www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Balbia
Estepan Urkiaga, «Lauaxeta»
1932

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Antzerkia, Lauaxeta (Jon Kortazarren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1990

 

 

   

BALBIA

(atal bakardun antzerkija)

 

Maurice Maeterlinck

«Lauaxeta»k euzkeralduba

 

 

ANTZEZNOTINAK:


        Attattea (itxuba)

        Attea

        Osabea

        Iru alabeak

        Lekaimia

        Neskamia


        Oraingo aldijetan, ekintzea

 

 

ATAL BAKARRA

 

Gaztelu zarreko areto bat, itzaltsuba atan be. Esker-eskumara atiak dira, baña ertzean txurizkatuta ateño bat, be, egon dago. Barrenean beredin margoz pitxitubak diran leyarrak leyuan dira, margotan orlegija nagosi dalarik. Leyarrezko ate batez egutera juan gadizke. Okuluban plamenkar-tankerazko gabeukatz andija. Argontzi bat ixotuta.

 

IRU ALABEAK: Attattea, onaxe erdu: argontzipian jezarri zadi.

ATTATTEA: Argi gitxi dagola dirudit.

ATTEA: Egutera juango gara juan ala areto onetan geratuko gara geratu?

OSABEA: Berton geratutia obe ez ete litxakigu? Aste osuari eurijak egon yakoz, bai?, eta otzak ez-eze apoñubak gau oneik dira.

ALABA NAGOSIJA: Olan bere, ixarrak dagoz.

OSABEA: Bai zera! Ixarrak ezer eztikurgube.

ATTATTEA: Ementxe geldittutiari gogozago naz. Jazoko danik iñok-eztaki.

ATTEA: Urduri ixateko zijorik ezta. Arrizkuba alde-egin da; gaizkatuta dago-ta...

ATTATTEA: Osasunez dagonik eztot uste...

ATTEA: Zergattik diñozuna diñozu?

ATTATTEA: Aren abotsa entzun dot...

ATTEA: Osagilliak artez egoteko esan dauskube, ba...

OSABEA: Zeure attaginerraba ori alperriko artegiak geurengan ortubazotia, atsegin yakola, aspaldijan dakixu.

ATTATTEA:Zuben gisan eztakust.

OSABEA: Geugan ustetsittia bidezkua da, ba. Aurpegi alaya arratsaldion eukan. LoZorruan datzan ezkero zorijak damoskun gau otzan-otzan au eztagigun kezkatu... Atsedendu gadixan eskubidia daukagu, ta barre, be, egin dagikegu gabion, bilddur-barik.

ATTEA: Egiz; erdijaldi minkor onen ondoren, gaur lenengoz neure etxian eta neuriakaz nagola uste dot.

OSABEA: Etxe baten erija sartuten danian arrotz bat sendijan dagola dirudi.

ATTEA: Orduban igarri be igarten da sendikuagandik landa, iñoren laguntzarik eztala.

OSABEA: Zuzenean zagoz.

ATTATTEA: Neure alaba gexua zer dala-ta gaur ezin ikusi-ixan dot?

OSABEA: Osalarijak galerazo daula entzun dozu.

ATTATTEA: Eztakit, ba, eztakit...

OSABEA: Urdurittuten ba-zara gauza onik eztaukazu.

ATTATTEA: (Ezkerreko atiari egon dagolarik) Eztausku entzungo?

ATTEA: Ixil-ixil mintzatuko gara; ganera, atia lodikotia da,bai?, eta beragaz daguan Lekaimiak adirazoko leuskigu ots geyegi egingo bageu.

ATTATTEA: (Eskumako atiari egon dagualarik) Aurrak eztausku entzungo?

ATTEA: Ez, ez.

ATTATTEA: Lotan datza?

ATTEA: Bayetzean nago.

ATTATTEA: Ikusi biar zeukie.

OSABEA: Zeure alabeak baño urdurijago aurtxubak nauka. Aste batzu igazi dira jayo zan ezkeroztik baña igittu-barik datza. Oindiño negarrik eztau egin; argixarizko aurra dirudi.

ATTATTEA: Gorra ixango dala uste dot... edo zorra... Sendi-arteko ezkontzeak olakoxe ondorenguak dakarrez... (Ixillune larrija).

ATTEA: Bere ameari egin dautson gatxa bide, ija-ija gorrotua dautsot.

