II
 
        Izana zuen, beste edozein emakumeren gisa, bere amodiozko historia. Aita, igeltseroa, aldamio batetik erorita hil zen. Gero ama hil zen, ahizpak sakabanatu ziren, laborari batek jaso zuen etxean, eta oso txikitandik landa larreetan behiak zaintzen enplegatu zuen. Hotzez dildilka egiten zuen bere piltzarren pean, ahozpez etzanda edaten zuen putzu zuloetako tira, hutsaren hurrengoa aitzaki harturik jo egiten zuten, eta azkenik, berak egin ez zuen hogeita hamar sosen lapurreta batengatik kanpora bota zuten. Beste etxalde batean sartu zen, han eskindoiko hegazti-zain bilakatu zen, eta, ugazabek begiko zutenez, bere lankideak bekaizti zituen.
        Abuztuko arrats batez (orduan hemezortzi urte zuen), Collevilleko biltzarrera eraman zuten ugazabek. Segituan txoraturik geratu zen, arrabitarien zalapartagatik txunditurik, hango zuhaitzetako argiak, jantzien nabardura, egalunak, urrezko gurutzeak, jendetza samalda hura batera saltaka. Hura aparte mantentzen zen itxuroski, hartan, gizon gazte bat aberats antzekoa, bi ukondoak karreta baten gurtagan pipa erretzen ari zen bat, dantzara gonbidatzera etorri zitzaionean. Hark sagardoa, kafea, erroskila, iduneko zapi bat pagatu zizkion, eta, neskak gauza sumatzen zuela pentsatuz, etxera laguntzeko eskaini zen. Olo-soro baten bazterrean, basatiki uzkali zuen. Neska beldur izan zen eta garraisika hasi zen. Besteak alde egin zuen.
        Beste arrats batez, Beaumonterako bidea, oso bare zihoan belargurdi handi bat aurreratu nahi izan zuen, eta gurpilen parera orduko ezagutu zuen Théodore.
        Patxarako plantaz hasi zitzaion mintzatzen, dena barkatu behar zela esanez, zeren «edariaren errua» baitzen.
        Neskak ez zuen jakin zer erantzun eta aldegiteko gogoa zeukan.
        Berehala herriko uzta eta jauntxoez hitzegin zuen, zeren haren aitak Colleville utzia baitzuen Ecotsetako etxaldera joateko, eta hortaz orain auzokide kausitzen baitziren. — «A!» esan zuen neskak. Besteak erantsi zuen han finkatu nahi zutela. Gainontzekoz, ez zeukan presarik, eta bere gustuko emazte bat espero zuen. Neskak burua makurtu zuen. Orduan gizonak galdetu zion ea ezkontzeko asmorik zuen. Neskak, irribarrez, iseka egitea gaizki zegoela. «Ezetz ba, zin egiten dizut!» eta ezkerreko besoaz gerria hartu zion; haren hertsaketak sostengaturik zihoan ibilian; abiada baretu zuten. Haizea motela zen, izarrek ñirñir zegiten, belar gurdi haundiak balantza egiten zuen haien aurrean; eta lau zaldiek, urratsa herrestatuz, hautsa altzatzen zuten. Gero, agindurik gabe, eskuinerantz jiratu ziren. Gizonak musu eman zion beste behin ere. Neska ilunpean desagertu zen.
        Théodorek, hurrengo astean, harekin hitzorduak lortu zituen.
        Lobiroen hondoan elkartzen ziren, horma baten atzean, zuhaitz isolatu baten pean. Neska ez zen inuzentea damarxoen gisa —animaliek irakatsia zioten—; baina ohorearen arrazoiak eta senak eragotzi zioten peto egiten. Jarkipen horrek etsibizitu egin zuen Théodoreren amodioa, hainbesteraino non atsegitearren (edo xaloki agian) ezkontzea proposatu baitzion. Neskak zalantza zuen hari sinesten. Gizonak zinesan handiak jalgi zituen.
