I
       
        Menderdi batez barrena bekaiztu zioten, Pont-l'Evêqueko andere guztiek, Mme Aubaini haren Félicité neskamea.
        Urteko ehun liberaren truke, hark sukaldea eta etxeko lanak egiten zizkion, arropa josi, garbitu eta lisatzen zuen, bazekien zaldiari kraixtuak ezartzen, hegaztiak guritzen, gurina irabiatzen, eta bere etxekoandreari beti leial izan zitzaion, —hura alabaina pertsona atsegina ez izaki.
        Hura ondasunik gabeko mutil gazte eder batekin ezkondua zen, 1809ko urte hasieran zendua, hari bi haur oso gazte utziz zor pilarekin batera. Orduan hark bere onibarrak saldu egin zituen, Toucquesko etxaldea eta Geffossesko etxaldea ezik, horien errentak gehienik jota ere 5.000 liberatara heltzen zirelarik, eta Saint-Melaineko bere etxea utzi egin zuen gastu gutxiagoko beste batean bizitzeko, bere arbasoena izana eta merkatuaren atzean kokatua.
        Etxe hori, arbelez estalia, ibaian bukatzen ziren pasabide baten eta karrika baten artean aurkitzen zen. Barnean, behaztoparazten zuten nibel diferentziak zituen. Ezkaratze estu batek bereizten zuen sukaldea salatik, eta han egoten zen Mme Aubain egun osoan zehar leihoaren ondoan eserita lastozko besaulki batetan. Zarpeatuaren kontra, zuriz pintatua, kaobazko zortzi aulki zeuden ilaran. Piano zahar batek sostengatzen zuen barometro baten pean, kaxa eta kartoi pila piramidal bat. Tapizeriazko bi aulki zabalek saiheskatzen zuten marmol horizko eta Louis XV estiloko sukanea. Pendulu-erlojuak, erdian, Vestaren tenplu bat irudikatzen zuen, —eta etxebizitza osoak lizundura usain apur bat zuen, zeren zorua jardina baino beherago baitzegoen.
        Lehen solairuan, «Madame»n gela zegoen lehenik, oso handia, lore zuhaildun paperez estalia, eta xanfarinez jantzitako «Monsieur»ren erretratu bat zuela. Horretatik sartzen zen beste gela txikiago batera, eta hartan bi haur-etzangu ikusten ziren, koltxoirik gabe. Gero sabaia zetorren, beti itxia, eta maindire batez estaliriko altzariz betea. Hurrena korridore batek ikasketa kabinete batera zeraman; liburuz eta paper mordoz horniturik zeuden liburutegi bateko apalak, zur beltzezko idazmahai bat hiru aldetatik inguratuz. Itzulerako bi trenkada-panelak, Audranen lumazko marrazkiren, guaxezko paisaien eta grabaturen pean desagertzen ziren, garai hobe baten eta iraungitako luxu baten oroitzapen. Bigarren solairuan sabai-leiho batek argitzen zuen Félicitéren gela, bistak belazeetarantz zituela.
        Egunsentia orduko jaikitzen zen, mezatara ez faltatzearren, eta arratsera arte lan egiten zuen etenik gabe; gero, afaria bukaturik, baxera ordenan eta atea ongi itxirik, ilatia surtautsen pean sartzen zuen eta loak hartzen zuen beheko suaren aurrean, bere errosarioa eskuetan. Errekardaritzan inork ez zuen azaltzen egoskortasun handiagorik. Garbitasunean berriz, haren eltzeen dirdaia etsigarri zitzaien beste neskameei. Gastaurri, astiro jaten zuen, eta behatzaz biltzen zituen mahai gainetik bere ogiaren papurrak, —hamabi libratako ogi bat, espreski berarentzat errea, eta hogei egun irauten ziona.
        Urtaro orotan jazten zuen indianazko zapi bat orratz batez bizkarrean estekaturik, txano bat ileak estaliz, galtzerdi grisak, azpikogona gorri bat, eta bere bruxaren gainetik paparrerainoko amantala, ospitaleko erizainen gisa.
        Haren aurpegia argala zen eta ahotsa zorrotza. Hogeita bost urtetan, berrogei ematen zioten. Berrogeita hamarrez gero, jadanik ez zuen inolako adinik markatu; —eta, beti isilik, gerria tente eta keinukera neurritsua, zurezko emakume bat zirudien, modu automatiko batetan funtzionatzen.
 

 

 

© Gustave Flaubert

© itzulpenarena: Patxi Apalategi

 

 

"Gustave Flaubert - Bihotz sinplea" orrialde nagusia


www.susa-literatura.eus