OSABEA: Ganoraduna ixan biar zara; bere erruba ezta, gaxua! Bakarrik bere txakijan datza?

ATTEA: Bai; amearen txakijan egon dedilla, osagilliak eztau nai.

OSABEA: Baña? Iñudia beragaz eztago?

ATTEA: Ez; apurtxu baten lotara juana da; egun oneik igaro ostian, biarre-atsedena biarrezkua eban. Ursule, lorik egitten daun ikusi egixu.

ALABA ZARRENA: Bai, attea. (Iru aizteak jagitten dira, ta eskuz esku eskumako txakijan sartuten dira).

ATTEA: Zenbakarren orduban zeure arrebea elduko yaku?

OSABEA: Bederatzigarrenan etorriko dalakuan nago.

ATTEA: Bederatzigarrena gottik dabil. Gabion baletor poztuko nintzake; neure emaztiak ikus-min bixija dautso.

OSABEA: Eskier etorriko da. Lenengoz ona ete-dator?

ATTEA: Etxe onetan oñik eztau jarri inoz.

OSABEA: Lekaimetxia itxittia erraz etxako.

ATTEA: Bakarrik etorriko da?

OSABEA: Lekaimeren batek lagunduko dautsola, uste dot. Bakarrik urtetia etxake laketuten.

ATTEA: Lekaimeburu bera da, ba.

OSABEA: Arabak gustijentzat bardinak dira.

ATTATTEA: Orain etxarie urduri?

OSABEA: Zer dala-ta bide? Orretzaz ezkadixan jardun. Ikeraz ixatekorik eztago.

ATTATTEA: Arreba on zarragua yatzu?

OSABEA: Gustijotan zarrena dogu.

ATTATTEA: Emen jazoten danik eztakit: artetan enago. Zeure aizta on ementxe balego pozez nengoke.

OSABEA: Erduko da. Abinddu dausku.

ATTATTEA: Gau au igazija balitz. (Iru alabeak sartuten dira).

ATTEA: Lotan datza?

ALABA ZARRENA: Bai, attea; lo-zorruan datza.

OSABEA: Itxaroz gagozan bittartian zer dagikegu?

ATTATTEA: Zeren itxaroz gagozan bittartian?

OSABEA: Geure arreba zarrenaren itxaroz.

ATTEA: Etorri datorranik eztakuzu, Urtzule?

ALABA ZARRENA: (Leyuan dago) Ez, attea.

ATTEA: Zugatzartez, be, ez? Zugatzartia ikusten dozu ikusi?

ALABEA: Bai attea; iretargi-betia da ta zugatzartia nekostat arteragiño betesten dot.

ATTATTEA: Eta iñor eztakuzu?

ALABEA: Iñorez, attattea.

OSABEA: Zelako eguraldi dogu?

ALABEA: Eder-ederra; urretxindorrak eztantzuzubez?

OSABEA: Bai, bai orixe.

ALABEA: Zugatzartian axe-zirimola sortu da.

ATTATTEA: Axe-ziskuba zugatzartian?

ALABEA: Bai; zugatzak dardarittuten dira, abarrotsa entzuten da.

OSABEA: Neure arrebea emen ixan ezittia oyeza da.

ATTATTEA: Urretxindor-txintarik eztot entzuten.

ALABEA: Nonor baratzean sartu dala dirudit, ene attittea.

ATTATTEA: Nor?

ALABEA: Eztakit: iñor eztakust.

OSABEA: Iñor eztago-ta.

ALABEA: Nonor baratzean dabil; urretxindorrak amen-baten ixilddu dira.

ATTATTEA: Olan bere, onotsik eztantzut.

ALABEA: Nonor urmael-ondoz igaro da atarruak (zizneak) kikilddu diralako.

BESTE ALABEA: Urmaelako arranak arin-arinka must-egin dire.

ATTEA: Iñor eztakuzu!

ALABEA: Iñorez, attea.

ATTEA: Urmael-ganian iretargijak isla dagi.

ALABEA: Bai, atarruak bilddur dirala sentitten dot.

OSABEA: Neure arrebeak ikeratuten dauzala, eskier nago. Ate txikiz sartuko zan.

ATTEA: Txakurrak ausirik eztagijelako artegatuten naz.