        Berehala zerbait gogaikarria aitortu zuen gizonak: bere gurasoek, joan zen urtean, gizon bat erosia zioten; baina hori egun batetik bestera berbideratu ahal izango zen; zerbitzatzeak ikaratu egiten zuen. Koldarkeria hori Félicitérentzat laztantasun froga bat izan zen; berea hortaz bikoiztu egin zen. Gauez ihes egiten zuen, eta, hitzeman tokira heldurik, Théodorek torturatu egiten zuen bere kezka eta setakeriekin.
        Azkenik, Prefekturara informazioak hartzera propio bera joango zela iragarri zion, eta hurrengo igandean ekarriko zituela hamaikak eta gauerdi bitartean.
        Tenorea iritsirik, korrika joan zen maitalearengana.
        Haren lekuan, haren lagunetariko batekin kausitu zen.
        Hark adierazi zion, hura ez zuela berriz gehiago ikusi behar. Erremateaz bermatzeko, Théodore ezkondu egin zen Toucquetseko atso zahar oso aberats batekin, Mme Lehoussaisekin.
        Atsekabea, ariogabekoa izan zen hura. Bere burua lurrera jaurtiki zuen, garraisiak bota zituen, Jainko santuari dei egin zion, eta aieneka egon zen landan bakar-bakarrik harik eta eguzkibegi arte. Gero etxaldera itzuli zen, joateko asmoa azaldu zuen; eta, hilabeteren buruan, bere kontuak kobraturik, bere ekipaiatxo osoa zapi batean bildu zuen, eta Pont-l'Evêquera jo zuen.
        Ostatuaren aurrean, alargun mantelinez estalitako dama bati galde egin zion, eta eskierki sukaldari baten bila zebilena. Neska gazteak ez zekien gauza handirik, baina bazirudien hain borondate ona zuela eta hain eskakizun gutxi non, Mme Aubainek azkenean hala esan baitzion:
        — Horra ba, onartu egingo zaitut!
        Félicité, ordu laurden bat geroago, haren etxean tokia harturik zen.
        Hasieran, «etxegiro moldeak» eta hartan ororen gain itzala egiten zuen «Monsieur»en oroitzapenak eragiten zion ikara antzeko batetan bizi izan zen. Paul eta Virginie, bata zazpi urtekoa eta bestea doi lau urtekoa, materia preziatu batez eginak iruditzen zitzaizkion; bizkarrean erabiltzen zituen zaldi batek bezala, eta Mme Aubainek debekatu egin zion haiek momentu oroz musukatzea, eta horrek minduratu egin zuen. Alabaina zoriontsu kausitzen zen. Hango giroaren gozotasunak urtua zuen haren tristura.
        Ostegunero, ohikoak etortzen ziren boston-eskualdi bat jokatzera. Féliciték aldez aurretik prestatzen zituen kartak eta berogailuak. Haiek zortzietan puntuan heltzen ziren, eta hamaikak jo aurrez erretiratzen ziren.
        Astelehen goiz bakoitzez, azpiko karrikan egoitza zuen errementariak lurrean zabaltzen zituen bere burdineriak. Gero herria ahots burrundaraz betetzen zen, hartan zaldien irrintziak, bildotsen behekarak, zerrien kurrinkak, karreten kaleko brastako zaratarekin batera nahasirik. Eguerdi aldera, merkatua puri-purian zegoela, kaizu handiko laborari zahar bat ikusten zen atalasean agertzen, boneta atzean, sudur makoa, Robelin zen alegia, Geffossesko maizterra. Handik laster, Liébard izaten zen, Toucqueseko maizterra, txikia, gorria, gizena, txamarra grisa eta ezproinez armaturiko larruzko galtxoinak jantzirik.
        Biek eskaintzen zizkioten beren ugazaba andereari oilaskoak eta gaztak. Féliciték betiere beti, haien zimarkunak porrotean uzten zituen; eta han joaten ziren neskarenganako adeitasunez beterik.
