera karguz igo zutenez, arratsean bazihoazela; eta txori hura onar zezan erregutzen zion, oroigarri gisa, eta zion begirunearen lekukotzat.
        Aspaldi hartan zegoen hura Félicitéren irudimenean, Amerikatik zetorrelako; eta hitz horrek Victor gogorarazten zion, hainbesteraino non haren berri galdetu ohi baitzion beltzari. Behin batez esan ere egin zion: — «Madamek bai atsegin izango lukeela hura edukitzea!».
        Beltzak, esandakoaren berri eman zion bere etxekoandreari, eta era horretan hura, eraman ezin zuenez, txori hartaz libratu zen.
 

 

 

© Gustave Flaubert

© itzulpenarena: Patxi Apalategi

 

 

"Gustave Flaubert - Bihotz sinplea" orrialde nagusia


www.susa-literatura.eus