ALABEA:Etxol-barruban txakurra datza. Atarruak andiko ibarera duaz.

OSABEA: Neure arrebearen bilddur dira. Ikusi gura dot ikusi. (Diadar egitten dau) Arrebea! Arrebea! Zeu zara? Iñor ezta.

ALABEA: Baratzean, ba, nonor sartu dala osuan zinistuten dot.

OSABEA: Erantzuko leuke!

ATTATTEA: Urretxindorrak barriz abestuten eztira asi, Urtzule?

ALABEA: Landa gustijan baten abotsik ezta entzuten.

ATTATTEA: Beraz, zaratarik ezta, ba.

ATTEA: Balbe-ixillunia da.

ATTATTEA: Ixututen dauzan on ezezagunen bat da, etxekua balitz, ba, elitxakez ixildduko.

OSABEA: Urretxindorren arazuari orain egongo zarae?

ATTATTEA: Urtzule, leyuak, zabalduta dagoz?

ALABEA: Attittea, leyardija zabalik dago.

ATTATTEA:Txaki onetara otz-litsa sartuten da, ba.

ALABEA: Baratzan otz-samar egin dagi-ta; larrosonduak orrindduten dira.

ATTEA: Ertzi atiak, ba. Belu da.

ALABEA: Bai, attea. Aterik ezin ertzi dot.

BESTE ALABA BIJAK: Ezin ertzi dagigu.

ATTATTEA: Alabaok!, zer jazoten da?

OSABEA: Ezegixu orrelakorik ez abots oyez orregaz. Neronek lagunduko dautset.

ALABA ZARRENA: Osuan ezin ertzi dagigu.

OSABEA: Apona dalako. Batera bultz-egin dagijogun. Atorpuan zeozer ixango da.

ATTEA: Arotzak bijar tayatuko dau.

ATTATTEA: Arotza bijar etorteko ete-da?

ALABEA: Bai, attittea; artzuluan lan-egittera dator.

ATTATTEA: Etxian zarata lar ixango da.

ALABEA: Arduraz lan-egin dagijela, erregutuko dautsot. (Bat-batean igittai bat zorroztuten dabenian entzuten dan otsa entzungo da).

ATTATTEA: (Ixuz) Ai ene!

OSABEA: Zer da?

ALABEA: Eztakit: baratzana dala dirudit. Ondo eztakust: etxe-inguruba itzalpian datza.

ATTEA: Bedar-ebagitten baratzana dabil.

OSABEA: Gabaz bedarra ebagitten dau?

ATTEA: Bijar igandia eztogu? Bai. Etxe-onduan bedarra andijari eguala nabattu daruat.

ATTATTEA: Igittai orrek zarata lar dagi.

ALABEA: Etxe-onduan igattalari dabil-eta.

ATTATTEA: Urtzule ikusten dozu?

ALABEA: Ez, ba, attittea; illunpian dabil.

ATTATTEA: Neure alabea itxartuko daulako ixuba dot.

OSABEA: Oztaz-oztaz entzuten yako.

ATTATTEA: Etxe-barruban igittauten ba-lego entzuten dautsot.

OSABEA: Gexuak eztautso entzungo; ez ardurarik.

ATTEA: Argontzijak gabion eztausku argi ondo egitten.

OSABEA: Gaimela ixuri egijozu.

ATTEA: Goxion ixuri dautse. Leyua ertzi dogunik kiñuka dago.

OSABEA: Odiña lausotuta dagola dirudit.

ATTEA: Orain obeto argi-egingo dau.

ALABEA: Attittea, luak artu dau. Iru gau lo-egin barik daruaz-ta.

ATTEA: Artega andijak ixan dauz...

OSABEA: Larregijua artegatuten yaku. Aulkurik eztau entzun gura batzutan.

ATTEA: Duakozan urtietan arrittutekorik ezta.

OSABEA: Jaungoikuak daki zelan egongo garan omen aruan.

ATTEA: Larogei urtetan bama dabil.

OSABEA: Arauz yagoko, ba, bakantxuba ixatia.

ATTEA: Itxu gustijen antzekua.

OSABEA: Zurragua[k] dira adimenez.

ATTEA: Astirik lar dauke euren eskubetan.

OSABEA: Beste zereginik eztauke-ta.

ATTEA: Eta, zetan oyertu eztakije.