        Garai seinalatugabetan, Mme Aubainek Gremanvilleko markesaren bisita izaten zuen, haren osabetariko bat, burugaldukerian lur jotakoa eta Falaisen bere lurraldeen azken muturrean bizi zena. Hura beti bazkalorduan aurkezten zen, hankapean altzari guztiak zikintzen zituen kanitxe nazkagarri batekin. Aitonseme itxura azaltzeko haren ahaleginak gora behera, «Gure aita zena» esaten zuen bakoitzean bere kapela altxatzeraino, halere azturak tiraturik, hurrupa orduko hurrupa ateratzen zuen edatekoa, eta ozarreriak jalgitzen zituen. Féliciték kanpora bultzatzen zuen modu onez: «Baduzu nahikoa, Gremanvilleko Jauna! Hurren arte!» Eta berriro atea ixten zuen.
        Gustora irekitzen zuen Bourais jaunaren, prokuradore ohiaren, aurrean. Haren gorbata zuriak eta haren burusoilak, haren alkandoraren paparrekoak, haren longaina arre zabalak, besoa biribilkatuz heltzeko haren erak, haren gizamolde osoak, gizon apartekoren ikusmirara bulkatzen gaituen artega hori eragiten zion.
        «Madame»ren ondasunak hark kudeatzen zituenez, ordu luzez barrolatzen zen etxekoandrearekin «Monsieur»ren kabinetean, bere burua konprometatzeko beldur zen beti, mugagabeki errespetatzen zuen magistratura, latinerako nahiusteak bazituen.
        Haurrak era atseginean eskolatzeko, estanpadun geografia bat egin zien opari. Munduko eszena desberdinak irudikatzen zituzten, burua lumaz jantzitako antropofagoak, tximu bat dama gazte bat bahitzen, Beduinoak desertuan, arponatzen ari ziren balea bat, e.a.
        Paulek eman zion grabatu haien azalpena Félicitéri. Bestez, horixe izan zen haren hezkuntza literario guztia.
        Haurrena Guyotek egiten zuen, Udaletxean enplegaturiko bixiasmo bat, bere letra onarengatik ospetsua, eta ganibeta bere botagainean zorrozten zuena.
        Eguraldi argia egiten zuenean, Geffossesko etxaldera joaten ziren goiz.
        Sarobea aldapan dago, etxea erdian; eta itsasoa, urrunean, orban gris baten antzo ageri da.
        Fé1iciték bere otarretik okela xerra hotzak ateratzen zituen, eta esnetegiaren segidako apartamendu batean bazkaltzen zuten. Hura zen jada desagerturiko laketetxe baten gerakin bakarra. Hormako paper zarratatuak dildil egiten zuen aire korronteen aldera. Mme Aubainek bekokia makurtzen zuen, oroipenez abaildurik; haurrak orduan ez ziren ausartzen hitzik egiten. «Baina joan ba jolasera!» esaten zien hark; haiek hanka egiten zuten.
        Paul ganbarara igotzen zen, txoriak harrapatzen zituen, putzuan zopak ateratzen zituen, edo makila batez jotzen zituen danborrek bezala durundatzen zuten kupela handiak.
        Virginiek untxiei jaten ematen zien, nabarloreak biltzeko oldartzen zen, eta haren zangoen lasterrak haren galtza txiki brodatuak erakusten zituen.
        Udazkeneko arrats batez, belazeetan barrena itzuli ziren.
