maiatza 09 07

Xabier Lizardiren Biotz begietan liburuak 75 urte

Gerraurreko literatur kritika

1932ko maiatzaren 11n, orain 75 urte, argitaratu zuen Lauaxetak Euzkadi egunkarian Xabier Lizardiren Biotz-begietan poema liburu berriaren komentarioa. Hil horretan bertan etorri ziren Olabururena, Zubimendirena… Baina liburua ez zen oraindik salgai. Orixek Jose Verdes Elorriagari eramana —Verdes Atxirika inprimategiko burua—, 1932ko urtarriletik hasi eta liburua plazaratu zen ekainera bitarteko Verdes eta Lizardiren arteko gutunketak erakusten du Biotz-begietan poema-liburuaren argitalpena ez zela samurregia izan. Gerraurreko literatur kritika lanean poema liburuari egindako hamahiru artikulu-kritika jaso ziren, orain hemen dakarzkizugunak.

Orixeren hitzaurrea dakar Biotz-begietan poema liburuaren lehen edizioak, 1932ko ekainekoak. Orixek berak esaten duenez, Lizardik poema mordoa eman zizkion argitaragarriak ote ziren iritzi eske, eta berak bultzatua eta prestatua da liburua. Berak konbentzitu zuen Lizardi, edizioa prestatu zuen (“gezurrik izpirik ez diot, berreun aldiz baino geiago Verdes’en lantegietan sartu nintzala ba diot”) eta frogak eramaten zizkion Lizardiri, honek zuzenketak egin zitzan. Bera izan ez balitz besteren bat izango zela erantsiz, “ez arrandiz, bai pozaren pozez” zioen beragatik ez balitz libururik ez zela izango.

Euskal literaturan mugarrietako bat den Biotz-begietan poema liburuak, beraz, Orixe izan zuen iturburua. Eta azken bizpahiru urteetan ondutako poemekin prestatu zuen Xabier Lizardik, Verdes Atxirikarekin publikatzeko. Argitaratzearen azken faseak, dena den, Orixeren 200 bisiten adinako lana ekarri zuen.1932ko urtarrilean gutuna bidali zion Xabier Lizardik Jose Verdesi esanez Orixek pasatua ziola froga, eta hari buruzko komentarioak egin eta argitaratzaileari zehaztu zion liburua nolakoa nahi zuen, bigarren frogak ere ikusi nahiko lituzkeela eta beste. Otsailaren 12an erantzun zion Jose Verdesek, azalari buruz batik bat. Eta, dirudienez, hiru hilabeteko etena izan zen. Izan ere, hurrengo gutuna 1932ko maiatzaren 7koa da, non inprimatzaileak Lizardiri esan zion bazeuzkala “dispuestos los ejemplares”. Maiatzaren 10ean erantzun zion Xabier Lizardik, gutun etsitu eta haserre samarra, liburua jaso zuela eta azala ez zitzaiola batere gustatu ziotsona Jose Verdesi, nolakoa nahi zuen errepikatuz eta horregatik otsailean esana ziola frogak ikusi nahi zituela… Oraindik liburua ez zegoen salgai jarria, dena den, eta espresuki prezioaz ziotson Lizardik Verdesi: “con esa cubierta, repito, no creo que se puede honestamente pasar de tres pesetas”.

Ez zuen, agi danean, gaua lo handikoa egin idazleak. Biharamunean bertan berriro idatzi baitzion Verdesi, esanez pentsatu zuela liburuaren prezioa 4 pezetakoa izango balitz, liburuarentzako azal berria prestatzeko emango zuela. Posible ikusiz gero, zalu egiteko. Konbentzitu zuen, nonbait, Verdes jauna. Ekainaren 3an bidali baitzion beste gutun bat Lizardik, azal berriaren frogak ikusi eta onartuta, liburua albait arinen kalera zezala eskatuz. Behin betiko prezioa ere zehaztu zion: 3,75 pezeta. Eta ekainaren 17ko gutunaren arabera, Lizardi distribuzio moldeaz mintzatzen zaiona, liburua kalean zen. Tartean, dena den, Lauaxetari ere idatzi zion Lizardik (ekainaren 6koa da gutuna), eskerrak emanez, liburuaren plazaratzearen atzerapenaz kexu…

Lauaxetari eskerrak eman zizkion, besteak beste, 1932ko maiatzaren 11n azaldua zelako liburuari buruzko iritzi artikulua, nahiz eta oraindik salgai ez izan (ohizkoa zen komentarioak liburua salgai izan aurretik ere plazaratzea —promozioa!—, eta Lizardik gutun batean Verdesi horretaz ere hitz egiten dio).

Liburuaren aldeko iritzia plazaratu zuen maiatzaren 11n Lauaxetak Euzkadi egunkarian, bide batez kontrako iritzietarako prest egon zedila gaztigatuz, Bide barrijak liburuarekin gertatu berria gogoan. Ez zen halakorik jazo, aldekoak izan baitzituen Biotz-begietan liburuak komentarioak, orduko idazle eta kritikari ezagunenek eginak: besteak beste Olaburu, Zubimendi, Jautarkol eta, noski, Aitzol eta Orixe. Orduan maiz egiten zenez, poemaz poema komentario zehatzak eskainiz.

Hementxe dakartzagu Koldo Izagirrek eta Iñigo Aranbarrik Gerraurreko literatur kritika liburuan bildutako 13 artikuluak, Lizardiren Biotz-begietan liburuari egindakoak (azken biak Lizardiri eskainiak, 1933an, haren heriotzaren ondoren).

Hemen aipatu dugun Lizardi eta Verdesen arteko gutunketa Xabier Lizardiri eskainitako gunean irakur daiteke (Lourdes Otaegik bildu eta komentatuak gunean dauden 35 gutunak, oraintxe plazaratu berri du liburua Lizardiren gutunekin). Eskutitzez gain, noski, Lizardiren lanak eta Lizardiri buruzkoak ere irakurgai daude.

2 aipamen

  1. Literatur Emailuak » Biotz-begietan 60etan:

    […] Biotz-begietan argitaratu zela 75 urte bete direnean, gerraurreko kritikak batu genituen duela bi aste. Gerraostean ere sortu zen eztabaida berririk. Lizardiren poesiaz Koldo Mitxelenak esandakoen harira, Orixe eta Gabriel Aresti poetak mindu egin ziren. Mitxelenak 1960an: “la más alta cima de la lírica vasca (…) es extraño que su poesía sea personal”. Orixek 1961ean Mitxelenari erantzunez: “Lizardik bertso-gaia bere-bereki du”. Eta Arestik 1964an: “Mitxelena jauna barkatu beharko dut, nire bihotzean ilusio deseagarri bat hiltzeko arriskuan jarri baita”. […]

  2. Literatur Emailuak » Xabier Lizardi hil zela 75 urte:

    […] Gaur 75 urte dira Xabier Lizardi pneumoniak jota hil zela Tolosan, 37 urte bete gabe, 1933ko martxoaren 12an (igandea) arratsaldeko 15:30ean. Biotz-begietan (1932) poesia liburua argitaratu ostean, Maitea poema luzea idatzi gogo zuen; baina ez zuen ontzeko astirik izan. […]

Agenda

Efemerideak

Kritikak