OSABEA: Gorrija ixan biar da.

ATTEA: Orretara be ottuko dira.

OSABEA: Ezin buruban sartu dot olakorik.

ATTEA: Errukigarri dira, zinez.

OSABEA: Bakotxa nun daguan, nondik datorran, nora duan, ezin yakin. Gaberdija ala eguberdija dan ezin igarri; udeari negubaz bat-egin eragin. Eta beti itzal orreik, itzal orreik... Balbia nayago neuke... Osatu ezina ete-da?

ATTEA: Bayetz uste dot.

OSABEA: Itxu-itxuba ezta, ba?

ATTEA: Argi dizdikorrak uartuten dau.

OSABEA: Geure begi gaxo oneik zaindu daiguzan.

ATTEA: Sar oyezko gogayak sortuten yakoz.

OSABEA: Sarri txantxatarako ezta egoten.

ATTEA: Burura yatorkon gustija esaten dau.

OSABEA: Baña lenago olakua etzan?

ATTEA: Ez. Geu besteko zilledina zan, ezeban jarijoten ganorabakokeririk. Urtzelek inoz mokoz-moko egin biarrean, bai-egitten dautso-ta; ittaun gustijai erantzuten dautse.

OSABEA: Belarri zintzuak ez jarri: etxagokon mesedia egittia bidezkua ezta-ta. (Amargarren orduba ixango da).

ATTATTEA: (Itxartuten dalarik) Leyarrezko atera adi nago?

ALABEA: Lorik ondo egin da ala, attittea?

ATTATTEA: Leyarrezko atera adi nago?

ALABEA: Bai, attittea.

ATTATTEA: Leyarrezko atian iñor eztago?

ALABEA: Ez, attittea; iñor eztakust.

ATTATTEA: Nonor itxadoten zalako uste neban. Iñor ezta etorri?

ALABEA: Iñorez, attittea. (Atteari ta osabeari).

ATTATTEA: Eta zuben arrebea ezta etorri?

OSABEA: Belu-belutxu, orain etorteko dogu. Onuzkero eztator. Beragan ederra elitxake.

ATTEA: Artegatuten nau. (Etxian nonor sartuko balitz legez, ots bat entzuten da).

OSABEA: Or da! Zaratea eztozube entzun?

ATTEA: Bai; nonor etxeko lenengo etxonetik sartu da.

OSABEA: Geure arrebea da. Bere ibilkerea nabarittuten dot.

ATTATTEA: Mallo-mallo ibilli-dabil batobat.

OSABEA: Eri datzan bat dagola ba-daki-ta.

ATTATTEA: Onotsik eztot entzuten, ba.

OSABEA: Beriala igongo da. Esango dautse emen garala.

ATTEA: Poztuten naz etorri dalako.

OSABEA: Gabion emen ixango zala eskier nekijan.

ATTATTEA: Beranketa au igoteko...

OSABEA: Bera ezpa-da besterik ezin ixan datteke.

ATTEA: Besteren begira ezkagoz.

ATTATTEA: Beko etxonan burrunba ez porurik ezta entzuten, ba.

ATTEA: Neskamiari deika nago; zer uste ixan olantxe jakingo dogu. (Txilina joten dautso neskamiari).

ATTATTEA: Zurubijan otsa dantzut oraintxe.

ATTEA: Neskamia etorri datorrelako.

ATTATTEA: Bakarrik eztatorrala dirudit.

ATTEA: Astiro dator...

ATTATTEA: Zeben arreba orren onotsak entzuten dodaz.

ATTEA: Neskamiarenak baño eztodaz entzuten, ba.

ATTATTEA: Zeben arrebea da, zeben arrebea. (Ate txikinan ots dagije).

ATTEA: Neronek zabalduko dautset. (Ate txikina zabalduten dabe ta neskamia barrutiko aldetik geratuten da) Nora zuaz?

NESKAMIA: Onaxe, jauna!

ATTATTEA: Zeben arrebea atian dago?

OSABEA: Neskamia baño eztakust.

ATTEA: Neskamia bakarrik dago. (Neskamiari) Etxian nor sartu da?

NESKAMIA: Etxian sartu iñor?

ATTEA: Bai. Oraintxe nonor ezta sartu?

NESKAMIA: Iñor ezta etorri, jauna.

ATTATTEA: Nor da or zotinka dagona?