        Ilargiak ilgoran zeruaren alde bat argitzen zuen, eta lainaideak flotatzen zuen idunzapi baten gisa Toucqueseko zelai bihurrien gainean. Idi batzuek, belartzari erdian etzanda, lasai begiratzen zieten lau pertsona horiei pasatzen. Hirugarren larrean batzuk zuritu egin ziren, gero haien aurrean jirako korruan jarri ziren. — «Ezeren beldurrik ez izan!» esan zuen Féliciték; eta, erosta molde bat murmurikatuz, bizkarrezurra igurtzi zion hurbilen zegoenari; idiak burua jiratu zuen eta besteek imitatu egin zuten. Baina, hurrengo belar arloa zeharkatzean, egundoko marrua hedatu zen. Behelainoak estaltzen zuen zezen bat zen. Bi emakumeetarantz aurreratu zen. Mme Aubain korrika hastera zihoan. — «Ez! ez! geldiroago!». Alabaina pausaia presakatzen ari ziren, eta atzetik hurbiltzen ari zen arnasa ozen bat entzuten zuten. Haien apatxek, mailu gisa, larreko belarra zanpatzen zuten; eta horra ba, orain laukoan zetorren! Félicité jiratu egin zen, eta bi eskuez lur zohiak erauzten zituen zezenari begietara botaz. Hark muturrak jaisten zituen, adarrak astintzen zituen eta amorruz dardar egiten zuen izugarriro marrukatuz. Mme Aubainek, bere bi haurrekin belardiaren muturrean, aztoraturik bilatzen zuen murko altua nola pasa. Félicité betiere atzeraka zihoan zezenaren aurrean, eta etengabe botatzen zizkion hura itsutzen zuten zotal belardunak, garraisi egiten zuen bitartean: — «Bizkor ba! bizkor ibili!».
        Mme Aubain jaitsi zen erretenzoko, bultzatu zuen Virginie, segidan Paul, askotan erori zen pendoitza igotzeko ahaleginetan, eta adorearen poderioz lortu ere egin zuen.
        Zezenak inguratua zuen Félicité hesi baten kontra; haren lerdeak aurpegia zipriztintzen zion, beste segundu bat eta lehertua zuen. Bi hesolaren artetik iragaiteko astia izan zuen, eta piztia handia, txol txunditurik, gelditu egin zen.
        Gertaera hori, aski urtetan zehar, hizpidetarako gaia izan zen Pont-l'Evêquen. Féliciték ez zuen horretatik inolako harrotasunik atera, ezer heroikorik egin ez zuenik berekiko zalantzan ere ipini gabe.
        Virginiek arduratzen zuen esklusiboki; —zeren, izualdi haren ondorioz, nerbioetako erialdi bat izan baitzuen, eta Poupart jaunak, doktoreak, Trouvilleko itsas-bainuak aholkatu baitzituen.
        Garai hartan, haietarako usariorik ez zen. Mme Aubainek haien berri bildu zuen, Bourais kontsultatu zuen, bidaia luze baterako gisako prestakuntzak egin zituen.
        Haren pardelak bezperan abiatu ziren, Liébarden karretan. Biharamonean, bi zaldi ekarri zituen, haietariko batek emakume-zela zuelarik, balusazko bizkar sostenguz hornitua; eta bigarrenaren gilbor gainean beroki biribildu batek eserleku antzekoa moldatzen zuen. Mme Aubain zaldira igo zen, bestearen ondoren. Féliciték hartu zuen Viginieren kargu, eta Paul zankaletran jarri zen Lachaptois jaunak, ongi zaintzeko baldintzapean, lagatako astoaren gainean.
        Bidea hain zen txarra non, zortzi kilometro haiek bi ordu eraman baitzuten. Zaldiak axurtuneraino sartzen ziren lokatzetan, eta handik ateratzeko aldaken mugimendu zakarrak egiten zituzten; edota arroilen kontra oztopatzen ziren; beste batzutan, salta egin behar izaten zuten. Liébarden behorra, zenbait tokitan, bat-batean gelditu egiten zen. Hura lasaikiro zain egoten zen, behorra berriro noiz abiatuko; eta bidearen ertzetako lurraldeen jabeez hitzegiten zuen, haien historiari gogoeta moralak gaineratuz. Horrela, Toucqueseko erdian, amatxilorez inguraturiko leiho batzuen azpitik pasatzen ari zirenez, hala esan zuen, sorbaldak kuzkurtuz: — «Horra hor Mme Lehoussais, horrek ere gizon gazte bat hartu beharrean...» Féliciték ez zuen entzun gainerakoa; zaldiak trostan zihoazen, astoa laukoan; guztiek bidetxior batetan barrena hartu zuten, erromarate bat jiratu zen, bi mutil agertu ziren, eta simaurtegiko usuri erretenaren aurrean jaitsi ziren, atariko atalasean bertan.
