Abe 31 06

Miguel Unamuno hil zela 70 urte

1936ko abenduaren 31n hil zen Miguel Unamuno. Bilbotarra, euskalduna, XX. mendeko idazle eta pentsalari espainol garrantzitsuenetakoa da. Bere bizitzaren estreinako urteetan euskal munduari lotua ageri bada ere, Espainiako kultura eta gizarteko eragile bihurtu zen Unamuno, 1890eko hamarkadatik aurrera. Espainiako gorabehera sozial eta politikoetan eragina izan zuen Salamancako Unibertsitateko Errektoretzatik, Primo de Riveraren garaian erbestetik eta bere bizitzaren amaieran Madrilgo Gorteetatik, II. Errepublikaren garaian. Euskarazko bere hiru lan dakarzkizugu bere heriotzaren 70 urte betetzen diren honetan: Abel Sanchez, Laino eta Unamuno Rizal-i begira.

Literatura eta filosofiaren eremuetan ibili zen, kristautasuna eta existentzia gogoetagai ohiko zituela, Espainiako 98ko Belaunaldia deitutakoaren erreferentzia den Miguel Unamunokoak. Euskaraz ere idatzi zuen, poemarik, 1888an Bizkaiko Diputazioko Euskara katedra lortzeko Resurreccion Maria Azkue eta Sabino Aranarekin lehiatu zenak —Azkuek erdietsi zuen kadira—. Euskararen etorkizun eza iragarri zuen ezaguna egin den 1901eko diskurtsoan, baina ordurako baziren urte batzuk euskal nazionalismoaren urak utzi eta Espainiarenetan sartua zela.

Maila pertsonalean gorabeheraz betetako bizitza izandakoa, espiritu-krisi sakonak barne, Miguel Unamunoren bizitzan eta pentsamenduan lehen murgiltze bat egiteko, euskaraz, Iñaki Sotok eta Mikel Sotok idatzitako biografia oso baliagarria da (Elkar, 2006).

1864ko irailaren 29an Bilbon jaioa, haur zela II. Karlistaldiko Bilboko setioa ezagutu zuen —Paz en la guerra eleberrian orduko Bilbo ederki erakusten du—. Bilbon eta Madrilen ikasitakoa, Salamancako Unibertsitatean Grekerako katedra lortu eta gerora errektore izendatu zuten. Salamancan eta Madrilen bizi izan zen —erbestealdian Kanariar irletan, Parisen eta Hendaian egindako tartea salbu—, 1936ko Urtezahar egunez hil zen arte. Azken bolada erdi giltzapetuta eman zuen, nazionalen aginduz, Altxamenduaren unean haien alde egin zuenak gerora aurkako jarrera hartu baitzuen.

Bere pentsamendu eta literaturan murgiltzeko, baina, zuzenean bere lanak irakurtzea da egokiena. Poemak idatzi zituen, esan bezala, euskaraz batzuk eta batez ere gaztelaniaz. Euskarazkoak, jatorrizkoak eta itzulpenak, aldizkarietan plazaratuak izan dira. Euskarara ekartzen Lino Akesolok, Santi Onaindiak, Sabin Muniategik eta Anjel Bidagurenek egin dute lana (Bertso eta Olerkien Hemerotekan aurki daiteke Unamunoren euskarazko poemen zerrenda). Bilbotarraren hogeitaka poema irakur daitezke euskaraz, jatorrian euskaraz idatzi zituen gutxi batzuk barne.

Literaturaren eta pentsamenduaren alorrean obra esanguratsua utzi zuen. Bizitzaren sentimentu tragikoaz da bere lanik ezagunenetako bat, existentziaren inguruan bilbotarrak bizitza osoan berarekin izan zituen gogoetak jasotzen dituen lana. Kristautasunaren agonia ere lan garrantzitsua da. Bi obra hauek euskarara itzuliak daude, biak Xabier Kintanak euskaratuta. Lehena Pentsamenduaren Klasikoak bilduman eta bestea Elkar argitaletxearekin plazaratua (Klasikoak bildumakoa web gunean testua osorik dago).

Saiakera alorreko beste lan bat ere irakur daiteke euskaraz, Unamuno Rizal-i begiraUnamuno Rizal-i begira, Patxi Apalategik euskaratu eta 1986an Baroja argitaletxeak publikatua. XIX. mende amaieran pil-pilean izan zen independentista filipinarraren azterketa egiten du Bilbokoak lan horretan.

Antzerkigintzan eta narratiban ere jarduna, Unamunoren bi eleberri irakur daitezke euskaraz, Abel SanchezAbel Sanchez (Ibaizabal, 1992), Miren Arratibelek eta Aintzane Atelak euskaratua, eta Laino (Elkarlanean, 1998), Mikel Garmendiak itzulia.

Abel Sanchez, Laino eta Unamuno Rizal-i begira osorik eskaintzen dizkizugu.

Beste zenbait badiren arren, Miguel Unamunokoaz Interneten informaziorik osatuena —biografia, bibliografia…— Gipuzkoa Kulturaren webgunean dago. Wikipediak ere badakar informaziorik.

Agenda

Efemerideak

Kritikak