OSABEA: Neskamia; arnas-estuka dago.

ATTATTEA: Negarrez da?

OSABEA: Ez. Zegattik negarrez egongo da, ba?

ATTEA: Oraintxe iñor ezta sartu?

NESKAMIA: Ez, jauna.

ATTEA: Ate-otsa entzun ba-dogu.

NESKAMIA: Neu ixan naz atia ertzi dodalako.

ATTEA: Zabalik eguan?

NESKAMIA: Bai, jauna.

ATTEA: Zer dala-ta ordu oneitan zabalik eguan?

NESKAMIA: Eztakit, jauna! Neuk ertsitta itxi neban.

ATTEA: Nork zabaldu dau, ba?

NESKAMIA: Eztakit. Nonor gero urtengo zan.

ATTEA: Arduraz ixan biar zara. Baña atiari ezegijozu saka egin; zaratarik asko egitten dozula, ondo dakixu, ba!

NESKAMIA: Jaun ori, baña, aterik ezpadot ikututen!

ATTEA: Bai, atiari saka-egitten dautsozu, aretuan sartu nayez!

NESKAMIA: Bana, atiaren ondotik lau kana urrunago ba-nago!

ATTEA: Ixillago mintzatu zadi!

ATTATTEA: Argija amatau dozube, ala?

ALABA ZARRENA: Ez, attittea.

ATTATTEA: Agudo baten illuna yatorkula deritxat.

ATTEA: (Neskamiari) Jatsi zadi; baña zurubijan zaratarik ezegixu egin.

NESKAMIA: Eztot zaratarik atera!

ATTEA: Ots galantak atera dozuzala, diyot; ez egistazu ezetzik esan: Astiro jatsi zadi anderea iratxartu-barik. Iñor badator ezkagozala adiraziko dautsozu.

OSABEA: Orixe; ezkagozala etxian.

ATTATTEA: (Ikaraz) Orrelakorik ez egixube esan, arren!

ATTEA: Neure arrebea edo osagilliai ezik, besterik ezpedi sartu...

OSABEA: Osagillia noz etorteko da?

ATTEA: Gaberdija-gottik etorriko dala esan dausku. (Atia ertzitten dau. Amaikak entzuten dira).

ATTATTEA: Sartu da?

ATTEA: Nor?

ATTEA: Ez; oraintxe jatsi da.

ATTATTEA: Mayan jezarri dala-ta, nenguan, ba.

OSABEA: Neskamia?

ATTATTEA: Bai.

OSABEA: Besterik ezkeunke biar.

ATTATTEA: Aretuan ezta iñor sartu?

ATTEA: Ezetz, ba! Ezta iñor sartu.

ATTATTEA: Eta zeben arrebea eztago emen?

OSABEA: Ezta etorri.

ATTATTEA: Iruzurtu nai nozube?

OSABEA: Iruzurtu?

ATTATTEA: Urtzule, Jaungoikua-arren, egija esan egistazu!

ALABA ZARRENA: Attittea, attittea! Zer dozu?

ATTATTEA: Zeozer jazo da! Neure alabea txartuago dalakuan naz!...

OSABEA: Amets egitten zagoz?

ATTATTEA: Egirik eztaustazube esan gura! Oraintxe ulertuten dot jazoten dana!

OSABEA: Onelan, ba, geuk baño obeto ikusten dozu!

ATTATTEA: Urtzule, esan egistazu egija.

ALABA ZARRENA: Baña, attittea, egija esaten dautzugu.

ATTATTEA: Bestetako abotsa eztozu!

ATTEA: Ikeratuten dozu-ta!

ATTATTEA: Zeuri be aldatu yatzu abotsa!

ATTEA: Zoratu egin yatzu? (Atteak eta osabeak kinubak egitten dabez alkarri adirazoteko attittearen ganorabakokerija).

ATTATTEA: Bilddur zariela ulertuten dot!

ATTEA: Zeren bilddur baña?

ATTATTEA: Zegattik iruzurtu gura nozube, ba?

ALABEA: Nok atzipetu nai zattu?

ATTATTEA: Argija zegattik amatau dozube?

OSABEA: Argirik eztogu amatau. Len baxen argi ba-dago.

ALABEA: Argontzijak argi gitxijago egitten daula dirudit.

ATTEA: Bestetan baxen argi eztakust.