        Liébard emaztea, bere ugazaba anderea hautematean, poza erakusten oparoa izan zen. Atera zion bazkarian bazen solomua, tripakiak, odolkia, oilaskoa saltsan, sagardo apartsua, konpotazko tarta eta aranak patarretan, eta dena laguntzeko kortesiak Andereari, osasunez mejoratua baitzirudien, Andereñoari «neska galanta» egina, Paul jaunari aparteko mutil «sendoa», haien aiton-amona zenduak ahaztu gabe, Liébardarrek ezagutu baitzituzten, belaunaldi askodanik familiaren zerbitzari izaki. Etxaldeak bazeukan, beraiek bezala, zahartasun izakera bat. Sabaiko habeak pipiak jota zeuden, hormak kearrez beltzak, kristalak hautsez grisak. Haritzezko alase batek molde orotako tresnak zeuzkan, pertzak, platerak, eztainuzko katiluak, otsozepoak, axurientzat erdigailuak; egundoko xiringa batek barre eragin zien haurrei. Hiru sarobeetan zuhaitz bat bera ere etzegoen ipurdian ardagaia edo adarretan mihura mordoa etzuenik. Asko haizeak etzanak zituen.. Gerritik kimu berriak emanak zituzten; eta denak abaildurik zeuden hango sagar ugarien pean. Lastozko teilatuek, balusa nabarraren antzekoak eta lodieraz desberdinak, ekaitzik gogorrenei eusten zieten. Gurditeria alabaina hondamenean lur jotzen ari zen. Mme Aubainek esan zuen ikusiko zuela, eta abereak berriro bastatzeko agindua eman zuen.
        Artean beste orduerdi bat egin zuten Trouvillera heltzen. Karabana txikia jaitsi eta oinez abiatu zen Ecores pasatzeko; labar bat zen itsasuntziei gaina hartuz; eta hiru minutu geroago, kaiaren bukaeran, Agneau d'oreko atarian sartu ziren, David andrearen baitan.
        Virginie, lehen egunetatik hasita, hainbesteko ahuldurarik gabe sentitu zen, aire aldaketaren eta bainuen eraginaren ondorio. Bainujantzi baten faltan, kamisoiez hartzen zituen; eta bere neskameak jazten zuen berriro, bainuzaleek erabiltzen zuten aduana-txetola batean.
        Arratsaldean, harkaitz beltzez bestaldera joaten ziren astoarekin, Hennequeville aldera. Bideak, hasieran, gorantz egiten zuen, parke batetako belardien gisako lurralde lepakatsuren artean, gero, belarsoroak eta labore soroak tartekatzen ziren gainzelai batera heltzen zen. Bide bazterrean, sasien nahas-mahasian, gorostiak altzatzen ziren; han-hemenka, zuhaitz eihar handiren batek aire urdinean saihes-trabeskak egiten zituen adarrekin.
        Ia beti belardi batean hartzen zuten atseden, Deauville ezkerretara zutela, Le Havre eskuinetara eta aurrean itsaso zabala. Hura eguzkiz dizdiratsu egoten zen, ispilu bat bezain leun, hain emeki non, apenas entzuten baitzen haren murmurioa; txolarreek ezkutuan txioka egiten zuten, eta zeruaren sabai hondogabeak gainestaltzen zuen hori guztia. Mme Aubain, eserita, bere jostura lanean aritzen zen; Virginiek haren ondoan ihiak hirubihurkatzen zituen; Féliciték izpiliku loreak jorratzen zituen; Paulek, aspertzen zenez, joan egin nahi izaren zuen.
