Urr 15 06

25 urte Rafael Dieste hil zela

Duela 25 urte, 1981eko urriaren 15ean, hil zen Rafael Dieste idazle galiziarra. Galiziako literaturaren berritzaileetako bat, Galizako Berpizkunde mugimenduan aritua, Espainiako II. Errepublikari atxiki eta erbestea ezagutu zuen. Dos arquivos do trasno (1926) narrazio liburua da bere lanik ezagunena. Koldo Izagirrek euskaratu zuen, Intxixuen artxibotik, eta Elkar argitaletxeak plazaratu. Osorik irakur dezakezu.

Rafael Dieste

1899ko urtarrilaren 29an jaio zen Rianxon (Galizia) Rafael Dieste idazlea. Gaztetandik Galiziako kultur mugimenduari lotua, Galiziako Berpizkundean parte hartu zuen, besteak beste herrikidea zuen Manoel Antonio poetarekin. Kazetari jardun zuen hainbat agerkaritan, Faro de Vigo, Galicia eta El Pueblo Gallego-n. Espainiako II. Errepublika aldarrikatuta, Madrilera jo zuen 1932an eta Administrazioan lanean aritu, baita Idazle Antifaxisten elkartean ere, 1939an Ameriketaranzko erbesteko bidea hartu behar izan zuen arte.

Buenos Airesen editore jardun zuen Editora Atlántica argitaletxean. Europa ere izan zuen bizileku —Cambridgeko Unibertsitatean bi urtez aritu zen literatura irakasle—, harik eta 1961ean Galiziara itzuli zen arte.

Galegoz zein espainolez idatzi zuen, narratiba eta saiakera jenerotan: Dos arquivos do trasno (1926), A fiestra valdeira (1927) antzerki lana, Historias e invenciones de Félix Muriel (1943), Viaje, duelo y perdición (1945), A vontade de estilo na fala popular (1945), Testamento geométrico (1975), El alma y el espejo (1981), Viaxe e fin de don Frontán (1982).

Dos arquivos do trasno, bere lehen narrazio liburua, bere obrarik esanguratsuena da. Narrazio liburu indartsua, bultzada eman zion Galiziako literaturari erruralismo tradizionalarekin hautsi eta modernotze bidean.

Liburu horixe euskaraz irakur daiteke, Intxixuen artxibotik, Koldo Izagirrek euskaratua, Elkarrek kaleratua 1993an.

1981eko urriaren 15ean zendu zen Rafael Diesteri buruz informazioa topa dezakezu Interneten:

Agenda

Efemerideak

Kritikak