ATTATTEA: Lausotuta ete dodaz begijak? Alabaok, jazoten dana esan egistazube! Zuben begijak itsu eztira, ikusten dabe-ta esan begiste jazoten dana! Betiko itzal-artian ementxe nago bakarrik. Eztakit neure ondora nor datorran jezarteko asmoz. Neure onduan jazoten danik eztakit. Ixilka-mixilka zegattik mintzatuten zarae?

ATTEA: Iñor eztago ixilka itz-egitten.

ATTATTEA: Ate-onduan ixilka itz-egin dozu!

ATTEA: Entzun dozu zer esan dodan, bestiak legetxe.

ATTATTEA: Batobati txakira sarrerazi dautsozu!

ATTEA: Iñor eztala sartu dirautzut.

ATTATTEA: Zeben arrebea edo jaupariren bat ixan da? Enagixube iruzurtu. Urtzule, iñor sartu da?

ALABEA: Iñorez.

ATTATTEA: Ez atziperik, gero. Dakidana ondo dakit. Zenbat gagoz emen?

ALABEA: Sei gagoz mai-onduan!

ATTATTEA: Mai-onduan gustijok zagoze?

ALABEA: Bai, attittea.

ATTATTEA: Paul or dago?

ATTEA: Bai.

ATTATTEA: Oliberi or dago?

OSABEA: Bai, ementxe neure tokijan naz, betiko tokijan. Ben-benetan mintzatuten zara?

ATTATTEA: Kenobebe or da?

ALABA BATEK: Bai, attittea.

ATTATTEA:Gerturde, or dago?

BESTE ALABEA: Bai, attittea.

ATTATTEA: Urtzule, emen zagoz?

ALABA ZARRENA: Zeure ondotxuban naz.

ATTATTEA: Eta or jezarritta nor datza?

ALABEA: Nun attittea? Iñor eztago.

ATTATTEA: Ortxe, ortxe geure erdijan!

ALABEA: Iñor ez, ba, attittea.

ATTEA: Iñor eztagola diñotzube.

ATTATTEA: Zubek begirik eztozube!

OSABEA: Beragijaz zabiltz gabion.

ATTATTEA: Olgetako gogorik eztot; tinkoz dirautzubet.

OSABEA: Beraz, zinistu egiskuzu, begijak daukoguzanoi.

ATTATTEA: (Koloka) Nonor ortxe dagola dirautzubet... Luzero enazala bixi-ixango uste dot.

OSABEA: Zegattik iruzurtuko zattugu? Irebazterik ete-dogu?

ATTEA: Orain edo gero egija esan biarko geuskixu.

OSABEA: Alkar atzipetuko gara, zer dala-ta?

ATTEA: Agudo egija jakingo zeunke!

ATTATTEA: Laño oneik ezereztu gura neukez! (Jaso nayez).

ATTEA: Nora juan gura dozu?

ATTATTEA: Alderdi orretatik...

ATTEA: Ezadi artegatu gisa orretan.

OSABEA: Gabion oyez aurkittuten zattugu.

ATTATTEA: Oyezak zebek bai, zebek zagoze!

ATTEA: Zeren billa zabiltz?

ATTATTEA: Zer dodan ba-neki!

ALABA ZARRENA: Attittea, attittea! Zer gura dozu, ba?

ATTATTEA: Zeben eskubok neuriakaz batera begoz.

IRU ALABEAK: Bai, attittea.

ATTATTEA: Zegattik dardar-egitten dabe eskubok?

ALABA ZARRENA: Attittea, dardakarik eztakigu.

ATTATTEA: Irurok margul zagozela uste dot.

ALABA ZARRENA: Belutxu dan ezkero, neke tistilla dogu.

ATTEA: Oera zuaze, ta attitteak, be, beste orrenbeste egingo baleu, obeto. Nekiaren nekiak ezi gauz.

ATTATTEA: Gabion ene begijetan lorik ezin ixango da.

OSABEA: Osagilliaren begira gagoz.

ATTATTEA: Egijaren bidiak garbittu egistazubez.

OSABEA: Emen egirik eztago.

ATTATTEA: Zer dan eztakit, ba!

OSABEA: Eztala ezer jazoten amaikatxu bidar dirautzut.

ATTATTEA: Neure alaba gaxua ikusi gura neuke!