        Beste batzutan, Toucques itsasuntziz pasaturik, txirla bila ibiltzen ziren. Maria beherak desestalirik uzten zituen itsaslakatzak, lapak, medusak; eta haurrak korrika ibiltzen ziren, haizeak zeramatzan bits malutak harrapatzen. Olatu lokartuak, harea gainera eroriz, hondartzan barrena deskueztatzen ziren; hura bistak ematen zuen heinean hedatzen zen, baina lehor aldetik haremuntoak zituen muga Maraisetik bereizten zutelarik, hipodromo formako belaze zabala hura. Handik barrena itzultzen zirenean, Trouville, han hondoan aldats hegian, urrats bakoitzeko handiagoa bihurtzen zen, eta bertako etxe desberdin guztiekin desordena alai batean jalgitzen zela zirudien.
        Bero handiegia egiten zuen egunetan, ez ziren beren gelatik irtetzen. Kanpoko argitasun itsugarriak argizko barrak estekatzen zituen leihosareko xafla arrean. Inolako zaratarik ez herrixkan. Behean, espaloian, inor ez. Isiltasun ihaurtu horrek handiagotu egiten zuen gauzen sosegua. Urrunean, istinkarien mailuek untzi-hondoak taponatzen zituzten, eta haizeño sargoriak alkitranaren kiratsa ekartzen zuen.
        Jolasketarik nagusiena txalupen itzulera izaren zen. Balizak iraganik zituzten orduko, mangunatzen hasten ziren. Haien oihalak masten bi herenetara jaisten ziren; eta, mesana baloi baten gisa puzturik, aurrera egiten zuten, uhien palastadan labaintzen ziren, portuaren erdiraino, eta han bat-batean aingura erortzen zen. Segituan untzia kaiaren kontra kokatzen zen. Marinelek karelaren gainetik botatzen zituzten arrain dardaratiak; karreta zerrenda bat zain izaten zuten, eta emakumeak algodoizko txanoz jantzirik saskiak hartzera eta beren gizonak besarkatzera oldartzen ziren.
        Haietariko bat, egun batez, Féliciték hurreratu zitzaion, eta handik berehala sartu zen gelan, zeharo kontentu. Ahizpa bat aurkitua zuen; eta Nastasie Barette, Lerouxen emaztea, han agertu zen, iñutsein bat bularrean zuela, eskuin eskutik beste haur bat, eta ezker aldean muturmotz txiki bat ukabilak gerrondoan eta txapela belarri gainean.
        Ordu laurden baten buruan, Mme Aubainek kanpora bidali zuen.
        Sukaldearen inguruetan topatzen ziren beti, edota egin ohi zituzten pasioetan. Senarra ez zen azaltzen.
        Féliciték haienganako txera hartu zuen. Burusi bat erosi zien, eta alkandorak, eta sutontzi bat; bistan da esplotatu egiten zutela. Bigunkeria horrek asaldatu egiten zuen Mme Aubain, zeinak bestalde ez baitzituen atsegin iloba haren atrebentziak, —bere semeari hika egiten baitzion—; eta, Virginiek eztulka egiten zuenez eta urtaroa jada ona ez zenez, Pont-l'Evêquera itzuli zen.
        Bourais jaunak eman zizkion ikastetxe baten hautaketarako argibideak. Caengoa ematen zen hoberentzat. Paul hara bidali zuten, eta gizamoldez egin zituen bere agurrak, adiskideak izango zituen etxe batera bizitzera joateaz pozik.
        Mme Aubainek etsipenez hartu zuen bere semearengandik urruntzea, nahitaezkoa zelako. Virginiek gero eta gutxiago pentsatu zuen hartaz. Féliciték penaz jasaten zuen haren zarataren falta. Baina zeregin bat heldu zitzaion lekorabidetarako; Eguberriez gero, berak eraman zuen egunero neskato txikia dotrinara.
 

 

 

© Gustave Flaubert

© itzulpenarena: Patxi Apalategi

 

 

"Gustave Flaubert - Bihotz sinplea" orrialde nagusia


www.susa-literatura.eus