ATTEA: Baña, ezineko gauza dala ondo dakixu. Alperrik eztagigun iratxartu!

OSABEA: Bijar dakuskezu.

ATTATTEA: Ots bat be ezta aretuan entzuten.

OSABEA: Zaratarik entzungo bageu urduri nengoke.

ATTATTEA: Aspaldijon alabea eztot ikusi!... Bart eskubetatik oratu neutson baña eneutson aurpegirik ikusi... Zer jazoten yakon eztakit!... Zelakua dan be, eztakit!... Aren aurpegirik be eneuke ezagutuko!... Aste onetan aldatuko zan!... Neure esku-artian bere matrail-azurrak me-me senti dodaz... Neure artian eta bere artian itzalak baño eztira!... Olan ezin bixi gadizke.... Bixitzea au ete-da? Or zagoze gustijok, begijak zabalik neure betune illok betesten eta bat be, neuretzaz etzarie errukittuten... Zer dodan eztakit!... esan biar danik eztaustazube esaten!... Ixugarrija benetan olako gauzetzaz oldoztutia! Bana zegattik ixilik zagoze?

OSABEA: Zer esango dautzugu, ezertxu be zinistu nai ezpadauskuzu?

ATTATTEA: Bilddur zarie otsokeri bat zebeketz egin ez egitteko.

ATTEA: Baña zentzun apur bat euki egixu euki!

ATTATTEA: Aspaldijon zerbait ostenduten daustazube... Etxe onetan jazo da jazo zeozer... Baña oraintxe ulertuten asi naz! Atzipetu nozube luzaro... Inoz ezer eztodala jakingo uste dozube? atzuten zubek bñno begi zolijaguak dodaz. Eztakixube? Urkatu baten etxian egongo bazintzaz legetxe, aspaldijon ixilka-mixilka mintzatuten zaraela, ez ete dakit? Gabion eneuke dakidana atzaldu ura.... Baña egija jakingo dot jakin. Itxadongo dot zeben esana... zebek arren, lendik jazo dana dakit... illlak baño zurbillago zagozela oraintxe sentitten dot!

IRU ALABEAK: Attittea, attittea! Zer dozu attittea?

ATTATTEA: Zubetzaz enaz mintzatu, ene alabaok, zubetzaz enaz mintzatu! Esango zeuskije egi osua, baña inguruban bestiok dirata... Eta zuboi be guzurra esaten dautzubelakuan naz... ikusiko dozube alabaok! Zegattik irurok zotinka zagoze?

ATTEA: Baña, neure emaztia, zinez, txarto be txarto ete-dago?

ATTATTEA: Ezadi alegindu nerau ixurratuten; belubegi batta, zubek baño obeto egija dakit.

ATTEA: Zeure alabearen txakijan sartu nai zara! Emen dogun txarto ulertuba zuzendu dagigun. Nai dozu?

ATTATTEA: (Beriala zalantzaz) Eztakit, orain ez... oindiño ez!

OSABEA: Ulertuten dozu zelan etzagozan zentzunez.

ATTATTEA: Nok daki gixonak bere bixitzean atzaldu gura-ixan eztaun gustija!... Ots on nok dagi?

ALABA ZARRENA: Argontzija dardar-dago.

ATTATTEA: Urduri be urduri dala uste dot.

ALABEA: Axe ozkirri batek puts-egitten dautso.

OSABEA: Axe ozkirririk ezta; leyuak zabalik eztagoz-ta.

ALABEA: Amatauko dalakuan naz.

ATTEA: Gaimelik eztauko.

ALABEA: Osuan itxali da.

ATTEA: Olan illunetan ezin gengozke.

ALABEA: Zegattik ez? Ottuta nago neu, beintzat.

ATTEA: Neure emaztiaren txakijan argija ba-da.

OSABEA: Osagillia etorriko danian artuko dogu.

ATTEA: Kanpoko argijaz be ederto dakusgu.

ATTATTEA: Atean argi asko da ala?

ATTEA: Emen baño argijago!

OSABEA: Illunpian aintzatia atsegin yat neuri.

ATTEA: Neuri be, bai. (Ixillunia).

ATTATTEA:Gabeukatzak zaratarik lar dagi.

ALABA ZARRENA: Ixilik gagoz, attittea, ta!

ATTATTEA: Zegattik ixilik zagoze?

OSABEA: Zetzaz jardungo gara, ba?

ATTATTEA: Baña illun-illunean ete-gagoz?

OSABEA: Argi eztago. (Ixillunia).

ATTATTEA: Enago ondo, Urtzule. Leyua zabaldu egixu apurtxu bat.

ATTEA: Bai, ene alaba orrek, zabaldu egixu leyua; egurats biarrez naz. (Alabeak zabalduko dau leyua).

OSABEA: Aldi geyegi txaki-barruban ixan garala dirudit.

ATTATTEA: Leyua zabalik dago?

ALABEA: Bai, gustiz zabalik dago.

ATTATTEA: Eztirudi; barrunberik eztator kanpotik.

ALABEA: Ez attittea, ots bat ezta entzuten.

ATTEA: Ixillaren sakona!

ALABEA: Gotzon baten urratzek sentiko geunkez.

OSABEA: Orregattik zelaya etxat begiko.

ATTATTEA: Zarata apur bat entzun gura neuke. Zenbakarren orduba dogu, Urtzule?

ALABEA: Gaberdija dogu, attittea. (Osabeak alde batez bestera dabil).

ATTATTEA: Nor dabil batez-bestera, geure onduan? (Ixillunia) Baña berriz jezarriko naz, ezer eztakust-eta. (Ixillunia).

ATTATTEA: Beste toki baten egon nai neuke.

ALABEA: Nora juan nai zeunke?

ATTATTEA: Eztakit nora... beste txaki batera, edozein tokira.

ATTEA: Nora juango geintike?

OSABEA: Iñora juateko belutxu da. (Ixillunia. Mai-onduan jeritta igige dagoz).

ATTATTEA: Zer dantzut Urtzule?

ALABEA: Ezerez attittea. Egutera jausten diran orbelak dira.

ATTATTEA: Ertzi egixu leyua.

ALABEA: Bai, attittea. (Leyaz ertzi dau ta barriro jezarten da).

ATTATTEA: Otz naz. (Ixillunia. Iru aizteak besarkatuten dira) Orain zer entzuten dot?

ATTEA: Iru aizteak besarkatu dira.

OSABEA: Gabion zurbil dirala dirudit.

ATTATTEA: Zer dantzut?

ALABEA: Ezerez attittea, eskubak bata bestiaren ganean jarri dodaz. (Ixillunia).

ATTATTEA: Eta orain?

ALABEA: Eztakit... biar bada neure aiztoak dardarittuten dira...

ATTATTEA: Bilddur naz alabaok. (Iretargijaren izpi bat aretuan sartuten da eta leyarrezko leyuan dizdiz-dagi. Gero alde gustijetan bere argi zurbilla zabaldu darua. Amabijak ixango dira ta azkenengo juak-otsean nonor jagi ba-zan-edo, zarata bat; entzuten da. Larriz ikeratuta) Nor jagi da?

OSABEA: Iñorez.

ATTEA: Neu enaz jagi beintzat!

ALABEA: Neu be ez! Neu be ez! Neu be ez!

ATTATTEA: Nonor mattik jagi yaku!

OSABEA: Argija! (Eskumako txaki aldetik zotin ikaragarrija entzungo da, aurraren gela aldetik, eta azkenerarte zotin onek iraungo dau).

ATTEA: Ara, entzun umetxubari!

OSABEA: Orain arte eztau negarrik egin!

ATTEA: Guazen ikustera!

OSABEA: Argija! Argija! (Une onetan ezkerreko aretuan oinkada larrijak entzungo dira. Gero balbe-ixillunia. Ikeraz entzuten dabe; txakiko attiak zabalduko diran arte. Txakiko argija zabalduten da eta Lekaimia agertzen da ate-onduan, bere jantzi baltzakaz. Buruba makurtuz, gurutza deunaren egitten dau, emakumiaren erijotza edo balbia adirazoteko. Ulertuten dabe ta gero larri-larri illaren aretora duaz, osabeak iru aiztai lagunduten dautsen artian. Itsuba bakarrik geratu da ta jagitten da ikaraz. Mai-onduan dabil gauza gustijak ikutu-nayez).

ATTATTEA: Nun zagoze? Nora zuaze? Bakarrik itxi nabe!

 

(Euzkadi, 32-12-15/32-12-23)